Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2024ko uztailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3291

1/2024 FORU ARAUA, maiatzaren 10ekoa, 2024. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «1/2024 Foru Araua, maiatzaren 10ekoa, 2024. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2024ko maiatzaren 10a.

Gipuzkoako diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Foru arau honek aldaketa ugari sartzen ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoko zergen esparruan, hainbat helbururekin.

Zerga araudia egokitzen da tributuz kanpoko beste arau eremu batzuetan egindako aldaketekin bat etor dadin. Aldaketa horiek zerga sistemarekin zer ikusirik ez duten arau substantiboetan egindakoak badira ere, badute, zuzenean edo zeharka, eragina tributazioaren araudian, eta, horregatik, komeni da haren barruan beharrezko egokitzapenak egitea koherentzia eta egitura gorde daitezen.

Horrez gain, esan beharra dago zergen aplikazioaz arduratzen diren organoek modu jarraituan aplikatzeak zerga araudia, zenbait kasutan agerian uzten du beharrezkoa dela aldaketak egitea lurralde historikoko erakundeek eskumena duten tributu batzuen erregulazioan.

Aurreko guztiaren ondorioz, hainbat zerga figura aldatzen dira, besteak beste, hauek: Zergen Foru Arau Orokorra, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga, ondasun higiezinen gaineko zerga, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, eta irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko foru araua.

I

Aldaketetako batzuek zerga figura batean baino gehiagotan dute eragina. Aldaketa guztietan zeharkakotasun gehien duena izatezko bikoteak maila fiskalean aintzat hartzeari dagokiona da, honako hauek ukitzen baititu: zergen foru arau orokorra, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko foru araua, eta kultur mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak arautzen dituen foru araua, bai eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga eta hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga ere. Ildo horretan, ukitutako zerga figuretan izatezko bikotearen izaeraren arauketa homogeneizatzeaz gain –izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutakoak halakotzat hartzeko irizpidearekin homogeneizatzen da–, espresuki gehitzen dira beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan modu analogoan eratutakoak eta inskribatutakoak, Europako Batzordeak zentzu horretan egindako errekerimenduari jarraituz.

Desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozeduraren araudian urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuaren bidez sartu diren aldaketek ere hainbat zerga figurari eragiten diete. Dekretu horrek abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua indargabetu zuen, ordura arte gai hori arautzen zuena. Arau substantiboa aldatu izanak berekin ekarri du sakon erreformatzea desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura, eta, horrek eskatzen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudia egokitzea lan etekinen hobariari eta desgaitasunaren eta mendekotasunaren kenkariari dagokienez (azken honetan, abenduaren 28ko 2/2023 Foru Dekretu-Arauan egokitu zena, hobekuntza tekniko bat sartu da), baita trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren araudia ere, desgaitasunagatik salbuesteari dagokionez. Egindako aldaketekin, orain arte indarrean izan diren zerga tratamenduei eutsi nahi zaie, ahal den neurrian. Gainera, beharrezko egiten du araubide iragankorrak ezartzea zerga onura horiek aurreko baremoen arabera egindako balorazioen bidez aplikatzea ahalbidetzeko, betiere desgaitasunaren beste balorazio bat egiten ez den bitartean.

Zerga bat baino gehiago ukitzen dituen beste aldaketa bat sorrera berriko entitate berritzaileak (star-up direlakoak) sortzen dituztenei zuzendutako araubide berezi berria da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan sartu eta ondarearen gaineko zergan salbuespen bat aplikatzea dakarrena. Araubide berezia pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek aplikatu ahal izango dute, baldin eta sorrera berriko entitate berritzaileak sortzen badituzte eta entitate horrekiko inplikazio pertsonal bat badute, dela lan harreman arrunt edo berezi baten bidez dela kontseilari edo administratzaile modura. Araubide berezi horrek aukera emango dio entitatearen sortzaileari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan 100eko 30eko salbuespena aplikatzeko lehen aipatutako harremanetatik eratorritako lan etekin osoen gainean, hamaika zergaldietan gehienez, eraketakoan eta hurrengo hamarretan hain zuzen. Aldaketa horrek eskatzen du artikulu berri bat sartzea eta araubide bereziak arautzen dituen kapituluaren izenburua aldatzea, bai eta autolikidazioa aurkeztean egin beharreko aukerak arautzen dituen artikulua aldatzea ere, aukera hori haren barruan sartzeko.

Horrez gain, ondarearen gaineko zergan ezartzen da entitatea sortzeko baliatutako akzioak edo partaidetzak salbuetsita geratzen direla eta salbuespen hori ezkontideari edo izatezko bikotekideari ere aplika dakiokeela, baldin eta, ezkontzaren edo izatezko bikotearen araubide ekonomikoa aplikatuta, akzioak edo partaidetzak bienak badira.

Era berean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan eragina duen beste aldaketa bat da araudian sartzen direla banakako pentsioen produktu paneuroparrak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238 (EB) Erregelamenduan arautuak. Produktu horiei borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateentzat eta pentsio planentzat bi zergetan aurreikusita dagoen tratamendu bera aplikatuko zaie.

Badago, era berean, beste aldaketa bat pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga ukitzen dituena, eta Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziari egindako kotizazioaren erregularizaziotik datorrena (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 308. artikuluan aurreikusten da erregularizazio hori). Alde horretatik, bi zergetan erregela berezi bana ezartzen da denbora egozpenari begira, kotizazio horiek erregularizatzeko. Araubide berezi horretan kotizatzeko sistema berriari erantzuteko egiten den aldaketa da hori; izan ere, sistema horretan aurreikusten da aurrenik behin-behineko kotizazio bat egitea kotizazioei dagokien urtean zehar, eta gero erregularizazio bat aplikatzea, behin-behineko kotizazioaren aldean gehikuntzak edo murriztapenak ekar ditzakeena. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregela bereziaren arabera, zergadunak diru-sarrera gehigarria egiten duen edo kotizazioaren itzulketa jasotzen duen zergaldiari egotzi behar zaio, lehen-lehenik, kotizazioaren gehikuntza edo murriztapena. Hala ere, ahalbidetzen da kotizazio gehikuntza edo murriztapen horiek dagozkien zergaldiei egotzi ahal izatea, autolikidazio zuzentzaile edo osagarri bat aurkeztuz, zehapenik edo errekargurik ezarri gabe, eta berandutze interesik sortu gabe. Azken aukera hori baliatuko bada, beharrekoa da autolikidazioa aurkeztean egin beharreko aukerei buruzko artikulua aldatzea, aukera berri hori haren barruan sartzeko.

Sozietateen gaineko zergan antzeko erregela bat ezartzen da gastuak denboran egozteko: kotizazio gastu handiagoa edo txikiagoa entitateak diru-sarrera gehigarriak egiten dituen edo itzulketak jasotzen dituen zergaldiari egozten zaizkio, baina entitateari aukera ematen zaio, baita ere, erregularizazioetatik eratorritako gastu gehikuntzak edo murriztapenak kotizazioak dagozkien zergaldiei egozteko, autolikidazio zuzentzaile edo osagarri bat aurkeztuz, zehapenik edo errekargurik ezarri gabe, eta berandutze interesik sortu gabe. Gainera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasuan bezala, autolikidazioa aurkeztean egin behar diren aukerei buruzko artikulua aldatzen da, bigarren alternatiba horren aldeko aukera bertan sartzeko.

Azkenik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietateen gaineko zergan egiten den beste aldaketa bat da bi zerga horiek konkurtso legerian egindako erreforma substantibora egokitzen direla. Egokitzapen horrek beharrezko egiten du, batetik, denbora egozpenaren erregulazioa bi zergetan aldatzea, eta, bestetik, konkurtso prozeduretan zordunak lortutako errenten salbuespena arautzen duen xedapen gehigarria pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan egokitzea.

Jarraian, foru arau honetan sartzen diren beste aldaketa batzuk azalduko ditugu, denak ere nabarmendu beharrekoak.

II

Zergen Foru Arau Orokorrean, aldatzen dira aitorpena epez kanpo eta aldez aurreko errekerimendurik gabe aurkezteagatik aplikatzen diren errekarguak, arinagoak diren ez-betetzeak gutxiago zigortzeko. Neurri horrek proportzionaltasun handiagoa aplikatzea du helburu; izan ere, gaur egun, aitorpenak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko modalitatea orokortu dela eta, zenbait kasutan atzerapen txikiak izaten ari dira, ordu edo minutu batzuetakoak, eta bidezkoa da haien errekarguak atzerapen horiekiko proportzionalak izatea. Horregatik, nahiz eta zigor tarteak orain arte bezala mantentzen diren (hiru tarte dira), lehen tarteko errekargua 100eko 5etik 2ra murrizten da, eta haren iraupena 6 hilabetekoa izatetik 3 hilabetekoa izatera pasatzen da. Horrez gain, kalkuluan berandutze interesak sartzen dira, orain arte indarrean izan den araudian ez bezala. Bigarren tartea laugarren hilabetetik hamabigarrenera doa (zazpigarrenetik aurrera hasten zen lehen), baldintza berberetan, eta hirugarren tartea ez da aldatzen.

Informazioa emateko beste betebehar bat ezartzen zaie pertsona juridikoei edo entitateei. Kasu honetan, esaten da behartuta daudela Zerga Administrazioari komunikatzera zeintzuk diren haien benetako titularrak. Gainera, ezartzen da kapitalak zuritzea eta terrorismoa finantzatzea eragozteari buruzko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4. artikuluaren 2. apartatuaren arabera definitutakoak hartuko direla halakotzat.

Zerga arloan garrantzia duten datu erreserbatuak hirugarrenei lagatzea arautzen duen artikuluan, ahalbidetzen da datuak laga ahal izatea helburua denean Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren exekuzioarekin lotutako kontratuak adjudikatu eta dirulaguntzak emateko prozeduren entitate arduradunekin elkarlanean jardutea, interes gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari dagokionez. Horrez gain, datuen lagapen kasuak hobetzen dira, haien xedea honako hau denean: alde batetik, Administrazio publikoekin lankidetzan jardutea, laguntza publikoak lortzean delitu fiskala eta iruzurra prebenitu eta haien aurka egiteko, eta, bestetik, Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoarekin lankidetzan jardutea, zigor prozesu batean enbargatu edo konfiskatu daitezkeen ondasunak eta eskubideak aurkitzeko.

Hobetu egiten da Zerga Administrazioak kontabilitatearen kopia eskatu eta aztertzeko dituen eskumenen erregulazioa, hala zerga kudeaketako prozeduretan oro har, nola egiaztapen mugatuko prozeduretan bereziki.

III

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, errenta salbuetsiekin lotutako aldaketak sar-tzen dira: horietako batzuk izaera teknikokoak dira, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren ondorioz jasotzen den prestazio ekonomikoan esate baterako, zeina artikuluaren barruan berrantolatu eta araudi substantibora egiten den igorpena eguneratzen baitzaio, edo ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen den langabezia prestazioan, zeinaren igorpenak osatzen baitira; bestetik, ezartzen da Europar Batasuneko nekazaritza politikatik datozen laguntzak salbuetsita geratzen direla klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenei (ekoerregimenei) emandakoak direnean. Azken salbuespen hori Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauan ere jasotzen da, diru-sarreren arloko zuzenketa gisa.

Gauzen bidezko lan etekintzat hartzen ez diren gauzazko kontraprestazio edo utilitateen erregulazioan, kontu bat argitzen da sorrera berriko entitate berritzaileetako partaidetzak stock-option bidez eskuratzen diren kasurako; izan ere, ezartzen da ezen eskurapenaren unean gauzazko ordainsaritzat hartu ez diren partaidetzak gerorago eskualdatzeari begira, haien eskurapen balioa eskurapen balioa izango dela, eta ez aukera baliatzean merkatuan duten balioa. Horrela, zehazten da ezen partaidetzen geroko eskualdaketa batean sortzen den ondare irabazi edo galera kalkulatzeko kontuan hartuko den eskurapen balioa aukera baliatzean ordaindutako balio erreala izango dela, hau da, akzioen gaineko aukera emateko unean ezarritakoa.

Lan etekinen gaiarekin jarraituz, haien barruan sartuta geratzen dira bai ikastaro, hitzaldi, solasaldi, mintegi eta antzekoak emateagatik lortzen diren etekinak eta bai literatura, arte edo zientzia lanak egiteagatik eskuratzen direnak, betiere horiek ustiatzeko eskubidea lagatzen bada eta jarduera ekonomikoen etekintzat hartzen ez badira. Lan etekinetan sartzen diren berritasun horiekin batera, atxikipen espezifikoko araubide iragankor bat ere ezartzen da, foru arau honetan xedapen iragankor gisa jasotzen dena erregelamenduz arautu bitartean.

Enpresak edo akzio zein partaidetzak langileen alde eskualdatzean ondare irabazi edo galerarik ez dagoela uste den kasuetan, enpleguan izandako antzinatasunari eta entitatean parte hartzeari buruzko baldintzak homogeneizatzen dira langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik araututako kenkarirako lehendik ezarritako beharkizunekin.

Nahi ez den aplikazio bat saiheste aldera, zehazten da ezen, bazkideak banantzen diren kasuetan, ondare irabaziaren edo galeraren kalkulua –hau da, sozietatearen likidazio kuotaren balioa edo jasotako ondasunen merkatuko balioa ken kasuan kasuko tituluaren edo kapital partaidetzaren eskurapen balioa– bakar-bakarrik aplikatuko dela banaketa hori merkataritza legerian banantze kasuetarako aurreikusten diren legezko arrazoiengatik gertatzen denean.

Pertsona lekualdatuen araubide berezian, aukera ahalbidetzen da administratzaile edo kontseilari kargua Gipuzkoan betetzeko lekualdatzen diren pertsonek araubide hori aplika dezaten, araubidearen gainerako baldintzak betetzen badituzte. Era berean, aurreikusten da hura ez aplikatzea entitate enplegatzailea edo zuzendaritza eta gerentzia eginkizunak betetzen diren entitatea ondare sozietatetzat hartzen denean.

Errenten integrazioan eta konpentsazioan, konpentsazio muga 100eko 10etik 100eko 25era igotzen da zerga oinarri orokorraren ondare irabaziak eta galerak zergaldi bakoitzean elkarren artean bakarrik integratzeak ematen duen saldo negatiboa konpentsatzea errazteko.

Ohiko etxebizitzan eguzki energia elektriko fotovoltaikoa hornitzeko inbertsioen kenkarian, argitzen da ezen eguzki energia elektriko fotovoltaikoa ekoizteko ekipoetan egiten diren inbertsioek (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauko 87 bis artikuluan aurreikusten dira ekipo horiek) foru arau horren VII. titulukon IV. kapituluan araututako kenkarietako bat aplikatzeko eskubidea baino ez dutela emango.

Jarduera ekonomikoak sustatzeko kenkarietan, inbertsioak ordaintzeko modua homogeneizatzen da, haietako batzuetan inbertsioa eskudirutan egiteko eskakizuna ezabatuz.

Xedapen gehigarri bat gehitzen da progresibitatearekin salbuetsitako errentak arautzeko. Zerga tratamendu hori lotuta dago errenta horiek aurreikusten dituzten zergapetze bikoitzeko hitzarmenekin, eta haren helburua da nazioarteko zergapetze bikoitza arintzea errenta zerga oinarrian konputatuz baina karga tasa kalkulatzeko soil-soilik.

IV

Sozietateen gaineko zergan, hobekuntza tekniko batzuk sartu eta diru-sarreren zuzenketarekin zerikusia duen erregulazioan ekoerregimenen aldeko laguntzak jasotzeaz gainera, beste aldaketa batzuk ere sartzen dira. Esate baterako, hobetu egiten da entitateetako partaidetzak eskualdatzeagatik lortutako errenten zergapetze bikoitza ez aplikatzeko erregulazioa, eskualdatutako partaidetza bat-egiteen, zatiketen eta abarren araubide bereziko erregelen arabera baloratu izan denean, eta erregela horien aplikazioak berekin ekarri duenean ez sartzea errentarik zerga honen zerga oinarrian, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga oinarrian edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenean. Horretarako, tratamendua aldatzen da integratu gabeko errenta sortu zuen pertsona edo entitateari zein zerga aplikatzen zaion begiratuta, eta, zentzu horretan, batetik bereizten dira sozietateen gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, eta, bestetik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

Kostu gabeko eskualdaketetan eta sozietate eragiketetan, balorazio erregelen erregulazioa zehazten da «kontabilitate balioa» erreferentziaren ordez «balio fiskala» erreferentzia erabiliz.

Bestalde, zergaren foru arauaren 48. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Manu horretan aurreikusten den errenta egozpenak eragina du bai zergadunak gehiengoz partaidetutako entitateek lortutako errentetan eta bai atzerriko establezimendu iraunkorren bidez lortutakoetan, izan establezimendu horiek zergadunarenak berarenak, izan zergaduna partaide nagusia den entitateenak.

Alde horretatik, eta Kontseiluaren 2016ko uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentarauaren 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, zehazten da ezen, baldin eta gehiengoz partaidetutako entitateek egoitza duten jurisdikzioek ez badituzte zergapetzen edo salbuesten badituzte beren establezimendu iraunkorrei egozgarri zaizkien errentak, entitate bereiziaren ikuspegia aplikatuko dela, halako moduz non errenta horien tributazio efektiboa bereizita zehaztuko baita bai entitate partaidetuaren jurisdikzioan eta bai haren establezimendu iraunkorrarenean, jurisdikzio bakoitzean ordaindutako zergak eta lortutako errentak soilik kontuan hartuta. Aldiz, gehiengoz partaidetutako entitateen establezimendu iraunkorrei egozgarri zaizkien errentak entitate horien zerga oinarrian sartzen badira, ulertu behar da establezimendu iraunkor horiek lortutako errentak eta ordaindutako zergak gehiengoz partaidetutako entitate horiek lortu eta ordaindu dituztela.

Kautela horren helburua da saihestea establezimendu iraunkorrari eta gehiengoz partaidetutako entitateari aplikatu beharreko tasen konbinazioak ez ekartzea berekin entitate partaidetuaren errentak egotzi gabe geratzea Espainiako zergadunaren zerga oinarrian.

Azkenik, malgutu egiten da ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzeagatik aplikatzen den kenkaria, eta, horretarako, erregulazioan izaera orokorrez txertatzen dira pandemiagatik eta Ukrainaren inbasioagatik azken urteotan aplikatu diren aldi baterako neurrietako batzuk.

Mikroenpresek eta enpresa txikiek oro har egiten dituzten ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko proiektuei aplikatuko zaie araubidea, horiek baitira horrelako jarduerak egiteko finantzaketa zailtasun handienak dituztenak. Horiez gain, sorrera berriko enpresa ertain berritzaileek garatutako proiektuei ere aplikatuko zaie. Enpresa onuradunek 2 milioi euroko finantzaketa jaso ahal izango dute gehienez proiektu bakoitzeko.

Era berean, izaera txikiko zenbait baldintza ere malgutzen dira, hala nola Zerga Administrazioari komunikazioa aurkezteko moduari eta epeei dagozkienak, kenkaria aplikatzeko bete beharrekoak.

V

Ondarearen gaineko zergan, ahalbidetzen da Gipuzkoan azpiko aktibo higiezinak dituzten entitate ez-egoiliarretako partaidetza akzionarialak zergapetzea, egoiliarrarekiko betebehar errealean justifikaziorik ez duen diskriminazio bat zuzentzeko; izan ere, ez-egoiliarrak, pertsona juridiko ez-egoiliar bat tartekatze hutsagatik, ihes egiten dio aipatutako zergaren kargari.

Gainera, hobetu egiten da zergaren foru arauaren 6. artikuluko zazpigarren apartatuan aurreikusitako salbuespenak duen irismenaren erregulazioa, entitateen kapital edo ondareko partaidetzei aplikagarria (merkatu antolatuetan negoziatuak izan edo ez), baldin eta zergadunak zerbitzuak ematen baditu entitate horientzat, dela lan harreman baten barruan, dela jarduera ekonomiko baten esparruan.

Oinordetzen gaineko zergan badago aipatzeko moduko hobekuntza tekniko bat, ondorengo ahaideen alde doan eta «inter vivos» egiten diren eskurapenetan izan beharreko kautelari eragiten diona, ondasun edo eskubide berberak azken lau urteetan eskuratu direnean. Aldaketak berekin dakar kautela autolikidaziorako erregela gisa arautzea eta ez presuntzio gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 238/2022 epaian xedatutakoarekin bat.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, salbuespen gaietan sartzen diren aldaketak dira aipatzekoak; horrela, Tren Azpiegituren Administratzaile Orokorrei eta RENFE-Operadoreari Estatuarentzat eta administrazio publikoentzat aurreikusita dagoen araubidea aplikatuko zaie, eta SME Nekazaritzako Kauzioaren Estatu Sozietate Anonimoak elkarren bermerako sozietateek dituzten zerga onurak aplikatu ahal izango ditu.

Ondasun higiezinen gaineko zergan, 100eko 50etik 100eko 99ra igotzen da abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuaren bidez araututako «Bizigune» Etxebizitza Hutsen Programaren esparruan Eusko Jaurlaritzaren programen harian erabiltzeko lagatzen diren ondasun higiezinei zergan aplikatzen zaien hobaria. Gainera, hobari horren barruan sartzen dira Eusko Jaurlaritzaren «ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza programari» lagatako higiezinak.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, akats bat zuzentzen da enpresa jardueren 504.8 epigrafean sailkatutako jarduerak duen izendapenaren euskarazko bertsioan.

Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan, eguneratu egiten da zergaren zerga oinarria zehazteko garaian aplikatu beharreko gehieneko koefizienteen taula, zerga onesten duen foru arauan bertan ezarritakoarekin bat.

Abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauan, zeinaren bidez zenbait zuzenketa tekniko eta beste zerga egokitzapen batzuk egiten baitira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan, aldaketa bat sartzen da banku fundazioen zerga araubidean, argitzeko ezen, aurrezki kutxek bezala, horiek ez dituztela beren zerga oinarrian sartuko haien ongintza eta gizarte ekintzari lotutako inbertsioak eskualdatzetik datozen errentak.

2023. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituen urtarrilaren 17ko 1/2023 Foru Arauan doikuntza bat sartzen da hirugarren xedapen gehigarriak ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzeagatik aurreikusten duen kenkariari dagokion epean, foru arau honek sartutako aldaketaren ildotik.

Azkenik, foru arauak hiru xedapen iragankor jasotzen ditu, xedapen indargabetzaile bat, eta azken bi xedapen, arauak emateko ahalmenari buruzkoa bata eta foru araua indarrean jartzeko egunari eta haren ondorioei buruzkoa bestea.

Xedapen iragankorrei dagokienez, lehenengo biek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan sartutako aldaketei eragiten diete: lehenengoak arautzen du ikastaro, hitzaldi, solasaldi, mintegi eta antzekoak emateagatik eta literatura, arte edo zientzia lanak egiteagatik lortzen diren lan etekinak atxikitzeko araubide iragankorra, lehenago ere aipatu dena; eta bigarrenak ezartzen du zer baldintza bete behar diren desgaitasuna urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuan aurreikusitako prozedura berriaren arabera aitortua duten zergadunek desgaitasunagatik edo mendekotasunagatik araututa dagoen kenkaria 2023ko zergaldian aplikatzeko.

Bere aldetik, hirugarren xedapenak zer ikusia du Kontseiluaren 2016/1164 (EB) Zuzentarauaren transposizioa hobetze aldera sozietateen gaineko zergan sartu den aldaketarekin. Izan ere, bertan xedatzen da aldaketa hori 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ere aplikatuko dela.

1. artikulua.– Aldatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:

Bat.– 27. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Epez kanpoko aitorpenak errekargu hau izango du:

a) 100eko 2, baldin eta autolikidazioa edo aitorpena aurkezten bada aurkezpena eta diru-sarrera egiteko borondatezko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan.

b) 100eko 5, baldin eta autolikidazioa edo aitorpena aurkezten bada aurkezpena eta diru-sarrera egiteko borondatezko epea amaitu ondorengo laugarren eta hamabigarren hilabete bitartean.

c) 100eko 10, baldin eta autolikidazioa edo aitorpena aurkezten bada aurkezpena eta diru-sarrera egiteko borondatezko epea amaitu eta hamabi hilabete igaro ondoren.

Errekargu hori kalkulatzeko, aintzat hartuko da autolikidazioen ondorioz ordaindu beharreko zenbatekoa edo epez kanpoko aitorpenetatik eratorritako likidaziotik datorrena. Zehapenak, egonez gero, alde batera utziko dira, baina ez berandutze interesak.

Berandutze interesak kalkulatuko dira autolikidazioa edo aitorpena aurkeztu eta diru-sarrera egiteko borondatezko epea amaitzen denetik hura aurkeztu arte.

Epez kanpo baina aurretiazko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenetatik datozen likidazioen kasuan, berandutze interesik ez da exijituko aitorpena aurkezten denetik likidazioa ordaintzeko borondatezko epea amaitu arte igarotako denboragatik, baina horrek ez du galaraziko aitorpena epez kanpo aurkezteagatik zilegi izan litezkeen errekargu edo interesak exijitzea.»

Bi.– 42.3 artikuluko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Era berean, sartu gabe dauden atxikipenak egin dituzten entitateen erantzule solidario izango dira honako hauek: izatezko zein zuzenbideko administratzaileak; kapitalean zuzenean edo zeharka gutxienez 100eko 20ko partaidetza duten bazkideak; erkide edo partaideak; ezkontideak eta izatezko bikotekideak eta azken bi horien aurreko zein ondorengo ahaideak (bigarren graduraino). Erantzukizunaren zenbatekoa atxikipenak direla eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioetan aplikatu zaien kenkariaren zenbatekoa izango da. Atxikitako zenbatekoen diru-sarrera partzialak egin badira, ordaintzeke dagoen zorra atxikitako pertsona bakoitzari proportzionalki dagokiola joko da.»

