Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2024ko ekainaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2975

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 5ekoa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 19ko Aginduan jasotako dirulaguntzen deialdia. Agindu horren bidez, Ekonomia Zirkularreko berrikuntzarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten da.

EGITATEAK

1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 19ko Aginduaren bidez, ekonomia zirkularrean berritzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dira eta, horrez gain, dirulaguntza horien deialdia egiten da.

2.– 2023ko urriaren 27an amaitu zen dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea. Guztira, 31 eskabide jaso ziren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, honela banatuta:

(Ikus .PDF)
ZUZENBIDE OINARRIAK

1.– 2023ko irailaren 19ko Aginduaren 17. artikuluaren arabera, horretarako eratutako Balorazio Epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena egin du. Bertan, esleipen-irizpideei egokituta, aipatutako Agindua aplikatuz dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak zehazten dira, baita horien zenbatekoa, ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak ere.

2.– Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak eskumena du onuradunak eta eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoak behin betiko zehazteko, aipatutako aginduaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ikusita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 19ko Agindua, zeinaren bidez ezartzen baitira ekonomia zirkularrean berritzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia egiten baita; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean jasotako erakundeei dirulaguntza ematea, bertan zehazten diren proiektuetarako eta zenbatekoekin.

Bigarrena.– Eskatutako dirulaguntza ukatzea ebazpen honen II. Eranskinean adierazitako erakundeei, eranskinean bertan ematen diren arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen III. Eranskinean argitaratzea atzera egin duten dirulaguntzen eskabideen zerrenda.

Laugarrena.– Dirulaguntza erakunde onuradunei zuzenean ordainduko zaie, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 19ko Aginduaren 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bosgarrena.– Ebazpen honen xede diren dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 19ko Aginduan jasotako betebeharrak ere. Agindu horren bidez, ekonomia zirkularreko berrikuntzarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egin zen.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jakinarazpen-ondorioetarako.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 5a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala