Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2024ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3152

AGINDUA, 2024ko ekainaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baita zein den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako enplegu publikoko A taldeko lanpostuetarako 2022ko eskaintza eta zeinaren bidez huts material bat zuzentzen baita Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko azaroaren 18ko Aginduan.

Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako enplegu publikoko 2022ko eskaintza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako 1.686 lanpostu eskaini ziren guztira; haietatik, 1.554 karrerako funtzionarioei dagozkie, eta 132, berriz, langile lan-kontratudunei. Aipatutako erabaki horren I. eranskinean zehazten zen, karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostu horien kasuan, zer talde, kidego eta eskalatan banatzen ziren lanpostu huts horietako 1.298 lanpostu, eta, gainerako lanpostu hutsei zegokienez, hau ezartzen zen: «Horrez gain, A taldeko 256 plaza eskainiko dira, eta horiek kidegoka eta eskalaka zehaztuko dira, 27. eta 28. destino-osagarrien mailetako lanpostuak betetzeko lehiaketa behin betiko esleitu ondoren, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren agindu baten bidez. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da».

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2023ko martxoaren 22ko Aginduaren bidez (EHAA, 2023ko apirilaren 11koa), deialdi espezifiko bat egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioentzat gordetako 28. eta 27. destino-osagarriko lanpostuak betetzeko. Era berean, 2024ko otsailaren 15ean, lehiaketa horretako balorazio-batzordeak erabaki zuen esleipenen behin betiko proposamena aurkeztea Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari; hori dela eta, bete egin behar dira enplegu publikoko 2022ko eskaintza onartzeko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren aurreikuspenak. Behin betiko esleipen-proposamen horretako esleipenek ez dute erresultarik eragingo; horrenbestez, 244 lanpostuko lan-eskaintza publikoa zehaztu behar da.

Beste alde batetik, huts material bat atzeman da Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko azaroaren 18ko Aginduaren XLVII eranskinean –agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegu publikoa finkatzeko prozesu bereziak eta enplegu publikoa finkatzeko salbuespenezko prozesuak iragarri ziren–. Eranskin horretan, Kidego Teknikoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Sektoreko Eskalako enplegua finkatzeko prozesu bereziko deialdiko oinarri espezifikoak daude, eta, 1. apartatuan, txanda libreko 2 lanposturen deialdia dago: eranskinaren arabera, lanpostu biak sarbide orokorreko modalitatekoak dira, 2. hizkuntza-eskakizuna dutenak. Hala ere, eranskin horretako 3. apartatuan, aditzera ematen da 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu behar dela deitutako lanpostuak esleitzeko. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko funtzionarioentzat gordetako lanpostuei dagokienez, 3. hizkuntza-eskakizuna esleitu zitzaien lehentasunezko eskalatzat Kidego Teknikoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Sektoreko Eskala duten lanpostu guztiei.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoek edozein unetan zuzendu ditzakete, ofizioz edo interesdunek hala eskatuta, egintzetan egindako huts materialak, izatezkoak edo aritmetikoak. Beraz, hutsa zuzendu behar da.

Horiek horrela, eta bat etorriz Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko Erabakian jasotzen diren gaikuntzekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2019 Legearen 109.2 artikuluan jasotakoekin, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Honela zehaztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako enplegu publikoko 2022ko eskaintza:

Funtzionarioak. Txanda irekia.
A taldea

– A1 azpitaldea

(Ikus .PDF)

– A2 azpitaldea

(Ikus .PDF)

Bigarren artikulua.– Zuzentzea Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko azaroaren 18ko Aginduaren XLVII. eranskinaren 1. apartatuan atzemandako huts materiala. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegu publikoa finkatzeko prozesu bereziak eta enplegu publikoa finkatzeko salbuespenezko prozesuak iragarri ziren.

Hau dio:

«1.– Deialdiko lanpostuak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako Kidego Teknikoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Sektoreko Eskalako 2 plaza eskaintzen dira txanda irekian, sarbide orokorreko modalitatean eta 2. hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa dutela.»

Baina hau esan behar du:

«1.– Deialdiko lanpostuak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako Kidego Teknikoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Sektoreko Eskalako 2 plaza eskaintzen dira txanda irekian, sarbide orokorreko modalitatean eta 3. hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa dutela.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 20a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala