Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2024ko uztailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3498

AGINDUA, 2024ko uztailaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomía, Lan eta Enpleguko sailburuarena. Agindu honen bidez, laguntza-deialdi bat egiteko oinarriak onartu dira EAEko gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko, eta deialdia bera ere egiten da 2024. urterako.

Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –zeina Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak onartu baitzuen 2024ko martxoaren 5ean– eta Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuaren memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete eta, horrela, EAEko gizarte-ekonomiako, lan autonomoko, enplegu-zentro berezietako eta ekonomia solidarioko elkarte-egiturei laguntzeko konpromisoa berresten dute. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean dago argitaratuta, sailari eskainitako espazioaren barruan, eta «Plan estrategikoa» atalean.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea onartu ostean, egiaztatuta deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzunda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetako eta entitateetako gizarte-egiturak finkatzeko 2024ko dirulaguntzen oinarriak onartzea; Agindu honen eranskinean jasota daude oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 10a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomía, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2024ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateen elkarte-egitura finkatzeko emango dituen laguntzetarako deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2024. urterako deialdia egitea.

Laguntza jasoko duten elkarteek nortasun juridiko propioa izan behar dute, eta kide hauek bilduko dituzte bere baitan, kideon interes komunak ordezkatzeko eta defendatzeko:

a) Lan-sozietateak eta lan elkartuko kooperatibak.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibak, elkarte konfederatuak eta gizarte-ekonomiako entitatez osatutako antolakundeak.

c) Ekonomia solidarioko elkarteak eta enplegu-zentro berezien elkarteak.

d) Langile autonomoen sektorearteko antolakundeak, gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenak.

2.– Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen elkarte-egituratzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164. artikuluan aipatzen diren kooperatiba-elkarteak.

3.– Halaber, laguntzei buruzko agindu honetaz baliatu ahal izango dira elkartekideak babestea eta kooperatiba gisa sustatzea helburu hartuta eratu eta erregistratu diren kooperatibak biltzen dituzten elkarteak, aipatutako 11/2019 Legearen 163.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Entitate horiek kooperatiba mota bat baino gehiago eta beste sozietate mota batzuk biltzen badituzte, dirulaguntzaren kalkulua egiteko gizarte-ekonomiako entitateei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango, legeak aurreikusten duenarekin bat etorriz.

4.– Agindu honen ondorioetarako, ekonomia solidarioaren elkarte-egitura izango dira Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluan jasotzen diren gizarte-ekonomiako entitateak gehiengo moduan dituztenak.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Agindu honetan bildutako laguntzak 1. oinarrian aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, elkarte horiek lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak bete ditzaten.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari inolako zalantzarik gabe dagozkionak, behar-beharrezkoak direnak eta epearen barruan egiten direnak. Eskabidearekin batera aurkeztuko den aurrekontu-plangintza Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak egiaztatuko du, erabakitzeko ea plangintza hori egokia den aurkeztutako jarduerak egiteko.

2.– Gastu hauek lagundu daitezke diruz:

a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta lanpostutik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta entitate ordezkarietan parte hartzen duenean, haiei ordaindutako kuotak.

c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

d) Entitatearen jabetzako ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantzaketa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, entitatearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko harremana ez dutenak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

5.– Egindako gastutzat hartuko dira dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarrita dagoen justifikazio-epea bukatu aurretik benetan ordaindu direnak.

6.– Tributuak diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, dirulaguntzaren entitate onuradunak benetan ordaintzen baditu eta diruz lagundu daitekeen jarduerarekin zerikusia badute. Zeharkako zergak inoiz ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko, berreskuragarriak baldin badira.

7.– Eskaria egiten duen entitate bakoitzerako aurreikusten diren gastuen planifikazioa Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du. Sarrera-gastuen aurrekontuan jasota daudenak izango dira gastu horiek (eskari telematikora erantsita dago aurrekontu hori).

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta laguntzak emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (685.800) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta hamalau mila hirurehun eta berrogeita hamar (514.350) euroko ordainketa-kreditua, 2024ko ekitaldirako; eta ehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta berrogeita hamar (171.450) euroko konpromiso-kreditua, 2025eko ekitaldirako.

2.– Aurreko zenbakian jasotako guztizko zenbatekoa honela banatzen da:

a) Eranskin honetako 1.1.a) oinarriari dagokionez, hirurehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (385.800) euroko gehieneko kopurua, hauen bidez: berrehun eta laurogeita bederatzi mila hirurehun eta berrogeita hamar (289.350) euroko ordainketa-kreditua 2024ko ekitaldirako, eta laurogeita hamasei mila laurehun eta berrogeita hamar (96.450) euroko konpromiso-kreditua 2025eko ekitaldirako.

b) Eranskin honetako 1.1.b) oinarriari dagokionez, ehun mila (100.000) euroko gehieneko kopurua, hauen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2024ko ekitaldirako, eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2025eko ekitaldirako.

c) Eranskin honetako 1.1.c) oinarriari dagokienez, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehieneko kopurua, hauen bidez: ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euroko ordainketa-kreditua 2024ko ekitaldirako, eta hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko konpromiso-kreditua 2025eko ekitaldirako.

d) Eranskin honetako 1.1.d) oinarriari dagokionez, berrogeita hamar mila (50.000) euroko gehieneko kopurua, hauen bidez: hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko ordainketa-kreditua 2024ko ekitaldirako, eta hamabi mila eta bostehun (12.500) euroko konpromiso-kreditua 2025eko ekitaldirako.

3.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketarik gabeko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, eskabide bakoitzari zer zenbateko dagokion kalkulatuko da, aintzat hartuta zein diren eranskin honetako 8. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

4.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako2. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada 8. oinarrian adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, murrizketa proportzionala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

5.– Hornidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, eta 1.1 oinarrian zehaztutako kolektiboetakoren batean entitate onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, sobera dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.

6.– Eranskin honetako 1.1.a) oinarrian murrizketa proportzionala egin behar bada, 8.a).3 oinarrian ezarritako irizpidea beteko da; beraz, ordezkaritza txikiena duen entitatearen kopurua halako hiru emango zaio, gehienez, ordezkaritza handiena duen entitateari, 8. oinarrian ezarritako parametroen arabera.

5. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango dituzte, nortasun juridiko propioa izanik, beren interes komunak ordezkatzeko eta defendatzeko enpresak eta entitateak elkartzen dituzten entitateak, baldin beren jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badute, 1.1 oinarrian agertzen den zerrendaren arabera.

2.– Agindu honen bidez iragarritako laguntzen onuradun izateko, entitate eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.

b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.

c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

d) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari jakinarazi izana beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero.

e) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Halaber, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

f) Hitzematea ez duela enpresa deslokalizatuko.

g) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako betekizunak betetzea beharrezkoa da onuradun izatera iristeko, eta, orobat, onuradun izaten jarraitzeko dirulaguntza likidatu arte. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri:

• 1.a) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233005

• 1.b) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233006

• 1.c) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233007

• 1.d) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233008

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ditzakete, aukeran, eskabidea eta dokumentazioa. Orobat, prozedura burutzean, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

5.– Kapitulu bakoitzaren informazio-fitxetan jasotzen dira izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, baita eskabide-inprimakia ere. Bada, informazio-fitxa horiek hemen jaitsi daitezke:

• 1.a) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233005

• 1.b) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233006

• 1.c) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233007

• 1.d) oinarriko elkarteak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1233008

6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

7.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

8.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu behar da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

9.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.

7. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) 2024. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa elkartuen zerrenda, 2024ko kuotekin.

– Ordezkatuta dagoen bazkide kopuruaren zerrenda enpresa bakoitzeko, sozietatearekin duten harreman motaren eta horren izaeraren arabera bereizita.

c) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Entitate eskatzailea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari den administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

– Entitate eskatzaileak hitzematen duela ez duela enpresa deslokalizatuko.

– Entitate eskatzaileak berdintasun-plana indarrean duela, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak dituela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

– 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, entitate eskatzaileak bitarteko espezifikoak jarri dituela kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

– Indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak betetzen dituela.

– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

8. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, zenbateko hori zehazteko irizpideak eta aplikagarri zaion muga.

1.– Eranskin honetako 1.a) oinarrian jasotako lan-sozietateen eta lan elkartuko kooperatiben elkarteentzat, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu 50.000 euroko zenbatekoa oinarritzat hartuta, eta entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:

a) Eskala honen arabera entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:

1. Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000 bazkide langilera, zazpi (7) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2. 5.001 bazkide langiletik 10.000 bazkide langilera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3. 10.001 bazkide langiletik aurrera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Entitate onuradun eskatzaile bakoitzak ordezkatzen duen enpresa kopurua; laurogeita hamar (90) euro emango dira ordezkatutako enpresa bakoitzeko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, entitate onuradun eskatzaileek ordezkatzen duten bazkide langileen kopurua eta enpresa bazkidetuen kopurua egiaztatu beharko dute.

3.– Aurreko apartatuen arabera, entitate eskatzaile onuradun batek, gehienez ere, oinarri honen arabera gutxien dagokion entitateak jasotzen duenaren hirukoitza jaso ahal izango du. Zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak.

4.– Eranskin honetako 1.b), 1.c) eta 1.d) oinarrietan jasotako elkarteentzat: Ekonomia, Lan Eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak. Baina horretarako, inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

9. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkeztu ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi badu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

10. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate publiko batzuek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu helburu eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 8. oinarrian jasotako muga aplikagarriak gainditzen baditu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo entitate publikoek emandako dirulaguntzak.

11. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako teknikariei dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak aztertu eta kudeatzea.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpen espresua, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.

12.– oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo zatia, dirulaguntzaren guztizkoaren % 80, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hamabost egun igarotakoan, baldin berariaz uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 20a, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitutakoan.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua; bertan, hauek adierazi beharko dira: zenbatekoa, hartzekoduna eta ordainketa efektiboa egin den data.

c) Aurreko b letran adierazitako zerrenda sailkatuan jasotako gastuak justifikatzeko dokumentazioa. Gastu horiek fakturen bidez egiaztatuko dira, edo merkataritza-trafikoan fakturen froga-balio bera duten edo administrazioan eraginkorrak diren bestelako agirien bidez.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, halakorik badago.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera, eta, betiere, 2025eko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

4.– Entitate eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko, Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: https://www.euskadi.net/hirugarrenak.

13. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Dirulaguntza zertarako eman zaion, jarduera hori egitea.

b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

d) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

g) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.

h) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.

k) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

l) Enpresa ez deslokalizatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

m) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 16.4 artikuluan ezartzen duenez, oinarri erregulatzaileetan baimendutako kasuetatik aparte beste ekarpen batzuk ere izaten badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da. Ondorio horietarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluko eskakizunak betetzen direnean, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta, hortaz, entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

15. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta, halakorik bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa ere. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 75 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

16. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak entitate onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

Itzulketa-prozedura ebazteko gehienezko epea hamabi hilabete izango da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

17. oinarria.– Datuen babesa.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1233005


Azterketa dokumentala