Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2024ko ekainaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3086

AGINDUA, 2024ko ekainaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresetan asistentzia teknikoa emateko laguntzen deialdirako oinarriak onartzen dituena eta horren deialdia egiten duena 2024. urterako.

Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –zeina Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak onartu baitzuen 2024ko martxoaren 5ean– eta Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuaren memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroak mantendu dituzte. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» web-orrian dago argitaratuta, sailari eskainitako espazioaren barruan, eta «Plan estrategikoa» atalean. Enpresa-arloan duen garrantziagatik, kudeaketa aurreratuko tresnen ezarpena errazten jarraitzen da, Euskadiko Gizarte Ekonomiako Enpresetan asistentzia teknikoa emanez.

Gizarte-ekonomiako enpresen gobernantzak eta administrazioak, oro har, ez dute gainerako enpresetan aplikatutakoaz bestelakoa den berezitasunik behar. Ondorioz, kudeaketa eraginkortasunez eginez gero, dagozkion emaitzak izango ditu, eta bazkideei onurak eragingo dizkie. Gizarte-ekonomiaren kasuan, bazkideak langile ere badira. Agindu honen bidez, gobernantza ekonomiko-finantzariorako dauden balio onenen erabilera sustatu nahi da.

Era berean, ingurumen-jasangarritasuna sustatzea eta enpresen digitalizazioa bultzatzea lehentasunezko erreferentzia dira Europar Batasunak exijitutako politika publikoetan. Hori dela eta, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak urteak daramatza laguntzak eskaintzen gizarte-ekonomiako euskal enpresetan ezartzeko, eta aurreko ekitaldietako emaitzak oso arrakastatsuak izan dira.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzunda, Jaurlaritzaren Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua kargutik kentzeko lehendakariaren apirilaren 26ko 16/2024 Dekretuaren 2. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresetan asistentzia teknikoa emateko 2024ko laguntzen oinarriak onartzea; Agindu honen eranskinean jasota daude oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzak hauen mende egongo dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.

Lehendakariaren apirilaren 26ko 16/2024 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak –Lan eta Enplegu Sailaren bitartez– sozietate kooperatiboen eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko asistentzia teknikorako emango dituen laguntzen deialdia egiteko oinarriak onartzea eta horren deialdia egitea 2024. urterako.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

a) Urteko kudeaketa-plana edo aginte-taula integrala egitea eta ezartzea, enpresen egitura ekonomiko-finantzarioa barne.

b) Kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketako aholkularitza espezifikoa jasotzea.

c) Kudeatzailetzari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, kudeatzaileen edo zuzendarien egitekoetan laguntzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jardun-arloekin zerikusia duten zerbitzuak kontratatzea, horien profesionalizazioa areagotzen laguntzeko xedez, merkatuan lehiakortasunari eusteko eta lehiakorragoak izateko giltzarrietako bat delako.

d) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko gomendio zehatzak barne hartzen dituena.

e) Erakundeak eraldatzeko tresna berriak ezartzea.

f) Enpresak digitalizatzeko tresnak ezartzea.

g) Enpresetan ingurumena hobetzeko ekintzak garatzea.

h) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako entitateek aldez aurretik azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, euren entitate elkartuei bermeak emateko beharrezkoa den aldetik.

2.– Ekintzek 2024. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko paragrafoko h) apartatuko ekintzei dagokienez, hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako entitateek euren entitate elkartuei bermeen prestazioa egingo dien entitatearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Ekintzak, gehien jota, 2025eko lehen hiruhilekoan amaitu behar dira.

4.– Dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio entitate eskatzaile bakoitzari, eta, dirulaguntzari loturiko jarduera bakarra egiteko, 5.2) oinarrian jasotako salbuespenarekin.

5.– 2.1.e) oinarrian jasotakoaren ondorioetarako, erakundea eraldatzeko tresna berritzat joko dira pertsonak enpresen funtsezko ardatz egituratzaile gisa hartuta eredu hauetakoren bat ezartzen dutenak:

a) Antolamendu-eredu malguak eta sarekoak: enpresa-eredu tradizionala (piramidala, taylorista) erakunde malguago bilakatzea, inguruneko aldaketetara egokitzeko.

b) Kontziliazioa kudeatzeko sistemak: interes sozialak, enpresarialak eta pertsonalak uztartzen dituzten tresnak.

c) Pertsonen garapen-eredua: pertsonen gaitasunak ezagutzea, haien hobekuntza-arloak hautematea eta hazkunde-aukerak identifikatzea ahalbidetzen duten tresnak, gaur egun eta etorkizunean enpresan duten eginkizunaren barruan.

d) Gatazkak kudeatzeko tresna aurreratuak.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2.1 oinarriaren a), b), d), f) eta g) apartatuetako kasuetan, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundu daitekeen proiektua egiteko behar den aholkularitzaren gastuak edo aholkularitza-entitateen gastuak izango dira. Oinarri horretako h) kasuari dagokionez, bermeak eratu aurretiko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egiteko behar diren gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeenak. c) apartatuari dagokionez, aipatutako zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, adjudikatzeko prozedura eta emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta berrogei mila (440.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun eta hirurogeita lau mila (264.000) euroko ordainketa-kreditua 2024ko ekitaldirako, eta ehun eta hirurogeita hamasei mila (176.000) euroko konpromiso-kreditua 2025eko ekitaldirako.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketarik gabeko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren Agindu honetako 11. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko.

4.– Hornidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak ordaintzeko, eta 5.1 oinarrian zehaztutako kolektiboetakoren batean entitate onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, soberan dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.

5.– Aurreko aukeretako bat ere gertatzen ez bada, murrizketa proportzionala aplikatuko da kalkulatutako zenbatekoetan, bereizita, talde bakoitzerako.

5. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte Agindu honetan aurreikusitako laguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Kooperatiba eta lan-sozietateak: 2.1 oinarriko a) apartatutik g) apartatura bitartean sartutako jardueretarako.

b) Gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-entitateak.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-entitateek eskaera bat aurkeztu ahalko dute, elkartutako enpresak batzen dituena, diruz lagundutako kudeaketa-tresnaren bat egiteko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du entitate elkartu edo federatuentzat, eta elkarte-entitateak berak ordainduko du Administrazioak bere gain hartu ez duen kostua. Eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, baldintza orokor edo berezi guztiak betetzen dituzten enpresak edo entitateak soilik hartuko dira kontuan, laguntza-eskabidearekin lotutako lerro partikularraren arabera.

3.– 2.1 oinarriko a), f) eta g) apartatuen kasuan, kooperatiba edo lan-sozietate onuradunak azken bost urteen barruan eratuta edo eraldatuta egon beharko dira; epe hori 15 urtekoa izango da 2.1.d) oinarriko kasuetan.

4.– 2.1 oinarriko a), c) eta e) apartatuen kasuetan, enpresan 100 langile baino gutxiago egon beharko dira. 2.1. oinarriko f) eta g) apartatuen kasuetan, enpresan 10 langile baino gutxiago egon beharko dira.

5.– 2.1 oinarriko a), b), c), d), e), f) eta g) apartatuen kasuetan, kanpoko aholkularitza-entitate baten edo gizarte-ekonomia ordezkatzen duen entitate baten aholkularitza eduki beharko da.

6.– 2.1 oinarriko a), b), c), d), e), f) eta g) apartatuen kasuetan, ezin izango dute aurretik laguntza publikorik jaso antzeko kudeaketa-tresnak ezartzeko.

7.– 2.1.d) oinarrian jasotakoaren ondorioetarako, egoera hauetako batean daudela egiaztatzen duten enpresak hartuko dira zailtasunak dituzten enpresatzat: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahuldu edo desagertzea.

6. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honen bidez iragarritako laguntzen onuradun izateko, entitate eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte. Hori guztia, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (Agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.

c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

d) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

e) Hala badagokio, Agindu honetan ezarritako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian eskuratu diren de minimis laguntzen berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

f) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

h) Konpromisoa adieraztea enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako betekizunak betetzea beharrezkoa da onuradun izatera iristeko, eta, orobat, onuradun izaten jarraitzeko dirulaguntza likidatu arte. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

7. oinarria.– Aholkularitza-entitateak.

Baldintza hauek bete behar dituzte 3. eta 5. oinarrietan adierazi diren kaudimen aitortuko aholkularitza-entitateek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:

a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea beren jarduera.

b) Jardueraren ardatza enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, batez ere gizarte-ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak (kasu guztietarako, 2.1.b) oinarrian jasotakoa salbu). 2.1.d) oinarriaren ondorioetarako, zailtasunak dituzten eta desagertzeko arriskuan dauden gizarte-ekonomiako enpresen azterketan daukaten esperientzia egiaztatu beharko dute.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia daukala egiaztatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten entitateekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez. Betekizun hau ezin izango zaie ezarri 5.1.b) oinarriko entitateei.

8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0036522

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

5.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0036522

6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

8.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetzerik egongo da eta, horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroen inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

9.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.

9. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak gauzatzeko aurreikusitako justifikazio-memoria eta lan-plana. Bertan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

b) Horretaz gain, 2.1 oinarriko jarduera guztiei dagozkien eskabideek (2.1.h) oinarriko jarduerei dagozkienak salbu), honako hauek ere bidali beharko dituzte:

– Agindu honen 7. oinarrian adierazitako entitate baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskabide irmoaren agiria, entitate horrek aipatu oinarriko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

– 2023ko ekitaldiaren balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

– Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

c) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez duela aholkularitzarekiko edo pertsona fisiko aholkulariarekiko inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez, 5.1.b) oinarriko entitateen kasuan salbu.

– Entitate eskatzailea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari den administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen duela Agindu honetan araututako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.

– Entitate eskatzaileak de minimis araubideari lotutako dirulaguntzarik eskuratu duen, Agindu honetan ezarritako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian.

– Entitate eskatzaileak berdintasun-plana indarrean duela, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Betekizun hori ofizioz egiaztatuko da, gerora Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa kontsultatuz. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak dituela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

– 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, entitate eskatzaileak bitarteko espezifikoak jarri dituela kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

– Indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak betetzen dituela.

– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

d) 2.1.h) oinarriaren kasurako, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, aurkeztutako eskaintzen arteko hautua efizientzia eta ekonomiako irizpideen arabera egingo da, memoria batean berariaz justifikatuz hautua, proposamen ekonomiko abantailatsuenaren aldekoa ez bada.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela 9.1.c) oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

10. oinarria.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkeztu den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

11. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzen zenbatekoak:

a) Agindu honen 2.1 oinarriko a), b), d), e), f) eta g) apartatuetan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke zuzeneko entitate onuradun bakoitzari, baldin eta hamar bazkide baino gehiago baditu, Agindu honen 5.4 oinarrian ezarritako baldintzen arabera, eta hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, entitate onuradun horrek hamar bazkide edo gutxiago baldin baditu.

– Ekintza horietarako entitate onuraduna 5.1.b) oinarrian jasotakoren bat bada, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo du baterako eskabidean jasotako entitate bakoitzak, apartatu honetako baldintza berberetan. Kontzeptu honengatik, entitate onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.

b) Agindu honen 2.1 oinarriko c) apartatuan adierazten diren ekintzetarako: kontratatutako entitate edo pertsonaren jardueraren kostuaren % 50, eta, gehienez ere, hamar mila (10.000) euro zuzeneko entitate onuradunarentzat.

c) 2.1.h) oinarriko jardueren kasuan, aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 emango da, baina diruz lagundutako jarduera bakoitzeko, gehienez ere hogei mila (20.000) euro emango dira.

12. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein administrazio edo erakunde publikok emandakoekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta Agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak Administrazio honetatik edo beste administrazio edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta Agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo Agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– Bateraezinak izango dira Agindu honetako laguntzak eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak gizarte-ekonomian ekiteko 2024ko deialdiari buruzko Aginduaren barruan kudeatzen dituen laguntzak.

13. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako teknikariei dagokie Agindu honetan aurreikusitako laguntzak aztertu eta kudeatzea.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ebazpenean, dirulaguntza eman zaion pertsona eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, berariaz adieraziko dira, hala badagokio, xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zein xedapenen babesean eman den eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideak ezetsi direla ere.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, Aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, Agindu honen babesean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

14. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 40, 2025eko aurrekontuen kargura, diruz lagundutako ekintzak amaitu eta behar bezala justifikatzen direnean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, entitate onuradunak egindako jardueren memoria eta egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Horretarako, diruz lagundutako jarduerari egotzitako ordainagirien kopia elektronikoak aurkeztuko ditu. Egindako lanen kopia ere aurkeztu beharko du. Justifikazio-dokumentazioan, diruz lagundutako jardueraren gastuaren zenbateko osoa (% 100) jaso beharko da, eta ez da emandako dirulaguntzaren zenbatekora mugatuko.

3.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera, eta 2025eko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da beti dokumentazio hori.

4.– Dirulaguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako kostu errealekin, eta ordaindutako jatorrizko fakturen kopia elektronikoen bidez edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.

5.– Entitate eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza kobratu ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa helbide honetan egin daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

15. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek konplitu beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza zertarako eman zaion, jarduera hori egitea.

c) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

d) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.

e) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da komunikazioa, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da komunikazioa, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.

i) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

j) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

k) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.

l) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

m) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

16. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Aldatzeko aukera hori dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan aurreikusita egotea.

b) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, onuradunak, 14.e oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster komunikatzea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

c) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

d) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

e) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

f) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

17. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen Agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezar daitezkeen baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa ere. Horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

18. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epealdi hori borondatezkoa izango da.

Itzulketa-prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabete izango da.

c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoak diren legezko arauek xedatutakoari jarraikiz.

19. oinarria.– Datuen babesa.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/0036522

20. oinarria.– De minimis araua.

1.– Agindu honen 2.1 eta 5.1.a) oinarrien babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).

2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jaso dituen de minimis laguntzak deklaratu beharko ditu, ziurtatzeko de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta de minimis laguntzak deklaratzeko eredua Agindu honen 8.5 oinarrian adierazitako informazio-fitxan jasota daude.


Azterketa dokumentala