133. zk., 2024ko uztailaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 3 orri.)
- EPUB (162 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3299
103/2024 DEKRETUA, uztailaren 2koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua (behin-behineko pertsonala).
Martxoaren 20ko 44/2007 Dekretuaren bidez, aldatu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen dekretua, behin-behineko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu zituena. Dekretu horrek apirilaren 19ko 92/2005 Dekretua ordeztu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2006ko urtarrilaren 12an emandako epaiaren bidez baliogabetu zuena. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, eta, gaur egun, apirilaren 9ko 189/2013 Dekretuaren bidez onartutako behin-behineko langileen lanpostuen zerrenda dago indarrean, ondorengo aldaketekin.
Lanpostuen zerrendak Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko tresna dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura dauden behin-behineko langileen araubide juridikoaren erregulazio orokor eta estrukturalerako proposamena onartzen duen 2002ko uztailaren 30eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren 7. artikuluan aurreikusitakoa betetzeko.
Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Behin-behineko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen eranskinean agertzen dira, eta apirilaren 9ko 189/2013 Dekretuaren bidez onartu ziren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 2an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.