114. zk., 2024ko ekainaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 5 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2834
EBAZPENA, 2024ko ekainaren 4koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Emaitek Plus laguntza-programaren 2024ko ekitaldiko deialdia.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduak (2015eko urriaren 7ko EHAA, 191 zk.) Emaitek Plus laguntzen programa arautzen du (agindu hori beste bi agindu hauek aldatu zuten: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 27ko Aginduak (2017ko abuztuaren 18ko EHAA, 157 zk.) eta 2019ko uztailaren 18ko Aginduak (2019ko abuztuaren 1eko EHAA, 145 zk.).
Aipatutako aginduko 11. artikuluan ezarritakoaren bat etorriz, bertan ezartzen diren laguntzen urteko deialdi publikoa egin beharra dago, 2024ko ekitaldiari dagokiona hain zuzen ere, eta horretarako beharrezkoak diren arauak eman behar dira.
Laguntzen programa hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartutako 2024, 2025 eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoan dago jasota. Dirulaguntzen Plan Estrategikoa www.euskadi.eus egoitza elektronikoan kontsulta daiteke.
Horiek horrela, aipatutako aginduko 11. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuta, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (bere erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, garatua) xedatutakoaren arabera, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia egitea. Agindu horren bitartez, Emaitek Plus laguntza-programa arautzen da, zeinaren bitartez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko foku anitzeko teknologia-zentroen eta ikerketa kooperatiboko zentroen jarduera ez-ekonomikoari laguntzen baitzaio, horretarako finantzaketa esleituz, betiere daukaten jarduera globalaren emaitzak aztertu eta ebaluatu ostean –2015eko irailaren 16ko Agindua beste bi agindu hauek aldatu zuten: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2017ko uztailaren 27ko eta 2019ko uztailaren 18ko aginduek–.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; horiek horrela, 1. artikuluaren xedea betetzeko, 73.000.000,00 euro bideratuko dira.
2.– Agindu arautzaileko 2. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, bi zenbateko bereizitan banatuko da urteko deialdirako guztizko aurrekontu-zuzkidura:
– Foku anitzeko teknologia-zentroentzat: 55.480.000,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela banatzen da:
• Emaitzetara bideratutako zentroaren eredura egokitzearen maila: 53.815.600,00 euro.
• Zentroen jarduera-planak, 2020rako finkatutako adierazleen aginte-taulako helburuak lortzeko: 1.664.400,00 euro.
– Ikerketa kooperatiboko zentroentzat: 17.520.000,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela banatzen da:
• Emaitzetara bideratutako zentroaren eredura egokitzearen maila: 16.994.400,00 euro.
• Zentroen jarduera-planak, 2020rako finkatutako adierazleen aginte-taulako helburuak lortzeko: 525.600,00 euro.
3.– Aukera dago deialdiaren guztizko zenbatekoari gehienez beste % 10 gehitzeko eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Foku anitzeko teknologia zentroek eta ikerketa kooperatiboko zentroek jaso ditzakete agindu honetan aurreikusitako laguntzak, betiere betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide izatea, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan zehaztutakoari jarraituz.
b) Ez egotea dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 20/2023 Legeko 13. artikuluan jasotako legezko debekuren baten pean. Hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, eta horrekin batera, Emaitek Plus laguntzen programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduko 12.3 artikuluan zehaztutako dokumentazioa.
Horrez gain, eskatzaileak adierazi beharko du eskaera formalizatzeko unean betetzen dituela oinarri arautzaileetan adierazitako betekizun guztiak. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du.
Laguntzak emateko unean zein laguntza horiek ordaintzeko unean bete egin beharko dira laguntzen onuradun izateko betekizunak.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko nahiz dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Azkenik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 9.4.p) artikuluarekin bat etorriz, entitate onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu beharko du lege horretako 49. artikuluan ezarritakoaren arabera; eta, arau bereko 9.4.h) artikuluarekin bat etorriz, gehiegizko finantzaketarik ez egiteko konpromisoa ere hartu beharko du. Bi adierazpen horiek egiteko, horretarako propio egindako erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztu beharko ditu.
4. artikulua.– Aginte-taulako adierazleak, pisuak eta helburuak.
2024ko deialdi honi dagokionez, aginte-taulako pisuak eta adierazleak ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren III. eranskinean jasotakoak izango dira, zeinak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko martxoaren 24ko Aginduaren bidez aldatu baitziren –109/2015 Dekretuaren bitartez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen da, eragile onuradunaren tipologia bakoitzerako–.
2024ko ekitaldirako ezarri den helburua da % 100 betetzea eragile onuradunaren tipologia bakoitzerako 2020rako markatutako xedea.
5. artikulua.– Eskaerak eta epeak.
1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz egin beharko da eskaera, Emaitek Plus programa arautzen duen aginduan xedatuaren arabera.
2.– Emaitek Plus laguntza-programa arautzen duen aginduko 12.3 artikuluan zehazten da zer dokumentu aurkeztu behar duten entitate onuradunek. Artikulu horretako k) eta I) apartatuetako dokumentuek 2024ko ekitaldiaren denbora-tartea hartuko dute. Emaitzetara bideratutako zentroaren eredura egokitzearen ebaluazioa 2023ko ekitaldiarekiko egingo da.
3.– Egoitza elektroniko honen bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da eskabidea:
https://www.euskadi.eus/servicios/1007811/ (gaztelaniaz)
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1007811/ (euskaraz)
Eskaera egin ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barne– kanal elektronikoaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez:
https://www.euskadi.eus/micarpeta
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2024ko uztailaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
6. artikulua.– Ebaluazio-organoaren osaera.
2024ko ekitaldian aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan aurreikusten den ebaluazio-organoa eratzen da. Horrez gain, kontuan hartu dira 2015eko irailaren 16ko Agindua aldatzen duen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 27ko Aginduan bildutako aldaketak.
Organo horretako burua Natividad Niño Bartolomé izango da, eta haren ordezkoa, berriz, Catalina Chamorro Silgado. Kideak, berriz, hauek izango dira:
• Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako titularra, Ana Belén Camacho Vera; ordezkoa Rosa Murillas Maza.
• SPRIren ordezkaria Amaia Martinez Muro izango da, eta haren ordezkoa Cristina Oyón Echeverria.
• Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako lantalde teknikoko langileen ordezkaria Amaia Gandarias Uriarte izango da. Hark egingo ditu, gainera, Ebaluazio Organoko idazkari-lanak. Larraitz Segurola Bereciartua izango da haren ordezkoa.
Eskabideak ebaluatu ondoren, organo horrek txostena egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta, eta Teknologia eta Berrikuntzako titularrari helaraziko dio, hura baita laguntzen kudeatzailea. Horrek, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren, proposamen bat egingo dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, horixe baita laguntzak emateko ebazpenak egiteko eskumena duena.
7. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskatuta, betiere aipatutako artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen badira; honako hauek hain zuzen ere:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea entitate onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
2.– Halaber, salbuespenez, eta onuradunak aldez aurretik eskatu eta justifikatuz gero, laguntzak eman zituen administrazio-organoak luzatu egin dezake egin beharreko jarduera ez-ekonomikoak gauzatzeko epea, gehienez ere sei hilabete, betiere alegatutako arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute eta lehenengo apartatuan ezarritako betekizunak betetzen badira. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzaren ordainketa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Emaitek Plus programa arautzen duen aginduan, erreferentzia egiten zaie azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. tituluari eta VII. tituluko III. kapituluari, baina, horien ordez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko dagozkion manuak aplikatuko dira, besteak indargabetuta daudelako.
Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari egiten zaizkion erreferentziak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari egindako erreferentziatzat hartu behar dira, beste legea indargabetuta dagoelako.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 4a.
Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,
ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.