Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2024ko ekainaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3060

AGINDUA, 2024ko ekainaren 18koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatu eta banatzeko 2024ko ekitaldiko dirulaguntzen oinarriak onartu eta deialdia egiten duena.

Kulturak gero eta pisu handiagoa du herrialde garatuetan. Horrek sortutako barne-produktu gordinetik haratago, kultura-jarduera enplegu sortzailearen, produktu lehiakorraren eta kultura-testuinguruen fokua da, non herritarrek bizitza kulturalean parte har dezaketen edo beren arteen bidez adieraz dezaketen, munduko edozein lekutan beren garapen pertsonala sustatuz. Kultura, kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere dimentsionatzen da, eta gero eta ezaugarri desiragarriagoak ditu mundu-testuinguru berrian.

Azken hamarkadetan, kultura-produktuaren balioa tokiko komunitatearentzako zerbitzutik haratago joan da, eta merkatu-balioa duen sektore ekonomiko bihurtu da, beste sektore batzuen aurrean lehiatzen dena testuinguru global batean. Errealitate berri horren aurrean, kultura-eragileek nahikoa tresna izan behar dituzte lehiatzeko, merkatu global batek behar dituen dimentsio guztietan.

Merkataritza-testuinguru gehiago eta merkatu handiagoak ezartzeko beharra, produktuak eremu fisiko eta digitaletan sustatzeko beharra edo merkataritza- eta komunikazio-terminoetan prestatzeko beharra, eraldaketa digitalak elkarreragin-testuinguru berrietara eraman dituen erronkak dira, tradizionalekin batera bizi direnak eta garatzen jarraitzen dutenak.

Euskadiko kultura-sektoreek, azken urteotan, oso produktu lehiakorra sortu dute, nazioartean sari ugari jaso dituena. Era berean, euskal kultura-eragileek erakutsi dute badituztela gaitasun nahikoak gure produktuak nazioarteko merkatuetara koproduzitzeko edo esportatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak apustu garbia egin nahi du kulturaren arloko profesionalei, euskal sortzaile, ekoizle eta komertzialei, laguntza eta babesa ematearen alde, modu erabakigarrian, merkatu berriak irekitzeko eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzeko, arte eszenikoak eta plastikoak, musika, literatura eta liburua sustatzeko eta merkaturatzeko prozesuei dirulaguntzak emanez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eginkizunak. Funtzio horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.

Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Aginduaren bidez onartutako 2024ko Dirulaguntzen Urteko Planean (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren webgunean argitaratuak) sartuta dago.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastiko profesionalak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko 2024ko ekitaldian dirulaguntzak emateko baldintzak onartzea eta dirulaguntza horien deialdia egitea, betiere dagokion kapituluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 600.000 euro erabiliko dira.

a) Arte eszenikoetarako laguntzak, II. kapituluan ezarritako baldintzetan: 330.000 euro.

b) Musikarako laguntzak, III. kapituluan ezarritako baldintzetan: 168.000 euro.

c) Literaturarako laguntzak, IV. kapituluan ezarritako baldintzetan: 30.000

d) Arte plastikoetarako laguntzak, V. kapituluan ezarritako baldintzetan: 72.000 euro.

2.– Diziplina bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako eskabideek kalitaterik ez dutelako diziplina baterako ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak gehikuntza-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, azken horrek dagokion ebazpena eman dezan, betiere jasotzaile-modalitatea oraindik ebatzi gabe badago. Eskualdaketaren kasuan, eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiena duen modalitateak izango du lehentasuna.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza orokorrak.

1.– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza hauek.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek, eskabidea aurkezten duten unean, alta emanda egon beharko dute beren jarduerari dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigraferen batean (I. eranskinean zerrendatuta daude epigrafe horiek). Pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen edo estatutuen arabera, aurkezten diren laguntza-modalitatearen arabera dagozkien jarduerak garatu beharko dituzte.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izan behar dira.

4.– Hona agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzarik jasotzerik ez dutenak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen pertsona edo erakunde eskatzailea, edo horretarako legezko debekuren baten eraginpean dagoena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako Aurrekontu Orokorren arabera helburu bererako dirulaguntza izendunak esleituta dituztenak.

c) Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

5.– Deialdi honen babesean, eskatzaile berari ez zaio dirulaguntza bat baino gehiago emango.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak, artikulu honetan jasotako baldintza orokorrez gain, laguntza eskatzen duen modalitateko baldintza espezifikoak bete beharko ditu.

4. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona edo erakunde interesdunek eskabide bakarra aurkeztu ahal izango dute deialdi honetan. Pertsona berak eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, lehenengo aurkeztutakoa baino ez da onartuko, sarrera-erregistroaren arabera.

3.– Pertsona fisikoek –autonomo edo eta enpresaburu indibidualek– nahiz pertsona juridikoek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honetako hurrengo puntuan adierazitako helbideen bitartez.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide hauetan daude eskuragarri:

Arte eszenikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111112

Musika: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111113

Literatura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111114

Arte plastikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111115

Eskabidea egin ostean egin beharreko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide hau baliatuz: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta gainerako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen erabilera arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

5. artikulua.– Betekizunen akreditazioa, ekarri beharreko dokumentazioa eta erantzunkizunpeko adierazpenak.

1.– Eskatzaileari buruzko agiriak.

a) Pertsona fisikoen kasuan, eskabidea izenpetzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

b.1.– Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeak: eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez dute inskripzio hori egiaztatzeko agiririk aurkeztu behar.

b.2.– Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako entitateek haien legezko eratzea egiaztatu beharko dute, beren izaera juridikoaren arabera, bai eta pertsona ordezkariaren identitatea ere; gainera, ordezkaritza-ahalorde nahikoa dutela justifikatu behar dute. Horretarako, agiri hauek aurkeztuko dituzte:

– Eratze-eskritura eta estatutuak, eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiria, bai eta haren ordezkaritza-ahalordearena ere.

c) Pertsona fisiko nahiz juridikoentzat:

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzaileek berariaz uka dezakete baimen hori, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak aurka egiten ez badu.

2.– Aurkeztutako proiektuari buruzko dokumentazioa.

Euskadi.eus-en eskuragarri dagoen laguntza-modalitate bakoitzari dagokion inprimakia, behar bezala beteta.

Nolanahi ere, 6. artikuluan aurreikusitako zuzenketa-fasean, unitate kudeatzaileak, proiektuak baloratzeko aitortutako datuei buruzko dokumentu osagarriak eskatu ahal izango ditu.

3.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazioei edo ente publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.

b) Eskabidea egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioa egitearen ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Erakundearen gobernu-organoak deialdian parte hartzea erabaki duela.

d) Eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo agiri horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

7. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da dirulaguntzen organo arduraduna.

Era berean, Zuzendaritza horrek diruz lagundutako proiektuen kontrola eta jarraipena egingo du, eta, horretarako, egoki iritzitako ikuskapen guztiak egin ahal izango ditu, behar bezala gauzatzen direla bermatzeko. Horretarako, onuradunek eskatzen zaien dokumentazio eta informazio guztia eman beharko dute.

8. artikulua.– Balorazio-batzordea eta dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi honetako II., III. eta IV. kapituluetan jasotako modalitateen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, balorazio-irizpideen arabera haien arteko erlazioa ezartzeko. Irizpide horiek eta laguntzak banatzeko prozedura aipatutako moduei dagozkien kapituluetan jasota daude.

V. kapituluan jasotako modalitatearen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia-prozeduraren bidez emango dira. Pertsona edo erakunde onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla soilik hartuko dira aintzat eskabideak, eta ez da beharrezkoa izango eskaeren arteko konparaziorik egitea, ez eta eskaeren arteko lehentasunik ere.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak onartutako proiektuak aztertu eta baloratuko ditu. Horretarako, Balorazio Batzorde bat eratuko da modalitate bakoitzerako, eta honako osaera hau izango du:

Batzorde guztietako lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

Batzorde bakoitzeko bokala:

Arte eszenikoak: Josu Iriondo Arrieta.

Musika: Imanol Arana Ariz.

Literatura: Marta Merino Ortiz de Landaluce.

Arte plastikoak: Arrate González Saez.

Goizalde González Mosteirok idazkari jardungo du, guztietan, hitzarekin baina botorik gabe.

3.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideen aplikazioan oinarrituta, txosten bat egingo du, eta bertan adieraziko ditu ematea proposatzen diren dirulaguntzak, honako hauek adierazita: nortzuk diren onuradun gisa proposatutako pertsonak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa eta dirulaguntza ematea proposatzen den proiektua; eta ukatzea proposatzen direnak, ukatzeko arrazoiak adierazita. Era berean, zein eskabide ez diren onartu e azalduko da.

4.– Deialdiaren kudeaketa organoak, balorazio-batzordeen espedienteak eta txostenak ikusita, behin betiko ebazpen-proposamenak egingo ditu modalitate bakoitzerako.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan modalitate bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena, dagozkion proposamenak ikusita, Kultura sailburuordeak emango du, eta interesdunei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako dirulaguntza guztien zerrenda. Jakinarazpen-datatzat hartuko da lehenik egin den jakinarazpenarena.

2.– Adierazitako epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3.– Jakinarazpena 45. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. eta 43. artikuluetan ezarritakoa.

4.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zeina herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa baiten, sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza, bai eta haren edukira sartzeko data eta ordua ere, eta une horretatik aurrera egintzat joko da jakinarazpena.

Jakinarazpena eskuragarri jarri dela egiaztatzen bada, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpena atzera bota dela ulertuko da, eta izapidea gauzatutzat joko da, prozedurak aurrera eginez, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada ezinezkoa dela irispidea izatea teknikoki edo materialki.

5.– Agindu honetako dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izango da beteta izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan.

10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako mugak errespetatuz, dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

11. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan onartutako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztutako baldintzetan gauzatzea. Hala ere, salbuespen gisa, funtsezko aldaketarik ez dakarten eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari eragiten ez dioten aldaketak sartu ahal izango dira. Horiek idatziz jakinarazi beharko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta hark hamabost eguneko epea izango du, jakinarazpena jasotzen den egunetik zenbatzen hasita, onartzeko edo ez onartzeko. Epe hori berariazko jakinarazpenik gabe igarotzen bada, proposatutako aldaketa onartutzat joko da.

d) Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso badira, horren berri ematea laguntza eman duen organoari.

e) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza berariaz aipatzea, Sailaren logoa argitaraturiko materialean txertatuz, bai argitaratutako materialetan, bai webguneetan, plataforma digitaletan, katalogoetan, programetan, iragarki-karteletan edo diruz lagundutako obrari edo jarduerari buruzko beste edozein materialetan. Material hori Euskal Autonomia Erkidegorako denean, gutxienez bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko da.

f) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

g) Agindu honetan laguntza-modalitate bakoitzerako ezarritakoak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura laguntzak eta dirulaguntzak jasotzearen ondorioz ezarritako beste betebehar eta betebehar batzuk ere. Halaber, pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Agindu honen kontura emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 11.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 50a, eta betiere 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera osoa 13. artikuluan adierazitako moduan egin dela egiaztatu eta behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da.

2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta ordainketak, zergaren araudia aplikatuta legozkiekeenak. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

3.– Laguntzaren onuraduna erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, izapide hori egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez egin ahal izango du: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenak).

13. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa.

1.– Pertsona edo erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera amaitu eta hiru hilabeteko epean, eta 2025eko azaroaren 30era arte:

a) Dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza.

b) Justifikazio ekonomikoko formularioa: diruz lagundutako jarduera gauzatzearen (gastuak eta sarrerak) emaitza ekonomikoa, ahalik eta banakatuena, euskadi.eus-en eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

Diru-sarreren zerrendan, besteak beste, honako hauek sartu beharko dira:

– Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuen egiaztagiri guztien zerrenda sailkatua (nominak, fakturak, tiketak, ordainagiriak), euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak.

e) Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsioen adibideak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

2.– Dirulaguntzaren justifikazioak aurkezteko, kontuan hartu beharko dira agindu honen 4. artikuluan eskabideak aurkezteari buruz jasotako jarraibideak. Era berean, justifikazio-ereduak 4.4 artikuluan aipatutako egoitzetan daude eskuragarri.

14. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 75eraino, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratazioen kasuan, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

2.– Diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko pertsona edo erakunde onuradunak egin behar dituen gastuak kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira.

15. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko arrazoiak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein partez, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera nahitaez bete beharreko beste edozein.

2.– Halako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta bertan ezarritakoa bete ondoren.

17. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Datu pertsonalak tratatuko dira eta Kulturaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

II. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOETARAKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoetako konpainia profesionalek (antzerkia, dantza, zirkua) 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean egiten dituzten ikuskizunak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko gastuak finantzatzeko dira.

2.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren esparruan, aurrekontuan jasotako eta justifikatu beharreko gastuek diruz lagundutako jarduera garatzeko behar-beharrezkoak direnak izan beharko dute, eta deialdi honetan ezarritako epean egin beharko dira. Era berean, Lege beraren 31. artikuluan diruz lagundutako jardueren kontratazioari buruz xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Honako sustapen- eta banaketa-gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu gisa:

– Publizitatea eta komunikazioa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, hedabideen publizitatea).

– Langile-gastuak. Egotzitako gastuek ezingo dute urteko fakturazio osoaren % 15 gainditu.

– Deialdi honen xede den esparruko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina).

– Azoketara joatea.

– Bidaiak eta garraioak.

– Beste banaketa-gastu batzuk.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

19. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza espezifikoak.

1.– 3. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Gutxienez 2 ikuskizun eszeniko profesional ekoiztea eta 40 emanalditik gorako bira egitea antzerkirako eta 30 emanalditik gorako bira dantzarako eta zirkurako, 2019ko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera arte.

b) Sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 7ko aginduaren II., III. eta IV. kapituluetan jasotako laguntzen ekoizpen onuraduna barne hartuta (2024. urtean arte eszenikoak ekoizteko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten du aipatutako aginduak, zeina 2024ko maiatzaren 22ko EHAAn, 99. zk.– koan, argitaratu zen).

2.– Honako hauek ezin izango dituzte kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu:

a) Elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten antzerki-arloko erakunde eskatzaileak.

b) Artikulu honetako 1.b) apartatuan aipatutako 2024ko maiatzaren 7ko Aginduaren V. kapituluan jasotako laguntzen pertsona edo erakunde onuradunak.

20. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbateko osoa 330.000 eurokoa da.

2.– Aukeratutako proiektu bakoitzari gehienez emango zaion zenbatekoa ez da izango 12.000 eurotik gorakoa, ez eta onartutako proiektuaren aurrekontuaren % 75 baino handiagoa ere.

21. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta banaketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Sustapen-planean inplikatutako baliabideak.

a.1.– Autofinantzaketa-maila.

a.2.– Langileen kostuak.

a.3.– Merkaturatzeko eta komunikatzeko langile propioak kontratatzea.

a.4.– Elkartutako edo zerbitzuak emateko akordioak dituzten banatzaileen sarea.

a.5.– Komunikabide eta komunikazio-elementuetan aurreikusitako inbertsioa.

a.6.– Webgune eleaniztuna eguneratuta izatea (euskara, gaztelania eta frantsesa edo ingelesa).

a.7.– Produktuak sustatzeko sare sozialak erabiltzea (Facebook, Instagram, YouTube eta twitter).

a.8.– Ikuslegoarekin lan egitea.

a.9.– EAEtik kanpoko azoka baten programazio ofizialean parte hartzea 2023-2024 denboraldian.

b) Nazioartekotzea.

b.1.– Nazioarteko merkatuetara joatea.

b.2.– Nazioarteko proiektu edo sareetan parte hartzea.

c) Generoa. Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza artistikoan.

d) Euskara. Salmentako ikuskizunetan euskara erabiltzea.

2.– Irizpide bakoitzak izango duen pisu espezifikoa eta hura aplikatzeko erabiliko diren baremoak II. eranskineko taulan daude jasota.

3.– Deialdi honetako 19.1.b) artikuluan adierazitako baldintza betetzen duten pertsona edo erakunde eskatzaileek lehentasuna izango dute agindu honetan jasotako laguntzak jaso ahal izateko; beraz, aurreko irizpideak aplikatzean lortzen den lehentasun-hurrenkeran, baldintza hori betetzen ez duten pertsonen edo erakundeen aurretik egongo dira.

4.– Eman beharreko laguntzen zenbatekoa zehazteko, prozedura hau aplikatuko da:

a) Lehenik eta behin, proiektuak lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira, balorazio-prozesuan lortutako puntuazioaren eta aurreko 3. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

b) Ondoren, banaketaren behin-behineko kalkulu bat egingo da: eskuragarri dagoen kopurua aurreko puntuan aipatutako hurrenkeraren arabera banatuko da, eta, hasiera batean, horietako bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 esleituko zaio, betiere 20.2 artikuluan adierazitako mugen arabera.

c) Aurreko kalkulua egin ondoren soberan geratzen den azken kopuru bat ateratzen bada, hurrengo sailkapena proiektu onuradunen zerrendan sartuko da, eta bakoitzari eman beharreko azken kopuruak berriz kalkulatuko dira, proiektu bakoitzak eskatutako zenbatekoaren proportzio zuzenean.

III. KAPITULUA
MUSIKARAKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak EAEko musika-taldeen edota errepertorioaren % 75 baino gehiago euskaraz dutenen zuzeneko zirkuiturako sustapen-, merkaturatze-, nazioartekotze- eta banaketa-proiektuak finantzatzeko dira, 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean egiten badira.

2.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren esparruan, aurrekontuan jasotako eta justifikatu beharreko gastuek diruz lagundutako jarduera garatzeko behar-beharrezkoak direnak izan beharko dute, eta deialdi honetan ezarritako epean egin beharko dira. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izan.

3.– Proiektuaren aurrekontuan sartu beharreko gastuek bat etorri beharko dute artikulu honen 1. zenbakian aurreikusitako aldian garatu beharreko jarduerekin, eta honako kontzeptu hauen arabera banakatuko dira:

a) Langileak. Enpresa-proiektuetarako, atal honetan egotzitako gastuek ezin izango dute proiektuaren gastuen aurrekontu osoaren % 30 gainditu.

b) Publizitatea, komunikazioa eta banaketa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, publizitatea komunikabideetan, etab.).

c) Deialdi honen xede den eremuko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina...).

d) Zuzeneko musikaren salerosketarekin lotutako azoka eta ekitaldi profesionaletara joatea. Durangoko azoka edo jarduera hori garatzeko berariazko espazio edo jarduera-programarik ez duen beste edozein ekitaldi ez da halakotzat hartuko.

e) Aipatutako jarduerekin lotutako banaketa, bidaiak eta garraioak.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

23. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza espezifikoak.

1.– Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, honako betekizun espezifiko hauek egiaztatu beharko dituzte:

a) Proiektu unitarioak:

Atal honetan musika-talde bakar bati dagozkion proiektuak sartuko dira, baldin eta gutxienez baldintza hauetako bi egiaztatzen badituzte:

a.1.– Gutxienez 2 disko argitaratu izana, eta azkena 2020tik aurrera.

a.2.– Gutxienez 50 kontzertu profesional egin izana, 2020. eta 2023. urteen artean.

a.3.– Proiektuaren xede den musika-produkzioa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren musika-jarduera profesionaletarako deialdiaren 2022ko edo 2023ko edizioan diruz lagundua izana.

b) Enpresa-proiektuak.

Atal honen barruan, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek edo entitateek aurkeztutako proiektuak hartuko dira kontuan:

b.1.– Management eta/edo musika-ordezkaritzaren arloan enpresa-jarduera garatzea, eta inola ere ez elkarte edo fundazioaren forma juridikoaren pean.

b.2.– Zuzeneko zirkuituan banatzeko, gutxienez 4 talde edo bakarlari ordezkatu izana, proiektu musikal berezituekin, 2023an; nolanahi ere, deialdi honen esparruan sartutakoen artean (22.1 artikulua).

b.3.– Zuzeneko zirkuiturako sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea deialdi honetako aldian, 22.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gutxienez bi eta gehienez lau musika-talderentzat.

2.– Artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako sarbide-baldintzak betetze aldera, musika-talde edo -proiektu berriak sustatzen dituzten pertsonen ibilbideari buruzko erreferentziak onartu ahal izango dira, baldin eta haiek behar bezala dokumentatzen badira aurreko taldeetako edo proiektuetako egiletzari edo egilekidetzari buruzko ziurtagirien edo abalen bidez.

3.– Musika-talde bera ezingo da egon hedapen-eskaera edo -proiektu batean baino gehiagotan sartuta.

24. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbateko osoa 168.000 eurokoa da.

2.– Hautatutako proiektu bakoitzari emandako zenbatekoa ezingo da izan onartutako sustapen-planaren aurrekontuaren% 75 baino handiagoa, eta eman beharreko gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

a) Proiektu unitarioak (23.1.a artikulua): 5.000 euro.

b) Enpresa-proiektuak (23.1.b artikulua): 15.000 euro.

3.– Edonola ere, aurreikusitako hautaketa- eta banaketa-irizpideak eta -prozedurak aplikatu ondoren, finkatutako eremu bakoitzerako baliabide ekonomikoen arabera lortuko da laguntza, 25.3 artikuluan zehazten den bezala.

25. artikulua.– Hautaketa- eta kuantifikazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, deialdian sartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten proiektuei honako irizpide objektibo hauek aplikatuko zaizkie:

1.1.– Proiektu unitarioak (23.1.a artikuluan finkatutakoaren arabera).

a) Proiektuaren adierazleak eta baliabideak:

a.1.– Eskaeraren xede den musika-proiektuak dirulaguntza jaso izana Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2022ko edo 2023ko musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntzen deialdietan.

Puntuazioaren atal hau ez zaie kontuan hartuko, musika-ekoizpen berari dagokionez, deialdi honen 2023. edizioan onuradun izan diren musika-taldeei.

a.2.– Sustapenerako pertsonak edo lan espezifikoak kontratatzea.

a.3.– Ikus-entzunezko sustapeneko edo Interneterako berariazko euskarrietan eta elementuetan inbertitzea.

a.4.– Autofinantzaketa-maila.

a.5.– Azoketara edo bestelako ekitaldi profesionaletara joan izana, 2022. eta 2023. urteetan (22.3.d artikuluan ezarritakoaren arabera).

a.6.– Web eleaniztuna edukitzea (euskara eta gaztelania gehi ingelesa –edo beste batzuk–).

b) Proiektuaren xede den musika-taldearen profila eta ibilbidea (edo, hala badagokio, proiektuaren izenean bertan berariaz identifikatutako bakarlariarena).

b.1.– Musika-taldearen antzinatasuna ibilbide profesionala hasten denetik.

b.2.– Argitaratutako diskoen kopurua.

b.3.– 2022 eta 2023 arteko kontzertuen kopurua:

b.3.1.– Euskararen eremuan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa);

b.3.2.– Euskararen eremutik kanpo.

b.4.– Emakumearen parte-hartzea.

b.5.– Euskararen erabilera errepertorioan.

1.2.– Enpresa-proiektuak (23.1.b artikuluan finkatutakoaren arabera).

a) Sustapen-proiektuaren adierazleak eta baliabideak.

a.1.– Eskaeraren xede diren musika-proiektuek dirulaguntza jaso izana Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren musika-jarduera profesionaletarako 2022ko edo 2023ko dirulaguntzen deialdietan.

Puntuazioaren atal hau ez zaie kontuan hartuko, musika-ekoizpen berari dagokionez, deialdi honen 2023. edizioan onuradun izan ziren musika-taldeei.

a.2.– Aurkeztutako aurrekontuaren ratioa 2023an fakturatutako kontzertu-kopuruaren gainean (b.3 irizpidearen adierazlearen arabera).

a.3.– Ikus-entzunezko sustapenerako eta/edo sustapen digitalerako euskarri eta elementuetan inbertitzea.

a.4.– Autofinantzaketa-maila.

a.5.– Web eleaniztuna izatea (euskara eta gaztelania gehi ingelesa –edo beste batzuk–).

a.6.– 2022. eta 2023. urteetan, azoketara edo bestelako ekitaldi profesionaletara joatea (22.3.d artikuluan ezarritakoaren arabera).

a.7.– Emakumearen parte-hartzea (proiektuan sartutako musika-taldeak).

a.8.– Euskararen erabilera errepertorioan (proiektuan sartutako musika-taldeak).

b) Erakundearen bolumena eta jarduera.

b.1.– Erakundeko langileen kopurua.

b.2.– Erakundearen antzinatasuna (lege-erregistroaren urtea).

b.3.– Erakundeak 2022an fakturatutako kontzertuen kopurua (proiektuan sartutako musika-taldeak):

b.3.1.– Euskararen eremuan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa).

b.3.2.– Euskararen eremutik kanpo.

b.4.– Erakundeak antolatutako lanbide-heziketako edo ikusleak sentsibilizatzeko jarduera egonkorrak (2021etik gutxienez identifika daitezkeenak).

2.– Irizpide bakoitzak izango duen pisu espezifikoa eta aplikatzeko erabiliko diren baremoak II. eranskineko taulan daude jasota.

3.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, prozedura honi jarraituko zaio:

3.1– Lehenik eta behin, bi poltsa ekonomiko ezberdin kalkulatuko dira: 23.1 artikuluan deskribatutako eremu bakoitzerako. Horietako bakoitzean erreserbatu beharreko zenbatekoa aurreko atalean aurreikusitako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuek eskatutako zenbatekoen baturaren portzentaje erlatiboaren arabera zehaztuko da.

3.2.– Ondoren, aipatutako eremu bakoitzerako erabili beharreko kopuruaren banaketa kalkulatuko da, kasu bakoitzean honako urrats hauei jarraituz:

a) Proiektuak lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira, balorazio-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

b) Behin-behineko banaketa-kalkulu bat egingo da. horretarako, erabilgarri dagoen guztizko kopurua hurrenkeraren arabera banatuko da; horrela, hasiera batean, proiektu bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 esleituko zaio (betiere, 24.2. artikuluan adierazitako mugen arabera).

c) Aurreko kalkulua egin ondoren gerakin bat aterako balitz, sailkatutako hurrengo proiektua onuradunen artean sartuko litzateke. hori eginda, onuradun guztiei eman beharreko azken zenbatekoak birkalkulatuko lirateke, proiektu bakoitzak eskatutako zenbatekoaren proportzio zuzenean.

IV. KAPITULUA
LITERATURARAKO LAGUNTZAK

26. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak literaturaren sektoreko sortzaileek (idazketa, ilustrazioa, itzulpena) eta argitaletxeak diren pertsonek edo entitateek 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko gastuak finantzatzeko dira.

2.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren esparruan, aurrekontuan jasotako eta justifikatu beharreko gastuek diruz lagundutako jarduera garatzeko behar-beharrezkoak direnak izan beharko dute, eta deialdi honetan ezarritako epean egin beharko dira. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izan.

3.– Aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

– Ekitaldian edo azokan izena ematea.

– Bidaiak eta garraioak.

– Ostatua eta dietak.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

27. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintza espezifikoak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

a) Sortzaileentzat, azken hamar urteetan gutxienez bi liburu argitaratu izana.

b) Argitaratzaileentzat, azken bi urteetan gutxienez bost liburu argitaratu izana.

Eskatzaile batek egilearen eta argitaletxearen baldintzak betetzen baditu, horretarako erreferentziarik onuragarriena erabiliko da.

2.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin izango dituzte eskuratu elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten erakunde eskatzaileek.

3.– Proiektuari buruz aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Proiektuaren fitxa, azken hamar urteetan argitaratutako liburuen kopurua eta egin beharreko jardueren aurrekontua adierazita (euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera).

28. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbatekoa 30.000 eurokoa da.

2.– Eskatzaile bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ezingo da 5.000 eurotik gorakoa izan argitaletxeen kasuan, eta 3.000 eurotik gorakoa sortzaileen kasuan, ezta ere, edozein kasutan, onartutako planaren aurrekontuaren% 75etik gorakoa ere.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak kalkulatzeko, honako muga hauek ezartzen dira:

a) Espainian, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 70 euro ostaturako eta 40 euro dietetarako.

b) Espainiatik kanpo, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 120 euro ostaturako eta 60 euro dietetarako.

29. artikulua.– Hautatzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, irizpide objektibo hauek aplikatuko dira:

a) Egileen edo argitaletxeen ibilbidea (30 puntu, gehienez). Azken urteetan argitaratutako lanak honela baloratuko dira:

– Sortzaileentzat, azken hamar urteetan argitaratutako liburuen kopuruaren arabera: 6 lan edo gehiago 30 puntu, 4 edo 5 lan 20 puntu eta 3 lan 10 puntu.

– Argitaletxeentzat, azken bi urteetan argitaratutako liburuen kopuruaren arabera: 21 lan edo gehiago 30 puntu, 15 eta 20 lan artean 20 puntu eta 6 eta 14 lan artean 10 puntu.

Eskatzaile batek egilearen eta argitaletxearen baldintzak betetzen baditu, eskatzailearentzako erreferentziarik onuragarriena erabiliko da.

b) Zein azoka edo ekitalditara joaten den (70 puntu, gehienez).

– 70 puntu: Frankfurt, Bolonia, Guadalajara.

– 50 puntu: Liber, Londres, Edinburgo, Angouleme.

– 30 puntu: liburu eta literaturari buruzko beste azoka eta ekitaldi profesional batzuk.

Azoka batean baino gehiagotan parte hartuko badu, puntuaziorik altuena hartuko da kontuan.

2.– Eman beharreko laguntzen zenbatekoa zehazteko, prozedura hau aplikatuko da:

a) Lehenik eta behin, proiektuak lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira, balorazio-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

b) Ondoren, banaketaren behin-behineko kalkulu bat egingo da: eskuragarri dagoen kopurua aurreko puntuan aipatutako hurrenkeraren arabera banatuko da, eta, hasiera batean, bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 esleituko zaio, betiere 28.2 artikuluan adierazitako mugen arabera.

c) Aurreko kalkulua egin ondoren soberan geratzen den azken kopuru bat ateratzen bada, hurrengo sailkapena proiektu onuradunen zerrendan sartuko da, eta bakoitzari eman beharreko azken kopuruak birkalkulatuko dira, proiektu bakoitzak eskatutako zenbatekoaren proportzio zuzenean.

V. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOETARAKO LAGUNTZAK

30. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak eta gastuak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2024an Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren nazioarteko arte-azoketan arte-galeriek parte hartzea finantzatzeko dira, euskal artisten lana zabaltzeko.

2.– Azoketara joateko aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastutzat hartuko dira standaren alokairu-gastuak eta euskal artisten obra-garraioaren gastuak.

3.– Eskatzaileak egiaztatzen badu azokan parte hartzea organo kudeatzaileak onartu duela, dirulaguntza emango da.

4.– Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

31. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Laguntzen zenbateko osoa 72.000 eurokoa da.

2.– ARCO Nazioarteko Arte Azokan (Madril, Espainia) parte hartzeko, 24.000 euro erabiliko dira gehienez.

Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa, galeria bakoitzeko, onartutako kostuen % 75 izango da, 12.000 euroko gehienekoa gainditu gabe.

3.– Espainiako Estatutik kanpo egiten diren nazioarteko azoketan parte hartzeko dirulaguntzak emateko, 48.000 euro erabiliko dira gehienez.

– Amerikako azokak: Art Chicago (Chicago, AEB), Art Basel (Miami, AEB), The Armory Show (New York, AEB), Zona MACO (Mexiko Hiria), SP-Arte (Sao Paulo, Brasil) eta ARTBO (Bogotá, Kolonbia), Frieze Art Fair (New York, AEB)..

– Europako azokak: Art Basel (Basilea, Suitza), FIAC (Paris, Frantzia), Art Cologne (Kolonia, Alemania), ARTISSIMA (Turín, Italia), Frieze Art Fair (Londres, Erresuma Batua), Paris Photo (Paris, Frantzia), ARCO (Lisboa, Portugal), Art-o-rama (Marsella, Frantzia), Artgenève (Geneva, Suitza)

– Asiako azokak: Art Basel (Hong Kong, Txina), West Bund Art & Design (Shanghai, Txina), Art021 (Shanghai, Txina) NAFI (Nanjing, Txina).

– Azoka eta galeria bakoitzeko emango diren dirulaguntzen zenbatekoa onartutako kostuen % 75 izango da, Amerikako eta Asiako azoketan 20.000 euro gainditu gabe, eta Europako azoketan 12.000 euro gainditu gabe.

4.– Nazioarteko beste arte-azoka batzuetan parte hartzeko dirulaguntzak, aurreko puntuetan aipatzen ez direnak, 2. eta 3. puntuetako kopuruak agortu ez badira baino ez dira emango.

Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa, azoka eta galeria bakoitzeko, onartutako kostuen % 75era irits daiteke, 4.000 euroko gehienekoa gainditu gabe.

5.– Baldin eta, taldeetako baten barruan, gehieneko zuzkidura nahikoa ez bada dagokion taldean sartutako eskabide guztiei aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan erantzuteko, banatu beharreko zenbatekoa talde horretan bildutako guztien artean hainbanatuko da, azoka bakoitzean onartutako kostuaren proportzioan.

Era berean, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez direlako ARCO (Madril) Nazioarteko Arte Azokan parte hartzeko esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, kopuru horrekin 3. puntuan adierazitako Estatutik kanpoko nazioarteko arte-azoketan parte hartzeko esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da. Era berean, arrazoi berberengatik 2. eta 3. puntuetan esleitzen ez diren zenbatekoak 4. puntukoei esleituko zaizkie.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaile bakoitzak azoketarako jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango 50.000 eurotik gorakoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura sailburuordearen ebazpen bidez, 2. artikuluan adierazitako zenbatekoak % 15eraino handitu ahal izango dira, eskatutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sailburuordetzaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta programa horiek ebatzi aurretik. Horretarako, 2.2 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 18a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala