127. zk., 2024ko ekainaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3128
76/2024 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaz General Química, SAU enpresari dagokion Kanpoko Larrialdi Plana onartzeko erabakia argitaratzen baita.
Gobernu Kontseiluak, 2024ko ekainaren 18an egindako bilkuran, General Química, SAU enpresari dagokion Kanpoko Larrialdi Plana onartzeko erabakia hartu zuen, eta behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea General Química, SAU enpresari dagokion Kanpoko Larrialdi Plana onartzeko erabakiaren testua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 19KO 76/2024 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GENERAL QUÍMICA SAU ENPRESARI DAGOKION KANPOKO LARRIALDI PLANA ONARTZEKOA DENA
1/2017 Legegintzako Dekretuak onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 10. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere eskumenen esparruan. Testu bategin beraren 11. artikuluak dioenez, Segurtasun Saila da Babes Zibileko politikaren organo arduraduna, Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorrekin bat etorriz.
Akordio-proposamen honen xedea da goiburuan aipatzen den Kanpoko Larrialdi Plana (aurrerantzean, KLP) Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea, onar dezan.
Kanpoko larrialdi-plana babes zibileko plan berezia da, eta haren helburua da kanpoko erantzuna antolatzea instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripu-hipotesi jakin batzuen aurrean. Ildo horretan, enpresak barneko larrialdi-planean aurreikusi dituen neurriak osatzen ditu.
Plan horien nahitaezkotasuna eta erregulazioa honako araudi honetan xedatutakotik dator: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012/18/EB Zuzentaraua, 2012ko uztailaren 4koa, substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larriei lotutako arriskuak kontrolatzeari buruzkoa; Estatuko araudia, Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legeak osatutakoa; istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko eta planifikatzeko babes zibileko oinarrizko jarraibidea (1196/2003 Errege Dekretua, irailaren 19koa) eta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretua, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituena. Erkidego-mailan, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuan xedatutakotik ondorioztatzen da; Euskadiko Babes Zibileko Plana, «Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi»; 277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituena, larrialdiei aurre egiteko; eta otsailaren 20ko 34/2001 Dekretua, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurrien gaineko eskumenak banatzekoa.
Araudi horretan babes zibileko larrialdi bat sor dezaketen jardueren katalogo ofiziala aurreikusten da. Gainera, jarduera horiek garatzen dituzten enpresek barneko Larrialdi Plan bat izan behar dutela ezartzen du, besteak beste. Era berean, hala badagokio, agintariek kanpoko larrialdi-plan bat egitea, gerta daitezkeen istripu larrien ondorioak prebenitzeko eta, hala badagokio, arintzeko (aldez aurretik aztertuta, sailkatuta eta ebaluatuta). Plan horretan ezarriko lirateke babes-neurri egokienak, beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak, eta esku hartu behar duten agintariak, organoak eta zerbitzuak koordinatzeko eskema.
Industrialek, baldin eta beren jarduerak edo produktuen biltegiratzea araudi honen aplikazio-eremuan sartzen badira, ekoizpen-prozesuei, segurtasun-politikei eta istripuen prebentzioari eta barneko larrialdi-planari buruzko informazioa eman behar diete organo eskudunei (gure kasuan, Eusko Jaurlaritzan industria-administrazioaren arloan eskumena dutenei). Industria-arloko agintaritza eskudunek ebaluatu egiten dute aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa, eta babes zibileko organo eskudunei ematen diete. Organo horiek kanpoko larrialdi-plana egin behar dute, industrialarien laguntzarekin.
Kanpoko Larrialdi Plana egiteko prozedurak erreferentziazko araudian xedatutakoa bete du: Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena eman du 2023ko abenduaren 19ko ohiko bilkuran, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalaren Batzorde Iraunkorraren aldeko txostenaren 2024ko ekainaren 4ko ziurtagiria jaso da, eta jendaurrean jarri da Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren 2024ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez (EHAA, 26. zk., 2024ko otsailaren 5ekoa).
Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak, aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
AKORDIOA
Lehenengoa.– Lantarongo (Araba) General Química, SAU enpresaren Kanpoko Larrialdi Plana onartzea.
Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.