Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2024ko uztailaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3176

AGINDUA, 2024ko ekainaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza emateko laguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituena eta 2024. urteko deialdia egiten duena.

Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –zeina Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak onartu baitzuen 2024ko martxoaren 5ean– eta Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuaren memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete eta, horrez gain, EAEko enpresei emandako laguntza eta bultzada indartzen dute, Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-jarduerak egin ditzaten. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzaren web-orrian, www.euskadi.eus-en, hain zuzen ere sailari eskainitako espazioaren barruan, «Plan estrategikoa» atalean.

Lan eta Enplegu Sailak du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren bidez, Gizarte Ekonomiak hartzen dituen forma desberdinetan agertzen diren errealitatea eta balioak bultzatu, defendatu eta zabaltzeko eskumen esklusiboa. Hona hemen Gizarte Ekonomiaren forma desberdinak: kooperatibak, mutualitateak, fundazioak, jarduera ekonomikoa duten elkarteak, lan-sozietateak, laneratzeko enpresak, enplegu-zentro bereziak, arrantzale-kofradiak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak eta bestelako entitate bereziak (Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikulua).

Zentzu hertsian Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntzarako ildoekin eta Gizarte Ekonomiaren kontzeptuaren barruan sartzen diren entitate eta enpresen izaera bereziaren zabalkunderako jarduketekin batera, 2024ko ekitaldi honetan Gizarte Ekonomiaren arloko unibertsitate-ikerketak egitea babesten jarraituko da, eta, horretarako, baliabide ekonomiko nahikoak jarriko dira ikerketa horiek gizartean zabalkundea izan dezaten. Unibertsitate-artikulu eta -liburu asko daudenez eta zenbait unitate didaktiko ere diseinatu direnez, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak esfortzu handiagoa egin behar izan du oinarrizko irakaskuntzatik hedapen nabarmena lortzeko.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea onartu ostean, egiaztatuta deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzunda, Jaurlaritzaren Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua kargutik kentzeko Lehendakariaren apirilaren 26ko 16/2024 Dekretuaren 2. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza emateko 2024ko laguntzen oinarriak onartzea; agindu honen I. eranskinean daude jasota oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.

Lehendakariaren apirilaren 26ko 16/2024 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da onartzea Gizarte Ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, emango dituen laguntzen deialdiaren oinarriak, eta 2024. urterako deialdia egitea.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

1.– Prestakuntza-jarduerak:

a) Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako ekintzak –prestakuntza espezifikoa eta desberdindua–, unibertsitate-eremuan, unibertsitate aurreko eremuan edo sozietateen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko hasierako ezagutza lortzeko edo perfekzionatzeko edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko.

b) Unibertsitate-eremuan eta lanbide-heziketaren eremuan, unitate didaktiko berriak ezartzeko esperientzia pilotuak egitea.

c) Lehen Hezkuntzaren eta Bigarren Hezkuntzaren eremuan, unitate didaktiko egokiak egin eta prestatzea eta prestakuntza-jarduerak sistematizatzea.

d) Gizarte Ekonomiaren arloko enpresak identifikatzea, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek haietan prestakuntza dualeko programak eta praktikak gauza ditzaten.

2.– Gizarte Ekonomiari zabalkundea emateko-jarduerak:

a) Kooperatiben eta lan-sozietateen gaineko aldizkako argitalpenak editatzea, unibertsitate-argitalpenak izan ezik.

b) Aldian behingo jardunaldiak egitea.

c) Ekitaldi bereziak egitea Gizarte Ekonomiako enpresa eta entitateen ikusgaitasuna bultzatzeko, hala nola oroipen- edo omenaldi-egunak, sari berezien banaketa eta antzeko ekitaldiak.

d) Gizarte Ekonomiako zabalkunde-jarduerak egitea. Esate baterako: Gizarte Ekonomiako informazio-jarduerak eta beste lurralde-eragile batzuekiko kontrastea, eta zabalkunde-jarduerak hainbat formatu eta euskarri grafikotan: irratia, prentsa, telebista, Internet eta multimedia. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko ditu jarduera horiek, betiere jarduerok, praktikara eramanda, izan dezaketen benetako eragina kuantifikatuz eta zenbatetsiz.

3.– Gizarte Ekonomiako ikerketa-jarduerak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz euskal Gizarte Ekonomia garatzeko berriak eta erabilgarriak direnak. Nolanahi ere, Gizarte Ekonomia honako gai hauen inguruan lantzen dutenak hartuko dira halakotzat:

a) Ingurumena eta Gizarte Ekonomia.

b) Lankidetza-espazio bat sortzea, Gizarte Ekonomiari buruzko ezagutzak elkar-trukatzeko, sinergiak sortzeko eta berrikuntza bultzatzeko.

c) Gizarte Ekonomian espezializatutako unibertsitate-argitalpenak.

4.– Agindu honen arabera laguntza jaso dezaketen prestakuntza-, zabalkunde- eta ikerketa-jarduerak aurten hasi behar dira, eta 2025eko ekainaren 30a baino lehen bukatu.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari inolako zalantzarik gabe dagozkionak, behar-beharrezkoak direnak eta epearen barruan egiten direnak. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aztertuko du eskaeran aurkeztutako aurrekontu-plangintza, aurkeztutako jardueretarako egokia den ala ez erabakitzeko.

2.– Gastu hauetarako jaso daiteke dirulaguntza:

a) Barne-gastuak: enpresa edo entitate onuraduneko langile propioen gastuak, egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueretan parte hartzen duten pertsonak gaituta daudela eta zuzeneko parte-hartzea dutela jarduera horietan. Kasu honetan, barneko langileen ordainsariak ere egotzi litezke, onartutako jardueran aritutako denboraren proportzioan.

b) Kanpoko gastuak. Dirulaguntza jaso ahal izango da aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak diren zerbitzuak, aholkularitza-lanak eta abar kontratatzeko gastuetarako.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

4.– Proiektuari egotz dakizkiokeen kostuek, hain zuzen ere aurkeztutako jardueren gastu orokortzat edo egitura-kostutzat jotzen direnek, inolaz ere ezingo dute gainditu aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko osoaren % 10. Ehuneko hori gaindituz gero, % 10eko mugara murriztuko dira, dirulaguntza jaso dezakeen zenbatekoa kalkulatzeko.

5.– Egindako gastutzat hartuko dira dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarrita dagoen justifikazio-epea bukatu aurretik benetan ordaindu direnak.

6.– Tributuak diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, dirulaguntzaren entitate onuradunak benetan ordaintzen baditu eta diruz lagundu daitekeen jarduerarekin zerikusia badute. Zeharkako zergak inoiz ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko, berreskuragarriak baldin badira.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, bederatziehun eta hirurogeita hamar mila (970.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta laurogeita bi mila (582.000) euroko ordainketa-kreditua 2024ko ekitaldirako, eta hirurehun eta laurogeita zortzi mila (388.000) euroko konpromiso-kreditua 2025eko ekitaldirako.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketarik gabeko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 9. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa proportzionala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

4.– Ezin izango da guztira 60.000 euro baino gehiago bideratu 2.2.a) oinarriko aldizkako argitalpenak editatzeko. Onargarritzat jotzen diren jarduera guztiak artatzeko aski ez bada, horien guztien artean murrizketa proportzionala aplikatuko da.

5.– 2.2.d) oinarriko jarduerek orotara ezin izango dute gainditu 50.000 euroko zenbatekoa; horretaz gainera, jarduera bererako ezin izango da laguntza bikoiztu, eskabide bera plan bitan aurkeztuta.

5. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraituz:

a) Fakultateak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro: jarduera guztietan, 2.2.c) oinarrian adierazitakoetan izan ezik.

b) Federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako Gizarte Ekonomiako enpresen beste elkartze-egitura batzuk, Gizarte Ekonomiako bigarren graduko elkarte-entitateak eta lan-sozietateen taldeak: jarduera guztietan, 2.1.b), 2.1.c), 2.3.a) eta 2.3.c) oinarrietan adierazitakoetan izan ezik.

Agindu honen ondorioetarako, «Gizarte Ekonomiako bigarren graduko elkartetzat» joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia, eta euren kideak ere bai.

c) Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen mende daudenak eta helburu sozialtzat Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza ematea dutenak.

2.– Agindu honen bidez iragarritako laguntzen onuradun izateko, entitate eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.

b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.

c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

d) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

e) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Halaber, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

f) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

g) Hitzematea ez duela enpresa deslokalizatuko.

h) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako betekizunak betetzea beharrezkoa da onuradun izatera iristeko, eta, orobat, onuradun izaten jarraitzeko dirulaguntza likidatu arte. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055221

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Orobat, prozedura burutzean, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

5.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055221. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.

6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

8.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetzerik egongo da eta, horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

9.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.

7. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Aurreikusitako jarduerak zergatik eta zertarako egin nahi diren zehatz-mehatz azaltzen duen memoria. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Diruz lagundu daitekeen jarduera garatzeko egutegi deskribatzailea.

– Programaren entitate laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza, nahitaez kontzeptu hauek biltzen dituena:

● Barneko/kanpoko langileen gastuak.

● Materialen gastuak.

● Koordinazio-gastuak.

● Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plana.

b) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Entitate eskatzailea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari den administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

– Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen duela enpresa ez deslokalizatzeko.

– Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen duela agindu honetan araututako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.

– Entitate eskatzaileak berdintasun-plana indarrean duela, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Betekizun hori ofizioz egiaztatuko da, gerora Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa kontsultatuz. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak dituela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

– 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, entitate eskatzaileak bitarteko espezifikoak jarri dituela kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

– Indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak betetzen dituela.

– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

9. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 2.1.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu, bitarteko propioen bidez egiten denean; bestela, muga 50.000 eurokoa izango da.

b) 2.1.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.1.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.1.d) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.2.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

e) 2.2.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

f) 2.2.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

g) 2.2.d) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

h) 2.3.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

i) 2.3.b) eta 2.3.c) oinarrien arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 60.000 euro jaso ahal izango ditu.

2.– Kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen mende dauden Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroen kasuan, 2.2.a) eta 2.2.b) oinarrietan bildutako jardueren kostu garbiaren % 50ekoa izango da ehunekoa.

3.– 2.3 oinarriko jardueretarako, ehunekoa kostu garbiaren % 45 izango da Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz Euskadiko Gizarte Ekonomiaren errealitatean zuzenean inplementatzekoak ez diren ikerketetarako.

10. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke beste edozein administraziok edo ente publikok emandako laguntzekin, arrazoi eta xede bera izan arren. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

11. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako teknikariei dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak aztertu eta kudeatzea.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Ebazpenak jaso beharko du dirulaguntza nori emango zaion edo zeintzuek jasoko duten; horrez gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpen espresua, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.

12. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo zatia, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, baldin berariaz uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitutakoan.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, zenbatekoa adierazita, hartzekoduna identifikatuta eta ordainketa efektiboa egin den data zehaztuta. Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko eredua erantsi da, egoitza elektronikoan ere eskuragarri egongo dena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055221

c) B letran adierazitako zerrenda sailkatuan jasotako gastuak justifikatzeko dokumentazioa. Gastu horiek fakturen bidez egiaztatuko dira, edo merkataritza-trafikoan fakturen froga-balio bera duten edo administrazioan eraginkorrak diren bestelako agirien bidez.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, halakorik badago.

e) Hala badagokio, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 ereduen kopia, proiektua garatu den hilabeteei dagokiena, jardueran parte hartzen duten langileak TC2 ereduan identifikatuz. Enpresaren edo entitatearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

f) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik baldin badago.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera, eta, betiere, 2025eko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

4.– Entitate eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren ordainketa jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu nahi baditu), helbide honetan: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

13. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek konplitu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza zertarako eman zaion, jarduera hori egitea.

b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

d) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

g) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.

h) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.

k) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

l) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

m) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Aldatzeko aukera hori dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan aurreikusita egotea.

b) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, onuradunak, 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster komunikatzea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

c) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

d) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

e) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

f) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

15. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta, halakorik bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa ere. Horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

16. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpen baten bidez jakinaraziko dio entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den; horrez gain, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoak diren legezko arauek xedatutakoari jarraituz.

17. oinarria.– Datuak babestea.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

18. oinarria.– Europar Batasuna.

Agindu honetan araututako laguntzak ez dira Estatuko laguntzatzat jotzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoaren arabera; beraz, ez dago Europar Batasunari komunikatu edo jakinarazteko beharrik.


Azterketa dokumentala