Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2024ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3155

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 14koa, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Erregistro Elektroniko Orokorra Zuzenbide Publikoaren Mendeko Prozeduretan Arautzeko agindu-proiektua jendaurrean jartzeko dena.

Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du agindu bat egitea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erregistro elektroniko orokorra arautzeko zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan.

Agindu honen xedea da Erregistro Elektroniko Orokorraren funtzionamendua eta aplikazio korporatibo komun eta zeharkakoa arautzea. Aplikazio horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor osoan, haren Administrazio instituzionalean eta sektore publikoko gainerako prozeduretan jasotzen edo igortzen diren dokumentu, eskaera, idazki eta komunikazio guztien idazpenak egingo dira, zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan, eta dokumentuen sarrera- eta irteera-erregistroaren ohar fidagarria jasoko da elektronikoki, 91/2023 Dekretuaren 82. artikuluaren arabera.

Egungo arau-egoera dela-eta, beharrezkoa da araudi hau; eginkizun hori Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari dagokio.

91/2023 Dekretuaren 84. artikuluak ezartzen duenez, herritarrei arreta emateko eskumena duen saileko titularraren agindu bidez arautuko dira Erregistro Elektroniko Orokorraren funtzionamendua, erregistratu daitezkeen dokumentuak, erkatze- eta erregistro-eragiketak, idazpenak, dokumentuen aurkezpena eta digitalizazioa eta kopiak lortzea, erregistro-ordainagiria, eta egoitza elektronikoan argitaratuko diren ereduak eta formularioak onartuko dira.

Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak 1 d) apartatuan ezartzen duenez, dekretu hori indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean herritarren arretarako eskumena duen organoak agindu bidez arautuko ditu erregistro elektroniko orokorraren funtzionamendua, erregistra daitezkeen dokumentuak, erkaketa- eta erregistro-eragiketak, idazpenak, dokumentuen aurkezpena eta digitalizazioa eta haien kopiak eta erregistroaren jaso-agiria eta, halaber, ereduak eta formularioak onartuko ditu, zeinak egoitza elektronikoan argitaratuko baitira.

Horregatik, dekretuaren zuzeneko agindua betez, hori egin da.

Jendaurrean jartzeko ebazpen hau formalizatzen den egunean, izapide hauek egin dira:

Herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari buruz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoa betez, arauaren testua egin aurreko kontsulta publikoa bideratu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan iragarkia jarriz. Bertan, arauak ukitzen dituen eskubide edo interes legitimoak dituzten pertsonak biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde edo elkarteen eta eragindako herritarren iritzia jaso da, baldin eta pertsona horien helburuek zuzeneko lotura badute arauaren xedearekin, arauaren alderdiei buruz. Ez da inolako ekarpen edo oharrik aurkeztu.

2024ko otsailaren 22an, prozedura hasteko agindua eman da, eta Legesarea ezagutza partekatuko lankidetza-gunean argitaratu da, Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakia betez, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere. Ez da ez ekarpenik ez oharrik aurkeztu.

Generoaren ikuspuntutik garrantzirik ez duela justifikatzen duen txostena egin da. Gobernu Kontseiluak 2012ko abuztuaren 21ean onartutako jarraibideetan xedatutakoaren arabera (genero-eraginaren aurreko ebaluazioa gauzatzeari eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeari buruzkoak).

2024ko apirilaren 19an, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren aldez aurreko onarpen-agindua eman da, arau-proiektuarekin batera.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Erregistro Elektroniko Orokorra Zuzenbide Publikoaren Mendeko Prozeduretan Arautzeko agindu-proiektua jendaurrean jartzea, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, adierazitako proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzan (Donostia-San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 14a.

Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria,

MATXALEN LAUZIRIKA JAUREGI.


Azterketa dokumentala