Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2024ko ekainaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2962

ERABAKIA, 2024ko ekainaren 11koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arautegia aldatzeko dena.

2024ko maiatzaren 22ko bileran, Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Batzarrak ikastegiaren arautegia aldatzea erabaki zuen, Ikastegien Esparru Arautegi berrira egokitzeko (2022ko azaroaren 9an sartu zen indarrean). Unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko moldatu zen esparru arautegia, kide anitzeko hainbat gobernu organori eta unibertsitateko taldeen ordezkaritzari dagokienez hainbat aldaketa eginda. Era berean, teknologia berriak erabiltzeko aukera jaso da bertan, deialdiak egiteko eta erabakiak argitaratzeko tramiteak azkarragoak izan daitezen.

Bestetik, kontuan hartuta ikastegiko gai espezifikoei eragiten dieten zenbait artikulu berri sartu direla, eta oraingo testuan agertu behar ez diren beste batzuk kendu, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.

Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.

Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2024ko ekainaren 11.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ARKITEKTURA GOI ESKOLA TEKNIKOAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Arkitektura Goi Eskola Teknikoa da arkitekturaren arloan graduko tituluak eta graduondoko tituluak lortzera bideratutako ikasketak antolatzen dituen UPV/EHUko ikastegia.

2. artikulua.– Egoitza.

Eskola Gipuzkoako Campusean dago eta honako helbide honetan du egoitza: Oñati plaza, 2 – 20018 Donostia.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Arkitektura Goi Eskola Teknikoak indarreko legeriaren, unibertsitatearen Estatutuen eta Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera jardungo du, zeintzuk zuzenean aplikatuko zaizkion, bai eta gainerako arauetako xedapenak osatzen dituen barne arautegi honen arabera ere.

4. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren osakideak.

1.– Ikastegiko Batzarrak osakide hauek ditu: zuzendaria, batzarreko burua izango dena; idazkari akademikoa; eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen arloan erantzukizun handiena duen pertsona. Horiek guztiak berezko kide izango dira. Era berean, osakide izango dira zuzendariak izendatuko dituen zuzendariordeak. Zuzendariorde horiek ezingo dira izan, inola ere ez, Ikastegiko Batzarreko kide hautetsien % 10 baino gehiago.

2.– Ikastegiko Batzarrak, gainera, 20 kide hautetsi izango ditu, ikastegiko taldeen ordezkari izango direnak, honela banatuta:

– Irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrak: 10 (% 50)

– Irakasle eta ikertzaile ez-doktore iraunkorrak eta irakasle eta ikertzaile doktore ez-iraunkorrak: 2 (% 10)

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1 (% 5)

– Ikasleak: 4 (% 20)

– Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak: 3 (% 15).

Ikastegiko Batzarrak, gainerako gai guztietan, Ikastegien Esparru Arautegian adierazitakoaren arabera jardungo du.

5. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Eskolak batzorde iraunkor bat du, honela osatua: ikastegiko zuzendaria, batzordeko burua izango dena; idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena; teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen arloan erantzukizun handiena duen pertsona; eta beste hamar kide, ikastegiko taldeen artean banatuta modu honetara (bermatuko da gutxienez talde bakoitzeko ordezkari bat egongo dela):

– Irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrak: 5 (% 50)

– Irakasle eta ikertzaile ez-doktore iraunkorrak eta irakasle eta ikertzaile doktore ez-iraunkorrak: 1 (% 10)

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1 (% 10)

– Ikasleak: 2 (% 20)

– Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak: 1 (% 10).

Fakultateko Batzorde Iraunkorrak Fakultateko Batzarraren eginkizun guztiak izango ditu eskuordetuta, Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera eskuordetu ezinak izan ezik. Era berean, batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak esparru arautegian Fakultateko Batzarrerako ezarritakoak izango dira.

6. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.

1.– Ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: ikastegiko zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da); ikastegiko idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); ikastegian ematen diren titulazioetako irakasleen sei ordezkari, gutxienez (ikastegiko zuzendariak proposatuak); eta ikasleen ordezkari bat ikastegian ematen diren titulazio bakoitzeko (ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuak). Titulazioetan ematen diren gaiei lotutako jakintza eremuak modu orekatuan ordezkatuko dituzte batzordeko kide izango diren irakasleek eta bermatuko da irakasle bat egongo dela, gutxienez, ikastegian ematen den titulazio bakoitzeko.

Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

2.– Batzordearen eginkizunak, bai eta hartuko dituen erabakien eraginak ere, Ikastegien Esparru Arautegian ezarritakoak izango dira.

7. artikulua.– Euskara Batzordea.

1.– Euskara Batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da eta bere helburua izango da bultzatzea ikastegian euskararen erabilera, UPV/EHUren planifikazio orokorraren barruan, eta jardungo du koordinatuta unibertsitateko Euskara Batzordearekin eta campusetakoekin.

2.– Euskara Batzordeak kide hauek izango ditu: zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; eskolari atxikitako bost irakasle, jakintza eremuen ordezkari, ikastegian eskolak emango dituztenak; ikasleen bi ordezkari; eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Batzordean parte hartzeko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

8. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Bileretara justifikaziorik gabe huts egitea izango da elkarren segidako hiru bilerara edo txandakako bost bilerara justifikatu barik huts egitea. Ikasleen ordezkarien kasuan, Ikasleen Arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.

2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta kide anitzeko organoaren hurrengo bileran gauzatuko da ordezkapena.

3.– Era berean, kide anitzeko organoko kide titularrak ordezkatu ahal izango dira kausa justifikaturik badago, besteak beste, kanpoan edo gaixorik badaude. Ordezkapena bideratzeko, kausa justifikatua duten kideek beren egoeraren berri eman beharko diote organoko buruari, bilera hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago.

9. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Eskolako kide anitzeko organoek hartutako erabakiak zuzendaritzako iragarki oholean emango dira argitara, gehienez ere hiru egun balioduneko epearen barruan, eta betiere errespetatuta datuak babesteko araudian ezarritakoa. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak.

3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

10. artikulua.– Zuzendaria.

1.– Zuzendaria da eskolako kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena. Zuzendaria hautatuko da ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile doktore iraunkorren artetik eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

2.– Ikastegiko zuzendaria sufragio unibertsal haztatuaren bidez aukeratuko da, unibertsitateko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean xedatutakoarekin bat etorrita, eta, arautegi horretako 7. artikuluari jarraituz, botoa aldez aurretik ematea onartuko da.

3.– Eskolako zuzendari izateko hautagaitzak aurkeztuko dira interesdunek kasuan kasuko organoari bidaliko dioten idatziaren bitartez. Hautagaitza horiek Ikastegiko Batzarreko kideen % 20ren bermea izan beharko dute.

4.– Eskolako zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da eta ezingo da luzatu, ezta ere beste agintaldi bat egin segidan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegia indarrean sartu eta gero Ikastegiko Batzarreko taldeen ordezkariek agintean jarraituko dute, hautatuak izan ziren aldia amaitu arte. Hutsunerik sortuz gero, ordezkariak hautatuak izan zirenean indarrean zegoen araudiari jarraituz aukeratuko dira ordezkoak.

Aurreko paragrafoan esandakoa aplikatuko da, halaber, unibertsitateko kidegoek Fakultate Batzarrean daukaten osaera islatzen duten gobernu eta ordezkaritza organoetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzean indargabetuta geratuko da 2013ko urtarrilaren 25ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arautegia, eta 2013ko azaroaren 21ean, 2015eko apirilaren 7an eta eta 2017ko apirilaren 26an argitaratu ziren arautegiaren aldaketak.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala