Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2024ko ekainaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3050

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 29koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita BESS Development 3, S.L. enpresak Barakaldon (Bizkaia) sustatutako BESS Retuerto baterien biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2024ko urtarrilaren 23an, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Energia Arloak eskabide bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Barakaldoko BESS Retuerto baterien biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko otsailaren 13an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, proiektuari ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) letran jasota dagoelako: «Stand-alone motako biltegiratze energetikoa, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiarekin».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea BESS Development 3, S.L. enpresak Barakaldon (Bizkaia) sustatutako BESS Retuerto baterien biltegiratze-instalazioaren proiekturako, honako honen arabera:

A) Proiektuaren xedea da Barakaldon iturri berriztagarrietatik datorren energia biltegiratzeko sistema bat ezartzea baterien bidez, energia biltegiratu eta, hala badagokio, ST Retuerto azpiestazioan dagoen konexio-puntura eroatea, 30 kV-eko lurpeko linearen bidez.

B) Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.f eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proposatutako biltegiratze-sistema 59 bateriak, 12 inbertsorek eta tentsioa banaketa-sarearekiko konexio-puntuaren 30 kV-era igoko duten 6 transformazio-zentrok osatuko dute, bai eta lehendik dagoen ST Retuerto azpiestazioraino heltzen den 60 metroko lurpeko ebakuazio-lineak ere. Era berean, babes- eta neurketa-zentro bat eta zerbitzu osagarriak (suteak itzaltzeko sistema, aireztapen-sistema eta hozte- eta argiztatze-sistemak) izango ditu.

Instalazioa hormigoizko lauza baten gainean dauden 6 «potentzia-uhartek» osatuko dute, guztiak ezaugarri eta geometria antzekokoak. Potentzia-uharte bakoitzak bateria multzo bat (10 edo 9), 2 inbertsore eta transformadore jasotzaile bat izango ditu. Potentzia-uharteetako korridoreetan zangak induskatuko dira kableen biderako, zeinak beti lurpean edo hodi baten barnean joango baitira, kable motaren arabera. Zangak guztira 177 metroko luzera lineala izatea aurreikusten da, eta 95 m3 inguruko lur-bolumena induskatzea.

Guztira, bateriek 81,20 MWh-ko biltegiratze-ahalmena izango dute, eta inbertsoreek 24,00 MW-eko potentzia instalatua. Instalazioak stand-alone moduan jardungo du, hau da, sorkuntza-zentral batean integratuta egon gabe.

Plataformak malda txiki bat eta arekak izango ditu, euri-urak husteko. Horretarako, zenbatesten da indusketatik 650 m3-ko lur-bolumena mugituko dela. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lur hori zabalgunearen berdinketaren osagarria den lubeta osatzeko erabiliko da, egin beharreko azterketa geoteknikoa onartzen bada. Instalaziorako behar diren oinarriak lurraren berdinketa-kotatik gora instalatuko dira (10 zentimetro gorago).

Instalaziorako sarbidea Kareaga eta Amezaga kaleak lotzen dituen kaletik egingo da, eta barneko bide bat egingo da potentzia-uharte bakoitzera sartzeko. Lurzatian materialak biltzeko gune bat, garbigune bat eta obrako eta desegiteko faseko makineriarako parke bat jartzea proiektatzen da, bai eta ustiapen faseko makineriarako parke bat ere. Garbiguneak tratamendu berezia behar duten hondakinak biltegiratzeko edukiontzi bat izango du; horretan, ezingo dira hilabete baino gehiagoz egon biltegiratuta.

Segurtasuneko hesi perimetral bat jarriko da, 2,20 metroko altuerakoa. Itxitura hori zinegetikoa izatea proiektatzen da, fauna-espezie askorentzat iragazkorra izan dadin.

Obrak gauzatzeko sei hilabeteko epea aurreikusten da; bestalde, instalazioaren bizitza erabilgarria 20 urtekoa izango dela zenbatesten da. Instalazioa osatzen duten elementuak prefabrikatuak dira, eta obran materialak landu gabe muntatu eta desmuntatzeko prestatuta daude.

Ustiapen fasean, ekipamenduak mantendu eta energia biltegiratzeko instalazioaren gunea garbitzeko lanak egingo dira, barne hartuta landarediaren sei hilean behingo kontrola.

Instalazioaren bizitza erabilgarria amaitzen denean, eraitsi eta lurra lehengoratuko da.

Dokumentuan, ez jarduteko 0 alternatibaz gain (zeina baztertu egin baita, ez datorrelako bat Europako Batzordearen energiaren arloko politikekin, Energiaren eta Klimaren 2021-2030 aldirako Plan Nazional Integratuarekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin), nagusiki proiektuaren kokapenean oinarritutako beste hiru alternatiba aztertzen dira; horien artetik, 3. alternatibaren alde egin da, ulertu delako ingurumenean eraginik txikiena duena dela.

2.– Proiektuaren kokapena.

Energia biltegiratzeko instalazioa Barakaldoko 1070 industrialdeko 9004 lurzatian kokatuko da. Lurzatiak 2.690,05 m2-ko azalera du, eta horietatik 540 m2 eraikiko dira; gainerakoan, lurpeko zangak, barneko bideak, makineria-parkea eta materialak biltzeko eremua jarriko dira. ST Retuerto azpiestaziorainoko 30 kV-eko ebakuazio-linea lurzati horretatik eta industrialde bereko 9003 lurzatitik igaroko da, Kareaga bide publikoa gurutzatuz (14001 lurzatia, 1070 industrialdea). Lurzoru guztiak hirikoak dira, eta ingurunea nagusiki industriala da.

Energia biltegiratzeko instalazioaren lurrak mota hauetakoak dira: estuario-lohiak eta tuparriak eta/edo kare- edo silize-limolitak.

Eremua Ibaizabalen Unitate Hidrologikoaren barnean dago, eta unitate hori, berriz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Bestalde, lurzatia ez dago ezein interes hidrogeologikoko eremutan, eta lurzoruak ez dira akuiferoen kalteberatasun handikoak.

Eremuan nolabaiteko alterazioa dago, industriagune batean dagoelako. Gaur egun, lurzatiaren zatirik handiena landaredi erruderal eta nitrofiloak estaltzen du, baita baratze txiki batzuek eta zuhaitz hostozabalen ale batzuek ere. Nabarmentzekoa da ingurunean flora aloktono inbaditzailea dagoela (Cortaderia selloana, etab.). Bestalde, ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik, ez eta mehatxatutako flora-espezierik ere.

Proiektuaren eremuan dauden fauna-espezieak hiriguneei lotutako fauna-komunitateen parte dira.

Proiektuaren eremua ez dator bat Natura 2000 Sareko edo beste babestutako eremuetako ezein gunerekin, ez eta EAEko Korridore Ekologikoen Sareko ezein elementurekin ere. Era berean, ez da ikusi espezie mehatxatuen EAEko katalogoan agertzen den edo mehatxatuta dagoen animalia- edo landare-espezierik, ez eta kudeaketa-plana onartuta duten espezierik ere. Azkenik, eremua ez dago jasota LAGen natura-intereseko eremuen zerrendan, ez dago geologia-intereseko lekurik, ez katalogatutako ondare-elementurik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, aurrez azaldu den moduan, kutsadurarekiko kalteberatasun txikia duten akuiferoen gainean dago eremua. Uholde-arriskuari dagokionez, lurzatiaren iparraldeko zatia urpean gera daiteke Galindo ibaiaren uraldietan, zeina ingurune horretan Uholde Arrisku Handiko ES017-BIZ-IBA-02 Eremuan integratuta baitago. Lurzatiaren iparraldeko zati hori 500 urteko errepikatze-denborako uraldiekiko kaltebera izan daiteke eta, aurkeztutako kartografiaren arabera, potentzia-uharte baten zati bat eta linea elektrikoa egongo dira hor. Azpiestazioraino doan linea elektrikoa 50 eta 10 urteko errepikatze-denborak dituzten eremuetatik ere igarotzen da. Bestalde, lehentasunezko fluxuen eremua bat dator azpiestaziora iritsi aurretik lineak egiten duen azken zatiarekin.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen arriskuari dagokionez, proiektuaren eremuak barne hartzen ditu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako bi lurzati: horietako bat (48013-00168 kodea) bat dator bateriak biltegiratzeko aurreikusitako eremuarekin eta ebakuazio-linearen zati batekin; bestea (48013-00180), berriz, ebakuazio-linea azpiestaziora iristen den eremua da.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Eremu antropizatua izanik, eta kontuan hartuta proiektu mota eta haren ezaugarriak, inpaktu nabarmenenak instalazioa eraikitzeko eta eraisteko obren fasean gertatuko dira. Proiektua gauzatzeko, beharrezkoa izango da lurra prestatu eta zimenduak egitea, kable-sarerako zangak induskatzea, euri-uren drainatzeak egitea, barneko bidea sortzea eta sistema osagarriak ezartzea (suteak itzaltzeko sistema, aireztapen- eta hozte-sistemak, argiteria). Eraikitze- eta eraiste-jarduerek askotariko ondorioak izango dituzte: inpaktuak atmosferaren kalitatean (partikula esekien, gas kutsatzaileen eta zaraten emisioak); lurzorua okupatu eta iragazgaiztea; lurzoruaren ezaugarri fisikoak aldatzea, haren porositatea eta oxigenazioa txikiagotzeagatik; lurzorua trinkotzea; istripuzko isurketengatik lurzorua kutsatzeko arriskua; landaredia deuseztatzea edo landareen garapena mugatzea; habitatari eta faunari eragitea; hondakinak sortzea, etab. Obra eta/edo eraiste faseko inpaktu gehienak aldi baterakoak, mugatuak eta itzulgarriak izango dira.

Funtzionamendu faseak ondorio hauek izango ditu: zarata handitzea instalazioaren funtzionamenduagatik (aireztapeneko ekipamenduak); hondakinak sortzea; kutsadura elektromagnetikoa eragitea; paisaian inpaktua izatea eta ibilgailuen zirkulazioa pixka bat areagotzea, instalazioen mantentze-lanetarako. Bestalde, proposatutako instalazioa lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeari jarraikiz, energia biltegiratzeko instalazioak potentzia-transformadoreak dituelako.

Proiektuak istripu larriak edo hondamendiak gertatzeko arriskuarekiko duen kalteberatasunari dagokionez, tximisten eta baso-suteen eragina pairatzeko arrisku moderatua du instalazioak; nolanahi ere, instalazioak arrisku horiei aurre egiteko prebentzio-sistemak ditu.

Bestalde, Uraren Euskal Agentziaren txostenean jasotakoari jarraikiz, instalazio berrien ondorioz ondasunen eta pertsonen segurtasuna ez da uraldiekiko kalteberagoa izango, eta inguru horretako uholde-arriskua ez da nabarmen handituko. Gauza bera adierazten da lehendik zegoen eta instalazio horrekin lotuko den azpiestazioa (ST Retuerto) handitu eta berritzeari dagokionez.

Azkenik, aipatu behar da aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen dituela sor daitezkeen inpaktuak saihestu edo txikiagotzeko babes- eta zuzenketa-neurriak; adibidez, aldizka-aldizka arriskuak aztertzea partikula esekien emisioa minimizatzeko; obren eraginpeko gainazala minimizatzea; luzetarako sedimentazio-hesiak jartzea proiektuaren eremuaren periferian; obren eremua zuinkatzea; ahal dela, zuzeneko okupaziorik ez dagoen eremuetan landaredia ez moztu eta soiltzea (goi-tentsioko linearen azpian izan ezik), etab.

Era berean, ingurumena zaintzeko plan bat gehitu da, zenbait alderdiri buruzko aldizkako kontrolak egiteko.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan dagozkion baldintzak ezarri dira proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Barakaldoko BESS Retuerto baterien biltegiratze-instalazioaren proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak horretan txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta eta aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan jasotakoari jarraikiz, eta ezertan eragotzi gabe beste erakunde eskudun batzuek proiektu hau gauzatzeko beharrezkoak diren baimenen esparruan ezartzen dutena.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Horrez gain, apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

a) Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten lan osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatu beharko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Landaredi autoktonoa kentzea eta/edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusi ez den eremuetan. Horretarako, lanak hasi baino lehen, proiektuaren ingurunean dauden zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak zehatz mugatuko eta zedarrituko dira.

– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan egon daitezkeen espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (esaterako, Cortaderia selloana, Buddlelia davidii, Phyllostachys aurea edo beste batzuk).

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, lurren jatorria kontrolatu beharko da; bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik. Horrez gain, lur-soberakinen kudeaketa kontrolatuko da.

– Erabiltzen diren makinek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, ez izateko arriskurik inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak proiektuaren eragin-eremura hedatzeko.

b) Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

c) Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak leheneratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesurik eta ibilguetarako solido-arrasterik ez izateko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Energia biltegiratzeko instalazioaren periferiaren ingurua landareztatzeko, gutxienez 2 metroko zabalera duten zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzea proposatzen da.

– Instalazioa eraisteko fasean, proiektua gauzatzearen eraginpean geratu diren eremu guztiak lehengoratu beharko dira.

– Bai baldintza-agiriak bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

d) Uholde-arriskura bideratutako neurriak.

– Kontuan hartuta proiektuaren eremuaren zati bat uholde-eremuan dagoela, Plan Hidrologikoaren 37.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ubideen zaintza-eremutik kanpoko uholde-eremuak aipatutako zaintza-eremuan ezarritako muga berberak izango ditu.

e) Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzeko neurriak.

– Aintzat hartuta historikoki lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten bi lurzati daudela eta, beraz, etorkizuneko erabiltzaileentzat edo ingurumenarentzat arriskutsua izan daitezkeela, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada.

– Azpiestazio elektrikoaren lurzatian (48013-00180 kodea) egin beharreko jarduketei dagokienez, aintzat hartuta eremu horietan gauzatu nahi den proiektua, eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, nahiz eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hastetik salbuetsita geratuko litzatekeen, artikulu horren 5. apartatuan ezarritakoa bete beharko da. Horretan ezartzen denez, induskatu beharreko materialen bolumenaren arabera, indusketa-plan bat aurkeztu beharko da, eta ingurumen-organoak onartu beharko du. Era berean, adierazi da, nolanahi ere, induskatutako materialak kudeatu edo berrerabili aurretik bereizi beharko direla.

Indusketa-plan hori egitea badagokio, erakunde egiaztatuek gauzatu beharko dute, aintzat hartuta urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan ezarritakoa (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena), eta edukia eta norainokoa abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kontsultatu ahalko dira (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena).

– Bestalde, kontuan hartuta lurzorua kutsa dezakeen instalazio bat dela, aplikatzekoak izango zaizkio aipatutako 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritako xedapenak (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena).

– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

f) Airearen kutsaduraren, zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta une oro baldintza optimoak mantenduko dira.

– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa.

g) Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

Funtzionamendu fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko osasun-neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.

h) Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

i) Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraikiz, lurrak mugitzeko lanetan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

j) Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen lurren mugak kontrolatzea.

– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

k) Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

l) Jarduera etetea.

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu nagusiek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea BESS Development 3, S.L. enpresak Barakaldon sustatutako BESS Retuerto baterien biltegiratze-instalazioaren proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 29a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala