Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2024ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2833

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 4koa, Industriako sailburuordearena, krisian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzen 2024ko deialdiaren berri ematen duena. Bideratu Berria programa.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduak arautzen du Bideratu Berria programa, zeinaren bidez ezartzen baitira krisian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak (EHAA, 203. zk., 2017ko urriaren 24a).

Aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, egokia da krisian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko 2024ko ekitaldirako laguntzen deialdia egitea.

Programa hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan dago jasota, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2024., 2025. eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu baitu. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta (www.euskadi.eus), sailari dagokion esparruaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Hori guztia dela eta,

HAU EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduan ezarritako laguntzen 2024ko deialdia egitea; laguntza horiek aurrerakin itzulgarri modura emango dira, krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko helburuz. Bideratu Berria programa.

2.– Deialdi hau ebazteko, honako hauek hartuko dira kontuan: Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen xedapenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak eta hura betearazteko erregelamendua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, guztira 600.000,00 euro jarriko dira 1. artikuluaren xedea betetzeko.

2.– Emango diren dirulaguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 50–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketari jarraikiz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

3.– Aldi berean beste laguntza batzuk jasotzeak ez du ekarriko, inola ere, diruz lagundu daitezkeen jarduketen gainfinantzaketarik. Hori gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa murriztuko da.

3. artikulua.– Eskabideak, aurkezteko epea eta modua, eta jakinarazpenak.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta ebazpen honetako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Esteka honetan dago administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta bertatik sar daiteke eskabide-orrira): https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091109

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez aurkeztuko dira eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak, eta bertan egingo dira eskabidearen ondorengo izapideak ere, jakinarazpenak barne: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistrora egoitza elektronikotik sar daiteke, helbide honetatik: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabideak aurkezteko epea, betiere 2. artikuluan adierazitako zenbatekoa amaitzen ez bada, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 30ean amaituko, 12:00etan.

4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio eskatzaile bakoitzari, bide elektronikoen bitartez, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo haren egoitza elektronikoan argitaratzea emandako dirulaguntzen zerrenda –bakoitzaren diru-zenbatekoa, diruz lagundu den jarduera eta pertsona edo entitate onuraduna adierazita–, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoarekin.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluak xedatzen duenaren arabera, gehieneko epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek administrazioaren isiltasunez ezetsitzat jo beharko dute dirulaguntza emateko eskabidea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

30.000,00 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza-operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, honako bide hauek erabiliko dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak sinatuta, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta. Horrez gainera, b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, aintzat hartuta abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioa.

Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte baino ez da izango baliozkoa.

2.– Baldin eta ezin bada egin aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria, hots, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita inolako salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak, edo, salbuespenak aurkituz gero, ez dutela eragozten apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.

Eskakizun hori betetzat joko da, baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoaren parekoa edo handiagoa bada.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntza hauetatik sortzen diren prozeduren ebazpenetan, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak eragozteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Bideratu Berria programa arautzen duen Aginduaren 14. artikuluan eta 17. artikuluan (Onuradunen betebeharrak eta Ez-betetzeak), aipamenak egiten zaizkio azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari, baina, indargabetuta dagoenez, horien ordez aintzat hartuko dira Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 36. artikuluetan xedatutako manuak.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Lege Organikoari egiten zaizkion aipamenen ordez, aintzat hartuko da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 4a.

Industriako sailburuordea,

MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, BIDERATU BERRIA PROGRAMAKO DIRULAGUNTZEN ONURADUN IZATEKO ESKAKIZUNAK BETETZEARI ETA DEBEKURIK EZ IZATEARI BURUZKOA.

Nik, _____________ jaunak/andreak (NAN/AIZ: ____________; helbidea: _________________), nire erantzukizunpean, hau adierazten dut:

– Betetzen ditut Bideratu Berria programako laguntzak emateko oinarri arautzaileetan ezartzen diren eskakizunak.

– Ez nago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Ez dut eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, ez naute ezein prozeduratan kaudimengabetzat jo, ez naiz konkurtsoan deklaratua izan –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez nago esku-hartze judizialaren pean, eta ez naute desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

– Ez dut eragin Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

– Ez nago honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ere: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez daukat Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.

– Ez dut egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako ezein herrialde edo lurraldetan.

– Ez dut ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso, dirulaguntzak jasotzea galarazten didanik, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ez dut zehapen administratibo edo penalik jaso sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

– Ez dut administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, edo neurri zuzentzaile egokiak ez gauzatzeagatik eta zehapena ez ordaintzeagatik.

– Bete dut, hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota, eta ez dut egiaztatu hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri diren.

– Egunean ditut zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean dauden xedapenek ezarritakoak.

– Ordainduak ditut dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

Konpromisoa hartzen dut aurretik adierazi dudana betetzeko, adierazpen hau aurkezten dudanetik hasi eta deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arteko denbora-tarte osoan.

Konpromisoa hartzen dut enpresa ez lokalizatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta eskatutako dirulaguntza jasotzen badut.

Konpromisoa hartzen dut adierazitako inguruabarretan gerta daitekeen edozein aldaketa jakinarazteko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.


Azterketa dokumentala