Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2024ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3156

AGINDUA, 2024ko ekainaren 11koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira bioekonomiako berrikuntza-proiektuak egiteko dirulaguntzetarako 2024ko deialdiaren oinarriak.

FAOren arabera, bioekonomia hauxe da: baliabide biologikoak –lotutako ezagutzak, zientzia, teknologia eta berrikuntza barne– ekoitzi, erabili eta kontserbatzea, sektore ekonomiko guztiei informazioa, produktuak, prozesuak eta zerbitzuak emateko, ekonomia jasangarri baterantz aurrera egiteko helburuarekin.

Europako Batzordeak aditzera eman duenez, «Europa ahalegin betean ari da, baliabideen erabileraren arloan ekonomia jasangarri eta efizientea lortzeko. Helburua da emisio urriko ekonomia berritzaileago bat lortzea, nekazaritza eta arrantza jasangarrirako premia eta guztientzat elikagaiak egotea eta industriak baliabide biologiko berriztagarriak modu jasangarrian erabiltzea ezkonduko dituena, biodibertsitatea eta ingurumen-babesa bermatzeaz bat». Hori guztia lortzeko, Europako Batzordeak Bioekonomia Estrategia eguneratu du, «Bioekonomia jasangarria Europarako: ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko lotura sendotzea helburu» izenekoa. Bertan, honako hiru alderdi hauei begiratzen dien ekintza-plan bat jasotzen da: bioekonomiarako teknologia berriak eta prozesuak garatzea, bioekonomiako sektoreetako merkatuak eta lehiakortasuna garatzea eta agintariei nahiz interesdun taldeei presio egitea, koordinatuta lan egin dezaten.

Bestalde, Europako politika ugarirekin bat dator, besteak beste, honako hauekin: i) Europako Itun Berdea, zeinaren arabera jatorri jasangarriko material berriztagarriek izugarri lagunduko baitute klima-arloan neutroa izango den ekonomiarako trantsizioan. Halaber, bioekonomia jasangarria garatzeko inbertsioak sustatu behar dira; ii) Europa garbi eta lehiakorragoa lortzeko ekonomia zirkularraren aldeko 2020ko ekintza-plan eguneratua, zeinak nabarmentzen baitu Batzordeak industria-sektorearen zirkulartasuna handitzeari bide emango diola hainbat ekintzaren bidez (hala nola oinarri biologiko zirkular eta jasangarria duen sektoreari lagunduta).

Halaber, garapen jasangarrirako 2030 Agenda eta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko Alderdien Konferentzian hartutako erabakiak (COP21) dira nazioarteko komunitateak erronka horiei emandako erantzuna.

Bioekonomiak inbertsio publikoaren eta pribatuaren etengabeko babesa behar du, gero eta handiagoa, eta lagundu behar du eskualde, nazio, Europa eta munduko ikerketa- eta berrikuntza-ahaleginen artean koherentzia handiagoa egon dadin.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere egiten du erabat planteamendu hori, jakin bai baitaki petrolioaren osteko arorako trantsizioa bizkortu, ekonomia zirkularrera hurbiltzea bultzatu eta lehengai berriztagarriak eta baliabide endogenoak erabiltzerantz azkar orientatu beharra dagoela. Ekonomia lehiakorra ez da aski. Orainak gaur egun nagusi diren ekoizpen-ereduen aldaketa sakona eskatzen du.

XII. legegintzaldiko gobernu-programak gai horrekin lotura zuzena duten hainbat konpromiso jasotzen ditu. Bada, konpromiso horien artean dago 31. konpromisoa, «Euskadi Europa hegoaldeko bioekonomiako interesgune bihurtzea», elikadurari eta landa- eta kostalde-garapenari buruzko 4. jarduketa-arloaren barruan. Bioekonomia zirkularreranzko trantsizioak lotura estu-estua dauka, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko estrategia ugarirekin, tartean, hauekin: 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategia, 2030erako Ekonomia Zirkularraren Aldeko Estrategia, Egurraren Sektoreko Plan Estrategikoa, 2020rako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Programa eta, azkenik, 2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa) eta Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren bidez (barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk bereizten ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta), estatu kideek laguntza jakin batzuk estatu-laguntza gisa emateko baldintzak eta betekizunak zehazten dira. Era berean, bere araubideari lotuz gero, Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita daudela eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen direla ezartzen da.

Erregelamendu horietan jasotzen diren laguntzak merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez dute Europar Batasunaren baimenik behar, baldin eta estatu kideek erregelamendu horietan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute laguntzak arautu eta esleitzean. Erregelamendu horietan xedatutakoaren barruan sartzen dira agindu honetako laguntzak.

Laguntza-emakida xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz ebatziko da: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa (EAEko Administrazio Publikoaren dirulaguntzak arautzen dira bertan).

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Deialdia.

Onestea Euskal Autonomia Erkidegoan bioekonomiako berrikuntza-proiektuak egiteko laguntzen 2024rako deialdiaren oinarriak (agindu honen eranskinean jasota daude).

Bigarren artikulua.– Argitalpena.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 11.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Agindu honek bioekonomiaren zenbait eremutan proiektu pilotu berritzaileak eta frogantza-proiektuak egin daitezen sustatu eta bultzatzeko laguntzak deitzea du xede.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3.– Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

4.– Laguntza hauek lehiaketa-prozeduraren arabera esleituko dira, eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

5.– Proiektu pilotuak egiteko laguntzei Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua aplikatu beharko zaie; alegia, minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa. Araubide honetan, 300.000 euroko gehieneko laguntza emango dio estatu kide batek enpresa bakar bati hiru zergalditako edozein alditan.

6.– Frogantza-proiektuak garatzeko laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren indarrez, zeinak merkatu erkidearekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26). Laguntza hauek aipatutako erregelamenduaren 29. artikuluari heltzen diote; «Prozesuen eta antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzak».

2. oinarria.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

Bioekonomia: giza edo animalien kontsumorako ez diren jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak bioproduktu, bioenergia edo biozerbitzu bihurtzea, eta haien balio erantsia handitzea.

Proiektu pilotua: metodo edo ideia bat edo teknologia- edo ezagutza-transferentzia bat ezartzea, sarritan laburtuta edo zati batean, dena delako kontzeptua edo teoria ustia daitekeela egiaztatzeko. Proiektu pilotuek balio-kateak aktibatzeko behar diren teknologien eta kontzeptu espezifikoen garapenari begiratzen diote, eta instalazio esperimentaletan frogatzen dituzte printzipioak. Proiektuan, teknologia txertatzeari loturiko zereginak edo eskala txikiko prototipo bat laborategian edo ingurune simulatu batean probatzea edo baliozkotzea. Proiektu pilotua denbora-ahalegin mugatua duen proiektu esperimentala da, eta, bertan, lehendik bazeuden ezagutzak eta teknikak –zientziaren, teknologiaren eta enpresaren arlokoak edo bestelakoak– eskuratzen, uztartzen, konfiguratzen eta erabiltzen dira, funtzionamendu-baldintzak irudikatzen dituen ingurune batean produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak lortzeko asmoz; betiere, funtsean finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak gehitzea bada egiazko helburua.

Frogantza-proiektua: teknologia, produktu, prozesu, zerbitzu edo soluzio baten bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eragiketa-ingurune batean baliozkotzea. Frogantza-eskalako ekoizpen-instalazio bat ezarri beharko da, izan berria, izan lehendik dagoen bat (nabarmen aldatuta) edo lehendik dauden frogantza-instalazioa. Balio-kate baten eta horren negozio-ereduaren urrats kritiko guztien errendimendua eta fidagarritasuna frogatzeko azken urrats ez-komertziala dira jarduerok; hala, proiektuaren emaitzatik abiatuta, lehenengo unitate komertziala diseinatzen da, errendimendua bermatuta.

Enpresa: jarduera ekonomiko bat garatzen duen entitatea, bere forma juridikoa edozein dela ere. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen diren entitateak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) eragileak ere sartzen dira definizio honetan.

Krisian dagoen enpresa: halakotzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. zenbakian jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.

Berrikuntza (bioekonomian): produktu (ondasun edo zerbitzu) berri bat edo nabarmen hobetua sartzea. Ez da proiektu berritzailetzat hartzen, baldin eta ezagutza sortzeak ezagutza ezartzeak baino pisu handiagoa badauka.

Izaera eraldatzailea: proiektuak izaera eraldatzailea du ekoizpen-prozesu batean, balio-kate batean edo gizarte-, ekonomia- edo ingurumen-ingurunean aldaketa positibo bat egiten badu, eta aldaketa horri esker, proiektua egin gabe gainditu ezin diren oztopoak gaindi badaitezke.

Teknologia-transferentzia: prozesu bat, zeinaren bidez abileziak, ezagutza, teknologiak, fabr ikazio-metodoak, fabrikazio-laginak eta instalazioak transferitzen baitira hainbat eragileren, entitateren eta organismoren artean, aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak are erabiltzaile kopuru handiagorentzat irisgarriak direla bermatzeko, eta horrela, teknologia horiek produktu berrietan are gehiago garatu eta ustiatu ahal izan ditzaten, eta balioa, prozesuak, aplikazioak, materialak edo zerbitzuak sortu.

Bioproduktua: biomasatik lortutako produktuak dira, tresna fisikoak, kimikoak, biokimikoak edo biologikoak erabiliz lortutakoak. Produktu horiek prestazio espektro zabala eskaintzen digute, zeinak, luzaro, jatorri ez-biologikoko lehengaien sintesi kimikoaren bidez artifizialki lortutako produktuek ematen zituzten.

Bioenergia: biomasaren ondoriozko energia berriztagarri mota bat da; energia fosila ordezteko gai da, eta garraiorako erregaiak, beroa, elektrizitatea eta produktuak sortzeko erabil daiteke.

Biozerbitzua: bezeroen behar jakin bat asetzera bideratutako ekintzen edo jardueren multzoa, bioekonomiaren esparruan produktu immaterial eta pertsonalizatu bat eskainiz.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Honako laguntza hauek emango dira, agindu honen 1. oinarriko xedea lortzeko:

1.– Jarduera bioekonomikoen proiektu pilotuak garatzeko laguntzak.

Honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat: balio-kate berriak sortzeko proiektu pilotuak egitea; baldin eta, balio-kate horiek giza edo animalien kontsumorako ez diren jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak bioproduktu, bioenergia edo biozerbitzu bihurtzean oinarritzen badira, eta balio erantsia handitzea badakarte.

Ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, akuikultura eta basogintzarekin pareka daitezkeen zereginak eta ekintzak.

Proiektuetako jarduerak lehiaren aurreko garapenaren lehen etapetan aurrera egitera bideratuta egongo dira.

2.– Jarduera bioekonomikoen frogantza-proiektuak garatzeko laguntzak.

Diruz lagundu ahal izango da balio-kate berriak sortzeko frogantza-proiektuak egitea; baldin eta, balio-kate horiek giza edo animalien kontsumorako ez diren jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak bioproduktu, bioenergia edo biozerbitzu bihurtzean oinarritzen badira, eta balio erantsia handitzea badakarte.

Ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, akuikultura eta basogintzarekin pareka daitezkeen jarduerak.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Proiektu pilotuak eta frogantza-proiektuak garatzeko laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak izan daitezke, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan jasotakoa kontuan hartuta:

• Proiektu pilotuak:

a) Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen kostuak, proiektuan aritzen diren neurrian, betiere kostu hautagarrien % 60ko muga dutela.

b) Zeharkako kostuak: diruz lagundu daitezkeen langile-kostuen % 15eko tasa finkoa.

c) Tresnen eta materialen kostuak (ekipo-ondasunak erostea edo alokatzea), proiektuaren iraupenaren araberako amortizazioa aplikatuta, kostu hautagarrien % 80ko mugarekin.

d) Eraikinen kostuak, lursailak kanpo utzita, proiektuak iraun bitarteko amortizazioa aplikatuta, kostu hautagarrien % 60ko muga dagoela.

e) Proiektu pilotua edo frogantza-proiektua egitearen berezko eta ondoriozko kostuak: azterlanen, materialen, horniduren eta bidaien kostuak, proiektua gauzatzetik zuzenean eratortzen badira. Proiektu pilotuetan gastu hauek ez dira kontuan hartuko: lehengaiak ezaugarritzea, bideragarritasun-azterlanak, bizi-zikloaren azterketak, karbono-aztarna eta antzekoak kalkulatzekoak, eskalagarritasun-kostuak kalkulatzea eta kostuak beraiek, merkatu-azterketak, eta produktuen komunikazio, difusio eta marketin arloko kostuak.

f) Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada, baita aholkularitza-kostuak eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuak ere.

g) Komunikazio- eta dibulgazio-jardueren kostuak: kostu hautagarrien % 5 izango dira gehienez.

h) Proiektua prestatzeko gastuak onartuko dira, gastu hautagarrien % 5eko mugarekin.

• Frogantza-proiektuak:

a) Langileen kostuak.

b) Tresnen eta materialen kostuak, eraikuntzen eta lursailen kostuak, proiekturako erabiltzen den neurrian eta aldian.

c) Kontratuko ikerketaren kostuak, ezagutzak edo patenteak, bai erositakoak bai kanpoko iturriek erabateko lehiako baldintzan emandako lizentzia bidez lortutakoak.

d) Kostu orokorrak eta ustiapeneko beste kostu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.

Enpresa handietarako laguntzak bateragarriak izango dira soilik laguntzaren xede den jardueran ETEekin modu eraginkorrean lankidetzan aritzen badira eta laguntzen duten ETEek diruz laguntzeko moduko kostu guztien % 30 gutxienez hartzen badute.

Laguntzaren intentsitatea ez da diruz lagundu daitezkeen kostuen % 15 baino handiagoa izango enpresa handien kasuan, eta diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 baino handiagoa ETEen kasuan.

2.– Aurreko apartatuan zehazten diren kostu diruz lagungarriei dagokienez, hauek izango dira kostuen egozpena eta horren mugak:

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (aurrerantzean, ZTBES) eragile bakoitzaren azpikontratazio-kostuak ez dira izango diruz lagundu daitezkeen proiektuaren kostu guztien % 30 baino handiagoak, eta agindu honen 9. oinarrian ezarritako mugen mende egongo dira.

3.– Jarduera bioekonomikoen proiektu pilotuak garatzeko laguntzetarako, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako edo fakturatutako kostu guztiak onartuko dira.

Jarduera bioekonomikoen frogantza-proiektuak garatzeko laguntzetarako, laguntza eskatu den egunetik aurrera sortutako edo fakturatutako kostu guztiak onartuko dira, betiere aplikatzekoa den Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan adierazitako efektu pizgarria kontuan hartuta.

4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren diru-zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako diru kopuruak, eta horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta ez badira horiek aurkezten, edo eskaintza ekonomikoena ez den bat hautatzen bada hautaketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak deklaratutako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

5. oinarria.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun:

1.– Pertsona fisikoak edo juridikoak, haien forma juridikoa edozein izanik ere, eta agindu honetan ematen den enpresaren definizioaren arabera, honela sailkatuko dira:

Enpresa txiki eta ertainak, Batzordeak enpresa txikiak eta ertainak zehazteko 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioaren arabera (C (2003) 1422).

Enpresa handiak, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.

2.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak. Horietan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epe legez aurreikusitakoa igaro arte.

6. oinarria.– Betekizun orokorrak.

Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, eskatzaileek oinarri honetan ezarritako betekizunak bete behar dituzte, eta, gainera, ez dute izan behar Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko debekurik. Hauek dira:

1.– Eskatzailearen kasuan:

1.– Pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01), Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Administrazio-prozedura ez da eten ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

4.– Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetan zehazten diren egoeretan dauden pertsonak edo entitateak:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Borondatezko konkurtso-deklarazioa eskatu dutenak, kaudimengabetzat jo direnak prozeduraren batean, konkurtsoan deklaratu direnak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean dago edo desgaituta, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa eragin badu, dena delakoa izanik erruduntzat jo diren arrazoia.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoarekin bat etorriz, bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrekin bat etorriz ere.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Kontuan izan behar da, otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan (trans pertsonen berdintasun benetako eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko) jasotako inguruabarrei esleitutako oinarrizko araudiaren izaera dela eta, ez zaiela inolako dirulaguntzarik, baliabiderik edo funts publikorik emango, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duten pertsona fisiko edo juridiko, publiko, pribatu edo finantzaketa mistoko pertsonei, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradun izan haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

Eskatzaileek, frogatzeko ez daudela aurrez adierazitako debekuren batean sartuta, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute, e) letran jasotakoa frogatzeko izan ezik, hori 8. oinarrian adierazitako moduan egiaztatuko baita.

Zinpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datuen eta informazioaren funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, eragindako eskubidea edo jarduera bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, hargatik eragotzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Halaber, administrazio publikoak halako zerbait gertatu dela adierazten dueneko ebazpenak xedatu ahal izango du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa leheneratzera eskubidea aitortu edo baliatu edo jarduera hasi aurreko unera, eta ezinezkoa dela xede bereko beste prozedura bat hastea legeak zehaztutako epe batean.

5.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

2.– Proiektu pilotuaren kasuan:

1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2.– Proiektu pilotuan inbertsioak egonez gero, ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa).

3.– Bideragarritasun ekonomikoa izatea eta proiektuak energia- eta ingurumen-efizientzia hobetzeko ekintzak garatzea.

3.– Frogantza-proiektuaren kasuan:

1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2.– Proiektu pilotuan inbertsioak egonez gero, ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena).

3.– Aurretik proiektu pilotu bat egin izana, baldin eta proiektu horren emaitzak baldintza esperimental edo simulatuetan proposatu den soluzioaren bideragarritasun teknikoa frogatu badu.

4.– Jardueraren negozio-plana edukitzea; bertan, merkatuaren azterketa, negozio-ereduaren deskribapena, finantza-plana eta plan hori epe labur eta ertainean garatzeko estrategia jaso behar dira.

7. oinarria.– Finantzaketa.

1.300.000 euro erabiliko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko aurrekontu orokorren kontura.

A) Proiektu pilotuak garatzeko, 1.131.000 euro erabiliko dira. Horietatik 348.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 783.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.

B) Jarduera bioekonomikoak abiarazteko frogantza-proiektuetarako, berriz, 169.000 euro erabiliko dira. Horietatik 52.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 117.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.

Definitutako proiektu-tipologiaren baterako ezarritako aurrekontu-baliabideak, amaitzen ez badira, beste proiektu-tipologia baten aurrekontu-beharrei erantzuteko erabili ahal izango dira.

Azkenik, aukera dago deialdiaren guztizko zenbatekoari gehienez beste % 30 gehitzeko eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 7. lerrokadan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluarekin (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) bat etorriz, eskatzaileek eskabideak aurkeztu eta ondorengo izapideak egin beharko dituzte, bitarteko elektronikoen bidez. Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, eredu normalizatuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/1083705

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Oinarri hauen eranskin gisa argitaratuta dago laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia (ikus eredua II. eranskinean).

7.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Merkataritzako Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria, eskatzailea Kapital Sozietateei buruzko Legeak araututako pertsona juridiko bat bada; beste legedi bati atxikitako pertsona juridiko bat bada, berariazko legeria erregulatzailearen arabera entitate eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzen duen agiria.

b) Memoria bat, honako hauek jasoko dituena (ikus eredua III. eranskinean):

A) Proiektu pilotuak.

– Proiektua identifikatzea.

– Proiektuaren deskribapen laburra.

– Proiektuak zer helburu bete nahi dituen.

– Proiektuaren lankidetzaren aurkezpena, hala badagokio.

– Azken aurrerapenen azterketa.

– Proiektuaren garapena, deskribapen xehatua.

• Faseak.

• Zereginak.

• Ekintzak.

• Adierazleak eta egiaztatze-iturriak.

– Proiektuaren ezaugarriak.

• Proiektuaren berritasun-maila.

• Emaitzen aplikagarritasuna.

• Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren jasangarritasunean zer eragin duen.

• Komunikazioa.

– Erabilitako teknologiak eta teknologia eta ezagutza transferitzeko formulak.

– Proiektuaren helburuak bioekonomiaren arloko estatuko eta nazioarteko politiken eta estrategien helburuen ildo beretik joatea.

– Proiektua betetzeko epea eta kronograma.

– Aurrekontu xehakatua. Atal honetan, proiektuko zeregin bakoitzari kostua esleituko zaio, eta zehaztu behar da proiektuaren bazkide onuradunetako zeini dagokion zeregin horixe egitea (zeregina hainbat bazkideren artean egitekoa bada, egitekoen banaketa adierazi beharko da), eta zein urterokori dagokion. Eskatutako informazioa aurkezten ez bada, informazioa eman ez den edo informazioaren zati bat eman den atala ez da kontuan hartuko.

B) Frogantza-proiektuak.

– Proiektua identifikatzea.

– Proiektuaren deskribapen laburra.

– Proiektuak zer helburu bete nahi dituen.

– Proiektuaren lankidetzaren aurkezpena, hala badagokio.

– Azken aurrerapenen azterketa.

– Proiektuaren garapena, deskribapen xehatua.

• Faseak.

• Zereginak.

• Ekintzak.

• Adierazleak eta egiaztatze-iturriak.

– Proiektuaren ezaugarriak.

• Proiektuaren berritasun-maila.

• Emaitzen aplikagarritasuna.

• Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren jasangarritasunean zer eragin duen.

• Komunikazioa.

– Erabilitako teknologiak eta teknologia eta ezagutza transferitzeko formulak.

– Proiektuaren helburuak bioekonomiaren arloko estatuko eta nazioarteko politiken eta estrategien helburuen ildo beretik joatea.

– Aurretik garatutako proiektu pilotuen deskribapena.

– Jarduera bioekonomikoaren negozio-plana (frogantza-proiektuei dagokienez besterik ez).

– Proiektua betetzeko epea eta kronograma.

– Aurrekontu xehakatua. Atal honetan, proiektuko zeregin bakoitzari kostua esleituko zaio, eta zehaztu behar da proiektuaren bazkide onuradunetako zeini dagokion zeregin horixe egitea (zeregina hainbat bazkideren artean egitekoa bada, egitekoen banaketa adierazi beharko da), eta zein urterokori dagokion. Eskatutako informazioa aurkezten ez bada, informazioa eman ez den edo informazioaren zati bat eman den atala ez da kontuan hartuko.

C) Memoria III. eranskinean aurkeztutako txantiloiaren arabera egingo da, eta memoria horretan aurkeztutako informazioa kontuan hartuta egingo da proiektuen balorazioa.

Memoriari informazio osagarria gehitu ahal izango zaio, proiektuaren sustatzaileek proiektua hobeto azaltzeko egokitzat jotzen badute, baina informazio hori ez da proiektuak baloratzeko erabiliko.

D) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetakoren bat ez duela adierazten duena. Era berean, enpresen deslokalizazioa ez egitearen adierazpena jasoko da, aipatutako legearen 49. artikuluko terminoetan, onuraduna bada. Azkenik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluari jarraikiz, eskatzaileak oinarri arautzaileetan eskatzen diren eskakizunak betetzen dituela adierazten duen adierazpena ere jasoko da.

E) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena. Era berean, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu behar zaion zenbatekoa adierazi behar dira, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira.

F) Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta aurtengo zerga-ekitaldian jaso edo eskatu diren bestelako minimis laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, izan eskabide honi loturiko proiektu bererako, izan beste baterako. Jaso edo eskatu badira, jatorria, zenbatekoa eta helmuga.

G) Eta laguntza kuantifikatzeko, entitate eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.

8.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute lege horretan onuraduna edo entitate laguntzailea izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela apartatu honetan xedatzen den bezala. Enpresa hornitzailearen kobrantza aurreratua ahalbidetzen duten finantzaketa guztiak baliozkotzat joko dira apartatu hau betetzeko, baldin eta kostua bezeroaren kontura bada eta ordaindu ezean hornitzailera jotzerik ez badago.

Hamar egun igaro baino lehen egiaztatu behar da, behin betiko ebazpen-proposamena egin aurretik instrukzio-organoak egiaztapenerako bidalitako errekerimendua jakinarazten denetik. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da, eta, gero, hura lortzen denean, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen. Ezarritako betetze-maila egiaztatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako frogabideak erabiliko dira.

9.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du NAN, IFZ eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan zehaztutakoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa. Hala ere, kudeaketa-organoak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzearen aurka agertzen den pertsona edo entitate interesdunak bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak. Bestalde, aipatutako arauaren 7. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona edo entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta adierazpen horrek Aginduaren 4. artikuluan adierazitako irismena izango du.

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin bat etorriz, interesdunak ez daude behartuta dagoeneko diharduen administrazioaren esku dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak ekartzera. Diharduen administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, interesdunak aurka egin ezean. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte, beren sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako prestatutako gainerako sistema elektronikoen bidez, non eta prozeduran ez den interesdunaren aurkakotasun espresua jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresua ematea. Salbuespenez, administrazio publikoek, ezin badituzte eskuratu aipatutako dokumentuak, berriz ere eskatu ahal izango diote interesdunari ekar ditzala.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikadura Politikako sailburuordeak ebazpena eman ondoren eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

13.– ETEek izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A) Pertsona fisikoentzat: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu aurreko ekitaldikoa.

B) Pertsona juridikoentzat: sozietateen gaineko zergaren kopia bat, eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldikoa.

Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

14.– Betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eskatzaileari eskatu ahalko dizkio aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak.

Agindu honen 5. oinarriaren 2. apartatuan zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo entitate guzti-guztiei buruzkoak izango dira oinarri honen 8. lerrokadan adierazitako agiriak.

9. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Proiektuak agindu honetan bioekonomiari buruz emandako definizioak edo 6. oinarrian zehaztutakoa bete ezean, proiektua ez da baloratuko.

Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak izango dira kontuan:

A) Proiektu pilotuetan.

– Lankidetzaren osaera eta ezagutza, hala badagokio (9 puntu, gehienez).

– Proiektuaren berrikuntza-maila (11 puntu, gehienez).

Proiektuak EAEn duen berritasun-mailari buruzko aurrekariak edo ebidentziak baloratuko dira

– Emaitzen aplikagarritasuna (10 puntu, gehienez).

Bizi-kalitatea hobetzera, lehiakortasuna hobetzera eta enplegua sortzera bideratutako emaitzak baloratuko dira.

– Klima-aldaketara egokitzea/klima-aldaketa arintzea (4 puntu, gehienez).

– Komunikazioa (3 puntu, gehienez).

– Memoriaren kalitate zientifiko-teknikoa (15 puntu, gehienez).

Lan-planaren kalitatea eta hura garatzeko aurreikusitako metodologiaren kalitatea baloratuko dira.

– Proiektuan parte hartzen duen enpresako lantaldearen gaitasuna eta esperientzia (4 puntu, gehienez).

Proiektuan parte hartzen duten pertsonek titulazio egokia izatea eta I+Gn esperientzia finkatua izatea baloratuko da.

– Erabilitako teknologiak eta teknologia eta ezagutza transferitzeko formulak (20 puntu, gehienez).

Proiektuak ezagutza zientifikoan edo haren aplikazioan egindako aurrerapena baloratuko da.

– Proiektu estrategikoa, estatuko eta nazioarteko politikekin eta estrategiekin bat datorrelako (4 puntu, gehienez).

Proiektua aplika dakiekeen lehentasunetan aurreikusitako eragina baloratuko da.

– Lehentasunezko jarduera-eremu batean garatutako proiektua (2 puntu).

– Balio-kateko hainbat katebegitako enpresak lankidetzan aritzea (4 puntu, gehienez).

– Enpresan dauden patenteetatik abiatuta garatzen diren edo patente berri bat duten proiektuak (4 puntu, gehienez).

Proiektuaren balorazioan ZTBESeko eragile baten azpikontratazioa kontuan hartu ahal izateko, azpikontratatutako pertsona fisiko edo juridikoaren izen zehatza adierazi beharko da proiektuaren gastuak justifikatzeko orduan; beraz, ez da beharrezkoa izango eskabidea entregatzen den unean egitea. Era berean, zenbatekoa dela-eta hiru hornitzaileren eskaintzak gutxienez eskatu behar badira –obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik–, eskabidea aurkezteko unean aurkeztu beharko dira eskaintzak, eta, proiektua baloratzeko, Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren (BEA) kolaboratzaileak edo ZTBESeko eragileak badira bakarrik hartuko dira kontuan 3 eskaintzak.

B) Frogantza-proiektuetan.

– Lankidetzaren osaera eta ezagutza, hala badagokio (9 puntu, gehienez).

– Proiektuaren berrikuntza-maila (11 puntu, gehienez).

Proiektuak EAEn duen berritasun-mailari buruzko aurrekariak edo ebidentziak baloratuko dira.

Era berean, teknologian aurrerapenen bat izatea baloratuko da, beste TRL batera jauzi egiteko.

– Emaitzen aplikagarritasuna (10 puntu, gehienez).

Bizi-kalitatea hobetzera, lehiakortasuna hobetzera eta enplegua sortzera bideratutako emaitzak baloratuko dira.

– Klima-aldaketara egokitzea/klima-aldaketa arintzea (4 puntu, gehienez).

Bizi-kalitatea hobetzera eta lehiakortasuna hobetzera bideratutako emaitzak baloratuko dira.

– Komunikazioa (3 puntu, gehienez).

– Memoriaren kalitate zientifiko-teknikoa (15 puntu, gehienez).

Lan-planaren kalitatea eta hura garatzeko aurreikusitako metodologiaren kalitatea baloratuko dira.

– Jarduera bioekonomikoaren negozio-planaren kalitatea (14 puntu, gehienez).

– Erabilitako teknologiak eta teknologia eta ezagutza transferitzeko formulak (20 puntu, gehienez).

Proiektuak ezagutza zientifikoan edo haren aplikazioan egindako aurrerapena baloratuko da.

– Proiektu estrategikoa, estatuko eta nazioarteko politikekin eta estrategiekin bat datorrelako (4 puntu, gehienez).

Proiektua aplika dakiekeen lehentasunetan aurreikusitako eragina baloratuko da.

– Lehentasunezko jarduera-eremu batean garatutako proiektua (2 puntu).

– Balio-kateko hainbat katebegitako enpresak lankidetzan aritzea (4 puntu, gehienez).

– Enpresan dauden patenteetatik abiatuta garatzen diren edo patente berri bat duten proiektuak (4 puntu, gehienez).

Proiektuaren balorazioan ZTBESeko eragile baten azpikontratazioa kontuan hartu ahal izateko, azpikontratatutako pertsona fisiko edo juridikoaren izen zehatza adierazi beharko da proiektuaren gastuak justifikatzeko orduan; beraz, ez da beharrezkoa izango eskabidea entregatzen den unean egitea. Era berean, zenbatekoa dela-eta hiru hornitzaileren eskaintzak gutxienez eskatu behar badira –obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik–, eskabidea aurkezteko unean aurkeztu beharko dira eskaintzak, eta, proiektua baloratzeko, Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren (BEA) kolaboratzaileak edo ZTBESeko eragileak badira bakarrik hartuko dira kontuan 3 eskaintzak.

10. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

Balorazio-batzorde bat sortuko da, proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko, baloratzeko eta haztatzeko. Balorazio Batzordeko burua Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren Ikerketa Programen arduraduna izango da. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari bat eta HAZI fundazioko ordezkari bat izango dira batzordekideak, eta lehenengoak idazkari-lanak egingo ditu. Balorazio Batzordearen osaeran, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak arloko adituei eskatu ahalko die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez, ebaluazio-jarduketa hasi aurretik.

Balorazio Batzordeak funtzio hauek izango ditu:

Aplikatu behar den araudia betetzen duten proiektuen eskabideak aztertu eta ebaluatzea, hau da, proiektuak eta ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea.

Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

Balorazio Batzordeak txosten bat egingo du, eta, bertan, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko da.

Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusi ondoren, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamena interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdiak ezartzen duen eran, eta 10 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

Interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da entzunaldiaren izapidea egin beharrik izango. Kasu horretan, proposatzen den behin-behineko ebazpena behin betikoa izango da. Interesdunek alegazioak egiten badituzte, horiek aztertu ondoren egingo da behin betiko ebazpenaren proposamena, non datu hauek eman beharko diren: dirulaguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, ebaluazioa eta ebaluazioa egiteko erabili diren irizpideak.

Balorazio Batzordeak bere barne-funtzionamendurako arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

Balorazio Batzordean parte hartzeko eta beste zeregin batzuetarako, HAZI Fundazioak (HAZI) entitate lankide gisa jardungo du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritako terminoetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak lanak, zerbitzuak eta haren helburu sozialari loturiko edozein jarduketa utzi ahalko du HAZIren gain, betiere administrazio-ahalak betetzea ez badakar berekin, eta gainera, agindutako lanak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren jarraibideak alde bakarretik finkatu ahalko ditu, deialdi honetara aurkez daitezkeen proiektuak baloratzeko behar diren ezagutza espezifikoen –gai jakin batzuei buruzkoen– espezifikotasuna dela eta.

HAZIk honako eginkizun hau izango du:

«Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, arlo horretan euskarri tekniko aditua emanez».

Lankidetza hori lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatuko da.

11. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

A) Proiektu pilotuak garatzeko laguntzak.

1.– Gehienez ere, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70ekoa izango da laguntzaren zenbatekoa.

2.– Agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:

Puntu gehien lortu duen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 emango zaizkio.

1 eta 10 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 65 emango zaizkio.

11 eta 20 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 60 emango zaizkio.

21 eta 35 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 55 emango zaizkio.

Laguntza jaso ahal izateko, 65 puntu lortu beharko dira gutxienez.

3.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken laguntzari dagokionez, proposatutako zenbatekoa kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza kopuru erabilgarri hori izango da.

4.– Nolanahi ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako gehieneko zenbatekora mugatuko da laguntza.

B) Frogantza-proiektuak garatzeko laguntzak.

1.– Enpresa txiki eta ertainentzat, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50ekoa izango da laguntzaren gehieneko muga; enpresa handientzat, berriz, % 15ekoa.

2.– Agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:

Puntu gehien lortu duen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 emango zaizkio.

1 eta 10 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 45 emango zaizkio.

11 eta 20 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 emango zaio.

21 eta 35 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 35 emango zaio.

Laguntza jaso ahal izateko, 65 puntu lortu beharko dira gutxienez.

12. oinarria.– Emateko prozedura eta ebaluazio-irizpideak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluari jarraikiz.

2.– Aurkeztutako proiektu pilotu eta frogantza-proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, agindu honetan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuta. Ondoren, laguntzak esleituko dira, aipatutako ordenari jarraikiz eta 11. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

3.– Bi proiektuk edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, eta osorik erantzuteko baliabide nahikorik ez badago, lehentasunak ezarriko dira, irizpide bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, 9. oinarrian ezarritako hurrenkeran.

Bi proiektuk ebaluazio-irizpide guztietan puntuazio bera lortzen badute, honako lehentasun-ordena honi jarraituko zaio: lehenik, mikroenpresak; gero, ETEak, eta, hirugarrenik, enpresa handiak.

13. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluan adierazitakoaren arabera, behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea da ebazpena emateko eskumena duen organoa. Ebazpena bakarra da.

Ebazpenak, dirulaguntza nori emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere. Deialdiaren oinarrietan dagoeneko ezarrita dauden edukien errepikapena diren baldintza eta betekizunak aipatu gabe utzi ahal izango dira ebazpenean eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jar daitezke, deialdia eta oinarriak haietan kontsultatzeko.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2.– Diruz lagundutako proiektuaren izena.

3.– Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

4.– Dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa.

5.– Diruz lagundutako zenbatekoa.

6.– Ordaintzeko modua eta epeak.

7.– Diruz lagundutako jarduerak egiteko epea.

8.– Justifikatzeko modua.

9.– Zer xedapeni jarraikiz eman den laguntza eta aginduak eskatutako gainerako baldintzak.

10.– Proiektu pilotuen kasuan, emandako laguntzaren minimis izaera. Bertan berariaz aipatuko da Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

1.– Eskabidea aurkeztu duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Ebazpen hori entitate interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hala ere, kontuan hartuta diruz lagundutako proiektu bakoitzak bere berezitasunak dituela eta interesdun bakoitzari betearazteko baldintza espezifikoak helarazten zaizkiola, horrez gain, eta modu osagarrian, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu ondoren, ebazpena eta baldintza horiei buruzko banakako edukia jakinaraziko zaizkie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko dute eskatzaileek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka (ez dio amaiera ematen administrazio-bideari), gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organoari berari nahiz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena jakinarazi –edo, hala badagokio, horretara jo– eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz. Egintza espresua ez balitz, eskatzaileak eta balizko interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute edonoiz, administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera.

14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Europako erregelamendu aplikagarrietan jasotakoak ere. Honako hauek dira:

1.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzekoak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera.

2.– Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren banakako jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

4.– Emandako laguntzaren zenbatekoarekin ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, dirulaguntza eman den helbururako bideratu beharko dira ondasunak, gutxienez horiek gauzatu eta hurrengo 5 urteetan –erregistro publiko batean inskribatu beharreko ondasunen kasuan– edo hurrengo 2 urteetan gainerako ondasunen kasuan, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluan adierazitakoa kontuan hartuta.

5.– Organo kudeatzaileari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste edozein kontrol-organori jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete ote diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

6.– Idatziz jakinaraziko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari xede bererako edozein administraziori edo ente publiko eta pribaturi eskatutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta jaso baldin badira. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik aurrera, eta, edonola ere, funts publikoak erabili direla justifikatu aurretik. Gainera, proiektu pilotuetarako laguntzen kasuan, dagokion zerga-ekitaldian eta aurreko bi ekitaldietan eskatutako eta jasotako minimis laguntza guztiak jakinarazi beharko dira eskabidearekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu honi edo beste minimis erregelamendu batzuei lotuta badaude. Era berean, zerga-ekitaldia amaitu aurretik edozein unetan minimis araubideari lotutako beste edozein dirulaguntza jasotzen bada, hori ere apartatu honetan adierazitako moduan jakinarazi beharko da.

7.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz. Jakinarazpen hori inguruabar horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin behar dute, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

8.– Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

9.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

11.– Jasotako funtsak, edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

12.– Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.

13.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

14.– Era berean, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan adierazitakoarekin, onuradunak konpromisoa hartu behar du enpresen deslokalizaziorik ez egiteko, aipatutako legearen 49. artikuluko baldintzetan.

15. oinarria.– Dirulaguntza jaso duten jarduerak kontratatzea onuradunek.

1.– Onuradunak hirugarrenei kontratatu ahalko die diruz lagundutako jarduera osorik edo partzialki exekutatzeko ataza. Ezin izango du jardueren exekuzio osoa edo partziala hitzartu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikuluan adierazitako pertsonekin. Proiektua gauzatzeko kontratua diruz lagunduko den jardueraren % 60koa izan daiteke. Kontratatutako pertsona fisikoaren edo juridikoaren izen zehatza proiektuaren gastuak justifikatzerakoan zehaztu ahal izango da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango eskabidea aurkezteko unean hori egitea.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan adierazitako kasuan, aurkeztutako hiru eskaintzen arteko hautaketa egin beharko da dirulaguntza justifikatzean.

3.– Baldin eta hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoak emandako dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 gainditzen badu, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik.

Baimentze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. apartatuko betekizunak bete beharrik ez izateko helburuz.

5.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunari dagokio diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

6.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean Agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez; kontratistek, aldiz, lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan betetzen dituztela behar bezala egiaztatzeko aukera emateaz gain.

7.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

A) 6. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin.

B) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin.

C) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

D) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoekin, hauek gertatzen direnean izan ezik:

1.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak egindako kostua. Kostua egiaztatzeko, onuradunaren kostuak frogatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.

2.– Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea ebazpen arrazoitu baten bidez. Azpikontratatu ahal izateko eskabidea organo kudeatzailearen aurrean aurkeztuko da, azpikontratazioa egin aurretik. Eskabidearekin batera, lotutako pertsonarekin azpikontratazioa egitea aholkatzen duten arrazoiak justifikatzeko memoria erantsiko da. Organo emaileak, gehienez ere hilabete bateko epean, ebazpena emango du eta eskatutako baimena onartu edo ukatuko du; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluko 8. apartatuan adierazten diren inguruabarretakoren bat betetzen bada.

E) Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoekin.

16. oinarria.– Gehieneko exekuzio-epeak.

1.– Proiektu pilotuak eta frogantza-proiektuak garatzeko laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urte batean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira.

2.– Urteko proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, oinarri honetako 4. puntuan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Hainbat urtetako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2025eko urriaren 15ean amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, oinarri honetako 4. puntuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Edonola ere, diruz lagundutako jarduerarako epea luzatzeak emandako dirulaguntza aldatzea dakar eta, beraz, behar bezala bete beharko dira 19. oinarrian zehaztutako betekizunak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotzen direnak.

4.– Onuradunak aldez aurretik eskatu eta idatziz justifikatzen badu laguntza eskatzen dueneko proiektua ezin dela gauzatu ebazpenean ezarritako epean berehalakoan proiektua gauzatzea eragozten duten berandutze, atzerapen edo zailtasunak gertatu direla-eta –laguntza emateko ebazpenaren arabera proiektua bukatu behar den eguna baino lehenago aurkeztu beharko luke eskabidea–, organo emaileak proiektua gauzatzeko epea luzatu ahalko du, ebazpen bidez, non zehaztuko baita luzapenaren gehieneko iraupena, hasieran onartutako dirulaguntzari eutsita.

17. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari jarraikiz, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektua gauzatu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko ezarritako baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

b) Langile-gastuak, honako hauen bidez justifikatuko dira: ordainsariak, horiek ordaindu izanaren agiriak, Langile Zerrenda Izenduna (LZI), Kotizazioen Likidazioaren Ordainagiriak (KLO) eta proiektuaren aurrekontua betearazteko ekitaldiei dagozkien KLO likidazioaren kotizazio-ordainagiriak, eta hitzartutako lanordu kopurua adierazten duen agiria. Lehen sektoreko eragileen kasuan, 19,80 eurotan ezarri da orduko kostua, eta proiektura bideratutako ordu kopuruaren ziurtagiria erantzukizunpeko adierazpen bidez egingo da.

c) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere, eta dagokien ordainketa-frogagiria.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, non azalduko baita ordainketen fakturak eta gainerako ziurtagiriak ez direla aurkeztu dirulaguntzen beste programa batzuk justifikatzeko. Alabaina, dirulaguntzen beste programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira, faktura edo ziurtagiri horiek jaso dituen edo dituzten dirulaguntzen programa edo programak zein diren jakinarazi beharko da, ordainketaren faktura edo ziurtagiri bakoitzari dagokionez jasotako dirulaguntzaren ehunekoarekin batera.

2.– Egiaztatzeko eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoari jarraituko zaio (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskabide horrek arrazoitua izan beharko du.

4.– Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Inbertsioak edo gastuak egiteko ezarritako epea, edo, hala badagokio, azken luzapena amaitu eta hurrengo urteko urtarrilaren azken eguna izango da, gehienez ere, laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia izango dela bermatzeko, gastua egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko gehieneko epea.

Luzapena emango balitz, emandako luzapena bukatu eta hurrengo hilabeteko azken eguna izango da egindako gastua justifikatzeko dokumentuak aurkezteko azken eguna. 2024ko abenduaren 31n amaitzen diren proiektuen kasuan, entregarako epemuga 2025eko urtarrilaren 15a da.

6.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindako diruz laguntzeko moduko gastuak sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko ditu edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.

7.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.5 artikuluan adierazitakoaren arabera, baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, egiaztatu beharko dira halako funtsen zenbatekoa eta jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa. Era berean, emandako funtsek sortutako finantza-etekinak egiaztatu beharko dira hala badagokio, betiere kontuan hartuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.5 artikuluaren arabera, funtsek sortutako finantza-errendimenduek handitu egingo dutela emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkiola.

18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

A) Ebazpenarekin batera, 14. oinarrian ezarritako epean amaitu ondoren, lehen ordainketa aurreratua egingo da, % 20,00koa.

B) Bigarren ordainketa dagokion justifikazioaren ondoren egingo da.

Onuradunei ezin izango zaie ordainketa aurreraturik egin hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egina eduki, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izan, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badaude (hark eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu duenean salbu), epailearen esku-hartzearen mende badaude edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badaude, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

2.– Inbertsioak ez badira ezarritako epeetan egiten, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako itzultze-prozedura jarriko da abian.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

19. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio idatziz, gertatu bezain laster, eta baliteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako eta Agindu honetan adierazitako betekizunak betetzen badira.

Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa ez emendatzea.

c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote organo eskudunari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren (agindu honen 15. oinarriko 3. apartatuan ezarritako betebeharrari jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek), baina nolanahi ere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote organo kudeatzaileari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, honako kasu hauetan berreskuratu behar zaizkio organo emaileari jasotako kopuruak, eta eskatu berandutze-interesak, dirulaguntza ordaindu zenetik organo emaileari berreskuratu behar zaiola erabakitzen den egunera arte sortutakoak, edo zordunak organo emaileari dirulaguntza berreskuratzen dion egunera arte sortutakoak data hori dirulaguntza organo emaileari berreskuratu behar zaiola erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada:

a) Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta, hala badagokio, dirulaguntza oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan justifikatzen ez denean.

b) Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.

c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.

d) Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.

e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d, 14.c eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.

f) Ez betetzea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra.

g) Dirulaguntza bakoitzaren oinarri erregulatzaileetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

h) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.– 109. artikuluetan ezarritakoaren arabera hartutako erabaki batek eragiten duenean dirua organo emaileari berreskuratzea.

i) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, lege honen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 16.3 artikuluan jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

2.– Onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada guztiz betetzera, eta onuradunek argi eta garbi egiaztatzen badute beren konpromisoak betetzeko jarduna egin dutela, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati baten itzulketa egin beharko da, eta egindako jarduera osoaren aldean dagoen proportzioan zehaztuko da haren kalkulua.

3.– Onuradunak aurreko apartatuan adierazitako ez-betetzeren bat egingo balu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzkoa) araututako itzultzeko prozedura gauzatuko da.

Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa prorrata temporis egingo da.

Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

4.– Itzultze-prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat jazo bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.

22. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, entitate onuradunari entzun ondoren.

2.– Era berean, proiektu pilotuen kasuan, beste administrazio publiko edo ente publiko nahiz pribatu batzuek emandako minimis laguntzei gehitu ahal izango zaizkie laguntza hauek; halere, guztien artean ez dute 300.000 euroko laguntza gaindituko, onuradun bakoitzeko eta hiru zerga-ekitaldiko epean, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduak ezarritakoari jarraikiz. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxituko dira, gehieneko atalase horretara egokitu arte.

Aurreko lerrokadek xedatzen dutena gorabehera, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat onuragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.

23. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartu: Elikagaien kalitate- eta industria-arloko laguntzak.

– Arduraduna: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.

– Xedea: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren laguntzen, beken eta I+Garen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS). Organismo ordaintzailea.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES (https://www.avpd.euskadi.eus/contenidos/informacion/20161118/eu_def/adjuntos/rgpd_2016R0679-es-eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.avpd.euskadi.eus/contenidos/informacion/20161118/eu_def/adjuntos/LOPDGDD-20181206-eu-es.pdf).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala