Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2024ko ekainaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3135

71/2024 DEKRETUA, ekainaren 11koa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Mendatako Udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Mendatako Marmiz auzoko ur-sarearen hobekuntza proiektua gauzatzeko ondasunak eta eskubideak.

Mendatako Marmiz auzoko ur sarearen hobekuntza proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2023ko azaroaren 9an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko azaroaren 29ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (229. zk.). Geroago, 2024ko otsailaren 23an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako inguruabar hauengatik:

«Gaur egun, Marmizko hornidura-sareak gabezia handiak ditu, eta horrek matxurak eragiten ditu behin eta berriz. Ondorioz, presio-galerak eta emari gabeziak jasaten dituzte auzo horretako erabiltzaileek.

Horrez gain, beste mota bateko ondorioak dakartza, hala nola ingurumen-ondorioak (ur-galerak), kalteak hirugarren batzuei eta inguruneko abonatuei eskaintzen zaien zerbitzuak okerrera egitea.

Proiektu honek egungo sarea 16PNko PEADko hodi berriez ordezkatzeko beharrezko diren jarduketak jasotzen ditu.

Goian azaldutako aurrekariak ikusita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren ustez (BBUP), auzo horretako gaur egungo hornidura-sareak, dagoen egoeran, ez die ur-horniduraren jarraitutasuna bermatzen gune horretako abonatuei. Gainera, eremuko hornidura-sistema ez da sare bidezko sistema, sistema adarkatua baizik. Ondorioz, egungo arazoek matxura handiago bat eragingo balute, ez litzateke egongo inolako aukerarik abonatu horiek hornitzeko.

Hodiek pitzadurak izaten dituzte behin eta berriz. Horrenbestez, beharrezkoa da hodi horiek berritzea BBUParen abonatu guztiei hornidura egokia bermatzeko (ur-kalitate eta kantitateari dagokionez).

Sarea ordezkatuz, abonatuek jasaten dituzten eragozpenak ekiditea lortuko da (ur-jarioen ondorioz jasaten diren ur-galerak ekiditeaz gain).»

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko ekainaren 11ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Mendatako Marmiz auzoko ur sarearen hobekuntza proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala