Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2024ko uztailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3501

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak finantzatzeko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko uztailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako Enplegu-proiektu Integralak» finantzatzeko laguntzen deialdia onartu du. Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren m) letran xedatutakoarekin bat etorriz (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaz onartutako estatutuak), eta estatutu horiek bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako Enplegu-proiektu Integralak» finantzatzeko laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2024ko uztailaren 9ko bilkuran, eta ebazpen honen eranskinean jaso da.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen Erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Jakitera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
«LEHENTASUNEZKO ARRETAKO KOLEKTIBOENTZAKO ENPLEGU-PROIEKTU INTEGRALAK» FINANTZATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzko abenduaren 22ko 14/2022 Legearen xedea da Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea. Sistema horren bidez, lortu nahi da pertsonak baztertuta geratzeko arriskuari aurrea hartzea, bazterketa pertsonala, soziala eta laborala arintzea, bizitza duinaren garapena bermatzea eta baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak gizarteratzen laguntzea.

Horrela, helburuetako bat du bazterketa jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden pertsonei zerbitzu eta programa egokiak eskaintzea gizarteratu eta laneratu daitezen, gizarte-zerbitzuek eta enplegu-zerbitzuek koordinatuta jardunez, batez ere.

Ildo beretik, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren (www.euskadi.eus) 3. bektore estrategikoan proposatutako orientabideen helburua da, hain zuzen ere, laguntza eta orientazio pertsonalizatuak ematea enplegu-politika aktiboen funtsezko elementu gisa, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sartzea errazteko. Gainera, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian zehaztutako lan-merkatuaren eredu berria, besteak beste, lurralde-orekaren printzipioan oinarritzen da, enplegu-aukerak eskualde eta udalerri guztietara irits daitezen.

Ondorioz, deialdi honen bidez, enplegua lortzen laguntzeko ibilbide integral bat eskaini nahi zaie gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuen premia handiena duten biztanleei eta, bereziki, 45 urtetik gorakoei eta zaurgarritasun-egoeran edo gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenei. Izan ere, ibilbide horrek toki-entitateekin lankidetzan lan-esperientzia bat izateko aukera emango die, eta horri prestakuntza-jarduerak eta banakako akonpainamendua eransten bazaizkie, lan-munduratzea egonkorragoa izango da. Ekitatearen eta lurralde-berrorekaren ikuspegitik, deialdi honen xede diren proiektuak gizarte-onurako eremuetan garatu beharko dira, eta ase gabeko gizarte-premiak estaltzera eta arintzera edo kalitatezko eta interes publikoko ekoizpen-sinergia jasangarriak sortzera bideratuta daude.

Enplegu-programa integralen tresna egokia da deialdiaren xede diren lehentasunezko kolektiboentzat. Alde batetik, Lanbiden erregistratutako enplegu-eskatzaile langabe gehienak 45 urtetik gorakoak dira. EAEn lan bila dabiltzan 155.970 langabeen % 55,4k 45 urte baino gehiago zituen 2024ko martxoan. 45 urte baino gehiago dituzten langabeen % 56,9 emakumeak dira. Are gehiago: 45 urte baino gehiago dituzten langabeen % 71,1 (61.418 lagun) luzaroko langabeak dira, eta horien % 57,7, emakumeak. Hori dela eta, egokitzat jotzen da dirulaguntzen programaren lerro bat kolektibo horretara bideratzea.

Deialdi honek «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak. Kolektibo kalteberak» ekimenarekin lortutako emaitza onetan du jatorria. Ekimen hura Europar Batasunaren NextGenerationEU delakoak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatu behar da. Ekimen hura oinarritzat hartuta, Lanbideko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdi bat onartu zuen 2021eko abenduaren 21eko bilkuran, enpleguko, prestakuntzako eta laneratzen laguntzeko 47 proiektu garatzeko. Proiektu horietatik, 462 lagunek jaso dute onura.

Lehenago izandako emaitza onak kontuan hartuta, proiektu horiek ezartzen jarraitu zen 2023-2024 deialdiaren bidez. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2023ko irailaren 5ean egindako bilkuran, eta EAEko aurrekontuen kontura finantzatu zen. Deialdi horren bidez, 44 proiektu garatu eta martxan jarri dira, eta guztira 437 laguni eman zaie arreta: 200 emakumeri eta 237 gizoni.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2023ko abenduaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa. Deialdia honako honetan sartzen da: 4.4. gako estrategikoa, Enpleguaren arloko aukera-berdintasuna beste kolektibo zaurgarri batzuentzat.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2024ko uztailaren 9ko bilkuran, «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako Enplegu-proiektu Integralak» finantzatzeko laguntzen deialdia onartu du, 2024. ekitaldirako, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak ematea da, «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako Enplegu-proiektu Integralak» finantzatzeko. Dirulaguntzen bidez, enplegura bideratutako arreta pertsonalizatua eman nahi zaie 45 urtetik goragoko langabetuei eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan daudenei edo kalteberatasun sozialeko egoeran daudenei.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 11.500.000 eurokoa da, eta, horietatik, 7.705.000 euro 2024ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.795.000 euro, 2025eko ekitaldiko konpromiso-kredituari (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretakoak).

2.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatuta egon daitezke, osorik edo zati bat, EGF+ Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.

3.– Kopuru horiek % 5 handitu daitezke, hala badagokio, indarreko legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartuz gero. Aldaketa horiek egiten badira, jakitera emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak.

1.– Deialdi horren esparruan, honako entitate hauek izan daitezke laguntzen onuradun, horretarako eskaera egin ondoren:

– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundiak, mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak edo udalerrien elkarteak, bai eta aurrekoen mendeko edo haiei lotutako organismoak eta gainerako entitateak ere, autonomia- eta toki-entitateen sektore publikoa osatzen dutenak. Era berean, nortasun juridikorik gabeko udalerrien elkarteak ere onuradun izan daitezke, horietako bat ordezkari dela, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluko 4. apartatuan xedatuaren arabera. Udalerri-elkartea ezin izango da desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideei buruz legez aurreikusita dagoen preskripzio-epea igaro arte.

– EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako entitateak.

– Irabazi-asmorik gabeko landa-garapeneko elkarteak, ekainaren 25eko 158/2002 Dekretuan xedatuaren arabera eratuta daudenak (158/2002 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-garapeneko elkarteen berariazko araudiari buruzkoa).

2.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatu edo zehatu izana, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egonik.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia artean amaitu gabe egonik.

d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak bateraezintasun-egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak espresuki aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik —zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaz onartua) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa—, zehapen-epea igaro gabe egonik.

j) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea; besteak beste:

– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiborik ez hartzea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzeari buruzko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Inskripzio-prozedura administratiboa legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiolako eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzeari buruzko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen lehengo apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

4.– Entitate onuradunek proiektu bakoitza bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.

Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du. Erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago. Edonola ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku jarri beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzen xedea da 6. artikuluan adierazitako pertsonentzat enplegua lortzeko proiektu integralak finantzatzea. Proiektu horiek askotariko ekintzak konbinatzen dituzte, hala nola lan-orientazioa eta aholkularitza, lan-aurreko konpetentzien, zeharkako konpetentzien eta/edo konpetentzia profesionalen prestakuntza, eta enplegua sortzea lanaldi partzialeko aldi baterako lan-kontratuen bidez, aldi berean indartuz benetako berdintasuna eta laneratzeko orduan diskriminaziorik eza.

Programaren onuradunen kontratazioak, artikulu honen 2.2 a) apartatuan aurreikusitakoak, 3. artikuluan adierazitako entitateek egingo dituzte, eta haien mendeko entitateek ere bai, bai zuzenean, bai zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten Euskadiko hirugarren sektore sozialeko irabazi-asmorik gabeko entitateen bidez (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), baldin eta haiekin hitzarmen bidez adosten bada edo kontratu bidez esleitzen bazaie proiektuak gauzatzea.

Entitate onuradunak aukera du aurreikusitako jarduerak —partzialki edo osorik, % 100era arte— gauzatzea hitzartzeko, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatuaren arabera.

Horrenbestez, 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 7. apartatuan aurreikusitako debekuak errespetatzeaz gainera, entitate onuradunak aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du, hirugarrenekin kontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo entitateekin sinatuko denean. Horretarako, baimen-eskabidearekin batera, sinatu nahi den kontratu-proposamenaren kopia aurkeztuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak ebatziko du. Baimena eman egin dela ulertuko da, baldin eta baimena aurkezten denetik 10 eguneko epearen barruan espresuki ebazten ez bada.

2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

2.1.– Lantaldea eratzea:

a) Hasieran, taldeak gutxienez 8 lagunekoak eta gehienez 12koak izango dira; lehentasunezko arretako kolektiboetakoak izan behar dira.

b) Talde horren erreferentea koordinatzaile edo tutore bat izango da, koordinazio- edo kudeaketa-zereginak beteko dituena eta jardueren jarraipena egingo duena. Proiektuen koordinazio- eta jarraipen-lantzat hartuko dira, proiektuaren koordinazioari eta kudeaketari dagozkienez gain, tutoretza-eginkizunak, alegia, erabiltzaile-taldeak interes orokorreko jarduerak egiteko garatzen dituzten lan profesionalen tutoretza egitea. Figura hori 5. artikuluko 3 c) apartatuan aurreikusitakoaren arabera finantzatu ahal izango da.

2.2.– Enplegurako proiektu integrala.

a) Partaide bakoitzaren lan-kontratazioa, baldintza hauekin:

– Egindako kontratuak inoiz ere ezingo dira erabili enplegua eskaintzen duen entitatearen ohiko jarduerak estaltzeko edo haren zerbitzura dauden langileak ordezkatzeko.

– Kontratuak lanbide-kategoria berekoak eta sektore ekonomiko berekoak izango dira.

– Kontratuen iraupena 6 hilekoa izango da, lanaldi partzialean eta lanaldiaren % 75ean. Kontratu-mota enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko kontratua izango da, Enpleguaren Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian (505 kodea) ezarritakoa.

– Lan-kontratuak, zeinak Ibilbide indibidualizatuaren barruan egin beharko baitira, 4.4 artikuluan araututako proiektuak gauzatzeko aldiaren barruan hasi eta amaitu beharko dira.

– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epean, eta «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako Enplegu-proiektu Integralak» aipamena izan beharko dute, aplikazio horretan ezarritakoaren arabera.

– Lanpostu honetan garatuko diren eginkizunak eta edukiak, ahal dela, onura publikoko edo interes orokor eta sozialeko jarduerekin lotuta egon behar dira, garatzen diren inguruaren beharrizanei erantzun behar diete, eta jarduera-eremu hauetakoren batean garatu ahalko dira:

– Hirugarren eta laugarren adineko pertsonei laguntzea eta arreta ematea (silver economy).

– Etxebizitza eta landa-ingurunearen hobekuntza eta birgaitzea egoera ahulenean edo gutxi garatuta dauden udalerri edo auzoetan.

– Egoera ahulean dauden taldeak, desgaitasun fisiko edo psikikoa duten mendeko pertsonak edo gaixotasun kronikoa dutenak zaintzea eta laguntzea.

– Kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzea.

– Ondare artistiko eta historikoa bultzatzea eta berreskuratzea.

– Baliabideak birziklatzea eta berrerabiltzea.

– Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak.

– Espazio publikoetan mantentze-lanak egitea.

– Turismoarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako jarduerak.

– Naturaren kontserbazioa: zuhaitz-masak, animalia-espezieak, ibaien eta kostaldeen garbiketa.

– Arrakala digitala ezabatzea. Konpetentzia digital gutxiko pertsonei laguntzea, administrazio publikoekiko zereginak bide elektronikoz egiten, erosketa elektronikoak egiten, banku-eragiketak egiten, etab.

– Enpresa emakidadunak lanak amaitu dituen harrobiak berreskuratzea.

– Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sareak instalatzea eta horien mantentze-lanak egitea.

– Eraikinen araudi energetiko berria birgaitu eta horretara egokitzea.

– Mugikortasun jasangarria.

– Jarduera soziokulturalak eta garapen komunitariokoak garatzea, lehentasuna emanez belaunaldiarteko komunikazio-kateak ezartzeko aukera dutenei.

– Erabilera publikoko edo interes orokor eta sozialeko beste edozein jarduera, lanpostuan ikaskuntza formala eta praktika profesionala bateragarri egitea ahalbidetzen duena.

b) Lan-orientazioa eta aholkularitza.

Proiektuan zehar laguntza-prozesuak errazteko lan-orientazioko banako ekintzak, horien barruan honako hauek sartu ahalko direlarik: eskumenen balantzea, lan-merkatuaren informazioa, irteera profesionalak, helburuen planifikazioa eta enplegua bilatzeko gaitasunak, gutxienez 6 orduz. Ekintza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laneratzeko informazio-sistemetan orientazio-entitate gisa alta emanda dauden entitateek gauzatu beharko dituzte.

Saio horiek egin izana Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Orientaziorako aplikazioan erregistratuta geratuko da, erabiltzaileek WACOM gailuaren bidez sinatuta.

c) Prestakuntza, lan-aurreko konpetentzietan, zeharkako konpetentzietan eta/edo konpetentzia profesionaletan.

Kontratuan zehar edo, gehienez ere, kontratazioa hasi aurreko bi hileren barruan, eta, edonola ere, lan-jardueraren ordutegitik kanpo, honako hauek egingo dira:

Aurrez aurreko prestakuntzako talde-ekintzak, lan-aurreko konpetentziei, zeharkakoei eta/edo profesionalei buruzkoak, proiektuan jasotako lan-jarduera hobeto garatzeko; gutxienez 100 ordu iraungo dute, eta gehienez, 200.

Prestakuntza egin bitartean, ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan edo haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, Eusko Jaurlaritzak sinatutako aseguruak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.

3.– Parte-hartzaileak ordezteko politika.

Programan baja ematen duten parte-hartzaileak ordezteko aukera egongo da, betiere ordezkapena proiektuan aurreikusitako prestakuntza-orduen % 35 eman baino lehen egiten bada eta hasierako hautagaien artean aukeratutako pertsona batekin egiten bada. Baldin eta hautagai horiek kontratua ezin badute egin jada sartzeko baldintza betetzen ez dutelako edo erabilgarri ez daudelako, lan-eskaintza berri bat zabaldu ahal izango da, hasierako eskaintzaren ezaugarri berekoa, ordezkapena egin behar denerako hasierako eskaintza iraungita dagoenerako.

Ordezkapen kasuan, ordezten den pertsonak orientazio-orduak jaso baditu, haren lekuan ibilbidean sartzen denak gainerako orduak jasoko ditu, nahitaez egin beharrekoak diren gutxieneko sei orduetara arte.

4.– Jardueraren hasiera eta gauzatze-aldia.

Proiektuak, edonola ere, 2024ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko dira, eta 2025eko irailaren 30a baino lehen amaitu.

Ondore horietarako, jardueraren hasiera jotzen da proiektuaren hasieratzat, edo, bestela, Lanbiden aurkeztutako lan-eskaintzaren kudeaketa-eskaria edo prestakuntzaren edo orientazioaren azpikontratazio-prozeduraren hasiera.

5. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Prestakuntza-, orientazio- eta kontratazio-prozesu osoa amaitzen duen pertsona bakoitzak 17.115 euro jasoko ditu.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa konfiguratzeko, programan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko unitate-kostua hartu da kontuan. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izango da gastuaren benetako kostua baino handiagoa izan. Kostu hori justifikazioa egiteko unean egiaztatu beharko da, 12.1 c) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak hauek dira:

a) 9.375 euro, parte-hartzaileen lan-kontratu bakoitzeko.

Dirulaguntzen bidez, kontratatzen diren pertsonen soldatak eta Gizarte Segurantza ordainduko dira.

b) 1.794 euro, prestakuntza-ekintzetarako, eta 246 euro, orientazio-ekintzetarako, deialdi honen 4. artikuluko 2.2 aparatuan adierazitakoarekin bat etorriz.

c) 3.470 euro, proiektuaren koordinazioaz eta jardueraren jarraipenaz arduratzen diren langileen soldatak eta Gizarte Segurantza ordaintzeko. Aurrekontu-partida honi dagokionez, dirulaguntza ematen den datatik sortzen diren gastuak onartuko dira.

d) 2.230 euro, jarduketa horiek gauzatzearekin zuzenean lotuta dauden beste kostu batzuetarako (jarduketa horietan emandako denboraren arabera ordainduko da): aseguruak, materiala, lokalaren alokairua, parte-hartzaileen kontziliazio-neurriak, eta abar.

4.– Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Pertsona bakoitzeko dirulaguntzaren likidazioak eskatzen du, batetik, sei hileko lan-kontratazio jarraitua izatea eta, bestetik, proiektu bakoitzean aurreikusitako gutxieneko orientazio- eta prestakuntza-orduak betetzea, 4. artikuluko 2.2 b) eta c) apartatuen arabera.

Kontratua aldez aurretik iraungitzen bada, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera dirulaguntza osoa itzuli behar ez denean, kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntza proportzionalki likidatuko da, lan egindako aldia kontuan hartuta. Kasu horretan, 5.3 artikuluaren b) letran aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa likidatzeko, kontuan hartuko da proiektu bakoitzean aurreikusitako guztizko orduen gainean benetan eman edo egin diren prestakuntza- eta orientazio-orduen proportzioa.

Era berean, 4. artikuluaren 2.1.a apartatuan aipatutako proiektu bakoitzeko gutxieneko pertsona kopurua ez da ez-betetzat joko, ordainketa proportzionala 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz egiten denean.

6. artikulua.– Proiektuen hartzaileen betekizunak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako banakako ibilbideei dagokienez, proiektuaren hartzaile izan daitezke Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak, betiere EAEn bizi badira. Programa Lehentasunezko Arretako kolektibo hauetako batekoak diren pertsonentzat izan beharko da:

a) 45 urtetik gorakoak edo

b) Zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak.

Hauek hartuko dira zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonatzat:

– DSBEa eta/edo BGE jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

– Luzaroko langabetuak: luzaroko langabetutzat joko dira hautagaitza bidali aurreko egunean langabezian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda daudenak, baldin eta hautagaitza igorri aurreko 540 egunetan gutxienez 360 egunez egon badira alta emanda.

– Kualifikazio baxuko langabeak: enplegu-eskaeran 23. mailatik gorakoa ez den bitartekotzako prestakuntza-maila adierazi duten pertsonak: DBHko graduatu titulua edo baliokidea.

– Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, laguntza espezifikoak jasotzen dituztenak edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenak —harrera-baliabideetatik datozelako edo bestelako egoeraren batean daudelako—, egoera berezi hori egiaztagiri bidez egiaztatuta dutenak eta Enplegu-eskaintzan izaera berezi horren aipamena dutenak.

– % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta dutenak.

– Gizarte-bazterketan dauden edo egoteko arriskuan daudenak, Gizarte Zerbitzuek egiaztatuak.

– Zaurgarritasun-egoeran dauden beste pertsona batzuk, enplegu-politiken arabera lehentasunezko arretako kolektibotzat hartzen direnak —Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 50. artikuluan definitzen diren moduan.

2.– 2023-2024ko deialdian diruz lagundutako proiekturen batean parte hartu dutenak («Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak. Lehentasunezko Arretako Kolektiboak») ezingo dira proiektuaren onuradun izan, zaurgarritasun-egoeran egotearen baldintza bete arren. Nahikoa parte-hartzaile ez egoteagatik ezinezkoa bada proiektua abian jartzea, pertsona horiek parte har dezaten baimendu daiteke, aldez aurretik txosten justifikatzaile bat aurkezten bada egoitza elektronikoaren bitartez.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1210503 helbidean. Fitxa horren bitartez eskura daiteke, hain zuzen, eskabidea egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Dirulaguntza-eskabideak laguntzaren xede den proiektuaren xehetasun hauek jaso beharko ditu:

a) Entitate sustatzailea.

b) Proiektuaren izena.

c) Proiektua koordinatzeko pertsonak eta pertsona horien harreman-datuak.

d) Proiektuak hartzen dituen parte-hartzaileen kopurua: gutxienez: 8-gehienez: 12.

e) Jarduteko lurralde-eremua, entitateak berak mugatua (udalerria, eskualdea, lurralde historikoa edo Euskal Autonomia Erkidegoa).

f) Eman beharreko prestakuntzaren deskripzioa eta prestakuntza-ibilbidearen ordu-kopurua (gutxienez 100 ordu-gehienez 200 ordu).

g) Prestakuntza-ibilbidea ematen duen entitatea.

h) Lan-orientazioko ekintzak ematen dituen entitatea.

i) Proiektuan parte hartzen dutenen entitate kontratatzailea.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitatearen legezko ordezkariak betetzen dituela dirulaguntza eskuratzeko baldintzak eta badituela proiektu bakoitza berme osoz garatzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak.

k) Onura publikoko jarduketa-eremua, deialdi honen 4. artikuluko 2.2.a) apartatuan aipatutakoen artean.

l) Nortasun juridikorik gabeko udalerri-elkarteek aurkeztutako eskaeren kasuan, elkartea eratzeko izenpetzen duten agiriaren kopia aurkeztu beharko dute. Bertan, berariaz jasoko dira, batetik, ordezkari gisa izendatutako udalerria; bestetik, elkarteko udalerrietan diruz lagundutako jarduera garatzeko hartutako konpromisoak; eta, azkenik, horietako bakoitzean, hala badagokio, aplikatuko den dirulaguntzaren zenbatekoa. Kasu horretan, 3.2 artikuluaren azken paragrafoan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena elkartean dauden udalerri guztiek sinatu beharko dute.

m) Eskabidearen memoria, 15 orrikoa gehienez ere, proiektua deskribatzeko, informazio xehatua emanez deialdi honetako 8. artikuluko 5. apartatuan jasotako alderdiei buruz; dirulaguntza emateko, alderdi horiek baloratuko dira. Txostenean aipatzen ez diren alderdiak ez dira puntuatuko.

3.– Eskabideak baldintza guztiak bete ezean, entitate interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela —jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita—, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Eskatutakoa egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako ebazpena eman eta gero.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 30ean amaituko.

8. artikulua.– Prozedura eta ebazpena. Eskabideak ebaluatzeko irizpideak eta adjudikazioa.

1.– Prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria da.

2.– Prestakuntza-, orientazio- eta enplegu-ekintzak egiteko dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko konkurrentzia izango da.

Behin egiaztatzen denean eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela eta artikulu honen 5. apartatuan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen dutela, laguntzak ordenan emango dira, espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta 2. artikuluaren 1. apartatuan jarduketa horietarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Aurrekontu-zuzkidura —hasierakoa edo handitutakoa— amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen bidez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, bitarteko telematikoen bidez.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, dirulaguntzari buruzko datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua, eta justifikazioa.

Dirulaguntza ukatzeko ebazpenean arrazoiak azaldu behar dira, hau da, berariaz adierazi behar da eskaera zergatik ukatu den.

Ebazpenak emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 2 hilekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori ebazpen espresurik eman gabe igarotzen bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zein entitatek jasoko dituzten deialdi honen babesean emandako laguntzak, eta zenbateko laguntza jaso duten.

5.– Aurkeztutako proiektuak baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuak baloratzeko irizpideak.

Enplegurako proiektu integralak egiteko dirulaguntzak amaierako puntuazio baten arabera emango dira. Puntuazio hori proiektu-eskabide bakoitzean jasotako helburuen balorazioan lortutako puntuak batuz ateratzen da, jarraian zehazten diren ebaluazio-irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren balorazio espezifikoa, eskabidean oinarritua. 60 puntu, gehienez.

(Ikus .PDF)

Dirulaguntza lortu ahal izateko, entitate eskatzaileak gutxienez 45 puntu lortu beharko ditu artikulu honetako guztizko puntuazioan. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektuen eskabideak ezetsi egingo dira.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Onartutako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da; honela:

a) Lehenengo zatia, hau da, proiektuaren guztirako dirulaguntzaren % 67, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 33a edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua, behin diruz lagundutako jarduketak bukatu eta justifikatu ondoren.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Entitatea erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan adierazi bezala egin beharko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Ordainketa bakoitza egin baino lehen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak bete direla egiaztatuko du.

Entitate onuraduna egiaztapen hori egitearen aurka agertzen bada, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

10. artikulua.– Parte-hartzaileen hautaketa.

1.– Entitate onuradunek ibilbidean parte hartzen duten pertsonak eskatuko dituzte, lan-eskaintza bakarra aurkeztuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko dagokion bulegoan. Pertsona horiek, nahitaez, inskribatuta eta langabezian egon beharko dira beren hautagaitza lan-eskaintzara bidaltzen duten unean eta lan-kontratua hasi aurreko egunean. Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzea entitate kontratatzailearen ardura izango da, deialdian xedatutakoa betetzeko.

Eskaintza-eskabidean, programan parte har dezaketen hautagaien egoitza geografikoa zehaztu beharko da, beti EAEren eremuan.

Lanbidera aurkeztutako eskaintzak esperientzia ez du inoiz hartuko ez hautagaitzak kudeatzeko nahitaezko baldintza gisa, baloratzeko baldintza gisa. Bitartekotza/prestakuntza akademikoaren 23. mailaren baldintzari ez zaio irizpiderik gehituko (ez nahitaezkorik ez balioesgarririk) lan-eskaeran, eta hautatutako okupazioak lanbide-maila berekoak eta ekonomia-jarduera berekoak izan beharko dira.

2.– Hautagaitzak lortzeko eskaintza kudeatzen duen Lanbideren bulegoak argitaratu egin beharko du eskaintza, eta gutxienez zazpi egun naturaleko epean izan beharko du argitaratuta, Lanbideren webgunean.

3.– Ez dira deialdi honetako ekintza eta zerbitzuen hartzailetzat hartuko Estatuko lan-merkaturako sarbiderik ez duten pertsonak.

4.– Behin betiko hautagaiak hautatzea entitate onuradunei dagokie. Entitateak Lanbidek eskaintzaren kudeaketa dela-eta egindako inkestari erantzun beharko dio, jasotako hautagaitza guztien emaitzarekin.

11. artikulua.– Kontratazioak aurretiaz azkentzea.

Diruz lagundutako lan-kontratuak —ibilbide pertsonalizatuaren barruan eginak— dirulaguntzaren epealdia amaitu baino lehen azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean —kontratua azkentzen denetik hasita—, eta horren ondorioz, azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak betez. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia izan baldin bada probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna, dirulaguntzaren zenbatekoa lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Dirulaguntzen entitate onuradunak diruz lagundutako jardueren amaiera eta egindako gastuak justifikatu beharko ditu, bi hileko epean, kontratazioak amaitzen direnetik hasita.

Justifikazio horretan, dokumentazio hau jasoko da, entitate onuradunak aurkeztu beharrekoa:

a) Justifikazio-memoria bat, gutxienez hauek jasoko dituena:

– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen xehetasuna.

– Komunitatearentzat interesgarria izan daitekeen jardueraren deskribapena.

– Hasieran aurreikusitako helburuen ebaluazioa eta betetze-maila.

b) Lanbidek emandako fitxak, web-orrian jarritakoak: https://www.lanbide.euskadi.eus/ayuda_subvencion/20xx/catp/weblan00-content/es/

– Prestakuntza-ekintzen laburpen-fitxa.

– Ibilbide osoko ekintzen laburpen-fitxa, parte-hartzaile bakoitzeko.

– Lehentasunezko Arretako Kolektiboen gogobetetasun-inkesta.

– Monitore-lanak egin dituzten pertsonen zerrenda.

c) Entitate onuradunaren idazkariak/kontu-hartzaileak emandako gastuaren ziurtagiria, toki-entitateen edo sektore publikoko entitateen kasuan. Gainerako entitateek egindako gastua eta kontzeptu horrengatik egindako ordainketak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

e) Azpikontratatutako jardueren xehetasuna: kontratu txikiak edo hitzarmena edo azpikontratazioa.

2.– Dokumentazioa ezarritako epean aurkezten ez bada edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua aurrerakin gisa jasotakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura bat abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, hauek:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea.

b) Behin dirulaguntza eman ondoren eta Lanbiden inskribatutako pertsonen datuak eskuratu baino lehen, datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa sinatzea (Lanbidek emango die), arlo hori arautzen duen indarreko araudian aurreikusitako baldintzetan, tratamenduaren arduradun diren aldetik.

c) Kontratuen hasieraren berri ematea kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epearen barruan, zenbat langabe kontratu diren zehaztuta.

d) Laguntzak ematea eta baliatzea ahalbidetzen duten betekizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela justifikatzea.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari kontratuen azkentzeak jakinaraztea, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana —kostu berarekiko finantzaketa bikoitzik egin gabe—, beste administrazio batzuen eskutik edo Estatuko edo nazioarteko entitate publikoen eskutik.

h) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako inguruabar objektiboen nahiz subjektiboen aldaketa ere.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko entitate publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

j) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ogasun eta Finantza Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen mende jartzea.

k) Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak bete ditzaten, entitate onuradunak gastuaren kontabilitate-erregistro bat izan behar du, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

l) Behar diren neurriak hartzea, jasotako dirulaguntza erabiltzean iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak saihesteko.

m) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da proiektuetan parte hartzeko pertsonen hauta-probetan, elkarrizketetan eta hautaketan. Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko entitateak erabiliko duen dokumentu, publizitate, irudi edo material orotan, hizkera ez-sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna, eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna.

n) Diruz lagundutako gastuei eta jarduerari buruzko dokumentazio guztia 2030eko abenduaren 31ra arte gordetzea eta zaintzea, egiaztatu beharra dagoenerako.

o) Proiektu batzuek Europako kofinantzaketa izango dutela aurreikusita, entitateek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa (EAEko 2021-2027 EGF Plus Programaren esparruan), deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.

Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda webgunean sartuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotzen den moduan.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek helburu bererako ematen dituzten dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin. Edonola ere, argi identifikatuta geratu beharko da gastuen trazabilitatea, eta laguntzen eta dirulaguntzen batura ezin izango da izan diruz lagundutako gastuen kostua baino handiagoa.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen entitate onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

Emakida-ebazpena eman ondoren, onuradunak dirulaguntza aldatzeko eska dezake. Aldaketa hori egin ahal izateko, beharrezkoa izango da inguruabar batzuk gertatu izana ebazpena eman ondoren eta entitate bakoitzari subentzionatutako jarduera egiteko epearen barruan. Aldaketa inguruabarra gertatu eta berehala formalizatu beharko da, eta, edonola ere, jarduera egiteko epe hori amaitu baino lehen.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzak ebazpena eman beharko du proposatutako aldaketa onartzeko edo ukatzeko, bi hileko epean, aldaketa eskatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen espresurik jakinarazi gabe igarotzen bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da. Ebazpenek, gehienez ere, aldaketa-eskaera aurkeztu den unera eraman ditzakete ondorioak. Nolanahi ere, aldaketarako baimena emateko, beharrezkoa izango da hirugarrenei kalterik ez eragitea.

2.– Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, dagokion itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan xedatuarekin bat etorriz.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluak, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkien betebeharrak, edo dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira (Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako kasuak), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, eta jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu zenetik sortutako dirulaguntzei lotuta aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskadiko Ogasun Nagusira itzuli behar direla adieraziko du, ezertan eragotzi gabe bidezkoak diren bestelako ekintzak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu zuena).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

Ez-betetze partzialen kasuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzak zehaztuko du entitate onuradunak zenbat itzuli behar duen, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, hasieran aurreikusitako epean edo ezarritako moduan kontratatzeko betebeharra betetzen ez den kasuetan, erabateko itzulketarako kausa izan daitekeenean salbu.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio entitate interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

2.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, amaiera emango zaio prozedurari. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna LANBIDE da; helburua, berriz, Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak egikaritzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago, hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzei Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaie (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamendua).

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Laguntzak Europako Plus Gizarte Funtsekin ere finantzatuta badaude, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere egongo dira; hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.


Azterketa dokumentala