Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2024ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2830

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko (Gipuzkoa) Fagor San Andres 39. AEko P-1 + P.4.c lurzatiak batzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko otsailaren 2an, Arrasateko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Ingurunet sistemaren bidez, hasiera emateko Arrasateko (Gipuzkoa) Fagor San Andres 39. AEko P-1 eta P.4.c lurzatiak batzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko martxoaren 11n, Euskadiko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Arrasateko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren inguruan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Arrasateko (Gipuzkoa) Fagor San Andres 39. AEko P-1 + P.4.c lurzatiak batzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko (Gipuzkoa) Fagor San Andres 39. AEko P-1 + P.4.c lurzatiak batzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremuak 43.997,13 m2-ko azalera hartzen du, Arrasateko udalerriaren hegoaldean, Deba ibaiaren eskuineko bazterrean, hirigunetik ibaian gora. Lursail nahiko laua da, irregularra, eta barne hartzen ditu Arrasateko HAPOko «Fagor San Andres» 39. AEko P-1 eta P-4.c lurzatiak. Eremu etena da, Fagor San Andres 39. AEko bide publikoak (ibilgailuenak, oinezkoenak eta bidegorriak) banatzen du eta: zati txikiena ekialdean dago, eta transformazio-zentro bat du; aldiz, eremuaren zatirik handienak, industria-instalazioak, hiri-bideak eta lur gaineko aparkalekuak hartzen ditu.

Planaren xedea da Fagor San Andres 39. AEko P-1 (Fagor Arrasateko egoitza nagusia bertan dago) eta P-4.c (Fagor Arrasatek Ekide SLri berriki erosia) lurzatiak lurzati bakar batean batzea (etorkizuneko P-1 lurzatia), zeina jarraitua izango baita. Eremuaren antolamendu xehatua jada ezarrita dauka Fagor San Andres 39. AEko HAPBk, eta indarrean dago 2022ko maiatzetik (2022-05-19ko GAO). Planak sartutako zehaztapenek aipatutako bi lurzatiei soilik eragiten diete (P-1 eta P-4.c), bat egingo direnak, eta ez diete eragiten eremuaren urbanizazio publikoari. Hortaz, eragin oso mugatua du; ez du urbanizazio-konpromiso berririk sortzen, eta ez die eragiten Fagor San Andres 39. AEko HAPBn mugatuta zein integratuta dauden eta gaur egun martxan dauden jarduketen hirigintza egikaritzeko prozesuei.

Lurzati horiek batzeak aukera ematen du Fagor Arrasate S. Koop. handitzeko Arrasaten duen egoitza nagusian, gaur egun erabiltzen ez diren lurzoru industrialak aprobetxatuta. Bertan, kooperatibak mekanizazio lantegi berri bat eraiki nahi du, gero eta handiagoak diren makineria-produktuen kontratuengatik nazioarteko merkatuan lehiatzeko aukera emango duen teknologiaz hornitua. Bat-egite hori dela-eta, nahitaezkoa da eragindako lurzatien egungo antolamendu xehatuan doikuntza batzuk egitea, 2022ko Fagor San Andres 39. AEn indarrean den HAPBk ezarritako hirigintza-esparru orokorra errespetatuz. Jarraian, ukitutako lurzatietan antolamendu xehatuaren doikuntzak laburbiltzen dira:

– Industria-lurzati berri bat sortzen da (P-1), 43.997,13 m2-ko azalerarekin eta 24.222,82 m2-ko gehieneko eraikigarritasunarekin, zifra horiek batzen diren bi lurzatiei dagozkien balioen batuketatik ateratzen dira.

– P-1 lurzati berriaren erabilera nagusia «tamaina handiko industria» da. Eraikin industrial berria lehendik dagoenari atxikita eraikitzeko asmoa dago, eta lurzatiaren gainerako azalera sarbideetarako, kamioien maniobretarako eta ibilgailuen aparkalekurako baliatuko da.

– Egungo P-4.c lurzatian dagoen eraikina eraitsi egingo da, sarbideak kontrolatzeko etxola salbu.

– Eraikinaren gehieneko lerrokadurak aldatuko dira, lurzatiaren barrualderantz, eta sarbideak kontrolatzeko jarduketa-ahalmena areagotuko da, bai haiek handitzeko, bai kokapena aldatzeko. Era berean, industria-lurzatia lurpetik zeharkatzen duen errekatxoaren (Azubeazpi erreka) trazaduratik gehieneko lerrokadura jarriko da, 5 m-ra, Uraren Legea betez. Lurzatiaren perimetroan (Deba ibaiaren ibilgua, GI-2620 errepidea eta inguruko beste bide batzuk) indarrean dagoen plangintzan ezarritako gehieneko lerrokadurak ez dira aldatuko, ziurtatzeko kasuan kasuko araudi sektorialak betetzen direla.

– Lurzatirako sarbide nagusia GI-2620 errepidetik egingo da, azken hamarkadetan egin den antzera, eta bigarren mailako beste bi sarbideek protagonismo txikiagoa izango dute.

– Guztira 343 aparkaleku egin litezke, hirigintzako araudiarekin bat datorren gutxieneko kopurua baino handiagoa; halaber, bizikletak aparkatzeko guneak ere aurreikusten dira.

Aztertutako alternatibak kontuan hartuta, ingurumen-dokumentu estrategikoak «0» aukera edo «ez esku hartzeko» aukera jasotzen du, baina baztertu egiten da; izan ere, Fagorrek bere ekoizpen-gaitasuna sustatzearen aldeko apustua eragozten du, eta, hala, Plana bera garatzea eragozten du, bai eta esku hartzeko hainbat alternatiba ere. Esku hartzeko aukera gisa honakoak sartzen dira: P-4.c lurzatian dagoen eraikina mantentzea (aukera hori baztertu egin da, eraikuntza mota ez delako bateragarria Fagorren ekoizpen-prozesurako eskakizunekin) eta egungo P-4.c lurzatian eraikin berriak eraikitzea (aukera hori ere alde batera utzi da, lurpetik errekastoa igarotzeak eragotzi egiten duelako eraikuntza berria enpresaren egungo instalazioen jarraian eraikitzea, eta hori ezinbesteko baldintza da ezarri beharreko ekoizpen-prozesuak behar bezala funtziona dezan). Eraikin berriak lurpeko errekarekiko 5 metroko atzeratzea errespetatu beharko du, Uraren Legea betez.

Ondorioz, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, soilik honakoak egin daitezke: P-1 eta P-4.c lurzatiak batu eta eraikuntza iparraldean kontzentratu. Alternatiba horri esker, Fagor Arrasateren ekoizpen-prozesurako balio ez duten eraikinak eraitsi daitezke (P-4.c lurzatian daudenak), eta liberatutako eta gainerako eraikigarritasun guztia industria-pabiloien jarraian kontzentratu daiteke, lurzatiaren iparraldean. Hegoaldean, kamioientzako maniobra-eremuak eta ibilgailuentzako aparkalekuak daude.

Plana garatzeko, finkak multzokatu/bereizi egingo direla aurreikusten da, hasierako jabetzaren egitura Planean jasotako antolamenduaren emaitzara egokitzeko; eraikin berriak eraikitzeko proiektuak, lehendik dagoen eraikigarritasuna betetzeko; eta eraikitze-obrak gauzatzea, onartutako proiektu teknikoetan jasotakoaren arabera.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar den ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak P-1 (Fagor Arrasateren egoitza nagusia dagoen lekua) eta P-4.c (Fagor Arrasatek Ekide SLri erosi berri diona) lurzatiak batzea ahalbidetzen du, eta, hala, bideragarri egiten du gaur egun erabiltzen ez diren industria-lurzoruen gainean Fagor Arrasate handitzea. Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumeneko ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, uste da ez dela beharrezkoa Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, ez duelako berezitasunik.

Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragingo aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ez eta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere.

Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko egokia dela ondorioztatu da, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.

Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, urei eta uholde-arriskuari, zaratari, ondareari, hondakinei eta isurpenei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari buruz indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

Azkenik, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak 43.997,13 m2-ko azalera antolatzen du Deba ibaiaren eskuineko ertzean, Arrasateko hirigunetik ibaian gora. Eremu horrek barne hartzen ditu Arrasateko Plan Orokorreko Fagor San Andres 39. AEko P-1 + P-4.c lurzatiak. Horien gainean Fagor Arrasate S. Koop.-ren eta Ekide SLren industria-instalazioak eta transformazio elektrikoko zentro bat daude. Eremuak, iparraldean, GI-2620 errepidearekin eta GI-627 saihesbidea lotzen dituen sarbidearekin egiten du muga; hegoaldean, Fagor San Andres 39. AEko P-3, P-4.a eta P-4.b lurzatiekin; ekialdean, Fagor San Andres 39. AEko bide publikoarekin eta GI-2620 errepidea GI-627 saihesbidearekin lotzen duen sarbidearekin; eta, mendebaldean, Deba ibaiaren ibilguarekin, ibilguaren ingurumena eta hidraulika hobetzeko lagapen-lurzoruekin, eta GI-2620 errepidearekin, ibilgailuak eremura sartzeko bide nagusiaren eremuan.

Guztiz antropizatuta dagoen lurzoru bat da; eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ez eta Batasunaren intereseko habitatik ere. Planaren eremuko natura-elementu garrantzitsuena Deba ibaia da, Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartuta dagoena.

Eremua «Deba ibaiaren Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017), eta Deba ibaiaren eskuinaldeko ertzean dago. Deba ibaiaren ibilgua hobetzeko lagapen-azalera batek (12 metroko zabalerako lurzoru-zerrenda) bereizten zuen (hori 2022an onartutako Fagor San Andres 39. AEko HAPB izapidetzean Uraren Euskal Agentziarekin egindako ituntze-prozesuaren emaitza da); gainera, eremuak, hegoaldeko muturrean Deba ibaia ukitzen du (sarbideak). Bestalde, eremuak industrialdea lurpetik zeharkatzen duen eta urak Deba ibaira isurtzen dituen Azubeazpi erreka ukitzen du. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Azubeazpi errekaren lurpeko trazadura, geoEuskadin eta Uraren Euskal Agentziaren (URA) bisorean agertzen dena, ez dator bat trazaduraren errealitatearekin. Landa-lanaren bidez, jakin da erreka Fagor San Andres 39. AEren barruko bidera iristean lurperatu zela, eta ez lehenago, eta haren ibilgua iturri ofizialek jasotako trazaduratik metro batzuk hegoaldera dagoela. Azterketaren eremuak Jabari Publiko Hidraulikoa eta haren zortasun- eta zaintza-eremuak ukitzen ditu, Deba ibaiarekin lotuta daudenak. Ibaia, aldi berean, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartzen da, hornidura-harguneak dituen masa gisa (Deba-B, kodea: ES111R040010).

Litologiari dagokionez, eremuaren zatirik handienean, porositate bidezko iragazkortasun ertaineko lurrazaleko metakinak daude (alubialak eta alubioi-kolubialak); ekialdean, porositate bidezko iragazkortasun txikiko hareharri silizeoak; eta ipar-ekialdeko muturrean, kareharri ezpuruak eta pitzaduragatik iragazkortasun ertaina duten kalkarenitak. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Hegoaldeko Antiklinorioa deritzon lurpeko ur-masan kokatzen da, eta EAEko lurpeko ur-masen «Arrasate kuaternarioa» sektorea ukitzen du, bai eta interes hidrogeologikoko eremua ere.

Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute, eta, tarteka, landaredirik gabeko eremuak daude. Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duenez, landaredi apaingarria duten eremuetan salbu, eremuan ez dago landaredirik.

Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo abifaunarentzako babesguneak kudeatzeko planen xede den eremurik, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak izendatuak (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.). Ustez, eremuan dagoen fauna hiri-inguruneetara egokitutako espezie arruntak dira.

Eremua Arrasateko ikuspen-arroari dagokio, eta eremu antropogenikoan dagoen industria-paisaia da. Eremuak ez du katalogatutako paisaia-baliorik.

Planaren xede diren lurzatietan ez dago eraikitako kultura-ondareko elementurik edo kultura-ondare gisa aitortutako ondare-arkeologikorik. Kultura-interes orokorreko ondasun higiezin gisa, eremuan Arrasateko HAPOko Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Katalogoan jasotako bi elementu daude: 20 Fagor Arrasateren eraikin nagusia, San Andres auzoa 18, eta 21 Auki eraikina (Fagor Automation), San Andres auzoa 19. GeoEuskadiren bidez, kultura-ondarean eraikitako beste elementu batzuen artean, Planaren xede den eremuan honako elementu hauek identifikatzen dira: «Jatorrizko eraikina» (125-2 zenbakiko fitxa), gaur egun aparkaleku bat, «Fagor Arrasate S. Koop.» (125 zenbakidun fitxa), «Eraikin nagusia» (125-3 zenbakidun fitxa) eta «Fagor Electrodomésticos S. Koop., San Andresko instalazioa» (122. fitxa).

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, gaur egungo egoeran nahiz etorkizuneko egoeran behar bezala betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Planaren eremuan 500 urteko errepikatze-denborako uholdeak daude, eta, noizean behin, hego-mendebaldeko mugan, 100 urteko errepikatze-denborako uholdeak. Halaber, Arrasateko UAHEarekin (Uholde Arrisku Handiko Eremuak) bat dator. Kodea: ES017-GIP-DEB-09. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Fagor San Andres 39. AEko HAPBren izapidetzean Uraren Euskal Agentziarekin 2022an onartutako ituntze-prozesuaren ondorioz, azterketa-eremuaren parean Deba ibaiaren ibilguaren ingurumena eta hidraulika hobetzea aurreikusten da, eta horrek eragina izango du Deba ibaiaren eskuineko ertzean, uholde-arriskua murrizteari dagokionez. Gainera, eremuak barne hartzen du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioko 20055-00103 kodea duen industria-lurzatia. Horri dagokionez, aurkeztutako dokumentazioak adierazten du abian dela P-.4.c lurzatiarentzat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozesua. Azkenik, eremuak akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun-maila handia eta oso handia du.

Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da arrisku handirik identifikatzen salgai arriskutsuak errepidez edo trenbidez garraiatzeagatik, ez eta Seveso II Zuzentarauaren mende dauden enpresetatik gertu egoteagatik ere; era berean, ez da arriskurik identifikatu baso-suteen edo sismikotasunaren ondorioz.

Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak dakartzan ondorio nagusiak honako hauei lotuta daude: aurreikusitako eraispenak, Fagor Arrasate S. Koop.-ren instalazioen jarraian pabiloi berriak eraikitzea eta P-.4.c lurzatian sortutako orubearen gainean aparkaleku bat egitea. Horrek, obra fasean, honako hauek ekarriko ditu: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makineriaren joan-etorria, istripuzko isurketek urei eta lurzoruei eragiteko arriskua, emisio atmosferiko eta akustikoek herritarrei eragozpenak eragitea eta abar. Hori guztia hiri-eremu garbi batean.

Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak egoteari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da; kultura-ondareko eraikitako elementuei dagokienez, esku-hartzeak Arrasateko HAPOko ondare historiko-arkitektonikoa babesteko araubidean eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzeko azaroaren 30eko 14/2023 Legean xedatutakora egokituko dira.

Ustiapen fasean, eragin nagusiak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuarekin lotutakoak izango dira, eta, noizean behin, hego-mendebaldeko mugan, 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuarekin lotutakoak. Beraz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) 45. eta 46. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuan bildutakoak ere.

Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere kutsatuta egon daitezkeen lurrei, urei eta uholde-arriskuari, zaratari, ondareari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

Horiek eta eremuaren gaur egungo egoera kontuan hartuta, ez da espero Planetik eratortzen diren jarduketek eragin nabarmenik izatea ingurumenean, betiere txosten honetan ezartzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak betetzen badira.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinei, isurketei, kutsadura akustikoari eta ondareari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Fagor San Andres 39. AEko P-1 + P.4.c lurzatiak batzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Beraz, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen gaineko neurriak.

Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Ildo horretan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak (kodea: 20055-00103) izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatian Lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da.

Aurrekoa gorabehera, obrak egin artean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Arrasateko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.

Kontuan hartuko dira urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) uholde-arriskuko eremuak kudeatzeko irizpideak, bai eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) xedapen arautzaileen 45. eta 46. artikuluetan eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak ere.

– Jabari Publiko Hidraulikoa eta haren babes-eremuak babesteari buruzko neurriak.

Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa) ezarritakoa kontuan hartuta.

Jabari Publiko Hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da. Jabari publiko hidraulikoko zaintza-eremutik kanpo dagoen uholde-arriskuko eremuan, Arrasateko Udalari egokituko zaio erabilera eta jarduerak baimentzea, bai eta Plan Hidrologikoaren araudian ezarritako mugak betetzen direla zaintzea ere (Plan Hidrologikoaren 37.5 artikulua).

Behar-beharrezko diren azaleretara mugatuko da zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dira (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abarrak); lehendik zegoen egoeraren aldean jariatzea handitzen bada, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko dute horien bitartez.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela gogorarazten dugu.

– Ibai-uren eta lurpeko uren kalitatea babestera bideratutako neurriak.

Obrak egin bitartean solidoak Deba ibaiko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezarriko ditu, adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta mantentze-lanak, urak kutsatu ez daitezen.

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Istripuzko isurketen eragina saihesteko, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, batez ere makinen mantentze-lanetan, eta, besteak beste, material xurgatzaileak erabiliko dira, isurketak eragindako lurrak kendu eta kudeatuko dira, etab. Istripuzko isurketa bat gertatzen bada, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

– Kultura-ondareari buruzko neurriak.

Arrasateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Ondare Historiko-arkitektonikoaren Katalogoan sartuta dauden eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroak babesteko proposatutako kultura-ondareko higiezinei dagokienez, honako hauetan xedatutakoa beteko da: Arrasateko HAPOren araudiko ondare historiko-arkitektonikoa babesteko araubidean, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzen duen azaroaren 30eko 14/2023 Legean eta Arrasateko HAPOren araudiko ondare historiko-arkitektonikoa babesteko araubidean.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2024-04-18ko txostena beteko da, baldin eta ezinezkoa bada 122. elementuari dagozkion pabiloiak berrerabiltzea. Alegia, Fagor Electrodomésticos S. Koop.-ren San Andres instalazioa eraitsi aurretik, multzoaren dokumentazio historiko-arkitektonikoa egingo da, ondasun higigarriak eta makineria barne hartuko dituena, intereseko elementu materialak eta horien memoria historikoa babesteko.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinen tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea; beraz, jatorritik bertatik bereiziko dira hondakinak, eta haiek bildu eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketak ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere efluente kontrolgaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

• Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

• Zarata obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan, garraio-lanetan..., bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuan ere

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

• Berdeguneak loreztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena ere. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

* Energia. Energia-kontsumoa murriztea edota energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

* Barnealdeko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, ez dela aurreikusten Fagor San Andres 39. AEko P-1 + P.4.c lurzatiak batzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, baldin eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Fagor San Andres 39. AEko P-1 + P.4.c lurzatiak batzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen badio. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024 maiatzaren 8a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala