Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2024ko uztailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3300

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 26koa, Joko eta Ikuskizun zuzendariarena, «Lokalaren erabilgarritasun-agiria» eta «Gaitasungabetze-adierazpena» eredu normalizatuak onartzen dituena.

120/2016 Dekretuak, uztailaren 27koak, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duenak, honako hau ezartzen du 1. xedapen gehigarrian: «Jokoaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailak honako hauei dagozkien eredu normalizatuak argitaratu ahal izango ditu: aurretiazko komunikazioak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gaikuntza-tituluak jasotzeko beharrazko eskabideak».

18/2020 Dekretuak, irailaren 6koak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 5. artikuluan ezartzen duenez, Segurtasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

«(...)

f) Jokoa, apustuak eta ikuskizunak».

6/2021 Dekretuak, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoak, 16. artikuluan xedatzen duenez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari hauek dagozkio:

«a) Ausazko jokoei buruzko politika publikoak egitea, eta jokoaren erregelamendu orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen agintaritzari ematen dizkion ahalmenak eta egitekoak gauzatzea, honako hauekin lotuta, beste organo batzuen eskumenekoak ez badira: baimenak, txostenak, homologazioak, kontrolak, ikuskapenak eta zehapenak».

Uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 117. artikuluak xedatzen duenez (otsailaren 8ko 19/2022 Dekretuak aldatu zuen), ostalaritzako establezimendu batean, dantza-areto, dantzaleku edo diskoteka batean edo apustu-lokal gisa gaituta ez dagoen joko-lokal batean B motako makina bat edo makina laguntzaile bat instalatzeko kasuan, aurretiazko jakinarazpenarekin batera, agiri batzuk aurkeztu behar dira, artean:

«c) Kokatze-buletina izenpetzen duenaren aitorpena, zeinetan aitortuko baitu baduela lokal bat. Horrek ez du esan nahi jarduera burutzeko beharrezko lizentziak edo dagozkion baimenak ere eskatuko ez zaizkionik».

Bestalde, 120/2016 Dekretuaren 119.3 artikuluak kokatze-buletina azkentzeko arrazoiak ezartzen ditu, artean, alderdietako batek joko-makina ustiatu nahi ez izatea eta horrek kokatze-buletin berriak zigilatzeko gaitasungabetzea ekartzea. Egoera hori egiaztatzeko eredu normalizatu bat sortu da.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Dokumentu hauen eredu normalizatuak argitaratzea:

1.– Kokatze-buletina izenpetzen duenaren lokala erabilgarri dagoela egiaztatzeko agiria (120/2016 Dekretuaren 117.2.c) artikulua, 19/2022 Dekretuak aldatu zuena).

2.– Desgaikuntza-adierazpena, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 119.3 artikuluan aipatzen dena.

Ebazpen honi eranskin gisa erantsi zaizkio bi dokumentuak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 26a.

Joko eta Ikuskizunen zuzendaria,

AITOR MIKEL URIARTE UNZALU.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala