136. zk., 2024ko uztailaren 11, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (328 KB - 25 orri.)
- EPUB (653 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
3385
AGINDUA, 2024ko ekainaren 25ekoa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, Ikasiker lankidetza-beketarako deia egiten duena 2024-2025 ikasturterako.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, kalterik egin gabe Konstituzioaren 27. artikuluaren eta hura garatuko duten lege organikoei, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta, hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritzari.
Unibertsitate-gaietan Estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuaren eranskineko b.2 puntuak ezartzen duenez, Erkidego honi eskualdatzen zaio administrazio-egoitza aipatutako erkidegoan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzat egindako deialdiak arautzea eta kudeatzea.
Bestalde, EAEko Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta ezartzen du unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokiola arau bidez garatzea oinarrizko legedian ezarritako ikasketetarako beken, laguntzen eta kredituen sistema orokorra.
Arau-esparru horretan, Ikasiker lankidetza-beketarako deialdia egiten da, eta ikasketa-espediente onak dituzten eta ikastetxeetan edo ikerketako zentroetan lankidetza eskaini, eta, aldi berean ikasi nahi duten unibertsitateko ikasleentzat dira; hala, hastapenak egingo dituzte haien ikasketekin zerikusi zuzena duten ikerketa-gaietan.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak herritarrei eskubidea aitortzen die bitarteko elektronikoen bitartez administrazio publikoekin hartu-emanak izateko; eta, bestalde, oinarrizko alderdiak arautzen ditu informazioaren teknologiak administrazio-jardueran erabiltzeko, hain zuzen, administrazio publikoen arteko hartu-emanei eta herritarrekin dituzten hartu-emanei dagokienez, helburu hauek bermatzeko asmoz: herritarren eskubideak, haien aurrean herritarrenganako tratamendu berdina eta, segurtasun juridikoko baldintzetan administrazio-jardueraren balioa eta eraginkortasuna.
Deialdi honen bitartez, administrazio elektronikoaren beharrezko erabilpena finkatzen da, bai eskaerak aurkezteari dagokionez eta bai ematen diren administrazio-egintzak jakinarazi edo argitaratzeari dagokionez ere. Horretarako, uztailaren 28ko 98/2020 Dekretua dago, zeinaren bidez beken eskaerak eta gainerako tramiteak baliabide elektronikoen bidez izapidetzeko betebeharra arautzen baita unibertsitate-ikasketak eta unibertsitatekoak ez diren goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko.
Azkenik, aipatu behar da deialdi honen helburuko laguntzak ez direla Estatukoak, ez baitituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. artikuluaren 1. apartatuan eskatutako betekizun guztiak halakotzat hartzeko. Ikasiker deialdiak ez ditu betetzen EBFT-n ezarritako betekizunak Estatuko laguntzako bekatzat hartzeko, ikasleei zuzendutako bekak baitira eta ez enpresei zuzenduta.
Hori dela-eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako dirulaguntzei buruz indarrean dauden legeen arabera, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen du agindu horrek), hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea 190 Ikasiker lankidetza-beka deitzea da, baita haien oinarriak onestea ere, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen Eusko Jaurlaritzak errekonozitutako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira, deialdiaren oinarriei jarraikiz. Bi modalitate hauek eskaintzen dira:
a) A modalitatea (ikasturtean zehar, 2025eko urtarriletik 2025eko ekainera): 150 beka.
b) B modalitatea (udan, 2025eko ekainetik irailera): 40 beka.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
1.– Aurreko artikuluko a) letran aipatutako beketarako, 300.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.
2.– Aurreko artikuluko b) letran aipatutako beketarako, 30.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.
3.– Aurreko puntuan adierazitako bekak emateko –B modalitatea–, ezinbesteko baldintza izango da 2025. urterako kreditu egokia eta nahikoa izatea, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 25a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea eta izaera.
1.– Deialdiaren helburua Ikasiker lankidetza-bekak ematea da, unibertsitateko ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu daitezen zentro hauetakoren batean: Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira (I. eranskinean daude jasota).
2.– Beka hauek dirulaguntzak dira, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude sartuta. Araubide juridikoan aurreikusten ez den guztirako hauxe aplikatuko da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoa eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko laguntzen eta dirulaguntzen erregimenari buruzko xedapenak.
2. artikulua.– Beken kopurua, modalitateak eta zenbatekoa.
190 Ikasiker lankidetza-bekatarako deia egiten da, modalitate hauetan:
1.– A modalitatea: ikasturtean zehar egiteko beka, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean. Modalitate horretan, 150 beka eskainiko dira gehienez, bakoitza 2.000 euroko zenbatekoarekin.
2.– B modalitatea: udan zehar egiteko beka, 2025eko ekainaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean. Modalitate horretan, 40 beka eskainiko dira gehienez, bakoitza 750 euroko zenbatekoarekin.
3. artikulua.– Hartzaileak.
1.– A modalitatea: unibertsitateko graduko titulu bateko edo unibertsitateko gradu bikoitz ofizial bateko azken bi mailetako batean matrikulatutako ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoan I. eranskinean jasotako ikertalde edo ikerketa-zentroetako batean lankidetza eskainiko dutenak.
2.– B modalitatea: unibertsitateko graduko titulu bateko edo unibertsitateko gradu bikoitz ofizial bateko azken bi mailetako batean edo unibertsitateko master ofizial batean matrikulatutako ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoan I. eranskinean jasotako ikertalde edo ikerketa-zentroetako batean lankidetza eskainiko dutenak.
4. artikulua.– Banaketa.
1.– Euskal Unibertsitate Sistemako, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroetako (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetako (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ) ikertaldeek gehienez hiru proiektu hartu ahal izango dituzte modalitate bakoitzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoek, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude, proiektu bana hartu ahal izango dute modalitate bakoitzean.
2.– Bekaren bat eman gabe geratzen bada, aurreko apartatuan ezarritako proiektuen kopurua handitu ahal izango da, honela: oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroek (OIBZ) eta ikerketa sanitarioko institutuek (ISI) hiru proiektu gehiago ere hartu ahal izango dituzte. Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeek beste proiektu bat hartu ahal izango dute.
3.– Eman gabeko plazak badaude artikulu honetako 1. eta 2. apartatuak aplikatu ondoren, A modalitateko zein B modalitateko bekak eskuratu ahal izango dituzte bien hautagai izan direnek.
5. artikulua.– Lankidetzaren ezaugarriak.
1.– Bekaren onuradun izan ahal izateko, eskatzaileak lankidetza-proiektu bat aurkeztu beharko du, zentro hauen uneko ikerketa-ildoen barruan garatu beharko dena: EAEko Unibertsitate Sistemaren ikertaldeak, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroak (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuak (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoak, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira.
2.– Nolanahi ere, egiten ari diren titulazioa lortzeko enborreko eta nahitaezko irakasgai batean oinarrituko da proiektua, eta ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak ziurtatu beharko du. Gainera, hauek deskribatu beharko ditu: dedikazio-araubidea, asteko ordu kopurua zehaztuta, egin beharreko lanak eta proposatutako helburuak.
3.– Proiektuetan, diziplinei dagozkien funtsezko printzipio etikoak eta jardunbide etiko onartuak jaso beharko dira, baita aplikatu beharreko kode deontologiko nazional, internazional, sektorial edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.
4.– Lankidetzaren arduraldia astean 6 eta 15 ordu bitartekoa izango da, eta betiere 08:00etatik 20:00etara arteko irakas-ordutegian.
6. artikulua.– Beste beka eta dirulaguntza batzuk jasotzearekin bateraezintasuna, eta ondorio juridikoak zein lan-ondorioak.
1.– Edozein erakunde edo instituzio publikok edo pribatuk helburu berarekin deitzen duen beste beka edo dirulaguntza batzuekin bateraezina da beka hau. Era berean, bateraezina da helburu berarekin ordaindutako beste edozein loturarekin. Aurrekoa betetzen ez bada, beka kobratzeko eta itzultzeko eskubidea galduko da, Aginduaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Ikasiker lankidetza-bekak prestakuntza-izaera izango du bakarrik, eta inoiz ere ez du eragingo ondorio juridikorik ez eta lan-ondoriorik ere bekadunaren eta Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitatearen edo dagokion zentroaren artean.
7. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
1.– Beka-eskatzaileak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko ditu, kalterik egin gabe Ikasteko beken eta laguntza pertsonalizatuen araubidea ezartzeko abenduaren 21eko 1721/2007 Errege Dekretuaren 4.5 artikuluan xedatutakoari. Halaber, honako baldintza hauek ere bete beharko ditu:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, betekizun horrek beteta egon beharko du.
b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, 2023ko abenduaren 31n.
c) Graduko edo gradu bikoitzeko ikasketa-planeko kredituen % 50 izatea betetzeke gehienez, azken aurreko mailan matrikulatuta egonez gero. Graduko edo gradu bikoitzeko ikasketen azken mailan matrikulatuta egonez gero, ikasketa-planeko kredituen % 25 izatea betetzeke gehienez, edo % 50, masterreko ikasketak eginez gero. Baldintza hori ez zaie aplikatuko urtebeteko masterrei.
d) Matrikulatuta egotea 2024-2025 ikasturtean bekarako sarbidea ematen duten ikasketetan, ikasturte osoko kredituetan (gutxienez 60 kreditu).
Matrikula-kredituen gutxieneko kopuruaren baldintzaren salbuespenak hauek izango dira:
– Ikasketa-planaren azken ikasturtea egiten ari diren eskatzaileak; ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkien kreditu guztietan matrikulatuta egon beharko dute.
– Gradu amaierako edo masterreko lanari dagozkion kredituak baztertzen dituzten eskabideak, baldin eta kreditu horietan matrikulatzeko dagokion ikasketa-planeko gainerako kredituak gainditu behar badira.
– Gradu edo master amaierako lanari dagozkion kredituetan soilik matrikulatuta dauden eskatzaileak, baldin eta ikasketa-planeko gainerako kredituak gainditu badituzte.
– 60 kreditutik beherako matrikulak dituzten eskabideak, araudi akademikoak hala ezartzen duenean.
Baliozkotutako, egokitutako edo aitortutako ikasgaiak edo kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko; beraz, ez dira batuko eskatzen den matrikula-kredituen kopurua kalkulatzeko.
Salbuespenez, arduraldi partziala duen eta 60 kreditu baino gutxiagotan matrikulatuta dagoen eskatzaile batek ere beka eskatu ahalko du, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:
– % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izatea eta ofizialki errekonozituta egotea.
– Familia-unitate bat osatzea, adingabeak edo mendekoak bere kargura dituela.
– Aldi berean ikastea eta lan egitea.
– Goi-mailako kirolaria, teknikaria edo epailea izatea, edo errendimendu handiko kirolaria izatea.
– Euskal Herriko Unibertsitatearen protokoloa aplikagarri izatea, presondegietan dauden pertsonei arreta emateko.
– Curriculumeko kanpoko praktikak egiteagatik jaso dituen kredituak baliozkotzea edo aitortzea, Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua aplikatzearen ondoren. Baliozkotze edo aitorpen horiek kontuan hartuko dira betiere egiaztatzen badira ebazpen-proposamena egin aurretik.
– Goi Mailako Lanbide Heziketako titulazioetako kredituak baliozkotzea edo aitortzea.
e) Kredituen edo irakasgaien gutxieneko batez besteko nota hauek izatea, ezagutza-adarraren arabera:
– Arteak eta Giza Zientziak: 7,00.
– Zientziak: 6,50.
– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 6,70.
– Ingeniaritza eta Arkitektura: 6,00.
– Osasun Zientziak: 6,70.
f) Beka eskatzearen arrazoia diren ikasketak egiteko ikasleak eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino urtebete luzeagoa izan. Master ofizialeko ikasketak eginez gero, beka eskatzearen arrazoia diren ikasketak egiten ikasleak eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino luzeagoa izan.
Aldez aurretik egindako ikasketak direla eta baliozkotu diren kredituei dagokienez, ikasketa horietan emandako urteak hartuko dira kontuan zenbaketa horretarako.
g) Oinarrien 1.1 artikuluan aipatutako ikertalde edo ikerketa-zentroren batek hautatu izana lankidetzan aritzeko.
h) Aurreko urteetan, modalitate berean bekaz baliatu ez izana.
2.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean daudenak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenak.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta daudenak, Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.
d) Honako lege hauetan jasotako kasuren batean daudenak: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
f) Egunean ez izatea Dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan.
g) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraiki.
8. artikulua.– Lankidetza-proiektuaren jarraipena eta bekaren justifikazioa.
Dagokion lankidetza-aldia amaitu eta hurrengo hilean, beka-adjudikaziodunak dokumentu bat aurkeztu beharko du akreditatzeko batetik, egindako jarraipena eta, bestetik, zereginen lorpen-maila eta proiektuan planteatutako helburuak. Ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak egin beharko du dokumentua, deialdi honen III. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz. Ziurtapen horrek beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.
9. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Helbide honetan eskura daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, zeinetan jasotzen baitira eskaera izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta zeinaren bidez jotzen baita eskabidearen datu-orrira:
https://www.euskadi.eus/servicios/0056210
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiliz egin behar da eskaeren identifikazioa eta sinadura; hain zuzen, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Eskaera bete ondoren, interesdunak sinatu beharko du, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoko edozein sistema baliatuta, eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez bidali beharko du. Horrela, aurkeztutzat joko da ondore guztietarako. Ez dira kontuan hartuko bide telematikoz betetako eskabideak, baldin eta ezarritako aurkezpen-prozesua osatzen ez badute. Eskatzaileak eskaeraren frogagiria gorde beharko du, eskaera ezarritako epean eta moduan aurkeztu duela egiaztatzeko, beharrezkoa bada.
3.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko irailaren 16an bukatuko da.
4.– Modalitate bakoitzerako eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da. Bi modalitateak eskatu nahi badira, eskatzaileek adierazi beharko dute zeinetan parte hartu nahi duten deitutako bekak baino adjudikazio-eskaera gehiago badaude.
5.– Deialdiarekin eta prozedurarekin lotutako informazio guztia esteka honetan egongo da eskuragarri beti:
https://www.euskadi.eus/unibertsitateko-ikasleak-ikasiker-lankidetza-bekak/web01-a3lagun/eu/
10. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea elektronikoki izapidetu bitartean eta behar bezala aurkezteko, eskatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Interesdunak ofizioz egiaztatzearen aurka badago edo hura ezin bada egiaztatu, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean 2024ko abenduaren 31n erroldatuta dagoela adierazten duen administrazio-egoitzaren ziurtagiria aurkeztuko da.
b) Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena (IBANa barne), bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.
c) Onarpen-idatzia, II. eranskinean jasotako formularioa erabiliz, oinarri hauetako 1.1 artikuluan aipatzen den ikertalde edo ikerketa-zentro batean lankidetzan aritzeko, pertsona hauek sinatuta: ikertaldeko edo ikerketa-zentroko arduradunak eta bekadunaren jarraipena egingo duen ikertzaile nagusiak edo tutoreak. II. eranskina oso-osorik bete behar da.
d) Ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak behar bezala bermatutako lankidetza-proiektu arrazoitua, oinarri hauen 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera.
e) Eskatzailea ez badago ikasturte oso batean matrikulatuta (gutxienez 60 kreditu) eta/edo 7.1 artikuluaren d) puntuan aurreikusitako arduraldi partziala badu, horren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Eskatzaileak Euskal Unibertsitate Sistemakoa ez den unibertsitate batean ikasten badu, aurreko puntuan jasotako dokumentazioaz gain, hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Honako hauek jasotzen dituen ikasketa-ziurtagiria: tituluaren ikasketa-plan osoa, espedientearen batez besteko nota, egindako ikasgaien izena, lortutako kalifikazioa eta osatzen dituzten kredituen kopurua, bai eta ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkion kredituen kopurua.
b) Matrikularen frogagiriaren kopia, matrikulatuta dagoen ikasgai edo kredituen kopurua adierazita.
3.– Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, beste administrazio batzuekin indarrean dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, automatikoki kontsultatuko eta lortuko ditu administrazio-auzotasunari buruz behar dituen datuak; era berean, Euskal Unibertsitate Sistemaren unibertsitateen bidez, deialdi hau informatikoki izapidetzeko behar den informazio akademikoa lortuko du, salbu eta pertsona hori egiaztapen automatiko horren aurka agertzen bada.
4.– Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari zuzenketak egin ditzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluari jarraituta. Jakinarazpena elektronikoki egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Epeak zenbatzeko, argitalpen horrek bakarrik balio izango du.
Era berean, beka-eskatzaileari jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.
Horrez gain, SMS mezu eta/edo posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie interesdunei argitalpena eskura jarri dela aipatutako egoitza elektronikoan. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.
11. artikulua.– Bekak kudeatzea.
1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.
2.– Euskal Unibertsitate Sistemaren unibertsitateek Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari igorri beharko diote deialdi honen izapidetze informatikorako behar den informazio akademikoa, fitxategi informatiko bidez, eta bekadun bakoitzari adjudikatutako lankidetza betetzen dela bermatuko dute.
12. artikulua.– Batez besteko nota kalkulatzea.
Espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:
a) Batez besteko nota kalkulatzeko, beka eskuratzeko eskubidea ematen duen titulu ofizialeko espediente akademiko osoko notak hartuko dira kontuan, 2023-2024 ikasturtea amaitutakoan. Masterreko 1. mailako ikasleen kasuan, masterrerako sarbidea ematen duen titulazioko espediente akademiko osoko notak kontuan hartuta egingo da batez besteko notaren kalkulua.
b) Kalifikazio kuantitatiborik ezean, ikasgai bakoitzaren kalifikazioak baliokidetza honen arabera adieraziko dira:
– Ohorezko matrikula = 10 puntu.
– Bikain = 9 puntu.
– Oso ongi = 7,5 puntu.
– Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.
– Gutxiegi, ez aurkeztua edo ez da gai = 2,5 puntu.
c) Kredituen arabera egituratuta ez dauden ikasketa-planak badira, batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaren artean zatituko da.
d) Kredituen arabera egituratutako ikasketa-planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatzetik ateratzen den puntuazioa haztatuko da, irakasgaiak duen kreditu kopuruaren arabera, hurrengo formula erabilita:
V = PxNCa/NCt
V= irakasgai bakoitzean ateratako notaren haztapenetik datorren balioa.
P= irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko apartatuko baremoa aplikatuta.
NCa= irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.
NCt= guztira egindako kreditu kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.
Formula hori aplikatzetik ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta emaitza hori izango da batez besteko azken nota.
e) Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, unibertsitateak irakasgai bakoitzerako ezarriko du Espainiako sistema dezimalerako baliokidetza. Horretarako, aintzat hartuko ditu irakasgaia gainditzeko gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioaren gehieneko nota, eta zehaztu egingo du Espainiako kalifikazio-sistema dezimalarekiko zer baliokidetza duen.
13. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da eskabideak aztertzeko eta haien ebaluazio-txostena egiteko, eta hauek osatuko dute:
– Unibertsitateetako arloburu Eugenia Santos Urdiain, batzordeko buru gisa, edo Ikerketaren Zuzendaritzako arloburu Maialen Agirre Pinedo, ordezko gisa.
– Unibertsitateetako teknikari Irantzu Arrizabalaga Santiago, bokal gisa, edo Ikerketa Programen teknikari Miren Intxaurraga Zuluaga, ordezko gisa.
– Unibertsitateetako teknikaria, Maite Balza de Vallejo Arana, batzordekide eta batzordeko idazkari gisa, edo unibertsitateetako teknikaria, Virginia Barinaga Fernández, ordezko gisa.
14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Beka hauek norgehiagoka-erregimenean emango dira. Beraz, beka jasotzeko ez da nahikoa izango oinarri hauen 7. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, modalitate bakoitzerako eta ikertalde edo ikerketa-zentro bakoitzerako emango diren beka guztien artean eskaera kokatu ahal izateko.
2.– Hautaketa-batzordeak eskaerak ordenatuko ditu, eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren esku jarriko du ebazpen-proposamena.
Eskaera bakoitzaren azken puntuazioa ezartzeko, honako irizpide hauek jarraituko dira deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak ordenan jartzeko:
a) Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeen kasuan, eskaerak beherantz ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, honako hau aplikatzearen ondoriozko den ordenaren arabera: batez besteko notaren % 80 (12. artikuluan zehaztutakoaren arabera kalkulatuta, eta 0tik 100erako eskalara egokituta) gehi ikertaldeek lortutako puntuazioaren % 20, Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordetzaren Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeen jarduerak bultzatzeko laguntzen deialdiaren arabera (I. eranskinean daude jasota).
b) Oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroen (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuen (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoen kasuan, baldin eta BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude, eskaerak beheranzko hurrenkeran ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, ikaslearen espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera.
c) Berdinketak gertatuz gero, sarrera-dataren arabera ebatziko dira; eta berdinketak jarraitu egiten badu, zozketa bidez erabakiko da.
3.– A zein B modalitateetako ebazpen-proposamenek lau zerrenda izango dituzte:
a) Beka adjudikatzeko proposatutako eskaeren zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu eta puntuazio horren araberako hurrenkeran egongo da.
b) Proposatutako eskaera ukatuen zerrenda, deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituztelako. Beka ukatzeko arrazoiak eta atzera egindako eskabideen zerrenda bilduko ditu.
c) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskabideen zerrenda. Zerrenda horrekin, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte, edozein arrazoi dela eta, azkenean beka jaso ezin duten proposatutako pertsona adjudikaziodunak.
d) Eskaeren zerrenda, lankidetza-proiektua egiteko eskatzaileak hautatutako ikertaldeen edo ikerketa-zentroen arabera ordenatuta. Zerrenda horrek jasoko ditu proposatutako eskaera adjudikaziodunak, ukatuak, atzera egindakoak eta erreserbak.
4.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak onetsitako ebazpen-proposamenaren jakinarazpena elektronikoki egingo da bakarrik, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ebazpenak/eu. Epeak zenbatzeko, argitalpen horrek bakarrik balio izango du.
Era berean, beka-eskatzaileari jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.
Horri kalterik egin gabe, SMS mezu eta/edo posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie interesdunei argitalpena egin dela. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.
5.– Jakinarazpenaren ondoren, eskatzaileek alegazioak egin edo egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal izango dute, 10 egun balioduneko epean, egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Alegazioak aurkezteko, eskatzaileak aplikazioan sartu beharko du bere ziurtagiri elektronikoaren bidez, eta horretarako aurreikusitako formularioa erabili.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Egon daitezkeen alegazioak aztertu ondoren, behin horiek aurkezteko epea igarota eta ukoak onartuta, horretarako sortutako hautaketa-batzordeak beste txosten bat igorriko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, zeinak bi ebazpen emango baititu, bat modalitate bakoitzeko (A eta B), eta prozedura jakinaraziko du, Agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean.
2.– A zein B modalitateko ebazpenek lau zerrenda hauek jasoko dituzte:
– Beka adjudikatuta duten eskabideen zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu eta puntuazio horren arabera ordenatuta egongo da.
– Ukatutako eskaeren zerrenda, deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituztelako. Beka ukatzeko arrazoiak eta atzera egindako eskabideen zerrenda bilduko ditu.
– Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskabideen zerrenda. Zerrenda horrekin, erreserben zerrenda bat eratuko da; zerrenda hori baliatuko da uko-egiteren batengatik bekaren bat libre geratzen bada beka hori emateko, bi modalitateetakoren batean, 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Eskaeren zerrenda, lankidetza-proiektua egiteko eskatzaileak hautatutako ikertaldeen edo ikerketa-zentroen arabera ordenatuta. Zerrenda horrek jasoko ditu eskaera adjudikaziodunak, ukatuak, atzera egindakoak eta erreserbak.
3.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko sailburuordeak onetsitako A zein B modalitateetako ebazpen-proposamenen jakinarazpena elektronikoki egingo da bakarrik, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ebazpenak/eu. Epeak zenbatzeko, argitalpen horrek bakarrik balio izango du.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzak Sailaren webgunean ere argitaratuko dira ebazpenak: https://www.euskadi.eus/unibertsitateko-ikasleak-ikasiker-lankidetza-bekak/web01-a3lagun/eu/
Era berean, eskatzaileari jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), non ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko den.
Horri kalterik egin gabe, SMS mezu eta/edo posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie interesdunei argitalpena egin dela. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.
4.– Beka eman eta jakinarazi ondoren, berariaz uko egin ahal izango zaio 10 egun balioduneko epean.
5.– Prozedura-ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
6.– Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, beka-eskaera ezetsi dela ulertu dezakete eskatzaileek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
7.– Emandako beken berri denek izan dezaten, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluak ezarritakoaren arabera, emandako beken publizitatea egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz.
16. artikulua.– Bekak ordaintzea.
Ordainketak honela egingo dira:
a) A modalitatea. Bekaren ordainketa bi epetan egingo da. Lehenengo ordainketan, bekaren % 30 emango da ebazpena jakinarazi ondoren eta adjudikaziodunek beka onartu ondoren. Ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epean, onuradunak ez badio berariaz uko egiten, onuradun guztiei ordainketa egingo zaie. Bigarren ordainketan, gainerako % 70a emango da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako egiaztagiriak beka justifikatzeko balioko du.
b) B modalitatea. Bekaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako ziurtagiriak beka justifikatzeko balioko du.
17. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Bekari uko egin nahi dioten adjudikaziodunek telematikoki eman beharko dute horren berri, aplikazio informatikoaren bitartez.
2.– Uko egiteak beka jasotzeko eskubide oro galtzea ekarriko du, eta ez da inolako konpentsazio ekonomikorik emango.
3.– Uko-egitea 2024ko abenduaren 15a baino lehen gertatzen bada A modalitatean eta 2025eko maiatzaren 15a baino lehen B modalitatean, uko-egite horien ondoriozko beka hutsak 15. artikuluan araututako erreserba-zerrenda osatu duten pertsonei adjudikatu ahal izango zaizkie, betiere bertan ezarritako ordena errespetatuta. Erreserbarik ez badago, eman gabe geratuko dira beka horiek.
Horretarako, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebazpena emango du uko-egitea onartzeko eta erreserba-zerrendako hurrengoari beka ematea proposatzeko, 10 eguneko epe luzaezinean proposamena onar dezan. Proposamena onartu ondoren, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpena emango du eta horren berri emango du.
18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Hauek dira onuradunaren betebeharrak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluaren arabera:
a) Dagokion helbururako erabiltzea beka; alegia, deialdian ezarritako baldintzen arabera gauzatu behar dute lankidetza.
b) Lankidetza egin izana egiaztatzea, egiaztagiri baten bidez, oinarri hauen 8. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.
c) Lankidetza-aldian, matrikulatuta dagoen ikasketak egitea.
d) Beka honen xede eta helburu bererako, unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari. Jakinarazpen hori aldez aurretik zein behin betiko ebazpenaren ondoren egin behar da, beka justifikatu arte.
e) Beka ematea eragin zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko froga-jarduerak egitea, hala badagokio, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak, beken nondik norakoak fiskalizatzean, eskatutako informazio guztia ematea.
f) Dirulaguntzaren xede den jarduerarako finantzaketaren publizitate publiko egokia eman beharko du. Zehazki, dirulaguntza honen laguntzarekin egiten edo argitaratzen den ikerketa-lanetan dirulaguntza eman duen entitate publikoa zein den adierazi beharko da gutxienez: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, eta programaren izena: Ikasiker lankidetza-beka.
g) Diharduen diziplinako arau eta printzipio etikoak onartzea, ezagutzea eta betetzea, hala nola laneko osasun eta segurtasuneko arauak eta funtzionamendu-arauak.
19. artikulua.– Beka kobratzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.
1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, espedienteko pertsona interesdunari entzun ondoren, adieraziko du emandako beka jasotzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko dituela, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorreko 36.1 artikuluaren arabera. Besteak beste, honako kasu hauetan:
a) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.
b) Lankidetza egin izana ez badu behar bezala justifikatu edo dagokion egiaztagiria aurkeztu ez badu.
c) Bekaren helburuko unibertsitate-ikasketen matrikula baliogabetu bada.
d) Emandako beka eta jasotako beste beka edo laguntza batzuk bateragarriak ez direla egiaztatu bada.
e) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.
f) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.
g) Aurreko artikuluko f) apartatuan jasotako hedapen-neurriak hartu ez badira.
h) Aurreko artikuluan xedatutako betebeharrak bete ez badira.
2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko berandutze-interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek behar den informazioa jasoko du zenbateko horiek itzultzeko, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Osaguna eta Finantzak Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.
20. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Unibertsitateko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak. Arduraduna Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritza da.
Hauek dira datu horiek tratatzeko xedeak: unibertsitateko lehen eta bigarren zikloko, eta master eta gradu ofizialetako ikasleei bekak ematea; tasen salbuespenak onestea eta haien jarduera unibertsitate-arloan egiten duten erakundeen funtzionamenduan laguntzea.
Datuen tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari adjudikatutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Honako hauek izan daitezke datuen hartzaileak:
– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
– Ogasuna eta Finantzak Saila.
– Unibertsitateak.
Bekaren eskatzaileek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsulta daiteke web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/055400-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).