Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2024ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3154

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2024rako deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko ekainaren 18an batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia onartu du, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren m) letran xedatutakoarekin bat etorriz, eta Estatutu horiek bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2024rako deialdia argitaratzea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2024ko ekainaren 18an bileran hartutako erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea ondorioak izango dituela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, Ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 19an.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
LAGUNTZEN 2024RAKO DEIALDIA. LANERATZEKO ENPRESAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZAKO SAILBURUAREN 2009KO MAIATZAREN 4KO AGINDUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK

2009ko maiatzaren 4ko Aginduak laguntzak arautzen ditu laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko (2009ko maiatzaren 26ko EHAA, 98. zk.). Laguntza horiek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailak abiarazi zituen, enpresa horiei laguntza emateko, betiere haien ezaugarri eta beharrei egokituta. Horren esparruan, dirulaguntzak aurreikusten dira laneratzeko enpresak sortzea sustatzen duten entitateentzat, bai eta laneratzeko enpresentzat beraientzat ere, manten daitezen.

2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren 17. artikuluak berariaz xedatzen du urtero egingo dela bertan aurreikusitako laguntzen deialdia, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bertan adierazten du aurrekontua zenbatekoa den eta eskabideak aurkezteko epea. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan xedatzen denez, Lan eta Enplegu Sailari dagokio gaur egun enpleguari buruzko politika.

Bestalde, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izeneko organismo autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta, autoenpleguko eta enpresen sorkuntzako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarritako moduan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zenez geroztik, bere gain hartu du laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu du, halaber, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituen eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntza-programa kudeatzea.

Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 3. artikuluko b) apartatuan xedatutakoarekin bat etorrita, Estatutuak bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak finkatutako testuaren arabera, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta, autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketaren barruan sartzen da dirulaguntzetarako deialdiak onartzea ere, eta organismo autonomoaren Administrazio Kontseiluari dagokio funtzio hori, halaxe baitago ezarria aipatutako Estatutuetako 7. artikuluko f) apartatuan.

Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus.

Era berean, laguntzak kudeatzen dituen organoa aldatu denez, eta publikotasun-printzipioa eta segurtasun juridikoaren printzipioa errespetatze aldera, komenigarria da laguntzak jaso ditzaketenei jakinaraztea dirulaguntzak emateko prozeduraren xehetasunak eta betebeharrak, 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitakoarekin bat ez datozenak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2024ko ekainaren 18ko saioan onartu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako 2024rako laguntzen deialdia. Agindu horretan arautzen dira laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak, baldintza hauetan:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza hauen eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta 2024ko irailaren 30era arte luzatuko da.

Bigarrena.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honen helburu diren laguntzak finantzatzeko diru-baliabideak honako hauek izango dira: guztira 14.500.000 euro; horietatik, 3.500.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, 4.500.000 euro 2025eko konpromiso-kredituari, 4.500.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari eta 2.000.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari, 3121 programaren kargura - Gizarteratzea, 41. sekzioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokiona, 07 zerbitzuan-Gizarteratzea.

Baliabide horien bidez estaliko dira 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzak, eta lehen finkatutako 2024ko kredituko 800.000 euro jarriko dira 7. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzetarako,

2.– 2024ko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa, edo, beharrezkoa izanez gero, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena; zenbateko gehigarria guztizko bolumenaren % 15 izango da eta, dirulaguntzak emateari aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Gehieneko zenbatekoak handitzea xedatzen duen ebazpena argitaratu beharko da deialdia argitaratzen den modu berean, baina argitaratze horrek ez du ekarriko beste eskaera batzuk aurkezteko epe bat zabaltzea, ez eta ebazteko beste epe bat hastea ere. 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan araututako laguntzak estaltzeko diru-baliabideei buruzko gainerako aurreikuspenak agindu horren 23. artikuluan daude jasota.

Hirugarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan daude azalduta.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, entitate onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Lege horren 49. artikuluaren arabera.

3.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren 14. artikuluan jasotako betekizunez gain, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak ere aplikatuko dira. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:

a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazteak edo hirigintza-delituak.

b) Kondenatua edo zehatua izatea epai edo administrazio-ebazpen irmo batez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduz, edo, hala izan bada, igarota edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea, eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu, esku-hartze judizialaren menpe egotea edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera; edo, hala egonda ere, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

d) Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri; eta baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu orduan.

g) Egoitza fiskala edukitzea paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

h) Egunean ez izatea dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

i) Zehapen administratibo edo penala jasotzea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, edo zehapen-epea igaro izana.

j) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik edukitzea, hauek barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea neurririk ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Ez betetzea desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartzea.

m) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu direlako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, edo, eten bazaio ere, ebazpen judizial irmoa eman izana eta, beraz, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera edukitzea.

ñ) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatu honetan xedatutako betekizunen bat, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da betekizun hori. ñ) apartatuko betekizuna dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ahal badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua, kontabilitate-araudiaren arabera, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, letra horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22. bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hala badagokio, entitate eskatzaileei eskatuko die aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan, ñ)-n izan ezik, xedatutako eskakizunak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da, zeina eskabide-orrian jasota baitago.

Laugarrena.– Laguntzen prozedura, izapideak eta ebazpena, eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan eskatutakoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdiaren kudeaketa izapidetu eta laguntzen kudeaketa bere gain hartu behar dituenez, 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan jasotako arauek aldaketa hauek izan dituzte:

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa horra iristeko, esteka bat egongo da, Lanbideren webgunean.

Honako helbide honetan daude eskuragarri laneratzeko enpresak sortzeko prozeduraren jarraibideak izapidetzeko, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0136913/eu

Honako helbide honetan daude eskuragarri laneratzeko enpresak mantentzeko prozedura izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0136914/eu

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria izango da deialdi honetako dirulaguntza-eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna.

3.– Kasuan-kasuan, deialdi honetako dirulaguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak. Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, berariaz adierazi beharko da eskaera ukatzeko arrazoia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie laguntzak deialdiko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztenei, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Aurrekontu-zuzkidura amaitu eta gero, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, kreditua handitzen ez bada, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenaren bidez.

5.– Erakunde onuradunek Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote diruz lagundutako jardueren helburua edo izaera aldatzen duen gorabehera oro; eta, bestalde, erakunde autonomo horrekin kolaboratu beharko dute aipatu jardueren egiaztapen, ikuskapen, segimendu eta kontrolaren prozeduretan.

6.– Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa adierazi beharko da berariaz, dirulaguntza jasotzen duten eta haien dibulgazioa, hedatzea, edo, hala badagokio, argitaratzea dakarten jarduera guztietan.

7.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak


Azterketa dokumentala