Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2024ko ekainaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3121

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita zaintzen eremuan Mentsad-Zainlab programa garatzeko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen 2024. urterako deialdia, lehentasunez langile landunei zuzendua.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko ekainaren 18ko bileran hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du zaintzen eremuan Mentsad-Zainlab programa garatzeko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen 2024. urterako deialdia, lehentasunez langile landunei zuzendua. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea zaintzen eremuan Mentsad-Zainlab programa garatzeko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen 2024. urterako deialdia, lehentasunez langile landunei zuzendua. Deialdi hori organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluaren 2024ko ekainaren 18ko bilkuran onartu zen, eta ebazpen honen eranskin gisa jaso da.

Bigarrena.– Azaltzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Ohartaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
ZAINTZEN EREMUAN MENTSAD-ZAINLAB PROGRAMA GARATZEKO PRESTAKUNTZA-JARDUERAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN 2024. URTERAKO DEIALDIA, LEHENTASUNEZ LANGILE LANDUNEI ZUZENDUA

Deialdi hau zaintza pertsonalen sektorerako eta arrera soziosanitarioaren sektorerako prestakuntza-jarduera berritzaileak garatzeko argitaratu da.

Enpleguaren Euskal Estrategia 2030 izenekoak hiru trantsizio global handik markatutako testuingurua deskribatzen du; besteak beste, trantsizio soziala eta sanitarioa ere jasotzen da, eta haren elementu nagusiak hauek dira: osasunaren eta arrisku pandemikoen sistema, zahartze osasuntsua eta zaintza-eredu berriak. EAEko gizartea bizi-itxaropen handieneko gizarteetako bat da. Hori erronka handia izango da datozen hamarkadetarako, eta eragin zuzena izango du zainketen ekonomian; izan ere, eskaria areagotuko du sektore horretan, eta agerian utziko ditu egungo gabezia handiak, batez ere kualifikazio- eta gaikuntza-premiak.

Zaintzen eremu profesionala enplegu-nitxo bat da. Futurelan behatokiaren ordezkapen-proiekzioen arabera, 20.000 lan-aukera inguru espero dira, bai enpleguaren igoeraren ondorioz, bai erretiroak ordezkatzeko beharraren ondorioz.

Zaintzaileen profilari dagokionez, nabarmentzekoa da erkidegokoak ez diren emakume atzerritarrena; zehazki, etxeko langile moduan kontratatzen direnena. Emakume horietako askok barne-araubidean egiten dute lan, lanaldi jarraitu, intentsibo edo zatituetan, eta zenbaitek ezkutuko lanean. Ondorioz, desabantaila sozial eta laboral nabarmenean geratzen dira, pobretuta eta baztertuta geratzeko arrisku handiagoarekin.

Bestalde, kontuan hartu behar da sarritan mendetasun-egoeran dauden eta ezaugarri soziosanitario gero eta konplexuagoak dituzten adineko pertsonei arreta emateko beharrezkoak diren prestakuntza eta kualifikazioa eduki gabe ematen direla zaintzak.

Pertsonen zaintzen eremuan prestakuntza profesionalizatzailerik ez edukitzeak kalteak sortzen ditu bai zaintzen den pertsonarengan, bai zaintzen duen pertsonarengan.

Nahiz eta sektorearen erregulazioak eta kontratazioetako eskakizunak prestakuntza soziosanitarioa eskatzen duten, esan daiteke zaintzarako profesionalen kualifikaziorik ezaren ondorioz pertsonak ezin direla kontratatu Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemari lotutako enpresetan.

Partikularren etxeetan, zaintzen eremuan lanean ari diren pertsonen profesionalizazioa lortu nahi bada, gaitzeko metodologiak hartzen du berebiziko garrantzia kolektibo horrentzat. Izan ere, aktibo dauden zaintzaile hauei zuzendutako prestakuntza-ibilbidea arrakastaz garatu ahal izateko, prestakuntzarako zailtasun bereziak dituzten lan-testuinguruen ondoriozko ikaskuntza-eszenatokiak aurreikusi beharko dira.

Lan-ondorio praktikoetarako, egoitza-arretaren eremuan prestakuntza jasotzearekin lotuta, «Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta ematea» profesionaltasun-ziurtagiria da ohikoena kontratazio berrietan. Bestalde, etxe partikularretako arretaren eremuan, «Mendeko pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta ematea» profesionaltasun-ziurtagiria da ohikoena.

Kualifikazio-behar horri erantzuteko sortu da deialdi hau. Hartara, aktibo dauden langileen prestakuntza-beharretara egokitzen den metodologiaren bidez, prestakuntza-ekintza berean osatu ahalko da bi kualifikazio profesionalen prestakuntza: mendeko egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonentzako arreta soziosanitarioa etxean (151/2022 Errege Dekretua, SSC089_2 kodea), eta Mendeko egoeran dauden pertsonentzako arreta soziosanitarioa gizarte-erakundeetan (151/2022 Errege Dekretua, SSC320_2 kodea). Eta, laguntza profesionalaren bidez, prestakuntza-ekintzaren hartzaileek, gaitasunak egiaztatzeko egituren bidez, esperientziaz eskuratutako gaitasun profesionala aitortzeko eskatu dezakete, dagokien ziurtagiria lortze aldera.

Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa da Lanbide Heziketaren sistemetako bat enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko –hurrenez hurren–, prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen), Lan eta Enplegu Sailari izendatzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Hezkuntza Sailari lanbide-heziketaren Zuzendaritza, antolamendua eta plangintzari lotuta, oro har, esleitu zaizkion eginkizunak oztopatu gabe.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago diruz laguntzeko moduko deialdiak onartzea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.

Zaintzen eremuan Mentsad-Zainlab programa garatzeko prestakuntza-jarduerak egiteko bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean dago argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus); hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa. Dirulaguntza hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako zeharkako helburu estrategiko honetan laguntzen dute: «aukera-berdintasuna enpleguan beste kolektibo zaurgarri batzuentzat, euskal enplegu-politikaren funtsezko ardatz moduan».

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2024ko ekainaren 18ko bilkuran, zaintza pertsonalen sektorerako eta arreta soziosanitarioaren sektorerako prestakuntza-jarduerak garatzeko dirulaguntzen 2024. urterako deialdia onartu du, lehentasunez langile landunei zuzendua, baldintza hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen helburua da 2024ko ekitaldian zaintza pertsonalen eremuan profesionalizazioko prestakuntza-ekintza finantzatzera bideratuta eman beharreko laguntzak arautzea (SSCG0017OV – Mendetasun-egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonen arreta soziosanitarioa etxean eta instituzioetan), gaitasunak egiaztatzeko egituren bidez, lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako gaitasun profesionalak aitortze aldera.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 900.000 euro dira; horietatik 450.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 450.000 euro 2025eko konpromiso-kredituari.

3.– Baliabide horiek hiru lurralde historikoen artean banatzen dira. Hala, Araban egingo diren ekintzetara bideratutako aurrekontua % 16,16koa da (145.440 euro), Bizkaian egingo diren ekintzetara bideratutakoa % 50,39koa (453.510 euro) eta Gipuzkoan egingo diren ekintzetara bideratutakoa % 33,45ekoa (301.050 euro).

Lurralde historikoren batera bideratutako kreditua agortzen ez bada, lurralde honetan aurkeztutako eskabide guztiak ebatzi ondoren, lurralde batean edo gehiagotan egikaritu ez diren soberakinak laguntzak finantzatzera bideratu ahal izango dira, eskariak aurkeztu diren ordenaren arabera.

4.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, osorik edo zati batean, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF + 2021-2027 Programaren esparruan.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan ahalko dira prestakuntza-entitate pribatu edo publikoak, baldin eta dirulaguntza argitaratu baino lehen akreditatuta edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, enplegurako prestakuntza-entitateen beste edozein erregistro autonomikotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan. Entitatea prestakuntza-espezialitatean inskribatuta egon beharko da eskabidea aurkezteko unean, eta esperientzia izan beharko du arreta soziosanitarioko edo zaintzen sektorearekin lotutako edukietako profesionaltasun-ziurtagiriak ematen.

2.– Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-entitateek laguntzaren xede diren prestakuntza-proiektuak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduera hasten denerako.

Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo beste entitate pribatu edo publiko batzuenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.

Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea. Horren harira, ez da azpikontrataziotzat joko prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Nolanahi ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskuratzeko moduan eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatu edo zehatu izana, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Eskatuta edukitzea borondatezko konkurtso-deklarazioa; edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta egotea; konkurtsoan deklaratuta egotea eta, egoera horretan, hitzarmen batek eraginkortasuna lortzea; esku-hartze judizialaren mende egotea; desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera eta konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaituta ez edukitzea.

d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari izatea, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki frogatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela akreditatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

g) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.

h) Dirulaguntzen arloko ordaindu gabeko itzulketa-betebeharrak izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta konpromisorik ez hartzea egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.

j) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea; besteak beste:

– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak ez hartzea.

m) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea elkartea.

n) Inskripzio-prozedura administratiboa legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiolako eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik, ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean ordainduta egotea).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago. Dokumentazio hau aurkeztuta akreditatuko da o) apartatuko betekizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ahal badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburtua, kontabilitate-araudiaren arabera, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako apartatuaren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22. bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoko SSCG0017OV espezialitatea (mendetasun-egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonen arreta soziosanitarioa etxe eta instituzioetan) emateko prestakuntza-ekintzak diruz lagundu ahalko dira.

2.– Prestakuntza-modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak modalitate mistoan eman beharko dira, aurrez aurreko modalitatea eta teleprestakuntza uztartuz, prestakuntza-programan ezarritako edukien eta orduen deskribapenaren arabera.

Teleprestakuntzaren modalitatea erabilera pertsonaleko informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez garatu beharko da. Hartara, entitateak tableta bat emango dio partaide bakoitzari, 24 orduz Internetera konektatuta egongo dena, ikasleek teleprestakuntza-plataformako eduki guztietara eta ikaskuntza eta autoebaluazioko prozesura (test eran betetzeko fitxak) sartzeko aukera izan dezaten, modu azkar eta errazean.

Ikastaroaren sarbide eta garapen egokia bermatzeko, gailuetarako (tableta), teleprestakuntza-plataformarako eta edukietarako laguntza teknikoa bermatuko da. Intzidentziaren bat badago, astelehenetik ostiralera 48 ordutan emango da erantzuna.

Online edukia eskuratzeaz gain, tutorearen laguntza jasoko da, ikasle bakoitzeko gutxienez 6 orduz, prestakuntza-ekintza garatu bitartean. Tutoretza horiek ikasleek eskatu ahalko dituzte, zalantzak ebazteko, edo, bestela, sinkronoak edo asinkronoak izan ahalko dira. Halaber, irakasleek programatutako banakako tutoretzak ere egongo dira, asteko modulu bakoitzean egingo direnak. Hartara, ikasle bakoitzaren bilakaera egiaztatu ahalko da, eta prestakuntza-edukiak behar bezala menderatzeko egon daitezkeen zailtasunak identifikatuko dira.

Aurrez aurreko saioak asteburuetan egingo dira (larunbat edo igandeetan), astean behin, eta astean zehar telematikoki landutako modulua indartzen, astean zehar jorratutakoa ebaluatzen eta landu beharreko edukien deskribapenean aurrera egiten lagunduko dute, hurrengo prestakuntza-saio telematikora arte.

Aurrez aurreko saioak espezialitate egokia emateko aurrez aurreko modalitatean inskribatutako Euskal Autonomia Erkidegoko lurralderen batean dauden prestakuntza-zentroetan emango dira. Ebaluazioa aurrez aurreko saioen egituraren parte da, 2tik 25erako saioetarako ebaluazio-proba bat egongo baita. Guztira 24 ebaluazio-proba egingo dira; banakako ikaskuntzako lan-aste bakoitzeko bat.

Laguntza-tutoretzak astelehenetik ostiralera egingo dira, telefonoz edo aplikatibo telematiko bidez, partaide bakoitzaren eta bere tutorearen arteko harremana errazteko.

3.– Prestakuntza-proiektuak dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunaren eta 2025eko urriaren 14aren arteko aldian gauzatu beharko dira, lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta akreditatzeko prozeduraren hasiera barne, prestakuntza-ekintzaren ebaluazioa gainditzen duten pertsonentzat.

Prestakuntza-ekintzak 2024ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, gehienez ere, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta bi hilabete igaro baino lehen.

4.– Prestakuntza-ekintzak eta -ibilbideak onartzeko, diruz lagundu beharreko parte-hartzaileak 20 izango dira gehienez, eta 10 gutxienez, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak berariazko baimena eman ezean.

Nolanahi ere, diruz laguntzeko parte-hartzaileez gain, beste 2 parte-hartzaile sartzea onartuko da, parte-hartzaile kopuru horretarako inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.

5.– Ikastaroa amaitzean, prestakuntza-ekintza gainditu duten partaide guztiek hasi beharko dute lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta akreditatzeko prozedura.

Entitate onuraduna arduratuko da orientazio, bidelaguntza eta laguntza pertsonaleko prozesuaz, lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasunak ebaluatu eta akreditatzeko prozeduran parte hartzea sustatzeko, profesionaltasun-ziurtagiri hauetako gaitasun-unitateak aitortze aldera: SSCS0108 profesionaltasun-ziurtagiria, «Pertsonei arreta soziosanitarioa ematea etxean» eta SSCS0208 profesionaltasun-ziurtagiria, «Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea gizarte-erakundeetan».

Orientazio, bidelaguntza eta laguntza pertsonaleko prozesu hori gauzatzeko, SSCG0017OV espezialitatearen (mendetasun-egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonen arreta soziosanitarioa etxean eta instituzioetan) prestakuntza-programan gai horren gainean sartutako jarraibideak jarraituko dira.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan lehentasunez parte hartu ahalko dute langile landunek (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egon zein ez), enplegu-hobekuntzaren eskatzaile gisa, baldin eta esperientzia badute zaintzen sektorean, baina zailtasunak badituzte zaintzen eremuan prestakuntza-aitorpen ofiziala edo titulazioa eskuratzeko, egoera hauen ondorioz:

– Lan-arrazoien edo ordutegi-bateraezintasunen ondorioz, zeintzuen zioz pertsona ezin baita arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzeko eskaini diren beste prestakuntza batzuetan sartu.

– Familia-kontziliazioaren edo mendeko senideak edo adingabeko seme-alabak zaintzeko betebeharren ondorioz, zeintzuen zioz pertsona ezin baita arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzeko eskaini diren beste prestakuntza batzuetan sartu.

– Arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzeko Gaitasunak Aitortzeko Gailuaren ebaluazio-prozesutik bideratutako eta preskribatutako gaitasun-unitateen garapena osatzeko beharraren ondorioz.

Era berean, langabeek % 30eko partaidetza eduki ahal izango dute, sektorean lan eginagatik zaintzen sektorean esperientzia badute, lan-bizitzan egiaztatuta nahiz ez. Kasu horretan, pertsona horiek lehen aipatutako egoeraren batean egon beharko dira zaintzen eremuan eskainitako ekintzetara aurrez aurre ezin joateko.

Ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, kontuan hartuko da zer lan-egoeratan dauden pertsonak prestakuntza hasten duten unean.

Ondorio horietarako, hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratuarekin ari diren langileak, baldin eta daukaten lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren zenbateko osoa eskatutako prestakuntza-ekintzaren zenbatekoak zehaztuko du.

2.– Prestakuntza-ekintzen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, eta 7,5 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da. Hau izango da eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzeko guztizkoa: 7,5 euro x eskariko parte-hartzaileen kopurua x ekintzaren ordu-kopurua.

Dirulaguntzaren zenbatekoa = 7,5 euro * ordu-kopurua * partaide-kopurua

3.– Prestakuntza-entitate batek ere ezin izango ditu 300.000 euro baino gehiago jaso deialdi honen babesean onartzen diren proiektuengatik.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (Lan-F).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute:

https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan eskuratu ahal izango da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1245201

2.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Aurrez aurreko saioen lekua, egutegia eta ordutegia.

b) Material teoriko guztia jasotzen duen url helbidea, administratzailearen sarbidea eta pasahitza ahalbidetuz, benetako denboran eskuratu ahal izateko partaideen esku dagoen material guztia, eskaria egiten den egunetik, prestakuntza-prozesua garatzeko.

c) Erabilera pertsonaleko gailuan sartuko den materiala (Internetera 24 orduko konexioa duen tableta), teleprestakuntza-plataformako edukien jarraipena egiteko aukera ematen diena partaideei, bai eta ikaskuntza eta autoebaluazioko prozesua (test eran betetzeko fitxak) ere, azkar eta erraz, tutore baten laguntzarekin bete beharrekoa, nahitaez.

d) Prestakuntzako eta tutoretza-laguntzako taldearen identifikazioa, prestakuntza-ekintzan zehar.

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, entitate interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2024ko urriaren 30ean amaituko da.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da prozedura izapidetu eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiarik gabekoa izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.

Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.

8. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Langile landunak, ikastaroan parte hartzea eskatu dutenak, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko tokiko bulegoen sarearen bidez aurrez aurreko eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo horren webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan adieraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, zein haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

b) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintzaren bat egitea agindu badiete beren prestakuntza-ibilbidearen barruan.

c) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, preskribatutako prestakuntza egiteko.

2.– Entitate onuradunak egingo du ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen entitateak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar besteko aurrerapenarekin eta behar diren bermeekin.

3.– Langabeek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.

4.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko 4. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko apartatuan deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1.– Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona hauek:

– Kualifikazio-maila apala dutenak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.

– Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

– Langabetzat joko dira, ondorio horietarako, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko, edo ezinbesteko kausen ondorioz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak.

– Aukeraberri programan parte hartzen dutenak. Programa hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2021eko uztailaren 13ko bilkuran, eta haren xedea da krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzea.

Emakumeen ehunekoak langabeen artean duten pisuaren araberakoa izan behar du. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeek gutxienez % 55 izan behar dute, ahal dela.

2.– Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

5.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.

6.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuz zer jarraibide ematen dituen berariaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

7.– Prestakuntza-entitateak bere instalazioetan erakutsiko ditu hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Aurrekoa gorabehera, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei jakinarazteko ikastaroetan parte hartuko dutela.

9. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak lagunduko dituzte diruz.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietarako egiten dituzten joan-etorrietarako ere; izan ere, Eusko Jaurlaritzak poliza bat sinatuko du istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko.

3.– Parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte lehen eskola-egunean, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta etekina atera beharko diete prestakuntza-ekintzei. Hori bermatzeko, entitate onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

10. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea aurrez aurreko saioetan.

b) Aurrez aurrekoa ez den prestakuntzaren jarraipenik edo aprobetxamendurik ez egitea, aurrez aurreko saioen garapen egokia eragozten duena, asteko autoebaluazioa (test eran betetzeko fitxak) ez gaindituz. Hiru fitxa baino gehiagotan ebaluazio urriegia eskuratzen bada, bertatik kanporatu ahal izango da.

c) Ekintza behar bezala ez egitea, probetxurik ez ateratzeagatik edo jokabide desegokia izateagatik, osasun- eta higiene-arauak barne.

d) Aurrez aurreko saioen % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia emango du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak hartu daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.

Ikasleak justifikatu gabe hiru aldiz baino gehiago huts egiten duen astean, nahiz eta ikasleak ekintzara joaten jarraitu, prestakuntza-zentroak hutsegiteen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta justifikatu gabeko hiru hutsegite gainditzen baldin baditu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak prestakuntza-ekintzak gauzatu beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta organismo autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (Lan-F) baliatuko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago, gutxienez), geroagoko edozein aldaketa gertatu dela (gertatzen den unean) eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaiera, baita parte-hartzaileen asistentziaren kontrola ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, 7 egun balioduneko epealdian, gehienez, egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunen arabera.

3.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, haiengatik dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-entitateetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada.

4.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 7,5 ordu baino gehiago igaro prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira izango 37,5 ordu baino gehiago.

5.– Prestakuntza-entitateek espezialitateko aurrez aurreko orduak programatuko dituzte asteburuan (larunbat eta igandeetan), astean behin, prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko aukera emanez eta aurrez aurreko prestakuntzara joateko lan-prestutasuna ahalbidetuz.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

6.– Ikastaroaren hasieran, entitate onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– Tableta bat, Internetera konexioa bermatuta duena 24 orduz.

– Eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan, bertan jasotzen direlarik espezialitatearen aurkibidea, teleprestakuntzara sartzeko sistema, erabiltzaile eta pasahitza barne, eta prestakuntza-ekintza amaitzean –gutxienez– ikaskuntza-baliabide guztiak deskargatzeko aukera ematen duen sarbidea (eskuliburuak, banakako ikaskuntzako asteko fitxen koadernoak eta jardun profesionalen lana), euskarri elektronikoan.

Eskuliburu horretan eduki guztiak modu pedagogikoan jasoko dira. Horrez gain, entitateek lan-plan baten diseinua aurkeztu beharko dute, ikasleek edukiak eskuratu ditzaten fitxen eta jardueren bidez. Aurrez aurreko saioan, ikasleei astero emango zaizkie fitxa eta jarduera horiek, garatutako edukiak indartzeko.

– Ikastaldia behar bezala garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala.

– Beharrezkoak diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 9. eta 10. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Ordezkapen hori baimenduko da, betiere aurrez aurreko taldearen prestakuntzako lehen hiru asteetan egiten bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara gai izan daitezen eragozpenik jarri gabe ikastaroa normaltasunez jarraitzeko eta hari probetxua ateratzeko. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.

8.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten entitate onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, egoera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

9.– Parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera, ebaluazioa positiboa izan bada eta prestakuntza gainditu badu. Dokumentu horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, prestakuntza emateko modalitatea, hasteko eta amaitzeko egunak, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.

10.– Autoebaluazioa (test eran betetzeko fitxak) sistematikoki egingo da, 2tik 25era bitarteko saioetan, aurkezpen-saioa kontatu gabe, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren autoebaluazio-tresnak (test eran betetzeko fitxak), eta horien aplikazioak iraungo duen denbora. Autoebaluazioko tresna horiek (test eran betetzeko fitxak) eskaneatu eta LanF aplikazio informatikoan sartuko dira.

Egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko aukera eman beharko dute.

Prestatzaileek dokumentuen bidez islatuko dituzte txosten batean zer emaitza lortu duten ikasleek prestakuntza-modulu guztietako autoebaluazioan (test eran betetzeko fitxak), eta bertan bilduko da nola moldatu den ikasle bakoitza aplikaturiko ebaluazio-tresnetan: zer zuzenketa egin zaion eta zer puntuazio lortu duen.

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da, LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», edo «ez gai».

Ikastaroa amaitzean, partaideei prestakuntza-programan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak eskuratu dituztela egiaztatzen duen diploma emango zaie, eta lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta akreditatzeko prozedura hasiko da.

Ikasle batek ikastaroa amaitzen badu, baina ebaluazioa negatiboa bada, asistentzia-ziurtagiria emango zaio, bai eta, hala badagokio, espezialitatean gainditu dituen prestakuntza-moduluen ziurtagiria ere.

Espezialitateko prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazioan:

• Ikastaroa hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

• Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituen online dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

– Ebaluazio-aktak betetzea.

11.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.

12. artikulua.– Prestakuntza-jardueren jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori ez da mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera; aitzitik, barnean hartuko du prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa, eta, hartara, kalitatea bermatzen lagunduko du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-proiektuak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute ebidentzia dokumental eta fisikoen bidez jarraipena eta kontrola egitea prestakuntza-jarduera hori gauzatzen den tokian bertan eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edo amaitu ondoren.

3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-entitateen egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira, Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen ebazpenean.

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, amaierako azterketa egitean beteko da, ikasturteko azken bi egunetan.

Telematikoki beteko dituzte galdetegiak ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea ekintza amaitu duten ikasleek kalitateari buruzko galdetegia betetzen dutela; horretarako, behar diren baliabideak jarriko ditu parte-hartzaileen eskura, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleei galdetegi telematikoa betetzen laguntzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 15.2 artikuluan adierazten den bezala egingo da.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa, 2024ko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-proiektuaren dirulaguntza guztiaren % 50, prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.

b) Bigarren ordainketa, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren gainerako zatia, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

2.– Ordainketa bakoitza egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak bete direla.

Entitate onuraduna egiaztapen hori egitearen aurka agertzen bada, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Entitatea ez badago Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta edo hango banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki bat bete beharko du, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/. Eredu hori eskuragarri dago, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzen likidazioa prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten pertsonen arabera egingo da. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

Prestakuntza-ekintza amaitu duten parte-hartzaileen kopurua gehi hasi zutenen gaineko ehuneko 15eko desbideratzea kontuan hartuta likidatuko da:

Likidatu beharreko zenbatekoa = 7,5 euro * prestakuntza-ekintzako orduak * (ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen kopurua + hasitakoen % 15)

Pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin badu, gutxienez, konexio-orduak gorabehera. Ondorio horietarako, lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar duten parte-hartzaileek ere amaitu dutela ulertuko da, bai eta behar bezala frogatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileek ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-proiektuan ezarritako beren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 25 egin badute, gutxienez.

Pertsona batek prestakuntza hasi duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen % 25 egin badu.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badio galdetegiari, ez da gehituko 5.2 artikuluan aurreikusitako modulu ekonomikoa amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere, betetakoaren ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

3.– Dirulaguntza jasotzen duen entitateak LanF aplikazioan proposatutako likidazio-datuak egiaztatu beharko ditu, eta, ados badago, prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa bidali beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-entitateak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez.

Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio-memoria ekonomikoak aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu eta beranduenez 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da.

Ezarritako epealdietan beharrezko agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkeztu ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

Bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluarekin, eta emakumeen eta gizonen egoeran zer eragin duen jakiteko, entitate onuradunei eskatzen zaie emandako zerbitzuaren azken onuradunen edo erabiltzaileen, entitatearen titularren eta langileen informazioa sexuaren arabera banakatuta aurkeztu dezatela dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak betetzen dituztela justifikatzen duten memorietan.

Ezarritako epealdian beharrezko agiriak aurkeztu ez baditu, organo eskudunak 15 egun balioduneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebeharrak dira, deialdi honetako artikuluetan aurreikusitakoez gain, eta, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian ezarritakoak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki erakunde hauek egingo dituztenak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatu izanari edo haren bideragarritasunari buruzko informazio oro ematea eta jarraipena egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik eratorritako dirulaguntzak edo laguntzak (deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak) eskatu direla edo eskuratu direla.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Prestakuntzaren garapenean jardunaren jarraipena egiteaz gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoria- eta ikuskapen-plan bat ezarri ahal izango du, alde batetik, deialdian xedatutako eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko eta, beste alde batetik, diruz lagundutako jardueren egiazko baldintzak zein diren berresteko.

5.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, behin dirulaguntza emanda, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

6.– Azkenik, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko.

7.– Europako Gizarte Funtsaren laguntza baten onuradun gisa hartzen diren betebeharrak:

7.1.– Hauek joko dira hautatutako eragiketen onuradunen funtsezko betebehartzat:

a) Bereizitako kontabilitate-sistema bat mantentzea laguntzaren xede diren jarduketekin lotutako transakzioetarako edo, gutxienez, kontabilitate-kodifikazio egoki bat edukitzea, transakzio horiek eta horien trazabilitatea modu argian identifikatzeko modua ematen duena.

b) Aitortutako gastuak estatuko laguntzei buruzko arau aplikagarrien araberakoak direla eta gastuaren finantzaketa bikoitzik ez dagoela (erkidegoko eta estatuko beste araubide batzuekin) bermatzea, eta Europako Gizarte Funtsaren programako beste aldi batzuekin bat egiten ez duela ziurtatzea.

c) Kudeaketa-agintaritzan edo, hala badagokio, bitarteko organismoan jarduera egin dela egiaztatzea, eta laguntzaren xede den proiektua edo ekintza behar bezala gauzatzen dela bermatzeko egiaztapenak ematea. Horretarako, egiaztapen administratiboa egiteko eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute, bai eta egiten ari diren jardueren eta eragiketen multzo adierazgarri bati buruzkoa ere.

d) Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitateak, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Kontuen Auzitegiak, Europako Batzordeko kontrol-organoek edo Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten finantza-egiaztapeneko eta -kontroleko jarduerak onartzea, EBko funtsekin batera finantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera, eta, horretarako, eskatzen zaion informazio guztia ematea.

e) EGF + Euskadi 2021-2027 Programaren Komunikazio Estrategian ezarritako hedapen- eta publizitate-baldintzak betetzea.

f) 2021/1060 (EB) Erregelamenduan, 2021/1057 (EB) Erregelamenduan eta Europar Batasuneko edo estatuko beste edozein arautan aukera-berdintasunaren, ingurumenaren eta gizarte-berrikuntzaren arloan ezartzen diren baldintzak betetzea.

g) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean argitaratutako dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrendan sartzea onartzea.

h) Jatorrizko dokumentuak edo behar bezala konpultsatutako kopiak gordetzea, edo oro har onartutako datu-euskarrietan gordetzea, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan bakarrik dauden dokumentuak; egindako jarduketa eta jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke. Dokumentuen eskuragarritasuna 2021/1060 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 82. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

i) Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak dirulaguntzak emateko ezartzen dituen arau nazionalak betetzea.

7.2.– Gainera, XKEren 2. artikuluko 9. puntuan definitzen diren estatu-laguntzen erregimenen testuinguruan onuradun direnek izan ezik, hau egin beharko dute:

j) Kudeaketa-agintaritzarekin edo, hala badagokio, bitarteko organismoarekin lankidetzan aritzea betearazpen- eta jarraipen-txostenak egiteko.

k) Bermatzea jardueren azken hartzaileen datuak edukiko direla, mikrodatu mailan, eta jarraipen egokia egin ahal izango dela emaitzen adierazleak betetzen diren ikusteko.

l) Kudeaketa-agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko organismoak onuradunen eskura jarriko duen gordailu komunean jasotako jarduera eta pertsona guztiei buruzko informazioa erregistratzea, agintaritza horrek unean-unean adierazten duen moduan, jarduketen benetako emaitza eta eragina neurtu ahal izateko. Betebehar hori betetzean, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa errespetatu beharko da beti.

m) Kudeaketa-agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko organismoak proposatutako eragiketa bakoitzaren datuak erregistratzeko eta biltegiratzeko sistema erabiltzea, eta datu horiek sistema horretan jaso, erregistratu eta biltegiratzen direla eta adierazleei buruzko datuak EGF Erregelamenduaren I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera banakatzen direla bermatzea.

n) Arriskua aztertzeko eta iruzurra prebenitzeko Kudeaketa Agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko organismoak proposatutako neurriak aplikatzea, gauzatutako eragiketaren arabera.

17. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketatik eta Europak lagundutako finantzaketatik eratorritako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta haien ondoriozko ekintzetan ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute entitateek, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Onuradunek eta finantza-tresnak gauzatzen dituzten organismoek funtsek eragiketari emandako laguntza aintzatetsiko dute, eta horretarako:

a) Onuradunaren webgune ofizialean, webgune hori dagoenean, eta hedabide sozialetako kontuetan eragiketaren deskribapen labur bat egingo dute, laguntzaren mailaren, helburuen eta emaitzen araberakoa, eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute.

b) Adierazpen bat egingo dute, Batasunaren laguntza nabarmentzeko, eta ageriko tokian jarriko dute eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten komunikazioaren arloko agiri eta materialetan, jendeari edo parte-hartzaileei zuzendutakoetan.

c) Jendeak ongi ikusteko moduko toki batean, A3 neurriko kartel bat gutxienez edo pantaila elektroniko baliokide bat jarriko dute, eragiketari buruzko informazioa jasota, eta Funtsen laguntza nabarmenduko dute bertan; onuraduna pertsona fisikoa bada, onuradun horrek, ahal den neurrian, funtsen laguntza nabarmentzeko informazio egokia izango duela bermatuko du, publikoak ikusteko moduko leku batean edo pantaila elektroniko baten bidez.

Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.

18. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; nolanahi, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

19. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu, diruz lagundutako aldian, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

20. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute. Eta, bereziki, kasu hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jarduketak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

e) Deialdi honen 17. artikuluan jasotako komunikazio-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu. Honela neurtuko dira helburu horiek: prestakuntzaren ordu-kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Prestakuntza amaitu duten partaidetzat joko dira prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 75 gutxienez egin dutenak, lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi dutenak, bai eta behar bezala frogatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileak ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-proiektuan ezarritako beren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 25 egin badute, gutxienez.

b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.

Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25etik % 100era bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da bete gabe utzi den ehuneko berberean.

– Inkestetan, gutxienez eskatutako % 67a bete ez bada, 15. artikuluan adierazten den moduan murriztuko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den enpresari edo entitateari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko, eta jakinaraziko dio, halaber, hamabost egun balioduneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean, ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko epea izango da.

Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

21. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

22. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, legearen kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

3.– Deialdi honetan aurreikusi ez den guztian, xedapen hauek izango dira aplikagarri: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.

23. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.


Azterketa dokumentala