Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2024ko ekainaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3085

450/2024 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, Zuzendaritza Nagusian Lan Harremanen Arlo Korporatiboko zerbitzuburu lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia argitaratzen duena.

Lan Harremanen Zerbitzu Korporatiboko buruaren lanpostua betetzeko deialdia hutsik geratu da (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren martxoaren 28ko 979/2022 Ebazpena, apirilaren 12ko EHAA, 73. zk.). Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa berria iragartzea erabaki du Giza Baliabideen Zuzendaritza honek, honako atxikipen eta oinarri hauen arabera,

OINARRIAK

1.– Lanpostuaren atxikipena eta funtzioak.

Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Giza Baliabideen Zuzendaritza. Lan Harremanen Zerbitzu Korporatiboa. Lanaldi zatitua. Vitoria-Gasteiz. Euskarako 3. hizkuntza-eskakizuna (2025eko abenduaren 3ko derrigortasun-data).

Eginkizunak:

– Sindikatuekiko eta langileen ordezkaritza-organoekiko negoziazio kolektiboa eta lan harremanak bultzatzea eta akordioen berri ematea.

– Sinatutako akordioak aplikatzetik erator daitezkeen gorabeheren berri eman eta horiek ebaztea, horretarako aplikazio komuneko irizpideak ezarriz.

– Zerbitzu-erakundeetako partaidetza-batzordeetan, komisioetan eta kontsulta-organoetan parte hartzea.

– Zuzendaritza Nagusiari laguntzea lan-harremanen arloan, eta, hala badagokio, baita zerbitzu-erakundeei ere.

2.– Parte hartzeko betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Pertsonal finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, A1/A2 lanbide-taldean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioa izatea, eta lanpostua jabetzan izatea A1 azpitaldean.

b) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia A1/A2 lanbide-taldean.

c) Titulazio akademikoa: Zuzenbideko lizentzia/gradua.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetzako Euskara Planeko gainerako betekizunak.

3.– Kontuan hartu beharreko merezimenduak.

Arlo hauetako esperientzia eta ezagutzak baloratuko dira:

– Ordezkaritza Organoetako prestakuntza eta esperientzia (Mahai Sektoriala/Langileen Batzordeak/Enpresa Batzordeak).

– Gizarte- eta lan-gatazkekin zerikusia duten zerbitzu-erakundeetako kudeaketa- eta Zuzendaritza-arloetan eginkizunak betetzea (gutxieneko zerbitzuak ezartzea greba-deialdian, arrisku psikosozialen aurreko neurriak aztertzea).

– Pertsonen kudeaketaren arloko prestakuntza eta esperientzia.

Era berean, interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkeztu ahal izango dira, lanpostu hori betetzeari balorazioa gehitzen badiote.

4.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da.

5.– Eskabideak aurkezteko epea.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hona helbidea: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek beren datu pertsonal guztiekin bidali beharko dute eskabidea, Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

Dokumentazioak honako forma hau izan beharko du:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile finkoaren izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkoko langile dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea CVen aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak, baina egoera hori izangaiaren eskabidean adierazi beharko da.

6.– Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzorde bat eratuko da, Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketa zuzendariordea edo hark eskuordetutako pertsona buru dela, eta, horrez gain, Giza Baliabideen Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordea, Giza Baliabideen Plangintzako eta Kudeaketako zuzendariordea eta Horniketa zerbitzuko burua (idazkari gisa jardungo duena) izango dira batzordekideak.

Batzordeak, eskaerak baloratu ondoren, eginbide osagarriak egitea erabaki ahal izango du, eta horiek hautagaiei jakinaraziko zaizkie.

Izangaien balorazioa egin ondoren, eta hura aztertu ondoren, proposamena egingo da, dagokion izendapena formalizatzeko. Batzordeak, txosten arrazoitua egin ondoren, hutsik uztea proposatu ahal izango du, izangaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.

Batzordearen bilkura bakoitzaren akta egingo da. Bertan, honako hauek jasoko dira: aurkeztutako izangaiak, egindako eginbide osagarriak (halakorik balego) eta lanpostua haietako bati esleitzeko edo, hala badagokio, deialdia bete gabe uzteko kontuan hartu diren arrazoiak.

7.– Hautaketa-prozedura.

Inola ere ez dira kontuan hartuko deialdia EHAAn argitaratzen den egunean ez dauden merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

8.– Prozedura amaitzen duen ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen bidez amaituko da hemen hasten den prozedura (lanpostua esleitzea edo lanpostua hutsik uztea). Ebazpen hori Osakidetzaren intranetean eta web orri korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatzen ez bada.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 17a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.


Azterketa dokumentala