125. zk., 2024ko ekainaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 6 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3048
74/2024 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren artean sinatutako hitzarmena, prestakuntza arloan.
Hitzarmen hori sinatu da, eta, publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren artean sinatutako hitzarmena, prestakuntza arloan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 19KO 74/2024 EBAZPENARENA
BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN EUSKAL INSTITUTUAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA
BILDU DIRA:
Alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, ordezkapenez, Vicente Guilarte Gutiérrez bokal txit gorena, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2023ko uztailaren 19ko Erabakiaren bidez(1.20 zk.) izendatua, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 585. artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkari gisa, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 598.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Bestetik, Maite Barruetabeña Zenekorta, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza eta Autogobernu Sailari atxikitako organismo autonomoa den Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria.
Bi alderdiek elkarri aitortzen diote lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko gaitasun eta legitimazio nahikoa dutela, eta, horrenbestez, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Espainiako Konstituzioaren 122. artikuluak ezartzen duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (aurrerantzean, BJKN) da Botere horren gobernu-organoa, eta Auzitegi Goreneko presidentea izango du buru. Era berean, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren (aurrerantzean, BJLO) 104.2 artikuluak xedatzen duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio Botere Judizialaren gobernua, eta bere eskumenak lurralde nazional osoan gauzatzen ditu. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 105., 585. eta 588. artikuluen arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea da nazioko lehen agintari judiziala, eta Botere Judizialaren eta haren gobernu-organoaren ordezkaritza du.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Konstituzioak emandako Botere Judizialaren gobernu-funtzioen artean, eskumen esklusiboa du epaile eta magistratuen hasierako eta etengabeko prestakuntzaren arloan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 560.1, 7 artikuluan xedatutakoaren arabera. Horretarako, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 433bis.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, erakunde eta organismoekin lankidetzan jardun dezake.
Bigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoaren Legeak –zeinaren testu bategina irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen–, besteak beste, honako helburu hauek esleitzen dizkio Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari (IVAP):
a) Euskal Administrazio Autonomoko funtzionarioen edo kontratatuen prestakuntza eta trebakuntza, bai eta beste edozein administrazio publikok edo ordenamendu juridikoak agintzen dionena ere.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen berezitasun juridiko, finantzario eta estatistikoak ikertzea, irakastea eta zabaltzea.
c) Administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan ezartzea.
d) Espainiako zein atzerriko antzeko entitateekin trukeak eta hitzarmenak egitea.
Hirugarrena.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren arteko lankidetza gauzatu da, 2017ko maiatzaren 25ean eta 2020ko martxoaren 12an Madrilen sinatutako prestakuntza-arloko hitzarmenen bidez. Azken hitzarmen hori 2022an luzatu zen, eta indarraldia 2024ko martxoaren 12an amaituko da.
Laugarrena.– Azaldutako guztia kontuan hartuta, bi alderdiek, bakoitzak bere eskumenak erabiliz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan jarraitzea bientzat onuragarria dela iritzita, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren artean garatu beharreko lankidetza-ildo espezifikoak ezartzea bakoitzaren eskumenen esparruan egiten diren jardueretan eta, zehazki, bi erakundeen interesekoak diren prestakuntza-ekintzetan.
Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.
Horretarako, bi alderdiek adostu dute zikloak, ikastaroak, mintegiak, solasaldiak eta mahai-inguruak antolatzea –bai ikerketaren arloan, bai prestakuntzaren arloan, bai arlo horiekin lotutako jarduera-eremuetan– karrera judizialeko kideentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileentzat.
Bi erakundeen lankidetzatik eratorritako jarduerek Europar Batasuneko Zuzenbidearen aplikazioa izango dute lehentasunezko eremutzat, nahiz eta, etorkizunean, jarduera horien artean lehentasunezko arreta behar duten beste eremu batzuk ere sartu ahal izango diren.
Hirugarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez dakarkie kontraprestazio ekonomikorik alderdiei.
Hitzarmen honetatik eratorritako jarduketak, baldin eta alderdientzat ekonomia- edo aurrekontu-eraginik badute, hitzarmen hau betearazteko akordioen bidez artikulatuko dira. Akordio horietan, jarduketa-arau bateratuak eta programatutako jarduerei ekiteko baliabide materialak eta giza baliabideak ezarriko dira, eta nahitaezko legezkotasun-txostenen eta gastuaren eta hartutako konpromiso ekonomikoen aldez aurreko fiskalizazioaren mende egongo dira.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari ez diote gasturik sortuko, berak jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileentzako plangintza orokorrean sartzen baititu.
Laugarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
Hitzarmen hau gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko eta haren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Mistoa sortuko da. Batzorde hori alderdi bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bakoitzaren arau instituzionalen arabera izendatuko dira. Hitzarmen honen goiburuan azaltzen den hurrenkeran esku hartzen duten bi alderdietako bakoitzak txandaka hartuko du bere gain urteko batzordeburutza, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusitik hasita.
Batzordea alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatuta bilduko da, presidenteak deialdia egin ondoren, eta gutxienez urtean behin, egindako lankidetzaren emaitzak aztertzeko.
Batzordeak txostenak eskatu ahal izango ditu hitzarmen honen xedearekin lotuta sortzen diren neurri, emaitza eta gorabeherei buruz, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Hitzarmen honen xedea gauzatzera bideratutako jarduerak egitea proposatzea. Jarduera horiek betebehar eta konpromiso ekonomikoak dakartzaten neurrian, hitzarmen hau betearazteko akordioaren bidez antolatuko dira, eta alderdi sinatzaile bakoitzak dagozkion nahitaezko izapideak beteko ditu.
b) Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko egindako jardueren eta lanen jarraipena egitea.
c) Aztertzea eta, hala badagokio, proposatzea hartutako konpromisoen balizko berrikuspenak.
d) Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio-eginkizunak bultzatzea, hitzarmenaren helburuak ahalik eta egokien lortzeko.
e) Hitzarmena interpretatzea eta hura gauzatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea.
Batzorde hori, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, alderdiek adostutako tresna da hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, eta lege horren 51.2.c) eta 52.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera beteko ditu bere eginkizunak, eta 40/2015 Legearen (SPAJL) atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalaren 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera beteko ditu haren osaera eta eginkizunak.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta eraginkortasuna.
Hitzarmen hau perfekzionatu egingo da bi aldeek adostasuna eman eta sinatu ondoren. Lau urteko indarraldia izango du, sinaduraren datatik aurrera.
Aurrez aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, gehienez ere beste lau urtez, edo hura azkentzea, alderdiek berariaz hala adostuz gero dokumentu bateratu baten bidez edo elkarri jakinarazitako alde bakarreko idazki baten bidez.
Seigarrena.– Hitzarmena aldatzea, suntsiaraztea eta azkentzea.
Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdiek hala adosten badute, dagokion eranskin aldatzailearen bidez, eranskin hori hitzarmen honen bi alderdiek sinatu beharko dute.
Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera:
1.– Hitzarmena azkendu egiten da haren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat gertatzen denean.
2.– Suntsiarazteko arrazoiak dira:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea haren luzapena adostu gabe.
b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
c) Hitzarmena salatzea, sinatu den baldintzetan funtsezko aldaketak gertatu direla uste denean.
d) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, bi hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jo diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko mekanismoaren arduradunari jakinaraziko zaio.
Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan badirau, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdiari jakinaraziko dio hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.
e) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.
f) Hitzarmenaren xedea eragozten duen ezinbesteko arrazoiren bat.
g) Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, legeetan aurreikusita badago.
Hitzarmena suntsiarazteak ez du eraginik izango gauzatzen ari diren jardueren amaieran, eta Jarraipen Batzorde Mistoak jarduera horiek amaitzeko epe luzaezin bat ezarriko du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan xedatutakoa betez.
Zazpigarrena.– Datuen babesa.
Informazioaren segurtasunari eta datu pertsonalen babesari dagokienez, alderdiek honako jarduketa eta konpromiso hauek hartzen dituzte beren gain:
a) Datu pertsonalen tratamenduan, alderdi bakoitza arduratuko da hitzarmena aplikatzeko behar diren tratamenduez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua aplikatuz (DBEO). Erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez. BJKNren kasuan, Idazkaritza Nagusia da tratamenduaren arduraduna, DBEOren ondorioetarako. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren kasuan, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren zuzendaritza izango da.
b) Hitzarmen honetatik eratorritako datuak, BJKNk tratatutakoak, identifikaziokoak eta finantzarioak izango dira.
IVAPek hitzarmen honen babesean antolatzen dituen prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten ikasleei buruz tratatzen dituen datuak IVAPen «Prestakuntza eta hobekuntza» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Tratamendu horren helburua aipatutako prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kudeaketa izango da.
IVAPek tratatutako datuak identifikagarriak izango dira eta, hala badagokio, akademikoak eta profesionalak, eta enpleguari eta karrerari buruzkoak.
Edonola ere, hitzarmen honen xedea betetzeko behar diren datuak baino ez dira erabiliko.
c) Hitzarmen honetatik eratorritako tratamenduei eragiten dien segurtasun-gorabeherarik gertatuz gero, alderdiek konpromisoa hartzen dute elkarri ahalik eta lasterren jakinarazteko, gertakari hori dagokion kontrol-agintaritzari (Datuak Babesteko Espainiako Agentziari eta/edo Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari) eta ukitutako pertsonei, hirurogeita hamabi orduko muga gainditu gabe, DBEOren 33. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, alderdiek konpromisoa hartzen dute intzidentea konpontzen laguntzeko eta bitartekoak jartzeko, berriz ere antzeko gorabeherarik gerta ez dadin.
d) Alderdiek informazioaren segurtasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko solaskideak finkatuko dituzte, eta horiek arduratuko dira gerta daitezkeen segurtasun-gorabeheren tratamendua jakinarazteaz eta koordinatzeaz.
e) Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, une bakoitzean beren egoitzei dagokien helbidean; edo, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kasuan, web-inprimaki honen bidez: https://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Temas/Proteccion-de-Datos/Ejercicio-de-derechos--formulario/; eta, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren kasuan: datuak babesteko eskubideak baliatzea – Datuak babesteko ordezkaria – Euskadi.eus
Aldeek konpromisoa hartzen dute, aplikagarri den guztietan, honako hauetan ezarritakoa betetzeko: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta horren garapenerako xedapenak; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; eta indarrean dagoen gainerako araudia.
Zortzigarrena.– Konfidentzialtasuna.
Alderdiek adostu dute konfidentzialtasunez tratatuko dituztela hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean beste alderdiari eman zaizkion datu, dokumentazio eta informazio guztiak. Bi alderdiek adostu dute, halaber, informazio hori ez zabaltzea ezein pertsona edo erakunderi, bertako langileei izan ezik, baldin eta konfidentzialtasunari ere eusten badiote, eta hitzarmen hau behar bezala betetzeko beharrezkoa den neurrian soilik.
Konfidentzialtasun-akordioak indarrean jarraituko du hitzarmen hau azkendu ondoren ere, azkentzeko arrazoia edozein dela ere.
Hori guztia, alde biek, beren izaera kontuan hartuta, aplikatzekoa den arauditik eratorritako publizitate- eta gardentasun-betebeharrak behar bezala betetzea eragotzi gabe, bereziki Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legetik eratorritakoak.
Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluak arautzen du. Ez du kontratu-izaerarik.
Hitzarmen honen edukiaren interpretazioak, aldaketak, ondorioek edo suntsiarazpenak sor ditzaketen auziak, alderdiek Jarraipen Batzorde Mistoan adostasunez konpondu ez badituzte, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Eta ados daudela eta onartzen dutela erakusteko, alderdiek jatorrizko agiri elektroniko bakar batean sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen 2024ko maiatzaren 21ean.
Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea,
VICENTE GILARTE GUTIÉRREZ.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,
MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.