126. zk., 2024ko ekainaren 27a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (239 KB - 17 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3090
AGINDUA, 2024ko ekainaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, ardoaren sektorerako aparteko dirulaguntzak onartzekoa 2024. urterako, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua (aurrerantzean, JDK) ikurra duten ardoak destilatzeko.
Munduko ardo-merkataritza bizi-bizi suspertu zen COVID-19 pandemiaren ostean, baina ziurgabetasuna nagusi da sektorean azken urteotan, Errusiak Ukraina inbaditu zuenez gero. Inbasio horrek hornidura- eta material-krisia eragin zuen urte hasieran eta nabarmen garestitu ziren energia eta erregaiak ere; faktore horiek biak direla-eta inflazio globala erabat indartu da. Horrek guztiak nahasmen handia eragin dio mahastizaintzako eta ardogintzako merkatuari, eta aldi baterako salbuespenezko neurriak ezarri behar izan dira, Errioxa JDKren babespean EAEn ekoizten den ardoaren izakinak murrizteko.
Egoera bereziki kezkagarria da Errioxa JDKn, saltzeko inongo aukerarik ez duten ardo-soberakinak eta -stocka ari baitira pilatzen upategietan, eta hurrengo uztakoak ere halatsu pilatuko dira. Hortaz, sektorearen egoera gero eta larriagoa izango da, denbora dezente beharko baitu soberakin horiek merkatura ateratzeko, munduko merkataritzan etorriko omen diren hobekuntza eta hazkundea etortzen direnean.
EAE mailan, ardoaren esportazioak murriztu egin ziren 2023ko lehen hamar hilabeteetan, hots, urrira arte, gehiago bolumenean (-% 6,8) balioan baino (-% 3,7). Zifra absolutuetan, esportazioak 36 milioi litrokoak izan ziren (-2,6 milioi) eta 182,6 milioi eurokoak (-7 milioi). 2022arekin alderatuta, joerak okerrera egin du balioari dagokionez, baina beherakada ez da hain latza izan bolumenean, inflazio-maila ere txikiago izatearekin batera.
Gauzak horrela direla, laguntza hauen helburua da egonkortasuna ematea EAEn ardoa ekoizten duten enpresei, gaur egun duten egoeran, Errioxa JDKren babespean dauden ardoetan inoiz ez bezalako soberakinak dituztenez.
Agindu honetan jasotzen diren laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera emango dira. Erregelamendu horrek sortu zen nekazaritza-produktuen merkatuen antolakunde erkidea, eta honako erregelamendu hauek indargabetu zituen: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE). Bada 1308/2013 (EB) erregelamenduak, 216. artikuluaren bidez, ahalmena eman zien estatu kideei ordainketa nazionalak egin ziezazkien ardo-ekoizleei, ardoa nahita edo nahitaez destilatzeko, krisi-kasu justifikatuetan.
Horren inguruan badaude gaikuntza batzuk aurreikusita: urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan, batetik, eta ekainaren 20ko 91/2023 dekretuaren 15 artikuluan (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz eskuera izatekoa dekretuan). Horien arabera, eskatzaile guztiek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte eskabideak, nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.
Horregatik guztiagatik, behar adina zuzkidura badagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean baimendutako kredituen arabera, laguntzen deialdi hau argitaratu da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa aplikatuz.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ezartzen du, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak ezertan eragotzi gabe, sailburuek eskudantzia dutela administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko beren sailari dagozkion gaietan. Horrenbestez, honakoa
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Ontzat ematea ardoaren sektorerako aparteko dirulaguntzetarako 2024ko deialdiaren oinarriak, Errioxa JDK ikurra duten ardoak destilatzeko. Agindu honen I. eranskinean datoz jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.–.
Agindu honetan araututako laguntzak ezin izango dira ez ebatzi ez ordaindu, harik eta Espainian 2024. urterako ardo-krisia destilatzeko ordainketa gehigarriak baimentzen dituen Batzordearen Erabakia Espainiari jakinarazi arte. Jakinarazpen hori elikagaien kalitatearen arloko zuzendaritza eskudunaren titularrak egingo du, ebazpen bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 18an.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta izaera.
1.– Agindu honen xedea da deialdia egitea ardoaren sektoreko 2024ko aparteko laguntzetarako, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespeko ardoak destilatzeko.
2.– Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli behar ez diren horietarikoak izango dira.
3.– Laguntza hauen helburua da egonkortasuna ematea EAEn ardoa ekoizten duten enpresei gaur egun duten egoeran, Errioxa JDKren babespean dauden ardoen soberakin asko eduki ostean.
4.– Honako arau hauek xedatutakoari men eginez emango dira laguntzak: 1308/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, nekazaritzako produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortzen duena, eta 922/1972 (EEE), 234/1979 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) erregelamenduak indargabetzen dituena.
5.– 1. apartatuan jasotako destilazioaren ondoriozko alkohola, soil-soilik, industria- edo energia-helburuetarako erabili beharko da, lehia nola edo hala faltsutzerik ez izateko.
2. oinarria.– Laguntza-lerroa.
Agindu honen 1. oinarrian ezarritako helburua lortzeko, laguntza-lerro bakarra ezarriko da Errioxa JDKren babeseko ardoak nahita destilatzeko.
3. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretatik 7.476.317,17 euroko aurrekontu-kreditua jarri da deialdi honetarako.
Nolanahi, kreditu hori handitzerik badago, % 10 gehienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluan ezarritakoaren arabera. Handitzeko ebazpena Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak emango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitalpenak, baina, ez du eskabide berriak aurkezteko epea abiaraziko, ez eta ebazteko epearen kontaketa berria abiaraziko ere.
4. oinarria.– Onuradunak.
Laguntza hauen onuradun izan daitezke EAEko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan (NEIE) aktibo dagoen establezimenduren bat duten ardogintza-enpresak, betiere establezimendu aktibo horretan Errioxa JDKren babesean dagoen ardoa ekoizten badute.
5. oinarria.– Eskakizun orokorrak.
Onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Eskakizun horiek, aldi berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko inguruabar eragozleak jasotzen dituzte. Honako hauek dira:
1.– Ez egotea krisiak jotako enpresatzat hartuta, 2019ko abenduaren 31n, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetan ezarritako definizioaren arabera (kategorien araberako salbuespen-erregelamenduan xedatutakoari lotuta).
2.– Ez egotea bete gabeko berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabakita badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta ezin dela barne-merkatuarekin bateratu.
3.– Ez egotea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera kondenatuta epai irmo bidez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
4.– Ez edukitzea inongo borondatezko konkurtso-deklaraziorik eskatuta; ez egotea inongo prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta; ez egotea konkurtsoan deklaratuta, non eta ez badu horretan eraginkortasuna hartu hitzarmen batek; ez egotea esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez egotea desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, salbu eta konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu bada.
5.– Ez eragin izana Administrazioaren egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmorik, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
6.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak ez egotea honako inongo egoeratan: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
7.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin, hau da, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoarekin; eta egunean izatea EAEko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrak. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
8.– Ez izatea egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.
9.– Egunean izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
10.– Ez egotea inongo ebazpen irmoz zehatuta, eta, beraz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galduta. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
11.– Pertsona fisiko edo juridikoa, publiko zein pribatua, ez egotea zehaztuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.
12.– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
13.– Elkarteen kasuan, ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita. Era berean, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zigor-arloko arau-hauste baten zentzuzko zantzuak dituztela-eta, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda duten elkarteak, harik eta ebazpen judizial irmoa batek dagokion erregistroan inskribatzeko aukera eman arte.
14.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako epean egitea ordainketa. Eskatutako laguntzaren zenbatekoa 30.000 eurokoa edo handiagoa denean, eskatzaileak IV. eranskinean deskribatutako dokumentua erantsi beharko dio eskabideari.
15.– Pertsonek edo entitateek lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoen edo datu-transmisioen bidez justifikatuko dute oinarri honetako 3. apartatutik 13. apartatura bitartean ezarritako baldintzak betetzen dituztela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen erregelamendu-araudian ezarritakoa betez, edo administrazio-ziurtagiriaren bidez, edo, bestela, agiri hori ezin badu eman agintaritza eskudunak, agindu honen II. eranskinean aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
6. oinarria.- Aplikazio-eremua.
EAEn ekoitzitako ardoa nahita destilatzeko laguntza ezartzen da, Errioxa JDKren babesean ekoitzitako ardo beltz eta gorrietarako, baldin behar bezala aitortu eta babestuta badaude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 93.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Laguntza horrek erakunde onuradunek 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko azaroaren 20ra bitartean eginiko destilazioa jasoko du, bai eta 2023ko ekitaldian nahita egindako destilazioa ere, baldin eta ez bazuen laguntzarik jaso Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko uztailaren 26ko Aginduaren esparruan. Agindu horren bidez onartu ziren Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespean dauden ardoak destilatzeko ardoaren sektorerako 2023rako ezohiko laguntzak.
7. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Errioxa JDKren esparruan ekoitzitako eta EAEn egindako ardo destilatuaren litro bakoitzeko laguntzaren balioa honako hau izango da:
a) Ardo beltza: 0,958 euro/litro.
b) Ardo gorria: 0,865 euro/litro.
2.– Eskabidean, litrotan zenbat destilatzea aurreikusten den zehaztuko da.
3.– A priori, destilatu daitekeen gehieneko litro kopurua honako hau izango da:
– Errioxa JDKk babestuta 2023an EAEn ekoitzitako ardoaren guztizko ekoizpenaren % 100, baldin eta 250.000 litrotik beherakoa bada
– Errioxa JDKk babestuta 2023an EAEn ekoitzitako ardoaren guztizko ekoizpenaren % 50, baldin eta 250.000 litro edo gehiago eta 500.000 litro baino gutxiago badira.
– Errioxa JDKk babestuta 2023an EAEn ekoitzitako ardo guztiaren % 20, baldin eta 500.000 litro edo gehiago badira.
Haatik, ehuneko horiek handitu edo txikitzerik izango da funtsen arabera edo destilazio-eskaerei erantzuteko ezina badago, eta eskaera guztiei igoera edo murrizketa horizontala aplikatuko zaie, honako ehuneko hauen arabera:
– 250.000 litro baino gutxiago egiten dituzten upeltegiei: % 5eko murrizketa mailakatua.
– 250.000 litro edo gehiago eta 500.000 litro baino gutxiago egiten dituzten upeltegiei: % 2,5eko igoera/jaitsiera mailakatua.
– 500.000 litro edo gehiago egiten dituzten upeltegiei: % 1eko igoera/jaitsiera mailakatua.
4.– Ardogintza-kooperatiben kasuan, 2023an EAEn ekoitzitako eta babestutako ardoaren ekoizpen osoaren % 100 destilatzerik izango dute kooperatibek hasiera batean, eta % 5eko murrizketa mailakatua aplikatuko zaie gero, eskuragarri dauden funtsen arabera.
5.– Upategi batek ez badu ardorik egin 2023an, kontseilu arautzaileari aurkeztutako azken uztaren urtea hartuko da erreferentziatzat.
6.– 2023an egindako destilaziorako laguntza eskatu bada baina ez bada jaso, destilatzeko gehieneko bolumena 2. puntuan ezarritakoa izango da.
7.– Upategi berean egin diren eta aurretiazko merkataritza-jarduera baten bidez egindako erosketa batetik datozen ardoak soilik hartuko dira destilatzeko moduko gisa.
8.– Eragiketa horren ondoriozko kopurua ordainketa bakarrean ordainduko da, destilazioa gauzatu dela egiaztatu ondoren.
8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntza eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, oinarri honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bidez. Ezinbestekoa da elektronikoki aurkeztea eskabideak, hala agintzen baitute honako arau hauek: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. Artikuluak, eta Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluak.
3.– Enpresa bakoitzeko eskabide bakarra onartuko da. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azken eskabidea soilik izango da baliozkoa.
4.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak izapidetzeko zehaztapenak https://www.euskadi.eus/servicios/1234802 helbidean eskura daitezke. Eskaera-inprimakia ere helbide horretan daude eskura.
Eskaera kanal elektronikoz aurkeztu ondoren, bai izapideak bai jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egitekotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
6.– Laguntzak eskatzeko ereduaren oinarrizko edukia Agindu honen II. eranskinean dago argitaratuta.
7.– Eskabidearekin batera, Agindu honen III. eranskinean zehazten den dokumentazio orokorra aurkeztu beharko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako eskakizunei buruzko IV. eranskina ere.
8.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Sozietate zibilen eta ondasun erkidegoen kasuan, egiaztapen hori egingo zaie parte-hartzaile guztiei. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori; horretarako, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.
9.– Oinarri honen 7. puntuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste edozein administraziotan aurkeztu bada, eta eskatzaileak berariaz adierazten badu dokumentu horietan ez dela inolako aldaketarik egon, eta adierazten badu non, noiz eta zer prozeduraren barruan aurkeztu ziren dokumentu horiek, aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egitekotan, dokumentazioa aurkeztu beharko du.
10.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daitezke laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntzen eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak agiriak aurkezteko aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
11.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
12.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatzerik izango du eskatzaileari.
9. oinarria.– Laguntzen prozedura eta kudeaketa.
1.– Laguntzak emateko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritako lehiaketaz besteko lehia-prozedura bat izango da. Prozedura horretan, Agindu honetan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzen duten eskabideak izango dira laguntzak jasotzeko moduan, epe barruan eta egoki egindakoak badira. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa 6. eta 7. oinarrietan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.
2.– 3. oinarrian adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa balitz hasiera batean adierazitakoaren arabera kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dagozkion zenbateko horien dirulaguntzak esleituko dira. Zuzkidura ekonomikoa ez bada nahikoa eskabide guztiei eskatutakoaren neurrian erantzuteko, laguntza horietako zenbateko ekonomikoa eskaera horien artean hainbanatuko da, laguntza-ehunekoaren murrizketa aplikatuz, zuzkidura hori nahikoa izan arte.
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egiaztatuko dute eskabide bakoitzak agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela. Era berean, 7. oinarrian ezarritako irizpideen betetze-maila ebaluatuko dute, eta, txosten bat egingo dute irizpide horietan oinarrituta, irizpideon haztapena eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren kalkulua adierazita.
10. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– 9. oinarrian aipatutako txostena kontuan hartuta, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza jasotzeko proposatzen den eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.
Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan —ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik—, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
11. oinarria.– Ebazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen bakarra emango du eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:
a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
b) Eskatutako litroak / Diruz lagundutako litroak.
c) Laguntzaren zenbateko osoa.
Ukatutako eskabideei dagokienez:
a) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
b) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.
3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.
Lehiaketa ez den beste norgehiagoka-konkurrentziako prozeduren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena bera jakinarazpentzat hartuko da.
Horrez gain, eta informazio gisa, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta. Informazioa modu elektronikoan helaraziko da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)
Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako data joko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Oinarri honetako hirugarren apartatuan aurreikusitako epea igaro eta interesdunei ez bazaie jakinarazi beren eskabideari buruz emandako ebazpena, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.- Prozedurako ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikaren arloan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
12. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan deitutako laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta horien barruan datoz, halaber, Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak jasotzen dituzte. Honako hauek dira:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunak, laguntza eman zaiola dioen jakinarazpena jasotzen duen egunetik aurrera, hamabost egunetan ez badio berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten, onartu egin duela ulertuko da.
2.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
3.– Dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean justifikatu behar dute betetzen dituztela eskakizunak eta baldintzak, egin dutela jarduera eta bete dutela helburua: hau da, gauzatu dutela dirulaguntza emateko erabakian oinarri izan dena.
4.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
5.– Beste edozein administrazio, ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.
6.– Berri hori jakin bezain laster eman beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
7.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman dion entitateari.
8.– Berri hori jakin bezain laster eman beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
9.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, egunean dituela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean. Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen betebeharra betetzen dela, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe. Berariaz uko egiten dionean, onuradunak egiaztatu egin beharko du alderdi hori.
10.– Nortasun juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
11.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.
12.– Lege honen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.
13.– Lege honen 36. artikuluan adierazitako kasuetan, jasotako funtsak edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina itzultzea.
14.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
15.– Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.
16.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
17.– Laguntza ematea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.
13. oinarria.- Destilazioaren justifikazioa eta ordainketak.
1.– Destilazioa gauzatu dela frogatzen duen ordainketa-eskabidea aurkeztu ostean ordainduko da laguntza.
Destilazioa 2024ko azaroaren 20a baino lehen egin beharko da, eta behar bezala justifikatu beharko da egunean zenbat alkohol ateratzen den. Horretarako, baimendutako destilatzaileak ziurtagiria aurkeztu beharko du, non honako hau jaso beharko den: destilazioaren datak, atera den alkoholaren kantitatea eta maila bolumetrikoa eta hartzailea nor den, eta ziurtatu beharko da alkohol hori helburu industrial edo energetikoetarako soilik erabiliko dela.
2.– Ordainketa-eskabidea eta baimendutako destilatzailearen ziurtagiria 2024ko azaroaren 25a baino lehen aurkeztuko dira, V. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.
3.– Hasieran onetsitako bolumenaren % 60 edo gutxiago destilatu bada, dirulaguntza ez da ordainduko, salbu eta ezinbesteko kasuen edo salbuespenezko inguruabarren ondorioz egiaztatu ahal denean.
4.– Azkeneko 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada, hirugarrenen altaren dokumentua aurkeztu beharko da, laguntza ordaintzekotan; hau da, agiri hori dirulaguntza ordaindu aurretik aurkeztu behar da. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
14. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea
1.– Eskatzaileak atzera egiterik izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Laguntzaren onuradunak eman zaion laguntzari uko egin diezaioke, bai eta emandako dirulaguntza onartu ondoren ere. Hori bai, horretarako, beharrezkoa izango da Administrazioak ezein ordainketarik egin ez izana, eta pertsona edo erakunde interesdunari ez jakinarazi izana ez-betetzea adierazteko prozedura abiarazi dela, edo zehapen-prozedura hasi dela, laguntza-deialdi honen esparruan. Uko egitea adierazteko idazki bat aurkeztu beharko dio onuradunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularrari, eta hark, ebazpen baten bitartez, esanbidez onartuko du uko-egite hori, eta haren prozedura amaitutzat emango du. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
15. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek, gutxienez, ez-betetzeen kausak dira:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
b) Dirulaguntza emateko ebazpenean baldintzarik ezarri bada, haiek ez betetzea.
c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.
d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutako itzulketa-kausaren batean egotea.
2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako edozeinetan egongo balitz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak ez-betetzeagatik eskubidea galtzeari buruzko espedientea egin ondoren —espediente horretan, entzunaldia emango zaio interesdunari, 15 eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan—, ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo parte bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari —zer dagokion—, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.
Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
16. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira. Datuen babesari buruzko informazioa eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/
II. ERANSKINA
ERRIOXA JDK-REN BABESPEAN DAUDEN ARDOAK DESTILATZEKO MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZA SEKTORERAKO APARTEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA
Oinarrizko eremu orokorrak:
Titularra.
– Identifikazio-agiri mota.
– Identifikazio-zenbakia.
– Izen-abizenak eta sexua (pertsona fisikoek soilik).
– Erakundearen izena (pertsona juridikoek soilik).
– Helbidea.
– Lurraldea.
– Telefonoak, helbide elektronikoa.
– Harremanetarako pertsona.
– Legezko ordezkaria, izen-abizenak, telefonoa eta NANa.
– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.
– Jakinarazpenen hizkuntza.
– Egoitza fiskala.
– Jarduera nagusia eta lortutako produktuak.
Gainera, destilatzeko eskabideek honako datu hauek ere jaso behar dituzte:
a) Aurreikusitako destilazioari buruzko datuak:
– Destilatu nahi den ardo beltz bolumena (litrotan eta bi hamartarrekin).
– Ardo gorria destilatzeko eskatzen den bolumena (litrotan eta bi hamartarrekin).
b) Erantzukizunpeko adierazpena, honakoa adierazteko:
– Betetzen dituela Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Aginduan ezarritako betekizunak (agindu horren bidez egin zen deialdia 2024ko ekitaldirako ardoaren sektorerako ezohiko laguntzetarako), baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, Administrazioaren esku jarriko duela eskatzen zaionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko laguntza-eskubidea aitortzeak dakarren aldi osoan.
– Ezin hartu daitekeela krisialdian dagoen enpresatzat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
– Sartuta dagoela / Ez dagoela sartuta (markatu dagokiona) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian jarritako ezein itzultze- edo zehapen-prozeduratan.
– Egunean dagoela dirulaguntzen esparruko itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.
– Ez daukala / Badaukala (markatu dagokiona) dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, edo horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabe bizitzetako martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza Dekretuan zehaztutakoari jarraikiz.
– Eskatu duela / Ez duela eskatu (markatu dagokion) konkurtsoa deklaratzea, ez dagoela inongo prozeduratan kaudimengabetzat jota, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez dagoela esku-hartze judizialaren eraginpean edo desgaituta, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-denboraldia amaitu gabe.
– Galdu duela / Ez duela galdu (markatu dagokiona) dirulaguntzak lortzeko aukera, ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Eragin duela / Ez duela eragin (markatu dagokiona) Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Ez dagoela / Badagoela (markatu dagokiona) pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza duena ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargurik ez duela, horietan ezarritako baldintzetan.
– Baduela / Ez duela (markatu dagokiona) egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Elkarteen kasuan, sartuta daudela / ez daudela sartuta (markatu dagokiona) elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura ez dela eten, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, horren bitartez, inskripzioa dagokion erregistroan egin arte.
– Ez dagoela / Badagoela berreskuratzeko agindu baten mende (markatu dagokiona), Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
– Laguntza eman eta hurrengo 3 urteetan ardogintzaren jardunari eusteko konpromisoa hartzen duela.
– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Aurkakoa adierazi ezean, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin izana; baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.
III. ERANSKINA
ERRIOXA JDK-REN BABESPEAN DAUDEN ARDOAK DESTILATZEKO MAHASTIZAINTZAREN ETA ARDOGINTZAREN SEKTORERAKO APARTEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
1.– Erakunde onuradunaren dokumentazioa
a) Pertsona juridikoak:
– Ahalordetze-eskritura.
– Erakundea eratzeko eskritura eta estatutuak, dagokien erregistroak zigilatuak.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, baimen hori berariaz ukatu bada soilik.
– Hala badagokio, Kooperatiben Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria eta indarrean dauden estatutuak.
– 5.3 oinarritik 5.13 oinarrira bitartean ezarritako eskakizunak betetzen dituela baieztatzeko erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluarekin bat etorriz.
b) Pertsona fisikoak:
– NANaren kopia, baimenari espresuki uko egin bazaio bakarrik.
c) Merkataritza-sozietatearen IFK. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, gainera, honako hauen NANa aurkeztu behar da: enpresaren kideak.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, baimen hori berariaz ukatu bada soilik.
e) 5.3 oinarritik 5.13 oinarrira bitartean ezarritako eskakizunak betetzen dituela baieztatzeko erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluarekin bat etorriz.
2.– Destilazio-eskaerari lotutako dokumentazioa. (Erakunde eskatzaileak ez badu 2023an ardorik egin, Kontseilu Arautzailean erregistratu zuen azken ardogintza-kanpainako dokumentazio bera aurkeztuko du).
– Hirugarrenen alta-agiria, azken 5 urteetan ez bada Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso.
IV. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3 BIS ARTIKULUKO BETEKIZUNARI BURUZKO DOKUMENTAZIOA
Onuradunaren edo entitate laguntzailearen izaera lortzeko, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateek ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute betetzen dituztela lege horretan ezartzen diren ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis apartatuan xedatutakoaren arabera.
Betetze-maila egiaztatzeko, honako frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta.
Horrez gainera, b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudiari jarraituz.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako agiri hauetako bat aurkeztu ahal izango dute:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko den ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, uztailaren 5eko 15/2010 Legeak, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duenak, hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen duen informazioaren arabera. Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte baino ez dira izango baliozkoak.
2. Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, adostutako prozedurei buruzko txostena aurkezteko aukera izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, bertan ondorioztatzeko -oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin bati egindako berrikusketa- salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, edo, salbuespenik aurkituz gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, ordainketa-epealdiak betetzeko baldintza bete dela ondorioztatuko da, baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa bada gutxienez.
V. ERANSKINA
DESTILAZIOA EGIN ONDOREN LAGUNTZA JUSTIFIKATZEKO AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Ordainketa-eskaera sinatua, zenbat ardo beltz eta/edo ardo gorri litro destilatu diren adieraziz.
Destilazio-prozesua egin duen entitateak emandako destilazio-ziurtagiria, 6. oinarrian ezarritakoaren arabera.
Destilazioa baimentzen duen agiriaren kopia, Errioxa JDKren Kontseilu Arautzaileak emandakoa.
Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eska diezazkioke enpresa eskatzaileari.