Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2024ko ekainaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2961

AGINDUA, 2024ko ekainaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura.

Ikasturte-hasierak langileen plangintza- eta kudeaketa-prozesu batzuk egitea dakar, eta prozesu horien azken adierazpena ikasturte-hasierako lanpostu-esleipena da. Prozesu horiek urtero gauzatzen dira eta hezkuntza-komunitate osoari eragiten diote, eta 10.000 plaza inguru esleitzen dira. Prozesu horietan, irakaskuntza-lanpostu libreak esleitzen zaizkie behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako funtzionarioei, hautaketa-prozesuetan hautatuak izan direnei eta ordezkogaien zerrendan daudenei. Prozedura horren bidez esleitzen dira ikasturteko iraupena izango dutela aurreikusten den lanpostuak baldin eta titularrik edo eskubide hobea duen pertsonarik ez badute.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 16ko Aginduak arautzen du gaur egun ikasturte hasierako esleipen-prozesua, irakasleen ordezkogaien zerrenda osatzen duten pertsonei dagokienez.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko irailaren 22ko Aginduaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesurako deialdia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen, Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eta maisu-maistren kidegoetan eta desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2022ko irailaren 30ean.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko abenduaren 19ko Aginduaren bidez (2022ko abenduaren 28ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesurako deialdia egin zen, oposizio-lehiaketa bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko, bai eta aipatutako kidegoetan sartzeko ere, oposizio-lehiaketa arruntaren bidez.

Aurreko paragrafoan aipatutako prozesuen bidez, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legea bete da. Lege horren seigarren xedapen gehigarrian iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdietan jarraitu beharreko irizpideak ezartzen dira. Hala, administrazio publikoek, salbuespen gisa eta urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 61.6 eta 7. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren lanpostuak lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin dute. Aurreikuspen horri lege beraren zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitu zitzaion, eta, horrez gain, adierazi zen seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek beren deialdietan sartu behar zituztela era horretako harremana duten langileek aldi baterako betetzen dituzten egiturazko lanpostu hutsak, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak.

Aipatutako egonkortze-prozesu berezi hori dela eta, aldaketa bat sartu zitzaion aginduari 2023an, merezimendu-lehiaketan hautatutako langileek aukera izan zetzaten ikasturte hasierako esleipenetan parte hartzeko gainerako bitarteko langileen aurretik.

Enplegua finkatzeko prozesuak amaitu ondoren, Hezkuntza Sailaren bitartekotasun-tasa % 6 ingurura murriztu da. Lehentasunezko eskubidea klaustroari egonkortasuna emateko ezarri zen, baina dagoeneko gauzatu da hori langileen egonkortze-prozesuen bidez, eta, beraz, ikastetxe bakoitzeko bitarteko langileak nabarmen murriztuko dira. Beraz, jada ez dago klaustroa egonkortzeko beharrik, eta plazak esleitzeko irizpide objektiboago bat finkatzea komeni da, hautaketa-prozesuak zuzendu behar dituzten printzipioak neurri handiagoan bermatuko dituena.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea 2022ko ekainaren 16ko Agindua, zeinaren bidez arautzen baita aldi baterako irakasleen beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan.

Honela geratzen da idatzita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura arautzen duen Agindua:

Bakarra.– Indargabetu eta ondoriorik gabe uzten da 13. artikulua.– Lehentasun-eskubidea ikasturte hasierako esleipen prozesuan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2024-2025 ikasturtearen hasierako esleipenetan eta hurrengoetan izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 11.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala