Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2024ko uztailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3500

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko uztailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, onespena eman dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdiari. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateei berrikuntzaren arloko inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2024ko uztailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, zeinaren bidez onartzen baita deialdia, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZAKO ENTITATEEK BERRIKUNTZAREN ARLOAN EGITEN DUTEN INBERTSIOA FINANTZATZEKO 2024KO EKITALDIKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen du. Dekretu horren 2. artikuluan ezartzen da enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera; prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomia batean.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin (haren erantzukizunen arabera), betiere kalterik egin gabe Hezkuntza Sailak lanbide-heziketaren zuzendaritzari, antolamenduari eta plangintzari dagokienez esleituak dituen eginkizunei.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak, zeina Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago, egitekoen artean ditu, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntzako programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, bat etorriz maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluarekin. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da langileei lan-merkatuan sartzen eta enplegu-aukerak hobetzen laguntzeko. Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei eta landunei aukera ematen zaie prestakuntza-eskaintza zabala izateko, behar bezala lagunduko diena enplegu-aukerak hobetzen, eta, hala, enpresen beharrizanei erantzun ahal izango zaie, ekoizpen-metodo eta -bitartekoen berrikuntzari eta eguneratzeari lotutako esparru guztiak aintzat hartuz.

2021-2024ko Enplegu Plan Estrategikoak hauxe dio: «trantsizio digital, energetiko-klimatiko eta sozio-demografiko hirukoitza gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, gizarteen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da pertsona prestatuak izatea». «Kualifikazio handiko eskulan bat behar da, ondo prestatua eta moldagarria, eta biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta enpresen beharren arteko desorekak saihestea hiru trantsizioei lotutako profiletan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ezinbestekoa iruditzen zaio langabeak eta landunak prestatzen lankidetzan aritzen diren entitateek EAEko enpresa-sarearen beharretara ondoen egokitzen diren eta eguneratuen dauden bitarteko eta instalazioak edukitzea eta, beraz, eguneratze eta egokitzapen hori babestea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko laguntzak (2.2 gako estrategikoa- Prestakuntza eraginkorragoa eta gure ekoizpen-sarearen benetako beharretara hobeto moldatzen dena, konpetentzia profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena). Lanbide organismo autonomoaren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta, hala, bete egin zuen Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza hauen bidez, ekonomikoki finantzatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetako azpiegitura berritzaileak, prestakuntza-ekintzak kalitate-bermeekin irakasteko aukera ematen dutenak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2024ko uztailaren 9ko bilkuran, ontzat eman du Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza-entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da enplegurako lanbide-heziketa ematen duten entitateentzako 2024ko ekitaldirako laguntzak arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazioetan azpiegitura berritzaileak ezartzeko inbertsioa finantzatze aldera, prestakuntza-ekintzak kalitatearen, eguneratzearen eta eraginkortasunaren bermeekin eman daitezen, enpresen errealitate teknologikora eta gaur egun dituzten ekoizpen-bitartekoetara egokituta. Hartara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntzak merkatuaren benetako beharrei erantzungo die, eta, beraz, enpresen lehiakortasuna eta langileen laneratzea sustatuko da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko, guztira 4.000.000 euroren baliabide ekonomikoak emango dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.

Baliabide horiek bi dirulaguntza-lerrotan banatzen dira, honela:

a) 250.000 euro, ordenagailuetan inbertsioak egiteko, 4. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, bereziki 4.2 artikuluaren bigarren paragrafoan adierazitakoetan.

b) 3.750.000 euro, gainerako inbertsioetarako.

Baldin dirulaguntza-lerro batean kreditua amaitzen ez bada, soberakinarekin beste lerroko laguntzak finantzatu ahal izango dira, eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten prestakuntza-entitateek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak:

– Eusko Jaurlaritzaren mendekoa ez den prestakuntza-entitate pribatu edo publikoa izatea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-entitateen erregistroan, prestakuntza-entitateen beste erregistro autonomiko batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan izena emanda edo akreditatuta egotea, dirulaguntza-eskabidea aurkezten denerako, diruz lagundu nahi diren inbertsioei dagokien lanbide-familiako prestakuntza-espezialitateetako bi irakasteko, gutxienez.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak eman izana, diruz lagundu nahi diren inbertsioei dagokien lanbide-familiakoak, honako bi baldintza hauek betez:

• Aurtengo ekitaldian espezialitate horiek ematen aritzea edo gutxienez 2020-2024ko hiru ekitalditan eman izana.

• Urtean batez beste familia horretako bi prestakuntza-ekintza eman izana, gutxienez. Batezbesteko hori honela kalkulatuko da: 2020. eta 2024. urteen artean (biak barne) eman diren edo emango diren ekintzen batura zati ekintza horiek eman diren urteen kopurua.

2.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean dauden entitateak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direnez, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin ahal izango dio egiaztapen horri, eta, hala eginez gero, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin bat etorriz (agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa da).

b) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zigor-zehapena edo administrazio-zehapena izatea, barnean direla arrazoi hauengatik ezarritakoak:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

d) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dien eta legez ezarri zaien kausaren bat izatea, barnean direla Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak dituen legeen arabera.

e) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

f) Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez zehatuta egotea, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

g) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo hori betetzeko neurri alternatiborik hartu ez izana.

h) Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainerako egoeretako batean egotea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen 5. apartatuko betekizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. e) apartatuko betekizuna dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua kontabilitate-araudiaren arabera, eskakizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) apartatuan aipatzen den dokumentazioaren bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbidek, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen betekizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

3.– Enpresa edo entitate onuradunak konpromisoa hartuko du enpresa ez deslokalizatzeko, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Konpromiso hori 2. apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren parte izango da.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira makina edo ekipamendu aurreratuak erosi edo alokatzeko jarduketak, renting eta leasing modalitateak barne, bai eta horiek instalatzeko gastuak ere, baldin eta beharrezkoak badira lanbide-familia bereko prestakuntza-espezialitateak emateko, berrikuntzaren arloko inbertsioa eragiten badute, edo azpiegiturak lan-merkatuan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara egokitzea eta eguneratzea badakarte, langileei aldaketa horietara egokitutako prestakuntza emate aldera.

Errentamendu, renting eta leasing kasuetan, kontratuaren iraupena gutxienez 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu beharko da. Leasing kasuan, kontratuaren iraupena txikiagoa izan daiteke, baldin eta egiaztatzen bada prestakuntza-entitateak konpromisoa duela kontratua amaitzean hura erosteko, 6.3.b) artikuluan adierazitakoaren arabera.

Era berean, diruz lagundu ahal izango da instalazioak hobetu edo aldatzeko gastu oro, ikaskuntza-metodologia eta -tresna berritzaileak ezartze aldera.

2.– Diruz lagundutako ekipamenduak eta makinak dirulaguntzaren xede zehatzera bideratuko dira, gutxienez 2026ko abenduaren 31ra arte.

Ondore horietarako, fisikoki prestakuntzarako espazioetan kokatuko dira (prestakuntzaren tailerrean edo gelan), eta soilik prestakuntzarako erabiliko dira. Ez dira inoiz erabiliko ikastetxeko irakasleen edo zuzendaritzaren erabilera esklusiboko ekipamendu moduan. Beraz, dagokion espezialitaterako espezifikoak izango dira.

3.– Aurreko apartatuetan deskribatutako jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetan inplementatu beharko dira, izan propioak nahiz besterenak. Azken kasu horretan, errentamendu-kontratu bat edo instalazioak erabiltzeko hitzarmen bat eduki beharko da, aurreko apartatuan zehaztutako denborarako, gutxienez.

4.– 2024ko urtarrilaren 1aren eta dirulaguntza-eskabidea aurkeztu den egunaren artean egin beharko dira makina edo ekipoak erosteko, errentamendu, renting edo leasingeko kuotak ordaintzeko eta deialdi honetako dirulaguntzaren xede diren instalazioak hobetu edo aldatzeko jarduketak. Hala, diruz lagundu daitekeen gastua aldi horretan benetan ordaindutakoa izango da.

5.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzeko kostua (rentinga eta leasinga barne) ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.

6.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzean jasandako balio erantsiaren gaineko zerga diruz laguntzeko modukoa izango da, baldin eta ezin bada berreskuratu zerga-araudi aplikagarriaren arabera.

7.– Honako makina edo ekipo hauek ezin izango dira diruz lagundu:

– Administrazioko elementu komunak; prestakuntzako gelan, tailerrean edo prestakuntza-jarduerak egiten diren espazio fisikoan kokatuta ez dauden elementu informatikoak, baldin eta prestakuntzarako soilik erabiltzen ez badira (eskanerrak, inprimagailuak eta abar); eta ikastetxeko irakasleek, zuzendaritzak eta administrazioak soilik erabiltzekoak diren ekipoak.

– Aplikazio informatiko edo teknologikoen erabilerarako software eta lizentziak, beren xedeko espezialitateetarako espezifikoak ez direnak.

– Sareko elementu komunak, hala nola zerbitzariak, wifi sarbideak eta beren xedeko espezialitaterako espezifikoak ez diren beste batzuk.

– Erabilera partekatu eta orokorreko beste edozein elementu, bere xedeko espezialitaterako espezifikoa ez bada.

– Prestakuntza-zentroa izena emanda edo akreditatuta dagoen instalazioen alokairua, rentinga edo leasinga, bai eta lanbide-familiako edukien ikaskuntzarekin zuzenean lotuta ez dauden altzari orokor guztiak ere (aulkiak, mahaiak...).

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz laguntzekoa den gastuaren zenbatekoaren gainean kalkulatuko da, hauen arabera:

– 2020tik 2024ra bitartean (biak barne) Lanbidek diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen batez besteko kopurua, lanbide-arlokoak eta edozein deialditakoak, dagoeneko eman direnak edo orain ematen ari direnak eta

– diruz lagundu nahi diren inbertsioei lotuta dauden lanbide-familiako prestakuntza-espezialitateen kopurua, prestakuntza-entitate eskatzailea espezialitate horiek emateko inskribatuta edo egiaztatuta badago, ehuneko hauek aplikatuta:

(Ikus .PDF)

2.– Prestakuntza-entitate eta lanbide-familia bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da, kontuan hartu gabe 2. artikuluko dirulaguntzen lerro batera edo bi lerroetara aurkeztu den, eta entitate bakoitzeko gehienez hiru lanbide-familia finantzatuko dira, dirulaguntzen bi lerroetan. Edonola ere, de minimis laguntzak arautzen dituen Europako legerian aurreikusitako muga aplika daiteke, deialdi hau legeria horren pean baitago, 15. artikuluaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ (esteka bat egongo da Lanbideren webgunean).

Helbide honetan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/servicios/1218603

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da entitate bakoitzeko eta dirulaguntza-lerro bakoitzeko (2. artikulua), diruz lagundu nahi diren gastuak lanbide-familien arabera bereizita.

Inbertsio bakoitza lanbide-familia bakar bati esleitu dakioke.

3.– Eskabide bakoitzarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Aurkeztutako proiektu bakoitza deskribatzen duen memoria bat, elektronikoki sinatuta; bertan, egindako inbertsioaren azalpen labur bat, programatutako helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa eta emaitzen eta hobetzeko proposamenen ebaluazioa jasoko dira.

b) Justifikazio-memoria ekonomikoa. Agiri horretan, honako hauek jasoko dira:

– Erosketaren kasuan: fakturak eta ordainketaren egiaztagiriak, bai eta faktura horien zerrenda ere, hornitzailearen edo finantza-entitatearen identifikazioarekin, faktura-zenbakiarekin, fakturaren jaulkipen-datarekin eta ordainketa-datarekin.

– Errentamendu, renting edo leasingaren kasuan: kuoten hileroko ordainagiriak edo fakturak, horiek ordaindu direla egiaztatuta, eta kontratuaren kopia, gutxienez 4.1 artikuluan aurreikusitako iraupenarekin. Leasingaren kasuan, kontratuaren iraupena artikulu horretan eskatutakoa baino txikiagoa bada, kontratua amaitzean hura erosteko aukera baliatzeko konpromisoa erantsi beharko da, bi aldeek sinatuta, edo, hala badagokio, diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan benetan egindako erosketaren egiaztagiria.

– Instalazioak hobetu edo aldatuz gero, egindako gastua eta ordainketa egiaztatzen duten agiriak.

c) Inbertsioa, dirulaguntzaren bidez ez ezik, funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.

d) Balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratzeari buruzko informaziorako, dirulaguntzaren eskatzaileek zergaren aitorpenak aurkezteko betebeharrik ez dutela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga-administrazio eskudunak emandakoa, edo, hala badagokio, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko zergaren urteko likidazio-aitorpenaren 390 ereduaren kopia.

e) Diruz lagundutako inbertsioarekin edo gastuarekin lotutako instalazioak ez badira propioak, errentamendu-kontratuaren kopia edo hura erabiltzeko baimena ematen duen hitzarmena (gutxienez 2026ko abenduaren 31ra arte) aurkeztu beharko da.

f) 3.2.f) artikuluan aurreikusitako kasuan, sozietateek ezin badute galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

4.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren, eta bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2024ko irailaren 30ean amaituko da.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.– Berrikuntzaren arloko inbertsioaren laguntzetarako dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko lehiaketa izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, eskabidea aurkezten den unearen arabera, jarduera horietarako 2. artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, egoitza elektronikoaren bidez.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten.

8. artikulua.– Prestakuntza-entitate onuradunen betebeharrak.

Prestakuntza-erakundearen onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak, zehazki, hauek:

a) Diruz lagundutako makinak eta ekipoak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez 2026ko abenduaren 31ra arte.

b) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, haien jardunak hala eskatzen duenean.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.

e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileei erraztasunak ematea diruz lagundutako inbertsioak dauden instalazioetara sartzeko.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako finantzaketaren berri berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horietatik sortzen diren ekintzetan ere. Finantzaketaren berri emateko neurri gisa, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan honako adierazpen hau sartuko da: «makina edo ekipamendu honek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketa jaso du 2024. urteko deialdian».

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, hura emateko ebazpena ezarri ondoren.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetara jo ahal izango du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluarekin bat etorriz.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa gertatuz gero, deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak 4.4 artikuluan aurreikusitako aldiko gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.

12. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egingo ditu, egiaztatzeko diruz lagundutako makineria edo ekipamendua dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako erabiltzen dela 4.2 artikuluan eskatutako gutxieneko aldian.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, berrikuntzaren arloko inbertsioa jaso duten prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta diruz lagundutako makina/teknologia berriak erabiliz emandako prestakuntzaren emaitza ebaluatzeaz harago doan lana da, eta kalitatearen hobekuntza bermatzeko balio izango du.

Horretarako, prestakuntza-ekintzak egiten diren eta eskuratutako horniduraren kokaleku den zentroa bisitatu ahalko da, eta idazki bidez jasoko da dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, hornidura eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...), edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman diren, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdiaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako makinak/teknologiak prestakuntza-entitatearen instalazioetan benetan zer egoeratan dauden aztertzeko.

13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin dela eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den entitateari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Horrez gain, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epea izango da.

Itzulketa borondatezko epean egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

14. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ((EB) 2016/679 Erregelamendua) eta Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

15. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzak, 3. artikuluan adierazitako onuradunei emandakoak, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduaren pean daude, zeinak ezartzen baitu nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dirulaguntza jasotzen duen enpresak 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan jasotako de minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, de minimis laguntza berriak erregelamendu horretan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko.

16. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Laguntza-programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: oinarrizko legediari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; eta, horiez gain, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duena eta dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.


Azterketa dokumentala