Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2024ko uztailaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3382

80/2024 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, «José María Lidón Corbi Foroa» eratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, «José María Lidón Corbi Foroa» eratzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 4a.

Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 4KO 80/2024 EBAZPENARENA
BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA DEUSTUKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, «JOSÉ MARÍA LIDÓN CORBI» FOROA ERATZEKO

Madrilen, 2024ko ekainaren 21a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, o. g., Vicente Guilarte Gutiérrez bokal txit gorena, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2023ko uztailaren 19ko Osoko Bilkuraren 1.20 Erabakiaren arabera izendatua, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 585. artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkari gisa, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 598.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean, Nerea Melgosa Vega, Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izendatzeko Lehendakariaren otsailaren 13ko 6/2023 Dekretuaren bidez izendatua, Autonomia Estatutuaren 33.2 artikuluak eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.b) artikuluak ematen dizkioten ahalmenez baliatuz.

Eta bestetik, Juan Jose Etxeberría Sagastume, Deustuko Unibertsitateko errektorea, hitzarmen hau egiteko ahalmena duena, Deustuko Unibertsitatearen Estatutu Orokorretako 23 artikuluak jasotakoarekin bat. Erakundearen IFK R-4868004E da, eta helbidea, Unibertsitate etorbidea 24, Bilbao.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote lankidetza-hitzarmen hau egiteko eta sinatzeko nahikoa gaitasun eta legitimazio, eta, horrenbestez, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia organo konstituzionala da, eta Botere Judizialaren gobernu-eskumenak erabiltzen ditu epaileen independentzia berma dadin funtzio judiziala betetzean. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erantzukizun esklusiboa du karrera judiziala osatzen dutenen prestakuntzan nahiz hobekuntzan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 560.1 artikuluaren 7.ean aurreikusitakoaren arabera. Horren ildotik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bermatu behar du karrera judizialeko kide guztiek prestakuntza jarraitua, indibidualizatua, espezializatua eta kalitate handikoa jasoko dutela karrera judizial osoan zehar, eta, beste baliabide batzuen artean, prestakuntza-jarduerak egin ahal izango dituztela helburu berberetan interesa duten beste erakunde eta organismo batzuekin lankidetzan.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, Autonomia Erkidegoari esleitzen dizkio Justizia Administrazioaren beharrei erantzuteko ahalmen guztiak.

Era berean, Deustuko Unibertsitateak pertsona askeak, herritar arduratsuak eta profesional adituak prestatu nahi ditu, jakintza sustatzeko eta gizartea eraldatzeko konpromisoa hartzea ahalbidetuko dieten ezagutza, balio eta trebetasunez hornituak, horretarako ikerketaren eta irakaskuntzaren bikaintasuna ipar gisa hartuz. Gizartearentzako zerbitzu hori, bereziki euskal gizartearentzako zerbitzua, kultura-premietara nahiz maila guztietako garapen sozial, tekniko eta ekonomikora zuzenduta dago, eta, horretarako, funtsezkoa da hainbat eragile sozial eta instituzionalekiko etengabeko elkarrizketa. Eragile instituzionalen artean justiziaren sistema instituzionala dago.

Hirugarrena.– José María Lidón Corbi Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratua eta Deustuko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedraduna izan zen. ETA talde terroristak hil zuen 2001eko azaroaren 7an. Hil ondoren, bere balioak gogoan, hainbat omenaldi eta aitorpen jaso zituen. Horien artean, 2002an egindako Omenaldi Jardunaldiak eta gero, 2004. urteaz geroztik haren omenez egin diren hamazazpi Jardunaldiak, eta horien ildotik argitaratutako José María Lidón Zigor arloko Koadernoak.

Laugarrena.– Alderdiek, hitzarmen honen bidez, «José María Lidón Corbi» foroa eratu nahi dute, orain arte izan den jarduera-esparrua zabaltzeko (Epaile eta Magistratuen Prestakuntza Deszentralizatuan integratuz). Foro horren helburua da antolatzen diren jarduerei borondateak batzea, haren figura eta balioak nabarmentzeko. Horretarako, hausnarketa- eta eztabaida-jarduerak egingo dira, bai eta ikerketa-emaitzen zabalkundea ere, hitzarmenaren lau urteko indarraldiaren barruan urteko programazio bakoitzerako zehazten denaren arabera.

Bosgarrena.– Azaldu berri den guztia kontuan hartuta, alderdiek, bakoitzak bere eskumenak baliatuz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea beraientzat onuragarria dela ulertuta, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza antolatzea da, «José María Lidón Corbi» Foroa eratzeko. Foro horretan prestatuko dira, jarraikortasuna ziurtatuta betiere, azterlanak, prestakuntza-jarduerak eta hausnarketa-saioak, haren figura eta balioak nabarmentzeko antolatuak.

Bigarrena.– Foroaren helburuak.

«José María Lidón Corbi» Foroaren helburuak honako hauek dira:

• Egoitza bat eratzea non urtero hausnarketarako, eztabaidarako eta ikerketaren emaitzak zabaltzeko jardunaldiak egingo diren.

• Zigor zuzenbidearekin zerikusia nahiz lotura duten gaiei buruzko ikerketen emaitzei buruz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta dibulgatzeko jarduerak antolatzea eta garatzea, diziplina arteko ikuspegi batetik, Estatuko lurralde osoko karrera judizialeko kideei, fiskalei, abokatuei, unibertsitateko kideei eta eragile juridikoei zuzenduta.

Jarduera horien edukia argitaratzea, egoki irizten zaienean.

Hirugarrena.– Alderdien konpromisoak.

Alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du urteko aurrekontuen proiektuetan dagokion partida sartzeko, erakunde bakoitzeko kideek parte har dezaten zehazten diren jardunaldietan.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hautatu eta gonbidatuko ditu jardueretan hizlari gisa edo, hala badagokio, laguntzaile/entzule gisa parte hartzen duten karrera judizialeko kideak, dagozkien lizentziak eta baimenak emango dizkielarik, hargatik eragotzi gabe unibertsitateko, karrera fiskaleko, Justizia Administrazioko letraduetako, abokatutzako edo, oro har, mundu juridikoko pertsona ospetsuek parte hartu ahal izatea, hartara gizarte juridikoari irekitako egintzak izan daitezen.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere gain hartuko ditu karrera judizialeko kideak jarduera horietara joateak eragin ditzakeen gastuak, bat etorriz zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrekontuaren kargura egindako bidaiek eta protokolo- edo ordezkaritza-gastuek eragindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko arauen 7. apartatuan ezarritakoarekin. Arau horiek Batzorde Iraunkorrak onartu zituen, 2022ko irailaren 28an, azken idazketan (3.6 erabakia). Hizlarien ordainsariei dagokienez, horiek zehaztea «Jarraipen Batzorde Mistoari» esleitzen zaion heinean, eta batzorde horretan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ordezkatuko duten bi pertsona izango direnez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren prestakuntza-jardueretan irakasle eta irakasle laguntzaileei aplikatu behar zaien «hasierako eta etengabeko prestakuntzako jardueren ordainsari-baremoa» izenekoan aurreikusitakoari jarraituko zaio, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere gain hartuko ditu kontzeptu horretan sortzen diren gastuak.

Euskadiko Administrazio Orokorrak ekitaldiak antolatzeko guneak erraztuko ditu, eta ekitaldi horiei dagozkien logistika- edo intendentzia-gastuak bere gain hartuko ditu, aurrekontuetan ezarritako partiden kontura.

Deustuko Unibertsitateak, bere irakasleen bitartez, Jarraipen Batzordean, jardunaldien zuzendarikidetzan eta foroak antolatzen dituen jardueretan parte hartuko du.

Jarduerak Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza osatzen duten instalazioetan egingo dira; halakorik ezean, justizia-jauregietan kokatutako beste edozein aretotan, eta, halakorik ez balego, horretarako egokia den beste edozein erakundetakoan.

Foro horren babesean egiten diren jarduerak urteko plan batean zehaztuko dira.

Laugarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honetatik eratorritako jarduketak, baldin eta alderdientzat ekonomia- edo aurrekontu-eragina badute, nahitaezko txostenen mende egongo dira, bai eta urteko aurrekontuetan aurrekontu-zuzkidura nahikoa egotearen mende ere, eta urtero onartuko dira, addenda bidez.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

Hitzarmen hau gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko eta honen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Mistoa sortuko da. Honako kide hauek osatuko dute:

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren bi ordezkari, hots, bokal bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentea.

Justiziaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako saileko bi ordezkari.

Deustuko Unibertsitateko bi ordezkari.

Jarraipen Batzordeko kideak bakoitzaren instituzioko arauen arabera izendatuko dira. Batzordeburua, urtebeteko aldietarako hautatua, esku hartzen duten alderdiek izendatuko dute.

Batzordea alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatuta bilduko da, presidenteak aurrez deialdia eginda, eta gutxienez urtean behin, egindako lankidetzaren emaitzak aztertzeko.

Batzordeak txostenak eskatu ahal izango ditu hitzarmen honen xedearekin lotuta sortzen diren neurri, emaitza eta gorabeherei buruz, eta eginkizun hauek izango ditu:

Hitzarmen honen xedea gauzatzera bideratutako jarduerak egitea proposatzea. Jarduera horiek betebehar eta konpromiso ekonomikoak dakartzaten neurrian, hitzarmen hau betearazteko dagokion akordioaren bidez antolatuko dira, eta alderdi sinatzaile bakoitzak dagozkion nahitaezko izapideak beteko ditu.

Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko egindako jardueren eta lanen jarraipena egitea.

Hartutako konpromisoen berrikuspen posibleak aztertzea eta, hala badagokio, proposatzea.

Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio-eginkizunak bultzatzea, hitzarmenaren helburuak ahalik eta egokien lortzeko.

Hitzarmena interpretatzea eta hura gauzatzean sor litezkeen zalantzak argitzea.

Batzorde hau, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, alderdiek adostutako tresna da jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, bai hitzarmenari dagokionez, bai eta sinatzaileek hartutako konpromisoei dagokienez; eta lege horren 51.2.c) eta 52.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera beteko ditu bere eginkizunak.

Seigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta eraginkortasuna.

Hitzarmen hau osotu egingo da bi aldeek, beren sinaduraz, adostasuna ematen dutenean. Lau urteko indarraldia izango du, sinatzen denetik zenbatzen hasita.

Aurrez aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute berau luzatzea, gehienez beste lau urtez, edo berau azkentzea, alderdiek berariaz hala adostuz gero, dela dokumentu bateratu baten bidez, dela elkarri jakinarazitako alde bakarreko idazki baten bidez.

Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea, suntsiaraztea eta azkentzea.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdiek hala adosten badute, dagokion aldaketa-gehigarria sinatuz. Eranskin hori hitzarmen honen agintari berberek sinatu beharko dute.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera:

Hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direnean edo hitzarmena suntsiarazteko arrazoiren bat dagoenean iraungiko da hitzarmena.

Suntsiarazteko arrazoiak dira:

Hitzarmenaren indarraldia amaitzea haren luzapena adostu gabe.

Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

Hitzarmena salatzea, sinatu den baldintzetan funtsezko aldaketak egon direla uste denean.

Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, bi hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei ere jakinaraziko zaie.

Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraituz gero, errekerimendua igorri zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.

Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

Hitzarmenaren xedea eragozten duen ezinbesteko arrazoiren batengatik.

Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, legeetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiarazteak ez du eraginik izango gauzatzen ari diren jarduerak amaiarazteko, eta Jarraipen Batzorde Mistoak jarduera horiek amaitzeko epe luzaezin bat ezarriko du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan xedatutakoa betez.

Zortzigarrena.– Datuen babesa.

Hitzarmen honetan jasotzen diren datu pertsonalak eta hitzarmena gauzatzearen ondoriozkoak Hitzarmen hau behar bezala gauzatzeko baino ez dira erabiliko. Aldeek konpromisoa hartzen dute datu horiek honako hauetan xedatutakoaren arabera tratatzeko: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta hura garatzeko gainerako araudia; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, transferitzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta aplikatzekoa den legerian aurreikusitako gainerako eskubideak ere, une bakoitzean beren egoitzei dagokien helbidean edo helbide hauetan:

– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kasuan, web-inprimaki honen bidez: http://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Temas/Proteccion-de-

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kasuan, web-inprimaki honen bidez: https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-a2datuba/eu/

– Deustuko Unibertsitatearen kasuan, hemen azaltzen den prozedurari jarraituz: https://www.deusto.eus/eu/hasiera/pribatutasuna/eskubideen-babesa?_gl=1*1uzhczk*_up*MQ..*_ga*MTg2MTE5NjM3Ni4xNzExMzU0OTYy*_ga_ZVJ1XGGKPL*MTcxMTM1NDk2Mi4xLjAuMTcxMTM1NDk2Mi4wLjAuMA..

Bederatzigarrena.– Konfidentzialtasuna.

Alderdiek adostu dute konfidentzialtasunez tratatuko dituztela hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean beste alderdiari eman zaizkion datu, dokumentazio eta informazio guztiak. Bi alderdiek adostu dute, halaber, informazio hori ez zabaltzea ezein pertsona edo erakunderi, bertako langileei izan ezik, baldin eta konfidentzialtasunari ere eusten badiote, eta soil-soilik hitzarmen hau behar bezala betetzeko beharrezkoa den neurrian.

Konfidentzialtasun-akordioak indarrean jarraituko du hitzarmen hau azkendu ondoren ere, azkentzeko arrazoia edozein dela ere.

Hori guztia, alde biek, beren izaera kontuan hartuta, aplikatzekoa den arauditik eratorritako publizitate- eta gardentasun-betebeharrak behar bezala betetzea eragotzi gabe, bereziki Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legetik eratorritakoak.

Hamargarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluak arautzen du.

Hitzarmen honen edukiaren interpretazioak, aldaketak, ondorioek edo suntsiarazpenak sor ditzaketen auziak, alderdiek Jarraipen Batzorde Mistoan adostasunez konpondu ez badituzte, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen honen bina ale sinatu dituzte, goian adierazitako tokian eta egunean.

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Presidentea, O. Bokala,

VICENTE GUILARTE GUTIÉRREZ.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Deustuko Unibertsitateko Errektorea,

JUAN JOSE ETXEBERRIA SAGASTUME.


Azterketa dokumentala