Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2024ko uztailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3271

AGINDUA, 2024ko ekainaren 24koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa izeneko elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa.

2021eko uztailaren 5ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera. Aldatzen den testua Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2009ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez onartutakoa da, zeina ebazpen horren eranskin gisa argitaratu baitzen 2010eko martxoaren 25eko 57. zk. duen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Estatutuak aldatzeko erabakia 2021eko ekainaren 13an hartu zuten elkargokideek, organo horretako idazkariak 2021eko ekainaren 14an presidentearen oniritziarekin emandako ziurtagirian jasota dagoen bezala.

Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren eta Terapeuta Okupazionalen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren aginduzko txostenak jaso dira. Zuzendaritza hori eskuduna da elkargoak ordezkatutako lanbidea kontuan hartuta. Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostena jaso da.

Txosten horietan proposatutako aldaketak egin ondoren, Elkargoak estatutuen ondoriozko testua aurkeztu du.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkideagoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Profesionalen Elkargoei, Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikuluan xedatutakoari dagokionez.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33 artikuluan eta otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa izeneko elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aldatutako estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, agindu honen eranskin gisa, eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak eta haren aurka, amaiera ematen baitio administrazio-bideari, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 24a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA, Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa izeneko elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzen duen Gobernantza Publiko eta Autogobertuko sailburuaren 2024ko ekainaren 24ko Aginduarena.
EUSKADIKO TERAPEUTA OKUPAZIONALEN LANBIDE ELKARGOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa arautzea da estatutu hauen helburua; guzti hori, Tituludun Lanbideetan jarduteari eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean (aurrerantzean 18/1997 Legea) eta aplikagarria den ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera.

2.– «Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoaren Estatutuak» izena hartuko dute estatutuok, eta 18/1977 legean aurreikusitako izaera eta gainerako ezaugarriak izango dituzte.

2. artikulua.– Okupazio-terapeuta.

1.– Estatutu hauen ondoreetarako, ondoren aipatzen diren tituluetako edozein duen pertsona bakarrik joko da Okupazio terapeutatzat.

2.– Tituluak:

a) Okupazio terapiako Unibertsitateko Diplomatura edo Graduatua, urriaren 26ko 1420/1990 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera edo irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan, unibertsitate-irakaskuntzen antolamendua eta irakaskuntza horien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen ditu.

b) Aurreko puntuan aipatutakoaren baliokidea den Unibertsitateko titulazio ofiziala, eskudun agintaritzak aitortu edo homologatutakoa.

c) Osasun Eskola Nazionalak (Escuela Nacional de Sanidad) emandako Okupazio terapeuta titulua, Okupazio terapiako Unibertsitateko Diplomaturarekiko homologazioa edo baliokidetasun deklarazioa jaso duena.

3. artikulua.– Elkargoa: ezaugarriak, izena eta hizkuntza biren ofizialtasuna.

1.– Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa (aurrerantzean Elkargoa) terapeuta okupazionalen lanbideko berariazko elkargo antolaketa da, Euskal Autonomia Erkidegoan. Zuzenbide publikoko korporazioaren adierazpide juridikoa hartzen du, legeak babestutakoa, agintaritza publiko eskumen dunak –estatukoak edo autonomiakoak– aitortutakoa, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak betetzeko gaitasun erabatekoa duena.

2.– Bere izen ofiziala, ondorio guztietarako, «Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa» da.

3.– Euskara eta gaztelania dira Elkargoko hizkuntza ofizialak. Berdintasunean, bi hizkuntzen erabilera normalizatzeko behar diren neurriak hartuko ditu Gobernu Batzordeak.

4. artikulua.– Lurraldea.

1.– Elkargoaren lurralde-eremua gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiona da.

2.– Estatutu hauetan jasotzen den jardunbide profesionala lurralde-eremu horretan egiten dena da.

3.– Profesional bat Elkargo Profesional honetan sartu ahal izan dadin, beharrekoa da autonomia erkidego horretan izatea bere helbide profesional bakarra edo bere helbide profesional nagusia. Behin Okupazio terapeuten Estatuko Kontseilu Orokorraren Estatutuak onesten direnean, estatutu horiek zehazten dutenaren arabera eraenduko da Elkargo hau.

5. artikulua.– Helburua, funtzioak eta eskumenak.

1.– Modu orokorrean lanbide elkargoentzat eta terapeuta okupazionalen elkargoentzat ezarritakoak dira Elkargoaren funtsezko helburuak. Elkargo honen helburu nagusiak, EAEko eremuan eta aplikagarriak diren arauetan ezarritako eran, honako hauek dira: lanbidearen ordezkaritza, eta lanbidearen eta elkargokideen interes profesionalen defentsa. Elkargoaren eskumenak izango dira modu orokorrean lanbide elkargoei (18/1977 Legeko 24. eta 25. artikuluetan aditzera emandako eginkizunak, batik bat) eta Terapeuta Okupazionalen Elkargoei esleitutakoak eta proiektatutako araudian elkargo honi berariaz eslei dakizkionak.

2.– Lehia askearen araubidean egingo da lanbidea, eta Lehiaren Defentsari buruzko Legea bete beharko du, zerbitzuen eskaintzari eta horien prezioak ezartzeari dagokienez.

3.– Bere lurralde eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denez, elkargoaren helburu ere badira, 18/1997 Legeko 41.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, oro har lanbideen kontseilu autonomikoentzat eta terapeuta okupazionalen kontseilu autonomikoentzat ezarritakoak. Elkargoak, hortaz, bere gain hartuko ditu: batetik, oro har kontseilu autonomiko profesionalei emandako eskumenak (18/1997 Legeko 42. eta 43. artikuluetan aditzera emandakoak, batik bat), eta, bestetik, terapeuta okupazionalen kontseilu autonomikoei esleitzen zaizkienak.

6. artikulua.– Egoitza, helbidea eta kokapena.

1.– Elkargoak Gasteizen izango du egoitza, Florida kaleko 40. zenbakiko etxabean, eta hori izango da elkargoaren helbidea.

2.– Elkargoaren egoitzan kokatuko dira elkargoaren lurralde-eremu osorako diren elkargoaren organo eta zerbitzu orokorrak edo komunak. Gobernu Batzordeak, hala ere, organo edo zerbitzu horiek, kasu batzuetan, elkargoaren egoitzatik kanpo bete daitezela xedatu edo baimendu dezake.

3.– Elkargoaren lurralde-eremu osoa hartzen ez duten elkargoaren organo edo zerbitzuak Gobernu Batzordeak erabakitzen duen tokian kokatuko dira, euren eginkizuna beteko duten ingurua aintzat hartuz, betiere; ingurune hori Lurralde Historiko baten eremuarekin bat baldin badator, lurralde horretako hiriburuan jarriko da. Gobernu Batzordeak, hala ere, organo edo zerbitzu horiek, kasu jakin batzuetan, kokapen-tokitik kanpo bete ahal izatea daitezela xedatu edo baimendu dezake; eta eragindako organo horri berari edo beste bati eslei diezaioke ahalmen hori bera.

7. artikulua.– Erregulazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa honakoekin eraenduko da: 18/1997 Legea, nahitaez aplikagarriak diren gai-nerako legeak, estatutu hauek eta 8. artikuluan jasotako erregelamenduak.

8. artikulua.– Araudiak.

1.– Elkargoaren Gobernu Batzarrak xedapenak –erregelamendu forma hartuko dutenak– onar ditzake, artikulu honetan xedatutakoa betez, betiere.

2.– Erregelamenduek ezin dute egin aplikatu beharreko legeriaren aurka, ez eta estatutu hauetan xedatutakoaren aurka ere.

3.– Lehen artikuluan jasotako edozein gai edo alderdi arautu dezakete aipatu erregelamenduek, nahiz eta haiek ez egon aurreikusita edo araututa 7. artikuluan aipatu legerian edo estatutuetan. Eta partikularki eta adibide gisa, honakoetara hedatuko da arauketa: jarduera profesionaleko txandak, bateraezintasunak, sekretu profesionala, araudi profesionala eta deontologikoa, organo ezberdinen eraketa eta funtzionamendua eta korporazioaren zerbitzuak, etab.

4.– Elkargoak ezin du hartu lehia mugatzen duen erabaki edo gomendiorik, eta ezin du ezarri betebehar edo eskakizunik, lehia defendatzearen arloko arau-haustea izan daitezkeelako.

5.– Araudiak onartzeko eskumena Elkargoko Gobernu Batzordearena baino ez da, eta ezingo zaio beste organo bati esleitu, ez eta eskuordetu ere.

9. artikulua.– Interpretazioa.

1.– 7. artikuluan jasotako arauak –horien maila eta aplikagarritasuna direnak direla– interpretatu edo argitu asmoz xedapenak emateko ahalmena ere Elkargoko Gobernu Batzordearena, nahitaez aplikagarri den legeria osatzen dutenak izan ezik.

2.– Xedapen horien edukia interpretatutako edo argitutako arauari egokituko zaio, eta nahitaez bete beharko dute Elkargoko organo guztiek eta elkargokideek.

II. TITULUA
TERAPEUTA OKUPAZIONAL ELKARGOKIDEAREN ESTATUTUA
1. KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZATEA

10. artikulua.– Elkargokide izatea eta elkargokideak.

1.– Elkargokide izateak Elkargoan sartzea dakar, bertako kide modura.

2.– Elkargoan dauden bitartean, elkargokidetzat joko dira bertako kideak.

3.– Elkargokideak eskubide osokoak izango dira euren Elkargoan.

4.– Lanbide Elkargo batekoa izateak ez dio eragiten sindikatu edo elkarte bateko bazkide izateari.

11. artikulua.– Elkargokideak, jardunekoak eta jardunean ez daudenak.

1.– Elkargokidea jardunean egon daiteke, edo ez.

2.– Elkargokidearen egoera normala jardunekoarena da.

3.– Elkargokideren batek jasota utzi nahiko balu ez duela gaitasunik terapeuta okupazionalaren lanbidean jarduteko, bai lege bateraezintasunagatik, bai beste arrazoiren bategatik (norbere nahia hori delako, adibidez), jardunean ez dagoen elkargokide legetxe jardun dezake. Egoera horretan ere, lanbide jardunetik kanpo jarduneko elkargokideen duten erregimen beraz gozatzeko eskubidea izango du, ez bada Gobernuko Batzarrak beste zerbait xedatzen duela, arrazoiak emanez.

12. artikulua.– Elkargokide izateko baldintzak.

1.– Jarduneko elkargokide izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) Espainiar nazionalitatea izatea, edo elkarrekikotasun eskubidea jardun ahal izateko. Europako Batasunaren eremuan edo Espainiak izenpetutako hitzarmen edo itunetan xedatutakoa izan ezik.

b) 2. artikuluan aipatutako tituluren bat izatea.

c) Lanbidean jarduteko gaitasun gabetua ez egotea, oraindino ez bada igaro dena delako gaitasun gabetzeko epea.

2.– Ezjarduneko modura elkargokide izateko 1. paragrafoan adierazitako baldintzak ere beharrezkoak dira, c) letran aipatutakoa salbu, baldin eta salbuespen hori posiblea bada estatutu hauetako 17.2 artikuluaren arabera.

13. artikulua.– Elkargokide izateko eskubidea.

Aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzeak Elkargoan sartzeko eskubidea aitortzen du.

14. artikulua.– Elkargokide izateko eskaera.

1.– Elkargokide izateko eskabidearekin batera 12. artikuluan aipatutako baldintza guztiak betetzen direnaren frogagiriak aurkeztu beharko dira. Eskatzailearen zinpeko deklarazioz dokumentatuko da 12.1.c) artikuluko baldintza, Elkargoak bere gain dituen ikuskaritza ahalmenak ere kontuan hartuz.

2.– Jarduneko elkargokidearen egoera eskuratu nahi dela sinetsiko da, beste barik, eskabidean ez bada ezertxo ere esaten horretaz.

3.– Era bateko elkargokide izatetik bestera pasatu nahi bada, nahikoa izango da gai horretaz interesatuak aurkeztutako eskabidea, eta ez da beharrezkoa izango berriro ere dokumentazioa aurkeztea, betiere aurrez Elkargoan aurkeztuta baldin badu.

4.– Elkargokide izateko eskabide bat onetsi aurretik, ETOLE-k beharrezkotzat jotzen dituen datuak eta/edo dokumentazioa eskatu ahal izango dio eskatzaileari, betiere indarrean dagoen legeria errespetatuta.

15. artikulua.– Elkargokide izateari buruzko ebazpena.

1.– Elkargokide izateari buruzko ebazpena eman beharko du Elkargoak, eskatzen diren baldintza guztiak betez eskabidea aurkezten den egunetik aurrera hiru hilabeteko epean.

2.– Aipatutako epea igaro eta eskabide-egileari berariazko ebazpena jakinarazi ez bazaio, elkargokide egiteko eskabidea baietsitzat joko da. Presuntziozko egintza hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaz eraenduko da.

3.– Elkargoak, hala ere, elkargokide izateko behin-behineko sistema bat eratu dezake, arauz, Idazkaritza Nagusiaren edo ezar dadin beste organoren baten ebazpenez, harik eta horri buruzko behin betiko ebazpena eman arte.

16. artikulua.– Elkargokide izatea.

1.– 15. artikuluan aurreikusitako ebazpena ematen den egunean hartuko da elkargokidearen kondizioa, helburu horrekin aurkeztutako eskabidea onartu eta gero betiere.

2.– Eskabidea ezestearen aurka aurkeztutako errekurtso kolegial edo jurisdikzionalen baten ebazpenean elkargokide izateko eskubidea onartzen bada, Elkargoak ebazpen horren berri duenean jabetuko da elkargokide eskubideaz, ez badu ebazpenak beste zerbait esaten.

17. artikulua.– Elkargokide izateari uztea eta gaitasun gabetzea.

1.– Elkargokide izateari uzteko arrazoiak:

a) Elkargoari jakinarazitako baja.

b) Elkargokide izateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Aurretik ordainketarako errekerimendua egin arren, hiru hiruhileko kuotak ordaindu gabe izatea. Idatzizko errekerimenduak fede-emaile izatez gain, Elkargoan jasotako helbide profesionalera bidali beharko da. Elkargokidea kondizioa galtzeak ez du salbuesten hartutako obligazio ekonomikoak pagatzetik.

d) Legez ezgaituta egotea.

e) Heriotza gertatzen bada.

2.– Ezgaitze kasuetan ez zaio elkargokide izateari utziko, baina eten egingo da, ondorio guztietarako, egoera horrek irauten duen bitartean, ez badu zehapen egintzak aukera ematen jarduneko elkargokide legetxe aritzeko.

18. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

1.– Ondorengo eskubideak izango dituzte jarduneko elkargokideek:

a) Okupazio terapeutari dagozkion eginkizunak betetzea, lanbidearen araubidearen arabera.

b) Euren lanbide jardunean elkargoaren laguntza izatea pertsona edo erakunde publikoen eta partikularren aurrean.

c) Gobernu Batzordeko eta Elkargoaren barruko hauta-organoetako karguak hautatu eta kargu horietarako hautatuak izatea, eta Batzar Orokorraren erabakiak hartzen parte hartzea.

d) Elkargoaren zerbitzuak erabiltzea, horietarako ezarritako baldintzak betez.

e) Elkargoaren gorabeheren berri ematea aldian behin argitalpenen, bilera informatiboen, batzar orokorren edo Gobernu Batzordeak jar ditzakeen beste bide batzuen bidez, eta Elkargoak antolatzen dituen jardueretan parte hartzea. Elkargokideak sei hilero jaso behar du Elkargoaren gorabeherei buruzko informazio xehatua, aurrez aipatutako bideetako edozeinen bitartez.

f) Okupazio terapeuta izena eta Okupazio terapeutei beren jardunbide profesionalean aitortzen zaizkien eskumenak erabiltzea.

g) Bere ideiak askatasunez adieraztea Elkargoaren komunikabideetan. Horiek argitaratzen edo emititzen ez badira, horren berri eman beharko zaio interesdunari.

h) Aurreko eskubideekin lotura zuzena duten edo dagokion erabaki korporatiboak ezar ditzakeen beste eskubide batzuk.

2.– Jardunean ez dauden elkargokideek ez dituzte 1. paragrafoan adierazitako eskubideak izango, baldin eta jardunbide profesionalari lotutakoak baldin badira. Lehenengo atal horretan adierazitako gainerako eskubideei dagokienez, 11.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

19. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

1.– Jardunean dauden elkargokideek honako betebeharrak izango dituzte:

a) Ezarrita dauden arau deontologiko eta teknikoekin bat etorriz jardutea lanbidean.

b) Erabiltzaileek terapeuta okupazionalaren zerbitzu profesionalaren esku uzitako interesak defenditzea.

c) Lanerako ezagutza eta teknikak eguneratzea, eta burututako lanean kalitate egokia bermatzea.

d) Estatutu hauek, horien garapen arauak eta Elkargoaren organoek emandako ebazpenak betetzea, bidezkotzat jotako errekurtsoen erreserba eginez.

e) Elkargoko organoen aurrean azaltzea horretarako errekeritzen bazaie, non eta arrazoi justifikatua ez duten. Helbide aldaketen berri hurrengo hogeita hamar egunen barruan ematea. Batzar Orokorretara joatea. Elkargoko kargu eta eginkizunetarako aukeratu badira, horiek betetzea. Jarritako kuotak ordaintzea.

f) Lanbidean diharduten terapeuta okupazional guztiek, parte hartzen duten arazo guztietan, sekretu profesionalari eutsi beharko diote.

g) Elkargokide guztienganako errespetua eta begirunea izan beharko dute.

2.– Jardunekoak ez diren elkargokideek ez dute izango 1. paragrafoan adierazitako betebeharrak, lanbidean jarduteari loturikoak direnak. 1. paragrafo horretan aditzera emandako gainerakoei dagokienez, 11.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

2. KAPITULUA
LANBIDEAN JARDUTEA

20. artikulua.– Elkargokide egitea.

Elkargoko kidea egitea borondatezkoa da. Elkargoko kidea egitea derrigorrezkoa bada, obligazio hori betetzat joko da Elkargoko kide jardunekoa izanez gero.

21. artikulua.– Europar Batasuneko profesionalen komunikazioa.

1.– Europako Batasuneko profesionalak, terapeuta okupazionalen baliokideak baitira, ordenamendu juridikoarekin bat eta borondatez jakinaraziko diote Elkargo honi euren jardunaren berri, betiere elkarrekikotasun irizpidearen eta artikulu honen arabera.

2.– Komunikazio horrek ez du salbuesten lanbidea lurralde honetan betetzeko eskatzen diren baldintzak betetzetik.

3.– Komunikazioa behin-behinekoa edo behin betikoa izan daiteke, bai gai jakin baterako, bai hainbatetarako; kontuan izanda, betiere, araudi erregulatzailean ezarritakoa.

22. artikulua.– Estatuko profesionalen komunikazioa.

Terapeuta okupazionalen Espainiako beste elkargo batzuetakoek ere egin dezakete komunikazioa, betiere Estatuko oinarrizko legeetan eta EAEko legeetan jasotako moduan eta eraginarekin.

23. artikulua.– Jarduteko moduak.

Terapeuta okupazionalen lanbidean norbere kontura edo inorentzat lan eginda jardun daiteke, lotura zibil, merkantil, laboral edo administratiboari jarraiki.

24. artikulua.– Aseguramendua.

Euren kontura diharduten terapeuta okupazional elkargokideek aseguru bat hitzartzea bideratuko du Elkargoak, euren lanbide jardunaren ondorioz izan dezaketen erantzukizun zibilaren arriskuei aurre egiteko.

25. artikulua.– Beste titulatu batzuekiko auziak.

Elkargokideren bati beste lanbide bateko pertsona batek edo lanbide horretako elkargoak berak hitzez edo idazkiz errekeritu badio lanbide ekintzaren bat gauzatu ez dezan, ustez ekintza hori ez dagokiolako terapeuta okupazionalen lanbideari beste lanbide horri baino, errekeritutako elkargokideak Elkargoari eman beharko dio horren berri lehenbailehen, bide batez auzi horretaz berak duen iritzia emanez.

3. KAPITULUA
DIZIPLINA-ERREGIMENA

26. artikulua.– Diziplina ahalmena.

1.– Elkargoak zehapenak ezar diezazkieke elkargokideei, euren lanbideko jardunaren edo elkargoko kide izatearen ondorioz burututako ekintza edo omisioengatik; betiere 7. artikuluan jasotako erregulazioaren aurkakoak badira.

2.– Kapitulu honetan aipatzen den diziplina erregimena erantzukizun penala edo zibila kontuan hartu gabe ezarriko da, eta, halaber, funtzionarioengan edo gainerako pertsonal publikoarengan administrazioak duen zehapen- ahalmena.

27. artikulua.– Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

a) Lanbidean jardutea, 18/1997 Legeko 5.1.a) artikuluan adierazten den tituluaren jabe izan gabe.

b) Egiteko profesionalak ez betetzea, horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalte larria eragiten badie.

c) Lanbideko sekretua urratzea.

d) Lanbidean aritzea lanbidean jarduteko gaitasun gabetua egonda, edo bateraezintasun edo debeku kausaren bat izanda.

e) Lanbidean jardutean doluzko delituak egitea; ez da kontuan hartuko zenbateraino parte hartu duen.

f) Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste larri egitea. 18/1977 Legeko 15. artikuluko 2. paragrafoaren j) idatz-zatian adierazitako arau- haustea (estatutu hauetako 29.i artikuluan jasotakoa) idatz-zati honetan xedatutakotik kanpo uzten da.

g) Estatutuetan ezarritako obligazioak ez betetzea, eta, ondorioz, jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalte larria egitea.

28. artikulua.– Hutsegite larriak.

Honako hauek dira hutsegite larriak:

a) 18/1997 Legeko 5.1.d) artikuluan xedatutakoa urratzea.

b) Egiteko profesionalak ez betetzea, eta horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea eragitea.

c) 18/1997 Legeko 11. artikuluan adierazitakoa –Elkargoari jakinarazteko betebeharra– urratzea.

d) Asegurua izateko betebeharra ez betetzea.

e) 18/1997 Legeko 13. artikuluan –zerbitzua eskaintzea ezinezkoa egiten duen arrazoi justifikatuei buruzkoan– adierazten den betebeharra –lanbidean jardutekoa– ez betetzea, horretarako errekerimendua behar bezala egin zaionean.

f) Lanbide bereko edo lanbidearen gobernu organoetako gainerako profesionalen eta lanbidean jardutean haiekin harremanak dituzten pertsona edo erakundeen duintasuna larriki laidotzea, bai eta horietako edozein fisikoki erasotzea ere.

g) Kontseiluen edo elkargo profesionalen –edo horien organoen– ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten ekintzak.

h) Gutxienez bost arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

i) Egon ez dauden kontzeptuak edo burutu gabeko lanbide jarduerak direla eta, minutak edo fakturak egitea; eta terapeuta okupazionalak burutu ez arren, suskribatu egin dituen txostenak edo lanak izenpetzea, bezeroari kaltea dakarkienean.

j) Norbere kasa edo inorentzat lan eginez aritzeko ezarritako baldintzak –kasuaren araberakoak– bete gabe jardutea lanbidean, baldin eta bezeroei kaltea egiten bazaie.

k) Zigor legeen arabera hutsegitetzat jo daitezkeen lanbide jarduerak; edo ez-zilegitzat jo daitezkeenak, bezeroari kalteak ekarriz lege zibilen arabera. Betiere, bataren zein bestearen ondorioz, lanbide obligazioak ez badira betetzen, eta horrek kaltea badakarkie jarduera profesionala eskatu edo hitzartu dutenei. Guzti hori, 18/1977 Legeko 15.2.b) artikuluarekin bat etorriz.

l) Elkargokide legetxe dituzten obligazioak – arauetan zein estatutuetan ezarritakoak– edo Gobernu Batzordeak bere eskumenen barruan emandako erabakiak ez betetzea, horrek kalte arina dakarkienean Elkargoari, beste terapeuta okupazional batzuei, bezeroari edo hirugarrengo batzuei.

29. artikulua.– Hutsegite arinak.

Hutsegite arinak honakoak dira:

a) Estatutuetan ezarritako obligazioak ez betetzea, eta jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalterik egiten ez bazaie.

b) Bezeroarekiko edo beste terapeuta okupazional batzuekiko begirunerik eza, baina publizitate edo larritasun gabekoa.

c) Lanbideko jardunaren ondorioz ezagututako xehetasunak arrazoirik gabe hirugarrengo batzuei jakinaraztea, horrek bezeroari edo hirugarrengo batzuei kalterik ez dakarkienean.

d) Modu nabarmenean gehiegikeriaz egindako faktura edo minutak.

e) Elkargoarekiko eta Elkargoko gainerako antolakundeekiko harremana edo lanbide jarduera erregulatzeko beste ezein arau urratzea, arau- hauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez bada, betiere.

30. artikulua.– Zehapenak.

18/1997 Legeko 16. artikuluan daude jasota zehapenak.

31. artikulua.– Hutsegiteak eta zehapenak preskribatzea.

18/1997 Legeko 18. artikuluan dago xedatuta hutsegiteen eta zehapenen preskripzioa.

32. artikulua.– Publizitatea.

Zehapenak ezartzeko erabakiak posta elektroniko bidez jakinarazi ahal izango dira kaltetutako pertsonari bakarrik. Publizitatea emanez gero, aldez aurretik disoziazioa edo anonimotasuna emanez, datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera.

33. artikulua.– Organo zehatzaileak eta Deontologia Batzordea.

1.– Hurrengo paragrafoan arautuko den Deontologia Batzordeak –ezar daitezen gainerako organoekin batera– Elkargoaren jarduera zehatzailean hartuko du parte, horretarako xedatutako moduan.

2.– Deontologia Batzordea jarduneko hiru elkargokidek osatuko dute, Gobernu Batzordeak hartarako azarez hautatutakoak, urte bateko aginte- aldirako.

34. artikulua.– Zehapen-prozedura.

Prozedura zehatzailea, 18/1997 Legeko 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, estatutu hauetako testu artikulatu honen eranskinean finkatuko da, estatutuon izaerari dagokionean ere parte hartuz.

35. artikulua.– Zehapenak exekutatzea eta ondorioak.

1.– Zehapenak exekutatzea eta ondorioak, 18/1997 Legeko 20. artikuluan xedatutakoaren arabera, artikulu honetan xedatutakoak arautuko ditu.

2.– Diziplina zehapenak, administrazio bidean irmoak direnean, Elkargoko Gobernu Batzordeak exekutatuko ditu, zehapenok jartzea erabaki duen ebazpenean ezarritako moduan. Deontologia Batzordea exekuzio hori ondo burutzeaz ere arduratuko da.

3.– Elkargoko Gobernu Batzordeak, hala ere, exekuzioa eteteko eska dezake, bai ofizioz, bai interesatuak eskatuta, eta Deontologia Batzordearen txostena beharrezkoa izan eta gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dela frogatzen denean, harik eta gauzatu arte. Interesatuak, bere aldetik, etenaldi hori eskatzeko eskubidea du administrazioarekiko auzi- errekurtsoari dagokion prozeduraren barruan, eta indarrean dauden legeen arabera.

4.– Diziplina-zehapenak –exekutatuak izan, edo ez– argitaratu egin daitezke, estatutu hauetako 33. artikuluan aurreikusitako moduan, administrazio bidean irmoak egiten direnetik aurrera. Zehapen erabakia atzera botatzen badu epaileak, errebokazio hori ere argitaratu egin beharko da.

5.– Gaikuntza dakarten zehapenak Terapeuta Okupazionalen Elkargoen Kontseilu Nagusiari jakinarazi beharko zaizkio.

36. artikulua.– Diziplina erantzukizunaren iraungipena.– Birgaikuntza.

1.– Diziplina erantzukizunaren iraungipena honako arau hauei jarraiki eraenduko da:

a) Elkargokideen diziplina erantzukizuna iraungitzeko erak: zehapena betez, elkargokidearen heriotza, eta hutsegitea edo zehapenaren preskripzioa.

b) Zehapen prozedura indarrean dagoen bitartean hil egiten bada erruztatua, zehapen prozeduraren iraungipena deklaratzen duen ebazpena emango da.

c) Elkargoan baja hartzeak ez dakar berarekin alta aldian sortutako diziplina erantzukizuna iraungitzea, ekar dezakeen arren, hori bai, erabakitako zehapena ezin bete ahal izatea. Horrelakoetan burutu egingo da diziplina- prozedura eta zehapena eten, harik eta elkargokideak –berriro ere Elkargoan alta hartzen badu– zehapena bete arte.

2.– Birgaikuntzarako arauak:

a) Zehatutakoek, ondoren adierazten diren epeetan –zehapena betetzen denetik aurrera kontatuta–, birgaikuntza eskatu ahal izango dute eta, ondorioz, oharra ezabatu bere espediente pertsonaletik.

• Hutsegitea arina bada, sei hilabete igarotzen direnetik aurrera.

• Hutsegitea larria bada, bi urte igarotzen direnetik aurrera.

• Hutsegitea oso larria bada, lau urte igarotzen direnetik aurrera.

b) Birgaikuntza erabakiko da, baldin eta espedientean ez bada egiaztatu –zehapena ezarri zenetik aurrera igarotako epean zehar– zehapena eragin zuten egintzen antzekorik burutu izana, eta ezereztu egingo da zehapen oharpena elkargokidearen espedientetik.

c) Gobernu Batzordeak gauzatuko du ezerezpena, aldez aurretik Deontologia Batzordearen txosten beharrezkoa entzunda. Batzorde horrek, gainera, Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion instrukzio jarduerak burutuko ditu.

3. TITULUA
ANTOLAKETA
1. KAPITULUA
ANTOLAKETA SISTEMA.

37. artikulua.– Organoen deskribapena.

1.– Ondorengo organoetan egituratuta dago Elkargoaren antolaketa:

a) Batzar Orokorra.

b) Gobernu Batzordea.

c) Lehendakaria edo Dekanoa.

d) Lehendakariordea.

e) Idazkaria.

f) Diruzaina.

g) Idazkari Nagusia.

h) Probintzia ordezkaritzak.

i) Batzordeak eta Lantaldeak.

2.– Organo horiek beharrezkoak diren arren – Idazkari Nagusiarena, Probintzia-ordezkaritzak eta Lantaldeak izan ezik–, Gobernu Batzordeak beste batzuk eratu ditzake, Batzordeak berak ezarritako moduan.

38. artikulua.– Antolaketa komuna edo orokorra.

1.– Elkargoaren antolaketa komuna edo orokorra organoek osatzen dute, zeinen eskumenak Elkargoaren lurralde eremu guztia hartzen baitu.

2.– Elkargoaren antolaketa komuna edo orokorra, honako organo hauek osatzen dute:

a) 37.1 artikuluko a)tik g)-ra arteko –biak barne– letretan deskribatutako organoak.

b) Batzordeak eta lantaldeak, eta 37.2 artikuluaren babespean organo komunen edo orokorren izaerarekin sor daitezen gainerako organoak.

39. artikulua.– Lurralde antolaketa.

1.– Elkargoaren lurralde-antolaketa osatzen dute, Gobernu Batzordearen erabakiaren arabera, beren eskumenak Elkargoaren lurralde-eremua osatzen duten lurralde historikoetako bakoitzaren lurralde-eremua hartzen duten eskumenak dituzten organoek.

2.– Honako organo hauek osa dezakete Elkargoaren lurralde-antolaketa:

a) 37.1 artikuluko h) hizkian aipatzen diren probintzia-ordezkaritzek; horietako bakoitza lurralde historiko bakoitzaren lurralde-eremuari dagokio.

b) Batzordeek, lantaldeek, eta 37.2 artikuluaren babespean sor daitezkeen gainerako organoek, lurralde historiko bakoitzaren lurralde-eremuari dagozkien organoen izaerarekin.

40. artikulua.– Organoen arteko harremanak.

1.– Gobernu Batzordeak autonomia dauka - unean-unean indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren ondorio den esparruan- bere eskumeneko aginpideez baliatzeko, baina kudeaketari dagokionez, Batzar Orokorraren aurrean erantzun behar du, gai horretaz Estatutu hauetan berariaz ezarritako baldintzen eta helmenen arabera.

2.– Lehendakariak edo Dekanoak, Lehendakariordeak, Idazkariak eta Diruzainak ere autonomia daukate -unean-unean indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren ondorio den esparruan- beren eskumeneko aginpideez baliatzeko, baina kudeaketari dagokionez, Batzar Orokorraren aurrean erantzun behar dute, gai horretaz Estatutu hauetan berariaz ezarritako baldintzen eta helmenen arabera.

3.– Elkargoko gainerako organo guztiak Gobernu Batzordearen mende daude hierarkikoki, 39.2.b) artikuluan aurreikusitako organoak izan ezik; azken horiek dagokien Probintzia- ordezkaritzen mende egongo dira hierarkikoki.

2. KAPITULUA
BILTZAR NAGUSIA

41. artikulua.– Izaera.

Batzar Orokorra da Elkargoko organo gorena eta subiranoa, eta, horregatik, estatutu hauetan aitortuta-ko posizio eta eginkizunak ditu bereganaturik.

42. artikulua.– Osaera.

Eskubide osoko elkargokideek –jardunekoak eta ez-jardunekoak– osatzen dute Batzar Orokorra, betiere dagokion Batzar Orokorra egin aurreko egunean –egun hori barne– elkargokide badira.

43. artikulua.– Motak.

1.– Ohiko Batzar Orokorra izateko, honako gai hauetarikoren bat izan behar du helburu legetxe:

a) Elkargoko aurrekontua eztabaidatzea eta, behar izanez gero, onartzea.

b) Elkargoko kontuak eztabaidatzea eta, behar izanez gero, onartzea.

c) Gobernu Batzordearen txostena gertatzea, dagokion batzar orokorra egin baino justu lehenagoko ekitaldian burututako jarduerei buruzkoa.

d) Gobernu Batzordearen txostena gertatzea, dagokion Batzar Orokorra egin osteko lehenengo ekitaldian burutzeko aurreikusi diren jarduerei buruzkoa.

2.– Aparteko Batzar Orokortzat jo behar dira 1. paragrafoan adierazi ez diren gaiak helburu dituzten organo batzarrak.

3.– Ohiko eta Aparteko Batzarrak arau berberekin eraenduko dira, non eta estatutu hauetan beren-beregiko alderik jaso ez den.

44. artikulua.– Eskumena.

1.– Batzar Orokorrari dagozkio 18/1997 Legeko 35.3 artikuluan adierazitako eskumenak.

2.– 43.1 artikuluan aipatutako gaiak aztertzeko eskumena du Ohiko Batzar Orokorrak eta, ondorioz, bere irizpena emanda, aurkeztu zaizkion aurrekontua eta kontuak onartzeko, edo ez.

3.– Aparteko Batzar Orokorrak eskumena du beste edozein gai aztertzeko, Elkargoko beste organo batzuen eskumenaren aurka jo gabe.

45. artikulua.– Deialdia. Epea eta lekua.

1.– Gobernu Batzordeari dagokio Batzar Orokorrerako deialdia egiteko eskumena. Nolanahi ere, Batzar Orokorrerako deialdia egitera behartuta egongo da ondorengo kasuetan:

a) Elkargoaren aurrekontuaren eta kontuen onespena betetzeko.

b) Horretaz gain, elkargokideen % 20k edo jardunekoen % 10ek eskabidea idatziz egiten dutenean.

2.– Deialdiarekin batera, landuko diren gaiak jasoko dituen gai-zerrenda eta batzarrerako lekua, eguna eta ordua adieraziko dira. Aurreko paragrafoan aipatutako eskabidean aditzera emandako gaiak jaso beharko ditu deialdiak nahitaez.

3.– Posta elektronikoz helaraziko zaie deialdia elkargokideei.

4.– Urteko hirugarren hiruhilekoa amaitu aurretik egin beharko da Ohiko Batzar Orokorra.

5.– Elkargoaren egoitzan egingo da batzarra, baldin eta deialdian ez bada berariaz beste leku bat adierazten.

46. artikulua.– Antolaketa.

Batzar Orokorreko lehendakari eta idazkari izango dira, izan ere, Gobernu Batzordean kargu horiek dituzten berberak, eta, horiek ezean, horien ordezkoak izango direnak, kargua hutsik dagoelako, edo gaixorik eta absente dagoelako, edo lege eragozpenak daudelako.

47. artikulua.– Batzarretara joatea.

1.– Elkargokide guztiek dute Elkargoaren Batzar Orokorretara joateko eskubidea, eta hitz egiteko eta bozkatzeko eskubidea izango dute.

2.– Nolanahi ere, elkargokideek beste elkargokide baten esku utz dezakete eurak ordezkatzeko ahalmena, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Eskuordetze hori idatziz egiaztatu beharko da, Batzar Orokor bakoitzerako berariaz, eta idazki horretan ahalorde-emailearen eta ahalorde dunaren izen-abizenak adierazi beharko dira, bai eta deitutako Batzarrerako lekua eta eguna, ahalordea eman deneko lekua eta eguna eta ahalorde dunaren sinadura eta ahalorde-emailearen NAN agiriaren fotokopia ere.

b) Nolanahi ere, nahi duen botoa emateko askatasuna izango du izendatutako ordezkariak.

c) Elkargokide batek ere ezingo ditu hamar boto ordezkapen baino gehiago pilatu Batzar Orokor baten.

3.– Gobernu Batzordeko kideek Batzar Orokorraren batzarretara joateko betebeharra dute, baldin eta ez badiote ez joateko arrazoia Jakinarazten Elkargoko Lehendakariari edo Dekanoari.

4.– Eginkizuntzat alor juridikoaz, ekonomikoaz eta beste alor batzuez informatzea eta aholkuak ematea duten zuzendariek, kudeatzaileek, teknikariek eta gainerakoek, baita elkargoaren gaien jardun onean interesa duten beste pertsona batzuek ere Batzar Orokorretara joan beharko dute, Elkargoko Lehendakariak edo Dekanoak dei egiten dienean. Hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botorik ez.

48. artikulua.– Eratzea.

1.– Batzar Orokorra, parte hartzaileen kopurua edozein izanda ere, balio osoz eratuko da.

2.– Deialdi bakarrean eratuko da Batzar Orokorra, deialdian jarritako orduan. Hala ere, lehendakariak, unean bertan antzemandako kausa bidezkoren bat balego, atzeratu egin dezake batzarra, baina ez lehenengo deialditik berrogeita zortzi ordu baino gehiago. Atzeratzeko eskatzen den baldintza bakarra: egoera hori programatutako batzar atzeratuan jakinaraztea.

3.– Bestalde, elkargokide partehartzaileen kopurua –bertaratuena eta eskuordetuena– elkargokideen % 10a baino txikiagoa bada, eta lehendakaritzaren iritziz aztergaia garrantzizkoa bada, batzarra bertan behera utz dezake lehendakariak, eta hilabeteko epean beste deialdi bat egin gai-zerrenda berarekin.

49. artikulua.– Batzarra egitea.

1.– Batzar Orokorrean ez da aztertuko gai- zerrendan jaso ez den gairik.

2.– Lehendakariaren eginkizunak: batzarrak gidatzea; batzarretako ahozko partehartzeak, kontra-erantzuteak eta eztabaidak zehaztea; botoa emateko proposamenak egitea; eta agertutako zalantzak ebaztea. Batik bat, partehartze kopurua eta iraupena ezarri ahal izango du, aldeko eta kontrako txandak, eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua.

3.– Aktak erredaktatzea idazkariari dagokio, eta hartarako, ikus-entzunezko bitartekoak erabili ahal izango ditu.

50. artikulua.– Erabakiak hartzea.

1.– Erabakiak hartzeko nahikoa izango da gehiengo soila, hau da, boto positiboen kopuruak gainditu dezala boto negatiboena. Eta hori horrela izango da, estatutu hauetan ez bada beste quorum bat ezartzen.

2.– Eskua jasoz, edo izenezko bozketa irekiz edo isilpekoz har daitezke erabakiak. Eta hori, hartu beharreko erabakien izaera eta eraginkortasuna kontuan izanik, Lehendakaritzak –asanblada entzunda– har dezan ebatziaren arabera. Erabakiak onespenez hartu direla joko da, Batzarra kontsultatu eta gero, partehartzaile bakar batek ere ez badu oposiziorik agertu.

51. artikulua.– Aktak.

1.– Batzar Orokorraren bilera bakoitzeko akta egingo da. Hurrengo hamabost egunen barruan onartuko dute dagokion batzarrean lehendakariaren eta idazkariaren ardura izan dutenek; eta jarraian izenpetu egingo dute. Akta ez bada epe horretan onartzen, Gobernu Batzordeak onartuko du, eta Elkargoko lehendakariak eta idazkariak izenpetuko dute.

2.– Bilerako gora-beheren eta hartutako erabakien laburpena jasoko da aktan. Partehartzaileek bileran idatziz edo hitzez aurkeztutako oharrak, erreparoak eta kontrako botoak ere jasoko dira, baldin eta aktan agertzeko asmoa azaldu badute.

3.– Elkargoko lehendakariak beren-beregiko ahalmena du Batzar Orokorrak hartutako erabaki guztiak baliabide publiko bihurtzeko.

4.– Akten ziurtagiriak, Elkargoko lehendakariak ontzat eman ostean, idazkariak eman eta izenpetu beharko ditu, eta eskabidea eskuratzen denetik hasita bost eguneko gehienezko epean emango dira.

3. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA
1. ATALA
ERAKETA OROKORRA.

52. artikulua.– Izaera.

Elkargoa kudeatzeko eta ordezkatzeko eginkizunak Gobernu Batzordearen esku daude. Horren arabera zuzentzen eta administratzen du Elkargoa, exekutatzen ditu Batzar Orokorraren erabakiak, eta burutzen ditu estatutuek esleitzen dizkioten diziplina ahalmena eta gainerako eginkizunak. Guzti hori, estatutuetan ezarritako moduan.

53. artikulua.– Osaera.

1.– Gobernu Batzordeko kidak hauek izango dira: lehendakaria, lehendakariordea, diruzaina, idazkaria, eta hiru bokal, estatutu hauetan ezarritakoarekin bat hautatuak. Lurralde historikoen ordezkaritza paritarioa sustatuko da.

2.– Gobernu Batzordeko kideen kopurua gehitu egin dezake Batzar Orokorrak, proportzionaltasuna elkargokide kopuru emendatuari egokitu ahal izateko. Gehitze horrek Gobernu Batzorderako hurrengo hauteskunde prozesutik aurrera baino ez ditu izango ondorioak.

54. artikulua.– Iraupena.

1.– Gobernu Batzorde guztia eraberritzeko egindako hauteskunde-prozesutik ateratzen dira Gobernu Batzordeko kideak, eta hiru urtez iraungo dute kide gisa, eraberritutako Batzar horretan lehenengo Lehendakari hautatutakoa lanpostuaz jabetzen denetik kontatzen hasita, nahiz eta beste bat izan karguaz jabetzeko eguna. Aldez aurretik Estatutu hauetan aurreikusitako kargu-uzteko egoeraren bat gertatuz gero, salbuespentzat joko da.

2.– Gobernu Batzordean hutsune bat egon eta hori betetzeko erabaki bidez egin bada norbait organo horretako kide, hau da, Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko egindako hauteskunde- prozesutik kanpo aukeratu bada, aurreko 1. paragrafoan adierazitako hiru urteko iraupena agortu artekoa izango da. Aldez aurretik Estatutu hauetan aurreikusitako kargu-uzteko egoeraren bat gertatuz gero, salbuespentzat joko da.

3.– Gobernu Batzordeko kideek egoera horretan jarraitu ahal izango dute aurreko paragrafotan adierazitakoaz besteko egoeretan ere, harik eta Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko egindako hauteskunde-prozesutik ateratako kide berriak euren karguaz jabetu arte, eta gehienez ere sei hileko epean, aipatu epea amaitzen denetik aurrera. Gerta daiteke, hala ere, Batzar Orokorrak epe luzeagoa ematea, aparteko eta urgentziazko gorabeherak direla eta. Atal honetan adierazitako aginte-aldia luzatzeak ez dizkie murriztuko beren ahalmenak Gobernu Batzordeari eta batzorde horretako kideei.

55. artikulua.– Eskumenak.

1.– Gobernu Batzordeari dagokio Elkargoaren kudeaketa, zuzendaritza, administrazioa, gobernua eta ordezkaritza guztia. Eskumena du, horri begira, disposizioko eta administrazioko era guztietako ekintzak burutzeko, kontratuak izenpetzeko, egoera eta harreman juridiko oro eduki, eskuratu, aldatu eta indargabetzeko, eta, halaber, edozein moduko ekintzak gauzatzeko. Eginkizun horietarako muga bakarrak estatutu hauetan ezarritakoak dira.

2.– Gobernu Batzordearen eskumenetik kanpo gelditzen dira Batzar Orokorrarenak baino ez diren gaiak; eta, halaber, Elkargoko beste organo batzuei esleitutakoak. Gobernu Batzarrak, ondorioz, haiekiko bere eskumena era espresu eta korrelatiboan galduko du.

3.– Esate baterako, honako eskumen hauek burutu ditzake Gobernu Batzordeak:

a) 18/1997 Legeko 36.3 artikuluan aipatutakoak, honako hauek alegia: estatutuak onartu eta eraldatzeko prozedura sustatzea; bere eskumenekoak diren gaiak osoko bilkurari proposatzea; Elkargoaren aurrekontua eta kontuak gertatzea; elkargokideen gaineko diziplina ahalmenaz baliatzea; osoko bilkurara joatea; legeek, arautegiek eta estatutuek esleitutako gainerako ahalmenak.

b) Elkargokide berriak onartzeari buruz erabakitzea.

c) Elkargokideek –106. artikuluak dioenari jarraiki ordaindu behar dituzten kuotak eta Elkargoko zerbitzuak erabiltzearen ondoriozko eskubideak ezartzea.

d) Peritu legetxe parte hartu behar duten aukeraketa erraztea epaimahai eta agintariei. Helburu horri begira, txanda bat edo gehiago osatuko dira jardun profesionalerako, horretarako onar daitezen funtzionamendu arauekin bat etorriz.

e) Elkargokideei aholkularitza eskaintzea lanbidearen jardunean izandako erreklamazioetan, betiere kontuan izanik izendatutako aurrekontuak. Ildo horretan, elkargokideok ordezka ditzakete entitate publiko eta pertsona pribatuen aurrean.

f) Elkargokideen artean sortutako diferentziei dagokienez, arbitro-funtzioak burutzea, betiere parteek hala eskatuz gero.

g) Elkargokideek euren lanbide jardunean bete behar dituzten arauak ezartzea.

h) Independentzia askatasuna gordetzea, beharrezkoa baita elkargokideek euren zeregin profesionalak betetzeko eta zor zaien errespeturako.

i) Terapeuta okupazionalek euren lanbide jardunari buruzko arauak bete ditzaten ahalegintzea, bai gainerako elkargokideei zor zaien begiruneari dagokionez, bai lanbide zerbitzuen jasotzaileei dagokienez. Bidezkoa den zuzentasuna eta jarrera profesional aditua eskatuko da jardun horretan.

j) Terapeuta okupazionalen zerbitzu profesionalen kalitate mailari eta euren ezaguera jardunari eustea, titulaziorik eta kasu bakoitzerako behar den ezaguerarik ez duenak lanbidean aritzea eragotziz. Aurre egingo zaio intrusismoari, eta bateraezintasunak salatu egingo dira.

k) Intrusismo profesionalaren aurkako neurriei dagokienez, Elkargoaren eginkizuna izango da eskumen duten jurisdikzio-organoei intrusismoares eta lehia desleialaren berri ematea, dagokion araudia aplikatu ahal izateko. Diziplina- neurriak hartu ahal izango dira, bakar-bakarrik, intrusismoko edo lehia desleialeko portaerak daudela adierazten duen ebazpen judizialik badago.

l) Batzar Orokorretarako, Gobernu Batzorderako karguak hautatzeko, eta Terapeuta Okupazionalen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren aurrean Elkargoaren kontseilari-ordezkariak izango direnak aukeratu eta ordezkatzeko deia egitea.

m) Interesatutako aldeek eskatuta, laudo bidez konpontzea terapeutek gauzatutako lan profesionalen exekuzioan edo ordainketan agertutako aldeak.

n) Terapeuta okupazionalek enplegu mailarik handiena izan dezaten saiatzea.

o) Korporazioak dituen helburuetarako beharrezkoak diren lan-batzordeak eta taldeak eratu, sustatu eta garatzea, eta, horiei, egokitzat jotzen diren ahalmenak esleitzea.

p) Entitate publiko edo pribatuekin lankidetza akordioak edo hitzarmenak egitea, korporazioaren helburuak ahalik eta ondoen betetzeko

q) Elkargoaren argitalpenak –bakarrak edo aldizkakoak– editatzeko erabakiak hartzea, eta, hala behar izanez gero, horien erredakzio- eta zuzendaritza- organoak finkatzea.

r) Eduki soziosanitarioko alorretan prestakuntza eta espezifikazio jarduerak garatzea, bai Elkargoak eratutako Euskal Terapia Okupazionalaren Eskolaren bidez, bai kudeaketa zuzenerako beste moduren batez, bai beste entitate batzuekin adostutako eran. Ikastetxeak edo unibertsitate-institutuak sortzea sustatu dezake, horien jardunean parte hartuz.

s) Elkargokideen alde egitea, erakunde publikoen aurrean, euren lanbide jardunean edo jardun horren karietara.

t) Eskabide-eskubideaz baliatzea agintari eta erakundeen aurrean.

u) 2. artikuluan aipatutako tituluei dagozkien ahalmenen ikasketa-planak gertatzen parte hartzea.

v) Terapia okupazionala edo horri lotutako alorrak irakasten dituzten unibertsitate eta ikastetxeekin –irakaste maila guztietan– lankidetza akordioak ezartzea.

w) Programak gertatzen parte hartzea; eta, terapeuta okupazionalaren titulu fakultatiboa eskatzen bada, enplegu eskaintza publikorako epaimahaietarako bokalak izendatzea.

x) Zientzia sanitarioen ikerketa eta irakaskuntza sustatzea.

y) Administrazio publikoek eskatutako gaietan txostenak eta irizpenak ematea; eta beren-beregiko eginkizunetarako terapeuta okupazionalak aukeratzea, baldin eta agintariek euren parte hartzea eskatzen badute.

56. artikulua.– Jarduera.

Gobernu Batzordea osoko bilkuran eta batzorde iraunkorrean arituko da, baina egintza oro joko da Batzarrak hartutakotzat.

2. ATALA
AUTAKETA

57. artikulua.– Hautagaia eta hautatua izateko baldintzak.

Deialdiaren unean elkargokide diren pertsona guztiek dute Gobernu Batzordea kideen izendapenean hautesle aritzeko, baita hautatuak izateko ere, baldin eta elkargoarekiko betekizunak beteta badituzte eta ez badute, oro har, elkargo- jarduera etetea dakarren edo beren eskubideak mugatzen dituen zehapenik.

58. artikulua.– Hautespen-bideak.

Bi hautespen-bide daude:

1.– Kandidaturak:

a) Hautatu beharreko Batzordeko kide guztiak batzen dituzten kandidatura osoak edo kandidatura indibidualak bakarrik aurkeztu ahal izango dira hauteskundeetan (lehendakari izateko bat, lehendakariorde izateko bat, idazkari izateko bat, diruzain izateko bat eta batzordekide izateko bat gutxienez eta zazpi gehienez).

b) Kandidaturak osatzeko moduari dagokionez, hautagai bakoitza zer kargutarako aurkezten den adierazi beharko da, eta hautagaiok horren onespena sinatu beharko dute.

c) Inor ezingo da aurkeztu hautagaitzat kargu edo kandidatura baten baino gehiagotan.

2.– Zerrenda irekiak:

a) Elkargokide guztiak dira hautagarri.

b) Ordezkaritzako karguren bat edo batere kargurik hartu nahi ez duenak idatziz edo posta elektronikoz jakinarazi behar dio Zuzendaritza Batzordeari –idazkaritzaren bitartez–, hauteskundeak baino 15 egun natural baino lehenago.

c) Batzordeak hautatuak izateari uko egin ez dioten elkargokide guztiez osatutako zerrenda prestatuko du. Ez-ohiko batzarrerako deialdia egingo da, eta batzordeko postuak hautatzeko zozketa egingo da batzar horretan

d) Batzordea osatu ezin bada, Elkargoak erabilgarri dituen baliabide guztiak erabiliko ditu bere jardunarekin jarraitu ahal izateko.

59. artikulua.– Deialdia.

1.– Zuzendaritza Batzordeari dagokio hauteskundeetarako deialdia egitea; hauteskundeak egin baino gutxienez berrogeita bost egun lehenago egin beharko du deialdia eta, aldi berean, elkargokide hautagarrien zerrenda argitaratuko du. Elkargoaren webgunean egongo da eskuragarri zerrenda hori, eta posta elektroniko bidez emango zaie horren berri elkargokideei.

2.– Hautesleen zerrendaren aurkako erreklamazioren bat egin nahi duten elkargokideek bost eguneko epearen barruan formalizatu behar dute erreklamazioa, zerrendak ikusgai jartzen direnetik zenbatzen hasita. Zuzendaritza Batzordeak ebatziko ditu erreklamazio horiek, formulatzeko epea amaitu eta hurrengo hiru egunetan, eta erreklamaziogile bakoitzari helarazi beharko zaio ebazpena, hurrengo hamar egunen barruan. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, onetsitzat joko dira aurkeztutako zerrendak. Hauteskundeetarako ezarritako eguna baino hiru egun lehenago, behin betiko zerrendak argitaratuko ditu Batzordeak Elkargoaren webgunean eta/edo idazkaritzan/egoitzan. Dagokion kargu bakoitzerako aurkeztutako kandidaturez eta, estatutuek ezarritako epean eta bideak erabilita kandidaturarik aurkeztu ez den karguetarako zerrenda irekietan ez egoteko nahia berariaz adierazi ez duten elkargokideek osatutako zerrenda irekiez osatuta egongo dira zerrendak.

3.– Elkargoaren idazkaritzan edo egoitzan aurkeztu beharko dira Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak bete beharko dituzten kandidatura osoak edo indibidualak, kide guztiek behar bezala sinatuta eta haien bizilekua adierazita (zinpeko edo ziurtatutako deklarazioa), deialdia argitara eman eta hurrengo hamabost egunen barruan; behin hamabost egun horiek igaro ondorengo bost egunen barruan jakinarazi beharko du kandidaturen zerrenda Gobernu Batzordeak.

4.– Postu bakoitzeko kandidatura bat baino gehiago baldin badago edo kandidatura osoen kasuan, bozketarako lekua, eguna eta ordutegia zehaztuko dira, bai eta bozketa egingo den lokala noiz ireki eta noiz itxiko den ere.

5.– Behin zerrendak onartu ondoren, kandidaturen aurkezpena egingo da eta 15 eguneko epea emango da prozesu horretarako; hauteskundeak egin baino 24 ordu lehenago amaituko da epe hori. Aurkezpenak egiteko Elkargoaren instalazioak behar izanez gero, Batzordeari egin beharko zaio eskabidea posta elektronikoz, eta idazkariari helaraziko zaio mezu hori. Posta elektronikoz bidaliko dira esleitutako egunak eta ordutegiak, eskabide egin eta hurrengo egunean. Elkargoak hartuko ditu bere gain aurkezpen horiek instalazioei eragindako gastuak. Elkargoko Idazkaritzak zerrenda bat prestatuko du aurkeztutako kandidaturen hitzez hitzezko kopiarekin, eta elkargokideei bidaliko die, dagokion boto-txartelarekin eta botoa posta bidez emateko gutun-azalekin eta jarraibideekin batera.

6.– Kandidatura bakarra aurkezten bada, bozketa bidez berretsi beharko da bozketarako finkatu den egunean, Batzarraren gehiengo soila eskura dezan.

7.– Ezarritako epearen barruan batere kandidaturarik edo batzordeko karguetakoren baterako kandidaturarik aurkezten ez bada, zerrenda irekien hautespen-bideari helduko zaio, eta elkargokide guztiei jakinaraziko zaie erabaki hori. Zerrenda irekien hautespen-bideari helduko zaio aurkeztutako kandidatura bakarra onartzen ez bada edo kandidatura oso bat baino gehiago edo postu baterako kandidatura bat baino gehiago baldin badago ere. Horretarako berariaz deitutako ekitaldian egingo da zerrenda irekien bozketa behin Batzarra amaitu ondoren, kandidatura bakarrak ez duenean Batzarraren onespena lortzen.

60. artikulua.– Hauteskunde mahaia eta bozketa-sistema.

1.– Behin Batzarra amaitu ondoren eta boto eskubidea duten elkargokideekin elkartuta, Hauteskunde Mahaia eratuko da, eta mahai horrek zuzenduko ditu bozketa eta bozketaren inguruabarrak. Hiru kidez osatuta egongo da mahaia, eta hiru horietako bat ere ezingo da izan kandidaturaren batean aurkeztu den pertsona.

2.– Batzarrean dagoen elkargokiderik zaharrena izango da Mahaiko lehendakaria, eta beste bi kide hautatuko dira zozketa bidez batzarrean daudenen artean, idazkari eta mahaikide izateko; salbuetsita geratuko dira kandidaturaren bat aurkeztu duten elkargokideak. Kasu horretan, hurrengo kiderik zaharrena izendatuko da. Elkargokideek horretarako ezarritako lekuan eta lokalean bozkatu behar dute. Hauteskunde mahaian egongo da hautestontzia egongo da, eta behar besteko bermeak eskaini beharko ditu. Behin hauteskunde mahaia eratu ondoren, Lehendakariak adieraziko du bozketa noiz hasi eta noiz amaituko den.

3.– Aurkeztutako zerrenden artean aukeratutako kandidaturaren zerrenda jasotzen duen boto-txartela bakarrik erabil dezakete hautesleek bozkatzeko; halaber, gutun-azal zuri bat entregatuko zaie boto-txartel hori sartzeko, eta boto-txartelak zein gutun-azala bozketa egiten den egoitzan emango die Elkargoak elkargokideei. Hautesleak behar bezala identifikatu behar dute beren burua NAN agiria edo elkargokide-txartela erakutsita eta, hori egin ondoren, hauteskunde mahaiko lehendakariari emango diote gutun-azala –barruan boto-txartela duela–, hark baliozta dezan; lehendakariak berak sartuko du gutun-azala hautestontzian, boto-emailea aurrean dela. Mahaiko idazkariak elkargokideen erroldan markatuko ditu botoa eman duten elkargokideak.

4.– Aurrez aurreko botoak eman ondoren, eta dagokion egiaztapena egin aurretik, ezarritako baldintzak beteta posta ziurtatu bidez iritsi diren botoak sartuko dituzte hautestontzian.

5.– Aurrez aurre bozkatzen ez duten hautesleek posta ziurtatu bidez egin ahal izango dute, beren botoa Elkargoko idazkaritzara bidalita. Gutun-azal ziurtatuan hauteslearen NAN agiriaren fotokopia aurkeztu behar da posta bidez bozkatzeko eskabidearekin batera, eskuz egindako sinadura eta gutun-azal zuri bat itxita; gutun-azal horren barruan egongo da boto-txartela edo hautatutako kandidatura mekanografiatuta, kide eta kargu guztien zerrendarekin.

6.– Posta bidezko botoak baliozkoak izan daitezen, aipatutako baldintzak bete behar dituzte eta Elkargoko idazkaritzan jaso behar dira, bozketa baino gutxienez bi egun lehenago.

7.– Aurrez aurre bozkatuz gero, indargabetuta geratuko da posta bidezko botoa.

61. artikulua.– Boto-zenbaketa eta bozketa- akta.

1.– Behin bozketa amaitzen denean, boto- zenbaketari ekingo zaio. Baliogabetzat joko dira bozketarekin zerikusirik ez duten adierazpenak, hauteslearen nahia behar bezala identifikatzea galarazten duten zirriborroak edo bozketaren edukia eta proposatutako zerrenda bat baino gehiago dituzten boto-txartelak.

2.– Behin boto-zenbaketa amaitu ondoren, hauteskunde mahaiko idazkariak bozketaren emaitzaren eta gertatutako gorabeheren akta jasoko du; mahaiko kide guztiek sinatu beharko dute akta hori. Mahaiko lehendakariak jakinaraziko du emaitza.

62. artikulua.– Kargua hartzea.

Gobernu Batzordeko kideak hautatu ondoren, hautatu direnetik hamabost eguneko gehienezko epearen barruan hartu beharko dituzte beren karguak. Hogei eguneko epearen barruan jakinarazi beharko zaio Eusko Jaurlaritzari Gobernu Batzorde berriaren osaera; behin batzorde berri hori aldarrikatzen denean, agintaldia amaitzera doan Batzordea jarduneko Gobernu Batzorde bihurtuko da, eta elkargoaren tramiteez eta, hamabost egun igaro baino lehen, Batzorde bien arteko batzarrerako deialdia egiteaz arduratuko da, botere-aldaketa egiteko.

Botere-aldaketa egin ondorengo laurogeita hamar egunetan, behar adina aldiz egin ahal izango zaie deialdia Gobernu Batzorde berriko kideei.

3. ATALA
KARGUA UZTEA

63. artikulua.– Egoerak.

Ondoren adierazten diren egoeraren baten eraginez utziko dituzte euren karguak Gobernu Batzordeko kideek:

a) Aginte-aldia amaitzea, 55. artikuluan esandako moduan.

b) Dimisioa.

c) Elkargoak jarritako konfiantza galtzea, 66. artikuluan ezarritako moduan.

d) Hutsuneak sortzea, 67. artikuluan ezarritako moduan.

64. artikulua.– Dimisioa.

1.– Dimisiorako ez da behar Elkargoko organoen onarpenik, eta Elkargoko lehendakariari jakinarazten zaionetik aurrera izango da eragingarria.

2.– Dimisiotzat joko da Gobernu Batzordeko kide bat, ezelango aitzakia edo justifikaziorik aurkeztu gabe, osoko bilkurako segidako hiru bileratara ez joatea. Dimisioa, hala ere, burututzat joko da baldin eta, Elkargoko lehendakariak horretarako eskabidea egin eta, errekerimendu horren jakinarazpena eskuratu ondorengo hamar egunen barruan, ez badu aitzakia edo justifikaziorik agertu. Osterantzean, kausa hori dela eta dimisioa gauzatuko da.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako modu berean joko da dimisiotzat Gobernu Batzordeko batzorde iraunkorraren segidako hiru bileratara ez joatea; eta goiko paragrafoan aipatutako arau guztiak aplikatuko dira, salbuespen barik.

65. artikulua.– Elkargoaren konfiantza galtzea.

1.– Elkargoaren konfiantza galduz gero utziko dituzte euren karguak Gobernu Batzordekoek, baldin eta konfiantza hori artikulu honetan xedatutakoaren arabera ukatzen bada.

2.– Gobernu Batzordearen ebazpenez edo elkargokideen % 15ak eskatuz bozkatuko da, Aparteko Batzar Orokorrean, Gobernu Batzordearen kudeaketan elkargokideek duten konfiantza. Botoek batzorde osori eragingo dio.

3.– Batzordearen kudeaketari konfiantza ukatzea, emandako botoen erdiak –gehi batek– onartu beharko du. Botok, gutxienez, deialdia egiterakoan botoa emateko eskubidea duten elkargokideen % 25a ordezkatu behar dute.

4.– Aurreko paragrafoaren arabera konfiantza ukatzea onartzen den unea joko da kargu uztea burutu denekotzat.

5.– Gobernu Batzordekoek euren karguei uzteak dakarrena da: berriro egin beharko direla hauteskundeak Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko.

66. artikulua.– Hutsik geratzen diren postuak.

1.– Gobernu Batzordekoek euren karguak utziko dituzte, baldin eta, Batzordean izandako hutsuneen ondorioz, aurreko hauteskunde prozesuaren ondoriozko kide kopurua –hautagaiak edo ordezkoak– Gobernu Batzordeko kide guztien erdia baino txikiagoa bada, kontuan hartu gabe hutsuneek bere horretan dirauten edo bete egin diren.

2.– Kargu uzte hori burututzat joko da aurreko 1. Paragrafoan aurreikusitako kargu-uztea dakarren hutsunea gertatzen denean.

3.– Gobernu Batzordekoek euren karguei uzteak dakarrena da: berriro egin beharko direla hauteskundeak Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko.

4. ATALA
GOBERNU BATZORDEAREN OSOKO BILKURA

67. artikulua.– Osaera.

Gobernu Batzordeko kide guztiek -honen aurretik aipatutakoek- osatzen dute Gobernu Batzordearen Osoko bilkura.

68. artikulua.– Eskumena.

Gobernu Batzordearen Osoko bilkura 56. artikuluan Gobernu Batzordeari esleitutako eskumen guztiez balia daiteke.

69. artikulua.– Deialdia. Epea eta lekua.

1.– Lehendakariari dagokio Gobernu Batzordearen osoko bilkurarako deialdia egiteko eskumena. Hala ere, Lehendakariak Gobernu Batzordearen osoko bilkurarako deialdia egiteko obligazioa izango du kideen gutxienez % 20k hala eskatzen diotenean eta, aldi berean, jorratu beharreko gaiak adierazten direnean.

2.– Deialdiarekin batera, landuko diren gaiak jasoko dituen gai-zerrenda eta batzarrerako lekua, eguna eta ordua adieraziko dira. Aurreko epigrafean aipatutako eskabidean aditzera emandako gaiak jaso beharko ditu deialdiak nahitaez.

3.– Deialdia zuzenean bidaliko zaie kideei, Elkargoak jasota dituen haien helbide elektronikoetara, dagokion batzarra egingo den eguna baino gutxienez 72 ordu lehenago, urgentziazkoa ez bada behintzat; azkeneko kasu horretan, nahikoa izango da 24 ordu lehenago bidaltzearekin.

4.– Deialdiarekin batera, posta elektronikoz bidalitako gai-zerrendan jasotako gaiei dagokien dokumentazioa ere bidaliko da.

5.– Gutxienez urtean lau aldiz elkartuko da Gobernu Batzordearen osoko bilkura, hiruhileko natural bakoitzean behin.

6.– Elkargoaren egoitzan egingo da batzarra, baldin eta deialdian ez bada berariaz beste leku bat adierazten.

70. artikulua.– Barne antolaketa.

Elkargoko lehendakaria eta idazkaria izango dira Gobernu Batzordearen Osoko bilkurako lehendakari eta idazkaria.

71. artikulua.– Lana hasi eta bukatzeko orduak.

1.– Gobernu Batzordeko kide guztiek dute Osoko Bilkurako bileretara joateko eskubidea eta beharra. Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango dute.

2.– Kideek eurek azaldu beharko dute, hau da, ezingo dute inor bidali euren ordez.

3.– Osoko bilkurako lehendakariak ahalmena du enpresako kudeatzaileei, zuzendariei eta gainerako teknikariei osoko bilkurara joan daitezela eskatzeko. Pertsona horietaz gain, alor juridiko, ekonomiko, sanitarioko edo bestelakoetan aholkuak edo argibideak emateko egokitzat jotzen dituenei ere eska diezaieke osoko bilkuretara joateko.

4.– Terapeuta Okupazionalen Elkargoetako Kontseiluan kontseilari izateko Elkargoak aukeratutakoek ere joan daitezke bilkurara, hitz egiteko eskubidez baina botorik gabe, baldin eta Gobernu Batzordean ez badute beste kargu bat betetzen.

72. artikulua.– Eratzea.

1.– Gobernu Batzordearen Osoko Bilkura baliotasunez eratuko da, betiere bere kideetatik % 75ek parte hartzen badu bilkuran.

2.– Gobernu Batzordearen Osoko Bilkura baliotasun osoz eratuko da, baita ere, deialdian jarritako ordu erdi geroago Osoko bilkura- kideetatik % 50 azaldu badira, baldin eta horien artean lehendakaria, dekanoa edo, estatutu hauen arabera, horien ordezkoak badaude. Arau honen eraginkortasunak ez du eskatzen deialdian agertzerik, eta aukera hori inplizitutzat joko da estatutu hauen eraginkortasunagatik beragatik.

73. artikulua.– Bilkurak egitea.

Batzar Orokorrari buruz 50. Artikuluan xedatutakoa izango da aplikagarri.

74. artikulua.– Erabakiak hartzea.

1.– Batzar Orokorrari buruz 51. artikuluan xedatutakoa izango da aplikagarri.

2.– Bilkurako lehendakariak kalitatezko botoa izango du berdinketak ebazteko.

75. artikulua.– Aktak.

Batzar Orokorrari buruz 52. artikuluan xedatutakoa izango da aplikagarri.

5. ATALA
GOBERNU BATZORDEKO BATZORDE IRAUNKORRA

76. artikulua.– Osaera.

Honela osatuta dago Gobernu Batzordearen Batzorde Iraunkorra: Lehendakaria edo Dekanoa, Lehendakariordea, Idazkaria, Diruzaina eta Probintzia-ordezkaritzak

77. artikulua.– Eskumenak.

1.– Gobernu Batzordeko Batzorde Iraunkorrak berorri 56. artikuluan esleitutako eskumen guztiak bete ditzake, eta horren baliotasuna eta eraginkortasuna batzorde horretako osoko bilkurarenak bestekoak izango dira, hurrengo paragrafoan adierazitakoa salbuetsita.

2.– Batzorde iraunkorrak, hala ere, Gobernu Batzordeko Osoko Bilkurari eman beharko dio – honek egin dezan hurrengo bilkuran– berak hartutako erabakien berri, beren-beregi berretsiak izan daitezen. Batzorde Iraunkorraren erabakia ez berresteko erabaki beren-beregikoa hartzen badu Gobernu Batzordearen Osoko bilkurak, orduantxetik aurrera errebokatu egingo da eta indarra galduko du.

78. artikulua.– Jarduera.

Batzorde Iraunkorrak bera arautzen duen Erregelamenduari egokituko dio bere funtzionamendua, eta erregelamendu horren osagarria izango da: Gobernu Batzordearen Osoko Bilkurarentzat Estatutu hauetako 70. Artikulutik 76.era xedatutakoa.

4. KAPITULUA
ELKARGOKO LEHENDAKARIA EDO DEKANOA ETA BESTE ZENBAIT ORGANO

79. artikulua.– Lehendakaria edo dekanoa.

1.– Elkargoko lehendakariaren edo dekanoaren karguaren titularra izango da:

a) Hauteskunde prozesuan aukeratu den kandidaturan izaera horrekin ageri dena.

b) Betetzeke geldituz gero, hauteskunde prozesu horretan aukeratutako kideen artetik Gobernu Batzordeak aukeratu dezanak; beraz, baztertu egingo dira horretaz geroztik hutsuneak betetzeko izendatu direnak.

2.– Titularitatea eskuratzeko erabilitako bidea edozein izanda ere, lehendakariak edo dekanoak bere kargua utzi beharko du, honako egoera hauetan:

a) Gobernu Batzordeko kide legetxe duen agintaldia iraungitakoan. Gero, berriro ere, kide izateko hautatu edo aukeratzen badute, horrek ez dakar berarekin lehendakari edo dekano titular bihurtzerik.

b) Dimisioa, Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik eraginkorra izango dena, organo horretako kide modura jarraitu dezakeen arren.

c) Kargutik mugiaraztea Gobernu Batzordearen erabakiz, organo horretako kide modura jarraitu dezakeen arren.

3.– Hutsik, gaixorik, lanlekutik kanpo edo legez eragotzita gertatuz gero, Elkargoko lehendakari edo dekano titular dena ordezkatuko du –dituen eskumen guztiekin– Elkargoko lehendakariordeak, edo honen ordezkoak, kasua bada.

4.– Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, Elkargoko lehendakariak edo dekanoak, honako hauek ere baditu esleituta:

a) Gobernu Batzordearen eta Elkargoko beste organo batzuen erabakiak bete eta betearaztea.

b) Elkargoa bera eta Gobernu Batzordea ordezkatzea, artikulu honetako 5. paragrafoan esandako moduan.

c) Estatutu hauetako 56.3.o) eta v) artikuluan adierazitakoak, lankidetza-erabakiei edo hitzarmenei buruzkoak, Gobernu Batzordeak ere bereganatuta izan ditzakeen arren. Lehendakariak edo dekanoak, baliozkoak edo eraginkorrak izatearen aurka egin barik, eskumen honetaz baliatzeari dagokion oro jakinaraziko dio Gobernu Batzordeari, horren berri izan dezan.

d) Estatutu hauetan jasota egon eta berari legozkiokeenak.

5.– Elkargoaren eta Gobernu Batzordearen legezko ordezkaritza hartzen du bere gain lehendakariak edo dekanoak, pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen aurrean, hain zuzen ere, eurei egokitu eta edozein erako jardueretan. Hala ere, honako arau hauek hartuko dira kontuan:

a) Lehendakariak edo dekanoak Elkargoaren edo Gobernu Batzordearen ordezkaritzan parte hartzen dutenean, halako egintza edo kontratutan, eta horiei buruzko ebazpena edo baimena Elkargoko beste organo batzuei badagokie, ez da euren ordezkaritza eskumena aldatuko, baina Elkargoko organo eskumendunek ebazpen edo erabaki hori hartu izanaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Lehendakariak edo dekanoak kontratuak edo hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu Elkargoaren izenean, estatutu hauen arabera eskumenduna den Elkargoko organoak bai-mena eman badu izenpetzeko, betiere.

b) Auziak, espedienteak, gatazka administratiboak, gubernatiboak, judizialak eta izaera publikoko bestelakoak gertatuko balira, eta horietan Elkargoak demandatzaile edo demandatu legetxe edo beste moduren baten parte hartuko balu, lehendakariak edo dekanoak ez luke eskumena izango Elkargoa eta Gobernu Batzordea ordezkatzeko bakarrik, gauzatu beharreko akzioa erabakitzeko edo, behar izanez gero, pertsonatzeko ere bai, eta ondorio guztiekin gainera, gero Gobernu Batzordeak berretsi beharko badu ere.

80. artikulua.– Lehendakariordea.

1.– Elkargoko lehendakariordearen karguaren titularitatea bere gain hartuko du:

a) Hauteskunde prozesuan aukeratu den kandidaturan izaera horrekin ageri dena.

b) Betetzeke geldituz gero, hauteskunde-prozesu horretan aukeratutako kideen artetik Gobernu Batzordeak aukeratu dezanak; beraz, baztertu egingo dira horretaz geroztik hutsuneak betetzeko izendatu direnak.

2.– Titularitatea eskuratzeko modua edozein dela ere, lehendakariordeak bere kargua utzi beharko du, honako egoera hauetakoren bat agertuz gero:

a) Gobernu Batzordeko kide legetxe duen agintaldia iraungitakoan. Geroago berriro kide izateko hautatu edo aukeratzeak ez dakar atzera ere lehendakariorde titular izaterik.

b) Dimisioa, Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik eraginkorra izango dena, organo horretako kide modura jarraitu dezakeen arren.

c) Kargutik mugiaraztea Gobernu Batzordearen erabakiz, organo horretako kide modura jarraitu dezakeen arren.

3.– Hutsik, gaixorik, absente edo legez eragotzita gertatuz gero, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Atal Batzordeetako lehendakariek ordezkatuko dute (hurrenkera horretan) lehendakariordea; eta ondoren, Gobernu Batzordeko bokalek, kandidaturan izan duten hurrenkeran edo, bestela, Gobernu Batzordean sartzeko egunen hurrenkeran.

4.– Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, Elkargoko lehendakariordeak, honako hauek ere baditu esleituta:

a) Lehendakariarekin edo dekanoarekin batera lan egitea beroni dagozkion eskumenak gauzatzerakoan eta horretarako eskabidea egiten zaionean.

b) Estatutu hauetan jasota egon eta berari legozkiokeen eskumenak.

81. artikulua.– Idazkaria.

1.– Elkargoko Idazkari karguaren titularitatea izango da Gobernu Batzordeak izendatzen duen pertsonak; ezin izango du Idazkari kargua izan Lehendakari edo Dekano karguaren titularitatea duenak.

2.– Idazkariak utzi egin beharko du bere kargua, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gero berriro ere kide izateko hautatu edo aukeratzen badute ere, horrek ez du esan nahi idazkari bihurtuko denik.

b) Dimititzen badu; Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak. Baina horrek ez du esan nahi organo horretako kide modura ezin duenik jarraitu.

c) Gobernu Batzordearen erabakiz, kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarrai dezakeen arren.

3.– Idazkariaren kargua hutsik dagoenean –idazkaria gaixorik dagoelako, absente dagoelako edo legezko eragozpenen bat duelako– Elkargoko Idazkari Nagusiak ordeztuko du Idazkari karguaren titularra –hark zituen eskumen guztiekin– eta, ondoren, Gobernu Batzordeko kideek kandidaturan azaltzen diren ordenan edo, bestela, Gobernu Batzordean sartu diren ordenan.

4.– Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, Elkargoko idazkariak, honako hauek ere baditu esleituta:

a) Aktak euskarri elektronikoan jasotzea.

b) Estatutu hauetan jasota dauden aurreikuspenen ondorioz dagozkion eskumenak.

82. artikulua.– Diruzaina.

1.– Elkargoko Diruzain karguaren titularitatea izango da Gobernu Batzordeak izendatzen duen pertsonak; ezin izango du Idazkari kargua izan Lehendakari edo Dekano karguaren titularitatea duenak.

2.– Diruzainak utzi egin beharko du bere kargua, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gero berriro ere kide izateko hautatu edo aukeratzen badute ere, horrek ez du esan nahi diruzain bihurtuko denik.

b) Dimititzen badu; Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak. Baina horrek ez du esan nahi organo horretako kide modura ezin duenik jarraitu.

c) Gobernu Batzordearen erabakiz, kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarrai dezakeen arren.

3.– Diruzainaren kargua hutsik dagoenean – diruzaina gaixorik dagoelako, absente dagoelako edo legezko eragozpenen bat duelako– Gobernu Batzordeko kideek ordeztuko dute –hark zituen eskumen guztiekin–, kandidaturan azaltzen diren ordenan edo, bestela, Gobernu Batzordean sartu diren ordenan.

4.– Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, Elkargoko Diruzainak, honako hauek ere baditu esleituta:

a) Kanpoko aholkularitza-enpresa batek eramaten dituen kontabilitateko dokumentazioko liburuak zuzentzea eta ikuskatzea.

b) Elkargoaren aurrekontu ekonomikoa formulatzea eta aurrekontu horren kontrol ekonomikoa egitea.

c) Estatutu hauetan jasota dauden aurreikuspenen ondorioz dagozkion eskumenak.

83. artikulua.– Bokalak.

1.– Gobernu Batzordeko kide guztiak –baldin eta ez badute Batzorde horretako barne- antolaketan ezelango kargurik– izango dira bokal.

2.– Bokalek, Gobernu Batzordeko kide legetxe dagozkien eskumenez gain, Estatutu hauetan jasota egon eta eurei legozkiekeen eskumenak dituzte esleituta.

84. artikulua.– Idazkari nagusia.

1.– Elkargoko idazkari nagusia izango da, izan ere, lanpostu horretarako Gobernu Batzordeak aukeratu dezana. Gobernu Batzordeko kideek ezingo dira, ordea, idazkari orokor izan.

2.– Idazkari nagusiak utzi egin beharko du bere kargua, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Dimisioa, lehendakariari edo dekanoari jakinarazten zaionetik eraginkorra izango dena.

b) Gobernu Batzordeak hartutako erabakiz kargutik mugiarazi ondoren.

3.– Hutsik, gaixorik, absente edo legez eragotzita gertatuz gero, lehendakariak edo dekanoak aukeratu dezanak ordezkatuko du idazkari orokorra, berak dituen eskumen guztiekin.

4.– Elkargoko idazkari nagusiak esleituta dituen eskumenak:

a) Elkargoko pertsonal teknikoaren eta administratiboaren zuzendaritza.

b) Elkargoaren funtzionamendu administratiboa eta bere lan-batzordeen jarduera koordinatzea.

c) Jarduera ekonomikoa eta finantzarioa koordinatzea.

d) Gobernu Batzordearen erabakiak interesatuei jakinaraztea.

e) Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen erabakiak gauzatu eta gauzaraztea, Elkargoko lan-batzordeen jarduera koordinatuz.

f) Estatutu hauetan jasota egon eta berari legozkiokeen eskumenak.

5. KAPITULUA
PROBINTZIA-ORDEZKARITZAK

85. artikulua.– Izaera.

Lurralde historiko bakoitzaren esparruan, izendatu zaizkien eskumenak lantzen dituzten organoak dira Probintzia-ordezkaritzak.

86. artikulua.– Osaera.

Gobernu Batzordeak erabakiko du Probintzia- ordezkaritza bakoitzaren kide kopurua.

87. artikulua.– Iraupena.

1.– 55 artikuluan adierazitakoa da Probintzia- ordezkariaren karguaren iraupena.

2.– Probintzia-ordezkariaren kargua utzi egin beharko da, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Probintzia-ordezkariak bere kargua uzten badu Probintzia-ordezkaritzan.

b) Dimititzen duenean; dimisioa eraginkorra izango da Gobernu Batzordeko Lehendakariari jakinarazten zaionetik.

c) Kargutik mugiarazten denean, Gobernu Batzordeak hartutako erabakiz.

88. artikulua.– Eskumenak.

Probintzia-ordezkaritzek haiei esleitutako eskumenak gauzatuko dituzte.

89. artikulua.– Funtzionamendua.

Probintzia-ordezkaritzek horiek arautzen dituen Erregelamenduari egokituko diote euren funtzionamendua, eta Gobernu Batzordeko osoko bilkurarentzat estatutu hauetako 70-76 artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da modu osagarrian.

90. artikulua.– Probintzia-ordezkaria.

1.– Honako hauek izan dezakete Probintzia- ordezkaritzako Lehendakari karguaren titularitatea:

a) Hauteskunde-prozesuan aukeratu den kandidaturan izaera horrekin ageri denak.

b) Hutsik geldituz gero, Gobernu Batzordeak bere kideen artetik izendatutakoak; hortaz, baztertu egingo dira, gerora hutsuneak betetzeko izendatu direnak. Modu horretan izendatutakoak, gainera, kasuan kasuko Probintzia-ordezkaritzari dagokion Lurralde Historikoan egon beharko du kolegiatuta.

2.– Titularitatea eskuratzeko modua edozein dela ere, Probintzia-ordezkariak bere kargua utzi beharko du, honako egoera hauetakoren bat agertuz gero:

a) Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gero berriro ere kide izateko hautatu edo aukeratzen badute ere, horrek ez du esan nahi Probintzia-ordezkari bihurtuko denik.

b) Dimititzen badu; Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak. Baina horrek ez du esan nahi organo horretako kide modura ezin duenik jarraitu.

c) Gobernu Batzordearen erabakiz, kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarrai dezakeen arren.

3.– Kargua hutsik dagoenean –Probintzia- ordezkaria gaixorik dagoelako, absente dagoelako edo legezko eragozpenen bat duelako– Lehendakariak, Gobernu Batzordea osatzen dutenen eta dagokion ordezkaritzaren Lurralde Historikoan kolegiatuta daudenen artean, berak horretarako izendatzen dituen Gobernu Batzordeko kideek ordeztuko dute karguaren titularra, Lehendakariak ezartzen duen ordenean.

4.– Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, Probintzia- ordezkariak, honako hauek ere baditu esleituta:

a) Gobernu Batzordearen eta elkargoko beste organo batzuen erabakiak betetzea eta betearaztea Probintzia-ordezkaritzari dagokion esparruaren barruan.

b) Probintzia-ordezkaritza zuzentzea.

c) Estatutu hauetan jasota dauden aurreikuspenen ondorioz dagozkion eskumenak.

5. KAPITULUA
BATZORDEAK ETA LANTALDEAK.

91. artikulua.– Izaera.

Batzordeak eta lantaldeak eginkizun zehatz batzuk betetzeko sortzen dira, eta ez dute ebazpen ahalmenik, ez bada horiei buruzko xedapen arautzaileek besterik ezartzen dutela.

92. artikulua.– Sorrera.

Gobernu Batzordeari dagokio batzordeak edo lan-taldeak sortzea, legokiekeen lurralde eremua zein den berdin diola.

93. artikulua.– Arauketa.

Batzordeak eta lantaldeak, estatutu hauetako 8. artikuluaren babesean eman daitezkeen araudietan xedatukoaren arabera arautuko dira.

7. KAPITULUA
ESKUMENAK ESLEITZEA ETA ESKUORDETZEA.

94. artikulua.– Eskumenak esleitzea.

1.– Gobernu Batzordeak bere organoei eslei diezazkieke Elkargoaren eskumenak, eta orain arteko eskumenak aldatu ere bai, berak – Batzordeak– uste duen moduan.

2.– Estatutu hauetan zenbait organori esleitutako eskumenei buruz ere gauza daiteke ahalmen hori eta, ondorioz, beste organo batzuei esleitu, honako salbuespen hauekin:

a) Estatutu hauetan beste organo bati beren- beregi esleigarriak ez direla adierazitako eskumenak.

b) Hauteskunde Batzordearenak.

c) Gobernu Batzordeko lehendakariaren edo dekanoaren, lehendakariordearen, idazkariaren eta diruzainarenak, eta atal batzordeetako lehendakarienak.

3.– Esleipen horren ondorio diren eskumenak, izan ere, beretzat eskuratuta dituen organoarenak dira, etorkizunean aldatu daitezkeen arren.

95. artikulua.– Eskumenak eskuordetzea.

1.– Elkargoko beste edozein organoren gain eskuordetu ditzake Gobernu Batzordeak bere eskumenak. Gainerako organoek ere eskuordetu ditzakete euren eskumenak beste organo batengan, Gobernu Batzordearen aldez aurretiko baimenarekin.

2.– Estatutu hauetan zenbait organori esleitutako eskumenei buruz ere gauza daiteke ahalmen hori eta, ondorioz, beste organo batzuei esleitu, honako salbuespen hauekin:

a) Estatutu hauetan beste organo bati beren- beregi esleigarriak ez direla adierazitako eskumenak.

b) Hauteskunde Batzordearenak.

c) Gobernu Batzordeko lehendakaria edo dekanoa, lehendakariordea, idazkari eta diruzaina, eta atal batzordeetako lehendakariak.

IV. TITULUA
GARAPENA. ELKARGOAREN BALIABIDEAK ETA EGINTZAK

96. artikulua.– Errekurtsoak.

1.– Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak eta lehendakariak edo dekanoak emandako egintzek amaitu egiten dute Elkargoko bidea, eta euren aurka administrazioarekiko auzi-jurisdikziora jo daiteke, berorren legedi arautzaileak ezartzen duen moduan.

2.– Elkargoko gainerako organoek emandako egintzak Gobernu Batzordearen aurrean errekurritu daitezke, eta horiek jakinarazi edo argitaratu ondorengo hilean aurkeztu daitezke errekurtsoak.

3.– Eskumenak eskuordetuz emandako egintzak, eskuordetzea ematen duen organoaren egintzen aurka aurkeztu daitekeen errekurtsoaren bidez errekurrituko ahal izango dira.

4.– Kide anitzeko organoen erabakiak beroietan parte hartzen dutenek inpugnatu nahi badituzte, erabaki horiek hartutako bilera egunetik aurrera zenbatuko da errekurtsoa aurkezteko epea.

5.– Errekurtsoari buruzko ebazpenak amaitu egiten du Elkargoko bidea, eta horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, jurisdikzio horretako arauekin bat.

6.– Errekurtsoa aurkeztu eta hiru hilabete igaro ondoren ez bada ezelango ebazpen berariazkorik jakinarazi, ezetsitzat joko da administrazioaren isiltasuna dela-eta, legean aurreikusitako salbuespenetan izan ezik. Presuntziozko egintza Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legeak arautuko da.

97. artikulua.– Pertsonala.

Gobernu Batzordeak, honako irizpide hauen arabera kontratatuko du Elkargoko pertsonala:

a) Lehenengo eta behin, baldintza berberetan, elkargokideak behinagoak izango dira.

b) Elkargoko plantillakoa izatea merezimendu modura hartuko da.

98. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Elkargoak ahalmen juridikoa osoa du ekonomiaren eta ondarearen alorretan jarduteko eta, horrela, bere helburuak bete ahal izateko.

2.– Elkargoaren diru-baliabideak:

a) Elkargoan sartzeko ohikoak diren kuotak, aldizka ordaintzen direnak eta apartekoak. Batzuen eta bestetzuen zenbatekoa eta maiztasuna Batzar Orokorrak erabakiko ditu, korporazioaren urteko aurrekontuak onartzerakoan. Gobernu Batzordeak, alabaina, kuoten zenbatekoa alda dezake, aldaketa edo berrespen hori Batzar Orokorrak onartzen badu hurrengo urteko aurrekontuetan, betiere.

b) Agiriak ematetik, izenpeak legeztatzetik, irizpenetatik, laudoetatik eta beste bide batzuetatik lortutako diru-baliabideak.

c) Elkargokideentzat diren inprimakiak ematetik lortutako diru-baliabideak eta Elkargoaren edizioetatik eta argitalpenetatik lortutakoak.

d) Perituaren txostenak, irizpenak edo jarduerak ematearren lortutako ordainsariak, entitate publikoek edo partikularrek eskatu ondoren elkargoko organoek zuzenean eskuratutakoak. Ordainsari horiek ezin izango dira, inola ere, Elkargoak terapeuta okupazionalaren lanbideari dagozkion zerbitzuak ematetik eratorri.

e) Korporazioaren ondareko elementuetatik eratorritako interesak eta errentak.

f) Pertsona fisiko edo juridikoetatik eskura ditzakeen dirulaguntzak, jaraunspenak edo dohaintzak.

g) Korporazioari eskuratzea dagozkion gainerako diru-sarrerak.

99. artikulua.– Aurrekontuak.

1.– Elkargoak urteko aurrekontu propioa izango du, gutxi gorabeherakoa. Urte natural bakoitzean aurreikusitako sarrera eta gastu guztiak jasoko ditu. Gobernu Batzordeak gertatu eta Batzar Orokorrak onartuko du.

2.– Urte bateko aurrekontua, hurrengo urteko aurrekontua garaiz onartzen ez bada, hurrengo urtera luzatuko da. Aintzat hartu beharko dira, hala ere, pertsonalaren alorrean aplikagarriak diren xedapenen ondorio diren egokitzapenak, edo Gobernu Batzorde-aren erabakiak. Aurrekontuok behin-behinekoak izango dira, betiere, elkargoko aurrekontu berriak onartu arte.

100. artikulua.– Kontu-ikuskapena.

Elkargoko kontuek urtero izango dute kanpoko auditoria. Emandako txostena hurrengo urteko lehenengo Batzar Orokor Arruntean aurkeztuko da.

101. artikulua.– Elkargoaren jarduera plana.

1.– Gobernu Batzordeak urte natural guztietan onartuko du Elkargoaren jarduera plana, non epealdi horretan garatu nahi diren egintzak jasoko baitira.

2.– Estatutu hauetako 7. Artikuluan aipatzen den arautegiaren izaera izango du plan horrek.

3.– Elkargokideen prestakuntza bultzatuko du eta enplegua sustatuko du plan honek, harik eta gaur egungo krisialdi ekonomikoaren egoera desagertu arte.

102. artikulua.– Lehendakariaren edo dekanoaren artekaritza.

1.– Lanbidearen jardunarekin zerikusirik duten erantzukizunak direla-eta, beste elkargokide baten aurkako egintzak sustatzeko agindua jasotzen duen elkargokideak Elkargoko lehendakari edo dekanoarengana joko du aldi berean, honek, on baderitzo, artekaritza burutu dezan.

2.– Lehendakariak edo dekanoak, aurreko paragrafoan adierazitako betebehar horretaz gain, artekari legetxe jardungo du, bi aldeek bere iritzia eskatzen dutenean.

V. TITULUA
ESTATUTUAK ERABERRITZEA. DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
1. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA

103. artikulua.– Betekizunak.

Estatutu hauek eraberritu ahal izateko, halabeharrezkoa da honako baldintza guzti hauek betetzea:

a) Elkargokideen hamarrenak edo Elkargoko Gobernu Batzordeak egin dezatela proposamena.

b) Adierazi daitezela eraldatu nahi diren aginduak, eta horien erredakzio berria proposatu.

c) Justu horretarako deitutako Batzar Orokorrera bertaratutakoen gehiengo osoak onar dezala.

104. artikulua.– Prozedura.

1.– Eraberritzeko proiektua Elkargoko Idazkaritzan aurkezten denetik aurrera hilabeteko epean Aparteko Batzar Orokorrerako deia egingo du Gobernu Batzarrak, estatutuak aldatu ahal izateko, aurreko artikuluko a) eta b) letretan aipatutako baldintzak betetzen badira, betiere.

2.– Aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzeaz gain, ordenamendu juridikoak ezarritako gainerako guztiak betetzea eskatzen du eraberritzeak.

105. artikulua.– Lurralde eremua.

Elkargoaren lurralde eremua aldatzea da, izan ere, estatutuak eraberritzeko beharrezkoak diren kasu horietariko bat.

2. KAPITULUA
DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

106. artikulua.– Araubidea.

1.– Desegite prozedura eta likidazio erregimena 18/1997 Legeko 31. eta 32. artikuluetan eta horiekin bat datozenetan aurreikusita daude.

2.– Likidazioari dagozkion ahalmen propio guztiak gauzatuko ditu Gobernu Batzordeak, horren berri Batzar Orokorrari emanez, non eta Desegite Legeak besterik xedatzen duen.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

18/1997 Legeko 33.5 eta 6. artikuluan aurreikusitako Agindu onartzezkoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunera arte ez dute indarrik hartuko estatutu hauek.

ERANSKINA
TERAPEUTA OKUPAZIONALEN LANBIDE ELKARGOAREN ESTATUTUETAKO 35.
ARTIKULUAN AIPATUTAKO ZEHAPEN PROZEDURA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Lurralde-eremua.

1.– Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoaren Estatutuetako 35. artikuluan aipatzen den eranskin hau, Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoak gauzatu ditzan jardueretan aplikatu ahal izango da estatutu horien izaera berarekin –euren zati banaezina baitira–, hain zuzen ere, elkargokideek –euren lanbidean edo elkargoko aktibitatean jardutean– jasan ditzaketen diziplina erantzukizunak eskatzeko; aintzat hartuta, hori eta guztiz ere, erantzukizun zibila edo penala izan dezaketela.

2.– Hutsegite larriak edo oso larriengatik zehapenak jartzeko, eranskin honetan adierazten den moduan izapidetu beharko da espedientea. Hutsegite larriak edo oso larriengatik zehapenak jartzeko, eranskin honetan adierazten den moduan izapidetu beharko da espedientea. Hutsegite arinengatik zehapenak jartzeko, hau baino ez da egin beharko: interesatuari entzun, zortzi egun balioduneko epean. Hala ere, eranskin honetan adierazitako izapideen bidez ere egin daiteke, hala erabakiz gero. Dena dela, 1. artikulutik 7.era artekoa, eta eranskin honen amaierako 16. artikulukoa beti aplikatuko zaie, eta, aldez aurretik ez bada informaziorik ematen, 8., 9., 13. eta 15. artikuluetakoak ere bai.

2. artikulua.– Erantzukizun penala eta diziplinazkoa.

Gertakari batzuek erantzukizun penala eta diziplinazkoa badakarte ere, diziplinazko ustezko erantzukizunaren helburu direla gertakariok eta euren gainean abian direla jarduera penalak, aurrera egingo da diziplina-espedientean, baina hori ebaztea atzeratu egingo da harik eta ebazpen judizial irmoa jakin arte, bien bitartean etenda izango da preskripzioa.

3. artikulua.– Aurreneurriz suspenditzea, prozesupean egonez gero.

Gobernu Batzordeak, Deontologiako Batzordearen proposamenez, prozesupean egon daitezen elkargokideak euren lanbidearen jardunean behin-behinekoz etetea erabaki dezake, aurreneurriz eta arrazoitutako ebazpenez. Etendura erabakia eragindakoari jakinaraziko zaio, eta honek errekurri dezake, eranskin honetako 17. artikuluaren arabera. Prozesuak dirauen bitartean luza daiteke etendura.

4. artikulua.– Izapideak, komunikazioak, jakinarazpenak eta epeak luzatzea.

1.– Diziplina prozedura Elkargoak bultzatuko du izapide guztietan. Eranskin honi egokituko zaizkio izapideok eta, bertan aurreikusi gabekoetan, prozedura administratiboari buruzko legeei, zeintzuk osagarriak izango baitira orokorrean.

2.– Izapideak, komunikazioak eta jakinarazpenak ere eranskin honetan ezarritakoari egokituko zaizkio eta, horien ezean, prozedura administratiboaren legeetan xedatutakoari.

3.– Elkargokideak Elkargoari jakinarazi dion egoitzan egingo dira jakinarazpenak baliotasun osoz, bere ustezko lekualdaketa arauz ez komunikatzearen ondorioz legozkiokeen erantzukizunaren kaltetan gabe. Jakinarazpena ezin bada egiaztatu prozedura administratiboari buruzko legeetan aurreikusitako moduan, Elkargoko englegatu batek entregatuko du; hala ere, ezinezkoa balitz egoitza horretan entregatzea erruztatuarekin ahaidetasunezko lotura duenari edo bertan dagoenari, orduan, jakinarazpena gauzatutakotzat joko, hain zuzen ere, iragarkia Elkargoko ediktu-oholean jarritako egunaren biharamunetik urrera hamabosgarren egun baliodunean.

4.– Eranskin honetan ezarritako epeak luzagarriak izango dira, non eta kontrakoa xedapena ematen ez den; hartarako proposamena txostengileak edo instrukzio-egileak egingo du, zeina Deontologiako Batzordeak onartuko baitu, mugaeguna baino lehen. Luzapenari buruzko erabakia, eragindako elkargoari edo errekurtso- egileari jakinaraziko zaiona, ezingo da errekurritu, bidezkoak diren alegazioak aurkeztu daitezkeen arren, geroagoko jarduera edo errekurtsoetan.

5. artikulua.– Elkargokideek duten eskubidea euren kontrako jardueretan ez alegatzeko eta ez deklaratzeko.

Diziplinako prozedurapean dauden elkargokideak abstenitu egin daitezke prozedura horietan, abstenitu daitezkeen moduan horretarako ezarritako epeetan alegazioak aurkeztetik, jakinda, gainera, jarrera horrek ez diela ekarriko diziplina erantzukizunik eta, aldi berean, jarduerak aurrera egitea ere ez duela eragotziko.

II. KAPITULUA
JARDUEREI EKITEA ETA ALDEZ AURRETIKO INFORMAZIOA

6. artikulua.– Jarduerei ekitea.

1.– Diziplinazko prozedurari ofizioz ekingo zaio beti, Deontologia Batzordearen erabakiz, bai bere ekimenez, bai Gobernu Batzordearen aginduz; bai salaketa egon delako, bai beste pertsona edo erakunde batzuen komunikazioa egon delako.

2.– Diziplina prozeduran aipatzen diren egitateak salatu edo komunikatu dituena ez da aldea izango prozeduran, baina bai eskubidea izango duela prozedurari ekiteko erabakia igorri dakion, bai eta jardueren artxibatze edo zehapenak ezartze erabakien berri eman dakion, egokitzat jotako errekurtsoak aurkez baititzake horien aurka.

7. artikulua.– Aurretiazko informazio-aldia.

1.– Aurretiazko informazio-aldia gauzatzea erabaki dezake Deontologia Batzordeak. Horrelakoetan, aurretiazko informazio-aldiaren prozedurari buruzko erabakian batzorde horretako kide bat aukeratuko da, txostengilea denez, informazio-aldi hori burutu dezan.

2.– Aurretiazko informazio-aldia salatariaren berrespenarekin hasiko da, irekitze erabakian ez dela beharrezkoa adierazten ez bada. Salatzaileak hamar eguneko epean berretsi edo ukatu beharko du, aurretiazko informazio-aldia ireki dela jakinarazten zaionetik aurrera kontatuta. Epe hori igaro ostean gauzatu gabe badago, amaitutzat eman eta artxibatu egingo dira jarduerak, izapide gehiago barik, txostengilearen eginbidez, non eta Deontologia Batzordeak kontrako erabakia hartzen ez duen.

3.– Berrespenaren ondoren, eta hori ez dela beharrezkoa uste denean, txostengileak eragindako elkargokideari jakinaraziko dio aurretiazko informazio-aldia ireki zaiola. Salaketa edo horretan agertzen diren egitateak igorriko dizkio, hamar eguneko epe luzaezinean alegazioak egin ditzan eta bidezkotzat jotzen dituen agiriak aurkez ditzan.

4.– Egitateak argitzeko eta ustezko diziplina erantzukizuna zehazteko, egokitzat jotako eginbideak egin ditzake txostengileak. Prozesua irekitzen denetik bi hilabeteko epean amaitu beharko du aurretiazko informazio-aldia, honako proposamen hauetarikoren bat aurkeztuz:

a) Jarduerak behin-behinekoz edo behin betikoz largesteko proposamena, baldin eta horietan diziplina erantzukizunaren zantzurik antzematen ez bada, erantzukizun hori desagertu bada edo lege-hauste horretan ez badago erruztatuaren parte hartzerik.

b) Zehapen proposamena, arau-haustea arina denez, eranskin honetako 1. artikuluan adierazitako izapideen arabera.

c) Diziplina espedientea eranskin honetan aipa-tutako moduan irekitzeko proposamena, baldin eta larritasun handiagoko diziplina erantzukizunaren aztarnak –elkargokide jakin bati egotz dakizkiokeenak– ondorioztatzen badira eta erantzukizun hori oraindino indargabeturik edo preskribiturik ez badago.

5.– Deontologia Batzordeak aztertu beharko ditu proposamenok eta, aurreko 4 paragrafoko a) eta b) idaz-zatietan adierazitako kasuetan bereak gertatu ostean, Deontologia Batzordeak proposamena onartu aurretik, Gobernu Batzordeari bidaliko dizkio, dagokion erabakia har dezan; eta eragindako elkargokidea kide deneko Ataleko dekanoari hamar eguneko epe luzaezina emango zaio, burututako jardueretan oinarrituz, txostena eman dezan, hala nahi badu. Deontologia Batzordeak, c) idatz-zatiari dagokion kasuan, eranskin honetako 8. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera jardungo du.

6.– Aurreko 5. epigrafean adierazitako erabakiak tartean dagoen elkargokideari jakinaraziko zaizkio beti. Erabakiak arau-hauste arin bategatiko zehapena ezartzen badio, eranskin honen arabera erabakiaren aurka egiteko eskubidea duela jakinaraziko zaio.

7.– Erabakiok jakinaraziko zaizkio, halaber, salatzaile edo komunikatzaileari, jarduerak artxibatu edo arau-hauste arinagatik zehapena ezar dadinean, aditzera emanez eze, errekurtsoa aurkezteko eskubidea duela, eranskin honetan aurreikusitako moduan.

III. KAPITULUA
DIZIPLINA ESPEDIENTEA

8. artikulua.– Diziplina-espedientea irekitzea; eta hori bideratu eta ebazteko eskumena.

Deontologia Batzordeak erabakiko du diziplina espedientea irekitzea, eranskin honetako 6. artikuluan ezarritako moduan. Batzordeak uste badu ez dela bidezkoa irekitzea, Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio, eta honek, hala irizten badio, irekitzeko agindu dezake.

9. artikulua.– Diziplina-espedientearen instrukzio-egilea eta idazkaria.

1.– Diziplina espedientea irekitzeko erabakian bertan aukeratuko dira espedienteko instrukzio- egilea eta idazkaria, bai izaera orokorrez izendatuta badaude, bai bereziki kasu horretarako izendatu badira. Gerora ordezkatu daitezke, hala iritziz gero. Instrukzio-egilea Deontologia Batzordeko kidea izan beharko da, halabeharrez.

2.– Instrukzio-egilea eta idazkaria izendatzearekin diziplina espedientea irekitzea, eta agian beste batzuk aukeratzea, espedientearen eraginpean dagoen elkargokideari eta kargu horietan jarduteko aukeratutako gainerakoei jakinaraziko zaie.

3.– Diziplina espedienteko instrukzio-egilearen eta idazkariaren izendapenak onartzeko aitzakia Deontologia Batzordeak preziatu eta, hala behar izanez gero, onartuko du.

4.– Aukeratutako instrukzio-egilea eta idazkaria nortzuk diren interesatuak dakien unetik aurrera burutu daiteke errefusatze eskubidea eta, hala behar bada, Deontologia Batzordeak erabakiko du.

5.– Instrukzio-egilearen edo idazkariaren abstentzioari eta errefusatzeari buruzko ebazpenak ezingo dira errekurritu; hala ere, gerorako jarduera eta errekurtsoetan bidezkoak diren alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

6.– Instrukzio-egileak, idazkariaren fede pean, egitateak zehazteko eta egiaztatzeko egokitzen jotzen dituen eginbideak burutzea agindu dezake; zehapena eragin dezaketen erantzukizunak zehazteko eta argitzeko lagungarri izan daitezkeen probak egitea batik bat.

7.– Administrazio prozeduraren legeetan abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak izango zaizkie aplikagarri instrukzio- egileari eta idazkariari, artikulu honetan xedatutakoa ere aintzat hartuz.

10. artikulua.– Kargu-orria.

1.– Instrukzio-egileak, diziplina-espedientea irekitzen denetik aurrera hilabeteko epean, kasuan kasuko kargu-orria aurkeztuko du, burututako jarduerak ikusi eta gero.

2.– Era argian eta zehatzean erredaktatu beharko da kargu-orria. Erruztatuari egotzi zaizkion egitateak jasoko ditu; egitate bakoitzarentzat paragrafo bereiztuak eta zenbatuak erabiliz, hain zuzen ere. Hala behar badu, ustez egindako arau-haustea eta aplikagarriak izan daitezkeen zehapenak ere adierazi beharko dira, dagozkion xedapenak beren-beregi aipatuz.

11. artikulua.– Kargu-orriari erantzutea.

1.– Erruztatuari jakinaraziko zaio kargu-orria. Hamar eguneko epe luzaezina emango zaio, bidezkotzat jotzen dituen alegazioen bidez erantzuteko, eta interesgarriak izan daitezkeen agiriak aurkezteko.

2.– Inputatuak zuzenbideak onartzen duen edozein frogabide egitea proposa dezake kargu- orriari erantzuterakoan, eta egokitzat jotzen dituen agiriak erantsi.

12. artikulua.– Probaldia.

1.– Hilabeteko epea izango du instrukzio- egileak frogen –proposatutako izan edo ez– aldia burutzeko. Kargu-orriari erantzuten zaionetik aurrera edo, bestela, horretarako ezarritako epea erantzunik eman gabe igaro denetik aurrera kontatuko da epe hori.

2.– Instrukzio-egileak, ezin errekurritu daitekeen ebazpen arrazoituaren bidez, bidezkotzat jotzen ez dituen frogak onartzea eta burutzea ukatu egin dezake, kontuan hartuz, halaber, horren ondoren gauza daitezen jarduera eta errekurtsoetan egindako alegazioak.

3.– Instrukzio-egileak egin beharreko frogak burutzeko, leku, egun eta orduaren berri emango zaio inputatuari, parte hartzeko aukera izan dezan.

13. artikulua.– Ebazpen proposamena.

1.– Instrukzio-egileak, hurrengo hamar egunetan, ebazpen proposamenerako testua aurkeztuko dio Deontologia Batzordeari, non egiteak zehatz azalduko baititu, frogen ukapena arrazoituko baitu, frogon balorazio juridikoa egingo baitu ustez burutu duen arau-haustea finkatzeko, erruztatuaren erantzukizuna adieraziko baitu, eta ezarriko den zehapena finkatuko baitu.

2.– Deontologia Batzordeak testu horren gainean eztabaidatuko du, eta horretaz gain, ebazpen-proposamena prestatuko du, zeinak gorago 1. epigrafean zehaztu betekizunak konplituko baititu.

14. artikulua.– Erruztatuaren alegazioak.

Ebazpen-proposamena erruztatuari jakinaraziko zaio eta horrela, hamar eguneko epe luzaezinean, espedientea ikusi, eta bere buruaren alde egiteko egokitzat jotzen duen guztia alegatu ahalko du.

15. artikulua.– Espedientea ebaztea.

1.– Deontologia Batzordeak, erruztatua entzun edo alegazioak aurkeztu barik igaro ondoren epea, Gobernu Batzordeari bidaliko dio espediente osoa, izapide gehiago barik. Batzorde horrek, on deritzona ebatzi beharko du hilabeteko epean edo, bestela, bidezkotzat jotzen dituen eginbide osagarriak burutzeko eskatuko dio Batzordeari.

2.– Deontologia Batzordeak, beste eginbide batzuk burutzeko espedientea itzultzea erabakitzen badu, eta jarduerak berriz bidali aurretik, erruztatuari bista emango dio, hamar eguneko epe luzaezinean egokitzat jotzen duena alega dezan.

16. artikulua.– Espedientea ebaztea.

1.– Diziplina-prozedura amaitzen duen ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatzi beharko ditu eta kargu-orria eta ebazpen- proposamena egiteko oinarri izan ziren egintzak baino ez ditu onartu beharko, nahiz eta balorazio juridikoa desberdina izan. Deontologia Batzordeko kide, instrukzio-egile edo idazkari gisa espedientearen instrukzio-aldian parte hartu dutenek, ezin dute esku hartuko erabakia hartzerakoan.

2.– Emandako ebazpena erruztatuari eta egitateen salatzaileari edo berriemaileari jakinarazi beharko zaie, horren aurka aurkez daitezkeen errekurtsoen, non aurkeztu behar diren eta aurkezteko epeen berri emanez.

IV. KAPITULUA
ERREKURTSOA KETA HARREMAN ORGANIKOAK

17. artikulua.– Errekurtsoak.

1.– Diziplina espediente bat irekitzen duten erabakien eta izapideen garaian hartutako erabakien aurka ez dago errekurtsoak jartzerik. Hala ere, diziplina-espedientea ebazten duen erabakiaren aurka aurkeztutako errekurtsoei eta horren ondorengo jarduera zein errekurtsoei alegazioak egin dakizkieke.

2.– Gobernu Batzordearen erabakiak, errekurritu daitezkeenak, Elkargoaren Estatutuetako 97. artikuluan ezarritako eran errekurrituko dira.

3.– Deontologia Batzordearen edo diziplina alorrean eskumena duten beste organo batzuen egintzak, errekurritu daitezkeenak, Elkargoko Gobernu Batzordearen aurrean errekurrituko dira, hilabeteko epean.

18. artikulua.– Organoen arteko harremanak.

1.– Deontologia Batzordeak edo diziplina alorrean eskumena duten gainerako organoek Gobernu Batzordearen menpetasun hierarkikoz jardungo dute.

2.– Hala ere, Gobernu Batzordeak, espediente jakin bat dela-eta, desadostasun sakonen bat antzemango balu bere eta Deontologia Batzordearen iritzien artean, espediente zehatz horri dagokionez, batzorde hori ordezkatzea erabaki dezake, modu arrazoituan, eginkizun batean edo guztietan.


Azterketa dokumentala