125. zk., 2024ko ekainaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 3 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3051
EBAZPENA, 2024ko ekainaren 5ekoa, Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez onura publikoko deklarazioa egiten baita proiektu honetarako: 13,2 kV-eko «Beurko-Ugarte cto. 2» zirkuitu sinpleko erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko zerrendaren handitzea, zeina Beurko (4553) TAB eta 9049 zenbakidun euskarriaren artean gauzatuko den. Proiektua Valle de Trápaga-Trapagaran eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatzen da.
Espedientea: 48-AT-Y-2023-00044
AURREKARIAK
1.– 2023ko otsailaren 17an, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.k (hemendik aurrera i-DE) onura publikoaren deklarazioa eskatu zuen proiektu honetarako: 13,2 kV-eko «Beurko-Ugarte cto. 2» zirkuitu sinpleko erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko zerrendaren handitzea, zeina Beurko (4553) TAB eta 9049 zenbakidun euskarriaren artean gauzatuko den. Proiektua Valle de Trápaga-Trapagaran eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatzen da.
2.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan adierazitako ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, i-DE enpresaren eskabide hori jendaurrean jartzeko, 2023ko urriaren 16ko EHAAn, 2023ko urriaren 13ko BAOn, Valle de Trápaga-Trapagaran eta Barakaldoko udaletxeetako iragarki-tauletan, eta 2023ko urriaren 13ko El Correo egunkarian.
3.– 2023ko urriaren 18an, Valle de Trápaga-Trapagaran eta Barakaldoko udalei eskatu zitzaien txostena egiteko eta bertan adierazteko instalazioaren onura publikoaren deklarazioa egokia zen ala ez, eta, hala bazegokion, egoki iritzitako baldintza teknikoak aurkezteko.
4.– Arauzko epeetan, erakunde batzuk aurkeztu zituzten helegiteak eta/edo baldintza teknikoak.
2023ko azaroaren 14an, Barakaldoko udalak birritan bikoiztutako helegiteak aurkeztu zituen, zeinetan adierazten baitu (1.01, 1.02 eta C.2) partzeletako zuhaitz batzuen mozketa egin nahi dela eta Hiri Zuhaitzak Babesteko Udal Ordenantza onartu dela. 2022-08-23an jarri zen indarrean, eta zuhaitz guztiak mozteko debekua arautzen du, zenbait kasutan izan ezik, eta ordenantza hori hiri-inguruneetan aplikatzekoa da. Hala ere, adierazi du kontuan har daitezkeela Ordenantzak egindako kontsiderazioak proiektua gauzatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dute ale bakoitzaren ingurumen-balioa kalkulatzea, Granadako Arauaren arabera, eta, azkenean ezin badira jatorrian mantendu, aukera ezberdinak aztertu daitezela. i-DEri alegazioak bidaltzen zaizkio.
2024ko martxoaren 6an i-DEk erantzun zuen, udal-titulartasuneko 1.02 lurzatiari dagokionez, udalak berak, 2017ko otsailaren 8ko 01043 zenbakidun alkatetza-dekretuaren bidez, baimena eman ziola jarduketak egiteko, eta jada gauzatu zirela (i-DEk udalari zegokion kalte-ordaina ordaindu zion). Lanak egin diren 1.01 eta C.2 lursailei dagokienez, beharrezko baimenak zeuzkala, besteak beste, udalarena berarena. Hala ere, adierazten du kontuan hartuko duela etorkizuneko lanetarako Hiri Zuhaitzak Babesteko Udal Ordenantza.
2023ko azaroaren 14an, «Ekologistak Martxan» elkarteak alegatu zuen jendaurrean jartzeko epea oso laburra dela alegazioak aurkeztu ahal izateko. Gainera, egin beharreko jarduketek ingurumen-inpaktuaren azterketa behar dutela, 10 eta 50 urte baino gehiagoko zuhaitz autoktonoak baitaude. Bestalde, erdi-tentsioko lineak lurperatzea proposatzen du, bai eta mozketaren aurrean inausketa sustatzea ere, HidroCantabrico enpresa banatzailearen ET/5062 zehaztapen teknikoak jasotzen duen bezala (gaur egungo EDP Energía). Era berean, mantentze-lanetako langileak gaitzea eta lanak ingurumenari ahalik eta gutxien eraginez egitea proposatzen du, zuhaitzak inaustea eta birlandatzea lehenetsiz. Era berean, adierazi du zuhaitzen mozketak espezie inbaditzaileak ugaltzea eragiten duela, zuhaitzak ondasun publiko gisa baloratzea, proiektuaren inguruko kontsultak egitea beste erakunde batzuei (URA, Udala), eta ingurumenaren aldetik bertako zuhaitz eta zuhaixkak landatzearekin konpentsatzea proposatzea. Azkenik, Administrazioari eskatu dio IEA bat egiteko, ahal den neurrian mozketaren aurrean inausketa egitea, eraginpeko ondasun publikoen balioa kontuan hartzea eta Hiri Zuhaitzak Babesteko Udal Ordenantzaren 26. artikulua aplikatzea. i-DEri alegazioak bidaltzen zaizkio.
2024ko martxoaren 6an i-DEk erantzun zuen, egingo diren jarduketak direla-eta, ez dela beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren azterketa bat egitea, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen arabera. Linea guztiak lurperatzeari dagokionez, jarduteko eta mantentzeko irizpide teknikoengatik bideragarria ez dela, gainera ingurumen-ondorio kaltegarriak ekarriko lituzkeela. Inausketa mozketaren aurrean lehenesteari dagokionez, bertako hainbat baso-espezieren Araubide Espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/97 Foru Araua beteko duela, eta babestutako espezieen kasuan inausi egingo dela, linearen segurtasun-arrazoiengatik ezinbestekoa denean izan ezik. Mantentze-lanetako langileen gaikuntzari dagokionez, jada egiaztatuta dutela prestakuntza egokia. Espezie inbaditzaileei dagokienez, kontuan hartuko dela ingurumenaren konpentsazioa, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzeari dagokionez. Azkenik, kontuan hartuko dutela Barakaldoko Udalaren hiri-zuhaitzak babesteko udal-ordenantza, etorkizuneko lanei begira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoarena; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, Eusko Jaurlaritzarena, eta bat datorren gainerako legeria.
2.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikotzat deklaratzen ditu energia elektrikoa banatzeko instalazioak, haiek ezartzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta igarobide izaera ezarri eta erabiltzeko. Deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horiek okupatu beharra, eta, horren ondorioz, urgentziaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
3.– Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituena.
4.– Barakaldoko Udalaren alegazioei dagokienez, esan behar da 2022-08-23ko Hiri Zuhaitzak Babesteko Udal Ordenantza ez litzatekela aplikatuko jarduketak hirikoa ez den ingurune batean egiten direnean.
5.– «Ekologistak Martxan» erakundearen alegazioei dagokienez, esan behar da informazio publikorako epea Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan ezarrita dagoela. Bestalde, proiektuari ez zaio ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egin, ez baitago jasota Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eta II.E eranskinetako ezein kasutan. Azkenik, 2022-08-23ko Hiri Zuhaitzak Babesteko Udal Ordenantza ez litzateke aplikatuko jarduketak hirikoa ez den ingurune batean egiten direnean.
6.– Bizkaiko Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzaren aldeko txostena, 2024ko ekainaren 4koa.
7.– Bizkaiko Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera (2021-03-05eko EHAA).
EBAZTEN DU:
Onura publikokoa dela deklaratzea, zehazki 13,2 kV-eko «Beurko-Ugarte cto. 2» zirkuitu sinpleko erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren babes eremua handitzea, Beurko (4553) TAB eta 9049 zenbakidun euskarriaren artean. Zatia Valle de Trápaga-Trapagaran eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatzen da.
Deklarazio horrek berekin dakar, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, ondasunak okupatu edo eskuratutako eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Jabetza Kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.
Bilbao, 2024ko ekainaren 5a.
Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,
MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.