127. zk., 2024ko ekainaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (681 KB - 77 orri.)
- EPUB (3041 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3120
EBAZPENA, 2024ko ekainaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita batez ere langabeentzat den 2024-2025 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2024ko ekainaren 18an hartutako erabaki baten bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak batez ere langabeentzat den 2024-2025 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) atalean xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoa dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Batez ere langabeentzat den 2024-2025 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du 2024ko ekainaren 18an hartutako erabaki baten bidez. Ebazpen honi eranskin gisara atxiki zaio.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
BATEZ ERE LANGABEENTZAT DEN 2024-2025 URTEETARAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN.
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa da Lanbide Heziketaren sistemetako bat enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko (hurrenez hurren), prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresnez eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Laneratzea da langabetuentzako prestakuntza-eskaintzaren helburu nagusia. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko norbanakoen eta sektore ekonomikoen prestakuntza-beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta, halaber, lan egiteko moduan dauden pertsonei lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman eta haien enplegagarritasuna hobetu beharko du.
Era berean, 82/2016 Dekretuaren arabera, profesionaltasun-ziurtagiriak langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren oinarri nagusia dira eta, prestakuntza egiaztagarri horrekin batera, biztanleria lan-mundura hurbiltzen laguntzeko ekintza guztiak programatu behar dira, gizartean baztertuta egoteko arriskuan dauden kolektiboei bereziki erreparatuta. Halaber, egokitzat jotzen den prestakuntza ez-egiaztagarri kualifikatzaile eta zeharkakoa ere programatuko da.
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa eta hura garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua indarrean jarri ondoren, profesionaltasun-ziurtagiriak Lanbide Heziketaren Sisteman sartuta geratu dira, ziurtagiri profesional izenez. Lanbide Heziketaren Sistema berria, hala ere, ez da berehala ezarriko; aitzitik, 3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak lau urteko epea aurreikusten du horretarako. Hori horrela, sistema osatzen duten elementuak eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusten diren kudeaketa-tresnak arautu, antolatu eta garatzeke daude. 3/2022 Legean eta 659/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako araubide iragankorraren arabera, errege-dekretuetan jasotako profesionaltasun-ziurtagirien antolaketak indarrean jarraituko du, arauz aldatzen ez den bitartean. Era berean, 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko antolaketak indarrean jarraituko du, konpetentzia profesionalen estandarraren katalogo nazionala arautzen ez den bitartean. Halaber, gaur egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimena eta akreditazioa duten zentro eta entitateek lanbide-heziketako sistemako eskaintzak emateko baimen-baldintza berberak izango dituzte, Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Orokorrean inskribatzeko prozesua arauz arautzen den arte.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzen deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onetsitako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Laneko prestakuntzaren ekimen nagusietako bat da langabeei prestakuntza eskaintzea.
Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak organismo autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbideren menpeko kudeaketa duen prestakuntzan Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzendurikoak sartzen dira, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotako gainerako prestakuntza ez-egiaztagarriaren kudeaketarekin batera.
Erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez, prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei, eta, horrela, modu eraginkorrean hobetu ahal izango dute beren enplegagarritasuna, trebakuntzaren edo prestakuntza eguneratzearen bidez; hartara, kalitate eta iraupen handiagoko lanpostuak eskuratu ahal izango dituzte. Prestakuntza zuzenean akreditatu ahal izango da profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza denean. Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dagoen prestakuntza zeharkakoa eta kualifikatzailea izango da. Gainera, sortzen ari diren, berritzaileak diren edo ziurtagiri profesionalen osagarriak diren prestakuntza-beharrizanak aurreikusiko ditu.
Aurreko deialdietan bezala, prestakuntza-planean malgutasuneko elementu gisa aurreikusten da lanbide-arlo beraren barruan prestakuntza-espezialitateen aldaketak egiteko aukera, prestakuntza-eskaintza gure inguruko langabeen eta enpresen beharrizanetara egokitzeko, lan-merkatuan gehien eskatzen diren espezialitateen programazioa erraztuz.
Lehentasuneko espezialitateak identifikatzeko ahaleginak egiten jarraituko dugu, langabeen enplegagarritasunean ahalik eta eraginik handiena izateko. Halaber, deialdiaren kudeaketa ahalik eta gehien sinplifikatzeko eta prestakuntza-ekintzekin lotutako lanetik kanpoko praktikak ezarritako aldietan egitean zorroztasuna indartzeko ahaleginak areagotu dira. Deialdi honetan nabarmentzen da ezinbestekoa dela emakumeak lan-merkatuaren arlo guztietan aritzea, are orain artean proportzio txikian aritu diren arloetan ere. Horregatik, aintzatetsi egiten dira gizonezkoak gehien diren prestakuntza-espezialitateetan eta lanbideetan emakume gehiago aritzea lortu duten entitateen ahaleginak.
Halaber, kostu erraztuen lehengo eskema mantentzen da, modulu ekonomikoen zenbatekoak 2022ko eta 2023ko KPIren arabera eguneratuta, moduluak % 8,8 igoz (2022an 5,7 + 2023an 3,1).
Ekimen hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, 2. helburu estrategikoan (Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea), 2.2 gako estrategikoan (Prestakuntza eraginkorragoa eta gure produkzio-sarearen benetako beharrizanetatik hurbilagoa, konpetentzia profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena), enpresaz gaindiko azterlan eta diagnostiko gisa, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2023ko abenduaren 14ko bilkuran onartutako erabakiaren bidez. Hala, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 6. artikuluan xedatutakoa betetzen da. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, 2024ko ekainaren 18an hartutako erabaki baten bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak batez ere langabeentzat den 2024-2025 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Hona deialdia:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Urte anitzeko deialdi honen xedea da arautzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-eskaintzan antzemandako beharrizanak asetzeko ezarritako prestakuntza-planak finantzatzeko 2024ko ekitaldian emango diren laguntzak. Prestakuntza-eskaintza Euskal Autonomia Erkidegoko langabeentzat izango da batez ere, eta planak 2024-2025 bitarteko ekitaldietan burutuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 32.996.700 euro dira; horietatik 16.498.350 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 16.498.350 euro 2025eko konpromiso-kredituari.
3.– Prestakuntza-planak finantzatzeko aurrekontu-kreditua I. eranskinean zehazten den bezala banatuko da honako irizpide hauen araberako dirulaguntza-lerroen artean:
– Kreditua lurralde historikoen artean banatuko da, eta horietako bakoitzaren barruan prestakuntza-motaren arabera: egiaztagarria edo egiaztaezina.
– Prestakuntza egiaztagarrirako kreditua lanbide-arloan eta lanbide-arloen taldeen artean banatuko da, eta horietako bakoitzaren barruan kualifikazio-mailaren arabera: 1, 2 eta 3.
– Prestakuntza egiaztaezinerako kreditua prestakuntza kualifikatzailearen eta ez-kualifikatzailearen artean banatuko da, eta prestakuntza ez-kualifikatzailerako kreditua laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza-ekintzen (batetik) eta zeharkako prestakuntza-ekintzen eta gako-konpetentzien prestakuntza-ekintzen artean (bestetik).
Dirulaguntza-lerroen araberako banaketa hau aurrekontu-kreditua agortzeko aldatu ahal izango da, 8. artikuluan dirulaguntzak esleitzeaz ezartzen denarekin bat etorriz.
4.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatuta egon daitezke, osorik edo zati bat, EGF+ Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan nahi duten prestakuntzako entitate pribatuek edo publikoek (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita ez daudenak) deialdi hau argitaratu baino lehen egiaztatuta edota inskribatuta egon behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, autonomietako enplegurako prestakuntza-entitateen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan. Deialdi hau argitaratu baino lehen, egiaztatu behar da, halaber, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzeko prestakuntza-ekintzak ematen direla dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruan. Gainerako prestakuntza-ekintzei dagokienez, entitateak izena emanda egon beharko du eskabidea aurkezten denean.
2.– Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-entitateek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Ezin da azpikontratatu prestakuntza-jarduera egiteko zerbitzua. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.
Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurralde historikoan eduki beharko dira.
Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta adierazpen horretan zehaztu beharko da zer instalazio dituen edo edukiko dituen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko, bai eta instalazio horiek zer eskualde eta lurraldetan dauden ere.
Edonola ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.
3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatu edo zehatu izana, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direnez, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
g) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.
h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.
j) Edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurriak ez hartzea.
m) Elkarteen kasuan, ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.
n) Inskripzio-prozedura administratiboa legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiolako eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ń) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ez dituen 3. apartatuan xedatutako eskakizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizuneko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Dokumentazio hau aurkeztuta akreditatuko da ń) apartatuko betekizuna:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ahal badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduaren arabera.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaile horrek ezin badu aurkeztu kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua, berriz, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen den dokumentazioa, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiria, letra horren 1. apartatuan eskatutako edukia duena; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostena, aipatutako letraren 2. apartatuan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
3. artikulua.– Prestakuntza-plana eta diruz lagundu daitekeen jarduna.
1.– Prestakuntza-plana da parte hartzen duten langabeen kualifikazio-beharrei erantzuteko antolatzen diren prestakuntza-ekintzen multzoa, azken helburua haien enplegagarritasuna hobetzea dela.
2.– Dirulaguntza jaso ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web orrian (https://www.lanbide.euskadi.eus) argitaratutako «2024-2025eko espezialitate programagarrietarako txostena» dokumentuaren II. eranskinaren A.1.b.2 apartatuko espezialitateetako (espezialitate programagarriak) prestakuntza-ekintzak dituzten prestakuntza-planetarako.
3.– Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:
a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak (ziurtagiri profesionalak), ibilbide osoen arabera –espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.
b) Prestakuntza ez-egiaztagarria: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko. Bi motatakoak izan daitezke:
b.1.– Kualifikatzen ez dutenak; hauetan ere bi multzo daude:
b.1.1.– Baztertuta gelditzeko arrisku handian dauden pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak. Ekintza hauek aukera ematen dute konplexutasun handiagoko beste prestakuntza-prozesu batzuk arrakasta edukitzeko ziurtasunarekin hasteko beharrezkoak diren oinarrizko konpetentziak, jarrerak eta ezagutzak hobetzeko, eta horrela enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzen dira. Ekintza hauetan laneratzeko proiektu integralen garapenean oinarritutako metodologia aktiboak aplikatzen dira. Deialdi honen ondorioetarako, 0 mailako prestakuntza-ekintza egiaztaezinak izango dira.
b.1.1 apartatuan aipatzen diren ekintzak irabazteko asmorik gabeko prestakuntza-entitateek emango dituzte; entitate horien xede edo helburu sozial edo fundazionaletako bat gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea izan behar da. Hori dela-eta, irabazteko asmorik gabekotzat joko dira eratze-eskrituretan edo estatutuetan ezartzen dutenak ekitaldi bakoitzean gertatzen diren mozkinak edo soberakinak entitatearen xede sozialerako edo beraren ekoizpen-egiturak edota gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko egiturak hobetzeko edo zabaltzeko erabili behar direla.
b.1.2.– Oinarrizko konpetentziak eta zeharkako konpetentziak eskuratzeko ekintzak, maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Hau da:
– Zeharkakoak: hizkuntzen, osasunaren, lan-arriskuen, ingurumenaren, kalitatearen, ekintzailetzaren, ofimatikaren, informazioaren teknologien eta komunikazioaren gaineko zeharkako ezagutza-eremuekin lotutako konpetentziak (arrakala digitala murrizten laguntzen dutenak) eta enplegu-eskatzaileentzat esanguratsuak izan daitezkeen bestelakoak eskuratzeko helburua izango dute.
– Gako-konpetentziak: ekintza hauen helburua izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea titulazio akademikorik ez duten edo profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko prestakuntza-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek aukera eduki dezaten profesionaltasun-ziurtagiri bat edo horien moduluak ikasteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: batetik, 2. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, eta, bestetik, kualifikazioko 3. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak.
b.2.– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horien xedea produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak asetzea edota aurreikustea, batez ere sektore berritzaileenak edota enplegu-aukera onenak dituztenak garatzeko kualifikazio-beharrak eta berariazko erregulazioak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrak (lanbide-txartelak).
4.– Prestakuntza emateko modalitatea.
Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean eman beharko dira.
Aurrez aurreko prestakuntza da ikasgela batean gertatzen dena, irakaslea bertan dela, honek ikasle-talde bati ezaguera berak aldi berean transmititzen dizkionean, erabiltzen diren baliabide didaktikoak nolakoak diren gorabehera.
5.– Prestakuntza-planak dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2025eko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne, egonez gero).
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2024ko ekitaldian hasi beharko da, eta, beranduenez, dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen. Planean prestakuntza-ekintza egiaztagarriak badaude, eta ekintza bat bakarrik hasten bada 2024. urtean, ekintza egiaztagarrietako bat izan beharko da.
6.– Prestakuntza-ekintzak onestean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Ezingo dira 10 partaide baino gutxiago dituzten prestakuntza-ekintzak hasi, profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako ekintzen kasuan salbu (ziurtagiri profesionalak), azken horiek gutxienez 8 partaiderekin hasi ahalko baitira, eta 18.4 artikuluko lehen paragrafoan ezarritakoaren arabera likidatuko baitira.
Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:
a) Diruz lagunduko parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.
b) Salbuespen gisa, eta Lanbidek aurretik baimena emanez gero, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten pertsonentzako prestakuntza-ekintzetan: ekintza horiek 8 parte-hartzailerekin hasi ahal izango dira. Prestakuntza-ekintza hauen likidazio ekonomikoa 18.3 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.
7.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak, gainerako espezialitateetan.
8.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraunaldi osoaren % 25 betetzean, hasi diren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondore horietarako, prestakuntza hasi duten partaideen kopuru moduan ulertuko dira matrikulatuta dauden eta prestakuntza-ekintzaren lehen egunetan edo/eta hurrengoetan prestakuntza hasten duten pertsona guztiak, sartzeko muga-egunera arte. Edonola ere, edozein prestakuntza-motatan, prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 25ekoa izango da muga-eguna, eta bosgarren eskola-egunera artekoa, baldin eta profesionaltasun-ziurtagiriekin (ziurtagiri profesionalekin) lotutako ekintzak badira.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren prestakuntza-ekintzetan, lehentasunarekin parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langile langabeek ere parte hartu ahal izango dute.
Horrez gain, lehentasunik gabe, lanean ari diren langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30 gainditu gabe. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan. Aldizkako langile finkoen kasuan, lanik egiten ez duten aldietan, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenen kasuan, ez dira landuntzat hartuko lehen aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.
Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin aritzen diren langileak, baldin eta haien lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.
2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoen arabera.
Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.
Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte inola ere gainditu uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak, eta, Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen kasuan, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitakoak. Horrenbestez, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa baldin bada aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino (edo, hala badagokio, haien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino), azken horiek aplikatuko dira.
3.– Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-entitateek. Nolanahi ere, prestakuntza-entitate bakoitzari emango zaion dirulaguntzak honako muga hauek edukiko ditu:
3.1.– Muga orokorra.
Entitate onuradunak lurralde historiko batean bakarrik badihardu, ezin du jaso 875.000 euro baino gehiago prestakuntza-plan baterako; horren ildotik, lurralde historiko batean baino gehiagotan jardunez gero, ezin du jaso 1.750.000 euro baino gehiago.
Lurralde historiko bakoitzean ezin da lortu 875.000 eurotik gorako dirulaguntza.
3.2.– Parte hartzen den dirulaguntza-lerroen araberako muga.
Prestakuntza-plan bakoitzeko jarraian azalduko diren dirulaguntza-mugak aplikatuko dira, kasuan kasukoak entitate eskatzaileak parte hartzen duen dirulaguntza-lerroen kopuruaren arabera.
Hori dela-eta, prestakuntza egiaztagarriko dirulaguntza-lerro bat onartuko da arlo edo arlo-talde bakoitzeko (I. eranskina) eta lurralde historiko bakoitzeko, maila-zatiketa kontuan eduki gabe. Beraz, I. eranskineko 117 dirulaguntza-lerroak (108 egiaztagarri eta 9 egiaztaezin) 45era murrizten dira: 15 prestakuntza-lerro hiru lurralde historikoetako bakoitzeko (prestakuntza egiaztagarriko 12 lerro, prestakuntza egiaztaezineko lerro bat, eta kualifikatzen ez duen prestakuntza egiaztaezineko 2 lerro).
(Ikus .PDF)
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).
Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/informazioa/erakundeen-erregistroa/weblan00-centrosformacion/eu/.
Izapidetze elektronikorako jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1039907 Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus).
2.– Irabazteko asmorik gabeko prestakuntza-entitateek, xede edo helburu sozial edo fundazionaletako bat gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea dutenek, 3.3.b.1.1 artikuluan bildutako prestakuntza-espezialitateetako bat eskatu nahi badute, LanF sisteman halakoak direla adierazi beharko dute, eta horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte (eratze-eskriturak, estatutu sozialak...), baldin eta Lanbidek agiriok ez badauzka, aurreko batean aurkeztuta.
3.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
3.1.– Oro har, laguntza aplikatuko den prestakuntza-plana, emango diren prestakuntza-ekintzak bereizita.
3.2.– Gainera, behar denean, 9. artikuluko balorazio-irizpideak egiaztatzeko:
a) B.3 eta B.4 apartatuetan ezarritako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikulu horretan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erregistratuta dituen prestakuntza-entitatearen datuetan badaude, ez dago aurkeztu beharrik, eta eskabidean adierazi behar da.
b) C.3.1, C.3.2, C.4.4, C.5, D.1, D.2, E.1.2 eta E.1.3 ataletan aurreikusitako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuen edo enplegu-zerbitzu publikoen deialdiei dagokienez: LanF aplikazioan irizpide bakoitzerako eskuragarri dauden ereduen araberako ziurtagiria. Ziurtagiri hori egokitu egin ahalko da dagokion eredura, edo beste formatu bat hartu. Azken kasu horretan, kontuan har dadin, ereduan jasotako eduki guztiak bildu beharko ditu.
C.3.1 eta C.3.2 ataletan aurreikusitako balorazio-irizpideei lotuta, baldin eta entitate eskatzaileak ez badu daturik aurkezten aipatutako bi aldietakoren baterako, ziurtagiriak berariaz aurreikusi beharko du ez dela dirulaguntzaren onuradun izan aldi horren barruko urteetan. Izan ere, bestela, horiek 0 balioarekin haztatutako batezbestekoa kalkulatzeko kontuan hartuko dira.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokienez, eskabidean aipatutako irizpideei buruzko datuak beren datu-basetik aterako dira ofizioz.
Era berean, C.5 irizpideari lotuta, honako kasuren bat denean, datua Lanbidek eskuratuko du, ofizioz, eskabidean aipatzen bada:
– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 18ko Aginduaren II. kapituluaren babespean emandako dirulaguntzak (agindu horren bidez Euskadiko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak –pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku hartzeko jardueretarako dirulaguntzak– arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan ezarritako 2023ko deialdia egin zen).
– 2023. urtean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emandako dirulaguntza izendunak, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren jarduera-eremuan, esku-hartze sozialeko jarduerak egiteko pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko 2023-2025eko laguntzen deialdiaren babesean emandako dirulaguntzak (2023-09-01eko EHAA), desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntza-lerroan (III. kapitulua).
c) 9. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eskaera sozietate-talde bateko kide gisa aurkezten duten entitateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, izaera hori ziurtatzen duena, bai eta sozietate bakoitzeko idazkariaren edo administratzailearen ziurtagiria ere, sozietateen kapitalaren osaerari buruzkoa, partaidetzen erregistro-liburuaren bidez, kasuan kasuko partizioen titulartasuna egiaztatzeko. Sozietate-talde batekoa dela ulertuko da, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera enpresa bakar batean integratuta dagoela uste denean, edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluko irizpideekin bat etorriz, sozietate-talde berekoa denean.
4.– Prestakuntza-planak profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematea jasotzen duenean edo prestakuntza-ekintzak haren modulu bat baino gehiago batzen dituenean eta, diruz lagunduak badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak profesionaltasun-ziurtagiria jasotzen duten modulu gisa lotutako prestakuntza-ekintzatan bereiziko ditu, etengabeko ikaskuntza indartzeko, 13.3 artikuluan ezartzen den bezala.
5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epealdian, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, hutsunea edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.
6.– Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitza banaka baloratuko da, eta lehiaketa-prozesua I. eranskineko dirulaguntza-lerro bakoitzeko egingo da (117 lerro).
3.– Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, batzorde teknikoa eratuko da. Kide hauek osatuko dute batzorde hori: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak, eta zerbitzu horretako hiru teknikarik. Hauek dira balorazio-batzorde horretako kideen izenak:
Batzordeburua:
– Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria.
Idazkaria:
– Ana Isabel García Ortega, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Bokal titularrak:
– Eduardo Campo Guillerna, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko koordinatzailea.
– Laura Lapeyra Lasa, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ordezko bokalak:
– Amaia Alonso Bikuńa, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
– Veneranda Andrés Andrés, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, kideen erdiak bertaratzen direnean.
Batzordeburua ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.
Idazkaria ez badago, bokaletako batek beteko ditu haren eginkizunak, arestian aipatutako alderantzizko hurrenkeran.
Egitura berari eutsita, ebaluazio-batzordeko kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez aldatu ahal izango da, eta ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da: www.lanbide.euskadi.eus
4.– Behin eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu denean, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera baloratuko ditu, eta, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, txosten bat egingo du emaitza adierazteko. Espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusi eta gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan sartuko du zer ekintza onestea eta ezestea proposatzen den behin-behinean; ekintza horiek dirulaguntza-lerroka multzokatuko dira.
Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 5 egun baliodun emango dira entitate interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.
Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa eskubiderik emango proposatutako entitateei.
5.– Ebaluazio-batzordeak alegazioak aztertu eta txostena egin ondoren, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.
6.– Prozeduraren ebazpenean dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa zehaztuko dira, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, dirulaguntza-lerroka multzokatuta, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere. Hori guztia prestakuntza-entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus).
7.– Behin betiko ebazpenean aurrekontu-kreditua falta delako ezetsi diren dirulaguntza-eskaerak dirulaguntza-lerroen arabera ordenatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatuz ateratzen den hurrenkeran. Hartara, prestakuntza-entitate onuradun batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza hurrengoari emango zaio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera, baldin eta kreditu nahikoa liberatu bada horri erantzuteko eta, sortzen den unean, zilegi bada hura gauzatzea, deialdian ezarritakoarekin bat etorriz eta aurrekontua gauzatzeko arauen arabera. Ukoen bitartez liberatutako kredituarekin laguntzak emateko proposamenak jakinaraziko zaizkie prestakuntza-entitate interesdunei, eta 5 egun balioduneko epealdian onartu beharko dira; bestela, uko egiten diotela ulertuko da.
Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.
8.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epealdia sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta. Epealdi horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.
9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
10.– Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean berariaz adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsetik datorrela, EGF+ Euskadi, 2021-2027 programaren esparruan.
11.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.
8. artikulua.– Laguntza zehaztea.
1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6.5 artikuluan ezarritakoaren arabera zuzentzeko epealdia amaitutakoan prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta horrela eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da. Aurkeztutako ekintzen eskabideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.
2.– Ez dira finantzatuko balorazioan 30 puntu baino gutxiago lortzen dituzten prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzak.
3.– 30 puntu edo gehiago lortzen dituen prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko emango den dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak aplikatuko dira.
4.– Dirulaguntzak balorazio-fasearen ondoriozko ekintzen arteko lehentasun-hurrenkeran emango dira, honako arau hauek aplikatuz:
4.1.– Prestakuntza-ekintzak lortutako balorazio teknikoaren arabera sailkatuko dira, EAEko hiru lurraldeak bereizita.
4.2.– Lurralde bakoitzeko ekintzak prestakuntza-motaren arabera sailkatuko dira (egiaztagarria edo egiaztaezina).
– Prestakuntza-ekintza egiaztagarriak lanbide-arloen edo arlo-taldeen arabera eta kualifikazio-mailen arabera (1, 2, 3) sailkatuko dira.
– Prestakuntza-ekintza egiaztaezinak kualifikatzaileak izatearen edo ez izatearen arabera sailkatuko dira.
– Kualifikatzaileak ez direnak bi multzotan bereiziko dira: batetik, laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza-ekintzak; bestetik, zeharkako prestakuntza-ekintzak eta gako-konpetentzien prestakuntza-ekintzak.
5.– Lehenbizi I. eranskineko dirulaguntza-lerro bakoitzerako ezarritako aurrekontua banatuko da prestakuntza-ekintzek balorazio teknikoan lortutako puntuazioen arabera aurrekontua agortu arte.
6.– Dirulaguntza-lerro bateko aurrekontua agortzen ez bada, soberakina honela banatuko da:
6.1.– Soberakina prestakuntza egiaztaezineko dirulaguntza-lerro batean gertatzen bada, lurralde historiko bakoitzean, hasieran finantzaketa lortu ez duten prestakuntza-ekintza egiaztagarrietatik puntuazio handiena lortu dutenen artean banatuko da, lanbide-arloa eta maila kontuan eduki gabe.
6.2.– Soberakina prestakuntza egiaztagarriko dirulaguntza-lerroan gertatzen bada, lurralde historiko bakoitzean, hasieran finantzaketa lortu ez duten lanbide-arlo bereko mailetan puntuazio handiena izan duten ekintzen artean banatuko da. Horren ondoren soberakinik egonez gero, aurretik finantzaketa lortu ez duten ekintza egiaztagarrietatik puntuazio handiena izan dutenen artean banatuko da, lanbide-arloa eta maila kontuan eduki gabe.
6.3.– Prestakuntza-ekintza egiaztagarrietarako aurrekontuan soberakina egonez gero, lehentasun-hurrenkeraren arabera banatuko da, lurraldeak kontuan eduki gabe.
7.– Berdinketa gertatuz gero, 9. artikuluan ezarritako B.2 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, C.4 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, B.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketa hausteko azken irizpide gisa, B.1, B.2 eta C.4 balorazio-irizpideen artean puntuazio handiena lortu duena hartuko da aintzat.
8.– Prozesuan, 5.3 artikuluan ezartzen diren dirulaguntza-mugak hartuko dira kontuan, orokorra eta dirulaguntza-lerroen araberakoa.
9.– Entitate eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan (III. eranskinean zehazten dira).
Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak hartzen dira kontuan, eta ez da beste deialdi zehatzagorik kontuan hartzen, hala nola kontratazio-konpromisoarena, proiektu bereziena, kualifikazio baxuko gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntzarena, etab.
B, C eta D apartatuetako balorazio-irizpideen bitartez entitate eskatzaileen prestakuntza-jarduna eta konpromiso soziala neurtzen dira kaudimena, kudeaketa, kalitatea eta eragina kontuan hartuz. E apartatuko irizpidearen bidez baloratzen da prestakuntza-entitateen jarduna bateragarria denez enpleguaren aldeko beste politika batzuekin, horien bidez langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzeko prozesuarekin jarraitu ahal izateko.
B, C, D eta E apartatuetako irizpide guztiak prestakuntza-entitate bakoitzeko (IFZ) aplikatzen dira, hau da, IFZ bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira. Sozietate-talde bateko kide izanez gero, taldean bildutako entitateek garatutako jarduera hartuko da kontuan.
A) Prestakuntza-ekintza prestakuntza-beharretarako egokia izatea.
Irizpide honen arabera 10 puntu lortu daitezke gehienez.
A.1.– Lanbide-arloen pisua beren lan-aukeren arabera: 7 puntuazio-tarte daude, 7 puntu gehienez, lanbide-arloetako laneratzearen araberakoak.
A.2.– Espezialitate kualifikatzaileen kualifikazio-mailak: 3 tarte daude, eta gehienez ere 3 puntu lor daitezke.
B) Prestakuntzaren kalitatearen eta eraginaren adierazleak langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa. Gehieneko puntuazioa: 47 puntu.
Horren xedea da baloratzea enplegurako lanbide-heziketako 2018-2020ko eta 2020-2022ko ekitaldietan langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortutako kalitatea eta enplegagarritasunaren eta laneratzearen aldetik lortutako eragina, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa.
B.1.– Sintesi-adierazlea, lanbide-arloaren arabera: gehienez 15 puntu.
Prestakuntza-entitate batek langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batezbesteko haztatua.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz lortuko du adierazle hori bere datu-baseetatik. Prestakuntza-entitate batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian parte hartu ez badu, 4 puntu emango zaizkio.
Adierazle hori ezin izan bada lortu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, erreferentziako deialdian lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa, hartan parte hartzen duten prestakuntza-entitate guztiek emandako ekintza guztietatik abiatuta.
B.2.– Enplegagarritasunaren indizea: 25 puntu gehienez.
2018-2020 eta 2020-2022 urteetan langabeei eskainitako prestakuntza-deialdietan emandako prestakuntza-ekintzek prestakuntza-espezialitate bakoitzean lortutako enplegagarritasun-indizearen batezbesteko haztatua, gehienez 25 puntu.
Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:
Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzaren tasa x p3),
Non:
– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: Prestakuntza arrakastarekin (gai) amaitzen duten pertsonen kopuruaren eta prestakuntza-ekintza amaitzen duten parte-hartzaile guztien (gai zein ez gai) kopuruaren arteko zatiketaren emaitza.
Prestakuntza-ekintzak bereizita egonez gero, prestakuntzaren emaitza positiboa izango da profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzen bada, bai eta prestakuntza-moduluetako bat egiten bada eta horrela profesionaltasun-ziurtagiria lortzen bada ere. Ziurtagiri osoa egiten ez dutenek egindako moduluak gainditzen badituzte, «ama» ekintzan «Amaituta, ez-gai» egoeran izango dira, zeren eta prestakuntza moduluka egin ahal baita eta ez baitu modulurik batere bertan behar utzi («Amaituta, gai» gainditutako moduluetan eta «Amaituta, ez gai» «ama» ekintzan, ez baitu profesionaltasun-ziurtagiri osoa gainditu eta ez baitu modulurik batere bertan behera utzi).
– Besteren konturako laneratzearen tasa: Prestakuntza-jarduera amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontraturen bat lortu duten pertsonen kopurua.
– Parte-hartze anitzaren tasa: Prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondoko sei hilabeteetan enplegurako bigarren prestakuntza-ekintza bat hasten duten pertsonen kopurua.
– p1, p2 eta p3, tasa bakoitzari emandako pisuak dira, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik.
Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera. Hartara, zenbat eta handiagoa izan espezialitatearen kualifikazio-maila, orduan eta pisu handiagoa du laneratzearen tasak, lanean aritzeko eta, horrenbestez, lan-merkatuan sartzeko behar den konpetentzia ematen baitute. Gako-konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentzien espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzaren tasak pisu handiagoa hartzen du, kualifikazioa ematen duen prestakuntzaren aurreko prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.
(Ikus .PDF)
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz ateratzen du adierazle hori bere datu-baseetatik.
Prestakuntza-entitateek ez badute eman dirulaguntzaren xede den prestakuntza-espezialitaterik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2018-2020 eta 2020-2022 urteetako deialdien babesean, 11 puntu aplikatuko dira.
Aurreko deialdi horietan prestakuntza-ekintza bereiziren bat eman duten entitateek 11 puntu lortuko dituzte, adierazlearen puntuazioa handiagoa ez bada.
B.3.– Kalitatearekiko konpromisoa: 5 puntu gehienez.
Gehienez 5 puntu emango dira hauek edukitzeagatik:
1.– Kudeaketa aurreratuaren aitorpenak, soilik baloratuta azken hamar urteetan honako hauen artean aitorpen altuena duena:
– Urrezko A edo EFQM +500 eta altuagoa: 4 puntu.
– Zilarrezko A edo EFQM +400: 3 puntu.
– Brontzezko A edo EFQM +300: 2 puntu.
– Kudeaketa aurreratuaren diploma indarrean: puntu 1.
2.– Ziurtagiriak indarrean:
– ISO 9001 ziurtagiria: 2 puntu.
– ISO 14001 ziurtagiria, ISO 45001 ziurtagiria edo UNE 166002 berrikuntzaren kudeaketa, indarrean: puntu 1.
3.– Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria, QIA-Quality Innovation Award saria-Nazioarteko fasea
Award edo Prize Winner azken 10 urteetan: puntu 1.
B.4.– Euskarekiko konpromisoa: 2 puntu gehienez.
Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.
C) Prestakuntza-jarduketen ondoriozko kudeaketa-emaitzen adierazleak. Gehienez 33 puntu.
C.1.– 2020-2022 deialdian dirulaguntza lortutako prestakuntza-ekintzen burutzapen-maila: Honek adierazten du zenbatekoa den 2020-2022ko deialdian Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako langabeentzako prestakuntza-deialdian onartutako prestakuntza-ekintzetatik amaitu eta likidatu direnen ehunekoa.
Gehienez -10 puntu (negatibo).
C.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren 2020-2022ko deialdian emandako profesionaltasun-ziurtagiri osoen lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua bete ez den gradua.
Honen bidez neurtzen da zenbateraino bete den profesionaltasun-ziurtagiri osoaren prestakuntza gainditu duten langabeei lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua eskaini beharra.
Gehienez -10 puntu (negatibo).
C.3.– Prestakuntza emateko gaitasun egiaztatua. 15 puntu gehienez.
C.3.1.– 2018 eta 2022 arteko urteetako langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan prestakuntza jaso duten pertsonen batezbesteko haztatua: 10 puntu gehienez.
Kontuan hartuko da langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen kopurua, baldin eta beste enplegu-zerbitzu publiko batzuek edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek 2018tik 2022ra bitartean (biak barne) argitaratu eta onartu badituzte eta dagoeneko likidatuta badaude.
Batezbesteko haztatua kalkulatzeko, prestakuntza-entitate eskatzaileak emandako datuak Lanbideren bi urteko deialdien egiturarekin parekatuko dira (2018-2020 eta 2020-2022). Horrela, Lanbiderekin zerikusirik ez duten deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien 2018ko eta 2019ko datuak batu eta unitate bat osatuko dute, Lanbideren 2018-2020 deialdiko datuen tratamendu bera jasotzeko. Era berean, gauza bera egingo da Lanbiderekin zerikusirik ez duten 2020ko, 2021eko eta 2022ko deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien datuen baturan, Lanbideren 2020-2022ko deialdiko datuei dagokienez.
6.3.2.b) artikuluan adierazten den bezala, baldin eta entitate eskatzaileak ez badu daturik aurkezten aipatutako bi aldietakoren baterako, ziurtagiriak berariaz aurreikusi beharko du ez dela dirulaguntzaren onuradun izan aldi horren barruko urteetan. Izan ere, bestela, horiek 0 balioarekin haztatutako batezbestekoa kalkulatzeko kontuan hartuko dira.
C.3.2.– 2018 eta 2022 bitartean, langile okupatuei zuzendutako eskaintza-deialdietako parte-hartzaileen batezbesteko haztatua: gehienez ere, 5 puntu.
Kontuan hartuko da langile okupatuei zuzendutako enplegurako prestakuntza-eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen kopurua (prestakuntza amaitu duten guztiak), baldin eta beste enplegu-zerbitzu publiko batzuek edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek 2018tik 2022ra bitartean (biak barne) argitaratu eta onartu badituzte eta dagoeneko likidatuta badaude.
Batezbesteko haztatua kalkulatzeko, prestakuntza-entitate eskatzaileak emandako datuak Lanbideren bi urteko deialdien egiturarekin parekatuko dira (2018-2020 eta 2020-2022). Horrela, Lanbiderekin zerikusirik ez duten deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien 2018ko eta 2019ko datuak batu eta unitate bat osatuko dute, Lanbideren 2018-2020 deialdiko datuen tratamendu bera jasotzeko. Era berean, gauza bera egingo da Lanbiderekin zerikusirik ez duten 2020ko, 2021eko eta 2022ko deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien datuen baturan, Lanbideren 2020-2022ko deialdiko datuei dagokienez.
6.3.2.b) artikuluan adierazten den bezala, baldin eta entitate eskatzaileak ez badu daturik aurkezten aipatutako bi aldietakoren baterako, ziurtagiriak berariaz aurreikusi beharko du ez dela dirulaguntzaren onuradun izan aldi horren barruko urteetan. Izan ere, bestela, horiek 0 balioarekin haztatutako batezbestekoa kalkulatzeko kontuan hartuko dira.
C.4.– Enplegurako lanbide-heziketako beste programa eta deialdi batzuetan eta hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan parte hartzea. 15 puntu gehienez.
C.4.1.– 2019, 2020, 2021 eta 2022an profesionaltasun-ziurtagiriak aldatu ondoren HEZIBI proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua: 3 puntu gehienez.
Honako hauek hartuko dira kontuan: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2019, 2020, 2021 eta 2022ko deialdi bateko profesionaltasun-ziurtagiri batekin lotutako prestakuntza-ekintza bat aldatu ondoren Hezibi proiektu batean aritu diren ikasleak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gazteentzako ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak onartzeko emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuarekin bat etorriz.
C.4.2.– 2018, 2019, 2020, 2021 eta 2022ko deialdietan dirulaguntza jaso duten proiektu berezietan parte hartu duten pertsonen batezbesteko haztatua: 3 puntu gehienez.
C.4.3.– 2018, 2019 eta 2020ko kualifikazio baxuko gazte langabeak gizarteratzeko eta laneratzeko deialdian parte hartu duten pertsonen batezbesteko haztatua: 3 puntu gehienez.
C.4.4.– 2018, 2019, 2020 eta 2021eko kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzen bitartez kontratatu diren pertsonen kopurua: 3 puntu gehienez.
C.4.5.– 2023-2024 ikasturtean hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren gaineko administrazio publiko eskudunak programatutako Lanbide Heziketan (oinarrizkoa, ertaina eta goi-mailakoa) aritu diren ikasleen kopurua: 3 puntu gehienez.
C.5.– Ebazpen baten bidez edo sektore publikoko entitate batekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez 2023ko ekitaldian dirulaguntza jaso izana: 3 puntu.
Ez dira kontuan edukiko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektu bereziak egiteko emandako dirulaguntzak.
Ebazpen baten bidez edo sektore publikoko entitateekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez eragozpen handiak dauzkaten pertsonen beharrizanak asetzeko asmoarekin pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu baterako dirulaguntza lortu izana baloratuko da. Irizpide hori dirulaguntza horien onuradun izan diren prestakuntza-entitate eskatzaileekin lotuta baloratuko da.
D) Emakumeak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eskabideak. 10 puntu gehienez.
D.1.– Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan parte hartu duten emakumeak, C.3.1. Irizpidean aipatutakoak, emakume gutxi dauden lanbide-arlo batzuetan. 6 puntu gehienez.
Emakume gutxi dauden lanbide-arloetan, zenbat eta handiagoa emakumeen ehunekoa, positiboagoa balorazioa. Honako lanbide-arlo hauetan emango da balorazio positiboa emakumeen ehunekoa handia izateagatik: AFD, AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, QUI, SAN, SEA, TMV.
D.2.– Desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzak: 4 puntu.
4 puntu jasoko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzen eskabideek.
E) Osagarritasuna beste enplegu-politika aktibo batzuekin. 18 puntu gehienez.
E.1.– Enpleguaren sustapenarekin: 9 puntu gehienez.
E.1.1.– Prestakuntza-entitateek kudeatu eta hartu dituzten pertsonen kopurua, zeinen kontratua Lehen Aukera programaren deialdietan diruz lagundu baita: 3 puntu gehienez.
Deialdi honetan, entitate bakoitzak hartutako pertsonen kopurua eta kudeatutako pertsonen kopurua batuko dira, hain zuzen ere Lehen Aukera programaren 2018, 2019, 2020, 2021 eta 2022ko deialdietako dirulaguntzei esker kontratatu direnen kopurua.
E.1.2.– Prestakuntza-entitateek sustatutako laneratze-enpresetan 2023ko abenduan laneratze-prozesuan egon diren pertsonen kopurua. 3 puntu gehienez.
E.1.3.– Desgaitasuna duten pertsonen kopurua, 2023ko abenduan, prestakuntza-entitate eskatzaileek sustatutako edo prestakuntza-entitate eskatzaileetan kontratatutako eta enplegu-zentro berezi gisa kalifikatutako eta erregistratutako gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezietan. 3 puntu gehienez.
E.2.– Laneratzearekin: 9 puntu gehienez.
E.2.1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak egiteko 2023-2025 aldiko laguntzen deialdian onuradunak izan diren prestakuntza-entitateak (deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2023ko uztailaren 27ko ebazpen baten bidez argitaratu zen 2023ko irailaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian). 3 puntu.
E.2.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera egiteko 2023-2025 aldiko laguntzen deialdian onuradunak izan diren prestakuntza-entitateak (deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko abenduaren 21eko ebazpen baten bidez argitaratu zen 2022ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian). 3 puntu.
E.2.3.– Enplegu-agentzia diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez lantoki bat duten prestakuntza-entitateak, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. 3 puntu gehienez.
10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.
1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:
a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
2.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Ildo horretatik, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, Lanbide Heziketaren Sistemaren Antolamendua garatzen duen 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sarbide-eskakizunak bete beharko dira. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.
3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa entitate onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen entitateak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F). Entitateak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, eta behar diren bermeekin.
Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat ere egingo da aurretik, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintza kualifikatzaileen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, honako printzipio hauekin bat etorriz:
– Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.
– Beraren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.
– Prestakuntza-zentroko instalazioetan egingo da. Inolaz ere ez da onartuko ezagutza-probatzat elkarrizketa egitea telefonoz edo prozedura telematiko baten bidez.
– Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.
– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiria bada, ziurtagiri horren konpetentziaren bat gainditu duten pertsonek ez dute egin beharko proba, eta maila bereko edo goragoko mailako lanbide-arlo bereko ziurtagiria dutenek ere ez.
– Proba hori LanF aplikazioaren atal egokian erantsiko da, prestakuntza-ekintzak burutzeko ematen diren jarraibideen arabera.
4.– Profesionaltasun-ziurtagiriekin lotutako prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:
a) Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat programatzen denean, beti kudeatuko da bereizita, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez iragarriko du, prestakuntza-bidea osatzen duten ekintzetako edozeinetan parte hartzeko hautagaien poltsa bat sortzeko. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren, taldeka elkartuko dira hautagaiak, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Honela egingo da prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen azken hautaketa:
– Profesionaltasun-ziurtagiriaren lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztapen partzial metagarririk ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak izango dira, eta lehen prestakuntza-ekintza hori soilik falta zaienei emango zaie lehentasuna. Parte-hartzaileen bi tipologia horietako batean hautagai nahikorik ez badago, adierazitako ehunekoa aldatu ahal izango da, eskatzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, dena delako ekintzaren aurreko modulua bukatu duten eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek izango dute lehentasuna. Horien ondoren, prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik gelditzen zaien pertsonek izango dute lehentasuna, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Azkenik, gainerako pertsonak sartuko dira, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei lehentasuna emanez.
b) Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.
c) Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: AFD, AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, QUI, SAN, SEA, TMV.
5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:
1.a Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak:
– Kualifikazio-maila baxua duten pertsonak.
– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna duten pertsonak.
– Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA), Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreren (BGDS) onuradunak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.
– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
– Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileek; horiek langabetzat joko dira ondorio horietarako.
– Aukeraberri programan (krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzeko) parte hartzen dutenak ere; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.
Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira, ahal dela.
2.a Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
6.– Landunek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute.
7.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskaera jaso bada.
8.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.
9.– Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.
Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagunduko dituzte.
2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak. Profesionaltasun-ziurtagirien (ziurtagiri profesionalen) prestakuntza praktikoko modulua lantokietan eginez gero, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 52. xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.
3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, eta jaso izanaren dokumentua sinatuko dute.
4.– Ikasleek modu jarraituan joan beharko dute eskoletara, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete. Hori bermatzeko, entitate onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo behar bezala justifikatutako bat-bateko egoera pertsonal edo familiar larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.
12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilean.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako hutsegiteak biltzea, arrazoia edozein dela ere, justifikatuta egon zein ez.
c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako dagoen eredua erabiliz. Lanbidek arrazoi hori ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia argitara emango du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.
Aste batean ikasle baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.
Ikasle batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta asistentzia-falten % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
13. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak egitea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzaren onura jasotzen duen entitateak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta erakunde autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (Lan-F) baliatu beharko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), geroago aldaketak egon direla (gertatu eta berehala), eta amaitu dela. Halaber, parte-hartzaileen asistentzia kontrolatuko du. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epealdiaren barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aurretik Lanbidek ez badu Lan-F aplikazioan Hasierako komunikazioa baimentzen.
2.– Beharrezkoa da deialdi honetan onartutako prestakuntza-plana benetan gauzatzea. Ildo horretan, prestakuntza-ekintza bat gutxienez 15 egunez iragarri bada, eta prestakuntza hasteko gutxieneko talde bat osatzeko interesdun nahikorik ez badago, entitateak eskatu ahal izango du ekintza hura aldatzeko, 5.3.2 artikuluan adierazitako I. eranskineko dirulaguntza-lerro handi bakoitzeko arlo bereko edo arlo-talde bereko espezialitate bateko prestakuntza-ekintza baten bidez, hau da, arloek/arlo-taldeek eta lurraldeek osatutako 45 lerroak, mailen araberako banaketa kontuan hartu gabe. Prestakuntza-ekintza berriak ordezten duen ekintzaren kostu bera edo txikiagoa eduki beharko du.
Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez 10 egun balioduneko epealdiaren barruan ebatziko du prozedura. Epealdi horretan ebazpenik ematen ez bada, eskabidea baietsitzat jo ahal izango da.
Arrazoi horrengatik ordeztu daitezkeen prestakuntza-ekintzak inolaz ere ezin dira izan entitateari onartutako prestakuntza-ekintzen % 30 baino gehiago.
3.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat emateko dirulaguntza onartu denean edo prestakuntza-ekintzak haren prestakuntza-modulu bat baino gehiago jasotzen duenean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagiriak dituen modulu adina prestakuntza-ekintzatan bereiziko du, 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
– Modulu bakoitza banaka egin eta justifikatuko da.
– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.
– Modulu batean hasten diren pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbidea osatu ahal izateko.
Horietaz gain, entitateak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta haietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, 10.4 artikuluan araututako hautaketa-prozesuaren arabera.
– Entitateak praktikak eskaini beharko dizkie profesionaltasun-ziurtagiria (ziurtagiri profesionala) amaitzen duten pertsonei, prestakuntza-ekintza horrekin ziurtagiri profesional edo profesionaltasun-ziurtagiri hori amaitzen dutenean.
4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
5.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-entitateetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.
6.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 7,5 ordu baino gehiago eman prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 37,5 ordu baino gehiago. Behar denean, muga horien barruan sartuta egongo dira profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak, edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak.
7.– Prestakuntza-entitateak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, batez ere pertsona kalteberentzat direnak, prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera eduki dezaten.
Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezin izango du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.
8.– Ikastaroaren hasieran, entitate onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:
– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,
– ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta
– behar diren babes-elementuak.
Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.
9.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.
Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa bat izan beharko dute, hartara ikastaroa normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe hari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.
10.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten entitate onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.
11.– Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan honako datu hauek adieraziko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.
12.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak (ziurtagiri profesionalak) lortzera bideratuta badago, ikasleen ebaluazioak plangintza bat jaso beharko du, eta, bertan, aurreikusitako datak, erabili beharreko espazioak eta tresnak eta iraupena adierazi beharko dira (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.
Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.
Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin. (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).
Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».
Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:
● Ikastaldia hasi aurreko 7 egun baliodunetan:
– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (Lan-F informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da).
– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.
● Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:
– Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).
– Ebaluazio-aktak, beteta.
13.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.
14. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren praktika profesionalek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez. Epealdi hori 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du.
2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:
– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen araudiaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek nahikoak ez direla, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.
– Prestakuntza-entitateek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: profesionaltasun-ziurtagirien eta ziurtagiri profesionalen kasuan araudian aurreikusitako salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).
– Lanbide-praktikak, ahal dela, azken prestakuntza-modulua egin ondoren egingo dira, baldin eta modulu hori ebaluazio positiboarekin gainditu bada, parte-hartzaile okupatuaren edo langabearen lan-egoera administratiboa edozein izanik ere, eta ikastaroa amaitu eta gehienez ere lau hilabeteko epean hasi beharko da. Epealdi hori 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du.
Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak azken prestakuntza-moduluarekin batera egin ahal izateko.
– Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa amaitzea ekarriko du.
– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.
3.– Era berean, profesionaltasun-ziurtagiriekin lotutako lantokietako prestakuntza praktikoko modulua egitean, bete egin beharko dira Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoak.
Ondore horietarako, prestakuntza teorikoa amaitzean legez Espainian bizi ez diren ikasleei Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2024ko martxoaren 19ko bileran hartutako erabakian xedatutakoa aplikatuko zaie. Erabaki horren bidez, Lanbidek finantzatutako prestakuntza-ekintzak egiteko bigarren neurriak onartzen dira, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko, prestakuntza-praktikak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartzearen eragina jasan duten kasuetan, erabakiak indarra duen bitartean (Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua). Hori horrela, neurri hauek aplikatuko dira:
a) Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteko aldia lau hilabete luzatzea.
a.1.– Prestakuntza-entitateek Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariari eskatu ahalko diote lantokian prestakuntza praktikoaren modulua hasteko lau hilabeteko epea luzatu dadila, Espainian legez bizi ez diren ikasleen kasuan, honako baldintza hauen arabera:
– Eskabidea prestakuntza praktikoaren modulua hasteko araudian aurreikusitako lau hilabeteko epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko da.
– Eskabidearekin batera, berariaz egiaztatu beharko da ikasleak bizileku-baimena edo horren luzapena edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen dion beste egoera edo inguruabarren baten aitorpena eskatu duela.
a.2.– Prestakuntza-ekintzak amaitzeko epea, pertsona horien lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne, deialdi honetan adierazitako gauzatzea bukatzeko datan amaituko da.
a.3.– a) atal honetan (hasierako epearen luzapena) araututako neurria lehentasunez aplikatuko da hurrengo b) eta c) ataletan aurreikusitakoen gainean.
b) Prestakuntza-zentroan prestakuntza-praktikak egitea.
b.1.– Prestakuntza-entitateak Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariari baimena eskatu ahalko dio lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua prestakuntza-zentroan bertan egiteko, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan aurreikusitako orduen kopuruan, baldin eta prestakuntza-entitateak inguruabar hauetakoren bat egiaztatzen badu:
– Ez dela posible a) atalean aurreikusitako neurria aplikatzea (hasierako epearen luzapena), bizileku-baimena eskatu edo eskuratu ezin delako (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), ikasleak baldintzak betetzen ez dituelako.
– Bizileku-baimena eskatu arren (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), berau ukatu dela edo garaiz eskuratu ez dela, praktikak a.2 atalean aipatutako datetan hasi eta amaitzeko.
b.2.– Neurri hori aplikatzeko baimena emateko, prestakuntza-zentroak praktiketako gela, tailer-gela edo espazio bat eduki edo prestatu beharko du, lantokiaren pareko ingurua simulatuz. Gela horrek ekipamendu egokia eduki beharko du kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiriarekin lotutako lanpostuaren edo okupazioaren berezko eginkizun eta zereginak egin ahal izateko eta ziurtagiri hori onartzen duen errege-dekretuan jasota dauden konpetentziak lantzeko.
b.3.– Lanak profesional edo irakasle baten ikuskaritzapean egingo dira. Profesional hori enpresako tutorea izango da, aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzen araberako profila eduki beharko du, eta ezingo da izan kasuan kasuko prestakuntza-eskaintzako gainerako prestakuntza-moduluak eman dituen irakasle-taldearen parte.
b.4.– Horretarako, prestakuntza-entitateak hauek aurkeztu beharko ditu, prestakuntza kudeatzeko LanF aplikazioaren bidez:
– Eskabidearekin batera, b.1 atalean aurreikusitako inguruabarren bat betetzen dela egiaztatzen duen justifikazioaz gain, txosten bat, bertan adieraziz lekua, datak eta egunak jasotzen dituen egutegia, egun bakoitzeko ordu-kopuruaren zehaztasunak, haietan landuko diren prestakuntza-edukiak, benetako lan-inguru bati lotutako jardueren proposamen bat, jarduera horien jarraipena egiteko ikasleen eskura egongo den tutorearen datu pertsonalak, eta tutorearekin ariko diren ikasleek eskuratu beharreko ikaskuntza-lorpenen balorazioa.
– Lantokiko prestakuntza-moduluaren amaieran, memoria bat, tutoreak sinatuta, parte-hartzaile bakoitzak lortu dituen emaitzak azalduz, gai edo ez-gai moldea erabiliz.
c) Prestakuntza-ekintzak amaitzea, lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua osatu gabe.
Prestakuntza-entitateak egiaztatzen badu ez dela posible a) atalean (prestakuntza-praktiken hasieraren luzapena) eta b) atalean (prestakuntzaren barruko praktikak) deskribatutako neurriak aplikatzea, ikasleak prestakuntza amaitu duten partaidetzat joko dira, 18. artikuluan eta 23. artikuluan deskribatutako baldintzetan. Prestakuntza-ekintza amaitu duen ikasletzat jotzeak ez du eraginik izango ikaslearen egoera akademikoan; hau da, lantokian prestakuntza praktikoaren modulua egin ez bada, ezingo da ulertu profesionaltasun-ziurtagiria (ziurtagiri profesionala) eskuratzeko prestakuntza amaitu denik.
4.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-entitatearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.
5.– Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baimena eman ondoren.
6.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo entitate publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.
7.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 7,5 ordutik gorakoa izan.
8.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.
2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.
3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-entitateak egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.
16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).
Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.
Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 18.3 artikuluan adierazten den bezala egingo da.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Onartutako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:
a) Lehen ordainketa, 2024ko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 50, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.
b) Bigarren ordainketa, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitutakoan, lanekoak ez diren praktikak barne, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.
Lehen ordainketaren zenbatekoa 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbiden, dagokion ordainketa egin aurretik.
Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, gehi horren interesak, gehienez ere urtebetez, eta nominalaren ehuneko hamabost, gehienez ere, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu behar da.
Entitatea ez badago Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta edo hango banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki bat bete beharko du, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.
Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Likidatzea dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko modulua ezarritako epeen barruan amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza, 14.3 artikuluan deskribatutako administrazio-egoera irregularrean dauden eta prestakuntza-ekintza prestakuntza praktikoko modulua osatu gabe amaitu duten parte-hartzaileen kasuan izan ezik (aipatutako 14.3 artikuluaren c) apartatua).
3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:
– A modulua 15 ikaslez biderkatuko da –prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago, aipatutako artikuluko b) apartatuan aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz–, eta emandako prestakuntza-orduez ere biderkatuko da.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.
Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.
– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da zeharkako gastuengatik.
Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.
4.– Egiaztatu daitekeen prestakuntza-ekintza 10 partaide baino gutxiagoarekin hasi bada, A, B eta C modulu ekonomikoa aplikatuko da prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsona bakoitzeko (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne), kontuan hartu gabe laneratzea, gaixotasuna edo istripua ez diren arrazoien ondorioz bertan behera utzi duten pertsonen asistentzia-orduak.
4. atal honetan adierazitakoa ez da aplikatuko Lanbidek baimendutako 3.6 artikuluaren b) atalean aurreikusitako kasuetan, aurreko 3. atalean xedatutakoaren arabera likidatuko baita.
5.– Dirulaguntza jasotzen duen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-entitateak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez.
Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio ekonomikoa aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu ondoren 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da, gehienez.
Artikulu honetan jasotako irizpideetan eta modulu ekonomikoetan oinarritutako justifikazio ekonomikoaz gain, prestakuntza-entitate onuradunak honako hauek aurkeztu beharko ditu:
– Halakorik balego, prestakuntza-plana egikaritzea osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo, bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22. artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
– Ikasleei eta entitate onuradunaren titularrei eta plantillari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.
Ezarritako epealdietan beharrezko justifikazioa aurkezten ez badu, organo eskudunak 15 egun balioduneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradunaren betebeharrak dira, deialdi honetako artikuluetan aurreikusitakoez gain, eta, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan eta Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duen araudian ezarritakoak.
2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
Horren harira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoria- eta ikuskaritza-plan bat ezarri ahalko du, deialdian jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren jakiteko.
Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.
– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
3.– Era berean, diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Funts Europarrerako hautazkotasun-baldintzak bete ditzaten, entitate onuradunak funtsezko betebehar hauek bete beharko ditu:
a) Bereizitako kontabilitate-sistema bat mantentzea laguntzaren xede diren jarduketekin lotutako transakzioetarako edo, gutxienez, kontabilitate-kodifikazio egoki bat edukitzea, transakzio horiek eta horien trazabilitatea modu argian identifikatzeko modua ematen duena.
b) Aitortutako gastuak estatuko laguntzei buruzko arau aplikagarrien araberakoak direla eta gastuaren finantzaketa bikoitzik ez dagoela (erkidegoko eta estatuko beste araubide batzuekin) bermatzea, eta Europako Gizarte Funtsaren programako beste aldi batzuekin bat egiten ez duela ziurtatzea.
c) Kudeaketa-agintaritzan edo, hala badagokio, bitarteko erakundean jarduera egin dela egiaztatzea, eta laguntzaren xede den proiektua edo ekintza behar bezala gauzatzen dela bermatzeko egiaztapenak ematea. Horretarako, egiaztapen administratiboa egiteko eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute, bai eta egiten ari diren jardueren eta eragiketen multzo adierazgarri bati buruzkoa ere.
d) Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitateak, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Kontuen Auzitegiak, Europako Batzordeko kontrol-organoek edo Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten finantza-egiaztapeneko eta -kontroleko jarduerak onartzea, EBko funtsekin batera finantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera, eta, horretarako, eskatzen zaion informazio guztia ematea.
e) EGF+ Euskadi 2021-2027 Programaren Komunikazio Estrategian ezarritako hedapen- eta publizitate-baldintzak betetzea.
f) 2021/1060 (EB) Erregelamenduan, 2021/1057 (EB) Erregelamenduan eta Europar Batasuneko edo estatuko beste edozein arautan aukera-berdintasunaren, ingurumenaren eta gizarte-berrikuntzaren arloan ezartzen diren baldintzak betetzea.
g) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean argitaratutako dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrendan sartzea onartzea.
h) Jatorrizko dokumentuak edo behar bezala konpultsatutako kopiak gordetzea, edo oro har onartutako datu-euskarrietan gordetzea, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan bakarrik dauden dokumentuak; egindako jarduketa eta jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke. Dokumentuen eskuragarritasuna 2021/1060 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 82. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.
i) Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak dirulaguntzak emateko ezartzen dituen arau nazionalak betetzea.
j) Kudeaketa-agintaritzarekin edo, hala badagokio, bitarteko erakundearekin lankidetzan aritzea betearazpen- eta jarraipen-txostenak egiteko.
k) Bermatzea jardueren azken hartzaileen datuak edukiko direla, mikrodatu mailan, eta jarraipen egokia egin ahal izango dela emaitzen adierazleak betetzen diren ikusteko.
l) Kudeaketa-agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko erakundeak onuradunen eskura jarriko duen gordailu komunean jasotako jarduera eta pertsona guztiei buruzko informazioa erregistratzea, agintaritza horrek unean-unean adierazten duen moduan, jarduketen benetako emaitza eta eragina neurtu ahal izateko. Betebehar hori betetzean, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa errespetatu beharko da beti.
m) Kudeaketa-agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko erakundeak proposatutako eragiketa bakoitzaren datuak erregistratzeko eta biltegiratzeko sistema erabiltzea, eta datu horiek sistema horretan jaso, erregistratu eta biltegiratzen direla eta adierazleei buruzko datuak EGF Erregelamenduaren I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera banakatzen direla bermatzea.
n) Arriskua aztertzeko eta iruzurra prebenitzeko Kudeaketa Agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko organismoak proposatutako neurriak aplikatzea, gauzatutako eragiketaren arabera.
4.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, behin dirulaguntza emanda, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.
5.– Laguntzen entitate onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2031ko abenduaren 31ra arte.
Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.
6.– Azkenik, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko.
20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta EGF+ 21-27ren finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.
Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute entitateek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).
Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.
Onuradunek eta finantza-tresnak gauzatzen dituzten erakundeek funtsek eragiketari emandako laguntza aintzatetsiko dute, eta horretarako:
a) Onuradunaren webgune ofizialean, webgune hori dagoenean, eta hedabide sozialetako kontuetan eragiketaren deskribapen labur bat egingo dute, laguntzaren mailaren, helburuen eta emaitzen araberakoa, eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute.
b) Adierazpen bat egingo dute, Batasunaren laguntza nabarmentzeko, eta ageriko tokian jarriko dute eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten komunikazioaren arloko agiri eta materialetan, jendeari edo partikularrei zuzendutakoetan.
c) Jendeak ongi ikusteko moduko toki batean, A3 neurriko kartel bat gutxienez edo pantaila elektroniko baliokide bat jarriko dute, eragiketari buruzko informazioa jasota, eta Funtsen laguntza nabarmenduko dute bertan; onuraduna pertsona fisikoa bada, onuradun horrek, ahal den neurrian, funtsen laguntza nabarmentzeko informazio egokia izango duela bermatuko du, publikoak ikusteko moduko leku batean edo pantaila elektroniko baten bidez.
21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.
23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute. Eta, bereziki, honako hauetan:
a) Jarduera egin dela eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatu beharra ez betetzea.
b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.
e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.
2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Erabateko ez-betetzea gertatu bada: dirulaguntza emateko xedearen edo hori justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izatea ekarriko du.
Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, horiek honela neurtuta: prestakuntzaren ordu-kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua gehi ordaindu duen partaide bakoitzak egindako bertaratze-orduak. Ikasleek ikastaroa amaitu dutela joko da ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, ikastaroa amaitu dutela joko da, halaber, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeen kasua, bai eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileena ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jarduera gutxienez % 25ean egin badute, eta 14.3 artikuluan deskribatutako administrazio-egoera irregularrean dauden partaideena, baldin eta prestakuntza-ekintza amaitu badute, prestakuntza praktikoaren modulua amaitu gabe (14.3 artikuluaren c) atala).
3.6 artikuluaren b) atalean aipatzen diren prestakuntza-ekintzen kasuan, 10 partaideren orduen arabera kalkulatuko da adierazlea.
b) Ez-betetze partziala: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako dirulaguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du.
Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:
– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean, B moduluak eragiten duen zenbatekoaren gainean.
– Deialdiaren 5.3.2 artikuluan aipatutako 45 dirulaguntza-lerro handietako batean aipatutako adierazlea helburuen % 25era iristen ez bada, lerro horretan emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da.
– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzetan, praktiketan hasi ez diren ikasleak praktikak egin behar dituzten ikasle guztien % 30 baino gehiago badira, prestakuntza-ekintza horretarako emandako dirulaguntza itzuli beharko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio enpresa edo entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean, ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epealdi hori borondatezkoa izango da.
Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.
24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.
Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
25. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, legearen kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
2.– EGF+k kofinantzatuta egonda, onuradunak erregelamendu komunitario hauetan xedatutakoa bete beharko du:
– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamendua. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere.
– 2021/1057 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duena eta 1296/2013 Erregelamendua (EB) indargabetzen duena.
3.– Prestakuntzaren arloan, deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren aurka ez doan horretan.
Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez:
– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.
– 3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzkoa.
– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua arautzen duena.
26. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.
Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.