Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2024ko ekainaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3097

74/2024 DEKRETUA, ekainaren 11koa, zeinaren bidez Bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun immaterial deklaratzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Bertsolaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan duen interes kulturala ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, eta aplikatu beharreko araudian xedatutakoari jarraituz, Kultura sailburuordeak, 2023ko urriaren 23ko Ebazpenaren bidez (2023ko urriaren 30eko EHAA, 207. zk.), bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun immaterial deklaratzeko espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen.

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua arautzen duen urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, kontseilu horrek, ekainaren 4an egindako bilkuran, Bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun immaterial deklaratzearen aldeko txostena eman zuen.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko ekainaren 11n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Bertsolaritza, Euskal Autonomia Erkidegoan, babes bereziko kultura-ondasun immaterial deklaratzea, dekretu honen eranskinean jasotako kontzeptuekin eta babes-, sustapen- eta hedapen-neurriekin bat etorriz.

2. artikulua.– Araubide espezifikoa.

Kontuan hartuko da Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen VII. tituluko III. kapituluan kultura-ondasun immaterialetarako ezarritako babes-araubide espezifikoa.

3. artikulua.– Kategoria.

Babestutako ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 11.b) artikuluan aurreikusitako «bertsolaritza» kategoriaren barruan dago.

4. artikulua.– Argitalpena.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jakinarazpena.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango die Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari, Eudeli eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bertsolaritza inskribatuko du Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan, zeina Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroari buruzko urtarrilaren 11ko 6/2022 Dekretuan aurreikusten baita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dezakete, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 11n.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA

1.– Identifikazioa.

a) Izena: Bertsolaritza.

b) Eremu geografikoa: Hiru Lurralde Historikoetan.

2.– Kategoria.

Euskadin, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2.3 artikuluan azaltzen da kultura-ondare immateriala zer den:

«Kultura-ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura-ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena».

Legearen 11. artikuluak, EAEko «Bertsolaritza» euskal kultura-ondarea osatzen duten kategorietako bat bezala aurreikusten du. Legearen 8.1.a) artikuluan ezarritakoa aintzat harturik, babes berezia jasoko dute EAEko kultura-ondasun immaterial nabarmenenek.

3.– Espazio-esparrua eta denbora-esparrua.

Bertsolaritza euskarazko ekintza izanik, euskara hitz egiten den lekuetan egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean (Frantziako Euskal Herrian); diasporako euskaldunen artean ere egon dira eta badaude bertsolariak, esaterako Amerikan. Datuen arabera, Gipuzkoa da jaialdi eta ekitaldi gehien antolatzen dituen lurraldea, horiek lekuko errealitate soziolinguistikoari erantzuten baitiote.

Denbora-esparruari dagokionez, bertsolaritza urtean zehar aurrera eramaten den ekintza da, jaialdi, txapelketa, festa, lagunarte edo bestelako ekitaldietan. Baina aipatu beharra dago, azken urteotan garrantzia berezia hartu duela Bertsolari Txapelketa Nagusiak, beste edozein ekitaldiren gainetik, 4 urtean behin antolatzen dena.

4.– Deskribapena eta elementuak.

Izendatzeko moduari dagokionez, EAEn bertsolaritza izenarekin agertzen bazaigu ere, beste lurraldeetan bertsularitza edota pertsularitza izenarekin ere ezaguna da.

Euskarazko eta gaztelaniazko hitzaren erroa berdintsua izan arren, itzulpenaren esanahiari dagokionez, ezberdinak dira eta gauza ezberdinak adierazten dituzte. Gaztelerazko «verso» delakoak poesiaren lerro bat adierazten du; euskarazko «bertso» delakoak, aitzitik, estrofa oso bat.

Bertsolaritzak bi tradizio nagusi ditu: idatzia eta bat-batekoa. Biek garrantzia izan duten arren, gaur egun bat-batekotasuna gailendu da. Bat-bateko bertsolaritza hau jendaurrean eta euskaraz eginiko ekintza poetiko-musikala da.

Bertsolaritzaren jatorria argi ezarri ezin bada ere, argi dago Erdi Aroko ahozko literatura aberatsarekin lotuta dagoela; izan ere, Europa osoan lekukotza ugari daude, hainbat metrikatan. Lirika tradizional horren barruan, nabarmentzekoa da koplen aberastasuna, horietako asko gaur egunera arte iritsi baitira, adibidez Marijesiak; edo hainbat eskerako kanta, hala nola Santa Ageda bezperakoak eta abar. Horiek guztiak ahozko literaturaren erakusgarri dira, garai batean gure ingurunean guztiz zabaldua zegoena eta gure egunetara sendotasunez iristeko gai izan dena.

Dokumentuei dagokienez, euskal iturri idatzien eskasiak Foru Berrira (1526) garamatza. Bertan, gaitzespen gisa, emakumeek egindako hainbat jardunbideren testigantza ematen da, eta aipatutako ahozkotasun horretan kokatu beharko litzateke. Ildo beretik doaz Esteban de Garibai eta garaiko beste egile batzuk ere.

Hala ere, XVIII. mendearen amaierara eta XIX. mendearen hasierara arte itxaron behar da erreferentzia zehatzak eskuratu ahal izateko. Garai horretan bertso-paperak agertu ziren, bertsolariek sortu, transkribatu eta saldutako bertso idatziak ezagutzeko aukera eman dutenak. Horiei esker, hainbat bertso eta historiako pasarte ezagutu ahal izan dira.

Bertso-paperen testuinguru honetan, bertsoak interpretatu edo ulertzeko gutxienez hiru modu daudela esan dezakegu: lehenik, bertsolaria bere garaiko prozesu sozialak hauteman eta bertsoen bidez aurkezten dituen elite kultural bateko partaidetzat har dezakegu; bigarrenik, bertsolariaren jatorri herrikoia kontutan hartuta, bere ekoizpena herritar xeheen interes eta kezken azterketan murgiltzeko modu bat da; hirugarrenik, eguneroko gaiekin inguruko pertsonak baino interesatuagotzat jo daiteke, gertakariei buruz iritzia ematen duelako eta, beraz, gizarte-eragiletzat ere hartu daiteke.

Ekoizpen mota honen urrezko aroa XIX. mendearen erdialdetik Gerra Zibilera arte izan zen, batez ere Gipuzkoan. XX. mende hasieran, bertsolaritza mota berri baten oinarria jarri zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen edizioarekin. Horrek egituratu eta antolatu egin zituen saioak, baita laburtu ere. Gerra Zibilarekin eta Francoren diktadurapean, zentsura izan zen nagusi, eta txapelketa ez zen itzuli 1960 urtera arte, Euskaltzaindiaren eskutik. 1986tik aurrera, Bertsozale Elkarteak antolatzen du txapelketa, lau urtean behin.

Bertsolaritza gehienbat testuinguru sozial batean egiten da, bat-batekotasunarekin erlazionatuta: lagunarteko eta familiako eremu pribatuan, baina bereziki eremu publikoan, jaialdi eta ekitaldi anitzetan. Forma desberdinak dauden arren, bi eragile nagusi ditu: batetik, bertsolariak; bestetik, bertsolariek lortu duten publikoa, ikuskizunetara joaten diren zaleak. Eta beste ekitaldi batzuetan, gai-jartzaileak eta epaimahaia ere gehitu beharko genituzke.

Ekitaldi mota desberdinak dauden arren, gaur egun hurrengo saio motak dira nagusienak: jaialdiak, lagunartekoak (bertso bazkari edo afariak), plaza libreko saioak eta bat-bateko bereziak (musikatuak, tramak...). Azken urteetan, formatu berri eta esperimentalak ere sortu dira, beste arte batzuekin harremanetan, adibidez antzerkia, musika edo dantza. Horiez gain, lehen aipatu bezala, txapelketak egiten dira, maiztasun ezberdinez, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean. Horietan txartela lortzen dutenek parte hartzen dute txapelketa ezagunenean, hau da, Bertsolari Txapelketa Nagusian.

5.– Komunitate eramailea eta transmisioa.

Komunitate eramailea, alde batetik, bertsolariek osatzen dute eta, bestetik, bertsozaleek eta beste eragileek (gai-jartzaileak, ikerlariak, kazetariak eta abar). Bertsolaritzaren inguruko erakunderik adierazgarriena Bertsozale Elkartea da. 1986ko Bertsolari Txapelketa antolatu eta urtebetera, Euskal Herriko Bertsolarien Elkartea sortu zen, eta 1995ean Bertsozale Elkarte bilakatu zen. Funtsezko erakundea da dokumentaziorako, ekitaldiak antolatzeko, irakaskuntzarako, bertsolaritza sustatzeko...

Bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititu da modu naturalean, bai familian, bai lagunartean. Denborarekin, ordea, transmisio-modu honi beste batzuk gehitu zaizkio, horien artean garrantzitsuena, bertso-eskola. XX. mendearen bigarren erdialdean sortu ziren lehenengoak, bertsolari eta zale batzuen eskutik; gaur egun, 117 daude, 98 Euskadiko Autonomia Erkidegoan.

6.– Arriskuak eta babes-, sustapen- eta hedapen-neurriak.

Bertsolaritza guztiz euskaraz egiten den ekimena izanik eta euskara hizkuntza gutxitua dela kontutan izanik, euskararen erabileraren beherakada da arriskurik nabarmenena. Izan ere, jendartea zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta bertsozaletasun handiagoa baitago.

Babes-neurriei dagokienez, hurrengoak proposatzen dira:

– Komunikazio- eta publizitate-kanpainak sortu eta bultzatzea.

– Ikerketak eta jardunbide egokiak sustatzea.

– Aintzatespenak eta transmisio-planak sortu eta bultzatzea.

– Prestakuntza-programei, zabalkundeari, dokumentazioari eta adierazpen-modu hori aztertzeari laguntza ematea, bai eta beste eremu batzuetatik egin daitezkeen ekimenei ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoa gainditzen duen jarduera kulturala izanik, 6/2019 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatu bezalako lankidetza-akordioa sustatzea Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Hirigune Elkargoarekin, kultura-ondarearen alorrean (errealitate eta afinitate historikoak, kulturalak eta linguistikoak kontuan hartuta).

– Beste administrazioekin hitzarmenak egitea, adierazpen horren esparru globalean jarduerak sustatzeko.

– Adierazpen horren jatorria eta bilakaera ikertuko duten beste kultura-arlo batzuekiko eta ezagutza-arloekiko harremanak eta ikasketa-programak areagotzea.


Azterketa dokumentala