115. zk., 2024ko ekainaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (193 KB - 10 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2849
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sondikako (Bizkaia) 7. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko otsailaren 26an, Sondikako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Sondikako (Bizkaia) 7. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko martxoaren 11n, Euskadiko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Sondikako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Sondikako (Bizkaia) 7. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sondikako (Bizkaia) 7. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua Sondikako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) 7. eremuarekin bat dator, zeinak 8.869 m2-ko azalera hartzen baitu udalerriko hiri-sarean. Mendebaldean, Izartza kalearekin egiten du muga; hegoaldean, Uribe kalearekin; iparraldean, Txorierri etorbidearekin (BI-737); eta, ekialdean, Berreteaga–Izartza industrialdea du. Hegoalderantz eginda, Uribe kalearen ondoan, Eusko Trenbide Sarearen trenbidea dago. Sondikako HAPOk 7. eremuaren antolamendua igorri du, Plan Berezi bat idazteko.
Proposatutako planak Sondikako HAPOko 7. eremuan antolamendu xehatuko zehaztapenak ezartzea du helburu, bai eta hirigintza-garapenerako arean mugatzen diren Jarduketa Integratuak zehaztea ere.
Proiektuaren irismenak honakoak hartzen ditu baitan:
– Jarduketa Integratu bakarra (7. eremuko Jarduketa Integratua) eta bi egikaritze-unitate mugatzea.
– Etxebizitza erabilera nagusitzat edo berezko erabileratzat duten bi azpieremu pribatu zehaztea: 1. SZVP (2.252,08 m2) eta 2. SZVP (1.670,40 m2). Sondikako HAPOk irabazizko erabileretarako honako eraikigarritasun fisikoa aurreikusten du eremurako: 10.916 m2 sestra gainetik eta 6.546 m2 sestra azpitik. Proposamenak etxebizitza kolektiboko hiru eraikin hauetan banatzen du eraikigarritasun hori:
«U» formako eraikin bat 1. SZVPan, sestra gaineko 6.723,44 m2c-ko hirigintza-eraikigarritasunarekin eta sestra azpiko 4.504,16 m2c-ko eraikigarritasunarekin, eta beheko solairua gehi goiko lau solairu eta sotoko bi solairu.
Bi eraikin angeluzuzen 2. SZVPan, 4.192,56 m2c-ko sestra gaineko hirigintza-eraikigarritasunarekin eta 2.041,48 m2c-ko sestra azpiko eraikigarritasunarekin, eta beheko solairua gehi goiko lau solairu eta sotoko bi solairu.
– Proposamenak HAPOn eremurako aurreikusten dituen espazio libreen Sistema Orokorren 1.104 m2-ak mantentzen ditu, bai eta espazio libreen tokiko azpieremuari (SZEL) dagozkion 2.784,07 m2-ak ere.
– Eremuak 113 aparkaleku-plaza izango ditu lurzati pribatuan, eta 369,12 m2 lurzati publikoan aparkatzeko. Bide-sistemak 617,51 m2 hartuko ditu.
– Eremua lorategiz hornitzeko, 81 zuhaitz landatzea aurreikusten da 2,5 metroko edo gehiagoko espaloietan eta bateriako aparkalekuetan. Espazio publikoen egokitzapena hiri-altzariekin osatuko da (barandak, bankuak, paperontziak, telefono-kabina, zaborrak sartzeko etxolak, etab.).
– Eremuan sartutako lurzatiek azpiegitura-zerbitzu guztiak dituzte: txorrotako ur sanitarioa; saneamendu- eta euri-uren estolderia, bereizita; hornidura elektrikoa; telefonia tradizionala; telekomunikazioak eta gas naturala, guztiak lurpetik.
• Ur-hornidurako sarea udalerrian dagoenera konektatuko da, eta egunean biztanleko 450 litroko kontsumo-emaritik abiatuta dimentsionatuko da, eta 10 ordutan banatuko da. Horrez gain, kontuan hartuko dira honako gutxieneko emari hauek: kaleak eta lorategi-eremuak ureztatzeko: 1.000 l/ha/egun; eta suteen aurka egiteko zerbitzurako: 5 l/seg.
• Saneamendu-sarea trazadura eta eroanbide independenteak dituen sare bereizle gisa planteatzen da, eta Saneamenduko Udal Sarera bideratzen da. Lurpeko euri-uren sarea ur beltzen sarearen ondoan joango da beti, haren gainean.
• Planak gutxienez argiztapen-maila hauek beteko dituen argiteria publikoa aurreikusten du: a) Lehen eta bigarren mailako sareko bideak eta plaza nagusiak: 30 lux; b) Bigarren mailako sareko ibilgailuentzako bideak, oinezkoentzako bide nagusiak eta beste espazio publiko batzuk: 26 lux; c) Oinezkoentzako bigarren mailako pasealekuak, etxebizitzetarako sarbide pribatuak: 10 lux. Erabilera publikoko oinezkoentzako guneetan, gutxienez argi-unitate bat jarriko da 200 m2-ko azalera unitate bakoitzeko.
Planteatutako alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak esku ez hartzeko alternatiba (0 alternatiba) eta Planak garatutako proposamenari dagokion antolamendu-alternatiba bakarra (1. alternatiba edo «hartutako konponbidea») aurkezten ditu.
0 alternatibak indarrean dagoen HAPOk 7. eremurako ezarritako esparrua mantentzea ekarriko luke; 1. alternatiba edo «Hartutako irtenbidea» deritzona Planean proposatutako antolamendu xehatua egitean datza.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, area batera garatu ahal izango da, urbanizazio-proiektu bakar baten bidez, edo modu independentean, ezarritako egikaritze-unitate bakoitzerako urbanizazio-proiektu baten bidez.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar den ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak edo programak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Plan Bereziak etorkizunean Sondikako HAPOko 7. eremua urbanizatzeko proiektua baimentzeko esparrua ezartzen du (8.869 m2). Proiektuaren kokalekua, arearen ingurumen ezaugarriak eta proposatutako garapenaren hedapen mugatua kontuan izanik, esan daiteke planak ez duela berezitasunik arrazoi horregatik ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izateko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak «7. eremua» izeneko hiri-lurzoru finkatugabearen eremuaren antolamendu xehatua definitzen du, Sondikako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ezarritako hirigintza-antolamenduko eta -aprobetxamenduko oinarrizko irizpideak garatuz. Hain zuzen ere, lehendik dauden eraikinen (bizitegikoak nahiz industrialak), lorategien eta espazio libreen ordez, berrantolatzea eta berrurbanizatzea planteatzen da, bizitegi-eremu bat garatze aldera. Hala, ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia izatea ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko, bereziki; garapen jasangarria sustatu ahal izateko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren gogoetak txertatzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari, urei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez eta, batez ere, kutsadura akustikoari dagokionez.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eraginda izan daitekeen eremuaren ezaugarriak:
Planak Sondikako HAPOren 7. eremuko Jarduketa Integratuaren eremua antolatzen du, zeinak 8.869 m2-ko azalera baitu eta hainbat eraikin hartzen baititu barnean: etxebizitza kolektiboak eta familia bakarreko etxebizitzak, lorategiak, lanabesen txabolak, berdeguneak eta Lubrimonsako industria-eraikina.
Eremuan, ez da ingurumen-balio nabarmenik hautematen. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.
Litologiari dagokionez, lurzorua tuparri-kareharrien, tuparrien, kareharrien eta kalkareniten alternantzia da, eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikia dute. Laua da, zati handi batean urbanizatua dago eta nekazaritza balio eskasa edo nulua du.
Eremua «Ibaizabalen unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Asua-A (ES111R074021) ur-masaren isuri-arroan dago. Eremuan ez dago ur-ibilgurik; hurbilen dagoen erreka eremuaren ekialdetik 300 m ingurura dago, Berreteaga–Izartza industrialdeak bereizten du eremutik. Planifikazioaren eskumen-eremuei dagokienez, eremua erkidego barneko arroen barruan dago, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) du haren gaineko eskumena uraren arloan. Eremuak ez du barne hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Bizkaiko lurpeko ur-masa sinklinorioaren gainean dago, «Getxo-Bergara sektore kuaternarioa» sektorearen ondoan.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten etzeek osatzen dute. Dena den, eremuaren hegoaldea bereizi beharko litzateke, bertako landarediak soropila eta zuhaitz-espezie apaingarriak barne hartzen baititu. Era berean, bizitegi-eraikinen artean, lorategiz hornitutako azalera batzuk identifikatzen dira.
Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako eremurik ere. Ustez, eremuan dagoen fauna hiri-inguruneetara egokitutako espezie arruntak dira.
Eremua Sondikako ikuspen-arroari dagokio, eta eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia da. Eremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta (Eusko Jaurlaritza, 2005).
Planaren xede diren lurzatietan ez dago eraikitako kultura-ondareko elementurik, ez eta arkeologikorik ere.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, eremua «a» eremu akustiko batean dago (bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-eremu edo -sektoreak), eta zarata-foku nagusiak honako hauek dira: eremuaren iparraldean dagoen BI-737 errepidea, inguruko kaleak eta bideak eta Sondika-Kukullaga-Etxebarriko metro-linea, nahiz eta metro-linearen eragina ia hautemanezina izan. Azterketaren emaitzen arabera, egungo egoeran, 2 metroko altueran, ordu-tarte guztietan kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira lurzatiak ibilgailuen zirkulaziorako bideekin muga egiten duen eremuetan, eta BI-737 errepidea eta Izartza kalea nabarmentzen dira.
Bestalde, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du Planaren eremua BI-737 foru-titulartasuneko errepidearen Zortasun Akustikoko Eremuaren barruan geratzen dela –horretarako, organo horrek, nahitaez, txostena eman beharko du Planari hasierako onespena eman aurretik, zaratari buruzko araudia betez– eta, «Mapas Estratégicos de Ruido de los Grandes Aeropuertos. Aeropuerto de Bilbao» (2007ko maiatza) dokumentuaren arabera, Basozabal auzoa, hots, plana kokatzen den eremua, ez dagoela aireportuaren aztarna akustikoaren eraginpean.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, 7. eremua bat dator Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko bi kokagunerekin: hain zuzen, 48904-00041 eta 48904-00042 kodeak dituzten kokalekuekin, biak ala biak «industrialak». Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, lehenengoa aluminioa ekoizteko eta eraldatzeko jarduera bat da, eta bigarrena bat dator Lubrimonsa instalazioekin (makinen, tresneriaren eta material mekanikoaren fabrikazioa). Dokumentazioak ez dio ezer lurzoru horiek aurreikusten den erabilera berriei dagokienez duten egoerari buruz (lurzoruaren kalitatearen adierazpenak eta nahitaezko indusketa-planak).
Beste arrisku batzuei dagokienez, Uraren Euskal Agentziak eginiko uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, eremua uholde-arriskuko eremuetatik at geratzen da; halaber, ez da higadura-arriskurik identifikatzen, ez eta sismikotasunaren ondoriozko arriskurik edo baso-suteen arriskurik ere. Era berean, ez dago akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremurik. Arrisku teknologikoei dagokienez, ez da hauteman arrisku handirik salgai arriskutsuak errepidez eta trenbidez garraiatzeak dakarren istripuen ondorioz, ez eta Seveso II Zuzentarauaren mendeko enpresetatik hurbil egoteagatik ere.
Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen eragin posibleak lehendik dauden eraikinak eraistea, Ihobek eginiko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioaren kokalekuetan esku hartzea, eta eraikin berriak urbanizatzeko eta eraikitzeko obrak egitea ekar dezakete. Horrek, obra fasean, honako hauek ekarriko ditu: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makineriaren joan-etorria, istripuzko isurketek urei eta lurzoruei eragiteko arriskua, emisio atmosferiko eta akustikoek herritarrei eragozpenak eragitea eta abar. Hori guztia guztiz hiritarra den eremu batean.
Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
7. eremuak kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin bat egiteari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
Ustiapen-fasean, berriz, eraginak bizitegi-garapen berriaren paisaia-inpaktuarekin lotuta egongo dira, bai eta baliabide- eta energia-kontsumoa handitzearekin, eremuko mugikortasuna areagotzearekin eta inpaktu akustikoarekin ere.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, nagusiki bizitoki-erabilera duten eremuetako etorkizuneko hirigintza-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak gaindituko lirateke etorkizunean. Zehazki, lurzatiaren iparraldean dauden eraikinen fatxadetan gainditu egiten dira KAHak, egunez zein arratsaldez –66 dB(A)-ra iritsi dira–, eta gauez –58 dB(A)-ra, gehieneko maila–; era berean, «U» itxurako eraikinaren mendebaldeko fatxadan –Izartza kalea– ere gainditzeak gertatzen dira gauez –53 dB(A)-ko gehienekoak–. Gainera, trenbide-ardatz batetik 75 metro baino gutxiagora eraikitzea aurreikusten denez, eragin akustikoari buruzko azterketan bibrazioen ebaluazio bat sartzen da, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko. Azterketaren ondorioen arabera, bibrazio-mailen helburuak betetzen dira.
Hautemandako gainditzeen aurrean, azterketa akustikoak, zuzenketa-neurri gisa, fatxada isolatzea ezartzen du, aireko zaratarentzako hartu beharreko isolamendu akustikoko balioak adieraziz.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Emandako informazioaren arabera, Planak Sondikako HAPOn ezarritako eremurako zehaztapenak garatzen ditu, eta horrek hiri-eremu artifizializatu bat birdentsifikatzea ekarriko du.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.
3.– Ebazpen honetan, Sondikako 7. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste erakunde batzuek ezarri ditzaketenak. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
– Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.
– Plana hiri-lurzorua berritzeko kasu bat denez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikulua betez, Planak, garatze aldera, eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu gisa deklaratzea eskatuko du, araudi horretan ezarritako gutxieneko edukiarekin.
– Ondorioz, neurri tekniko eta ekonomiko proportzionatuak hartu beharko dira, lehenik eta behin kanpoaldea babesteko. Kalitate akustikoko helburu aplikagarri guztiak betetzeagatik kanpoaldea ezin badaiteke babestu, neurri osagarriak garatuko dira, gutxienez, eraginpeko eraikuntzen barnealdean aurreikusitako kalitate akustikoko helburuak betetzeko; neurri horiek berariaz justifikatuta geratu beharko dira eraikuntza-proiektuan. Dagokion lizentzia eman aurretik, udalak justifikazio-txosten bat egin beharko du, eta kanpoaldea babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko ditu.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak:
– Jarduketak bat datoz Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko 48904-00041 eta 48904-00042 kodeko kokalekuekin. Horrenbestez, bat etorriz Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluan xedatzen denarekin, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.
– Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan. Hortaz, komeni da Eusko Jaurlaritzaren 2020ko hondeaketa selektiborako plana kontsultatzea.
– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Sondikako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Argi-kutsadurarekin lotutako neurriak:
Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurrekoak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, berriz, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, urbanizazio-proiektua burutzeko neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean jasotzen dituen erabakietan sartu beharko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaio.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Sondikako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2. artikuluarekin bat.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara eta, bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.
– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
– Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.
– Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
Energia. Energia-kontsumoa murriztea edota energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Sondikako 7. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Sondikako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Sondikako 7. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzak 16.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.