126. zk., 2024ko ekainaren 27a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3096
EBAZPENA, 2024ko ekainaren 6koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Usurbilgo geltoki berria seinaleztatzeko proiektua».
Geltokien artean homogeneotasunik ez zegoenez, ETSk bere trenbide-sareko geltokiak ahal zen neurrian estandarizatzea zuen helburu. Horretarako, hainbat geltokiren eraikuntza-proiektuen idazketa kontratatu zen, bai eta ETSko trenbide-geltokietarako Diseinu Eskuliburu bat ere.
Kontratu horren esparruan, 2010ean Usurbilgo (Gipuzkoa) geltokia modernizatzeko eraikuntza-proiektua idatzi zen, Bilbao-Donostia linean. Geroago, 2022ko apirilean, Usurbilgo geltokia eraikitzeko proiektuaren eguneraketa idatzi zen.
Usurbilgo geltoki berria eraikitzeko proiektuaren eguneraketan aurreikusitako jarduketen laburpen gisa, geltoki berri bat eraikiko da lehendik dagoenaren ondoan, nasa berriekin eta trenbide eskema berri batekin.
Proiektu honek, seinaleztapen- eta komunikazio-instalazioei dagokienez, lehen lau faseetan Usurbilgo geltokian aurreikusitako lanak direla-eta egin beharreko jarduketak jasotzen ditu.
Aurreko proiektuak egin beharreko obra zibileko lanak definitzen ditu, baina ez ditu gainerako faseetarako seinaleztapen- eta komunikazio-instalazioen esparruko beharrak aztertzen.
Ondorioz, beharrezkotzat jotzen da lizitazio honen xede diren bi (2) instalazio-proiektuak idaztea, gutxienez:
• Usurbilgo geltoki berria seinaleztatzeko proiektua (ebazpen honetan onartutako proiektua).
• Usurbilgo geltoki berriaren komunikazio proiektua.
«Usurbilgo geltoki berria seinaleztatzeko proiektuaren» helburua da geltoki berrian seinaleztapen-instalazioak ezartzeko horniduren eta lanen baldintza teknikoak deskribatzea eta finkatzea, Usurbilgo geltoki berria eraikitzeko proiektua erreferentziatzat hartuta.
Bilbao-Donostia ETS lineako Aia-Orio–Usurbil–Lasarte tartean eta Amarako aginte-postuan dauden seinaleztapen-instalazioak dira Usurbilgo geltoki berriaren inguruan seinaleztapen-instalazioak diseinatzeko eta dimentsionatzeko abiapuntua.
Obra zibileko proiektuak 8 gauzatze-fase ezartzen ditu azken konponbidea hartzeko. Lehenengo 4 faseetan egindako seinaleztapen-jarduketak obra zibilaren irismenaren barruan daude, eta azken laurak, berriz, proiektu honen xede dira.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi hirurehun eta berrogeita hamar mila eta hirurehun eta berrogeita bost euro eta lau zentimokoa (2.350.345,04) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hiru milioi hirurehun eta laurogeita lau mila berrehun eta hirurogeita bat euro eta laurogeita hiru zentimokoa (3.384.261,83) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bi milioi zazpiehun eta laurogeita hamasei mila bederatziehun eta hamar euro eta hirurogei zentimokoa (2.796.910,60) da, BEZa kanpo.
Obrak egiteko hamazortzi (18) hilabeteko epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi dute proiektua eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBATZI DUT:
Lehena.– «Usurbilgo geltoki berria seinaleztatzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi hirurehun eta laurogeita lau mila berrehun eta hirurogeita bat euro eta laurogeita hiru zentimokoa (3.384.261,83) da, eta obrak egiteko epea hamazortzi (18) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 6a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.