Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2024ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3159

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 13koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Usurbilgo geltoki berriaren komunikazio-proiektua».

Geltokien artean homogeneotasunik ez zegoenez, ETSk bere trenbide-sareko geltokiak ahal zen neurrian estandarizatzea zuen helburu. Horretarako, hainbat geltokiren eraikuntza-proiektuen idazketa kontratatu zen, bai eta ETSko trenbide-geltokietarako Diseinu Eskuliburu bat ere.

Kontratu horren esparruan, 2010ean Usurbilgo (Gipuzkoa) geltokia modernizatzeko eraikuntza-proiektua idatzi zen, Bilbao-Donostia linean. Geroago, 2022ko apirilean, Usurbilgo geltokia eraikitzeko proiektuaren eguneraketa idatzi zen.

Usurbilgo geltoki berria eraikitzeko proiektuaren eguneraketan aurreikusitako jarduketen laburpen gisa, geltoki berri bat eraikiko da lehendik dagoenaren ondoan, nasa berriekin eta trenbide eskema berri batekin.

Proiektu honek, seinaleztapen- eta komunikazio-instalazioei dagokienez, lehen lau faseetan Usurbilgo geltokian aurreikusitako lanak direla-eta egin beharreko jarduketak jasotzen ditu.

Aurreko proiektuak egin beharreko obra zibileko lanak definitzen ditu, baina ez ditu gainerako faseetarako seinaleztapen- eta komunikazio-instalazioen esparruko beharrak aztertzen.

Ondorioz, beharrezkotzat jotzen da lizitazio honen xede diren bi (2) instalazio-proiektuak idaztea, gutxienez:

• Usurbilgo geltoki berria seinaleztatzeko proiektua.

• Usurbilgo geltoki berriaren komunikazio-proiektua (ebazpen honetan onartutako proiektua).

«Usurbilgo geltoki berriaren Komunikazio Proiektuak» izenekoaren helburua da «Usurbilgo geltokia eraikitzeko proiektuaren eguneraketan» aurreikusitako obra zibileko lanak egin ondoren egin beharreko komunikazio-instalazioak zehaztea eta diseinatzea.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hirurehun eta berrogeita bost mila berrehun eta laurogeita hamabi euro eta laurogeita zortzi zentimokoa (345.292,88) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua laurehun eta laurogeita hamazazpi mila ehun eta laurogeita zazpi euro eta hogeita bat zentimokoa (497.187,21) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: laurehun eta hamar mila zortziehun eta laurogeita hamazortzi euro eta berrogeita hamabi zentimokoa da (410.898,52), BEZa kanpo.

Obrak egiteko hamazortzi (18) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Usurbilgo geltoki berriaren komunikazio-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, laurehun eta laurogeita hamazazpi mila ehun eta laurogeita zazpi euro eta hogeita bat zentimokoa (497.187,21) da, eta obrak egiteko epea hamazortzi (18) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 13a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala