Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2024ko uztailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3499

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak finantzatzeko 2024ko ekitaldirako dirulaguntza-deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko uztailaren 9ko bileran hartutako erabakiaren bidez, onespena eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak finantzatzeko 2024ko ekitaldirako dirulaguntza-deialdiari. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko o) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak finantzatzeko 2024ko ekitaldirako dirulaguntza-deialdia. Deialdi hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2024ko uztailaren 9ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu da, eta ebazpen honen eranskin gisa jasota dago.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEK GARATZEN DITUZTEN PRESTAKUNTZAKO ESTRATEGIA-EKINTZAK FINANTZATZEKO 2024KO EKITALDIRAKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA

Lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizi osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak nahiz enpresak jakintzan oinarritutako gaur egungo gizartera egokitzeko eta langileen gaitasun profesionalari eusteko Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean.

Prestakuntza, langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, lehentasunezko balio estrategiko bat da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan, eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Deialdi honen xede den prestakuntza-programa hori egiteko, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak EAEko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua du arau-euskarri, zeinaren 2. artikuluan xedatzen baita lanbide-heziketaren sistemetako bat dela enplegurako lanbide-heziketa, enpresen artean eta langileen artean, langabeak (lehentasunez) nahiz lanean ari direnak izan, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Halaber, Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloarekin koordinazioan. Azken horrek du arlo hauen ardura: lanbide-heziketa osoaren planifikazio estrategikoa, diseinua eta ildoak prestatzearena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, azken horrek dauzkan ardurei dagokienez.

Gainera, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari dagokio, beste zenbait eginkizunen artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programak nahiz autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programak kudeatzea. Eginkizun horiek barne hartzen dute dagozkion dirulaguntza-deialdiak onartzea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko entitate autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.

Halaber, EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 9. artikuluan xedatzen denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena duen organoa.

Aipatutako dekretuaren 21. artikuluak enpresek beren langileentzat programatutako prestakuntza arautzen du, enplegurako beste prestakuntza-ekimenen artean, eta aurreikusten du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak iragarri ahal izango dituela, hobarien sistemaren bidez finantzatutako prestakuntza osatze edo ordezte aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntzak, ekintza horiek enpresa-proiektuari zuzenean lotutakoak direla ulertuta.

Helburu hori dute erabaki honen bidez onartzen den deialdiaren babespean finantzatutako prestakuntza-ekintzek. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei aukera ematen zaie beren langileen eskumenak eta kualifikazioak hobetzeko prestakuntza-ekintzak programatzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren mendeko organismo autonomoak, 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategiko bat du, Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bileran hartu erabakiaren bidez onartua, prestakuntzako programa bat diseinatu eta kudeatu dezan, 2. helburu estrategikoan (Ekoizpen-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea) eta haren 2.3 gako estrategikoan (Etengabeko ikaskuntza funtsezko erantzun estrategiko gisa, lanbide- eta bizi-mailara egokitzeko gaitasun handia eskatzen duen aldaketa-egoera azkar baten aurrean) oinarrituta. Enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko 2024-2025 aldirako laguntza hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude, eta, hartara, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzen da. Plan hori Lanbideren web-orrian argitaratu zen (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» apartatuan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko uztailaren 9ko bileran hartu erabakiaren bidez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak finantzatzeko 2024ko ekitaldirako dirulaguntza-deialdia, honako hauei jarraikiz:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzeko programaturiko prestakuntza-ekintzak (prestakuntzako estrategia-ekintzak) garatzeko laguntza ekonomikoen 2024. urterako oinarriak ezartzea.

Enpresatzat jotzen da jarduera ekonomikoren bat egiten duen entitate oro, zeinahi direla ere haren izaera juridikoa eta finantzaketa-modua.

Estrategia-ekintzak dira enpresaren proiektuari zuzenean lotuta egonik premien diagnostiko batean edo antzeko dokumentu batean, aurkezturiko ekintzen eta horiek hartuko dituzten langileen lehentasunaren adierazgarri den batean, jasangarriak direnak.

2.– Deialdi hau finantzatzeko, 3.200.000 euroko baliabide ekonomikoak erabiliko dira gehienez; horietatik 1.600.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.600.000 euro, berriz, 2025eko konpromiso-kredituari.

3.– Deialdi honetan jasotako laguntzak ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza berak egiteko laguntzen onuradunek jaso ditzaketen beste dirulaguntza publiko batzuekin.

4.– Dena den, deialdi honetan jasotako dirulaguntzak etengabeko lanbide-prestakuntzako egungo estatu-ereduaren barruan aurreikusiriko hobariekin osagarriak direla bermatuko da.

– Ondorio horietarako, hobarien estatu-sisteman ekitaldirako dagoen kreditua kontsumitu beharko dute enpresek. Bestela, azken dirulaguntzatik kontsumitu ez den kredituaren kopurua deskontatuko da.

– Gainera, enpresa eskatzaileek bermatu beharko dute dirulaguntzaren xede diren ekintzek ez dutela hobaririk jasotzen estatu-ereduan.

Bikoiztasunak eta prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihesteko, deialdi honetan eskatzen dizkieten puntu guztiak egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek.

5.– Lehia-, publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak kontuan izanda emango dira laguntza horiek.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honetako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietarako sustatzen diren prestakuntza-ekintzei aplikatuko zaizkie.

2.– Deialdi honen zehaztapenen araberako enpresak eta enpresa-taldeak izan daitezke laguntzen onuradun, eta haietako langileek parte har dezakete prestakuntza-ekintzetan.

3.– Kolektibo hauek ere parte har dezakete prestakuntza-ekimen diruz lagungarrietan:

1) Lan elkartuko kooperatibetako bazkide diren langileak, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) kotizatzen dutenak, elkarte horietako estatutuek hori xedatzen dutenean.

2) Enpresari zuzenean loturiko langileak eta legediaren arabera besteren kontura kontratatu ezin direnak, nahitaez Langile Autonomoen Araubide Berezian (administratzaileak, senitartekoak) kotizatu behar dutenak.

3) Gizarte Segurantzaren Nekazaritza Araubide Berezira (GSNAB) edo itsasoko langileen Araubide Berezira bilduriko langileak.

4) Langile autonomoak.

5) Lanik gabe badaude ere, egoera hauetakoren batean daudenak:

– Denbora partzialean lan egiten duten langileak (finko aldizkakoak), lanik egiten ez duten aldietan.

– Prestakuntzaldian daudenean langabeziara igarotzen diren langileak.

– Enplegu-etenaldietan enplegu-erregulaziora bilduriko langileak.

Salbuespen gisa, nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen kasuan, eta betiere behar bezalako justifikazioarekin, laguntzaren enpresa onuradunarekin loturiko enpresei dagozkien langileek parte hartu ahalko dute finantzaturiko prestakuntza-ekintzetan. Horri begira, hirugarren herrialdeetan benetan ezartzeko prozesuak dira nazioartekotze-prozesuak.

4.– Finantzaketa jaso ahalko dute, 2024. urteko deialdi honetan, 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarte garatzen diren prestakuntza-ekintzak. Nolanahi ere, gutxienez prestakuntza-ekintza bat 2024ko ekitaldian hasi beharko da.

5.– Aurkezturiko ekimenek beharrezkoa izango dute gutxienez 30 puntuko balorazioa merezi dutela egiaztatzea deialdi honen 9.II artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Bestela ez dute finantzaketarik jasoko.

3. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.

1.– Deialdi honen helburuetarako, prestakuntza-ekintza da parte-hartzaile guztientzat komunak diren helburu, eduki eta iraupen sistematikoko irakatsi eta ikasteko prozesua, enpresaren prestakuntza-proiektuan (Prestakuntza Plana) biltzen dena.

Ez dira finantzatuko prestakuntza-prozesu bat (irakaskuntza-ikaskuntza) garatzea funtsezko osagaitzat ez duten ekintzak, hain zuzen ere, enpresaren ekoizpen-prozesuarekin zuzenean loturiko gaitasun eta kualifikazioak hobetzea xede duen prestakuntza-prozesu bat.

2.– Orokorrean, prestakuntza-ekintzek, hala banakakoek nola taldekakoek, gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzeko. Muga horiek salbuetsi ahal izango dira, baldin eta horren beharra egiaztatzen bada. Prestakuntzako jarduerek, modalitatea zeinahi dela ere, egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.

3.– Modalitate hauetako batean eman behar dira prestakuntza-ekintzak: aurrez aurrekoa, teleprestakuntza edo mistoa.

A) Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.

B) Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutoreak/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

Teleprestakuntzako modalitatetzat jotzen da prestakuntza-ekintzak eskatzen duen aurrez aurreko partea iraupen osoaren % 20 edo gutxiago denean.

Inola ere ez dira finantzatuko modalitate honetan eman beharreko Profesionaltasun Ziurtagirien Estatuko Katalogoko prestakuntza-ekintzak.

Teleprestakuntza-modalitatean irakasteko eskakizunak:

3.3.B.1.– Edukiei dagokienez:

Teleprestakuntzako eta prestakuntza mistoko modalitatean prestakuntza-ekintza bat egiteak irakaskuntza-ikaskuntza prozesu bat dagoela bermatu behar du, aurrez aurreko modalitateko ekintzek bezala. Teleprestakuntzak parte-hartzaileen, tutore-prestatzaileen eta beste toki batean kokatutako baliabideen arteko elkarreragina eskatzen du.

Pdf formatuko edo beste formaturen bateko edukiak deskargatze hutsa ez da teleprestakuntza.

Parte-hartzailea edukietan/ikasgaietan jardun dela erregistratuta utzi behar da.

Parte-hartzaileek egingo duten prestakuntza-ekintzaren iraupena entitate prestatzaileak adieraziko du, helburua lortzeko aproposena izango delakoan.

Iraupenaren % 75etik beherako konexioak dituzten parte-hartzaileak ez dira parte-hartzaile bukatutzat hartuko.

Behar bezala arrazoituko da ekintzarako proposatutako teleprestakuntzako ordu kopurua.

3.3.B.2.– Tutoretza-jarduerei dagokienez:

Teleprestakuntza ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez laguntza tutorialarekin osatuko da.

Ezin ditu tutore berak egin espezialitate desberdinetako prestakuntza-ekintzen tutoretzak. Egitekotan, haren gaitasunak eta eskura duen laguntza teknikoa zehaztuko dira (adituak).

Tutore-prestatzaileak prestakuntza-prozesuan zehar egindako jarduera guztien erregistroa eramango du, parte-hartzaileek egindako kontsulten eta zalantzen argitzea bere eginkizuneko jarduera espezifikoetatik bereiziz. Tutore-prestatzailearen esku-hartzeak bat etorri behar du tutoreen jarduketaren plangintzarekin eta prestakuntza-ekintzaren programazioarekin.

3.3.B.3.– Jarraipen- eta ebaluazio-kontrolei dagokienez:

Ebaluazio-probak egiteko, parte-hartzaileak proba horiek sortzen dituzten edukietan sartu behar du aldez aurretik, jarraipenaren eta ebaluazioaren plangintzan ezarritakoa kontuan hartuta.

Tutore-prestatzaileak bermatu behar du proba horiek prestakuntza-prozesua garatzeko sekuentzia egokiaren arabera egiten direla.

Parte-hartzaile bukatutzat hartzeko, konexio-denboraz gain, prestakuntza-ekintzarako ezarritako aldizkako jarraipen- eta ebaluazio-kontrolen % 75 ere egin behar izan ditu gutxienez.

3.3.B.4.– Plataformak sortutako erregistroei dagokienez:

Informazioa hobeto tratatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatuko du teleprestakuntza-plataformak sortutako eta erregistratutako datuak euskarri informatikoan eman diezazkioten (kalkulu-orria edo antzekoa): parte-hartzaileen jarduera-datuak (lehen eta azken sarbidearen datak, konexio-orduen kopurua, egun desberdinen kopurua), ebaluazio-proben datu osoak (burutze-data, erabilitako denbora...) eta egindako tutoretzei eta erantzundako kontsultei buruzko datu osoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian erantsitako ereduaren arabera.

Teleprestakuntza-plataformak ikasleak eta haiek egiten dituzten jarduera guztiak erregistratu behar ditu. Halaber, txostenak egitea erraztuko du, parte-hartzaileek ikastaro bakoitzeko elementu eta jarduera bakoitzetik egin duten pasaera eta teleprestakuntza-plataforman egin dituzten kliken arteko denbora biltzeko.

Deialdi honi begira, teleprestakuntzatzat hartuko da baliabide-zentroetan emandako prestakuntza. Baliabide-zentrotzat jotzen da banakako ekipamendu didaktikoa duen instalazioa; parte-hartzaileak hara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, han, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.

C) Modalitate mistotzat jotzen da prestakuntza-ekintza bera emateko aurrez aurreko modalitatea eta teleprestakuntza konbinatzen duena.

Prestakuntza mistotzat hartzeko, modalitate bakoitzeko edukiek argi eta garbi bereizita eta zehaztuta egon behar dute, eta prestakuntza-ekintza finantzatzeko batu behar dira aurrez aurreko orduetarako aplikatutako moduluak eta teleprestakuntzako orduetarako aplikatutakoak (tutoretzak zeinahi modalitatetakoak direla ere).

Modalitate bakoitzaren berezko eskakizunak ere bete beharko dira, dagokion zatian.

4.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira, enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.

5.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntzaren kasuan, dagokion araudia aplikatuko da.

6.– Langile batek gehienez 270 prestakuntza-ordu jaso ditzake, salbu eta ekintza bakarrean parte hartzen badu eta ekintza horren muga salbuespentzat hartu bada, artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

7.– Enpresek berek antolatu ahal izango dute beren langileen prestakuntza, eta beren baliabideak erabili prestakuntza emateko, edo, bestela, baliabide horiek kontratatu ahal izango dituzte % 100ean.

Enpresa-taldeen kasuan, bakoitzarentzat banaka antolatu ahal izango da prestakuntza, edo haietako batzuk edo guztiak elkartuta. Elkartuz gero, taldeko zeinahi enpresak bere kabuz antolatu ahal izango du bere taldeko langileen prestakuntza, eta, prestakuntza emateko, bere baliabideak erabili ahal izango ditu edo, bestela, baliabide horien % 100 kontratatu.

Halaber, prestakuntza kanpoko entitate baten esku utzi ahal izango dute enpresek, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 12. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Kasu horretan, egiaztatutako prestakuntza-entitate batek emango du prestakuntza, eta/edo aipatutako legearen 15. artikuluan aipatzen den administrazio publiko eskudunak gaitutako prestakuntza-entitateen erregistroan inskribatutako batek. Lanbide-jarduera jakin batzuetan jarduteko gaitzen duen prestakuntza emateko beste administrazio batzuek homologatutako entitateak inskribatutzat edo egiaztatutzat emango dira. Prestakuntza antolatzeko jarduera eta emateko jarduera ezin izango dira azpikontratatu. Ez da ulertuko prestakuntzaren antolaketa kanpoko entitate baten esku utzi dela, baldin eta dirulaguntza zuzen aplikatzeko behar den administrazio-kudeaketako eginkizunetara mugatzen bada entitate horrek egin behar duen jarduera.

Enpresak kanpoko agenteak kontratatzen dituenean prestakuntza-ekintzak egiteko, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, hornitzailearen aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen araberakoa izan dela bermatzeko, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua ematen duen behar adina entitate ez badago. Proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Nolanahi ere, 7. apartatuan aurreikusita ez dagoenerako, zuzenean aplikatu beharko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa.

8.– Prestakuntza-ekintzek barne-prestakuntza biltzen dutenean, osorik edo zati batean, prestakuntza hori ikaskuntza-prozesu sistematizatua izateko moduan diseinatu eta egituratu beharko da aldez aurretik.

9.– Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-ekintzak, dirulaguntza-eskabidea aurkezteko unean Euskal Autonomia Erkidegoan Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatutako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek eman beharko dituzte, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatutakoek, Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza emateko.

Prestakuntza-ekintza horiek, aurrez aurreko modalitatekoak direnak, zentroetako instalazioetan gauzatuko dira.

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzak 2. artikuluan aipatutako enpresek eskatu ahalko dituzte, baldin eta 35 langileko edo gehiagoko plantilla bat badute.

Salbuespen gisa plantilla horretara iristen ez diren enpresek aurkezturiko planak diruz lagundu ahalko dira. Kasu horietan, enpresak prestakuntza-plana burutzeko zer-nolako gaitasuna duen aztertuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, eta arrazoiak azalduta ebatziko.

2.– Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten enpresa-taldeek ere laguntzak eskatu ahalko dituzte. Enpresa-taldetzat hartuko dira sozietate guztietan haien artean lotura hauetako bat dutenak gutxienez:

a) Enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du.

b) Enpresa batek beste sozietate baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo errebokatzeko eskubidea du.

c) Enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz.

d) Enpresa bat bestearen akziodun edo bazkidea da, eta, berak bakarrik kontrolatzen du haren akziodunen boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akziodun edo bazkide batzuekin izandako akordioaren ondorioz.

Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da eskabidearen titularra, baina prestakuntza-planean parte hartzen duten enpresa guztiak izango dira onuradun.

3.– Dena den, enpresa berak ezin izango du laguntza-eskabide bat baino gehiago aurkeztu deialdi honen barruan. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, lehenengo aurkezten dena bakarrik hartuko da kontuan.

4.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatua izan izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Kondenatua edo zehatua izan izana, epai edo administrazio-ebazpen irmo baten bidez, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, baldin eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean badaude, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direnez, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Egunean ez izatea dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

i) Zehapen administratibo edo penalak izan izana sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, zehapen-epea igaro gabe.

j) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausa batean egotea, hauek barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez izatea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Ez betetzea desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, ez hartzea hori betetzeko ordezko neurriak.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausa batean egotea.

n) Inskripzio-prozedura administratiboa legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiolako eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitateaz bestelakoa, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ez dituen 3. apartatuan xedatutako eskakizunak akreditatu egin beharko dira, eskabide-orrian dagoen erantzukizuneko adierazpenaren bidez. Dokumentazio hau aurkeztuta akreditatuko da ñ) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua kontabilitate-araudiaren arabera, eskakizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntza-eskabideak elektronikoki beteko dira, eredu normalizatuetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enpresentzako prestakuntzako informatika-aplikazioaren bidez. Aplikaziorako sarbiderik ez duten enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute (www.lanbide.euskadi.eus).

Izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/0136808

Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

2.– Eskabideak, behar bezala beteta, helbide honetan aurkeztuko dira:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua.

Bilboko Zerbitzu Nagusiak (Prestakuntza Zerbitzua).

Xenpelar kalea 13, 48003 Bilbao.

Horrez gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Paperean aurkeztutako datuen eta informatika-aplikazioaren bidez aurkeztutako datuen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

Eskabideak aurkezteko, aurretiko hitzordua eskatu beharko da.

3.– Dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 9an amaituko.

6. artikulua.– Eskaeretako eskakizunak.

Dokumentu hauek jaso beharko dira dirulaguntza-eskabidean:

1.– Eskatzailearen izen soziala, IFK, Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektoreko Hitzarmen Kolektiboa eta batez besteko plantilla deialdi hau argitaratzen den egunaren aurre-aurreko hamabi hilabeteetan. Dokumentu horiek behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar dira.

2.– Enpresa-taldeko plan batean parte hartzen duten enpresa guztiek parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute (2A eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragai izango dena).

3.– Aurkeztutako proiektuaren ardura hartzeko enpresak izendatu duen pertsona.

4.– Jarraian azaltzen diren dokumentuak ere aurkeztuko dira, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu ez badira, edo aldatu egin badira aldez aurretik aurkeztutakoekiko.

a) Planaren enpresa eskatzailearen zerga-identifikaziorako txartelaren fotokopia.

b) Entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa, kopia konpultsatua edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpultsatzeko kopia.

5.– Halakorik izanez gero, finantza litekeen prestakuntza-planean aurkezturiko ekintzak biltzen dituen prestakuntza-premiak detektatzeko azterlana edo azterketa.

6.– Garatu beharreko prestakuntza-ekintzak deskribatzea, lehentasunak ezarriz, hau da, ekintzak egikaritzeari dagokionez lehentasunen ordena ipiniz, ekintza bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaile kopurua adierazita, deialdi honi erantsitako inprimaki normalizatuetan zehaztutako banantzea barne. Datu hauek jaso beharko dira beti:

a) Talde hartzaileak, kategorien edo talde profesionalen, lan-egoeraren eta Gizarte Segurantzarako afiliazio-araubidearen arabera.

b) Prestakuntza-ekintzen aurreikusitako kostua.

c) Prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurreikusitako egutegia eta lanorduen kopurua.

d) Prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusitako prestakuntza-entitateak, tokia, instalazioak eta baliabideak.

e) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

f) Harremanetarako pertsona eta programaturiko prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta jarraian prestakuntza-programak ebaluatzeko baliagarri izango diren irizpideak eta metodologiak.

7.– Erantzukizunpeko adierazpena, EAEn dauden lantokiei dagokienez 2023ko ekitaldian enpresak edo enpresek ordainduriko lanbide-prestakuntzako kuotaren urteko zenbatekoarena.

8.– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntzen itzulketengatiko zorrik EAEko Administrazioa eta haren organismo autonomoekiko burutzapen-aldian.

9.– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen penalik nahiz administratiborik, eta ez duela horretarako desgaitzen duen lege-debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

10.– Beharrezkoa bada, prestakuntzan legearen edo hitzarmen kolektiboaren arabera dagokion inbertsioa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria, baita justifikazio-dokumentuak ere. Dokumentu horiek behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar dira.

11.– Lantokien zerrenda, bakoitzari buruz zer ekintzatan parte hartzeko asmoa duten, zer herritan kokatuko den, langileen eta benetako parte-hartzaileen guztizko kopurua eta ordezkaritza sindikalik baduten edo ez zehaztuta.

12.– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko enpresak ez duela eskatu konkurtso-deklaraziorik, ez dela kaudimengabe jo ezein prozeduratan, ez dela konkurtsoan deklaratuta (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), ez dagoela epailearen esku-hartzearen menpe edo ez dagoela desgaituta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

13.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak osagarriak direnez estatu-ereduan aurreikusitakoekin eta dirulaguntzen/hobarien bikoiztasuna eta laguntzako prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihestearren, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, non adieraziko baitu ezein kasutan ere ez dituela ekintza edo parte-hartzaile berak aurkeztu edo aurkeztuko estatuko sisteman bilduriko hobarien sistema eta jarduera bererako; horrez gain, adierazpen horretan beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek emandako beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko du, eta horien zenbatekoa adierazi. Ondoren gertatzen den aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

14.– Langileen legezko ordezkaritzarako informaziorako eta kontsultarako dokumentua (3A eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragai izango dena), behar bezala zigilatua eta sinatua.

15.– Nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen lotura dokumentu bidez egiaztatzea.

16.– Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa eskatzailearena, dirulaguntza emateko dataren aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzkoa, bat etorriz deialdi honen 25. artikuluan xedatutakoarekin.

17.– Kanpoko zerbitzuen kontratazioaren kasuan, kontratazio-proposamena, hala badagokio, hiru eskaintza eskatu direla eta aukeraketa egin dela justifikatuta.

Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina prestakuntza-ekintza hasi aurretik, betiere.

7. artikulua.– Langileei eman beharreko informazioari eta egin beharreko kontsultari buruzko eskakizunak.

1.– Eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari aurkeztu aurretik, eskatzaileak informazioa emango dio Langileen Legezko Ordezkaritzari, egikaritzeko dirulaguntza lortu nahi den prestakuntza-ekintzei buruz. Horretarako, aurreko artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetako agirien kopia osoa emango du, eta eskabidearen 3A eranskina betetzeko eskatuko du (informatika-aplikazioan eskuragai).

2.– Langileen Legezko Ordezkaritzak 15 eguneko epea izango du txostena egiteko, dokumentuak jasotzen diren egunetik aurrera. Txosten hori (3C eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako informatika-aplikazioan izango dena eskuragai) enpresari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helarazi ahalko die Langileen Legezko Ordezkaritzak.

3.– Horretarako, Planean parte hartzen duten lantoki guzti-guztiei dagokiena izango da Langileen Legezko Ordezkaritza. Enpresa-batzordeek edo langileen ordezkariek eman behar dituzte 3A eranskinak, dauden guztien % 51n gutxienez.

Lantoki batean edo batzuetan ordezkaritza sindikalik ez dagoela adieraztea ziurtagiritzat joko da, xede guztietarako.

4.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Enpresako Langileen Ordezkaritzari igorri beharko zaio prestakuntza-ekintza horietako parte-hartzaileen zerrenda.

Hiru hilean behin, prestakuntza-planaren egikaritzeari buruzko informazioa emango diete enpresek langileen ordezkariei.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Jasotzen den gehieneko laguntzak, guztira, ezin izango du gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lanbide-heziketako kuotaren urteko zenbatekoa bider 1,5 –250 langile baino gehiagoko enpresen kasuan– eta bider 5 –250 langile arteko enpresen kasuan–, enpresa kooperatibetan izan ezik, baldin eta enpresa horien langile bazkideek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen badute; kasu horretan, hauxe izango da gehieneko guztizko laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko den kopurua: enpresak dauzkan langileen kopurua enpresa sortu berrietarako oro har langile bakoitzeko ezarritako batez besteko hobariarekin (65 euro) biderkatuta ateratzen den kopurua.

Laguntza kalkulatzeari begira, Euskal Autonomia Erkidegoko plantilla titularra hartuko da kontuan.

2.– Eskatzaile bakoitzari ematen zaion dirulaguntza izango da gehieneko laguntza, eta honela zehaztuko da:

a) Ordu kopurua bider parte-hartzaile kopurua eta dagokion moduluaren zenbatekoa.

b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, zeinetan zehaztuko baita gehieneko laguntza finantzagarriaren ehunekoa, tarte hauen arabera:

– 30 puntutik 69 puntura: % 60.

– 70 puntutik 79 puntura: % 70.

– 80 puntutik 89 puntura: % 80.

– 90 puntutik 100 puntura: % 90.

c) Baldin eta deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak ez badira nahikoak eman beharreko dirulaguntza guztiak estaltzeko, hainbanaketa bidez banatuko dira, eta, horretarako, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoen zenbatekoak funts-mugarik gabe emandako dirulaguntzen zenbatekoaren gainean duen ehunekoa aplikatuko da.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Irizpide hauei jarraikiz burutuko da planen balorazio teknikoa:

I.– Lehentasun-irizpide orokorrak: gehienez 35 puntu.

1.– Ezaugarri hauetako bat duten prestakuntza-ekintzek izango dute lehentasuna:

a) Prestakuntza-ekintzen jatorriari eta izaerari dagokienez: gehienez 10 puntu:

– Izaera estrategikoa duten ekintzak, beharren azterketaren batean oinarrituta.

– Lanaldia murrizteko, birmoldaketako edo kontratuak aldi baterako eteteko prozesuen ondoriozko ekintzak.

– Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko helburua duten ekintzak.

– Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzak.

– Metodologiarengatik, edukiarengatik edo beste edozein arrazoirengatik Enplegurako Prestakuntzarako berritzaileak diren ekimenak.

b) Prestakuntzaren hartzaileei dagokienez: gehienez 35 puntu:

– Enpresa txiki eta ertainetako langileen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzeko helburua izatea. Ildo horretan, lehentasuna izango dute EAEko enpresa txikiek eta ertainek aurkezturiko prestakuntza-planek, arreta berezia emanez enpresa txikiek aurkezturiko prestakuntza-planei.

(Ikus .PDF)

Enpresa-taldeen kasuetan, «enpresa bakarraren» irizpideari jarraikiz, puntuazioak ez dira ematen espedienteko enpresen plantillekin erdietsitako batezbestekoen arabera; aitzitik, plantillak gehitzen dira, eta horiei aplikatzen zaizkie puntuazioak.

2.– Deialdi honetan ez da lehentasunezkotzat jotzen prestakuntza-ekintza generikoak eta zeharkakoak finantzatzea, salbu eta justifikatuta eta enpresaren jarduerarekin zuzenean lotuta dauden kasuetan.

3.– Aurkezturiko ekintzen lehentasunezko tratamendua baliatu ahal izateko, eta eskabide-inprimakietan biltzen den informazioa alde batera utzita, eskatzaileak egokitzat jotzen duten dokumentu osagarri guztiak aurkeztu behar ditu.

4.– Ekintzei lehentasuna emateko kontuan harturiko baldintzak funtsean aldatzen badira ekintza egikaritzen den bitartean, lehentasunezko izaera dela-eta lorturiko finantzaketa gehigarria berrikusi ahalko da.

II.– Kalitate- eta koherentzia-irizpideak: gehienez 65 puntu.

1.– Aurkezturiko prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia balioesteko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresaren prestakuntza-estrategia: gehienez 55 puntu:

– Enpresak premiak aztertu eta detektatzeko azterlana egin izana, proposatutako prestakuntza-ekintzak deskribatzeko. 5 puntu.

– Ekintza horiek enpresaren proiektuari atxikitako prestakuntza-plan batean biltzea, zeina aldagai hauek bultzatutakoa izan baitaiteke: inbertsio estrategiko berriak, enpresa barruko inbertsioak, ekipamendu berriak; sistema berriak ezartzea, merkatu berriak zabaltzea, enpleguetako balioaniztasuna eta abar. 30 puntu.

– Enpresak hausnarketa-prozesua abian jarri izana, prestakuntza-ekintza horien lehentasuna erabakitzeko. 5 puntu.

– Lehen aipatutako azterlanean aurkeztutako ekintza bakoitzaren deskribapena eta kokapena: enpresarentzako kostua, hasitako edo amaitutako ekintzak, interes ekonomiko eta sozialeko ekintzak. 15 puntu.

– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa. 5 puntu.

– Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra: ekintzen iraupena eta parte-hartzaileen kopurua ekintzako. 10 puntu.

b) Eskatzaileak proiektuan duen inplikazioa: gehienez 10 puntu:

– Proiektua egikaritzera bideratutako baliabideak eta langileen inplikazioa ekintzen diseinuan. 5 puntu.

– Eraginkortasuna hornitzaileak hautatu eta kudeatzean. 5 puntu.

2.– Apartatu honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskabideek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

III.– Aurreko egikaritze- eta betetze-maila:

Balorazio teknikoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduriko 2020ko eta 2021eko deialdietan eskatzaileak egiaztaturiko egikaritze- eta betetze-maila hartuko da kontuan. Gehienez 10 puntuz gehitu edo murriztu ahalko da balorazio teknikoa lorturiko guztizkoaren gain, eta ezingo da inoiz 100 puntutik gorakoa izan.

(Ikus .PDF)

10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.

1.– Aurrez aurreko prestakuntza-ekintzak.

a) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza ekintzetan, modulu ekonomiko hauek aplikatuta burutuko da balorazio ekonomikoa (euro/ordu/parte-hartzaile):

(Ikus .PDF)

Aurrez aurreko modalitatearen kanpo-prestakuntzari buruzko modulu ekonomikoak % 50 arte areagotu ahalko dira prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, baldin eta, haien espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, finantzaketa handiagoa behar bada.

Aurreko paragrafoan jasotako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren % 5.

b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, modulu ekonomikoa 9 euro orduko eta parte-hartzailekoa izango da.

2.– Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintzak.

Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, modulua 7,5 eurokoa izango da ordu eta parte-hartzaile bakoitzeko.

3.– Prestakuntza-ekintza mistoak.

Aurrez aurreko prestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 1. apartatuan deskribaturikoaren arabera lortuko da. Teleprestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 2. apartatuan deskribaturikoaren arabera lortuko da. Ekintzaren guztizko kostua bi kostu partzialen batura izango da.

11. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.

2.– Eskabideak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Hamar egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edota aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioa, bestalde, behartuta dago eskabidearen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera.

3.– Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, balorazio-batzorde tekniko bat eratuko da. Batzorde hori pertsona hauek osatuko dute, eta, horiek ez badaude, ordezkoek:

Batzordeburua:

– Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria.

Idazkaria:

– Javier Armaolea Juaristi, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Bokal titularrak:

– Eduardo Campo Guillerna, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko koordinatzailea.

– Joseba Larrañaga Osinalde, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.

Ordezko bokalak:

– Jone Irizar Ariceta, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.

– Arantza Berrueta Iturri, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.

Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo, kasua denean, haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzen direnean.

Batzordeburua ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.

Idazkaria ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeraren alderantzizkoan.

Egitura berari eutsita, ebaluazio-batzordeko kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez aldatu ahal izango da, eta ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da (www.lanbide.euskadi.eus).

Ebaluazio-batzordeak aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu, ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita ebazpena emateko organo eskuduna.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko, Lanbideren web-orrian argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus).

Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak, parte-hartzaile kopurua, ordu kopurua eta finantzaketa adieraziko dira. Eskatutako laguntza ukatzen bada, horren arrazoia adieraziko da.

Interesdunak 10 eguneko epea izango du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera, emandako dirulaguntza onartzen duela adierazteko eta lehen prestakuntza-ekintza hasi izanaren ziurtagiria bidaltzeko, baldin eta ekintza hori ebazpena jakinarazi baino lehen hasi bada. Epe hori igarotakoan, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea gehienez 6 hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta, epe hori amaituta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

12. artikulua.– Prestakuntza-plana egikaritzea.

1.– Eskatu eta eman den xede jakinerako erabiliko da dirulaguntza, hots, prestakuntza-planak egikaritzeko.

2.– Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Ekintza edo talde bakoitza hasi baino bi egun lehenago, entitate onuradunak datu hauek jakinarazi beharko ditu: ekintza non emango den, entitate emailea, eta ekintza gauzatzeko eguna eta ordutegia.

Bigarren prestakuntza-egunean beranduenez, parte-hartzaileei buruzko datuak jakinarazi beharko dizkio entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

Ikastaldia amaitu eta gehienez 30 eguneko epean, amaitu duten parte-hartzaileak zein diren jakinarazi beharko du, entitate onuradunak eta ikastaldiari buruzko informazioa itxi beharko du.

Betebehar horiek betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aplikazio bat jarriko du titularren esku, bere webgunean. Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik hasi eta 30 egun igaro ondoren, eta horixe izango da prestakuntza-plana egikaritu dela justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra.

Jakinarazteko betebehar horiek ez badira betetzen, prestakuntza-ekintza egin gabetzat hartuko da, plana egikaritu izana justifikatzearen ondorioetarako.

4.– Titularrek aurrez aurreko ekintzetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintzen kasuan, berriz, titularrak prestatu beharko du parte-hartzaile bakoitzaren gainean egindako jarraipen-kontrolei buruzko dokumentazioa.

Titularrak bermatu beharko du parte-hartzaileak prestakuntza-ekintzetara egunero bertaratu direla egiaztatzeko dokumentuen zaintza.

5.– Entitate onuradunak egiaztapen-diploma bat eman beharko dio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari; diploma Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren araberakoa izango da, eta, hor, datu hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia. Halaber, prestakuntza aldeko ebaluaziorik gabe amaitu duen parte-hartzaileei, ikastaroan bertaratze-ziurtagiri bat emango zaie.

Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzetan, eta prestakuntza-ekintza gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtagiria, eska daitekeena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera emango da.

Prestakuntzaren entitate arduradunak bertaratze-ziurtagiria edo, hala dagokionean, diploma, eman edo bidali beharko die parte-hartzaileei, edo prestakuntza-plataformetan eskuragai jarri, gauzatutako prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez bi hileko epean.

Titularrak diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.

6.– Artikulu honen 3. apartatuan adierazten den moduan, ekimen honen bitartez programatzen diren prestakuntza-ekintzen hasieraren eta amaieraren berri eman beharko du enpresak, eta prestakuntza ekintzak eta haien jarraipena, kontrola eta ebaluazioa modu egokian garatzen direla ziurtatu beharko du, baita ematen den prestakuntza enpresaren eta langileen beharrizanei ondo egokitzen zaiela ere.

Nolanahi ere, entitate onuradunak bere gain hartuko du zuzenean laguntzak behar bezala aplikatzea, eta jarraipen- eta kontrol-organismoen eginkizunen behar bezalako garapena ziurtatu beharko du.

7.– Laguntza emateko ebazpena jaso eta gero, prestakuntza-planaren % 50 gauzatuta eta behar besteko aurrerapenez, prestakuntza-ekintza berriak sartzea eskatu ahal izango da, baina ekintza horiek ez dute inola ere gaindituko finantzatutako planean onartuetatik % 15, eta ez dute minoraziorik ekarriko hasierako eskabidean aintzat hartu izan balira lortuko zatekeen balorazio teknikoarekin alderatuta. Plana aldatzeko eskabide hori idatziz egingo da, eta behar bezala arrazoitu beharko da.

8.– Kalitatea ebaluatzeko galdetegiak banatu beharko ditu titularrak, prestakuntza-ekintzak amaitzen dituzten parte-hartzaile guztien artean, eta, ondotik, jasotako galdetegiak bildu eta zainduko ditu.

Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitza sartu beharko du entitate onuradunak bertaratzeen jarraipen-aplikazioan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera, zeinaren bidez argitaratzen baitira enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Entitate onuradunaren erantzukizuna da kalitate-galdetegia betetzen dela ziurtatzea. Partaideek inkesta betetzen ez badute, prestakuntza-ekintzaren likidazioa murriztuko da, 15. artikuluan adierazitako moduan.

13. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 50, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen prestakuntza-ekintza hasi izanaren ziurtagiria jasotzen duen unean, zeina hasi eta 5 egun balioduneko epean aurkeztu beharko baita.

b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren gainerakoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren justifikazio-memoria aurkeztu eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.

Baldin ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak, dagokion ordainketaren aurretik, Lanbiden aurkeztu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko besteko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria.

Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, gehi horren interesak, gehienez urtebetez, eta gehienez nominalaren ehuneko hamabost, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.

2.– Administrazioa laguntzak ordaintzeko modua izateko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du.

Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da (https://www.euskadi.eus/hirugarrenak).

Eredu hori eskuragai dago, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan.

14. artikulua.– Kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak.

Hauek hartzen dira zuzeneko kostutzat, prestakuntza-ekintza bakoitzeko bananduta:

a) Enpresatik kanpoko zerbitzuak kontratatzeari dagozkion kostuak.

b) Prestatzaileen edo barne-prestatzaileen kostua.

c) Material suntsikorraren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne.

Halaber, «teleprestakuntzaren» kasuan, prestatzaile eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotzi dakizkiekeen kostuak, ekintzaren kostu osoaren ehuneko 10 arte gehienez.

d) Material didaktikoen kostua.

e) Prestakuntza-fasean dauden langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

f) Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi beharreko proportzioan, eta instalazio eta ekipamenduen alokairuak, prestakuntza-ekintzen garapenari egotzi beharrekoak.

Halaber, zeharkako kostuak ezingo dira izan egindako eta justifikatutako prestakuntza-jardueraren guztizko kostuaren % 10 baino handiagoak.

Bestalde, enpresek programatutako prestakuntzaren antolaketaren kostuak finantzatu ahal izango dira, baldin eta kanpoko entitate baten esku uzten badute antolaketa hori. Kostu horiek ezingo dute gainditu prestakuntza-jardueraren kostuen % 10.

Kostuok behin bakarrik egotziko zaizkio finantzatutako proiektu orokorrari.

Industria-inbertsio ezohiko edota estrategikoetatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan, eta betiere langileen kualifikazioa badakarte teknologietan edo produkzio-prozesu berritzaileetan, ekintzak EAEtik kanpora egin behar badira –frogatuta baitago EAEn gabezia dagoela arlo horretako prestakuntza-eskaintzan–, langile horien bidaiak edota egonaldiak sorturiko zeharkako kostuak ere kontuan hartu ahalko dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Onuradunek diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak egikaritzean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, deialdi honetan jasotako kostu finantzagarriak eta egozte-irizpideak hartuko dira aintzat. Fakturen edo zuzenbidean baliozkoak diren froga-dokumentuen bidez justifikatuko dira kostuak. Dokumentu horiek nahikoa xehetasunez banandu beharko dituzte azalpenak, funtsak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko eta prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarri guztiak identifikatzeko.

2.– Laguntzen likidazioa modu proportzionalean egingo da, amaitu dituzten parte-hartzaileen kopurua eta egindako ikastorduen kopurua aintzat hartuta, prestakuntza-ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera.

Prestakuntza gauzatu ondoren, dirulaguntza zehaztu ahal izateko, aurrez aurreko ekintzetan pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez bertaratu bada. Halaber, teleprestakuntzako modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetan, pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen % 75 egin baditu eta teleprestakuntzari buruzko gainerako eskakizunak bete baditu, deialdi honen 3.3.B artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Azken likidazioa egiteko, onuradunak datu hauek bete beharko ditu euskarri elektronikoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragai dauden eredu normalizatuen arabera, 2025eko irailaren 15erako beranduenez:

a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu (egikaritu) izanaren ziurtagiria, eta bere garaian, hasiko zela jakinarazitako ekintzari buruzkoa.

b) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituzten dokumentuak.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdi honetan aurkeztu gabeko ekintzak direla-eta estatu-sisteman egindako hobariena, EAEko lantokietara atxikitako langileei dagozkien ekintzak betiere.

Prestakuntza Planaren likidazioa egitean, eta diruz lagundutako proiektuari eslei dakiokeen behin betiko zenbatekoa kalkulatze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontuan hartuko du EAEko langileei dagokien 2024. urteko estatuko ereduan enpresa bakoitzerako ezarritako hobari gisa emateko gehieneko kopurua, eta enpresari etengabeko prestakuntzako azalpenagatik 2024ko ekitaldi honetan eta langile horientzat hobari gisa benetan eman zaion diru-kopurua, eta plan bakoitzari dagokion azken dirulaguntzatik deskontatuko da estatu-sisteman kontsumitu gabeko kreditu-kopurua.

d) Hornitzaileen aukeraketak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideei erantzun diela egiaztatzen duten dokumentuak, baita gutxienez hiru eskaintza eskatzeko betebeharra bete izana egiaztatzen duena ere, kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.

4.– Era berean, profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean egiten dituzten entitateek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eman beharko diote emandako prestakuntzaren ebaluazioari buruzko dokumentazio guztia (ikasleek lortutako emaitzak, ebaluazio-txostenak eta -aktak eta abar biltzen dituen dokumentazioa), profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen araudian eskatutakoa, prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta, nolanahi ere, 3. apartatuan aurreikusitako epea amaitu baino lehen.

5.– Aurkeztutako egikaritze-ziurtagirietan behar bezala betetako informazioa duten eta deialdi honen 12.3 artikuluan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan dauden parte-hartzaileak bakarrik hartuko dira kontuan.

Likidazioaren ondorioetarako, ez dira aintzat hartuko ekintza benetan amaitu duten parte-hartzaileak, hau da, ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez bertaratu direnen eta 12.8 artikuluan adierazitako kalitatea ebaluatzeko galdetegia bete ez dutenen zenbatekoa.

6.– Aurkeztutako dokumentuak aztertu ondoren emango da dirulaguntzaren azken likidazioko ebazpena.

Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da, bat etorriz deialdi honen 18. artikuluan xedatutakoarekin.

7.– Emandako laguntzaren ondorioetarako egin diren ordainketen ordainagiri originalak aurkeztu beharko ditu onuradunak, edo, horiek ezean, fotokopia konpultsatuak aurkeztuko ditu behin betiko likidazioa jakinarazi eta hurrengo 20 egunetan.

8.– Dirulaguntzaren onuradunek 4 urteko epean gorde beharko dituzte, dirulaguntzaren amaierako likidaziotik aurrera, bai dirulaguntzaren oinarri den jarduera gauzatu dela egiaztatzen duten dokumentuak, bai eta jasotako funtsen erabilerari buruzko ziurtagiriak ere.

Dirulaguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, aipatu dokumentuen kopia bidali beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura, desagertu baino lehen.

16. artikulua.– Laguntza-eskubidea eskuratzeko eta eskubide horri eusteko eskakizunak.

Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta mantentzeak berarekin dakar onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako betebeharrak eta beste hauek betetzea:

– Aurreko deialdietan jasotako kopurua itzuli ordaindu izana, dirua itzultzea eskatu zaionean.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio enpresa eskatzailea edo enpresa parte-hartzaileak legez, hitzarmenez edo beste edozein xedapenez behartuta ote dauden diru-baliabideak eskaintzera prestakuntza egiteko. Kasu horretan, laguntzak ez du esan nahiko horretarako eskainiko diren diru-baliabideak murriztu behar direnik.

– Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta eskakizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horregatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean egiaztatzea jarduera egin dela eta laguntza jasotzeko edo baliatzeko eskakizunak eta baldintzak bete direla. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak, prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datu eta agiriak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrela behar bezala egiaztatu ahal izango da ekintza egin dela, emandako finantzaketa erabili dela eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela.

– Argitalpenetan edo onarturiko ekimenaren bestelako komunikabide eta hedabideetan, baita material didaktiko guztietan eta sortutako beste motakoetan ere, jasotzea prestakuntzako ekintza estrategikoei laguntzeko 2024ko deialdian eginiko ekintzak direla eta Lanbidek finantzatuak/kofinantzatuak direla, eta, horietan, Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren logotipoak barne hartuko dira, betiere.

– Hamazazpigarren oinarrian ezarritako kontrol- eta jarraipen-jarduketak onartzea.

– Haren kontabilitatearen kontu bereizian edo berariazko epigrafean prestakuntza-ekintzak egikaritzeko gastu guztiak identifikatzea, baita «enplegurako lanbide-heziketa» izena edo epigrafearekin aplikatzen diren hobariak ere.

– Enpresak eraldatzen, bat egiten edo zatitzen direnean, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Enpresak behar diren bitartekoak jarri beharko ditu 12.8 artikuluan adierazitako inkesta betetzen laguntzeko, eta inkesta benetan betetzeko ardura izango du.

17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Laguntzen onuradunek onartuko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako entitate eskudunek gauzatzen dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardunak. Horretarako, baimena emango dute, batetik, lokaletan eta instalazioetan sartzeko, eta bestetik, parte-hartzaileekin, Langileen Lege Ordezkaritzako kideekin eta elkarrizketatzea beharrezko ikusten den gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko.

2.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak hau bete beharko du:

– Ekimen finantzatua egikaritu izanari edo haren bideragarritasunari buruzko informazio oro ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak betetzea eta igortzea ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko. Errekerimendu horiek estatu-ereduaren barruan hobaria jaso duten ekintzei buruzkoak ere izan daitezke.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste entitate batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

3.– Auditorien eta Ikuskaritzen Urteko Plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan egikaritu diren aztertzeko. Plan horren barnen sartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera aukeratzen dituen espedienteak. Ikuskatze Planean bilduko dira, halaber, behar bezala identifikatutako pertsonek egindako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jarduketak.

18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunaren betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, eta, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan eta Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duen araudian ezarritakoak.

2.– Bereziki, hau bete beharko dute laguntzen onuradunek:

Ondoren aipatzen diren entitateen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak. Halaber, entitate horiei aukera eman lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen gertaera oro jakinari, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuko balitz ere.

3.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, behin dirulaguntza emanda, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

4.– Laguntzak jaso dituzten entitate onuradunek kofinantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko, oro har onartutako datu-euskarrietan datozenak, 2030eko abenduaren 31ra arte.

Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

19. artikulua.– Lanbideren finantzaketaren ondoriozko komunikazio-betebeharrak.

Entitateek berariaz jaso beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela diruz lagundutako jarduera guztiak, bai eta haien ondoriozko ekintzak ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango dute entitate onuradunek eskuliburu hori).

20. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz bidegabe jasotako kopuruak itzuli behar badira, itzultzeko prozedura abiaraziko da.

21. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

22. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak urratu badituzte, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude. Bereziki, hauetakoren bat:

Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.

Ezinbestean bete beharreko baldintzak bete gabe jaso izana laguntza.

Jarraipen- eta kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.

Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

Deialdi honen 16. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo eskakizun ez betetzea.

2.– Irizpide hauen arabera zehaztuko da balizko ez-betetzeen maila:

Erabateko ez-betetzea: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Hein bateko ez-betetzea: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada eta, halakoetan, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuli beharko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio enpresa edo entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du, alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenak adieraziko balu ez-betetzea gertatu dela, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, dagozkion diru kopuruak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazi eta bi hilabete igaro baino lehen. Epealdi hori borondatezkoa izango da.

Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

23. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzek hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «de minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan. Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

3.– Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskaera-orrian jasota dago). Edonola ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

24. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatuko zaio: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta hura garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusitako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Prestakuntzaren arloan, deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, xedapen hauek aplikatuko dira: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren aurka ez doan horretan.

Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez:

– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.

– 3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzkoa.

– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua arautzen duena.

25. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.


Azterketa dokumentala