123. zk., 2024ko ekainaren 24a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 8 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3018
AGINDUA, 2024ko maiatzaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, Erasmus+ programaren barruan Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko laguntza ekonomikoetarako deialdia egiten duena.
Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak Erasmus+ Programaren 2024. ekitaldirako proposamenen deialdia argitaratu zuen, 2023ko azaroaren 28ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean - EAC/A07/2023 (C/2023/1262). Erasmus + programa hori 2021-2027 aldian aplikatuko da.
Erasmus+ programa hainbat sektoretan banatzen da. Gure dirulaguntza-deialdian, Lanbide Heziketarekin lotutako ekintzak jasotzen dira.
Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2024. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan estrategiko hori, berriz, Hezkuntza sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean argitaratu da.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorretan –abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bidez onetsi ziren–, kreditu nahikoa dago agindu honek aipatzen dituen laguntzak emateko.
Laguntza hauek honako arau hauetan xedatutakoaren mende daude:
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan bildutako oinarrizko erregulazioa.
Era berean, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Erasmus+ Programaren barruan onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko laguntza ekonomikoen deialdia egitea, irakasle eta ikasleen ikaskuntza-arrazoiengatiko mugikortasunetarako, betiere 2024-2025 ikasturtean garatzen badira.
Europako Erkidegoko finantzaketa oro har ez denez iritsiko ekintzaren aurrekontuaren % 100era, deialdi honen bitartez eskuratzen diren dirulaguntzek edota beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lortzen direnek balioko dute Erkidegoko finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontu-portzentajea estaltzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikasle edo irakasleek izan beharko dute mugikortasun horien azken hartzaileak.
Laguntza honek 2024-2025 ikasturtean garatuko diren mugikortasunei dagozkien proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du.
2.– Mugikortasun hauek kofinantzatu ahal izango dira:
1.– Goi-mailako Lanbide Heziketako KA1 proiektuak: ikasleen eta irakasleen mugikortasunak.
2.– Lanbide Heziketako gainerako KA1 proiektuak, goi-mailakoak ez direnak: soilik irakasleen mugikortasunak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetara, guztira, 500.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko betekizunak.
1.– Pertsona juridiko pribatuek parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta:
– Egiaztatzen badute Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutela jarduera ekonomikoa.
– Erasmus+ proposamenen deialdian proiektuak onetsita badituzte.
– Erasmus+ Programako KA1 proiektuetan parte hartzen badute Lanbide Heziketaren eremuan.
2.– Erakunde eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko:
– Ez izatea zehapen penal edo administratiborik, eragozten duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea.
Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik inor diskriminatzeagatik sexuagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea).
Derrigortasun-kasuetan, berdintasun-plan bat indarrean izatea, eta/edo egiaztatzea neurriak ezarri direla sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legeriak ezarritako baldintzetan.
Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du eragin sexuan oinarritutako bereizkeriarik.
– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, betekizun hori betetzen dela, eta, horretarako, ez du erakundearen baimenik beharko, Ekonomia eta Ogasun sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera.
Erakunde eskatzaileak uko egin ahal izango dio egiaztapen automatiko horri. Kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
– Ordainduta edukitzea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Beteta izatea eska daitekeen beste edozein betebehar eta eskakizun, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakundeak honako hau egiaztatuko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
– Ea beste laguntzarik edo baliabiderik eskatu eta, hala badagokio, lortu dituen helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
– Egiaztatu duela proiektuan parte hartzen duten pertsonek ez dutela jaso Eusko Jaurlaritzako edo Espainiako Gobernuko beste dirulaguntzarik proiektu honetarako.
– Atxiki egiten zaiola Lanbide Heziketaren eremuko pertsonen ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak kofinantzatzeko aginduan ezarritakoari, ERASMUS+ programaren esparruaren barruan.
– Ezagutzen eta onartzen dituela deialdiaren oinarri guztiak, eta konpromisoa hartzen duela haren xedeak betetzeko, baldin eta laguntza ematen bazaio.
– Konpromisoa hartzen du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitako enpresen deslokalizaziorik ez egiteko.
– Betetzen dituela laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak. Badituela hori egiaztatzen duten agiriak. Erakundeak administrazioaren esku jarriko dituela aipatutako agiriak, hala eskatzen zaionean.
– Konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzeko dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen bitartean.
– Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko ebazpenean kontuan hartutako ezer aldatzen bada.
– Egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, bai eta harekin batera aurkeztutako agirietan emandako datuak.
Entitate onuradunak artikulu honetan adierazitakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa edukiko du, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.
4. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Proiektu hauetan parte hartzen dutenek ezin izango dute jaso beste laguntzarik, norbanako modura, xede bererako Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko:
– Helbide honetan eskura daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, zeinetan jasotzen baitira eskaera izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta zeinaren bidez jotzen baita eskabidearen datu-orrira:
https://www.euskadi.eus/servicios/0097417
– Helbide honetan egingo dira eskabidearen osteko izapideak:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
– Helbide elektroniko honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; horretarako, ordezkaria inskribatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Zer hizkuntza aukeratzen duten, hizkuntza hori erabiliko da prozeduran zehar.
2.– Eskabidearekin batera (I. eranskina), honako dokumentazio hau aurkeztuko beharko da (egoitza elektronikoan dago eskuragarri, PDF betegarri formatuan):
– Formulario normalizatua. «Proiektua identifikatzea» (II. eranskina).
– Formulario normalizatua. «Eskatutako laguntza kalkulatzea» (III. eranskina).
– SEPIE Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuari egindako eskabidea. Dagoeneko onartuta dauden proiektuen kasuan, SEPIEk onartutako hitzarmenaren eranskina, proiektuaren xehetasunak jasotzen dituena, aurkeztu beharko da (emandako dirulaguntza, proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, ikasleen eta irakasleen mugikortasun-kopurua, besteak beste).
3.– Eskabideek aukera emango dute erakunde eskatzaileak espresuki baimena eman dezan organo kudeatzaileak eskura edo egiazta ditzan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak. Baimen horrek ez die eragiten Administrazio Publikoaren esku dauden egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei.
4.– Funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak erantzukizun penal, zibil edo administratiboak sortu ahal izango ditu.
6. artikulua.– Aurkezteko eta zuzentzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatzen diren baldintzak, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean. Horrelakorik egin ezean, ulertuko da eskaeran atzera egin duela, dagokion ebazpena emanda. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako Europako Programen Atalari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.
8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.
Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak zehaztuko du zenbatekoa den dirulaguntza, eta honela esleituko du:
a) Zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da IV. eranskinean zehaztutako laguntza-taula.
b) 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkeztutako eskabide guztiei hasieran kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatuko da (proportzionalki banatuko da) eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideen artean, eskatutako guztizko zenbatekoan oinarriturik.
9. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egindako proposamena ikusita, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea, edo, bestela, ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak emango ditu.
2.– Ebazpena jakinarazteko, ebazpen hori argitara emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Ebazpena argitaratzeko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak bidalita eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dira, inoiz, gauzatutako jakinarazpentzat joko.
3.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ezean, ulertuko da eskabidea ezetsi egin dela.
4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari. Errekurtsoa aurkezteko epea, berriz, hilabetekoa da, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da (lehena 2024ko ekitaldian eta azkena 2025ean):
a) Proiektu bakoitzerako laguntza osoaren % 40, behin onartu eta gero ematen den laguntza, edo, hala badagokio, Aginduaren 11.a) artikuluan ezarritako epea igaro, eta uko espresurik adierazi ez bada.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 60a, egindako mugikortasunen arabera, 11. artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso eta egiaztatu ondoren.
2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako datu-basean agertu beharko du, dagokionean.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, zeina eskuragarri baitago helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
11. artikulua.– Amaierako justifikazio-dokumentazioa.
Diruz lagundutako proiektuan planifikatutako mugikortasun guztiak amaitu ondoren, erakunde onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztuko du, gehienez ere hilabeteko epearen barruan:
– Egindako mugikortasunen azken laburpena, V. eranskinaren arabera.
– Ziurtagiri bat, egindako mugikortasun bakoitzeko, VI. eranskinaren arabera.
– Eskaera egitean ezin izan bada aurkeztu SEPIEk onartutako hitzarmenaren eranskina, proiektuaren xehetasunak jasotzen dituena (emandako dirulaguntza, proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, ikasleen eta irakasleen mugikortasun-kopurua, besteak beste), une horretan emango da.
V. eta VI. eranskinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/0097417
12. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izango dituzte:
a) Onartzea ematen den dirulaguntza. Ebazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean erakunde onuradunek onartzen ez badute, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
b) Zertarako eman den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.
c) Publikotasun egokia ematea diruz lagundutako proiektuen finantzaketa publikoari, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatuaren arabera.
d) Beren eginkizunetan dihardutela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zer informazio eskatzen duten deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, informazio hori ematea.
e) Jakinaraztea ea dirulaguntzarik edo laguntzarik, estatukorik nahiz nazioartekorik, jaso den xede bererako beste administrazioren batetik edo erakunde publiko zein pribaturen batetik.
f) Hezkuntza Sailak egiten dituen egiaztapen-lanak onartzea.
g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan adierazitakoa betetzea.
13. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.
1.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta ezer aldatzen bada dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan baina ulertzen bada haren xedea bete dela, eta, hala dagokionean, baldin eta dirulaguntzarik edo laguntzarik lortzen bada beste erakunde publiko edo pribaturen batetik.
Halakoetan, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, berriz, doitu egingo dira eman diren dirulaguntzen zenbatekoak.
2.– Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren erakunde onuraduna kasu hauetako batean badago:
– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuak.
– Ez betetzea agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak eta betebeharrak.
– Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein bete ezean.
3.– Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, erakundeak jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta.
Lege-testu hauetan arautzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza:
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena.
– Laguntza onartzen duen ebazpena.
14. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileentzako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
1.– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
2.– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
1.– Europar Batasuneko organoak.
2.– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
3.– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
4.– Europako Batzordea.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/servicios/10842/).
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza sailburuari, hilabete bateko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, bi hilabeteko epean. Epe biak kontatzen hasiko dira agindu hau EHAAn argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.