114. zk., 2024ko ekainaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (197 KB - 9 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2828
67/2024 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin eta Justizia Ministerioko Azterlan Juridikoen Zentroarekin sinatutako hitzarmena, karrera fiskalera bideratutako prestakuntza-jardueren arloan lankidetzan aritzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin eta Justizia Ministerioko Azterlan Juridikoen Zentroarekin sinatutako hitzarmena, karrera fiskalera bideratutako prestakuntza-jardueren arloan lankidetzan aritzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 6KO 67/2024 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN, ESTATUKO FISKALTZA NAGUSIAREN ETA AZTERLAN JURIDIKOEN ZENTROA-CENTRO DE ESTUDIOS JURÍDICOS, E.A.REN ARTEKOA, KARRERA FISKALERA BIDERATUTAKO PRESTAKUNTZA-JARDUEREN ARLOAN LANKIDETZAN ARITZEKO.
BILDU DIRA
Alde batetik, Nerea Melgosa Vega andrea, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Lehendakariaren otsailaren 13ko 6/2023 Dekretuaren bidez izendatua, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak emandako eskumenak baliatuz, hitzarmen hau sinatzeko baimena duena, Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren arabera.
Estatuko Fiskaltza Nagusiaren izenean, María del Carmen Adán del Río andrea, maiatzaren 3ko 330/2022 Errege Dekretuaren bidez izendatua Álvaro García Ortiz jauna, Estatuko fiskal nagusiaren ordezkari gisa berau abenduaren 27ko 1182/2023 Errege Dekretuaren bidez izendatua izan zelarik (2023ko abenduaren 28ko BOE, 310. zk.), Estatuko fiskal nagusiak emandako hitzarmena sinatzeko berariazko eskuordetzea jasotzen duen 2023ko abenduaren 22ko dekretua baliatuz, eta Ministerio Fiskalak Espainiako lurralde osoan duen ordezkaritzan eta artikulu horrek ematen dion goi-buruzagitza gauzatuz Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoa arautzen duen abenduaren 30eko 50/1981 Legearen 22.2 artikuluarekin bat etorriz.
Eta, bestetik, Laura Cambero Valencia andrea, Justizia Ministerioari atxikitako Azterlan Juridikoen Zentroa-Centro de Estudios Jurídicos erakunde autonomoaren zuzendaria, Justiziako Estatu Idazkaritzaren bidez, otsailaren 28ko 216/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua (2024ko otsailaren 29ko BOE, 53. zk.), eta AJZen Estatutuaren 10.1.j) artikuluan xedatutakoaren arabera (apirilaren 26ko 312/2019 Errege Dekretuaren bidez onartua).
Alde guztiek parte hartzen dute beren karguen arabera eta beren erakundeen izenean eta ordezkari gisa hitzarmenak egiteko eman zaizkien ahalmenak erabiliz.
AZALDU DUTE
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioaren beharrei erantzuteko eskumenak, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio eskualdatutako eskumenak gauzatzea eta garatzea.
Fiskaltzaren (berezko nortasun juridikoa eta konstituzio-mailako garrantzia duen organoa, urriaren 9ko 24/2007 Legeak jasotakoarekin bat etorrita, Fiskaltzaren Estatutu Organikoa arautzen duen abenduaren 30eko 50/1981 Legearen 22.1 artikulua aldatzen duelarik) Estatutu Organikoaren 22.2 artikuluak Estatuko Fiskal Nagusiari esleitzen dizkio Ministerio Fiskalaren goi-buruzagitza eta erakundearen zerbitzua zuzentzeko eta antolatzeko ahalmena. Horretarako, ezinbestekoa da Fiskaltzako kideak behar bezala prestatzea, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren lehentasunezko helburua baita.
Apirilaren 26ko 312/2019 Errege Dekretuaren bidez onartutako Azterlan Juridikoen Zentroaren Estatutuaren 2. artikuluak honako hau ezartzen du erakunde horren helburuen artean: Justizia Ministerioarekin lankidetzan, Justizia Administrazioko letraduen, auzitegi-medikuen, Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko fakultatiboen eta Justizia Administrazioko gainerako langileen kidegoetako funtzionarioak hautatzeko eta prestatzeko politikak garatu eta betearaztea. Lankidetza hori Estatuko Abokatutza Nagusiak egiten dituen planen esparruan Estatuko abokatuei ematen zaien etengabeko prestakuntzara ere hedatzen da, bai eta Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin lankidetzan aritzera ere, karrera fiskaleko kideei eta karrera fiskalean sartzeko asmoa dutenei prestakuntza integrala, espezializatua eta kalitate handikoa emateko.
Estatutuaren 3.2.a) artikuluak, gainera, ezartzen du Azterlan Juridikoen Zentroak «lankidetza-hitzarmenak egin ditzakeela autonomia-erkidegoetako organoekin, bakoitzak bere eskumenen esparruan», bere helburuak betetzeko.
Alderdiek lankidetza-eredu bat ezarri nahi dute Karrera Fiskala osatzen dutenei zuzendutako prestakuntza-jardueren arloan.
Horregatik, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta honako klausula hauen arabera formalizatuko da:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren bitartez) eta Azterlan Juridikoen Zentroa erakunde autonomoaren arteko lankidetza antolatzea karrera fiskalaren prestakuntzaren esparruan, honako helburu hauekin:
Euskara hizkuntza koofiziala ez duten autonomia-erkidegoetan diharduten karrera fiskaleko kide titularrei, bitartekoei eta/edo praktiketako kideei euskara online ikasteko prestakuntza eskaintzea. Horrek bi helburu ditu:
Puntu honetan, herritarrek justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutuna eta Eremu Urriko edo Eskualdeko Hizkuntzen Europako Gutuna bete daitezen erraztea.
Karrera Fiskaleko kideei Espainiako hizkuntza koofizialetako edozein ikasteko aukera ematea eta, hala badagokio, ezagutza hori merezimendu gisa egiaztatu ahal izatea, bizi diren lurraldea edozein dela ere, Ministerio Fiskalaren Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 3ko 305/2022 Errege Dekretuaren 52. eta 70. artikuluetan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzuak ematen dituzten karrera fiskaleko kideen prestakuntzari buruz urte bakoitzerako ezartzen diren prestakuntza-jarduerak egiten laguntzea.
Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.
Aldeek konpromiso hauek hartzen dituzte:
1.– Euskara ikastea
Euskal Autonomia Erkidegoak Justiziagela plataforman sartzeko aukera emango die Karrera Fiskaleko kideei. Plataforma horretan, euskara prestakuntza jasotzen dute lurralde horretan destinoa duten Justiziako langileek; beste autonomia-erkidego batzuetan destinoa duten erabiltzaileek ere plataforma horretan sartu, euskara-ikastaroak jarraitu eta bertan eskaintzen diren material didaktikoak erabili ahal izango dituzte.
Azterlan Juridikoen Zentroak sarbide hori izango du lineako prestakuntza eskaintzeko darabilen plataforman; hartara, xede profesionala duten fiskalek, praktiketan daudenek edo sinatzaile ez den beste autonomia-erkidego batzuetan izendatutakoek, bide horretatik jo ahal izango dute plataforma horretara, euskara ikastaroak jarraitu ahal izango dituzte eta han eskaintzen diren material didaktikoak erabili. Gainera, Azterlan Juridikoen Zentroa e.a.k online ikaskuntzako tutoretzapeko zerbitzuetarako plazen deialdiak egingo ditu Azterlan Juridikoen Zentroak hautatzen dituen eskatzaileentzat, betiere hitzarmenaren jarraipen-batzordean adosten diren baldintzetan.
Hitzarmen honen eremuan sartzen diren langileak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldizkako probetara aurkeztu ahal izango dira.
2.– Karrera fiskaleko kideen prestakuntza.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta Azterlan Juridikoen Zentroak bere gain hartuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jarraipen-batzordeak urte bakoitzerako aurreikusi eta onartutako jarduera-planean programatutako prestakuntza-jarduerak antolatzea, kudeatzea eta gainbegiratzea. Honako jarraibide hauek izango dituzte:
a) Hiru alderdiei dagozkien eskudantziak:
Urtean zehar garatu beharreko prestakuntza-programa batera egitea (urteko jarduera-plana), jarraipen-batzordeak onar dezan.
Irakasle-taldeak izendatzea eta haiekin hitz egitea. Talde horiek, ahal dela, Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten Karrera Fiskaleko kideen artean hautatu beharko dira, eta kasu bakoitzean hautatutako gaian esperientzia eta ezagutza frogatua izan beharko dute.
Prestakuntza-jardueren kalitate didaktikoa baloratzea, ondoren jarduteko-jarraibideak zehaztu ahal izateko beharko den ebaluazioa kontuan izanda.
Jarraipen administratiboa eta jardueren kontrola.
Jarraipen Batzordearen barruan geratzen direnak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskudantziak:
Jarraipen administratiboa eta jardueren kontrola egitea.
Espazioak (egoitzak, zerbitzuak edo instalazioak) doan lagatzea, hitzarmenaren esparruan programatzen diren jarduerak antolatzeko.
Programatutako prestakuntza-jardueretarako lokal eta ekipamendu tekniko egokiak jartzea, baita behar den laguntza didaktikoa ere.
Ikasleen parte-hartze akademikoaren eta ebaluazioaren jarraipena egitea, hala dagokionean, ikastaroaren aprobetxamendu-maila egiaztatzeko.
Parte-hartzaileen artean gogobetetze-inkestak banatzea prestakuntza-jarduera bakoitza amaitzean, eta emaitzak Estatuko Fiskaltza Nagusira bidaltzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren bidez, bai eta Azterlan Juridikoen Zentroa e.a.ra.
Prestakuntza-jardueretako parte-hartzaileen (zuzendariak, txostengileak eta ikasleak) joan-etorrien eta, hala badagokio, egonaldiaren eta mantenuaren gastuak ordaintzea.
c) Estatuko Fiskaltza Nagusiari dagozkion eskudantziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren bitartez:
Karrera Fiskalak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen prestakuntza-beharrak detektatzea.
Prestakuntza-proposamenak eta -iradokizunak egitea.
Jarduera horiek Karrera Fiskalaren prestakuntza-planetan sartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten karrera fiskaleko kideei egiten den jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza ematea, egutegia, ordutegia eta irakasle edo hizlarien zerrenda adierazita.
Jarduerak eta jardueren urteko programak zabaltzen laguntzea, onartu ondoren, bai eta parte-hartzaileak hautatzeko deialdiak ere. Irakasleen eta/edo ikasleen hautaketan parte hartzea, hala dagokionean.
d) Azterlan Juridikoen Zentroari dagozkion eskudantziak:
Hala badagokio, Estatuko Fiskaltza Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren bitartez parte hartuko duen bertaratuak hautatzea, eta, hala badagokio, prestakuntza-jardueretan parte hartzeko dagozkion zerbitzu-eginkizunak ematea.
Jarduerak zuzentzeko jarraibide orokorrak bidaltzea bai Euskal Autonomia Erkidegoari, bai zuzendaritza bere gain hartzen dutenei.
Autonomia Erkidegoari jakinaraztea hautatutako pertsonen eta ordezkoen zerrenda, bai eta gerta daitezkeen uko egiteak ere.
Jarduera bakoitzaren programa hizlarien eta hautatuen artean zabaltzea.
Hizlariek txostenak lantzetik eta prestakuntza-jarduerak zuzentzetik eratorritako ordainsariak ordaintzea, AJZen prestakuntza-jardueren ordainsarien baremoan onartutako zenbatekoei jarraituta betiere.
Azterlan Juridikoen Zentroa, e.a.ren errepertorio juridiko-zientifikoko prestakuntza-jardueretan emandako txostenak argitaratzea, nahi duten zuzendariek eta txostengileek aldez aurretik eskatuta eta aplikatu beharreko prozedurarekin bat etorriz.
Jardueren urteko programak zabaltzea, onartu ondoren, bai eta parte-hartzaileak hautatzeko deialdiak ere.
Bertaratze- eta/edo aprobetxamendu-ziurtagiriak ematea, hiru erakundeen logotipoa eta beren ordezkarien sinadura barne.
Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten karrera fiskaleko kideei egiten den jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza ematea, egutegia, ordutegia eta irakasle edo hizlarien zerrenda adierazita.
Hirugarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Hitzarmen hau estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta hilabeteko epean, Jarraipen Batzorde bat sortuko da. Batzorde hori alderdi sinatzaileek izendatutako sei kidek osatuko dute:
2 Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik.
2 Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren bitartez.
2 kide, Azterlan Juridikoen Zentroa, e.a.ren aldetik.
2.– Sinatzaileen artean, Jarraipen Batzordea osatzen dutenen artean maila handieneko postua betetzen duen pertsona izango da batzordeburua, urtero txandaka, honako hurrenkera honekin: Estatuko Fiskaltza Nagusia, Azterlan Juridikoen Zentroa, Euskal Autonomia Erkidegoa.
3.– Hitzarmen honen arabera, eta administrazio publikoen arteko lankidetza instituzionalaren, ekonomiaren eta gastu publikoaren eraginkortasunaren eta baliabide publikoen optimizazioaren printzipioei jarraiki, alderdi sinatzaileek honako alderdi hauek adostuko dituzte ekitaldi bakoitzean, Jarraipen Batzordearen baterako ebazpenaren bidez eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan:
Urtero Karrera Fiskalerako erreserbatzen diren euskara ikasteko plazen gehieneko kopurua zehaztea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoak Azterlan Juridikoen Zentroari eskaintzen dizkion plaza guztien arabera.
Urteko jarduketa-planeko prestakuntza-jarduerak, formatua eta karrera fiskalerako erabilgarri dauden plazen kopurua, erakunde sinatzaileek kontuan hartu eta gero, baterako ebazpen bidez onartzeko.
3.– Gainera, Jarraipen Batzordeak erakunde sinatzaileen arteko koordinazioa bultzatuko du, prestakuntza-helburuak ahalik eta hobekien lortzeko; hitzarmena interpretatuko du, eta hitzarmena gauzatzean sor daitezkeen zalantzak argitzeko; eta hitzarmenaren garapenaren eta gauzatzearen jarraipena eta ebaluazioa egingo du.
Horrez gain, aldeek modu egokian burutuko dituzte programatutako prestakuntza-jarduerak, eta, horretarako, behar diren harreman eta truke guztiak izango dituzte, klausula honen 2. puntuan aurreikusitakoez gain.
4.– Hitzarmen honetan berariaz aurreikusi gabeko guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko hirugarren atalean jasotako arauek arautuko dute Jarraipen Batzordea.
Laugarrena.– Parte-hartzaileak hautatzea.
Parte-hartzaileak honela hautatuko dira:
Euskara ikastea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta Azterlan Juridikoen Zentroari jakinaraziko die ikasleak hautatzeko epea ireki dela, bai eta horri buruz behar den informazio guztia ere, epea hasi baino hogei egun baliodun lehenago, gutxienez. Azterlan Juridikoen Zentroak, Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin lankidetzan, adierazitako epean adostu den pertsona-kopurua hautatuko du, eta sail horri jakinaraziko dio onartutako pertsonen zerrenda, jakinaren gainean egon dadin eta jardueran ikasle gisa alta eman diezaien.
Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten fiskalen prestakuntza: Azterlan Juridikoen Zentroa e.a.k, hala badagokio, Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin lankidetzan, prestakuntza-jardueretan parte hartuko duten karrera fiskaleko kideak hautatuko ditu hala eskatu dutenen artean, arlo horretan jarduteko jarraibide orokorren arabera. Estatuko Fiskaltza Nagusiak hala eskatu eta Jarraipen Batzordeak hala erabakiz gero, Estatuko Fiskaltza Nagusiak parte hartuko du edo bere gain hartuko du hautaketa hori.
Hautaketa egin ondoren, hautatutako pertsonen eta ordezkoen zerrenda jakinaraziko zaio Euskal Autonomia Erkidegoari, bai eta gerta daitezkeen uko egiteak eta zerbitzu-eginkizunen edo baimenen baimena ere, hargatik eragotzi gabe egin beharreko beste izapide batzuk.
Kasu guztietan, onartzen diren pertsonak ondorio juridiko guztiekin sartuko dira hitzarmen honen esparruan ematen diren ikastaro eta jardueretan.
Bosgarrena.– Finantzaketa.
1.– Euskara ikastea.
Euskal Autonomia Erkidegoak doan emango dio Azterlan Juridikoen Zentroari JUSTIZIAGELA plataformarako sarbidea, eta bere gain hartuko du Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko karrera fiskaleko kideek egingo dituzten tutoretzapeko ikastaroen kostua.
2.– Karrera Fiskalaren prestakuntza.
Hitzarmen honen esparruan Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten karrera fiskaleko kideen prestakuntzarako adostutako jardueren balorazio ekonomikoa urtean 20.000 eurokoa da gehienez (80.000 euro, gehienez eta guztira, hitzarmen honen indarraldiko lau (4) urteetan). Jarduerak, osorik hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Azterlan Juridikoen Zentroaren kontura finantzatuko dira, % 50na, bakoitzaren funtzionamenduko aurrekontu arrunten kontura.
Euskal Autonomia Erkidegoak 40.000 euro jarriko ditu gehienez ere hitzarmen hau indarrean dagoen lau (4) urteetan. Euskal Autonomia Erkidegoak gehienez ere 10.000 euroko ekarpena egingo du urtean, eta 2024an kopuru hori jarraian aipatzen den partidari egotziko zaio, edota hurrengo ekitaldietan partida hori ordezkatuko luketen baliokideei:
1001011100 23700 14110 2024/000393 Hitzarmena AJZrekin/Fiskalen prestakuntza.
Hitzarmen honen indarraldiko lau (4) urteetan, Azterlan Juridikoen Zentroa, e.a.k 40.000 euroko gastua egingo du gehienez. Azterlan Juridikoen Zentroak urtean 10.000 euro emango ditu gehienez. Zenbateko hori Azterlan Juridikoen Zentroa, e.a.ren gastu-aurrekontuaren aplikazio honi egotziko zaio, edo, bestela, hurrengo ekitaldietan hura ordezka dezaketen baliokideei:
13.101.111R.226.06 Bilerak, hitzaldiak eta ikastaroak (Karrera Fiskala).
Zenbateko horiek Estatuko Aurrekontu Orokorretan ekitaldi horietarako kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean daude.
Aurreikusitako zenbatekoa gaindituz gero, alderdi bakoitzak dagokion soberakina hartuko du bere gain.
Gehieneko zenbatekoak direnez, aipatutako jarduera osagarriak garatzeko ekarpen gehigarri oro hitzarmen honen eranskin baten bitartez izapidetuko da.
Urteko behin betiko likidazioa egin ondoren, bai Azterlan Juridikoen Zentroak, bai Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, hala badagokio, dagokion organo kudeatzaileari transferituko diote hartzekodun gisa dagokiokeen zenbatekoa. Ziurtagiriarekin batera, zenbateko hori osatzen duten gastuen zerrenda aurkeztuko da. Era berean, hitzarmena sinatu duten alderdietako edozeinek eska ditzake gastu horiek justifikatzeko agiriak.
Alderdiek kontrol-organoek eskatutako informazio guztia eman behar dute.
Hasiera batean, aurkeztutako fakturek formatu elektronikoa izan behar dute; salbuespen gisa, inguruabarrek hala gomendatzen dutenean eta behar bezala justifikatu eta gero, paperezko fakturak egiteko baimena eman ahal izango da.
Seigarrena.– Zabalkundea.
Aldeek ohiko kanalen bidez (argitalpenak, webgunea, sare sozialak, etab.) zabalkunde egokia emango diete alderdi sinatzaileen funtzionarioek parte hartzen duten ikastaro eta prestakuntza-jarduerei.
Beste alderdi sinatzaileetako parte hartzaileei zabaltzen zaizkien prestakuntza-ikastaroak eta -jarduerak egin aurretik, bi erakundeek partekatuko dute bertaratuko direnek ezagutu beharreko edukiari buruz sortzen den informazio guztia.
Hitzarmen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatuko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera. Aldez aurretik, eta nahi izanez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izango da.
Halaber, Espainiako Gobernuaren Gardentasunaren Atarian argitaratuko da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera (abenduaren 10eko BOE). Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gardentasunaren Atarian ere argitaratu ahal izango da.
Zazpigarrena.– Iraupena, eraginkortasuna, inskripzioa eta nahitaezko publizitatea.
Hitzarmen hau, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eraginkorra izango da Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik 5 egun balioduneko epean. Era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean; erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu ahal izango da, eta lau (4) urtez egongo da indarrean. Epe hori beste lau (4) urtez luzatu ahal izango da, baldin eta alderdiek luzapena hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen adosten badute, gehigarri bidez, araudian aurreikusitako izapideak gauzatu eta gero betiere. Luzapen-gehigarri horrek hitzarmena iraungi baino lehen izango ditu ondorioak, Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean. Era berean, gehigarri hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea eta azkentzea.
Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdiek aho batez hala erabakitzen badute, dagokion eranskin aldatzailea sinatuz.
Hitzarmenak azkentzen dira beren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat gertatzen denean. Honako hauek dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:
Hitzarmenaren indarraldia luzatzea erabaki gabe igarotzea.
Alderdi sinatzaileek aho batez hala erabakitzea.
Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Kasu horretan, beste alderdiek errekerimendu bat helarazi ahal izango diote bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete daitezen betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio.
Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren, ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura abiatu zuten alderdiek kontratua suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinaraziko diote, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horrengatik suntsiarazten bada, eragindako kalteak ordaindu beharko dira, Jarraipen Batzordeak zehaztutako irizpideen arabera.
Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.
Hitzarmenaren xedea betetzeko gerora sortutako ezintasunagatik.
Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.
3.– Hitzarmena suntsiarazteak ez du eraginik izango gauzatzen ari diren jarduerak amaiarazten. Jarduera horiek hitzarmenaren jarraipen-batzordeak ezarritako epe luzaezinean egin beharko dira.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren araubide juridikoa.
Hitzarmen juridiko-administratibo hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babesean egin da.
Hitzarmen honen interpretazioari, betearazpenari, aldaketari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz sortzen diren auziak alderdien adostasunez konpondu behar dira Jarraipen Batzordean. Bide horretatik konpontzea lortzen ez bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira.
Hamargarrena.– Datuen babesa.
Alderdi sinatzaileek, datuen babesaren arloan, honako hauek bete beharko dituzte: 2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta arlo horretan indarrean dauden gainerako xedapenak.
Datu pertsonalen titularrek entitate sinatzaileen aurrean baliatu ahal izango dituzte aplikatu beharreko legerian aurreikusitako eskubideak, tratamenduaren arduradunei dagozkien helbideetan.
Ministerio Fiskalaren kasuan, eskubide horiek baliatu ahal izango dira https://www.fiscal.es/ejercicio-de-los-derechos ante la Unidad de Apoyo de la Fiscalía General del Estado webgunearen bidez, eta hori unitate honi ematen zaizkion eskumenak kontuan hartuta, EOMFko 13.4. art.n jasotakoak.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kasuan:
AJZren kasuan, berriz, proteccióndedatos@cej-mjusticia.es helbide elektronikoaren bidez.
Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, beren eskumenak baliatuz, hitzarmen hau sinatzen dute sinadura-egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 24a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzako fiskal Nagusia,
MARÍA DEL CARMEN ADÁN DEL RÍO.
Azterlan Juridikoen Zentroa-Centro de Estudios Jurídicos, O.A.ko zuzendaria,
LAURA CAMBERO VALENCIA.