127. zk., 2024ko ekainaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3136
72/2024 DEKRETUA, ekainaren 11koa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Busturiako Udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Busturiako Axpeko ur-biltegiaren ondoan ur-sarearen hobekuntza proiektua gauzatzeko ondasunak eta eskubideak.
Busturiako Axpeko ur-biltegiaren ondoan ur sarearen hobekuntza proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko azaroaren 9an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko azaroaren 27ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (227. zk.). Geroago, 2024ko otsailaren 23an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako inguruabar hauengatik:
«Gaur egun, Axpeko ur-biltegiaren hurbileko hornidura-sareak PVCzko hodi-tarteak ditu, eta, hodi horiek gabezia handiak dituzte, duela 40 urte baino gehiago instalatu zirenetik erabilera luzea izan baitute. Horrek matxurak eragin ditu behin eta berriz, eta, ondorioz, presio-galerak eta emari gabeziak jasaten dituzte Axpe auzoko erabiltzaileek.
Horrez gain, beste mota bateko ondorioak dakartza, hala nola ingurumen-ondorioak (ur-galerak), kalteak hirugarren batzuei eta inguruneko abonatuei eskaintzen zaien zerbitzuak okerrera egitea.
Azaldutako aurrekariak ikusita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak uste du gaur egun auzoan dagoen ur-hornidura sareak, dagoen egoeran, ez diela ur-horniduraren jarraitutasuna bermatzen gune horretako abonatuei. Arazo hori areagotu egiten da sarea, uren beherako bidean, hurbil dagoelako hornidura-sistemako elementu kritiko batetik, hau da, Axpeko ur-biltegitik, eta horrek Axpe auzo osoa hornitzen du.
Hodiek pitzadurak izaten dituzte behin eta berriz. Ondorioz, beharrezkoa da hodi horiek berritzea BBUParen abonatu guztiei hornidura egokia bermatzeko (ur-kalitate eta kantitateari dagokionez).
Sarea ordezkatuz, abonatuek jasaten dituzten eragozpenak ekiditea lortuko da (ur-jarioen ondorioz jasaten diren ur-galerak ekiditeaz gain).»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko ekainaren 11ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Busturiako Axpeko ur-biltegiaren ondoan ur sarearen hobekuntza proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 11n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.