Hiru.– 79.1 artikuluko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Erregelamenduz ezarriko den eran, zergapekoak Zerga Administrazioari eskatu ahal izango dio kautelazko neurriak har ditzala aurreko paragrafoetan aipatutako bermeen ordez. Horrelakoetan, foru arau honen aurreko artikuluko 7. apartatuan xedatutakoa ez da aplikatuko.»

Lau.– 90.1 artikuluari f) letra gehitzen zaio, eta honela dio:

«f) Entitateek edo pertsona juridikoek haien titular errealak zein diren identifikatu behar diote Zerga Administrazioari. Ondorio horietarako, titular errealtzat hartuko dira kapitalak zuritzea eta terrorismoa finantzatzea eragozteari buruzko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4. artikuluko 2. apartatuaren arabera definitutakoak.»

Bost.– 90.4 artikuluko c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Protokolo notarialaren sekretua, zeinak barruan hartuko baititu Notariotzari buruzko Legearen 34. eta 35. artikuluetan aipatzen diren tresna publikoak eta ezkontza gaiei edo izatezko bikoteei dagozkienak, ezkontza sozietatearen erregimen ekonomikoari eta izatezko bikoteen ondare erregimen ekonomikoari buruzkoak izan ezik.»

Sei.– 92.1 artikuluan d), p) eta q) letrak aldatzen dira, eta r) letra gehitzen zaio, jarraian zehazten den eran:

«d) Administrazio publikoekin lankidetzan jardutea, funts publikoen edo Europar Batasunaren kargurako laguntzak edo dirulaguntzak lortzean delitu fiskala eta iruzurra prebenitu eta haien aurka egiteko, Europar Batasunaren interes finantzarioei kalte egiten dieten iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitu, detektatu eta zuzentzeko neurriak barruan sartuta.»

«p) Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoarekin lankidetzan jardutea, zigor prozesu batean enbargatu edo konfiskatu daitezkeen ondasunak eta eskubideak aurkitzen lagunduko duten datu, txosten edo aurrekarien lagapena dela medio, zirkunstantzia hori aurrez frogatuta betiere.»

«q) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan aritzea, Etxeko langileen lan baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzeari buruzko irailaren 6ko 16/2022 Errege Lege-Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoa betetzeko.»

«r) Elkarlanean jardutea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren exekuzioarekin lotutako kontratuak adjudikatu eta dirulaguntzak emateko prozeduren entitate arduradunekin, interes gatazka izateko arriskuaren analisi sistematikoari dagokionez.»

Zazpi.– 92 bis.1.a) artikuluko bi apartatua honela geratzen da idatzita:

«Bi. Aurreko bat apartatuan deskribatutako pertsonekin hurrengo ahaidetasun harremana duten edo, ikertutako denboran, izan duten pertsona fisikoak: ezkontidea, izatezko bikotekidea, antzeko afektibotasun harreman batean bizikide direnak, mendeko seme-alabak edo tutoretzapeko pertsonak, eta bigarren mailako senideak, odol edo ezkontza bidezkoak.

Ezkontideei, izatezko bikotekideei edo antzeko afektibotasun harreman batean bizikide direnei buruz aurreko paragrafoan esandakoa erregimen ekonomikoa edo ondare erregimena edozein dutela ere aplikatuko da.»

Zortzi.– 125. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Foru arau honen 130. artikuluan aurreikusitakoa ezertan kendu gabe, kudeaketa prozeduretan Zerga Administrazioak ezin izango dio eskatu zergapekoari merkataritza kontabilitatearen kopiarik.

Dena den, prozedura batean zehar zergapekoak, errekerimendurik aurrez jaso gabe, kontabilitate dokumentazioa aurkezten badu haren ustez egokia delako eragiketa jakin batzuen kontabilizazioa frogatzeko, Zerga Administrazioak dokumentazio hori aztertu ahal izango du, dokumentazio horretan agertzen dena eta Zerga Administrazioak duen informazioa, prozeduran lortutakoa barne, bat datozela egiaztatzeko.

Esandako dokumentazioa aztertzeak ez du galaraziko ezta mugatuko ere bertan aipatzen diren eragiketak geroko prozedura batean egiaztatzea.»

Bederatzi.– 130.2 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Aztertzea merkataritza kontabilitatearen kopia. Ondorio horietarako, foru arau honen 125.3 artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoetan aurreikusitakoa ere aplikatuko da.»

Hamar.– 174. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Enbargo jarduketa bakoitza eginbide batean dokumentatuko da, eta eginbide hori jarduketa horren xede den pertsonari jakinaraziko zaio.

Ondasunak edo eskubideak enbargatu ondoren, eginbidea zergapekoari jakinaraziko zaio, eta, hala badagokio, ondasunen hirugarren titularrari, edukitzaileari edo gordailuzainari, jarduketak ez badira haiekin egin, zergapekoaren ezkontideari, enbargatutako ondasunak irabazpidezkoak direnean, edo izatezko bikotekideari, haren ondare erregimen ekonomikoa irabazpidezkoa denean, bai eta horien jabekide edo titularkideei ere.»

Hamaika.– 256.7 artikuluko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Artikulu honetan erantzukizuna deklaratzeko aurreikusitako prozeduraren tramitazioan zehar hartzen diren kautelazko neurriei foru arau honen 78.7 artikuluko e) letran xedatutakoa aplikatuko zaie.»

Hamabi.– Hamahirugarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Ondorio horietarako, foru arau honen 90., 91. eta 93. artikuluetan aurreikusten diren eskumenak erabili ahal izango ditu, delituarekin zerikusia duten pertsonen ondare egoerari buruzko txostenak egin, eta foru arau honen 78. artikuluko 9. apartatuan jasotzen diren kautelazko neurriak hartu.»

Hamahiru.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, hogeita batgarrena, honako hau dioena:

«Hogeita batgarren xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

2. artikulua.– Aldatzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

Lehena. 2023ko apirilaren 20tik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan:

Bat.– 23.3 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) 100eko 250, desgaitasun maila 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65ekoa baino txikiagoa duten langile aktibo desgaituentzat, baldin eta mugikortasun murriztuko gabezia egoeran badaude –mugikortasuna murriztuta dutela joko da Mugikortasun Jardueren Mugen azpibaremoan, desgaitasun maila aitortu, ezarri eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsian, 100eko 25eko edo hortik gorako mugikortasun falta ematen zaienean–. Orobat, 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten langile aktibo desgaituentzat ere 100eko 250 gehituko da hobaria.»

Bi.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita hamalaugarrena, honela dioena:

«Hogeita hamalaugarren xedapen iragankorra. Mugikortasun murriztuko gabezia egoera egiaztatzeko araubide iragankorra, lan etekinaren hobari gehitua zehazteko.

Foru arau honen 23.3 artikuluko b) letran aurreikusitako hobaria aplikatzearen ondorioetarako, letra horretan aipatzen den mugikortasun murriztuko gabezia egoera frogatutzat joko da desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat egindako ziurtagiria aurkezten bada b) letra horrek 2022ko abenduaren 31n indarrean duen idazketari jarraituz, betiere desgaitasunaren beste aitorpen, deklarazio edo kalifikazio bat egiten ez den bitartean.»

Bigarrena.– 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan:

Bat.– 9. artikuluko 12. zenbakian h) letra ezabatzen da, eta 36. zenbakia gehitzen zaio artikuluari, jarraian zehazten den eran:

«36.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ekonomikoa, Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legean xedatutakoaren arabera jasotakoa.»

Bi.– 9. artikuluko 13. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«13.– Kasuan kasuko entitate kudeatzaileak aitortutako langabezia prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen direnean ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuan eta Lan autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 34. artikuluan ezarritakoaren arabera, betiere jasotako zenbatekoak xedapen arauemaile horietan ezarritako helburuetarako erabiltzen badira, xedapen horietan aurreikusitako baldintzak betez.

Zergaduna lan sozietateetan edo lan elkartuko kooperatibetan sartu bada, edo ekarpen bat egin badu merkataritza entitate baten kapital sozialean, aurreko paragrafoan adierazi den salbuespena aplikatzeko, ezinbesteko baldintza izango da akzioari edo partaidetzari bost urtez eustea, eta langile autonomoen kasuan, epe berean eustea jarduerari. Akzio edo partaidetzari edo jarduera ekonomikoari bost urtez eustea ez da exijituko epe hori ezin denean bete enpresa konkurtso prozedura baten ondorioz likidatzen bada. Langile autonomoei ez zaie exigituko epe hori betetzea, baldin eta epea ez betetzearen arrazoia Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginak 331. artikuluaren 1. apartatuko a) letraren 1. eta 3. zenbakietan xedatutakotik ondorioztatzen bada (testu bategin hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, salbuetsita egongo dira borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek kooperatiba deseginetako bazkide langileei eta lan bazkideei behin betiko birkokapenagatik enpleguaren alde aitortutako dirulaguntzak, baldin eta kooperatibak Gizarte Segurantzako erregimen berezira atxikita badaude eta laguntzak behin betiko birkokatzeko erabiltzen diren kooperatiben kapital sozialaren aldeko ekarpenak egiteko bideratzen badira.

Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan, gehienez salbuetsiko den zenbatekoa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak aitortzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa izango da. Soberakina lan etekin moduan zergapetuko da.»

Hiru.– 9.18 artikuluko a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Europar Batasuneko nekazaritza politikatik datozen laguntzak jasotzea, betiere esnearen, mahatsaren, udarearen, mertxikaren, nektarinaren, azukre erremolatxaren edo azukre kanaberaren produkzioa behin betiko uzteagatik edo bananondoak, sagastiak, madariondoak, mertxikondoak eta nektarinondoak erauztegatik jasotzen direnean, eta klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenei (ekoerregimenei) emandako laguntzak jasotzea».

Lau.– 9. artikuluko 32. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«32.– Genero Indarkeriaren aurka osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikotik eratorritako laguntzak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Agindutik eratorritakoak (Agindua, zeinaren bidez ezartzen baita zer prozedurari jarraituko zaion genero Indarkeriaren aurka osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako laguntza ekonomikoa eman eta ordaintzeko). Era berean, lurralde administrazio publikoek emandako laguntzak ere salbuetsita egongo dira, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan aurreikusitako xede bera badute.»

Bost.– 17.2 artikuluko h) letra honela geratzen da idatzita:

«h) Langileek eskuratutako akzio eta partaidetzen merkatuko balio normalaren eta eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa, sorrera berriko entitate berritzaileen akzio edo partaidetzen gaineko aukerak baliatzeagatik agerian jarritakoa, baldin eta aukera eskubidea baliatzen bada ematen denetik gutxienez hiru urte igaro eta gero.

Sorrera berriko entitate berritzaileak foru arau honen 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera eduki beharko du izaera hori, eta aurreko paragrafoan esandako aukera eskubidea ematen den unean bete beharko ditu artikulu horren 4. apartatuan aipatzen diren beharkizunak.

Letra honetan aurreikusitakoaren arabera eskuratutako akzio eta partaidetzei dagokienez etorkizunean agerian jar daitezkeen ondare irabazi eta galerak zehazteko, kontuan hartu beharreko eskurapen balio erreala lehenengo paragrafoan aipatzen den eskurapen balioa izango da.»

Sei.– 18. artikuluari k) eta l) letrak gehitzen zaizkio, eta honela diote:

«k) Ikastaroak, hitzaldiak, solasaldiak, mintegiak eta antzekoak emateagatik lortutako etekinak.

Dena den, k) letra honetan aipatutako etekinak lortzeko beharrezkoa bada produkzio bitartekoak eta giza baliabideak edo bietako bat norberaren kontura antolatzea ondasunen edo zerbitzuen ekoizpenean edo banaketan esku hartzeko, jarduera ekonomikoen etekin gisa kalifikatuko dira.

l) Literatura, arte edo zientzia lanak egiteagatik lortutako etekinak, betiere haiek ustiatzeko eskubidea lagatzen bada.

Dena den, l) letra honetan aipatutako etekinak lortzeko beharrezkoa bada produkzio bitartekoak eta giza baliabideak edo bietako bat norberaren kontura antolatzea ondasunen edo zerbitzuen ekoizpenean edo banaketan esku hartzeko, jarduera ekonomikoen etekin gisa kalifikatuko dira.»

Zazpi.– 24. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Ondasun higiezinen errentamendua edo haien salerosketa jarduera ekonomikotzat hartuko da bakar-bakarrik baldin eta jarduera antolatzeko gutxienez pertsona bat enplegatuta badago lan kontratuarekin, lanaldi osoan eta jarduera horretara osorik emanda. Ondorio horietarako, honako hauek ez dira enplegatutzat hartuko: zergadunaren ezkontidea, izatezko bikotekidea, aurreko ahaideak, ondorengo ahaideak edo bigarren mailako alboko ahaideak, ahaidetasun hori odolkidetasuna, ezkontza edo adopzioa izan, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluko 3. apartatuan ezarritako zentzuan zergadunari lotuta dauden pertsonak.»

Zortzi.– 34.f) artikuluko b’) letraren 1.) zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1) Partaidetza, akzio edo eskubide horien eskubide ekonomiko bereziak gauzatu daitezen, ezinbesteko baldintza da aurreko a') letran aipatutako entitateko gainerako inbertsoreek entitatearen erregelamenduan edo estatutuan zehaztutako gutxieneko errentagarritasuna lortzea.»

Bederatzi.– 41.2 artikuluko d) letraren lehen eta laugarren beharkizunak honela geratzen dira idatzita:

«Lehena: Langile eskuratzaileek eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez bitan izan behar dute lan egindakoak enpresan edo entitatean edo taldeko entitateetan. Ondorio horietarako, senideen zaintza dela-eta langileak borondatezko eszedentzian egon badira entitate horietako batean, egoera horretan emandako denbora tarteak lan egindako epealditzat hartuko dira.»

«Laugarrena. Aurreko bigarren beharkizunean aurreikusitako epean zehar, eskuratzaile bakoitzak entitatean zuzenean edo zeharka izan dezakeen partaidetza, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikotekidearena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta hirugarren gradura bitarteko albokoena, ezin da izan 100eko 40tik gorakoa. Entitatea talde bateko kide bada, aurreko beharkizuna taldea osatzen duen entitate bakoitzari dagokionez bete beharko da.»

Hamar.– 47.1 artikuluko f) letra honela geratzen da idatzita:

«f) Bazkideak merkataritza legeriaren arabera banantzen badira edo sozietateak deseginez gero, ondare irabazi edo galeratzat honako hau hartuko da, sozietateari dagokiona eragotzi gabe: sozietatearen likidazio kuotaren balioa edo jasotako ondasunen merkatu balioa ken tituluaren edo kapital partaidetzaren eskurapen balioa.

Sozietateak zatitzen, bat-egiten edo xurgatzen diren kasuetan, zergadunaren ondare irabazia edo galera diferentzia honen emaitza izango da: bazkidearen partaidetza adierazten duten titulu, eskubide edo baloreen eskurapen balioa ken jasotako edo emandako titulu, eskudiru edo eskubideen merkatu balioa.»

Hamaika.– VI bis kapituluaren izenburua honela geratzen da idatzita:

«Araubide bereziak»

Hamabi.– 56 bis.1 artikuluko a) letrari e’) letra gehitzen zaio, eta b´) letra aldatzen da; jarraian zehazten den eran:

«b´) Lekualdaketa hori lan kontratu baten ondorio izatea. Baldintza hori betetzat joko da Espainian enplegu-emailea den pertsona edo entitate batekin lan harreman bat hasten denean, izan harreman hori arrunta edo berezia, izan estatutarioa edo izan kooperatiba bateko bazkide langile edo langile bazkide moduan jardutekoa, edo lekualdaketa enplegu-emaile horrek aginduta eta tartean lekualdaketa gutun bat dagoela egiten denean, eta zergadunak Espainiako lurraldean kokatutako establezimendu iraunkor baten bidez lortutzat joko liratekeen errentak lortzen ez dituenean.

Orobat, baldintza hori betetzat joko da lekualdaketaren xedea entitate batean kontseilari edo administratzaile kargu bat betetzea denean zuzendaritza eta kudeaketa eginkizunekin, gizarte segurantzan aplikatzen zaion araubidea edozein dela ere.»

«e’) Entitate enplegatzailea edo zuzendaritza eta kudeaketa eginkizunak betetzen diren erakundea ez izatea ondare sozietate bat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 14. artikuluan aipatzen den moduan.»

Hamahiru.– 56 ter artikulu berria gehitzen da, eduki honekin:

«56 ter artikulua.– Sorrera berriko entitate berritzaileen bazkide sortzaileentzako araubide berezia.

1.– Sorrera berriko entitate berritzaileak, foru arau honen 89 ter artikuluko 1. apartatuaren a) letran aipatuak, eratzen dituzten zergadunek artikulu honetan aurreikusten den araubide bereziaren arabera tributatu ahal izango dute gehienez ere entitate berritzailea eratzen den zergaldian eta hurrengo hamarretan, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Entitateek aurreko paragrafoan aipatutako zergaldietako batean gutxienez bete beharko dute 89 ter.1 artikuluko a) letran aurreikusitakoa. Ondorio horietarako, ez da erreferentzia gisa hartuko a) letra horren b´) letran aipatzen den harpidetza unea, aurreko paragrafoan aipatu diren zergaldietako edozein baizik.

Letra honetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla frogatzeko, 89 ter.1 artikuluko a) letran aipatzen diren txosten arrazoituak aurkeztu beharko dira.

b) Eratutako entitateek 89 ter artikuluko 4. apartatuan jasotzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

c) Entitatea eratzen duen pertsonak inplikazio pertsonal bat izan behar du harekiko, dela lan harreman arrunt edo berezi baten bidez dela kontseilari edo administratzaile modura.

d) Eraketaren unean, fundatzaileak gutxienez 100eko 5eko partaidetza eduki behar du kapitalean edo boto eskubideetan.

2.– Sorrera berriko entitate berritzaileen bazkide sortzaileek aurreko 1. apartatuko baldintzak bete eta artikulu honetan aurreikusitako araubide berezia aukeratzen badute, 100eko 30eko salbuespena aplikatu ahal izango dute aurreko 1. apartatuko c) letran aipatutako harremanetatik ondorioztatzen diren lan etekin osoen gainean.

3.– Artikulu honetan aipatzen diren zergadunek aurreko 2. apartatuan aurreikusitako salbuespena aplikatu ahal izango dute hura aplikatzeko baldintzak betetzen direla frogatzen den lehen zergalditik aurrera eta aurreko 1. apartatuan aurreikusitako gehieneko epea bete arte falta diren zergaldietan.

Hala ere, zergadunek posible izango dute araubide berezia zergaldi batean aplikatzea, baldintzaren betekizuna frogatu ez arren, baldin eta, zergaldi horri dagokion zerga autolikidatzeko borondatezko epea amaitu baino lehen, aurreko 1. apartatuko a) letran adierazitako txosten arrazoitua eskatua badute eta txosten hori aldekoa bada.

Ondorio horietarako, eta foru arau honen 104. artikuluan xedatutakoa gorabehera, txostena autolikidazioa aurkezteko borondatezko epea amaitu ondoren eskuratzen bada, artikulu horretan zerga araubide honi dagokionez aurreikusten den hautua txosten hori jaso eta hilabeteko epean egitea onartuko da.»

Hamalau.– 57.2 artikuluari d) bis letra gehitzen zaio, eta j) letra aldatzen da, ondoren zehazten den eran:

«d bis) Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian egiten den kotizazioaren erregularizazioak, hain zuzen ere urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 308. artikuluan aurreikusitakoak, berekin badakar zenbateko gehigarri bat ordaintzea edo erregularizatzen den epealdiagatik behin-behinean kotizatutakoa murriztea, erregularizazio hori zergadunak diru-sarrera gehigarria egiten duen edo itzulketa jasotzen duen zergaldiari egotziko zaio.

Hala ere, zergadunak beti aukeratu ahal izango du erregularizaziotik ondorioztatutako kotizazio gehikuntzak edo murriztapenak kotizazio horiei dagozkien zergaldiei egoztea, zuzenketa bat eskatuz edo, bestela, autolikidazio osagarri bat aurkeztuz, zehapenik edo errekargurik ezarri gabe, eta berandutze interesik sortu gabe. Aipatu diren zuzenketa eskaerak edo autolikidazio osagarriak aurkezteko epea erregularizatutako zenbatekoak ordaintzen edo lortzen diren egunean hasi eta zerga hau autolikidatzeko hurrengo epea amaitzean bukatuko da.

Besteren konturako langileen kasuan, Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian egiten diren kotizazioak entitate enplegatzaileak ordaintzen baditu, gauzazko ordainsaria gastua erregularizatzen den zergaldi berean erregularizatuko da.»

«j) Epemugara iritsi baina kobratu gabeko kredituek eragindako ondare galerak zirkunstantzia hauetakoren bat dagoen zergaldiari egotzi ahal izango zaizkio:

1.a Eraginkortasuna hartzea judizialki homologagarria den berregituratze plan batean ezarritako kita batek, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Konkurtso Legearen testu bategineko bigarren liburuaren III. tituluan aipatuak; kasu horretan, galera kitaren zenbatekoa izango da.

2.a Zorduna konkurtso egoeran egonik, eraginkortasuna hartzea kredituaren zenbatekoaren pareko kita bat egitea adosten den hitzarmenak, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginaren lehen liburuko VII. tituluko VI. kapituluan xedatutakoarekin bat; kasu horretan, galera kitaren zenbatekoa izango da.

Beste kasu batean, konkurtso prozedura amaitzea eta artean oraindik ordaindu gabe egotea kreditua, salbu eta adosten bada konkurtsoa amaitzea maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Konkurtso Legearen 465. artikuluko 1., 2., 3., 5. eta 8. zenbakietan aipatutako kausak direla eta.

3.a Zordunari dagokionez behin mikroenpresentzako prozedura berezi bat irekita dagoela, eraginkortasuna hartzea judizialki homologagarria den jarraipen plan batean ezarritako kita batek, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginaren hirugarren liburuko II. tituluan aipatuak; kasu horretan, galera kitaren zenbatekoa izango da.

4.a Urtebeteko epea igarotzea kreditua exekutatzea xede duen konkurtsoz besteko prozedura judiziala hasi zenetik eta kreditu hori ordaindu gabe egotea.

Kreditua kobratzen bada j) letra honetan aipatutako ondare galera konputatu ondoren, kobrantza hori gertatzen den zergaldian kobratutako zenbatekoa adinako ondare irabazia egotziko da.»

Hamabost.– 65. artikuluko c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Ondare eta galera irabaziak, ondorengo artikuluan jasotakoak izan ezik, zergaldi bakoitzean beraien artean bakarrik integratu eta konpentsatu ondoren ateratzen edo ondorioztatzen den saldo positiboa.

Artikulu honetako c) letran aipatutako integrazio eta konpentsazioak saldo negatiboa ematen badu, haren zenbatekoa artikulu honetako a) eta b) letretan jasotako errenten saldo positiboarekin konpentsatu behar da, hau da, zergaldi berean lortutako saldo positiboarekin. Saldo positibo horren 100eko 25 izango da muga. Konpentsazio hori egin eta saldo negatiboa ateratzen bada, zenbateko hori ondorengo 4 urteetan konpentsatuko da, artikulu honetako aurreko letretan ezarri den hurrenkera berberari jarraituz. Hurrengo ekitaldi bakoitzak onartzen duen gehieneko kopuruan egin beharko da konpentsazioa, eta ezingo da egin lau urteko epetik kanpo, hurrengo ekitaldietako ondare galerekin metatuta.»

Hamasei.– 71.1 artikuluko b) letraren bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Banakako enpresaburuak gizarte aurreikuspeneko entitate edo mutualitateei, aurreko artikuluaren 1. apartatuko 2. eta 3. zenbakietan aipatutako enpleguko pentsio planei, enpresen gizarte aurreikuspeneko planei edo mendeko aseguru kolektiboei egindako ekarpen propioak muga horren barruan sartuko dira, baldin eta enpresaburua, aldi berean, haren sustatzaile eta partaide, edo mutualista, hartzaile edo bazkide babesle eta onuradun bada.»

Hamazazpi.– 79. artikuluko 6. apartatua honela geratzen da idatzita:

«6.– Artikulu honen ondorioetarako, ondorengo ahaideekin parekatuko dira adingabeak babesteko eskumena duen entitate publikoaren aurrean formalizatutako tutoretza edo harrera dela-eta zergadunari lotuta dauden pertsonak, eta ordezkaritza ahalmenak betetzen dituen zergadunaren kuradoretzapean daudenak.»

Hemezortzi.– 82. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Desgaitasuna edo mendekotasuna duen zergadun bakoitzeko, hurrengo kenkaria aplikatuko da, erregelamenduz ezarritako eran frogatu behar den desgaitasun edo mendekotasun mailaren arabera:

(Ikus .PDF)

Aurreko paragrafoan aipatutako desgaitasun eta mendekotasun maila neurtzeko xedapen hauek hartuko dira kontuan: urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretua, desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena, eta otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita mendekotasun egoera baloratzeko baremoa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarria.

Kenkari bera aplikatuko da ezkontidea edo izatezko bikotekidea desgaitua edo mendekoa izan eta apartatu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituenean.»

Hemeretzi.– 87 bis artikuluari 7. apartatua gehitzen zaio, eta honela dio:

«7.– Artikulu honetan aurreikusitako elementuak eskuratzeko egiten diren inbertsioek ezin izango dute berekin ekarri kapitulu honetan araututakoak ez diren kenkariak aplikatzea.»

Hogei.– 89. artikuluko 1. apartatuaren lehen paragrafoaren sarrera honela geratzen da idatzita:

«Zergadunek 100eko 15eko kenkaria egin ahal izango dute, gizonezkoen kasuan, eta 100eko 20koa, emakumezkoen kasuan, zergaldian zehar ordaindutako kopuruengatik, kopuru horiek ondoren aipatzen diren entitateetako akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko erabili dituztenean. Entitate horiek izan daitezke:»

Hogeita bat.– 89 ter artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa eta apartatu horren a) letrako b’) letraren bigarren paragrafoa honela geratzen dira idatzita:

«Sorrera berriko entitate berritzaileen akzio edo partaidetzak lehen mailako merkatuan harpidetzen dituzten zergadunek 100eko 30eko kenkaria aplikatu ahal izango dute zergaldian ordaindutako kopuruengatik, entitate horiek apartatu honetan eta hurrengo 4. eta 5. apartatuetan xedatutakoa betetzen badute.»

«Baldintza hau betetzen dela justifikatzeko, beharrezkoa izango da aipatutako foru arauaren 64.3 artikuluan aipatzen den txosten arrazoituaren bidez frogatzea entitateak egindako jarduerak ikerketa eta garapen jarduerak direla edo berrikuntza teknologikoaren arloari dagozkiola.»

Hogeita bi.– 89 ter artikuluaren 2. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Hazkunde prozesuan dauden entitateen akzio edo partaidetzak lehen mailako merkatuan harpidetzen dituzten zergadunek 100eko 15eko kenkaria aplikatu ahal izango dute zergaldian ordaindutako kopuruengatik, entitate horiek apartatu honetan eta hurrengo 4. eta 5. apartatuetan xedatutakoa betetzen badute.»

Hogeita hiru.– 89 ter artikuluaren 5. apartatuko g) letra honela geratzen da idatzita:

«g) Sorrera berriko entitate berritzaileen kasuan –aurreko 1. apartatuan aipatuak–, haien obligazioa da zergadunak ordaindutako zenbatekoaren 100eko 50 bideratzea, aurreko d) letran ezarritako bost urteko epearen barruan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 62tik 64ra bitarteko artikuluetan definitutako ikerketa eta garapen jarduerekin edo berrikuntza teknologikokoekin zuzenean erlazionatutako gastu edo inbertsioak ordaintzeko, edo jarduera horien emaitza produzitu edo merkaturatzeko. Entitatearen jarduerak ikerketa eta garapen jarduerak edo berrikuntza teknologikokoak direla justifikatzeko, esandako foru arauaren 64. artikuluko 3. apartatuan aipatzen den txosten arrazoitua lortu beharko du entitateak.»

Hogeita lau.– 89 quater artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Zergadunek akzioak edo partaidetzak harpidetzen badituzte beraiek langile gisa jardungo duten entitateak eratzeko, zilegi izango dute helburu horretara zergaldian bideratutako kopuruen 100eko 15 kentzea, gizonezkoen kasuan, eta 100eko 20, emakumezkoen kasuan.»

Hogeita bost.– 104.1 artikuluari j) eta k) letrak gehitzen zaizkio, eta honela diote:

«j) Entitate berritzaileak sortzen dituzten pertsonentzako araubide berezia, 56 ter artikuluan aurreikusia.

k) Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian kotizatutakoaren gehikuntza edo murriztapena dagokion zergaldiari egoztea, 57.2 artikuluko d bis letran arautu bezala.»

Hogeita sei.– Lehen xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Lehen xedapen gehigarria.– Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, izatezko bikoteei buruzko erreferentziak Izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutakoei egindakotzat joko dira.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

Hogeita zazpi.– Hogeita hamargarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Hogeita hamargarren xedapen gehigarria. Konkurtso prozeduretan zordunak lortutako errentak salbuestea.

Zordunek lortzen dituzten errentak zerga honetatik salbuetsita egongo dira baldin eta zorren kitengatik edo haiek ordaintzeko emateengatik eskuratzen badira, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginean finkatutako prozeduraren arabera judizialki onetsi den hitzarmen batean, testu bategin horren bigarren liburuko III. tituluan aurreikusitakoaren arabera judizialki homologatutako berregituratze plan batean, edo testu bategin horren hirugarren liburuko II. tituluan aurreikusitakoaren arabera judizialki homologatutako jarraipen plan batean ezarritakoari jarraituta, edo, bestela, testu bereko lehen liburuko XI. tituluaren II. kapituluan aipatzen den pasibo ordaindugabearen ondorio badira, betiere zorrak jarduera ekonomikoetatik ez badatoz.»

Hogeita zortzi.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, hogeita hamazazpigarrena, honela dioena:

«Hogeita hamazazpigarren xedapen gehigarria. Banakako pentsioen produktu paneuroparrak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238/EB Erregelamenduan, banakako pentsioen produktu paneuroparrari buruzkoan, araututa dauden banakako pentsioen produktu paneuroparrei borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateei eta pentsio planei dagokien tratamendua aplikatuko zaie zerga honetan.

Zehazki:

a) Aurreztaileek banakako pentsioen produktu paneuroparrei egindako ekarpenek zerga oinarri orokorra murriztu ahal izango dute, foru arau honen 70. artikuluan aurreikusitako borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateei, pentsio planei eta gizarte aurreikuspeneko beste sistema batzuei egindako ekarpenen baldintza berberetan, eta gizarte aurreikuspeneko sistemetarako artikulu horren 3. apartatuan aurreikusitako gehieneko mugan eta foru arau honen 71. artikuluan ezarritako gehieneko muga bateratuan sartuko dira.

b) Banakako pentsioen produktu paneuroparren onuradunek jasotzen dituzten prestazioak lan etekintzat hartuko dira beti, eta ez dira egongo oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari lotuta.

c) Zergadunak pentsio planen eta funtsen araudian zehaztutakoez bestelako kasuetan baliatzen baditu, osorik edo partez, banakako pentsioen produktu paneuroparrei egindako ekarpenetatik eratorritako eskubide ekonomikoak, zerga oinarrian bidegabe aplikatutako murriztapenak itzuli beharko ditu, berandutze interesak barne, bidezko autolikidazio osagarrien bidez. Jasotzen diren zenbatekoek erregularizatutako ekarpenen zenbatekoa gainditzen badute, lan etekin gisa tributatuko dute jasotzen diren zergaldian.»

Hogeita bederatzi.– Beste xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, hogeita hamazortzigarrena, honela dioena:

«Hogeita hamazortzigarren xedapen gehigarria. Progresibitatearekin salbuetsitako errentak.

Progresibitatearekin salbuetsitako errentatzat hartzen dira, zergapetuak izan ez arren, aintzat hartu behar direnak zergaldiko gainerako errentei aplikatu beharreko karga tasa kalkulatzeko.

Progresibitatearekin salbuetsitako errentak oinarri likidagarri orokorrari edo aurrezpenekoari gehituko zaizkio, errentek zer izaera duten, kuota osoaren zehaztapenerako egoki den batez besteko karga tasa kalkulatzeko.

Horrela kalkulatutako batez besteko karga tasa oinarri likidagarri orokorrari edo aurrezpenekoari aplikatuko zaio, progresibitatearekin salbuetsitako errentak sartu gabe.»

Hogeita hamar.– Hamahirugarren xedapen iragankorraren a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Ordezkaritza ahalmenekin gauzatutako kuradoretzapean dauden pertsonei eta ordezkaritza ahalmen horiek baliatzen dituztenei foru arau honen 70., 72., 79., 82., 85. artikuluetan eta hamaikagarren xedapen gehigarrian egindako erreferentziak, Kode Zibilean ezarritako kausen ondorioz judizialki aitortutako ezintasuna duten pertsonei eta horien tutore kargua betetzen dutenei egindakotzat joko dira, hurrenez hurren.»

Hogeita hamaika.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita hamabosgarrena, honela dioena:

«Hogeita hamabosgarren xedapen iragankorra. Desgaitasunagatik edo mendekotasunagatik araututako kenkariari aplikatu beharreko araubide iragankorra, desgaitasun maila abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera aitortuta dagoenean.

Foru arau honen 82. artikuluan desgaitasun edo mendekotasunagatik aurreikusten den kenkaria aplikatzeari begira, desgaitasun egoera desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera aitortua duten zergadunei ez bazaie desgaitasun maila berriro aitortu, deklaratu edo kalifikatu, kenkaria aplikatuko dute aipatutako 82. artikuluaren 2022ko abenduaren 31ko idazketan desgaitasun mailari eta hirugarren pertsonen laguntza beharrari buruz ezarrita dauden eskakizunen arabera.»

3. artikulua.– Sozietateen gaineko zerga aldatzea.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– 11.1 artikuluko i) letra honela geratzen da idatzita:

«i) Inbertsioak Bermatzeko Funtsak, Balore Merkatuei eta Inbertsio Zerbitzuei buruzko martxoaren 17ko 6/2023 Legean arautuak.»

Bi.– 23. artikuluko 6. apartatua honela geratzen da idatzita:

«6.– Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, gertatzen bada ezen, eragiketa kontabilizatu behar den moduagatik, entitateak ez duela errentarik integratzen zerga oinarrian eta partaidetza horren balioa murriztu behar duela, galera bat konputatu ahal izango du zerga ondorioetarako, partaidetzaren eskualdaketa dela-eta aurreko zerga horietako batean kargatu diren mozkinen zenbatekoari apartatu horretako bigarren paragrafoan ezarritako erregela aplikatuta.»

Hiru.– 34.4 artikuluari c) letra aldatu eta d) letra gehitzen zaio, jarraian zehazten den eran:

«c) Eskualdatutako partaidetza foru arau honetako VI. tituluaren VII. kapituluko araubide bereziko erregelak aplikatuta baloratu bada eta erregela horien aplikazioak, are lehenagoko eskualdaketa batean ere, berekin ekarri badu errentak ez sartzea zerga honen zerga oinarrian edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarenean, errenta horiek sortuak izanik ekitaldiren batean foru arau honen 33. artikuluko 1. apartatuaren b) eta c) letretan ezarritako beharkizunak bete ez dituen entitate bateko partaidetza eskualdatzeagatik edo beste ondare elementu batzuen ez-diruzko ekarpenagatik, errentaren zati hau bakarrik utziko da zerga oinarritik kanpo aurreko 2. apartatuan ezarritako terminoetan: partaidetzaren eskualdaketa balioaren eta entitate eskualdatzaileak hura eskuratu zuenean partaidetzak zeukan merkatuko balio normalaren arteko diferentzia positiboa. Eskualdaketan lortutako gainerako errenta termino bertsuetan integratuko da zergaldiko zerga oinarrian.

d) Entitateko partaidetza foru arau honetako VI. tituluaren VII. kapituluko araubide bereziko erregelak aplikatuta baloratu denean eta erregela horien aplikazioak berekin ekarri duenean entitateetako partaidetzen ekarpenetik eratorritako errentak ez sartzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarrian, artikulu honetan aurreikusitako integraziorik eza ez zaio aplikatuko entitate eskuratzaileak jasotako partaidetzen balio fiskalaren eta eskurapenaren unean duten merkatu balioaren arteko diferentzia positiboari, baldin eta esandako partaidetzak ekarpena egin ondorengo bi urteen barruan eskualdatzen badira, non eta ez den frogatzen pertsona fisikoek epe horren barruan eskualdatu dutela entitatean zuten partaidetza.»

Lau.– 39.5 artikuluko a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Europar Batasuneko nekazaritza politikatik datozen laguntzak jasotzea, betiere esnearen, mahatsaren, udarearen, mertxikaren, nektarinaren, azukre erremolatxaren edo azukre kanaberaren produkzioa behin betiko uzteagatik edo bananondoak, sagastiak, madariondoak, mertxikondoak eta nektarinondoak erauztegatik jasotzen direnean, eta klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenei (ekoerregimenei) emandako laguntzak jasotzea».

Bost.– 40. artikuluaren 3. apartatuaren lehen eta bigarren paragrafoak eta 6. eta 7. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«Aurreko apartatuko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako kasuetan, entitate eskualdatzaileak elementu eskualdatuen merkatuko balioaren eta horien balio fiskalaren arteko diferentzia sartuko du bere zerga oinarrian. Dena den, kapitala edo funts propioak kredituen konpentsazioz gehitzen badira, entitate eskualdatzaileak kapital edo funts propioen gehikuntzaren zenbatekoaren eta kapitalizatutako kredituaren balio fiskalaren arteko diferentzia sartuko du bere zerga oinarrian, dagokion proportzioan.

Aurreko apartatuko e) eta f) letretan aipatu diren kasuetan, entitateek honako diferentzia hau sartuko dute zerga oinarrian: eskualdatutako elementuen merkatuko balio normalaren eta emandakoen balio fiskalaren artekoa.»

«6.– Entitateak desegitean eta bazkideak bereiztean, horiek jasotako elementuen merkatuko balio normalaren eta partaidetza deuseztatuaren balio fiskalaren arteko diferentzia sartuko da haien zerga oinarrian.

7.– Bat-egiteetan eta zatiketa oso zein partzialetan, jasotako partaidetzaren merkatuko balio normalaren eta partaidetza deuseztatuaren balio fiskalaren arteko diferentzia sartuko da bazkideen zerga oinarrian.»

Sei.– 42.3 artikuluko c) eta g) letrak honela geratzen dira idatzita:

«c) Entitate bat eta bertako bazkide, partaide, kontseilari edo administratzaileen ezkontideak, izatezko bikotekideak edo ahaidetasun harreman batengatik lotutako pertsonak. Harreman hori zuzenekoa zein zeharkakoa izan daiteke, odolkidetasunezkoa edo ezkontza bidezkoa, hirugarren mailaraino.»

«g) Bi entitate, zeinetan bertako bazkideek edo partaideek edo haien ezkontideek, izatezko bikotekideek edo ahaidetasun harreman batengatik lotutako pertsonek (harreman hori zuzenekoa zein zeharkakoa izan daiteke, odolkidetasunezkoa edo ezkontza bidezkoa, hirugarren mailaraino), gutxienez 100eko 25eko partaidetza baitute, zuzenean edo zeharka, kapital sozialean edo funts propioetan.»

Zazpi.– 43.5.g) artikuluko 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek, zenbatespen objektiboko araubidea aplikagarria zaion jarduera ekonomiko bat garatzean, entitateekin egiten dituzten eragiketak direnean, baldin eta zergadunek beraiek edo haien ezkontideek, izatezko bikotekideek, eta aurreko edo ondorengo ahaideek, banaka edo horiek guztiek batera, entitate horien kapital sozialaren edo funts propioen 100eko 25 edo gehiago badute.»

Zortzi.– 48. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Zergadunek beren zerga oinarrian sartuko dute entitate ez-egoiliarrek edo Espainiako lurraldean kokatu gabeko establezimendu iraunkorrek lortutako errenta positiboa, baldin eta errenta hori artikulu honetako 2. apartatuan aurreikusitako motetakoa bada eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Egoitza Espainiako lurraldean ez duen entitateari dagokionez, zergadunak, bere kabuz edo foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuan xedatutako zentzuan lotuta dauden pertsona edo entitateekin batera, 100eko 50eko edo hortik gorako partaidetza izatea haren kapitalean, funts propioetan, emaitzetan edo boto eskubideetan, entitatearen ekitaldi soziala ixten den egunean.

Zerga oinarrian sartu behar den errenta positiboaren zenbatekoa emaitzetan duten partaidetzaren proportzioan zehaztuko da, eta halakorik ezean, kapitalean, funts propioetan edo boto eskubideetan duten partaidetzaren proportzioan.

b) Entitate ez-egoiliarrak edo Espainiako lurraldean kokatu gabeko establezimendu iraunkorrak ordaindutako zenbatekoa, zerga honen pareko edo antzekoa den karga batengatik 2. apartatuan jasotako errenta motetako bati egozgarri dena, txikiagoa izatea zerga honen arauen arabera egokituko zen zenbatekoaren eta entitate ez-egoiliarrak edo establezimendu iraunkorrak benetan ordaindutakoaren arteko diferentzia baino.

Apartatu honetako lehen paragrafoaren b) letran aurreikusitako zenbatekoa konputatzeari begira, Espainiako lurraldean egoitzarik ez duen entitatearen establezimendu iraunkorra zerga honen pareko edo antzeko karga batengatik baldin badago ez-lotuta edo salbuetsita entitateak egoitza duen herrialde edo lurraldean, establezimendu hori ez da kontuan hartuko.

Oinarrian sartzen den errenta establezimendu iraunkor bidez lortu bada, foru arau honen 35. artikuluan aurreikusten den ez-integrazioa ez da aplikagarria izango.»

Bederatzi.– 54. artikuluan 10. apartatua aldatzen da, eta 13. apartatua gehitzen zaio, eduki honekin:

«10.– Maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginaren aplikazioagatik ondorioztatzen diren kiten eta itxaronaldien kontabilitate erregistroari dagokion diru-sarrera zordunaren zerga oinarrian egotziko da, geroago zor beretik eratorritako finantza gastuak erregistratu beharra egon ahala eta diru-sarrera horren mugaraino.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan aipatzen den diru-sarreraren zenbatekoa handiagoa bada zor beraren ondorioz erregistratzeko dauden finantza gastuen zenbateko osoa baino, diru-sarrera hori zergaldi bakoitzean erregistratutako finantza gastuekiko proportzioan egotziko da zerga oinarrian, zor beretik eratorritako eta erregistratzeke dauden finantza gastu guztiekiko.»

«13.– Entitateak gauzazko ordainsari gisa ordaintzen baditu Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziari besteren konturako langileengatik egin beharreko kotizazioak, araubide horri egindako kotizazioen erregularizazioek erregularizatutako epealdiagatik behin-behinean egindako kotizazioen aldean dakarten gastu handiago edo txikiagoa entitateak diru-sarrera gehigarriak egiten dituen edo itzulketak jasotzen dituen zergaldiei egotziko zaie –erregularizazio horiek urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 308. artikuluan aurreikusita daude–.

Hala ere, entitate enplegatzaileak beti aukeratu ahal izango du erregularizaziotik ondorioztatutako gastu gehikuntzak edo murriztapenak kotizazio horiei dagozkien zergaldiei egoztea, zuzenketa bat eskatuz edo, bestela, autolikidazio osagarri bat aurkeztuz, zehapenik edo errekargurik ezarri gabe, eta berandutze interesik sortu gabe. Aipatu diren zuzenketa eskaerak edo autolikidazio osagarriak aurkezteko epea erregularizatutako zenbatekoak ordaintzen edo lortzen diren egunean hasi eta zerga hau autolikidatzeko hurrengo epea amaitzean bukatuko da.»

Hamar.– 61. artikuluaren euskarazko bertsioa honela geratzen da idatzita:

«61. artikulua.– Aktibo ez-korronte berrietan egindako inbertsioen kenkaria.

1.– Jarraian aipatzen diren aktibo ez-korronteetan inbertitzen diren kopuruek eskubidea emango dute kuota likidoan 100eko 10eko kenkaria aplikatzeko, aktibo horiek ustiapen ekonomiko baten garapenari atxikita badaude (lurrak ez dira hartuko halako aktibotzat), xedea honako hau denean:

a) Ibilgetu materialaren edo higiezinetako inbertsioen parte diren aktibo ez-korronte berriak eskuratzea.

Aktibo ez-korrontea ez da berritzat joko beste pertsona edo entitateren batek erabilitakoa bada, hau da, aurretik beste pertsona edo entitateren batek bere ibilgetuan sartu badu, edo, abian jarri ez arren, Kontabilitate Plan Orokorraren arabera ibilgetuan sartu beharra izan badu.

b) Pabilioi industrial birgaituak eskuratzea eskualdatuak izateko, pabilioi industrialak eskuratzea birgaituak izateko, edo dagoeneko enpresaren aktiboan dauden pabilioi industrialak birgaitzea.

Ondorio horietarako, pabilioi industrialtzat joko dira industrial modura kalifikatutako zona batean kokatutakoak, pabilioian egiten den jarduera edozein dela ere; orobat, birgaitze lantzat hartzen dira egiturak, fatxadak edota gainaldeak finkatuz eta tratatuz pabilioiak berreraikitzea xede dutenak, betiere birgaitze lanen kostua eskurapen prezioaren 100eko 25 baino gehiago denean, birgaitzeko eskuratzen badira, edo prezio horrek ondasunari emandako balio garbiaren 100eko 25 gainditzen duenean, birgaituko den pabilioia dagoeneko enpresaren aktiboaren parte bada.

c) Aplikazio informatikoetako aktibo ukiezin berrietan egiten diren inbertsioak.

d) Enpresa emakidadunak emakida erabakiari lotutako zerbitzu publiko bat emateko asmoz azpiegiturak eraiki edo eskuratzeko egiten dituen inbertsioak, abenduaren 23ko EHA/3362/2010 Agindua indarrean jarri zenetik azpiegitura horiek ibilgetu ukiezin edo aktibo finatzario gisa kontabilizatuta daudenean. Kontabilitate Plan Orokorra azpiegitura publikoen enpresa emakidadunetara egokitzeko arauak onetsi ziren agindu horren bidez.

Artikulu honetako 3. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, azpiegitura horiek beren izaeragatik dagokien aktibo ez-korrontetzat hartuko dira.

2.– Orobat, aurreko apartatuan ezarritako beharkizunak betetzen dituzten aktibo ez-korronteetan inbertitutako kopuruek eskubidea emango dute kuota likidoan 100eko 5eko kenkaria aplikatzeko, kopuru hauen kasuan:

a) Zergadunak bere aktibo ez-korronteko elementuetan egiten dituen inbertsioak, kontabilitatean hobekuntza moduan jasotzen direnean.

b) Errentamendu operatiboen kasuan, errentatutako eta lagatako elementuan errentariak egiten dituen inbertsioak.

Apartatu honetako a) letran aipatzen diren inbertsioen garrantzi kuantitatibo edo kualitatiboagatik horiek aldaketa estruktural edo funtzional bat badakarte hobetutako aktiboan eta, horren ondorioz, aktibo hori lehenagokoak ez diren beste xede batzuetarako erabili badaiteke, zergadunak zilegi izango du Administrazioa lotesteko prozedura bat abiaraztea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 82. artikuluan eta haren hurrengoetan ezarritako terminoetan, Zerga Administrazioak, kasuan kasuko zirkunstantziak behin haztatuta, artikulu honen 1. apartatuan ezartzen den kenkari tasa aplikatzea baimendu dezan.

3.– Aurreko apartatuetan aipatzen diren inbertsioek ezaugarri eta beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Inbertitutako kopuruak aktibo ez-korrontearen barruan kontabilizatu behar dira.

b) Inbertsio horien xede diren aktiboek, ekipo informatikoak izan ezik, gutxienez bost urteko amortizazio epea eduki behar dute ezarrita, eta amortizazio epe hori kalkulatuko da foru arau honen 17. artikuluko 1. apartatuan jasotzen den taulako gehieneko amortizazio koefizientea aplikatuta.

c) Ez dute tributatu behar zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziarengatik, hari lotuta ez daudelako, edo, lotuta egon arren, salbuetsita daudelako. Kanpoan geratzen dira turismo ibilgailuetan egiten diren inbertsioak, baldin eta ibilgailuak eskuratzen dituzten entitateek, zerga horretan zergapetuta egon arren, ibilgailu horien errentamendua badute ohiko jarduera, erosteko aukerarik gabe («renting»), ibilgailua hiru hilabete baino gehiago errentatuz pertsona edo entitate berberari, hamabi hilabetez segidan, salbu eta ibilgailuok lagatzen bazaizkie abenduaren 29ko 7/1994 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren zerga araudia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legera egokitzen duenak, 79. artikuluko 5. apartatuan ezarritako eran lotuta dauden pertsona edo entitateei, eta betiere ibilgailuak alokatzeko beste ezertarako erabiltzen ez badira.

d) Inbertsioaren xede diren aktiboen zenbateko osoak aktibo ez-korrontearen aurreko kontabilitate balio garbien baturaren 100eko 10 baino handiagoa izan behar du ekitaldi bakoitzean, kontabilizatutako amortizazioak eta balio narriaduragatik izandako galerak kendu ondoren. Aktibo ez-korronte horrek ibilgetu materialaren, higiezinetako inbertsioen eta aplikazio informatikoek eta artikulu honetako 1.d) apartatuan aipatutako inbertsioek osatzen duten ibilgetu ukiezinaren parte izan behar du. Beste edozein kasutan, aktibo horien zenbateko osoak 5 milioi eurotik gorakoa izan behar du urtean.

Kontabilitate balioa zehazteko, inbertsioa egin den ekitaldia hasi aurreko lehen zergaldiko azken egunari dagokion balantzea hartuko da kontuan, baina egun horretan inbertsio bat dagoeneko martxan badago, ez da konputatuko inbertsioaren xede den aktibo ez-korronte horri dagokion balioa.

Beharkizun hau betetzeari begira, artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren aktiboetan egindako inbertsioak baino ez dira konputatuko, betiere apartatu honetako aurreko letretako beharkizunak betetzen badituzte; beraz, artikulu honetan xedatutakoaren arabera hobaritu daitezkeen inbertsioak soilik konputatu beharko dira.

4.– Foru arau honen 67. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, inbertsioak pabilioi industrialak birgaitzeko egiten direnean, honako hauek eratuko dute kenkariaren oinarria: pabiloi horiek birgaitzeko erabilitako kopuruek eta, birgaitzeko eskuratu badira, haien eskurapen prezioak, apartatu horretan adierazitako kontzeptuak kanpoan utzita.

5.– Baldin eta foru arau honen 67. artikuluko 5. apartatuan aipatutako desafektazioaren ondorioz inbertsioen zenbatekoa murrizten bada eta artikulu honen 3. apartatuko d) letran kenkaria aplikatzeko ezarritako gutxienekora ez bada iristen, kenkaria bere osoan galduko da eta aplikatutako kenkariengatik bere unean ordaindu ez diren kuotak ordaindu beharko dira, berandutze interesak barne (hori gertatzen den ekitaldiko autolikidazioak ematen duen kuotari gehitu beharko zaizkio).

6.– Aktiboak eskuratzen badira legezko lagapen obligazio bat betetzeagatik, entitate lagapendunak ezingo ditu aplikatu artikulu honetan aipatzen diren kenkariak. Gainera, artikulu honen 3. apartatuko d) letran jasotakoaren ondorioetarako, lagapendunak aktibatutako zenbatekoak ezingo dira konputatu ez ekitaldiko inbertsio gisa ez lehenagotik dauden aktibo gisa.»

Hamaika.– 64 bis artikulua honela geratzen da idatzita:

«64. bis artikulua. Mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek egindako ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzea.

1.– Zerga honen zergadunek edo establezimendu iraunkorrarekin diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek parte hartzen badute beste zergadun batzuek egindako ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan eta proiektu horiek foru arau honetako 62tik 64ra bitarteko artikuluetan ezarritako kenkariak aplikatzeko eskubidea sortzen badute, kenkari bat aplikatu ahal izango dute kuota likidoan, artikulu honetan ezarritako baldintza eta betekizunekin.

Kenkari hori bateraezina izango da, osorik edo partez, aipatutako artikuluetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz beste zergadun horiek aplika ditzaketen kenkariekin.

Ondorio horietarako, ulertuko da zergadun batek beste zergadun baten ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektu baten finantzaketan parte hartzen duela diru-kopuruak jartzen dituenean proiektuaren kostuak osorik edo partez ordaintzeko, proiektua egiten duen zergadunaren aldetik kopuru horiek itzuli beharra ezarri gabe.

2.– Ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuak egiten dituzten zergadunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, foru arau honen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Sorrera berriko enpresa ertain berritzailea izatea, foru arau honen 13. artikuluan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera.

Letra honen ondorioetarako, 89 ter artikuluko 4. apartatuan aipatzen diren baldintzak proiektua gauzatzen den bitartean bete beharko dira, b) eta c) letretan aurreikusitakoak izan ezik, horiek kontratua formalizatzen den unean bete beharko baitira.

3.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak eta foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuaren arabera hari lotuta dauden pertsonek edo entitateek, parte hartu gabeak izan behar dute, zuzenean edo zeharka, proiektua egiten duen entitatean, kenkari hau aplikatu baino lehen.

b) Proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak eta foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuaren arabera hari lotuta dauden pertsonek edo entitateek, ezin dute eduki zuzeneko edo zeharkako partaidetzarik proiektua egiten duen entitatean, ez proiektua egiten den bitartean ez hura amaitu ondorengo hiru urteetan.

c) Proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak eta hari lotutako pertsona edo entitateek ezin izango dute eskuratu jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubiderik edo beste ezein motatakorik proiektuaren emaitzei dagokienez, eta proiektua egiten duen zergaduna izango da beti horien jabea.

d) Ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak foru arau honen 64. artikuluko 3. apartatuan aipatzen den txosten arrazoitua eduki beharko du.

Kontratua formalizatzen den egunean txosten arrazoiturik ez badago, txostena jasotzea ezinbesteko baldintza izango da kenkaria aplikatzeko.

4.– Ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak eta haren finantzaketan parte hartzen duenak finantzaketa kontratu bat sinatu beharko dute proiektua gauzatzen hasi baino lehen edo proiektua gauzatzen hasi eta bederatzi hilabeteko epean.

Kontratua formalizatu aurretik, beharrezkoa izango da aurreko 3. apartatuko d) letran aipatzen den txostena eskuratuta izatea edo eskatuta egotea.

Kontratu horretan alderdi hauek zehaztu beharko dira, besteak beste:

a) Proiektuan parte hartzen duten zergadunen identitatea.

b) Ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuaren deskripzioa.

c) Proiektuaren aurrekontua.

d) Proiektua finantzatzeko modua, bereizita adieraziz zer zenbateko jarriko dituen proiektua egiten duen zergadunak, zeintzuk jarriko dituen proiektuaren finantzaketan parte hartzen duenak, eta zeintzuk dagozkien finantza erakundeen kredituei, dirulaguntzei eta bestelako laguntza neurriei.

e) Erregelamenduz zehazten diren gainerako kontuak.

5.– Zergadunak artikulu honetan ezarritako araubidea aplikatzea aukeratzen badu, ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak ez du eskubiderik izango foru arau honetako 62tik 64ra bitarteko artikuluetan ezarritako kenkariak osorik edo partez aplikatzeko. Haren ordez, proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak izango du artikulu horietan aurreikusitako kenkaria bere autolikidazioan aplikatzeko eskubidea, eta kenkari horren zenbatekoa kalkulatuko da proiektua egiten duen zergadunari aplikatuko litzaizkiokeen baldintza berdinetan.

Aurrekoa gorabehera, finantzaketan parte hartzen duen zergadunak kuotan gehienez aplika dezakeen kenkaria honako hau izango da: zergadunak berak proiektua finantzatzeko jarritako zenbatekoen batura bider 1,20 eginez ateratzen den zenbatekoa.

Soberakina egonez gero, ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak aplikatu ahal izango du.

Apartatu honetan ezarritako muga ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua garatzen den zergaldi guztietarako aplikatuko da.

Hala ere, finantzaketan parte hartzen duen zergadunak zergaldian jartzen dituen zenbatekoek ahalbidetzen badute ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duenak frogatutakoa baino kenkari handiagoa aplikatzea, soberakina hurrengo zergaldietan aplikatu ahal izango da, apartatu honetan aurreikusitako mugarekin.

6.– Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuta, ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak ezin izango du jaso 2 milioi eurotik gorako finantzaketarik ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektu bakoitzeko.

7.– Ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak kenkaria aplikatzen badu, aplikazio hori kontuan hartu beharko da bai foru arau honen 59. artikuluko 3. apartatuan gutxieneko tributazioari buruz ezarritako erregelaren ondorioetarako, bai foru arau honen 67. artikuluko 1. apartatuan ezarrita dagoen 100eko 35eko baterako muga aplikatzeko.

8.– Artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeko, nahitaezkoa izango da Zerga Administrazioari komunikazio bat aurkeztea, erregelamenduz ezarriko den eran, kontratuaren alderdi guztiek sinatua, finantzaketa kontratua formalizatzen den zergaldia amaitu baino lehen.

Komunikazioarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira gutxienez:

a) Aurreko 4. apartatuan aipatutako finantzaketa kontratua.

b) Aurreko 3. apartatuko e) letran aipatzen den txosten arrazoitua, edo, halakorik oraindik egin gabe badago, hura eskatu izanaren frogagiria.

9.– Ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektu baten finantzaketan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzea oinordetza unibertsaleko kasuetan bakarrik egin ahal izango da.

Dena den, finantzatzailearen kaudimenarekin lotutako salbuespenezko kasuak daudenean, Zerga Administrazioari baimena eskatu ahal izango zaio ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektu bat finantzatzearren jada formalizatutako kontratuetan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzeko.

Orobat, gerora sortutako zirkunstantzia tekniko edo ekonomikoak gertatzen direnean, zergadunek baimena eskatu ahal izango diote Zerga Administrazioari abian diren ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketa kontratuak aldatu ahal izateko, ordainketen eta gastu eta inbertsioen egutegia zirkunstantzia horien arabera berregokitu dadin.

Baimen eskaerak ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko 44. artikuluan jasotako prozeduraren arabera izapidetuko dira. Eskaerak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, aurreko paragrafoetan aipatutako zirkunstantziak gertatzen direnetik aurrera.»

Hamabi.– Hirugarren paragrafo bat gehitzen zaio 99.1 artikuluaren c) letrari. Hona hemen edukia:

«Aurreko a) letrako bigarren edo hirugarren paragrafoan xedatutakoa aplikagarria den kasuetan, foru arau honen 89 bis artikuluko 2. apartatuan eta 92. artikuluko 2. apartatuan ezarritako arauak aplikatzerakoan kontuan hartuko dira entitate nagusi izateari utzi dion sozietatea buru zuen talde fiskaleko entitate guztiak; aldiz, foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran eratutako talde fiskalen kasuan, taldea osatzen zuten entitate guztiak hartuko dira kontuan.»

Hamahiru.– 114.3 artikuluko azken aurreko paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Aukera hori eskritura publikoan edo dokumentu publiko baliokidean jaso beharko da, eta ahalbidetuko da helburuko estatu kideko Erregistro Publikoan inskribatzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko ekainaren 14ko 2017/1132 (EB) Zuzentarauak, sozietateen zuzenbidearen alderdi jakin batzuei buruzkoak, dioenari jarraikiz.»

Hamalau.– Letra berri bat, v), gehitzen zaio 128.1 artikuluari. Hona hemen edukia:

«v) Gastuaren gehikuntza edo murriztapena dagokion zergaldiari egoztea, 54. artikuluko 13. apartatuan arautu bezala.»

Hamabost.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita laugarrena, eduki hau duena:

«Hogeita laugarren xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

4. artikulua.– Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aldatzea.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauan:

Bat.– 43. artikuluko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Aurreko paragrafoan jasotakoa izatezko bikoteei aplikatuko zaie, bikoteko kideek finkatutako ondarezko araubide ekonomikoari Kode Zibileko xedapen bera aplikaziozkoa izan eta zergadunak establezimendu iraunkor bidez jarduten duenean.»

Bi.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hamabigarrena, eduki honekin:

«Hamabigarren xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

5. artikulua.– Ondarearen gaineko zerga aldatzea.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan:

Bat.– 2.Bat artikuluko b) letra: honela geratzen da idatzita:

«b) Obligazio errealagatik, lurralde espainiarrean egoiliar ez diren pertsona fisikoei, lurralde espainiarrean kokatutako ondasun eta eskubideen titular direnean, baldin eta, ondasun eta eskubide horien baliorik handiena euskal lurraldean egonik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutakoen balioa beste lurralde historikoetako bakoitzean kokatutakoena baino handiagoa bada.

Ondorio horietarako, Espainiako lurraldean kokatutzat joko dira, halaber, edozein motatako entitateen funts propioetan parte hartzea adierazten duten baloreak, merkatu antolatuetan negoziatu gabeak, baldin eta haien aktiboaren 100eko 50, gutxienez, Espainiako lurraldean kokatutako ondasun higiezinek osatzen badute, zuzenean edo zeharka. Aktiboa konputatzeko, kontabilizatutako ondasun guztien kontabilitate balio garbiak foru arau honen 18. artikuluko lehen apartatuaren azken paragrafoan aurreikusitakoaren arabera baloratuko dira.

Letra honen ondorioetarako, ondasunak eta eskubideak lurralde jakin batean daudela joko da, lurralde horretan kokatuta daudenean, bertan erabili daitezkeenean edo han gauzatu behar direnean.

Lurralde espainiarrean dauden ondasun eta eskubideengatik soilik exijituko zaio zerga zergadunari, foru arau honen 11. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoa kontuan hartuta beti.»

Bi.– 5.Zazpi artikuluari g) letra gehitzen zaio, eduki honekin:

«g) Banakako pentsioen produktu paneuroparrei egindako ekarpenetatik eratorritako eduki ekonomikoko eskubideak, Banakako pentsioen produktu paneuroparrei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238 (EB) Erregelamenduan arautuak.»

Hiru.– 6. artikuluaren zazpigarren apartatuko laugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Entitate partaidetuak ez badu kotizatzen bigarren mailako merkatu antolatu batean, artikulu honen bigarren apartatuko azken paragrafoan eta laugarren, bosgarren eta seigarren apartatuetan ezarritako mugak aplikatuko dira.»

Lau.– 6. artikuluari hamaikagarren apartatua gehitzen zaio, eduki honekin:

«Hamaika. Zergatik salbuetsita egongo dira, halaber, entitateen kapitalean edo ondarean dauden akzio edo partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko gozamen eskubidea, haien titularrari eskubidea ematen badiote sorrera berriko entitate berritzaileen bazkide fundatzaileentzat ezarritako araubide berezia aplikatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 56 ter artikuluan aurreikusi bezala.

Ezkontzaren edo izatezko bikotearen araubide ekonomikoa aplikatzearen ondorioz akzioak edo partaidetzak bi ezkontideenak edo izatezko bikotekideenak badira, apartatu honetan aurreikusitako salbuespena biek aplikatuko dute, nahiz eta bietako batek bakarrik bete Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 56 ter artikuluan aipatzen diren baldintzak.

Apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, artikulu honen bigarren apartatuko azken paragrafoan eta laugarren, bosgarren eta seigarren apartatuetan ezarritako mugak aplikatuko dira.»

Bost.– Bigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Bigarren xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, izatezko bikoteei buruzko erreferentziak Izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutakoei egindakotzat joko dira.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

6. artikulua.– Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko martxoaren 10eko 2/2022 Foru Arauan:

Bat.– 12. artikuluko 4. apartatua ezabatzen da.

Bi.– 46. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, eduki honekin:

«3.– Ondasunak eta eskubideak dohaintza bidez edo doako beste edozein negozio juridiko dela bide «inter vivos» eskuratzen badira ondorengo ahaideen edo adoptatuen alde, eta eskurapen hori egin aurreko lehen lau urteen barruan ondasun edo eskubide horiek beste ondorengo ahaide batek edo adoptatu batek lehenagotik eskuratu baditu aurreko ahaidearen edo adoptatzailearen alde, dela dohaintzaz dela «inter vivos» moduko doako negozio juridiko baten bidez, eskurapen horrek tributatuko du lehen dohaintza emaileak azken dohaintza hartzailearekin duen ahaidetasuna kontuan hartuta, eta, behar den kasuetan, lehenengo dohaintzagatik ordaindutako kuota deskontatuta.»

Hiru.– Lehen xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Lehen xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan Izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

7. artikulua.– Aldatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzen duen Foru Araua.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzen duen azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauan:

Bat.– 11. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Kapitulu honetan arautzen da zer tributazio araubide berezi aplikatzen den pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan, testamentu ahalordea erabili gabe duten herentzien kasuan.»

Bi.– 14. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Testamentu ahalordea erabili gabe duen herentziari buruz aurreko hiru artikuluetan aipatutako betebehar formal eta materialak betetzea haren administratzaileari dagokio.»

8. artikulua.– Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan:

Bat.– 41.I.A). artikuluko a) letrari bigarren paragrafo bat gehitzen zaio, eduki honekin:

«Salbuespen hori Tren Azpiegituren Administratzaile Orokorrei eta RENFE-Operadoreari ere aplikatuko zaie.»

Bi.– 41.I.B) artikuluaren 3. zenbakiko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Xedapen bera aplikatuko da, aurreko paragrafoan aipatutako kasu berberetan, izatezko bikotekideek egiten dituzten ekarpen, adjudikazio eta eskualdaketei dagokienez.»

Hiru.– 41.I.B) artikuluko 21. zenbakiari azken paragrafo bat gehitzen zaio, eduki honekin:

«Zenbaki honetako aurreko paragrafoetan aurreikusitako zerga onurak SME Nekazaritzako Kauzioaren Estatu Sozietate Anonimoari ere aplikatuko zaizkio.»

Lau.– Xedapen gehigarri bakarra lehen xedapen gehigarri bihurtzen da, eta bigarren xedapen gehigarri bat gehitzen da, eduki honekin:

«Bigarren xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan Izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

9. artikulua.– Ondasun higiezinen gaineko zerga aldatzea.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 15.1 artikuluko e) letra aldatzen da Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauan, eta honela geratzen da idatzita:

«e) 100eko 99rainoko hobaria zergaren kuota osoan ondasun higiezinen erabilera Eusko Jaurlaritzaren programetarako lagatzen bada abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuaren bidez araututako «Bizigune» Etxebizitza Hutsen Programa»ren esparruan, «ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza programa»ren esparruan (irailaren 17ko 144/2019 Dekretuaren bidez arautua), edo autonomia erkidegoko, foru zein udaletako antzeko beste plan eta programa batzuen barruan.»

10. artikulua.– Jarduera ekonomikoen gaineko zerga aldatzea.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bategina onesten duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen I. eranskinean jasotako tarifen lehen sekzioko 504.8 epigrafearen errubrikaren euskarazko bertsioa honela geratzen da idatzita:

«504.8 Epigrafea.– Metalezko muntaketak eta industria instalazio osoak, makineria eta instalatu edo muntatu beharreko elementuak saldu edo aportatu gabe.»

11. artikulua.– Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauan:

Bat.– 1.2 artikuluko c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Ezkontideek ezkontza sozietateari egindako ondasun eta eskubideen ekarpenen kasuan, ekarpen horien ordainetan haien alde egiten diren adjudikazio egiaztatuak eta ezkontideei beren hartzeko erkideen ordainetan egiten diren eskualdaketak.

Xedapen bera aplikatuko da, aurreko paragrafoan aipatutako kasu berberetan, izatezko bikotekideek egiten dituzten ekarpen, adjudikazio eta eskualdaketei dagokienez.

Zergari lotu gabe egongo da, orobat, ezkontideen artean, izatezko bikotekideen artean edo seme-alaben alde ondasun higiezinak eskualdatzea, baldin eta eskualdaketa hori gertatzen bada ezkontza baliogabetu edo senar-emazteak banandu edo dibortziatzean edo izatezko bikotea deuseztatzean emandako sententziak betetzeagatik, ezkontzako erregimen ekonomikoa edo izatezko bikotearen ondarezko erregimen ekonomikoa zeinahi dela ere.»

Bi.– 4. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako koefizienteen gehieneko zenbatekoen taula honela geratzen da:

(Ikus .PDF)

Hiru.– 5. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek zergaren kuota osoaren ehuneko 95era arteko hobaria arautu ahal izango dute lurren eskualdaketan eta jabaria mugatzen duten gozamenezko ondasun eskubideen eskualdaketan edo eraketan, betiere kostu gabeko eskualdaketak edo eraketak badira eta ondorengo ahaideen, adoptatuen, ezkontideen eta izatezko bikotekideen edo aurreko ahaideen edo adoptatzaileen alde egiten badira, heriotza dela-eta.

Aurreko paragrafoan aipatutako hobariaren gainerako alderdi substantibo eta formalak ordenantza fiskalean arautuko dira.»

Lau.– Xedapen gehigarri bakarra txertatzen da, eduki honekin:

«Xedapen gehigarria bakarra. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

12. artikulua.– Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga aldatzea.

2023ko apirilaren 20tik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauan:

Bat.– 2.1 artikuluko e) letra honela geratzen da idatzita:

«e) Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2.822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren II. eranskineko A letran aipatuak, pertsona desgaituen izenean matrikulatuta daudenean.

Era berean, salbuetsita daude 14 zaldi fiskaletik beherako ibilgailuak, baldin eta desgaituen izenean matrikulatuta egonik beraiek ez beste inork erabiltzeko badira. Salbuespen hau zirkunstantzia horiek betetzen diren artean aplikatuko da, pertsona desgaituek gidatutako ibilgailuak izan nahiz horiek garraiatzeko ibilgailuak izan.

Aurreko bi paragrafoetan aipatutako salbuespenak ibilgailu batengatik bakarrik izango zaizkie aplikagarriak horien onuradun diren subjektu pasiboei.

Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira pertsona desgaitutzat:

a’) 100eko 33ko edo hortik gorako eta 100eko 65etik beherako desgaitasun maila aitortua duten pertsonak, mugikortasun murriztuko gabezia egoeran badaude. Mugikortasuna murriztuta dutela joko da Mugikortasun Jardueren Mugen azpibaremoan, desgaitasun maila aitortu, ezarri eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsian, 100eko 25eko edo hortik gorako mugikortasun falta ematen zaienean.

b´) Desgaitasun maila 100eko 65ekoa edo handiagoa duten pertsonak.

Aurreko a´) eta b´) letretan aipatutako pertsonak mugikortasun murriztuko egoeran badaude eta Mugikortasun Jarduerak Mugatzeko azpibaremoa aplikatuta (desgaitasuna maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsitako azpibaremoa), ondorioztatzen bada haien mugikortasuna 100eko 75ean edo hortik gorako portzentajean dagoela mugatuta, ez zaie aplikatuko 14 zaldi fiskaleko muga, betiere eta ibilgailua gurpil aulkia eramateko egokituta badago.

Era berean, ibilgailuak zergatik salbuetsita geratuko dira haien titularrek frogatzen dutenean guraso ahalagatik, tutoretzagatik edo kuradoretzagatik beren kargura pertsonaren bat dutela eta haien desgaitasun maila 100eko 65ekoa edo handiagoa dela. Ibilgailu baten baino gehiagoren titularrak badira, bakar bati aplikatuko zaio salbuespena.»

Bi.– Bigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Bigarren xedapen iragankorra. Desgaitasuna frogatzeko araubide iragankorra, foru arau honen 2.1 artikuluko e) letran aurreikusitako salbuespena aplikatzeko.

Desgaitasun egoera desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera aitortua duten zergadunei ez bazaie desgaitasun maila berriro aitortu, deklaratu edo kalifikatu, zilegi izango dute foru arau honen 2.1 artikuluko e) letran aurreikusten den salbuespena aplikatzea salbuespen horren erregulazioak 2022ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazketari jarraituta.»

13. artikulua.– Irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimena eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriak aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoan.

Bat.– 5. artikuluko 3. beharkizunaren lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Fundatzaileak, bazkideak, patroiak, estatutu ordezkariak, gobernu organoetako kideak eta ezkontideak, izatezko bikotekideak edo haietako edozeinen laugarren mailara arteko ahaideak, horiek barne, ez izatea entitateek egiten dituzten jardueren hartzaile nagusiak, eta haien zerbitzuak erabiltzeko baldintza berezirik ez edukitzea».

Bi.– 28.2 artikuluko f) letra honela geratzen da idatzita:

«f) Eskaintza jasotzen duen entitate dohaintza emailea foru arau honen II. tituluko I. kapituluan jasotakoetako bat denean, entitate horretako kideek, fundatzaileek, patroiek, kudeatzaileek, ezkontideek eta izatezko bikotekideek, edo horietako edozeinen laugarren mailarainoko ahaideek, horiek barne, ezin izango diote pizgarri horri heldu.»

Hiru.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hamalaugarrena, eduki hau izango duena:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan Izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

14. artikulua.– Kultur mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoan kultur mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriak arautzen dituen otsailaren 11ko 2/2019 Foru Arauan:

Bat.– 4 artikuluko f) letraren azken aurreko paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Foru arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jarduera artistikoak garatzen dituzten pertsona fisikoak ez dira hartuko kultur mezenasgoaren onuraduntzat, jasotzen dituzten mezenasgo modalitateei dagokienez, mezenasgo hori hauetako batek egina bada: ezkontideak, izatezko bikotekideak, aurreko edo ondorengo ahaideek edo hirugarren gradura bitarteko albokoek –odolkidetasunezkoak, ezkontza bidezkoak edo izatezko bikotetik eratorritakoak–, edo pertsona fisiko horrekin batera errentak esleitzeko araubidean dagoen entitate bateko kide direnek».

Bi.– Beste xedapen gehigarri bat, laugarrena, eransten zaio, eduki honekin:

«Laugarren xedapen gehigarria. Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, ulertuko da erreferentzia horiek beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatutako izatezko bikoteei ere egiten zaizkiela.

Orobat, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikotetik eratorritakoak ere hartuko dituzte barne.»

15. artikulua.– Aldatzea abenduaren 16ko 17/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituena.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, lehen xedapen gehigarriaren 2. apartatua aldatzen da abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak sartu eta beste zerga egokitzapen batzuk egitekoan, eta orain arteko 2tik 6ra bitarteko apartatuak 3tik 7ra bitarteko apartatu bihurtzen dira, hori guztia jarraian zehazten den eran:

«2.– Diru-sarrera arloko zuzenketa banku fundazioentzat.

Banku fundazioek ez dituzte beren zerga oinarrian sartuko haien ongintza eta gizarte ekintzari lotutako inbertsioak eskualdatzetik eratorritako errentak.»

16. artikulua.– Aldatzea 1/2023 Foru Araua, urtarrilaren 17koa, 2023. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituena.

2023. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituen urtarrilaren 17ko 1/2023 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuari d) letra gehitzen zaio, eduki honekin:

«d) 2. apartatuko azken-aurreko paragrafoan aipatzen den txostena eskatzeko hiru hilabeteko epea bederatzi hilabetekoa izango da.»

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lan-etekin jakin batzuen atxikipen tasa.

Harik eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 18.k) artikuluan aipatzen diren ikastaroak, hitzaldiak, solasaldiak, mintegiak eta antzekoak ematetik eratorritako etekinetarako eta foru arau horren 18.l) artikuluan aipatutako literatura, arte edo zientzia lanetatik datozen etekinetarako atxikipen portzentaje espezifiko bat erregelamenduz garatu arte, ordaindutako sarrera osoen gainean 100eko 15eko atxikipena aplikatuko da.

Aurrekoa gorabehera, eta aurreko paragrafoan aipatzen den epealdian zehar, 18.l) artikuluan aipatzen diren lan literario, artistiko edo zientifikoak egiteagatik lortutako etekinen gaineko atxikipen portzentajea ehuneko 7 izango da, baldin eta aurreko ekitaldian etekin oso horien bolumena 15.000 eurotik beherakoa izan bada eta zergadunak ekitaldi horretan lortutako jarduera ekonomikoen eta lan etekin osoen baturaren ehuneko 75 gainditzen badu. Atxikipen tasa hori aplikatzeko, zergadunek zirkunstantzia hori betetzen dela jakinarazi behar diote etekinen ordaintzaileari, eta horrek komunikazioa gorde beharko du behar bezala sinatuta.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Desgaitasunaren edo mendekotasunaren kenkaria 2023ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 82. artikuluan desgaitasun edo mendekotasunagatik aurreikusitako kenkaria aplikatzeari begira, desgaitasuna urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuaren arabera aitortua duten pertsona fisikoek 2023ko zergaldian bete behar dituzten baldintzak 82. artikulu horretan aurreikusitakoak izango dira, foru arau honek emandako idazketan (888/2022 Errege Dekretua, desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena).

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kontseiluaren uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentaraua betetzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 48. artikuluko 1. apartatuan aurreikusitakoa, foru arau honek emandako idazketan, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ere aplikatuko da, Kontseiluaren uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentaraua betez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira foru arau honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Diputatuen Kontseiluari eta, hala badagokio, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala