115. zk., 2024ko ekainaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (153 KB - 7 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
2858
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 28koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baitira garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka, 2024rako.
Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuak (2017ko martxoaren 24ko EHAA, 59. zk.) arautzen ditu garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak. Dekretu horren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko 2024ko beken deialdia egin behar da.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2024ko urtarrilaren 29ko bileran, erabaki zuen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea beken deialdia eta bekok emateko oinarrizko irizpideak onartzea.
Lankidetzaren arloko profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko beken deialdia eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2024-2007. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da (Kontseilu Errektoreak onartua, 2024ko otsailaren 23ko bileran). Dirulaguntzen Plan Estrategikoak lehentasunezko arloen artean du agenteak indartzea. Hala, beka-deialdiak helburu hori lortzen lagunduko du, gazteei garapenerako lankidetzaren arloan espezializatzeko aukera emanez.
Era berean, beken deialdiak bete egiten ditu Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planean (2018-2021) aurreikusitako azken helburuak (plan hori 2022-2024 aldirako luzatu zen, Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko akordioaren bidez).
Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana, 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta 2024ko Urteko Plana eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren webgunean daude argitaratuta (www.elankidetza.euskadi.eus), «Nor gara» atalean, «Plangintza» atalean.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eranskinean jasotako oinarri arautzaileak onartzen dira, eta garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko beken deialdia egiten da 2024rako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.3 artikuluarekin bat etorriz, garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko 2024rako beketarako deialdia egiten duen ebazpen hau osorik argitaratu behar da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 28a.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
ERANSKINA
GARAPENERAKO LANKIDETZA-ARLOAN PROFESIONALAK ESPEZIALIZATU ETA PRESTATZEKO BEKAK, 2024RAKO
2024. URTERAKO OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Deialdi honen xedea da garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka ematea 2024rako. Beka horien helburua da, bekak arautzen dituen martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren hitzaurrean adierazitakoaren arabera, gazte profesionalen gaitasunak, ezagutzak, prestakuntza eta espezializazioa garatzen laguntzea garapenerako lankidetzaren eremuan.
2.– Hauek izango dira beka bakoitzaren espezializazio- eta prestakuntza-eremuak:
a) Generoa eta garapena. Genero-ikuspegia txertatzea, bai genero-ikuspegia zeharka sartuz lankidetzako proiektu eta ekimenetan, bai ekintza espezifikoak garatuz.
b) - Ekintza humanitarioa. Antolakunde humanitarioak indartzea; krisi humanitarioak jasan dituzten komunitateak eta pertsonak babestea; euskal herritarrak sentsibilizatzea; eta agenteak koordinatzea.
c) Gizarte-eraldaketarako hezkuntza eta komunikazioa. Prestakuntza eman eta gaitasunak sortzea; eragin eta komunikazio hezitzaileko zereginak betetzea; erakundearteko eremua koordinatzea; eta ikaskuntzaren kultura sustatzea.
d) Giza eskubideak defendatzen dituzten komunitate, antolakunde eta pertsonak babestea. Hau da, ezagutza sortzea; babesaren gaineko ekimenei laguntza ematea, eta babes eta eragin politikoaren alde komunikatzea.
2. artikulua.– Onuradunak.
Beken onuradun izan ahalko dira laguntza hauek arautzen dituen martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak.
Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako gorabeheraren bat duten pertsonak.
Beka hauek bateraezinak dira edozein lan ordaindu egitearekin eta garapenerako lankidetzaren eremuan unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonei zuzendutako bestelako prestakuntza-bekak jasotzearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura.
3. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa eta beken zenbatekoa.
1.– Gehienez 80.000,00 eurokoa da iragarritako beka-programaren zuzkidura ekonomikoa.
2.– Onuradun bakoitzak 20.000,00 euroko beka jasoko du gehienez (zenbateko gordina); zenbateko horrek barne hartuko du Gizarte Segurantzari egindako kotizazioengatik, bekaren onuradun gisa, ordaintzea dagokion zatia. Kopuru hori ordaintzeko, hilean 1.666 euro gordin ordainduko dira espezializazio- eta prestakuntza-aldiko lehen hamaika hilabeteetan, eta 1.674 euro, berriz, azken hilabetean.
3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta Gizarte Segurantzari dagozkien arauen mende egongo dira jasotako zenbatekoak, hala dagokionean. eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ordainduko ditu beken onuradunei eragiten dien Gizarte Segurantzaren araubide espezifikoa aplikatuz dagozkion kopuruak.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete bat izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (izapideak, laguntzak eta dirulaguntzak atalean), eskuragarri dagoen inprimaki-eredu normalizatuan. Eskabidea telematikoki bete beharko da, oso-osorik.
3.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.
4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu
5.– Eskabidean eskatzailearen sinadura elektroniko aitortua agertuko da. Hala ere, eskatzaileak ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango dio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduera guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko du:
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo
– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskabidearekin batera aurkeztu beharko dena.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Beka-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira (gaztelaniaz edo euskaraz).
7.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.
5. artikulua.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eredu normalizatuko eskabide-inprimakia osorik bete behar da telematikoki, eta eskatzailearen datu pertsonalak eta eskatu diren beka-espezialitateak jasoko dira bertan.
2.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat ere barne hartuko du, zeinean bekaren eskatzaileak onartuko baitu alderdi hauek betetzen dituela:
a) Xede eta helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskatu edo jaso ez izana beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.
b) Laguntza eskuratzeko baldintzak betetzea eta hori horrela dela egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzea, baita eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agiri guztietan jasotako datuen ziurtasuna eta zehaztasuna ere.
c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.
d) Eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratibo edo penalik, ebazpen irmo baten bidez, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, gerora sortutakoak barne, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen beraren 13.1.h) artikuluaren arabera, sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik, edo LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzeagatik, bihurketa-terapiak egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
e) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da), eta hitzematea betebehar hori betetzen jarraituko duela, harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte.
f) Ez egotea Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan aurreikusitako egoera eta kasu bakar batean ere.
3.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren edo lankidetzaren eremuan gutxienez urtebeteko esperientzia duela egiaztatzen duten agiriak. Baldintza hori, bestalde, erakundearen ziurtagiriaren edo lan-bizitzaren, lan-esperientziaren edo boluntariotzako esperientziaren kopia digitalizatuaren bidez egiaztatu ahalko da.
b) Justifikazio-agiriak, 7. artikuluan ezarritako gainerako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: egindako lanak eta argitalpenak, ikasketak edo ikastaroak, eta ingelesaren, frantsesaren edo portugesaren ezagutzaren egiaztagiriak.
Eskatzaileak ez badu eskabidean baimena ematen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak alderdi horiek egiazta ditzan, agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:
a) NANaren kopia digitalizatua.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko erroldaren kopia digitalizatua, 2024ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa.
c) Unibertsitate-tituluaren kopia digitalizatua.
d) Euskararen ezagutza egiaztatzen duen tituluaren kopia digitalizatua.
Ez da nahitaezkoa izango eskaera honekin lotutako dokumentazioa berriz aurkeztea, baldin eta aurretik entregatu bada eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzian eta indarrean jarraitzen badu.
6. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Hona martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 9. artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, osatuko dutenak:
– Alazne Camiña Izkara andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeburu jardungo du.
– Miren Saiz Alzugaray andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekide jardungo du.
– Santiago Ramírez Cameno jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekide jardungo du.
– Mikel Valera García jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekide eta idazkari jardungo du.
2.– Hautaketa-batzordean hutsuneren bat badago edo titularren bat absente badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, hauek izango dira ordezkoak:
– Batzordeburua: Noemí de la Fuente Pereda andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Estrategikoko arduraduna.
– Batzordekidea: Edurne Bengoechea Sorozabal andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Genero eta Garapeneko teknikaria.
– Batzordekidea: Maite Garmendia Eguinoa andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
– Batzordekidea eta idazkaria: Mónica Fernández Vidal andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
3.– Hautaketa-Batzordeak teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.
7. artikulua.– Balorazio-irizpideak:
1.– Balorazio-irizpideak martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira.
1.– Garapenerako lankidetzaren edo hezkuntzaren gaineko ezagutza akademikoak, 20 puntu gehienez.
2.– Garapenerako lankidetzaren edo hezkuntzaren ibilbide profesionala, 20 puntu gehienez. Lan ordaindua eta boluntariotzako lana berdin baloratuko dira.
3.– Eskatzailearen profil akademiko-profesionalaren egokitasuna 25 punturekin baloratuko da gehienez: bekaren edo beken espezializazio-eremuetan izandako esperientzia, prestakuntza eta argitalpenak hartuko dira aintzat.
4.– Euskaraz jakiteagatik 15 puntu emango dira gehienez, irizpide hauen arabera:
B1: 5 puntu.
B2: 10 puntu.
C1 edo goragoko maila: 15 puntu.
5.– Atzerriko hizkuntzengatik 20 puntu emango dira gehienez. Ingelesa, frantsesa eta portugesa baloratuko dira; honela:
B1: 5 puntu.
B2: 10 puntu.
C1 edo goragoko maila: 15 puntu.
8. artikulua.– Ebazpena.
Batetik, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak aztertuko du eskatzaileen merezimenduen balorazioa, eta, bestalde, hautaketa-batzordeak deialdiaren ebazpen-proposamena egingo du.
Gainera, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, ebazpen-proposamena ikusitakoan, dagokion ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Deialdiaren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro eta jakinarazpenik egin ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren beka-eskaera ezetsi egin dela, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan, hargatik eragotzi gabe eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak berariaz ebazteko duen betebeharra.