Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2024ko uztailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
HEZKUNTZA SAILA
3497

AGINDUA, 2024ko uztailaren 1ekoa, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, «Mikeldi» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe integratu gisa baimena emateko eskaera ezesten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko ekainaren 16ko Aginduaren bidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe pribatuei baimena eman zitzaien Lanbide Heziketako erdi- eta/edo goi-mailako prestakuntza-zikloak irakasteko (1998ko uztailaren 3ko EHAA).

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko uztailaren 29ko Aginduaren bidez, Lanbide Heziketako Euskal Planak aurreikusten duen Lanbide Heziketako ikastetxe integralen sarean sartuko diren ikastetxe pribatuak zehazten dira (1998ko abuztuaren 13ko EHAA).

Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren xedea da lanbide-heziketako sistema bakar eta integratu bat eratzea eta antolatzea (2022ko apirilaren 1eko BOE). Legeak 78. artikuluan ezartzen duenez, lanbide-heziketako ikastetxe integratuek lanbide-heziketako eskaintzak eman ahal izango dituzte, aurrez administrazio-baimena emanda eta erregistroan inskribatuta. 79. artikuluak lanbide-heziketako eskaintzak emateko baimena duten ikastetxe guztien funtzionamendu-araubidea ezartzen du, eta adierazten du lanbide-heziketako ikastetxeen espezializazioa, ikastetxe integratuak sortzea eta haien artean espezializazio adimenduneko sareak sortzea bultzatuko dela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak lanbide-heziketako ikastetxe integratuek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, eta 8.4 artikuluan ezartzen du hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek, baterako agindu bidez eta ikastetxe pribatuaren titularrak eskatuta, lanbide-heziketako ikastetxe pribatu integratuak baimendu ahal izango dituztela, dekretu honetan eta aplikatzekoak diren arauetan ezarritako betekizunen arabera. 7. artikuluan Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, eta e) atalean betekizun gehigarri bat gehitzen du lehendik dauden ikastetxeak eraldatu, fusionatu edo banatzetik datozenentzat.

Mikeldi SL ikastetxearen legezko ordezkariak hasiera eman zion «Mikeldi» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari titulartasun pribatuko lanbide-heziketako ikastetxe integratu izateko baimena eskatzeko espedienteari. Espedientea izapidetu ondoren, eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren 2017ko martxoaren 14ko Aginduaren 2. artikuluan eskatzen diren betekizunak egiaztatu eta gero (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko lanbide-heziketako ikastetxe bateratuei baimena emateko prozedura ezartzen da, baldin eta lehendik dauden ikastetxeak eraldatu, fusionatu edo banatzearen ondorio badira), bai eta baimen hori aldatu eta azkendu ere, honako hau

XEDATZEN DUGU:

Lehenengoa.– «Mikeldi» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu gisa baimena emateko eskaera ezestea.

Bigarrena.– «Mikeldi» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuak ez ditu aldi berean betetzen 2017ko martxoaren 14ko Aginduaren 2. artikuluko betekizun guztiak, apirilaren 1eko 46/2024 Dekretuarekin bat etorriz.

Zehazki, «Mikeldi» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuak ez du betetzen aipatutako Aginduaren 2.4 artikuluan jasotako baldintza, hau da, azken bost urteetan ibilbide aitortua eta nabarmena egin duela berrikuntza teknologikoan edo didaktikoan parte hartzen, loturak ezartzen inguruko produkzio-sistemarekin berrikuntza-eremuetan, kultura ekintzailea eta enpresen sorrera sustatzen, produkzio-prozesuak hobetzen eta garatzen eta lanbide-heziketako sistemekin lotutako eskaintzak garatzen.

Baldintza hori betetzat joko litzateke 2.4 artikuluaren a), b), c), d), e) eta f) letretan jasotako inguruabarrak pilatuz gero. «Mikeldi» Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuak ez ditu egiaztatu b) eta c) atalei dagozkien inguruabarrak, ez berrikuntza-eremuetan inguruko produkzio-sistemarekiko loturak garatu izana, ez eta produkzio-prozesuen hobekuntzan eta garapenean parte hartu izana ere, azken bost urteetako hiru urtetan, hurrenez hurren.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari edo Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, errekurtsoa aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera hasiko da kontatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 1a.

Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala