Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2024ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2831

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Basauriko (Bizkaia) 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko martxoaren 14an, Basauriko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Basauriko 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egin zedin. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko martxoaren 11n, Euskadiko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Basauriko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Basauriko 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Basauriko (Bizkaia) 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Basauriko 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Bereziak Basauriko HAPOn jasotako antolamendu xehatua aldatzen du (2021eko urtarrila), eta honako aldaketa hauek planteatzen ditu, eraikigarritasuna handitu gabe (ez sestra gainean, ez azpian):

1.– Eremuaren mugaketan doikuntzak egitea, lurzatien titulartasuna aldatzeagatik, lehendik dauden eraikinekin lerrokatzeagatik eta egin beharreko urbanizaziora egokitzeagatik. Hori guztia hirigintza-araudia errespetatuz egingo da; ez da jarduketa integratuaren azalera osoaren % 10 baino gehiago aldatuko.

2.– HAPOn proposatzen diren sestra azpiko lerrokadurak aldatzea, aprobetxamendua hobetzeko eta gutxieneko garaje-aparkaleku kopurua jartzeko, hirigintza-araudia betez. Helburua da HAPOn planteatutako 2 eraikinen sotoko solairuak eta sarbidea bateratzea. Sestra azpiko eraikigarritasunak 2.962,25 m2-koa izaten jarraitzen du.

3.– HAPOn proposatutako BS+S3 / BS+S4 eraikinetik (3 edo 4 lursailaren desnibelaren arabera) BS+S4 / BS+S5 eraikinera pasatzea. Bosgarren solairua atzeraeramanda egongo da kale nagusietarantz doazen lerrokaduretan, eta sestra gaineko eraikigarritasunak 4.905,93 m2-koa izaten jarraituko du.

4.– Planteatutako aldaketekin, jabari publikoko azalera 1.411,55 m2-koa da (+7,16 m2 HAPOrekin alderatuta).

5.– J.I.03 HAPOn ezarritako bigarren laurtekoan gauzatzea aurreikusten da.

(Ikus .PDF)

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar den ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planak 03. Jarduketa Integratua (J.I.03) izeneko hiri-lurzoru finkatugabeko eremu baten antolamendu xehatua aldatzen du, Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ezarritako hirigintza-antolamenduko egikaritze-baldintzak garatzeko (3.6.5 artikulua, Jarduketa Integratua). Hala, ez da hauteman bateraezintasun aipagarririk hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Planaren eremuko lurzorua hiri-lurzorua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea. Gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, hondakinen kudeaketari, isurketei, lurzoruaren babesari, urei, kutsadura akustikoari, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Ingurumen-ebaluazioaren xede den Planaren eremua, Basauriko J.I.03 Jarduketa Integratua, modu xehatuan mugatzen eta antolatzen da Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean. Plan hori 2020ko abenduaren 29an egindako ohiko bilkuran onartu zen behin betiko, eta 2021eko urtarrilaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (16. zk.) argitaratu zen.

Eremu horrek 2.628,88 m2-ko azalera hartzen du, Basauriko udalerriaren mendebaldean dago, eta «0 Bizitegi Eremuan» sartuta dago hiri-lurzoru finkatugabearen sailkapenarekin (bizitegi-kalifikazioa). Eremuaren mugaketaren eta kudeaketaren barruan, mendebaldean, Juan Ramón Jiménez kaleak bereizten duen lursail bat dago.

Eremuan HAPOk xehetasunez antolatzen duen sestra gaineko eraikigarritasuna 4.905,93 m2-koa da; horietatik 4.193,73 m2 etxebizitza libreari dagozkio, eta gainerako 712,2 m2 babes sozialeko etxebizitzari. Sestra azpian, eraikigarritasuna 2.962,25 m2-koa da; horietatik 2.684,44 m2 etxebizitza libreari dagozkio eta 277,81 m2 babes sozialeko etxebizitzari.

Lursail irregularra da, malda handia du (hala ekialdetik mendebaldera nola iparraldetik hegoaldera) eta 8 metro inguruko desnibela dago kota baxuenaren eta altuenaren artean. Ekialdeko eta mendebaldeko mugetan sarbideak ditu. Mugak:

– Iparraldean, honako etxebizitza-eraikinak: Axular kaleko 25 zenbakia, Juan Ramón Jiménez kaleko 18 zenbakia eta Gipuzkoa kaleko 23 zenbakia.

– Hegoaldean, Landa Doktoreak kalearekin eta kale horretako 32 zenbakiko etxebizitza-eraikinarekin.

– Ekialdean, Ramón y Cajal kaleko 3 zenbakiko eta Gipuzkoa kaleko 23 zenbakiko etxebizitza-eraikinak, eta Ramón y Cajal kalearen amaiera.

– Mendebaldean, Juan Ramón Jiménez kalea eta kale horretako 18 zenbakiko etxebizitza-eraikina.

Gainera, adierazi den moduan, eremuaren mugaketaren eta kudeaketaren barruan, eremuaren mendebaldean dagoen lursail bat dago, zeina Juan Ramón Jiménez kaleak gainerakoengandik bereizten baitu, eta honako hauekin egiten du muga:

– Iparraldean, Juan Ramón Jiménez kaleko 19 zenbakiko etxebizitza-eraikinarekin.

– Hegoaldean, Juan Ramón Jiménez kaleko 17 zenbakiko etxebizitza-eraikinaren lursailarekin.

– Ekialdean, Juan Ramón Jiménez kalearekin.

– Mendebaldean, José Etxegarai kaleko 6 eta 8 zenbakietako eraikinen eraikuntzarik gabeko lursailarekin.

Lurzoruak, salbu eta eraikuntzen eremuan, dagoeneko eraitsita dauden eraikin batzuen eremuan eta asfaltatutako eremuetan, landaredi erruderal nitrofiloz estalita daude nagusiki.

Gaur egun, jarduketa-esparruan, antolamendutik kanpo dauden bizitegi-erabilerako eraikinak daude, eremuaren hego-mendebaldean.

Eremuko landaredia erruderal-nitrofiloa da; fauna, berriz, oso antropizatuta dagoen eremu batekoa da, eta ez dago espezie mehatxaturik; eremua ere ez dago EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen barruan; ez dago paisaia-mugarri edo paisaia baloraturik, eta airearen kalitatea «txarra» da. Era berean, ez da kultura-ondareko elementurik jasotzen.

Ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako azterketa akustikoak zehazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua kontuan hartuta, ez dira gainditzen bizitegi-eremu akustikoei (kasu hau) aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak; gauza bera gertatzen da etorkizuneko egoeraren azterketarekin (2039), eta, beraz, a priori, etorkizuneko hirigintza-garapena gauzatu ahal izango da (aipatutako Dekretuaren 36. eta 43. artikuluen arabera).

Iparraldean planteatzen den eraikinaren ipar-mendebaldeko izkinatik Metro Bilbao igarotzen da. Hark eragindako bibrazioei dagokienez, bibrazio-azterketa banaren arabera, bibrazio-maila hautemanezina izango da, eta ez da baldintzatzailea izango garapen berria egiteko garaian. Haatik, eraikin berrien zimendu-kotan beste saiakuntza batzuk egitea gomendatzen da.

Arriskuei dagokienez, eremuan ez dago uholde-arriskurik, ez eta baso-suteen arriskurik ere; halaber, ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako eremurik.

Eraikin berria eraikitzeko obrak egikaritzearekin lotuta daude Plana garatzearen ondoriozko eragin posibleak, bai eta proposatutako beste obra batzuekin ere. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: hondakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea hiri-eremuko emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar.

Funtzionamendu-fasean ibilgailuen zirkulazioa handituko da eta hondakin gehiago sortuko dira. Zaratari dagokionez, sartutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, azterketa-eremuak ez ditu gainditzen aldi guztietan aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak, ez egungo egoeran, ez 20 urteren buruan izango den egoeran.

Laburbilduz, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak, proposatutako jarduketak eta Plan honekin sortzen diren inpaktuak, uste da ondorioak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere kultura-ondarearen babesari, lurzoruaren babesari, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta baldin eta Plana garatzeko obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den azalera baino gehiago hartu gabe.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, Basauriko (Bizkaia) 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste erakunde batzuek ezarri ditzaketenak. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

Obra-fasean dagoen eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu jasota, gutxienez: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.

Obrako materialak baldintza meteorologiko txarretan (euriteak edo haize gogorrak) garraiatzea saihestuko da. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikularik barreia ez dadin atmosferara.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

Plan Bereziaren garapenak lurzoruan izan ditzakeen eraginak minimizatzeko, lurzoruaren iragazkortasuna errazten duten eta drainatze jasangarriko teknikak erabiliz iragazketa-ahalmena handitzen duten irtenbideak erabiltzea.

– Kultura Ondarea babestea: Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.

– Espazioen antolamenduan eta eraikuntzan kontuan hartzea irizpide bioklimatikoak eta energia-efizientziako irizpideak.

– Honako hauekin lotuta dauden ekonomia zirkularreko neurriak sartzea: obran landare-lurra kudeatzea eta berrerabiltzea, materialen kontsumoaren inpaktua minimizatzea (lurren balantzea/oreka, etab.), material jasangarriak, birziklagarriak eta jatorri naturalekoak erabiltzea.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen argitaratuak: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

Energia. Energia-kontsumoa murriztea edota energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Halaber, klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira. Adibidez, klima-aldaketara egokitzeko eta «uharte termikoaren efektua» gutxitzeko asmoz, jarduketak ahalbidetzen badu, hiri-babesleku klimatiko gisa funtzionatuko duten itzalguneak sortu eta ingurunea naturalizatzeko prozesuak sustatuko dira.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Basauriko 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Basauriko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta Basauriko 03. Jarduketa Integratuaren (J.I.03) Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzak 20.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala