Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2024ko ekainaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3123

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia. Ikerlan programa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2024ko ekainaren 18ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia onartu du. Ikerlan programa. Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) letran xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuak) eta abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak haiek moldatu eta gero idatzita geratutako moduaren arabera, organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia. Ikerlan programa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2024ko ekainaren 18an bileran hartutako Erabakiaren bidez onartua (ikus ebazpen honen eranskina).

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen Erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
GAZTEAK EUSKAL ENPRESETAN IKERKETA-PROIEKTUAK EGITEKO KONTRATATZEA HELBURU DUTEN DIRULAGUNTZEN 2024KO EKITALDIKO DEIALDIA. IKERLAN PROGRAMA

Gazteen langabeziak kolokan jartzen du belaunaldien arteko oreka, eta gizartean eta lanean baztertuta geratzeko arriskua dakar; gainera, talentu berria galtzeko arrisku nabarmena da.

Langabezian bizi duten egoera ez da homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira euren egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Dualtasun horrek bi arazo desberdin dakartza, eta, beraz, konponbideak ere desberdinak izan behar dira. Alde batetik, kualifikazio apaleneko gazteek zailtasunak dituzte lana aurkitzeko eta mantentzeko, eta, gainera, behin-behinekotasun- eta partzialtasun-tasa handiagoak dituzte, eta ahulagoak dira krisi sozioekonomikoen aurrean. Eta, bestetik, kualifikazio-maila handiak dituzten pertsonen talentu-ihesa dugu, ez baitute aurkitzen beren prestakuntza-mailara egokitzen den enplegurik. Euskal Autonomia Erkidegoak, kualifikazio handiko biztanleria duen arren, ez dauka lan-merkaturik, enplegu-, erakargarritasun- eta kalitate-eskaintzarekin kolektibo hori guztia barnean hartzeko gai denik.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldiko EGIF+ Programaren estrategia diseinatzerakoan, kontuan hartu dira eskualde mailan dauden beharrak eta erronkak, zeinak definitu baitira aplikazio-lehentasunak identifikatzeko egindako diagnostikoan; besteak beste, gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea, gazteen langabezia-tasa handiak murriztuz, eta gazteen enplegu-prekaritatea eta talentu-ihesaren eta/edo talentu-erakarpen ezaren arriskua.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin. Eta, hain zuzen ere, estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategiak (2030) aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dien programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte.

Ikerlan programaren helburua da ikertzaile gazteak (16 eta 30 urte bitartekoak), teknologoak, teknikariak eta I+G+Bko beste profil profesional batzuk kontratatzea, bai eta, hala badagokio, ikerketan laguntzeko langileak kontratatzea ere, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen duten enpresetan, lanbide-esperientziaren bidez haien enplegagarritasuna sustatzeko neurri gisa. Aipatu gazteek gauzatuko dituzte laguntzen xede diren jarduera horiek, osasunari, trantsizio ekologikoari eta ekonomia berdeari (energia berriztagarriak, energia-efizientzia, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria) lotuta dauden ekimenen barruan, zerbitzuen digitalizazioan eta datuen ingeniaritzan («Data science» izenekoan). Programa honen bidez, giza kapitala eta talentua galtzea saihestu nahi da, bai eta teknologoen goi-mailako prestakuntza gizarteari itzultzea ere.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024. urterako Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratutakoa), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia «Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea» deritzon 4.2 gako estrategikoan dago kokatuta.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2024ko ekainaren 18ko egindako bilkuran, gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten laguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia onartzen du (Ikerlan programa). Hona deialdiaren ezaugarriak:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen ari diren euskal enpresei emango zaizkien laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, hain zuzen ere enplegu-zerbitzu publikoetan izena emanda dauden gazte langabeak kontratatu ditzaten.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko 2.500.000 euro bideratu dira. Horietatik, 1.250.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.250.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren 2025eko konpromiso-kredituari dagozkio, 32110-Enplegua programan.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso daiteke gazteak kontratatzen badira, ikerketako eta berrikuntzako ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratu-modalitatean, eta, betiere, gazte horiek 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Berrikuntzako eta ikerketako ekimenak arlo hauetako lanbideetan garatuko dira: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea (energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa edo «Data science».

3.– Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

4.– Baldintza hauek bete behar dituzte kontratazioek:

a) Ezin izango dira kontratatu entitate, enpresa edo enpresa-talde berean aurreko 6 hilabeteetan edozein motatako ikerketa-lanpostuak bete dituzten gazteak.

b) Kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izango da gutxienez. Dirulaguntzaren iraupena bi urtekoa izango da gehienez.

c) Kontratuak lanaldi osokoak izan beharko dira.

d) Kontratatutako pertsonek 2. apartatuan adierazitako jarduerekin lotutako eginkizunak eta zereginak bete beharko dituzte.

5.– Kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontideari, oinordekoei eta gainerako senideei (odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino) edo enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa gorabehera.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira, aldez aurretik horretarako eskaera eginda, enpresa pribatuak, edozein dela ere haien forma juridikoa, bai eta deialdi honetan jasotako ikerketa- eta berrikuntza-ekimenetan inbertitzen ari diren elkarte eta fundazioak ere, baldin eta 2. apartatuan aurreikusitako baldintza orokorrak eta honako betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50 edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

2.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kondenaturik ez egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, edo, halakorik izanez gero, igarota edukitzea zigorraren edo zehapenaren epea.

c) Ez edukitzea eskatuta borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez egotea edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez egotea konkurtsoan deklaratuta edo, hala egonda ere, hitzarmen batek eraginkortasuna lortu izatea, ez egotea esku-hartze judizialaren mende, eta ez izatea desgaikuntzarik Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera edo, hala izanda ere, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaituta edukitzea.

d) Ez eragitea Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

e) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea, eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Halaber, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargu bat ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak espresuki egin diezaioke aurka egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

h) Ez edukitzea dirulaguntzen arloko ordaindu gabeko itzulketa-betebeharrik, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta konpromisoa hartzea egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Ez jasotzea zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, edo zehapen-epea igaro izana.

j) Ez edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:

– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarriak dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Ez egotea zehatuta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartzea.

m) Elkarteen kasuan, elkartea ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.

n) Ez izatea inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu direlako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, edo, eten bazaio ere, eman izana ebazpen judizial irmoa eta, beraz, izatea dagokion erregistroan inskribatzeko aukera.

ñ) Ez egitea enpresa-deslokalizaziorik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta edukitzea.

Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2001 Legean ezarritako gehieneko epean).

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen artikulu honetan aurreikusitako betekizunak eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. o) apartatuan jasotako betekizuna dokumentazio honen bidez egiaztatuko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak letra horren 1. apartatuan eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. apartatuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Lanbidek erakunde onuradunei dokumentazio hori aurkezteko eskatuko die, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.

4.– Ez dira erakunde onuradun izango honako hauek: organismo autonomoak eta sozietate publikoak, administrazio publiko baten edo gehiagoren mendeko elkarteak edo erakundeak, eta langileak lagatzeko enpleguetarako aldi baterako laneko enpresak.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.

1.– Baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:

16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

Langabezian egotea eta edozein enplegu-zerbitzu publikotan izena emanda eta altan egotea, enplegu-eskatzaile gisa, kontratua hasteko egunaren aurreko egunean.

Formalizatzen den kontratu-modalitaterako eskatzen diren baldintzak betetzea, ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara egokituz, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

Ikertzaile, teknologo, teknikari eta I+G+Bko beste profil profesional batzuen gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza izatea; baita, beharrezkoa denean, ikerketa-laguntzaile gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza ere, laneratzea erraztuz, ikerketaren eta berrikuntzaren lehiakortasuna areagotzen laguntzeko.

Eskainitako lanpostu guztien % 10 laguntzaileak izan daitezke, administrazio-laguntzako lanak alde batera utzita.

2.– Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, Investigo programaren barruan kontratatutako pertsonak kontratazio mugagabearen modalitatean bakarrik hartu ahal izango dira kontuan deialdi honen ondorioetarako, betiere aurretik diruz lagundutako kontratua aldi baterakoa izan bada eta deialdi honetan dirulaguntza eskatzen duena ez den beste enpresa batek egin badu.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Ikerlan programaren ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatzeko eta gauzatzeko kontratatzen diren gazteen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko dira kontratatzeko emango diren dirulaguntzak, Gizarte Segurantzari kontzeptu guztiengatik egiten zaizkion kotizazio-gastuak barne.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako gastu kontzeptu guztiengatik emango den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira aurkeztutako kontratazio-planean jasotako aurreikuspenak: zenbat pertsona kontratatuko diren, horietako bakoitza zenbat hilabetetarako kontratatuko den, eta Gizarte Segurantzako kotizazio taldearen arabera aplikatu beharreko modulu hau:

A modulua: modulu honetan 22.405,92 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (1.867,16 euro hilean), Gizarte Segurantzako 9tik 5erako kotizazio-taldeetako (biak barne) kontratuen kasuan.

B modulua: modulu honetan 33.108,84 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (2.759,07 euro hilean), Gizarte Segurantzako 4tik 1erako kotizazio-taldeetako (biak barne) kontratuen kasuan.

7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak aukeratzeko eta langileak kontratatzeko prozedura.

1.– Erakunde onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.

Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak erregistratzeko orduan, eskabide horiek jasotzen dituen bulegoak egingo du aipatutako erregistroa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman geratuko dira identifikatuta.

2.– Eskaintzak hautagaitzen parekatze automatikoaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira: https://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen lan-kontratuak betetzeko hautagaien azken aukeraketa enpresa onuradunak egingo du, irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Egin nahi den ikerketa-programari dagokionez, prestakuntza akademiko egokiena duen gaztea.

b) Garatu beharreko gaiarekin lotutako berariazko ikasketak izatea, hala nola masterrak, graduak edo/eta ikerketa-programa gauzatzeko gaitasun eta konpetentzia handiagoak ematen dizkien beste edozein, baldin eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak edo Unibertsitateetako Ministerioak homologatuta badaude. Hori ez zaie aplikatuko laguntzaileen lanpostuei.

c) Curriculumaren eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsua erabili beharko da, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.

d) Eskabidea egiten denean, entitate onuradunak lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko eta genero-berdintasuna bermatzeko jada ezarriak dituen neurriak.

4.– Entitate onuradunek ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio-modalitatea erabiliz kontratatuko dituzte hautatutako langileak, indarrean dauden lan-arloko, lan-arriskuen prebentzioaren arloko eta Gizarte Segurantzari buruzko legeekin bat etorriz.

5.– Kontratatutako gazteak enpresako gainerako langileen eskubide berberak izango ditu, Langileen Estatutuan, aplikatu beharreko Hitzarmen Kolektiboan eta hitzartutako banakako kontratuan ezarritakoaren arabera.

6.– Kontratuak bi hilabeteko epearen barruan hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean salbu. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du atzerapena. Edonola ere, kontratuak hasteko epea 2024ko azaroaren 30ean amaituko da.

7.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamar egun balioduneko epean, eta «IKER-2024» identifikazioa izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/1210002. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2024ko irailaren 30ean amaituko da.

3.– Entitate bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztuko da, egin beharreko kontratazio guztietarako. Ez dira onartuko deialdian ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak.

4.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Honako hauek jasotzen dituen memoria: bete beharreko lanpostuak, egin beharreko berrikuntza- eta ikerketa-jardueren ezaugarriak –zeinak argi eta garbi identifikatu beharko baitira arlo hauekin: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea (energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa edo «Data science»–, eta kontratuen iraupena eta kopurua.

Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.

b) Memoria ekonomikoa, programaren kostuen aurreikuspenak jasotzen dituena, eskatutako dirulaguntza eta, hala badagokio, erakunde onuradunaren ekarpena bereizita.

5.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskabideari uko egin diola. Hala bada, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

9. artikulua.– Dirulaguntzak emateko proposamenak egiteko, instrukzioa egiteko, prozedura izapidetzeko eta ebazpena emateko organo eskudunak.

1.– Prozedura kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.

2.– Deialdi honetako dirulaguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez izapidetuko dira.

Horrela, eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura amaitzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez emango da horren berri, ebazpena EHAAn eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratuta.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta jasoko duten zenbatekoa ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da EGFren kofinantzaketa izan dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

Halaber, dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako zerrenda publikoan.

10. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Kontratuen gutxieneko iraupena diruz lagundutako epealdikoa izango da.

2.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita; eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia hauetako bat izan bada: probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Kontratatutakoa ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta, haren ordez, deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako dirulaguntza handituko.

11. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Honela ordainduko dira emandako dirulaguntzak:

a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, eta, horretarako, aurretik, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, 7 eguneko epean, diruz lagundutako azken kontratua hasi eta hurrengo egunetik aurrera:

l) Kontratatutako langileen zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera: https://www.euskadi.eus/servicios/1210002

II) Kontratatu diren pertsonen azken aukeraketarako aplikatutako irizpideak, 7.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

III) Lan-kontratuen kopia.

IV) Kontratatutako langileari Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren berri eman izana.

V) Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honetako 3.5 a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz).

VI) Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.

VI) Erakunde onuradunen titularren eta haien plantillaren eta kontratatutako langabeen informazioa, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela. Kontratatutako pertsonen kotizazio-taldea bat etorriko da erakundeak aurkeztutako eta dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.

b) Bigarren ordainketan ordainduko da gainerakoa (% 50, edo diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren dagokion kopurua), 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2025eko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, https://euskadi.eus/hirugarrenak webgunearen bidez egin beharko du.

3.– Dokumentazioa aurreikusitako epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua ordaindutakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

Kontratuak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu enpresa onuradunak:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat identifikatuta:

– Kontratatutako pertsonek egindako jardueren deskribapena.

– Kontratatu diren pertsonen azken aukeraketarako aplikatutako irizpideak, 7.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

– Kontratatutako pertsonei buruzko xehetasuna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua justifikatzeko, lortutako emaitzen arabera. Alderdi hauek jasoko ditu, gutxienez:

Jarduketa-memorian kuantifikatutako jarduerak eta 6. artikuluan ezarritako moduluak oinarritzat hartuta kalkulatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa, artikulu horretan ezarritako kostu unitarioen bidezko kalkulurako eta kuantifikaziorako sistemaren arabera.

Dirulaguntzaren likidazioa proiektuan kontratatutako pertsonen arabera egingo da, kontratatuta egon diren urte (edo hilabete) bakoitzeko. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Kalkulua egiteko, kontuan hartuko da kontratatutako pertsonen kopurua, kontratatuta egon diren denbora eta dagokien modulua, Gizarte Segurtasunaren kotizazio-taldearen arabera.

Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) 12 hilabeteko iraupena duten kontratuetan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.

b) 12 hilabete baino gehiagoko iraupena daukaten kontratuetan, hasi eta urtebete igaro ondoren.

Halaber, 10.1 artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du Lanbidek. Egiaztapen horretatik ondorioztatzen baldin bada diruz lagundutako aldian ez zaiola eutsi kontratazioari, enpresa onuradunak dirulaguntza itzuli beharko du, 10.2 artikuluan ezarritako baldintzetan.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. Artikuluetan, deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.

b) Arau honen 11. artikuluko 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.

c) Egiaztatzea laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatu dutela.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 10. artikuluko 1. apartatuak arautzen duen moduan.

e) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute erakunde onuradunek, eta kontularitza-kode espezifiko baten bidez kontabilizatu behar dute dirulaguntza eman zaiela eta kobratu dutela, hain zuzen ere diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.

j) Kontuan izanda laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa jaso dezaketela, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021eko ekainaren 24an onartu zuten 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluak araututako epean gordeko dira egiaztagiriak (dokumentu elektronikoak barne).

k) Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan, genero-alborapenik gabe.

– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzunkidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

l) Ekintzek Europako kofinantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute hori. Horrela, Europar Batasunaren (EB) ikurra, «Europar Batasunak kofinantzatutakoa» formularekin batera, nabarmen agertu beharko da sortutako material didaktiko guztietan eta bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jarduketen komunikazio-, hedapen- eta/edo publizitate-ekintzetan ere. Halaber, dirulaguntza jasotzen duten erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Eregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Aaubidea Eregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte -itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu- dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan jasotako araubideari jarraituko zaio.

Ez-betetze partzialen kasuan, hasieran aurrez ikusitako eperako kontratatzeko betebeharra edo ezarritako eran kontratatzekoa betetzen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak zehaztuko du entitate onuradunak itzuli beharreko kopurua, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, zenbatekoa osorik itzuli behar denean salbu.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

3.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

5.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Biltzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/065100-capa1-eu.shtml

19. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «de minimis» laguntzei buruzko arauarekin, zeina erregelamendu honetan ezartzen baita: «de minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2023ko abenduaren 13an egindako 2023/2831 (EB) Erregelamendua. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «de minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Laguntzak, Europako Plus Gizarte Funtsak ere finantzatzen dituenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.


Azterketa dokumentala