Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2024ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2836

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dirulaguntzetarako deialdia egiten zaie Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak irakasten dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko jarduerak egin ditzaten.

Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkion egitekoen artean daude Lanbide Heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza planak diseinatzea, aplikatzea eta egitea, bai eta plana eguneratu eta espezializatzea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak 31. artikuluan ezartzen du Lanbide-Heziketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, ezinbestekoa izango dela irakasleak prestatzea, ikasgela barruan lantzeko metodologia aktibo berriak ikasi eta gara ditzaten eta eduki profesional espezifikoak berengana ditzaten. Hori guztia irakasleek inguru konplexuetan konpetentziak hobetu ditzaten bideratzen da. 2. Aurreko paragrafoan adierazitakoa betetzeko, EAEko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen sailak prestakuntza-programak eratuko ditu.

Ildo beretik, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, irakasleen prestakuntzari dagokionez, xedatzen du etengabeko prestakuntza Lanbide Heziketako Sistemako irakasle eta hezitzaile guztien eskubidea eta betebeharra dela, bai eta Lanbide Heziketa ematen duten administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere, eta arreta berezia eskainiko diotela berrikuntza eta ikerketa aplikatuko, ekintzailetzako, digitalizazioko eta atzerriko hizkuntzetako prestakuntzari. Etengabeko prestakuntza bermatuko dute konpetentzia digitaletan, eta horien diseinu eta irisgarritasun unibertsala txertatuko dute, bai euskarri teknologikoak erabiltzeari dagokionez, bai materialak lantzeari dagokionez, bai irakaskuntza-metodologia berritzaileak baliatzeari dagokionez.

Lanbide-heziketako ikastetxeek, irakasleen parte-hartzearekin, ikastetxeko prestakuntza-planak diseinatzen dituzte, Lanbide Heziketako EAEko sistemaren premiei erantzuteko. Premia horiek Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean daude jasota, eta plana Hezkuntza Sailaren webgunean dago eskuragarri. Ikastetxe horiek irakasleen prestakuntza-premiak detektatzen dituzte eta landu beharreko prestakuntza-jarduerak identifikatzeko dituzte, ikastetxearen proiektu estrategikoaren lehentasunezko helburu eta jardueretan eta Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren 7 ardatz estrategikoetan oinarrituta. Hortik etorriko dira dirulaguntzen deialdi honetan zuzkidura ekonomikoa eskatutako prestakuntza-jarduerak, eta ikastetxeak 2024-2025 ikasturterako egingo dituen urteko planifikazioan egon behar dira.

Era berean, deialdi hau 4226 Programan (Etengabeko Ikaskuntza eta Helduen Hezkuntza) sartuta dago, eta, Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren 2. Helburu Estrategikoari dagokio («Lanbide Heziketako irakasleen eguneratze eta espezializazio pedagogikoa sustatzea»). Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Agindu bidez onartu zen, eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean argitaratu zen.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, 2022ko azaroaren 7an onetsi zuen Lanbide Heziketako 6. Euskal Plana. Plana benetan heda dadin, hau da, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketak gidatzeko tresna izateko, itunpeko ikastetxe pribatuei dei egin die sailburuordetzak, euren irakasleen bitartez ikastetxearen konpetentziak indartuko dituzten jarduera eta proiektuetan parte hartzeko eta teknologia aurreratuko inguruneei erantzuteko. Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak giza garapen jasangarriaren, pertsonen talentuaren sustapenaren eta ikaskuntza-eredu aurreratuen aldeko apustua egin du, ingurune produktibo, teknologiko eta digital berri baten erronkei erantzuteko. Era berean, EAEko Lanbide Heziketaren rola finkatu du, eraldaketa- eta berrikuntza-eragile bihurtu baitu, funtsezkoa delako pertsonen enplegagarritasuna nahiz EAEko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Ildo horretatik, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak hainbat helburu eta jarduera-ildo ezartzen ditu esparru estrategiko hauen barruan: Teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak; Berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa; Adimenaren kudeaketa 5.0 Lanbide Heziketako ikastetxeetan; Bioteknologia, birsorkuntza eta ongizatea; Giza garapena; lanbide heziketako 5.0 ikastetxeak.

Gauzak horrela, lanbide heziketako ikastetxeetako pertsonen gaikuntzarako prestakuntza aurreratua, modernoa, disruptiboa, zehatza eta pertsonalizatua behar da, pertsona horien gaitasun teknikoak eta trebezia pedagogikoak maila gorenean mantenduko direla bermatzeko, eta 4.0 eta 5.0 industriaren eta garapen teknologiko berrien munduan sor daitezkeen beharretarako erantzun azkar eta malguak garatzeko gai izan behar dira nahitaez.

Jardun-esparru horretan, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren orientazio-ardatz estrategikoak lortzera bideratutako prestakuntza-jarduerak sustatuko dira honako eremu hauetan: teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak; berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa; adimenaren kudeaketa lanbide heziketako 5.0 ikastetxeetan; bioteknologia, berroneratzea eta ongizatea;.giza garapena; pertsonak, eraldaketaren protagonista; lanbide-heziketako 5.0 ikastetxe adimendunak; eta lanbide-heziketako euskal sistemaren nazioartekotzea.

Era berean, prestakuntza-ekintzen bidez, genero-ikuspegia txertatzeko jarduerak sartzea bultzatuko da, baita hizkuntza-normalizazioari laguntzen diotenak ere, euskararen erabilera sustatuz eta indartuz.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BETEKIZUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da dirulaguntzak ematea norgehiagoka bidez 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi-mailako, goi-mailako edo oinarrizko prestakuntza-zikloak, espezializazio-ikastaroak eta ziurtagiri profesionalak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, ziklo horiek ematen dituzten irakasleek prestakuntza-jarduerak egin ditzaten.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko 280.000 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Prestakuntza-jardueren esparru orokorra.

1.– Deialdi honen barruko prestakuntza-jarduerak ikastetxe bakoitzeko prestakuntza-planean hautemandako beharren araberakoak izango dira, eta, ahal dela, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren 7 ardatz estrategikoei lotuta egongo dira.

2.– Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak aukeratuko du ikastetxeko prestakuntza-planaren barruko zer jarduera aurkeztuko dituen deialdi honen bitartez finantzatzeko.

4. artikulua.– Prestakuntza-jardueretarako baldintzak.

1.– Prestakuntza-jarduerek honako irakaskuntza hauek ematen dituzten irakasleen praktika eta lanbide-garapena hobetzen lagundu behar dute: erdi-mailako lanbide-heziketa, goi-mailako lanbide-heziketa edo ikastetxeko oinarrizko lanbide-heziketa; espezializazio-ikastaroak; eta 2024-2025 ikasturterako ikastetxearen prestakuntza-eskaintzari lotuta egon behar duten lanbide-ziurtagiriak.

2.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenak lanbide-heziketako irakasle izango dira diruz lagundutako ikastetxean. Era berean, baldintza hauetakoren bat betetzen duten ikastetxeek (ikastetxe-arteko jarduerak egin ahal izango dituzte:

a) Lurralde historiko bereko ikastetxeak izatea.

b) Lanbide-familia bereko prestakuntza-zikloetako ikastetxeak izatea.

c) Zeharkako konpetentziak eskuratzea errazten duten prestakuntza-jarduerak proposatzen dituzten ikastetxeak izatea.

3.– Ikastetxe-arteko jardueretarako eskariaren ikastetxe titularra izango da prestakuntza-jarduera horiek egin eta justifikatzearen arduradun bakarra.

4.– Prestakuntza-jardueretan gutxienez 8 pertsonak hartu behar dute parte, oro har. Ikastetxe bat kopuru horretara iristen ez bada, ikastetxe arteko jarduerak proposatu beharko ditu.

Salbuespenez, lurralde historikoko 2 ikastetxetan bakarrik ezarritako prestakuntza-ziklo bati dagokion jarduera bada edo EAEn ezarri berria bada eta hau bada ematen duen lehenengo edo bigarren urtea, gutxienez 4 lagunekin hautatu ahal izango dira jarduerak.

5.– Prestakuntza-jarduera bakoitza gutxienez 10 ordukoa izango da, eta gehienez 35ekoa. Prestakuntzako orduak online egin daitezke (sinkronoa eta/edo asinkronoa) edo presentzialak izan daitezke:

Ordu sinkronoetan prestakuntza ematen duena eta hartzen ari dena une berean ari dira lanean eta presentziala edo online emandakoa izan daiteke. Hau da, irakasleak eta ikasleek denbora errealean dabiltza elkarreragiten, norabide bikoa da elkarreragin hori eta materiala eta dokumentuak partekatzeko aukera dute.

Ordu asinkronoetan ikastaroa ematen ari denaren eta ikastaroko partaidearen arteko elkarreragina gune eta une desberdinetan gertatzen da.

6.– Nahitaezkoa da prestakuntza-jarduerek dirulaguntzarik jaso ez izana deialdiaren aurreko ondoz ondoko bi ikasturteetan, ikastetxe berean eta titulu berarekin edo eduki berekin. Ez da ulertuko titulu bera dutenik urte anitzeko (gehienez 3 urteko) prestakuntza-jarduera bateko mailek, ondoz ondoko zenbait ikasturtetan egiten badira. Aurreikuspen hau ez zaie ezartzen dirulaguntza eman ondoren uko egin dioten ikastetxeei.

7.– Ikastetxeko antolakuntza-autonomiaren baitan, irakasleen prestakuntza-jardueren ordutegiak ez du oztopatuko irakasle partaideen irakats-ordutegia.

8.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-jarduerek ezin izango dute sexuan oinarritutako bereizkeriarik eragin.

5. artikulua.– Ikastetxe bakoitzean diruz lagundutako gehieneko jarduera kopurua.

1.– Ikastetxe bakoitzak eskari bakarra aurkeztuko du, eta hor ordenatu beharko ditu prestakuntza-jarduerak lehentasun-ordenaren arabera.

2.– Baldin eta 15.4 artikuluaren arabera onartutako prestakuntza-jarduerei emandako kopuru osoak eskura dagoen kreditua gainditzen badu, ikastetxe bakoitzean gehieneko jarduera kopuru bat lagunduko da diruz, ematen duen prestakuntza-ziklo kopuruaren arabera. Gehieneko hori tarte hauetan finkatuaren arabera zehaztuko da:

11 prestakuntza-jarduera baino gutxiago: 8 prestakuntza-jarduera

11 eta 15 prestakuntza-jarduera artean: 10 prestakuntza-jarduera

16 eta 20 prestakuntza-jarduera artean: 12 prestakuntza-jarduera

20 prestakuntza-jarduera baino gehiago: 14 prestakuntza-jarduera

3.– Jarduera bererako bi talde eratzen direnean, bi prestakuntza-jarduera balira bezala hartuko dira.

4.– Emandako jardueren gehieneko muga kalkulatzeko, ez dira kontatuko ikastetxe-arteko jarduerak.

6. artikulua.– Azpikontratazioa.

Ikastetxeko irakasleei prestakuntza-jarduerak emango dizkietenak ikastetxeaz kanpokoak izango dira, dagokien gaian adituak. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntza jaso duen jarduera osorik ere azpikontratatu ahal izango du onuradunak.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimen ofiziala duten EAEko itunpeko ikastetxe pribatu guztiak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatua betetzen badute.

2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez. Baldintza horiek eskatzen dira bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira ordainketak egiten direnean.

Organo kudeatzaileak modu automatikoan eta behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, eta, horretarako, ez du ikastetxe eskatzaileen baimenik beharko, bat etorriz, betiere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023 otsailaren 13ko Aginduarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin.

Zentro onuradunak berariaz egin diezaioke uko baimen horri. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen.

3.– Ikastetxe eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko:

– Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion zehapen penal edo administratiborik.

Ez egotea ezgaituta arlo penal edo administratiboan sexuan oinarrituta diskriminazioa egiteagatik (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikulua).

Derrigortasun-kasuetan, berdintasun-plan bat indarrean izatea eta/edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan.

4.– Aurreko apartatuetan adierazitako baldintzez gain, eskarian gehitutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez ziurtatuko du ikastetxeak honako hau:

– Ez da xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari administrazio publiko edo erakunde pribatuetatik, eta, zehazki, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatzen duen laguntzarik, hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko gaitasunen garapenari zuzenean lotutako prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak aurkezteko.

– Ezagutzen ditu Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko baimenduta dauden ikastetxeetan atzerriko hizkuntza indartzeko dirulaguntzen deialdiaren baldintzak.

– Konpromisoa hartzen du Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari jakinarazteko dirulaguntza emateko eskatzen eta kontuan hartzen diren baldintzei eragiten dien aldaketa oro, baita edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

– Konpromisoa hartzen du bertaratzearen kontrola egiteko erabilitako dokumentu guztiak ikastetxean 5 urtez gordetzeko eta mantentzeko, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren edo zuzendaritza horren bidez eska ditzaketen organoen esku jartzeko, aginduaren 20. artikuluko 6. betebeharrak arautzen duenaren arabera.

– Ordainduta ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Ez dago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeretako batean.

– Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu.

– Eskabide honetan eta honi gehitutako dokumentuetan adierazitako datu guztiak egiazkoak dira.

5.– Entitate onuradunak apartatu honetan adierazitakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa edukiko du, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Soil-soilik gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Ikastetxe eskatzailekoak ez diren eta zuzenean inplikatutako langileen gastuak, ezinbestekoak badira prestakuntzako pertsona adituen dirulaguntza lortu den jarduera garatzeko.

– Prestakuntza-jardueren garapenaren ondoriozko ezinbesteko materialak erostea.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

– Ekipamenduen inbertsioa edo amortizazioa.

– Prestakuntza jasotzen duten irakasleen joan-etorriak.

– Ikastetxearen funtzionamendu-gastu arrunta.

– Lokalen kudeaketa- edo alokairu-gastuak.

– Gauzatzearen ondoriozkoak diren beste batzuk: matrikulak ordaintzea, prestakuntzan aditu direnen egonaldiak...

9. artikulua.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Gehienez 110 euro emango da emandako prestakuntza-ordu bakoitzeko.

10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak ematea bateraezina izango da erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntzarekin, baldin eta xede bera badute; zehazki, hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko gaitasunen garapenari zuzenean lotutako prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza-berriztapenerako proiektuak aurkezteko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatutako deialdiaren bidez diruz lagundutako jarduerak ezingo dira diruz lagundu.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, HAUTAKETA ETA PROZEDURA

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko:

– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak daude eskuragarri, eta, horren bidez, eskabide-inprimakian sartzeko aukera dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0052012

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

– Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozedura osoan.

2.– Ikastetxe eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu eta osatu beharko du (esteka honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0052012):

a) A inprimakia: dirulaguntza eskatzen den prestakuntza-jardueren zerrenda duen eskabidea, oinarrizko informazioarekin.

b) Ikastetxearen Prestakuntza Plana.

c) A.1 eranskina: «Prestakuntza-jardueraren fitxaren» eranskina, proposatutako jarduera bakoitzeko.

d) A.2 eranskina: Ikastetxearen prestakuntza-planarekin batera, A.2 eranskina entregatuko da, balorazio-irizpideen arabera puntuatua izan ahal izateko.

e) A.3 eranskina: «Klaustroaren akta» daukan eranskina; bertan, berariaz jasoko da klaustroak prestakuntza-jardueren berri baduela, eta bere gain hartzen dituela jarduera horiek parte-hartzaileengan izan ditzakeen ondorio pertsonalak eta ikastetxearen barne-antolamenduan izan ditzakeenak. Ikastetxe-arteko prestakuntzaren kasuan, ikastetxe bakoitzeko inprimakia aurkeztu beharko da.

f) A.4 eranskina: «Ordezkaritza ematen duen» eranskina, ikastetxe-arteko prestakuntza-jardueretan.

12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala. Hala egingo ez balu, eskabideari uko diola ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.

13. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzen organo kudeatzailea.

14. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Jardueren balorazioa, 15. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, honako hauek kide izango dituen batzorde batek egingo du:

1) Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Rikardo Lamadrid Intxaurraga; lehendakaria izango da.

2) Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat.

– Araba: Leire Zelaya Juaristi.

– Bizkaia: Mikel Alvarez Olaechea.

– Gipuzkoa: Edurne Ozaeta Usarralde.

3) Miriam Lasagabaster Herrarte, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu.

2.– Aurkezten diren eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak behin-behineko balorazio-txostena egin beharko du, egindako balorazioaren emaitza zehaztuz. Alegazioak egiteko epea amaitzen denean, batzorde horrek, denak ebatzi, eta behin betiko balorazio-txostena egingo du.

3.– Balorazio-batzordea osatzen duten pertsonak ezin izango dira interes-gatazkako egoeran egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

15. artikulua.– Balioespen- irizpideak eta esleipen-prozedura.

1.– Prestakuntza-jarduerak banan-banan baloratuko dira, deialdi honetako eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Alderdi orokorrak (gehienez 2 puntu).

a.1.– Justifikazioa eta helburuak: prestakuntza-jardueraren helburuak zehaztasunez justifikatzen badira, helburu orokorrak eta espezifikoak adierazita: 0,7 puntu.

a.2.– Edukiak: irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko xedeak eta formak zehatz eta koherentziaz zerrendatzen badira jarduerako helburuekiko: 0,3 puntu.

a.3.– Prestakuntza-ekintzaren ebaluazioa: ebaluazio-tresnak adierazten badira (lanak, kontrolak, inkestak...): 0,5 puntu. Ebaluazio-irizpideak azaltzen badira: 0,5 puntu.

b) Ikastetxearen Prestakuntza Plana (gehienez 3 puntu).

Irakasleek epe ertainean dituzten prestakuntza-beharrak finkatuko ditu Prestakuntza Planak, ikastetxearen helburuen arabera ordenatuta, eta urteko plangintzan egon beharko da.

b.1.– Prestakuntza Planak bi urteko iraupena badu (2023-2025 edo 2024-2026): 1 puntu.

b.2.– Berariazko Prestakuntza Planak ikastetxean izango duen gauzatzea eta eragina ebaluatzeko zein tresna eta irizpide erabiliko diren zehazten badu: 1 puntu.

b.3.– Prestakuntza Planak hasierako prestakuntza-ekintzak baditu, bitarteko edo ordezko irakasleentzat, bereizita: 1 puntu.

c) Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean oinarritutako jarduerak, eta, beraz, haren orientazio-ardatz estrategiko hauetako batekin edo gehiagorekin lotutakoak (gehienez, 4 puntu).

c.1.– Teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak (Eraldaketa digitala eta garapen teknologiko adimenduna): 1 puntu.

c.2.– Berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa (Berrikuntza disruptiboa eta ingurune estrategikoetan aplikatutako berrikuntza): 1 puntu.

c.3.– Adimenaren kudeaketa 5.0 ikastetxeetan (Adimen aplikatuaren kudeaketa, konplexutasunaren kudeaketa eta aldaketaren kudeaketa): 1 puntu.

c.4.– Bioteknologia, berroneratzea eta ongizatea (Biozientziak eta jasangarritasuna eta lanbide-heziketako ikastetxe jasangarriak): 1 puntu.

c.5.Giza garapena. Pertsonak, eraldaketaren protagonista (Errendimendu handiko prestakuntza, giza dimentsioa eta prestakuntza inklusiboa): 1 puntu.

c.6.– 5.0 ikastetxe jasangarriak (Lanbide-heziketako ikastetxe-eredu berria): 1 puntu.

c.7.– LHko euskal sistema nazioartekotzea (Lanbide Heziketako Euskal Sistema nazioartekotzea): 1 puntu.

d) Honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada (gehienez 2 puntu):

d.1.– Eskola-arteko prestakuntza-jarduerak: 1 puntu.

d.2.– Ziklo ezarri berriak (zikloa ematen den lehenengo edo bigarren urtea): 1 puntu.

d.3.– Ziklo singularra (gehienez lurralde historiko bateko bi zentrotan ezarritako zikloa): 1 puntu.

e) Euskaraz ematekoak diren prestakuntza-jarduerak: 1 puntu.

f) Aurrekontua: Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna, orduko eta plazako kostu unitarioari dagokionez. Kostu handiagoarekin, puntuazio txikiagoa: gehienez 2 puntu.

g) Irakaskuntzan genero-ikuspegia sartzeko, gizon eta emakumeen berdintasuna sustatzeko eta/edo genero-indarkeria desagerrarazteko jarduerak: 1 puntu.

2.– Eskatutako prestakuntza-jarduerak baloratutakoan, ordenatu egingo dira, kontuan hartuta zenbat puntu lortzen dituzten guztira 1. puntuko baremoaren arabera.

Emandako puntuazioan berdinketa egonez gero, lehentasun hau emango da:

– Hasteko, artikulu honetako 1.C apartatuan puntuaziorik altuena lortu duten jarduerak;

– Bigarrenik, euskaraz egingo diren jarduerak (1.E);

– Eta hirugarrenik, eskola arteko jarduerak, eskolakoekin alderatuta (1.D).

3.– Puntuaziorik onena lortu duten prestakuntza-jarduerei soilik emango zaie dirulaguntza, deialdi honetara bideratutako aurrekontu-kredituak agortu arte.

4.– Gutxienez honako puntu kopurua lortzen duten prestakuntza-jarduerek bakarrik jaso dezakete laguntza: 6 puntu.

16. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio agindua behin-behingoz eta behin betiko ebaztea, balorazio-batzordeak eginiko behin-behineko txostenean jasotakoaren arabera (14.2 artikulua).

https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa

Era berean, 10 egun naturaleko epea ematen da, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen diren alegazioak aurkezteko edo, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskaera berriz egin ahal izateko, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko xedez.

2.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.

3.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, balorazio-batzordeak balorazioaren behin betiko txostena egin, eta ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, instrukzio-organo gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori.

4.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean proposatutako onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

5.– Ebazpena jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da.

https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa

Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

6.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

7.– Prozeduraren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza sailburuaren aurrean. Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete epea dago aurkezteko.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehenengoa, emandako laguntza osoaren % 35, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerako % 65a, berriz, justifikazioa 21. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa. Hala eginez gero, gehiegizko hori ez dela bateragarria adieraziko da, eta dagokion zenbatekoan eman beharrekora mugatuko da guztizkoa.

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du erakunde onuradunak.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarritako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza eman zeneko baldintzak aldatu egin direla esango da, azkenean prestakuntza-jardueretara doan kide kopurua hasierako eskabidean adierazitako partaideen % 60ra iristen ez bada. Dirulaguntzaren zenbatekoa proportzioan murriztuko da, orduko eta plazako kostuaren arabera.

Horren ondorioz, ebazpena aldatu egingo da, betiere 4.4 artikuluak finkatutako 8 partaideko gutxieneko kopurua mantentzen bada, artikulu horretan jasotzen diren salbuespenekin.

Ez-betetzetzat hartuko da gutxienez 8 parte-hartzaile ez izatea, eta itzulketa-prozedura abiaraziko da, aurretik jasotako salbuespenari kalterik egin gabe.

Aipatutako ehunekoa aplikatuta zenbaki hamartar bat emanez gero, behera biribilduko da.

2.– Ikasturtea laburragoa bada dena delakoagatik, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzioan jaitsiko da, orduko eta plazako kostuaren arabera.

3.– Aurrekoa ezertan galarazi gabe, dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzen badira, Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio (agindu honen 20.3 artikulua), eta hori gertatzeak berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

4.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.

19 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan aintzat hartutako gutxieneko helburua, 15.1 artikulua oinarri hartuta.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorrak 14. eta 33. artikuluan jasota daude.

d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. eta 40. artikuluetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA, EBALUAZIOA ETA ZIURTAPENA

20. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta onuradun gisa proposatutako pertsonek ez badute dirulaguntza onartzen esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean, orduan onuradun gisa proposatutakoek eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.

2.– Diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak ikastetxearen 2024-2025 ikasturterako urteko planean sartzea; jarduera horiek ikastetxeak urte horretarako izango duen prestakuntza-planaren barruan ere egongo dira.

3.– konpromisoa hartzea dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egondako aldaketak Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari jakinarazteko, eta, hala badagokio, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabideak lortu izana; horrek berarekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

4.– Prestakuntza-jardueraren emaitzak aktan erregistratzea (D.2 eranskina). Azken akta itxia izango da, eta gerora ezin izango zaio ezer aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira dokumentu bidez. Prestakuntza-jarduera bakoitzeko amaierako akta bakarra aurkeztuko da, eta artikulu honetako 5. puntuan adierazitako dokumentuetan oinarrituko da.

Azken aktak (D.2 eranskina) prestakuntza-jarduera hasten duten parte-hartzaile guztiak jasoko ditu; alegia, A.1 eranskinean (Prestakuntza-jardueraren fitxa) sartutako parte-hartzaileak, bajan dauden parte-hartzaileak kenduta eta parte-hartzaile berriak gehituta (biak D.1 eranskinean sartuta, prestakuntza-ekintzaren amaierako memorian).

5.– Prestakuntza-saioetara joango diren pertsonen asistentzia-kontrola egitea, honela:

a) Ordu presentzial sinkronoak: sinaduren kontrol-orrien bidez (D.3 eranskina).

b) Ordu sinkrono ez-presentzialak (online): b.1 eta b.2 ikuspegiak jaso beharko dira, eta, plataformak sortzen baditu, b.3:

b.1.– Prestakuntza-saio bakoitzaren pantaila-argazkia, parte-hartzaileak bertaratu direla adierazten duena.

b.2.– Klase-emailearen adierazpena (D.5 eranskina), saio ez-presentzialen plangintza eta pertsona bakoitzak saio bakoitzean duen asistentzia (bai ala ez) adieraziz.

b.3.– Eta erabilitako plataformak sortuz gero, plataformaren konexioen erregistroa pertsonak, datak eta konexio-denborak identifikatuta.

c) Ordu asinkronoak: prestatzaileak zinpeko adierazpena egin beharko du (D.4 eranskina).

6.– Bertaratzearen kontrola egiteko erabilitako dokumentu guztiak ikastetxean 5 urtez gordetzea eta mantentzea, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren edo zuzendaritza horren bidez eska ditzaketen organoen esku jartzea.

7.– Prestakuntza-jarduera bakoitzerako koordinatzaile bat izendatzea. Pertsona hori izango da ikastaroa kudeatzearen arduraduna, eta honako hauek egin beharko ditu, besteak beste:

a) Artikulu honetan adierazitako asistentzia-kontrolerako erabilitako erregistroak jaso.

b) Amaierako akta egin (D.2 eranskina).

c) Prestakuntza-ekintzaren amaierako memoria egin (D.1 eranskina), hasierako aurreikuspenekin alderatuta egin diren aldaketa guztiak sartuta.

8.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

9.– Dirulaguntza, eman den xederako erabiltzea.

10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek beren funtzioak betetzeko eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

11.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorrean ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea.

12.– Diruz lagundutako jardueren finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 23ko 20/2023 Legearen 26. eta 27. artikuluetan xedatuaren arabera.

21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunek, diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak amaitzen ari diren heinean eta, dena dela, 2025eko uztailaren 15a baino lehenago, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean:

a) Prestakuntza-ekintzaren amaierako memoria (D.1 eranskina), honela:

1) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren garapena eta hartan lortutako emaitzak jasoko ditu, kuantitatiboki eta aurreikusitako helburuekin alderatuta.

2) Diruz lagundutako jardueraren balantze ekonomikoa jasoko du. Memoria ekonomiko horretan egongo dira, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua honako hauek adierazita: hartzekoduna eta kontzeptua, zenbatekoa, jaulkipen-eguna eta ordainketa-eguna, aurrekontuarekiko desbideratzeak, eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jasotako beste zenbait diru-sarreraren xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria. A.1 eranskinean eskatu eta onartu direnekin bat ez datozen gastuak D.1 eranskinaren 5. puntuan («Egindako gastuak») justifikatu beharko dira; gastu horiek zergatik egin diren zehaztu beharko da, eta zergatik diren beharrezkoak prestakuntza-jardueraren garapen onerako.

b) Hartu-agirien, fakturen eta, legez onartuta egonda, emandako dirulaguntzari egotz dakiokeen beste edozein gastu-frogagiriren kopiak.

c) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaierako akta (D.2 eranskina) behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariaren sinadurarekin.

22. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako heziketa-jarduerei, ongi egiten direla bermatzeko.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabehera garrantzitsuren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, agindu honen betearazpen egokiaren aurka, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikariak txostena egingo du, dagozkion neurriak har daitezen.

23. artikulua.– Ebaluazioa.

Lurralde-ordezkaritzan kokatutako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikariek, oinarritzat hartuta ikastetxeek bidalitako amaierako memoria eta beren ustez eskatu behar duten beste edozein datu edo txosten, honako dokumentu hauek bidaliko dizkiote ikasturtea amaitutakoan Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan prestakuntzaren ardura duen teknikariari:

– Ikastetxeen zerrenda. Bertan, onartutako jardueretan aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren adieraziko da, eta, gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espresuki.

– Prestakuntza-jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen amaierako zerrenda. Hartan, pertsona bakoitzak guztira egindako ordu-kopurua adieraziko da, bai eta kopuru hori zer bertaratze-ehuneko den prestakuntza-ekintzan aurreikusitako ordu guztiak kontuan hartuta. Gainera, prestakuntza-jarduera nork koordinatu duen adieraziko da.

24. artikulua.– Irakasleen parte-hartzearen ziurtapena.

1.– Irakasleek prestakuntza-jarduera bakoitzean izandako parte-hartzea, ontzat eman bada amaierako ebaluazio-memoriaren arabera, ofizioz erregistratuko da Hezkuntza Sailak irakasleen berritze- eta prestatze-jarduerez daukan datu-basean, betiere 23. artikuluan aipatutako parte-hartzaile zerrendaren arabera.

2.– Prestakuntza-jarduera gaindituta erregistratuko da, irakasleen partaidetzaren ziurtagiria egiteko, partaide bakoitza prestakuntza-ekintzen % 80 baino gehiagora joan bada.

Gainera, prestakuntza-ekintza horrek ordu asinkronoak baditu, lan pertsonal hori behar bezala egin izana ziurtatu beharko da.

20. artikuluan ezartzen den dokumentuen bidez ziurtatuko dute hori guztia.

3.– Hezkuntza Sailak irakasleen berritze- eta prestatze-jarduerez daukan datu-basea kontsultatu ahal izango dute interesdunek, indarrean dagoen legediaren arabera, eta bertatik Berritu eta Prestatzeko Jardueren Ziurtagiria lortu ahal izango dute.

25. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntza eta dirulaguntzak lanbide heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.

Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileetarako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren lege-betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak:

Europar Batasuneko organoak.

Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Europako Batzordea.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/servicios/10842/)

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoen gaineko arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala