Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2024ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2825

64/2024 DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko musika- eta dantza-eskolena.

1992. urtea urte esanguratsua izan zen gure herritarrei musika espezializatuaren irakaskuntzak eskaintzeko historian. 1990ean hasitako hezkuntza-erreforma orokorrak hausnarketa-prozesu bat eragin zuen, eta aldaketa egiteko ezkutuko nahia azaleratu zuen, proiektu berri batean islatuko zena, euskal gizartean musikaren irakaskuntza eta ikaskuntza ulertzeko eta gauzatzeko modu berri batean.

Horretan lagundu zuten egoerari lotutako zenbait faktorek, hala nola musika-irakaskuntzako zentroen garapen handiak, bai kopuruan bai tamainan gertatu denak, eta 1980ko hamarkadan batez ere toki-administrazioaren ekimenez prestatutako ikasleek, bai eta irakaskuntzan eskuzabaltasunez eta ideia berriekin hasi ziren gazteen belaunaldi berri eta ugariak ere. Horrek guztiak proiektu berria gauzatzen lagundu zuen.

Hala, urriaren 27ko 289/1992 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoan musika-eskoletako arautu gabeko berariazko musika-irakaskuntzarako ikastetxeak sortu eta jardunean jartzeko balio izango duten oinarrizko arauak ezartzen dituena), zeinaren hausnarketa-prozesuan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila izan baitzen buru, agian gure gizartean abian jarritako hezkuntza-arau guztien lege-arau gogoetatsuena, eztabaidatuena eta adostuena bihurtu zen, inplikatutako eragile guztien artean (toki-erakundeak, titularrak eta hezkuntza-administrazioa).

Hogeita hamar urte geroago, EAEko musikako hezkuntza-sistemak Europa mailan erreferente bihurtzeko bidea hartu du, bai ikastetxeen kopuru, kalitate eta aniztasunagatik, bai irakasle eta ikasleengatik, bai ematen diren irakaskuntza eta espezialitateengatik, bai finantzaketaren oreka eta aurreikuspenengatik. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 1,6k, hau da, ia 35.000 pertsonak, musika-eskoletan egin dituzte ikasketak. Hori funtsezko mugarria izan da. Adin guztietako milaka herritarrentzat musika, estilo eta adierazpen guztietan, oso jarduera garrantzitsua da maila guztietan beren bizitzan, prestakuntzari, zaletasunari, errealizazio pertsonalari eta gizarte-ingurunearen kultura-aberastasunean parte-hartze aktiboari dagokienez.

Azpimarratu behar da musika-hezkuntzak eta, hedaduraz, arte-hezkuntzak urte-tarte luze honetan bultzada eztabaidaezina eman diotela herritar solidarioagoak eta kohesionatuagoak sortzeari, bizitza osoko ikaskuntzari, belaunaldien arteko elkarrizketa sustatzeari, gure inguruko kultura-aniztasunaren ikuspegi normalizatuari, gure kultura-ondarea ezagutu, balioetsi eta garatzeari, sormen-prozesua garatzeari eta ikasten ikasteko gaitasunak garatzeari.

Irakaskuntza arautuei dagokienez, gainera, denboraldi honetan, «Musikene» Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren eskaintza sendotu da -Musikene Europan erreferentea da-, musikako ikasketa profesionalen kalitatezko eskaintza publikoa argitu eta dibertsifikatu da, eta zenbait ekimen bultzatu dira, hala nola EGO (Euskadiko Gazte Orkestra), EIO (Euskadiko Ikasleen Orkestra), Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa, eta EIJO (Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra). Ekimen horiek guztiek balio izan dute euskarria emateko beren etorkizuna musikarekin konprometituta daukan askotariko ikasle-multzoari, eta Euskadiko musika-hezkuntza espezializatuaren sektorea sendotzeko.

Musika-irakaskuntzak sendotzeko eta normalizatzeko prozesu horrekin batera, Dantza izugarri garatu da azken hamarkada hauetan, taldeen eta pertsonen jarduera profesionalaren mailan, kulturaren sustapen publikoak eta pribatuak eskaintzen dituzten aukeren babespean.

Ildo horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2015ean Dantzerti izeneko Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskola sortu zuen, zeinak Musikenerekin -musika-irakaskuntzen arloan- eta Gasteizko Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolarekin -jada martxan dagoena- goi-mailako arte-irakaskuntzen eskaintza osatzen baitu Euskadin.

Arte horien garapenak eta gizarte-eraginak agerian utzi dute komenigarria dela, halaber, musika- eta dantza-irakaskuntzen ikaskuntza arautuaren normalizazioari ekitea hezkuntza-sistemaren barruan, araubide bereziko irakaskuntzen esparruan.

Hezkuntza ez-arautuari dagokionez, bizialdi osoko ikaskuntzaren kulturaren esparruan, pertsonaren garapen osorako gaitasunak eskuratzen laguntzen du. Hala, musika- eta dantza-eskolek ere gizartearen eskariari erantzuten diote, eta eragin sozial ukaezina dute, bai ikuspegi ludikoaren aldetik, bai pertsonen osasunaren aldetik. Ildo horretan, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen (EHME) Musikaldia bultzatu da. Gainera, Euskadiko arte-irakaskuntzen oinarrizko zutabe bihurtu dira; izan ere, etorkizuneko bokazioak pizten laguntzen dute, eta gainera, lanbide-ikasketak eta goi-mailako ikasketak egingo dituzten ikasleen hasierako prestakuntza bultzatzen dute, eta, bueltan-bueltan, lan-munduan etorkizuneko profesional gisa sartzera iritsi daitezke. Beraz, funtsezkoa da ondo koordinatuta egotea musika- eta dantza-eskolak eta goi-mailako ikasketak ematen dituzten zentroen sarea, musikako eta dantzako arte-irakaskuntzen sektorea osatzeko eta kohesionatzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak hezkuntza-administrazioei ematen die musika- edo dantza-ikasketak ematen dituzten eskolak arautzeko eskumena, balio akademikoa edo profesionala duten tituluak lortzera bideratzen ez badira.

Dekretu honetatik kanpo geratzen dira gainerako musika- eta dantza-zentroak. Horiei ez zaie aplikatuko dekretu honetan ezarritakoa, eta zuzenbide komuneko arauen mende geratuko dira.

Zalantzarik gabe, eta oraindik egiteko dagoen bidea gorabehera, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen zazpigarren xedapen iragankorra mugarri garrantzitsua izan zen musika-eskolentzat, zehaztu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak pixkanaka bere gain hartuko zuela udal-titulartasuneko musika-eskolen finantzaketa, eskaini beharreko zerbitzuen estandar baten arabera, haien finantzaketaren herena lortu arte.

Hala, dekretu honen bidez, musika- eta dantza-irakaskuntzak hobetzeko eta eguneratzeko tresnak indartu nahi dira, dekretu honetan araututako zentroetan ematen diren balio akademiko edo profesionaleko tituluetara bideratzen ez diren heinean, honako jarduera-ardatz hauen bidez:

– Antolaketa eta funtzionamendua arautzea, musika- eta dantza-eskolen euskal sistemaren koherentzia eta nortasuna bermatzeko.

– Beren antolamenduan eta eskaintzan sormen-, aniztasun- eta irudimen-eremuak sustatu eta bultzatzea, herritar guztiei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko, bai beren prestakuntza-eskaintzaren berehalako hartzaile gisa, bai kulturaren hedapen-jardueraren onuradun gisa.

– Gutxieneko eskaintza- eta kalitate-baldintza batzuk zehaztea, sisteman sartzen diren herritar guztiei, edozein lekutan edo gizarte-eremutan, maila goreneko zerbitzu-kalitatea bermatzeko, eta, ordainetan, jasotzen duten zerbitzua justifikatuko duen parte hartzeko eta xedatzeko eskakizuna bermatzeko.

– Euskal sustrai tradizionaleko musikaren eta dantzaren irakaskuntza goi-mailako irakaskuntzan babestea, euskal kultura-ondarearen irakaskuntza artistiko gisa aitortuz, izan bada eta, eta zaindu eta garatzea merezi duela adieraziz, gure herriaren nortasunaren ezaugarrietako bat denez gero,

– Amaiera ematea urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren zortzigarren xedapen iragankorra aplikatzeak ekarri zuen iragankortasunari, zeina aurreikusita baitzegoen titulazioak titulazio arautua duten espezialitateetan egokitzeko aldirako.

– Musika- eta dantza-eskoletako irakaskuntzak kultura-aniztasuna kudeatzeko euskal eredura egokitzea nazioarteko migrazioen eta asiloaren esparruan, irakasleen artean kulturarteko komunikazio-gaitasunen garapena indartuz, ikasleekin komunikazio eraginkorra izateko, hori bereziki garrantzitsua baita hezkuntzaren eta kulturaren testuinguruan.

– Musika- eta dantza-eskoletako irakaskuntzak euskal hezkuntza-sistemako hezkidetza-eskolaren eredura egokitzea.

– Musikaren eta dantzaren hezkuntza-eredu inklusibo baten garapenean aurrera egitea, pertsona guztiei musika- eta dantza-hezkuntzarako sarbidea bermatuko diena, irisgarritasun unibertsala sustatuko duena, guztientzako diseinua bere gain hartuko duena eta banakako premiei erantzungo diena, aniztasunaren edozein aldagai har dezaten.

– Musika- eta dantza-eskolen finantzaketa sendotzea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen zazpigarren xedapen iragankorra aplikatuz lortutako aurrerapenak indartzeko, eta udal-finantzaketa jasotzen duten ikastetxe pribatuen finantzaketa hobetzea.

– Arte-irakaskuntzen ikaskuntzaren bidez Europako herriak aberasteko dugun bokazioa berrestea, horretarako, jarduera bat eta jarduera hori gauzatzeko modu eredugarri bat eskainiz.

– Era berean, eta profesionalen enplegagarritasunari dagokionez, dekretu honek honako alderdi hauek hartzen ditu kontuan, alderdi berritzaile bat emanez:

i.– Sektoreko irakasleen enplegagarritasunari buruzko eztabaidari aurre egitea. Prestakuntza artistikoak bateragarria izan behar du prestakuntza goi-mailako ikastetxeetan amaitzen duten ikasleen zentzuzko enplegagarritasunarekin, bai eta egungo irakasleekin ere, zeinek, beren espezialitatearen arabera, ikastetxe batzuen arteko ibiltaritza bere gain hartu behar baitute lanaldi duin bat betetzeko.

ii.– Gainerako lanbide-eremuetan, gure ingurune hurbileneko lan-eskaerak erakusten digun bezala, aspalditik dira beharrezkoak balio anitzeko profila duten pertsonak lanpostuak betetzeko. Konpromisoa hartu behar dugu prestakuntza-programak diseinatzeko eta garatzeko, langile profesionalen balio-aniztasun eskasa arintzeko, bai jatorrizko prestakuntzan, bai jatorrian. Era berean, prestakuntza hori dagoeneko jardunean dauden sektoreko profesionalei eman behar zaie, haien kualifikazioa eta lehiakortasuna hobetzeko.

iii.– Arte-irakaskuntzaren arloan zuzenean edo zeharka lan egiten duten profesionalen, zentroen eta erakundeen arteko aliantzak sustatu behar ditugu. Begien bistakoak dira haien artean sortzen diren sinergien emaitzak.

Azkenik, kontuan hartu behar da arte-hezkuntzak presente egon behar duela gure komunitateetako hezkuntza-, kultura- eta gizarte-politiketan; izan ere, pertsonen dimentsio sortzaile eta emozionalak garatzen ditu, bai eta ekintzailetza eta berrikuntza ere, XXI. mendeko gizartean hain beharrezkoak baitira. Gizarte integratuagoak eta integratzaileagoak eraikitzen laguntzen du, kulturalki pluralak diren komunitateetan onartuz, gure ekonomietan gailentzen ari den industria kultural, artistiko eta sortzailea garatzen duen sorkuntza-potentzialaren hazia izanik.

Lurralde-mailan, Euskadin, Estatuan eta Europan gainerako eskolekiko koordinazioa sustatu behar da, kontatuak izateko, hain zuzen ere, errazagoa izan dadin elkarri trukatzea irakaskuntza-metodologiak, irakasle eta ikasleenak, jarduera bateratuak, antolaketa- eta funtzionamendu-ereduak, eta abar.

Dekretu hau ematen da adierazi diren premiei erantzuteko eta administrazio-jardueraren prozedura sinplifikatua ezartzeko.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko maiatzaren 21ean eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan balio akademikoa edo profesionala duten tituluak lortzera ez daramaten ikasketak dituzten musika- eta dantza-eskola publiko eta pribatuen sorrera eta funtzionamendurako oinarrizko arauak ezartzea.

2.– Gainerako musika- eta dantza-zentroei ez zaie aplikatuko dekretu honetan ezarritakoa, eta zuzenbide komuneko arauen mende geratuko dira.

2. artikulua.– Musika- eta dantza-eskolak.

Hauek izan daitezke musika- eta dantza-eskolak, ematen dituzten irakaskuntzen arabera:

a) Musika-eskolak.

b) Dantza-eskolak.

c) Musika- eta dantza-eskolak.

3. artikulua.– Musika- eta dantza-eskolen xedea.

Musika- eta dantza-eskolen helburu orokorra herritar guztiei zuzendutako musikako eta dantzako prestakuntza praktikoa eskaintzea izango da, komunitateko bizitza kulturalean askatasunez parte hartzeko eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluan jasotako arteez gozatzeko eskubidea baliatzeko modutzat hartuta, bai eta bokazio eta gaitasun berezia dutenen ikasketa profesionaletarako eta lan-mundu artistikorako orientaziotzat eta prestakuntzatzat ere.

4. artikulua.– Ikastetxeen izena.

1.– Dekretu honetan araututako ikastetxeek izen generiko bat izango dute, ematen dituzten irakaskuntzekin bat datorrena, dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Izen hori arte-prestakuntzako ikastetxe horien bereizgarri eta esklusiboa izango da. Udal-titulartasunaren edo titulartasun pribatuaren izaera gehituko zaio izendapen generikoari.

2.– Izendapen generikoari izendapen berezi bat gehituko zaio, eta entitate titularrak proposatuko du. Izen espezifiko hori ezin izango da bat etorri udalerri bereko beste ezein ikastetxeren izenarekin, baldin eta ikastetxe hori inskribatuta badago, eta ez du zalantzarik sortu beharko ematen den irakaskuntzari edo irakaskuntzei buruz, ezta ikastetxearen titulartasunari buruz ere, eta ikastetxeak ezin izango du izen hori ez den beste bat erabili.

5. artikulua.– Musika- eta dantza-eskolen helburuak.

Musika- eta dantza-eskolek helburu hauek izango dituzte:

1.– Musikaren eta dantzaren praktika artistikoaren gizarte-eskaera zabala asetzea.

2.– Musika- eta dantza-irakaskuntzak ematea, herritarren praktika aktiboa sustatzeko helburu nagusiarekin, banaka eta taldeka, jarduera kokatzen den gizarte-eremuarekiko interakziotik abiatuta.

3.– Gertakari artistikoa modu orokorragoan ulertzeko gutxieneko alderdi teoriko egokiak irakastea, sakontze handiago baten beharra duten ikasleek beraiek egindako eskaritik abiatuta, edo eskolaren beraren ekimenez.

4.– Adin guztietako ikasleei kalitatezko irakaskuntza eskaintzea, bizialdi osoko ikaskuntzarekin bat etorriz, arte-gaitasun berriak eskuratzen lagunduz, ezagutzak eguneratuz eta abileziak eta gaitasunak zabalduz.

5.– Arte bakoitzaren adierazpide espezifikoen sorta aberats eta dibertsifikatuena eskaintzea, eta adierazpide horien guztien interakzioa sortzea sinergiak eta giza sormenaren askotariko moduen ikuspegi bateratua sortzen dituzten jarduera kolektiboetan.

6.– Irakaskuntzaren plangintza eta garapena pertsona bakoitzaren ahalmen eta gaitasunetara eta norberaren errealizaziora egokitzea, irakaskuntza-askatasuneko eta -autonomiako testuinguru batean, eskaintza ikasleen interesetara eta ikaskuntza-erritmoetara egokituz.

7.– Arte-adierazpen guztiak ezagutzeko eta gozatzeko zaletasuna sustatzea, eta ikasleen eta gainerako herritarren espiritu kritikoa garatzea.

8.– Irakaskuntza inklusiboak eta bidezkoak bermatzea, pertsona guztiek musika- eta dantza-ikasketak egin ahal izateko, inolako bazterketarik gabe eta hezkidetza sustatuta.

9.– Irakasleen eta ikastetxeko gainerako profesionalen hobekuntza eta etengabeko eguneratzea sustatzea, Musika eta Dantzako irakaskuntzak hobetzen laguntzeko, berdintasunaren eta genero-ikuspegiaren arloko prestakuntza eta hezkidetza barne.

10.– Gaitasun eta bokazio artistikoa duten ikasleak orientatzea eta ondorengo ikasketak -profesionalak eta goi-mailakoak- egiteko duten bidea prestatzea.

11.– Herritarrei zerbitzu kohesionatua, eraginkorra eta kalitatezkoa eskaintzea, besteak beste, Euskadiko musikaren eta dantzaren hezkuntza-ekosistema osatzen duten pertsona guztiekiko komunikazioa eta etengabeko koordinazioa sustatuz.

12.– Tokiko tradizioak eta kultura-ondarea bildu, sistematizatu eta zabaltzea, lotuta dagoen herriaren kultura-nortasunaren erdigune bihurtuta.

13.– Herri-kulturaren garapenean eragin positiboa izatea, ikasleek osatutako taldeen etengabeko jarduera publikoaren bidez.

14.– Herri-kulturan eragin positiboa izatea, ikasleei prestakuntza emateaz gain, arteak gizartean zuzenean hedatuz eta, horretarako, gure iturriak ikertuz, eta sorkuntza eta zabalkundea bultzatuz.

6. artikulua.– Musika- eta dantza-eskolen titulartasuna.

1.– Musika- eta dantza-eskolak titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan daitezke. Titularra izan daiteke indarreko legeriara, nazioarteko akordioetara edo, hala badagokio, elkarrekikotasun-printzipiora egokitzen den atzerriko edozein entitate publiko ere.

2.– Titulartasun pribatukoak izango dira Espainiako, Europar Batasuneko beste estatu kide bateko edo beste estatu bateko herritartasun pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak dituzten eskolak, indarrean dagoen legeriak edo nazioarteko akordioek ezarritakoaren arabera.

3.– Hauek ezin izango dira titular izan:

a) Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko hezkuntza-administrazioan zerbitzuak ematen dituzten pertsonak.

b) Dolozko delituengatik zigor-aurrekariak dituztenak.

c) Epai judizial irmo baten bidez eskubide horretaz espresuki gabetuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak.

d) Pertsona juridikoak, baldin eta aurreko paragrafoetako pertsonek zuzendaritza-karguak badituzte pertsona juridiko horietan, edo kapital sozialaren % 20 edo hori baino gehiago haien titulartasunekoa bada, zuzenean nahiz zeharka.

4.– Espainiako edo Europar Batasuneko beste edozein estatutako nazionalitatea duten pertsona fisiko edo juridikoek eskatu ahal izango dute musika- eta dantza-eskolak irekitzeko eta funtzionatzeko baimena.

5.– Beste nazionalitate bat duten pertsona fisiko edo juridikoek ere –publiko zein pribatu– eskatu ahal izango dute baimena, betiere indarrean dagoen legeriak, nazioarteko akordioek edo, hala badagokio, elkarrekikotasun-printzipioak ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Epe barruan ebazpenik ez ematearen ondorioak.

Dekretu honetan araututa dauden eta alderdi batek eskatuta hasi diren prozeduretan ez bada ebazpen espresurik eman kasu bakoitzerako adierazitako epearen barruan, horrek esan nahiko du eskabideak onartu direla.

8. artikulua.– Ikastetxeen erregistroan inskribatzea eta publizitatea egitea.

1.– Ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritzak ofizioz inskribatuko ditu ikastetxe baimenduaren erregistro-datuak eta emandako baimenaren aldaketak edo azkentzeak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan. Erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa aurkeztu zaien zentroen erregistro-datuak ere inskribatuko ditu. Halaber, arauz eskatzen den informazioa igorriko dio unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen Estatuko erregistroari.

2.– Inskribatutako ikastetxe bakoitzak erregistro-kode bakarra izango du.

3.– Erregistroko inskripzioak iraun egingo du hura sortzeko baldintzek dirauten bitartean.

4.– Erregistroan sartzea ezinbesteko baldintza izango da arau honetan aurreikusitako eskubideak eskuratzeko, bai eta aplikatzekoak diren dirulaguntzak, laguntzak eta onurak eskuratzeko ere.

5.– Egintza horiei publizitatea emateko, hezkuntza-arloko sail eskudunak inskribatutako ikastetxeen zerrendaren berri emango du, egoitza elektronikoan horretarako gaitutako tresna telematikoaren bidez; zerrenda horretan, ikastetxearen izena, titulartasuna, helbidea, kodea eta baimendutako ikasketak jasoko dira beti. Bitarteko bera erabilita jakinaraziko da zer ikastetxeri aldatu edo azkendu zaizkien baimenak.

6.– Datu-basea eta Zentroen Erregistroko datu publiko guztiak OpenData Euskadi datu irekien atarian argitaratuko dira: «https://opendata.euskadi.eus/hasiera/» formatu irekietan eta erabilera irekiko lizentzia baten pean, interesdunek berrerabiltzeko aukera izan dezaten. Horretarako, dauden lege-mugak hartuko dira kontuan, eta berrerabil daitekeen informazioa soilik argitaratuko da.

II. KAPITULUA
MUSIKA- ETA DANTZA-ESKOLEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK, INSTALAZIOEI, BALDINTZA MATERIALEI ETA IRAKASKUNTZA-ESKAINTZARI DAGOKIENEZ
LEHENENGO ATALA
INSTALAZIOAK ETA BALDINTZA MATERIALAK

9. artikulua.– Musika- eta dantza-eskolen kokapena.

Musika- eta dantza-eskolak kanpotik sarbide independentea duten erabilera esklusiboko eraikin edo lokaletan kokatu beharko dira, bai eta kultura- edo hezkuntza-erabilerak ere badituztenetan ere.

10. artikulua.– Gutxieneko instalazioak.

Musika- eta dantza-eskolek instalazio hauek izango dituzte gutxienez:

1.– Irakaskuntza-esparruan.

a) Musika-eskoletarako:

– Instrumentu-espezialitateen irakaskuntzarako hiru ikasgela, 12 m2-ko gutxieneko azalera dutenak.

– Beste ikasgai batzuk irakasteko gela bat, gutxienez 20 m2-koa.

– Instrumentu-multzoetarako, entseguetarako eta entzunaldietarako gela bat, gutxienez 80 m2-koa.

b) Dantza-eskoletarako:

– Dantzarako bi gela, zorua jauzietarako egokituta daukatenak eta gutxienez 70 m2-ko azalera dutenak; halakorik ezean, gutxienez 5 m2 pertsonako.

– Aldagelak, matrikulatutako ikasle kopuruaren eta eskolaren plangintzaren araberakoak.

c) Musika- eta dantza-eskoletarako:

– Instrumentu-espezialitateen irakaskuntzarako hiru ikasgela, 12 m2-ko gutxieneko azalera dutenak.

– Beste ikasgai batzuk irakasteko gela bat, gutxienez 20 m2-koa.

– Instrumentu-multzoetarako, entseguetarako eta entzunaldietarako gela bat, gutxienez 80 m2-koa.

– Dantzarako gela bat, zorua jauzietarako egokituta daukana eta gutxienez 70 m2-ko azalera duena; halakorik ezean, gutxienez 5 m2 pertsonako.

– Dantza-irakaskuntzetarako aldagelak, matrikulatutako ikasle kopuruarekin eta eskolaren plangintzarekin bat datozenak.

Ikasle kopurua, hezkuntza-programako irakasle/ikasle ratioa eta eskolaren funtzionamendu-ordutegia kontuan hartuta, ikasgela kopurua handitu egingo da, irakaskuntza-plana egiteko behar den kopururaino.

2.– Irakaskuntzari laguntzeko eremua:

a) Irakasle-gela.

b) Mediateka edo, halakorik ezean, akordioa udal liburutegiarekin.

3.– Kudeaketa-, administrazio- eta zerbitzu-eremua:

a) Zuzendaritzarako eta administraziorako bulegoak.

b) Ikastetxearen edukierara egokitutako komunak eta higiene- eta osasun-zerbitzuak, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat, bai eta minusbaliotasuna duten pertsonentzat moldatutako komunak eta higiene- eta osasun-zerbitzuak ere, irisgarritasunaren arloan aplikatu beharreko legeriak ezartzen dituen kopuruan, proportzioan eta erabilera funtzionaleko baldintzetan.

c) Biltegia.

11. artikulua.– Instalazioak erabiltzeko baldintzak.

1.– Musika- eta dantza-eskolek Eraikuntzako Kode Teknikoa onartzen duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretua bete beharko dute. Eskola horiek beteko dituzte indarrean dagoen legeriak egitura-segurtasunari, suteetarako segurtasunari, erabilera-segurtasunari, osasungarritasunari, zarataren aurkako babesari eta energia aurrezteari buruz ezarritako baldintzak.

2.– Era berean, irisgarritasun-baldintzak eta oztopoak kentzeko baldintzak bete beharko dituzte, irisgarritasun unibertsala eskaintzeko eta desgaitasunen bat duten pertsonak ez diskriminatzeko oinarrizko baldintzei buruzko legeriak eskatzen dituenak, hargatik eragotzi gabe arrazoizko egokitzapenak egitea.

BIGARREN ATALA
IRAKASKUNTZA-ESKAINTZA

12. artikulua.– Musika-eskolen gutxieneko irakaskuntza-eskaintza.

Musika eskolek, gutxienez, 44. artikuluan aurreikusitako ondoz ondoko bi maila emango dituzte. Halaber, gutxieneko espezialitate-eskaintza hau izango dute:

1.– Instrumentu sinfonikoen eskaintza:

a) Gutxienez bi instrumentu-familia, hauen artean: hari igurtzizko instrumentuak, zurezko haize-instrumentuak eta metalezko haize-instrumentuak.

b) Gutxienez bi espezialitate, eskainitako instrumentu-familia bakoitzean.

2.– Teklatu-instrumentuen familia: pianoa, gutxienez.

3.– Beste eskaintza bat: euskal sustrai tradizionaleko instrumentuen familiako espezialitate bat, gutxienez.

13. artikulua.– Dantza-eskolen gutxieneko irakaskuntza-eskaintza.

Dantzako hiru espezialitate eskainiko dituzte gutxienez, eta horietako bat Euskal Dantza izango da.

14. artikulua.– Musika- eta dantza-eskolen gutxieneko irakaskuntza-eskaintza.

12. artikuluan eskatzen dena eskainiko dute, eta, gutxienez, Euskal Dantza espezialitatea.

III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-BAIMENA

15. artikulua.– Sorrera eta funtzionamendua erregulatzen dituzten arauak.

Dekretu honetan ezarritako arauek erregulatuko dute musika- eta dantza-eskolen sorrera eta funtzionamendua, eta, dekretuan jasotzen ez diren alderdietan, zuzenbide komuneko arauen mende geratuko dira.

16. artikulua.– Irekitzea.

45. artikuluan aurreikusitako 1. maila edo kontaktua ematen badute, eskola horien irekiera eta funtzionamendua administrazio-baimenaren printzipioaren mende egongo dira, zeina emango baita dekretu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badituzte.

17. artikulua.– Eskabidea aurkezteko modua eta lekua.

1.– Irekitzeko eta jardunean jartzeko administrazio-baimenaren espedientea interesdunak eskatuta hasiko da, ikastetxearen sustatzaileak eskatuta.

Eskabidea behar bezala ahaldundutako ordezkari batek ere egin ahal izango du.

2.– Eskabidea eta prozeduraren izapide guztiak egoitza elektronikoaren bidez egingo dira.

3.– Baimen-eskabidea aurrez aurre aurkeztu bada, edo ez baditu dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan adierazitako dokumentuak edo datuak, hezkuntzako lurralde-ordezkaritzaren organo eskudunak eskatzaileari eskatuko dio elektronikoki aurkez dezala, falta zuzen dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, hamar eguneko epean –epe hori bost egun luza daiteke, gehienez–, eta ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egindakotzat joko dela, aurrez ebazpena emanda, eta jarduketak artxibatuko direla.

4.– Eskabidea eta dokumentu erantsiak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira. Halaber, prozedura osoan zehar, pertsona eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, hala xedatuta baitago Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

5.– Eskabidea horretarako ezarritako inprimaki normalizatuan aurkeztuko da eta honako datu hauek jasoko ditu:

a) Ikastetxea sustatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa.

b) Proposatzen den izen espezifikoa.

c) Ikastetxearen kokapen geografikoa.

d) Baimen-eskaeraren xede diren ikasketak, berariaz adierazita haien mailak eta espezialitateak.

e) Jarduerei ekingo zaien lehen ikasturtea.

6.– Eskatzailearen betebeharrak egiaztatzeko, eskabidean bertan erantzukizunpeko adierazpena egin ahal izango da.

18. artikulua.– Dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira:

1.– Titularraren nortasun fisiko edo juridikoaren ziurtagiria, eta, hala badagokio, ordezkariarena.

a) Pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia aurkeztuko da, salbuespen hauekin:

– Europar Batasuneko beste estatu kide bateko nazionalitatea duenak Atzerritarren Erregistro Zentralaren ziurtagiriaren kopia aurkeztuko du, Batasuneko herritarra dela egiaztatzeko.

– Beste estatu batzuetako nazionalitatea duenak egoitza eta jarduera Espainian izatea baimentzen duen agiri ofizialaren kopia aurkeztuko du.

Eskaerak berekin ekarriko du baimena instrukzio-organoak ofizioz begira, lor edo egiazta ditzan, administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformen bidez, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten datuak eta dokumentuak, behar beste aldiz. Hori dela eta, ez da beharrezkoa izango nortasun fisikoaren ziurtagirien kopia aurkeztea, salbu eta interesdunak berariaz aurka egiten badu eskabidean; kasu horretan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Horrek guztiak ez ditu eragotziko Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.

b) Pertsona juridiko pribatua bada, dagokion sozietatearen, fundazioaren edo entitatearen eraketa-agiria, administrazio-erregistroan inskribatua, hala badagokio, nahitaezkoa, bai eta haren ordezkari gisa jardungo duenaren izendapena edo egiaztagiria ere. Nolanahi ere, erakundearen nortasun juridikoaren egiaztapena eta jarduteko ahalmena frogatzeko agiri hauetako kopia autentifikatu bat aurkeztuko da: eraketa-eskritura edo -agiria, estatutuen agiria edo sortze-akta, jarduerari buruzko arauak zehazten dituena. Halaber, errektore-karguak betetzen dituzten pertsonak edo pertsona juridikoaren kapitalaren % 20 edo gehiagoren titular direnak jasotzen dituen ziurtagiria aurkeztuko da.

c) Pertsona juridiko publikoa bada, jarduera garatzeko eskumena ematen dion zerbitzu juridikoaren txostena, erabakia hartzeko organo eskudunaren erabakia eta haren ordezkari gisa jarduten duenaren izendapena edo egiaztapena aurkeztuko dira.

2.– Ikastetxearen sustatzailea dekretu honen 6.3 artikuluan jasotako ezein kasutan ez dagoela dioen adierazpena.

3.– Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, datu hauek azalduta: proposatzen den izen espezifikoa, xedea, helburuak, bitarteko materialak, estaliko duen eremu geografikoa, eta ikastetxearen eguneko eta asteko funtzionamendu-ordutegia.

4.– Irakasleen zerrenda eta, hala badagokio, gainerako profesionalena, zeinak jarduera hasten denetik nahitaez izan beharko baitituzte irakaskuntza emateko; haien titulazioa adieraziko da, eta tituluaren kopia autentifikatua aurkeztuko.

Eta indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten jarduerak egingo dituzten langile guztiek sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik eta gizakien salerosketaren edozein deliturengatik epai irmo bidez kondenatua ez izatearen betebeharra betetzen dutela egiaztatzen duen agiria, sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo bat aurkeztuta.

Zerrenda eta egiaztagiri horien ordez, 27. artikuluko 3. apartatuan jasotako gehieneko epean aurkezteko konpromiso formala hartu ahal izango da.

Titulazioaren kopia eta kondenatuta ez dagoela ziurtatzen duen agiriaren ordez, 4. apartatu honetan aipatuak, irakasleak edo profesionalak baimena eman ahal izango dio hezkuntza-arloko sail eskudunari zuzenean egiazta dezan dagozkion tituluen eta zigortuen erregistro ofizialetan.

5.– Ikastetxeak irakaskuntzak emateko izango duen material didaktikoaren eta ekipamenduaren zerrenda, edo 27. artikuluko 3. apartatuan jasotako gehieneko epean zerrenda hori aurkezteko konpromiso formala.

6.– Hurrengo artikuluan adierazitako espazio, higiezin eta instalazioei buruzko dokumentazioa.

7.– Egiten duen jarduerarengatik, ikastetxeari erreklama dakiokeen erantzukizun zibila estaltzen duen aseguru-poliza izenpetu izanaren egiaztagiria, edo 23. artikuluko 3. apartatuan jasotako gehieneko epean zerrenda hori aurkezteko konpromiso formala.

19. artikulua.– Espazio, higiezin eta instalazioei buruzko dokumentazioa.

Eskaerarekin batera, espazioei, higiezinei eta instalazioei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Jabetza Erregistroan inskribatutako higiezinaren jabetza-eskritura; hori izan ezean, errentamendu-kontratua edo higiezina, instalazioak eta espazioak erabiltzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein titulu juridiko, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiak eskatzen duen esklusibotasun- edo lehentasun-baldintzetan.

b) Higiezinen eta instalazioen egoeraren planoa, dagokion udalerrian, baita haien eta ingurunearen argazkiak ere.

c) Obrak edo instalazioak egin behar ez badira, horien egungo egoeraren planoak aurkeztuko dira, eta espazio, gela edo instalazio bakoitzari emango zaion erabilera adieraziko da. Solairu eta estalki guztien banaketaren planoak 1/100 edo 1/50 eskalan egingo dira, zedarrituta, eraikitako azalera erabilgarria adierazita, eta teknikari eskudun batek sinatuta.

d) Obrak edo instalazioak egin behar badira, egin beharreko obren proiektua aurkeztuko da, hala badagokio, elkargo profesionalak nahitaez ikus-onetsita, eta espazio, gela edo instalazio bakoitzari emango zaion erabilera zein den adieraziko da.

e) Espazioei, higiezinei eta instalazioei eskatzen zaizkien betebeharrak betetzen direla dioen memoria edo ziurtagiria, honako hauek, besteak beste: higiene-, soinu- eta bizigarritasun-baldintzei dagozkienak, suteetarako segurtasunarenak (DB SI), egiturazko segurtasunarenak (DB SE), zarataren aurkako babesarenak (DB HR) eta gainerako oinarrizko dokumentuei dagozkienak, Eraikingintzaren Kode Teknikoa onartzen duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoaren (EKT) indarreko legeriaren edo hori ordezten duen araudiaren arabera.

f) Ikastetxeak mugikortasun urriko pertsonei instalazioetan sartzen eta mugitzen uzteko baldintza arkitektonikoak dituela justifikatzen duten memoria eta planoa, aplikatu behar den legeriarekin bat etorriz.

g) Udalaren lizentzia, edo, bestela, 23. artikuluko 3. apartatuan jasotako epean aurkezteko konpromiso formala.

h) Hala badagokio, baimendu beharreko irakaskuntza zehatzak emateko espazio, higiezin eta instalazioei arauz eskatzen zaizkien eskakizunen bestelako egiaztagiriak, besteak beste, dekretu honen II. kapituluan eta gaiarekin bat datorren araudian jasotakoak.

20. artikulua.– Administrazio jardulearen esku dagoen dokumentazioa.

1.– Dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan eskatutako dokumentazioa administrazio jardulearen esku badago jada, interesdunak 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluko eskubidea egikaritu ahal izango du.

2.– Interesdunak 18. artikuluko 1. paragrafoan jasotako aurka egiteko eskubidea erabili badu, edo dokumentua lortzeko ezintasun materiala badu, organo eskudunak, ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatzaileari eskatu ahal izango dio dokumentua aurkez dezala edo, bestela, beste bitarteko batzuen bidez egiazta dezala hartan jasotzen diren betekizunak betetzen dituela.

21. artikulua.– Zerbitzu teknikoen eta ikuskaritza-zerbitzuen proposamen-txostenak.

1.– Prozeduran, txosten hauek eskatuko dira nahitaez:

a) Higiezinen, espazioen eta instalazioen eskakizunei buruzko proposamen-txostena, udal-lizentzia barne. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako unitate tekniko eskudunak egingo du, kokapen-lurraldearen arabera.

b) Ikastetxearen giza baliabideen, ekipamenduaren, funtzionamenduaren, hezkuntza-proiektuaren edo prestakuntza-planaren betebeharrei buruzko proposamen-txostena. Hezkuntza Ikuskaritzak egingo du.

2.– Proposamen-txostenak egin aurretik, behar beste bisita egingo dira espazio, higiezin eta instalazioetara.

Halaber, beharrezkoa dela iritziz gero, eskatzaileari eskatuko zaio, hamar egun balioduneko epean, prozedura behar bezala ebazteko beharrezkotzat jotzen diren argibideak edo dokumentazio osagarria aurkezteko, eta, erreklamatzearen komenigarritasuna arrazoituta, ohartaraziko zaio ezen, aurkezten ez badu, dagokion izapidean indargabetutzat aitortuko dela eta prozedurak aurrera jarraituko duela.

3.– Gabeziak atzemanez gero, proposamen-txostenak egin aurretik, hautemandako gabezien zerrenda arrazoituaren berri emango zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko edo antzemandako akatsak zuzentzeko. Epea igaro ostean, dagokion proposamen-txostena egingo da.

4.– Aipatutako proposamen-txostenak baimenaren aldekoak ala aurkakoak izango dira, behar bezala arrazoituta.

Obrak egin behar badira, edo 18. artikuluko 4., 5. eta 7. apartatuetan eta 19. artikuluko g) letran aipatzen diren dokumentuen ondorengo ekarpena egiteko konpromisoa hartu bada, aldeko txostena berariaz baldintzatuta geratuko da 23. artikuluko 3. apartatuan jasotako komunikazio- eta ekarpen-betebeharrak betetzetik ondorioztatzen denera, bai eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzetik ondorioztatzen denera ere.

22. artikulua.– Ikastetxeak baimentzearen arloko zuzendari eskudunaren txosten loteslea.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako proposamen-txostenen ondoren, ikastetxeak baimentzearen arloko eskumena duen saileko zuzendaritza-organoak aldeko edo kontrako txosten loteslea egingo du; horretarako, aurretik entzunaldia egin eta, hala badagokio, espedientea aztertuko du.

2.– Eskakizunen bat betetzen dela jakinarazteke, aurkezteke eta egiaztatzeke dagoen aldeko txostenean ohartaraziko da kasu zehatz horretako jakinarazpen- eta helarazte-betebeharrak betetzeak eta eskakizunak betetzen direla egiaztatzetik ondorioztatzen denak baldintzatzen dutela aldeko txostena ematea.

3.– Eskakizunak betetzen direla jakinarazteke, aurkezteke eta egiaztatzeke ez dagoen aldeko txostenean, baimena ematea proposatuko zaio prozedura ebazteko organo eskudunari.

4.– Artikulu honetan araututako txostena izapide erabakitzaileko egintza bat da. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

23. artikulua.– Eskakizunen bat bete dela jakinarazteko, edo zerbait aurkezteko edo egiaztatzeko zain dagoen txostena.

1.– Obrak egiteko zain dauden aldeko txostenen kasuan, obrak amaitu ondoren, eskatzaileak obrak amaitu direla jakinaraziko du, jarraian adierazitako gehieneko epean.

2.– Beste kasu hauetan ere, jarraian adierazitako gehieneko epean aurkeztu beharko du dokumentazioa eskatzaileak: irakasleen eta nahitaez eduki beharreko beste profesional batzuen zerrenda eta titulazioa aurkezteko zain dauden aldeko txostenak, 18. artikuluko 4. apartatuan aipatzen diren delituak ez daudela egiaztatzeko zain dauden txostenak, aipatutako artikuluko 5. apartatuko materialari eta ekipamenduari buruzko zerrendaren eta dokumentazioaren zain dauden txostenak, artikulu bereko 7. apartatuan aipatzen den erantzukizun zibila estaltzen duen aseguru-poliza sinatu izana egiaztatzen duen dokumentazioaren zain dauden txostenak, edo 19. artikuluko g apartatuan jasotako udalaren lizentziaren zain dauden txostenak.

3.– Eskaeran hasierako egun gisa adierazitako ikasturtea hasi aurreko maiatzeko azken egun baliodunean amaituko da aurreko apartatuetan aurreikusitako gehieneko epea.

Jakinarazpena eta helaraztea telematikoki egingo dira, «Nire karpeta» atalean dagoeneko hasitako baimen-espedientean.

4.– Proposamen-txostena egin duten zerbitzuek egiaztatuko dute betetzen direla egiaztatzeke dauden eskakizunak. Proiektuaren aldeko txostena jaso duten obren kasuan, egiaztapenaren xedea izango da obrak proiektuarekin bat egin direla egiaztatzea.

5.– Ondoren, ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritzak, aurretik entzunaldia egin eta, hala badagokio, espedientea aztertuta, baimena ematea edo ukatzea proposatuko dio prozedura ebazteko eskumena duen organoari.

24. artikulua.– Baimen-prozeduraren ebazpena.

1.– Ikastetxea irekitzeko eta jardunean jartzeko baimenaren ebazpena, indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen baditu, hezkuntza-arloko sail eskuduneko titularraren agindu bidez emango da, eta xedapen-zatia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Hala badagokio, baimena ukatuko du, ebazpen arrazoituaren bidez.

2.– Baimenean, eta, hala badagokio, aldeko txostenean, datu hauek agertuko dira:

a) Ikastetxearen izen generikoa eta izen espezifikoa.

b) Ikastetxearen titularra.

c) Helbidea, herria, udalerria eta lurralde historikoa.

d) Baimentzen diren ikasketak, berariaz adierazita baimentzen diren mailak eta espezialitateak.

3.– Aurreko 2. apartatuan jasotako daturen bat aldatzeko, administrazio-baimena eskuratu beharko da aurretiaz, dekretu honen IV. kapituluan azaldutakoaren arabera.

4.– Ebazpenak, zeina interesdunari jakinaraziko baitzaio, administrazio-bidea amaituko du; gehienez sei hilabeteko epea egongo da ebazpena emateko, eskabidea aurkezten denetik edo, hala badagokio, 23. artikuluko 2. apartatuan jasotako dokumentazioa aurkezten denetik aurrera.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluaren arabera, gehieneko epe hori zenbatzean, legez ezarritako eteteak kontuan hartuko dira, besteak beste, eskaera zuzentzeko, akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko errekerimenduak, proposamen-txostenak egiteak eta nahitaezko egiaztapenak egiteak eragindakoak.

Errekerimenduek berariaz jasoko dute ebazteko gehieneko epearen zenbaketa eten egingo dela, eta interesdunari horren berri emango zaio. Nahitaezko txostenek eragindako etenaldien kasuan, txostena noiz jaso den ere jakinaraziko zaio interesdunari.

25. artikulua.– Administrazio-baimenaren ondorioak.

1.– Ikastetxea irekitzeko eta funtzionatzeko baimenak ondorioak izango ditu ebazpena eman eta hurrengo ikasturtetik aurrera, baldin eta behin betiko baimena aribideko urteko urtarrilaren 31 baino lehen eskatzen bada. Hala ere, ikastetxearen titularrak eska dezake zentroa martxan jartzeko eguna atzera dadila, horretarako arrazoiak emanez gero.

Behin betiko baimena urtarrilaren 31ren ondoren eskatzen bada, hurrengo urteko ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Ikastetxeek ezin izango dute jarduerarekin hasi, dekretu honen 24. artikuluan aipatzen den ebazpena jakinarazi arte.

3.– Ikastetxea behartuta egongo da indarrean dagoen antolamendu akademikoaren arabera baimenduta dauden ikasketak ematera.

26. artikulua.– Titulartasun bereko ikastetxeen sarea.

Euskal Autonomia Erkidegora mugatutako titulartasun bereko sarea bada, ikastetxe nagusi batek eta zenbait egoitzak osatutakoa, sare horrek zuzendaritzari eta administrazioari dagokienez bete behar dituen baldintzak zehaztu ahal izango ditu hezkuntza-arloko sail eskudunak, hala badagokio sarearen pertsona titularrari txostena eskatu eta hura aztertu ondoren. Hori guztia irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleen arreta eta segurtasuna zaintzeko egoitza bakoitzean.

Baimenak ez du inoiz eragingo baliabide materialak, instalazioak eta ekipamenduak eta irakasleak gutxitzea, zuzeneko zerikusia badute irakaskuntza-jarduerarekin.

Ikastetxe nagusia adierazi beharko da beti egoitza nagusi gisa ikastetxeak baimentzeko aginduan.

27. artikulua.– Musika- eta dantza-eskolen informazioa.

Titulartasun publikoko ikastetxeek eta herri-administrazioen finantzaketa duten titulartasun pribatuko ikastetxeek web-atari bat izango dute, eta bertan, gutxienez, honako eduki hauek argitaratuko dituzte:

a) Izena, titulartasuna, xedea eta helburuak.

b) Hainbat kanalen bidezko lokalizazioa eta kontaktua.

c) Estaldura-eremu geografikoa eta zentroaren eguneko eta asteko funtzionamendu-ordutegia.

d) Baliabideak, higiezinak, ekipamenduak eta instalazioak.

e) Organigrama. Zuzendaritza-taldea eta irakasle-plantilla.

f) Hezkuntza-eskaintza eta zerbitzu-karta, hala badagokio (irakaskuntzak, mailak eta espezialitateak).

g) Matrikulazioa eta ziurtagiriak ematea.

h) Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua (IHP).

i) Antolakuntza eta Jarduera Araudia.

j) Ikasturtearen Kudeaketa Plana.

k) Ikasturtearen kudeaketaren ebaluazio-memoria.

IV. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-BAIMENA ALDATZEA

28. artikulua.– Baimena aldatzeko prozedura eta eskumena.

1.– Hurrengo artikuluan ezarritako arrazoiengatik baimena aldatzeko, aldez aurretiko baimena behar da, baimena emateko ezarritako prozedura- eta eskumen-arauen eta kapitulu honetan jasotako arau espezifikoen arabera.

2.– Baimena aldatzeko prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa da, legez ezarritako epearen zenbaketaren eteteak gorabehera.

3.– Ikastetxeak proposatutako irakaskuntzen edo prestakuntza-eskaintzaren aldaketetan izapide eta akordio gehigarri ez-lotesle hauek egin beharko dira:

a) Ikastetxeko zuzendaritza-kargua betetzen duen pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta) atalaren bidez aurkeztuko du eskabidea, eskatzen den aldaketa ezarri aurreko ikasturteko urtarrilaren 31 baino lehen.

Hala ere, titulartasuna aldatzeko baimena eta ikastetxearen izen espezifikoa aldatzeko baimena, hurrengo artikuluan jasotakoak, urteko edozein sasoitan eskatu ahal izango dira.

b) Eskaerarekin batera, ikastetxeko zuzendaritza-kargua betetzen duen pertsonaren txostena aurkeztuko da, honako hauek justifikatuko dituena: proposamenaren egokitasuna, ikastetxeko prestakuntza-eskaintzan izango duen eragina, ikasleengan izango duen eragina, behar den azpiegiturari dagokionez ikastetxeak duen erabilgarritasuna eta pertsona eta materialen arloko errekerimenduak.

4.– Baimena aldatzeko prozedura ofizioz hasiko du ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritzaren titularrak, ebazpen bat emanda, Hezkuntza Ikuskaritzaren kasuan kasuko lurralde-unitateak idatzitako txosten baten bidez jakiten badu zantzu nabariak daudela pentsarazteko ikastetxe baimendu batean hurrengo artikuluko inguruabarrak gertatzen direla, eta ez badagokio dekretu honen IV. tituluan araututako baimena azkentzeko prozedura hastea.

29. artikulua.– Baimena aldatzeko arrazoiak.

1.– Honako egoera hauetan izango da beharrezkoa baimena aurretiaz aldatzea:

a) Baimendutako irakaskuntzak gehitzea, murriztea edo ordeztea, mailak eta espezialitateak barne.

b) Espazio edo instalazioetako aldaketak, baldin eta zabaltzea, murriztea edo erabilera edo zertarakoa aldatzea badakarte.

c) Ikastetxearen titulartasuna aldatzea.

d) Ikastetxearen izen espezifikoa aldatzea.

e) Baimenean jasotako datuak aldatzeko beste kasu batzuk, artikulu honen hurrengo apartatuetan salbuetsitakoak izan ezik.

2.– Kalearen izena edo zenbakia aldatzen bada, baina kokapen berari eusten bazaio, hori ez da baimenaren aldaketa izango. Nolanahi ere, nahitaez jakinarazi behar zaio Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroari, eguneratu dezan.

3.– Ikastetxearen helbidea aldatzen bada lekuz aldatu delako, beste baimen bat beharko da, ikastetxeak identifikazio-kode berari eutsiko dion arren.

4.– Ikastetxeko irakasle-taldean aldaketak egonez gero, nahiz eta baimenaren aldaketa ez izan, horren berri eman beharko zaio hezkuntzako kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzari, egoitza elektronikoan horretarako gaitutako tresna telematikoaren bidez; lurralde-ordezkaritzak aldaketa aztertu eta, hala badagokio, onartuko du, Hezkuntza Ikuskaritzaren kasuan kasuko lurralde-unitateak txostena egin ondoren.

30. artikulua.– Aldaketak murriztea.

Ikastetxeari baimendutako irakaskuntzak murriztean datzan aldaketa ez da bidezkoa izango, baldin eta aldaketa horren ondorioz ikastetxeak ez badu betetzen irakatsi beharreko maila eta espezialitateei dagokienez oro har ezarritako gutxieneko irakaskuntza-eskaintzaren baldintza, dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

31. artikulua.– Espazio edo instalazioak zabaltzea, murriztea edo haien erabilera edo zertarakoa aldatzea dakarten aldaketak egiteagatik baimena aldatzea.

Baimena aldatzeko eskabideak ikastetxeko instalazioei edo han ematen diren ikasketei eragiten badie:

a) Ikastetxea kokatuta dagoen higiezina edo instalazioak egokitzeko obrak egin behar badira, instalazio berrien edo, hala badagokio, instalazioak egokitzeko obra-proiektuaren aurretiazko onarpena izan beharko da, eta obrak dekretu honen II. kapituluan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

b) Ez bada obrarik egin behar, ikastetxeko planoak erantsiko dira, eskalan eginak, eta adieraziko da zein den azalera erabilgarri eraikia eta gela bakoitzaren erabilera, lehengoa eta oraingoa, egiaztatu ahal izateko instalazioek indarrean dagoen legerian ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituztela.

32. artikulua.– Titulartasuna edo izen espezifikoa aldatzeagatik baimena aldatzea.

1.– Titulartasuna aldatzeagatik baimena aldatzeko, artikulu honetan jasotako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Titulartasun-aldaketa izango da irakaskuntza emango duen ikastetxearen kostubidezko edo doako eskualdaketa oro, «inter vivos» edo «mortis causa». Titulartasun-aldaketagatiko aldaketa-prozedurak ez du eraginik izango ikastetxearen ohiko funtzionamenduan.

2.– «Inter vivos» titulartasun-aldaketagatik baimena aldatzeko, agiri hauek erantsiko zaizkio eskaerari:

a) Eskrituraren kopia autentifikatua edo entitate titular berriaren eta haren ordezkariaren eskubidea egiaztatzen duen beste edozein agiri publikorena.

b) Entitate titular berriaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

c) Titulartasuna aldatu izanaren formalizazio-agiria.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, ikastetxearen titular berria ez dagoela dekretu honen 6. artikuluko 3. apartatuan jasotako ezein kasutan dioena.

e) Titular berria titular lagatzaileak zegokion ikastetxearekiko zituen eskubide eta betebehar guztietan subrogatu dela egiaztatzen duen agiri publikoa.

3.– Eskatutako dokumentazioa administrazio jardulearen esku badago jada, interesdunak 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluko eskubidea egikaritu ahal izango du.

4.– «Mortis causa» titulartasun-aldaketen kasuan, jaraunspen bidezko eskuratu izanaren dagokion egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.

5.– Administrazio-baimena errebokatzeko espedientea izapidetze-bidean duen ikastetxeari ez zaio inoiz titulartasun-aldaketarik onartuko, «inter vivos» transferentzia denean.

6.– Ikastetxearen izen espezifiko berriagatik baimena aldatzeko, 4. artikuluan ezarritakoa bete beharko da. Horretarako, titularraren eskaera bakarrik beharko da.

33. artikulua.– Administrazio-baimena aldatzearen data eta ondorioak.

1.– Eskabidea 28. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako data baino lehen aurkeztu bada, eman eta hurrengo ikasturtearen hasieran izango du eragina baimenak, salbu eta eskatzaileak berariaz eskatzen badu eragin hori hurrengo ikasturtearen hasieran izatea.

Baimena egun horren ondoren eskatzen bada, hurrengo urteko ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Hala ere, ikastetxearen izen espezifikoa aldatzeko baimena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak.

Titulartasuna aldatzeko baimena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

V. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-BAIMENA AZKENTZEA

34. artikulua.– Azkentzeko kausak.

Ikastetxe baimenduei dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren ikasketak emateko onartu zaizkien baimenak jarduera bertan behera uzteagatik edo Hezkuntza Administrazioak espresuki errebokatzeagatik azkendu ahal izango dira.

35. artikulua.– Baimena azkentzea jarduera bertan behera uzteagatik.

1.– Ikastetxearen titularrak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez aurkeztuko du jarduera bertan behera uzteagatik baimena azkentzeko aurkeztu nahi duen eskabidea: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta Hezkuntzako kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzak espedientean sartuko du Hezkuntza Ikuskaritzak jarduera bertan behera uzteko arrazoiei eta ukitutako ikasleen eskolatzeari buruz idatzitako txostena, eta ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritzara igorriko du, hark ebazpen-proposamena egin diezaion hezkuntza-arloko sail eskuduneko titularrari.

2.– Ikastetxe baten jarduera uzteagatiko baimenaren azkentzea ofizioz deklaratuko du hezkuntza-arloko sail eskudunak, hala badagokio interesdunari entzun ondoren, baldin eta ikastetxeak jarduera utzi badu eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen den eskaera aurkeztu ez bada.

36. artikulua.– Baimena azkentzea Hezkuntza Administrazioak espresuki errebokatzeagatik.

1.– Kasu hauetan azkenduko da baimena, Administrazioak espresuki errebokatzeagatik:

a) Ikastetxeak dekretu honetan ezarritako gutxieneko baldintzaren bat betetzeari uzten dionean.

b) Ikastetxeak ez duenean irakaskuntza-jarduera hasi, irekitzeko eta funtzionatzeko behin betiko baimena eskuratu eta bi ikasturteko epean.

c) Ikastetxeak, egiaz, jarduera akademikoa bertan behera utzi duenean, gutxienez ondoz ondoko bi ikasturtetan.

d) Ikastetxeak baimenduta dituen ikasketak ez dituenean irakasten dagozkien programen edo ikasketa-planen arabera, edo ikastetxeak behin eta berriz hausten dituenean ikasketen antolamendu akademikoko edo curriculum ofizialetako arauak.

2.– Kasu guztietan, ikastetxearen titularrari jakinaraziko zaio zer arrazoi dagoen baimena errebokatzeko; dagokiona zuzentzeko eskatuko zaio, eta horretarako epe bat emango –zuzendu beharreko gabezia nolakoa den–, eta ohartaraziko da ezen, adierazitako epean zuzendu ezean, errebokatze-espedientea abiaraziko dela.

3.– Ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritzak abiaraziko du errebokatze-espedientea, Hezkuntza Ikuskaritzaren kasuan kasuko lurralde-unitateak idatzitako txostena aztertu ondoren; txosten hori ofizioz edo zuzendaritza eskudunak berak eskatuta egingo du. Espedientea instruitutakoan, ikustaldia eta entzunaldia emango zaizkio ikastetxearen titularrari. Behin izapide hori eginda, jarduketak aztertuta eta interesdunak aurkeztutako alegazioak ikusita –halakorik badago–, hezkuntza-arloko sail eskuduneko titularrari ebazpen-proposamena egingo zaio.

37. artikulua.– Baimena azkentzeko ebazpena eta haren ondorioak.

1.– Azkentzearen arrazoia edozein dela ere –jarduera bertan behera uztea edo Administrazioak berak espresuki errebokatzea– hezkuntza-arloko sail eskuduneko titularrak emango duen agindu baten bidez onartuko da baimena azkentzeko ebazpena, zeinak administrazio-bidea amaituko baitu. Ebazpena ikastetxearen titularrari jakinaraziko zaio, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Oro har, baimena azkentzea erabakitzen duen ebazpenak ondorioak izango ditu hura argitaratu eta hurrengo ikasturtearen hasieratik. Hala ere, xeda daiteke azkentzearen ondorioak progresiboak izatea, ikastetxean matrikulatutako ikasleek beren hezkuntza-ibilbidean aldaketarik izan ez dezaten.

38 artikulua.– Ez-betetzeak eta zuzenketak.

1.– Irakaskuntza-araubideko arauen ez-betetzeak interesdunari jakinaraziko zaizkio, zuzen ditzan.

2.– Ez-betetzea baldin bada eskolari baimendutako ikasketak ez ematea, interesdunari horren berri emango zaio, akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, adierazitako epean, baimena ezeztatzeko prozedura hasiko da, dekretu honen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

VI. KAPITULUA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA EDO KOMUNIKAZIOA

39. artikulua.– Izapidetzea.

45. artikuluan aurreikusitako 1. maila edo kontaktua ematen ez badute, aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea aplikatuko zaie eskola horien irekierari eta funtzionamenduari.

40. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenaren edo komunikazioaren xede diren datuak aldatzea.

29. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatuz gero, hezkuntza-administrazioari jakinaraziko zaizkio.

41. artikulua.– Jarduerak bertan behera uztea.

1.– Ikastetxeko titularrak hala erabakita jarduerak eteten badira, hezkuntza-administrazioari jakinarazi behar zaio.

2.– Jarduerak bertan behera utziko dira, halaber, dagokion espedientea izapidetu ondoren honako hauek egiaztatzen badira:

a) Erantzukizunpeko adierazpenean edo komunikazioan zehaztasunik eza edo faltsutasuna agertzea, izan ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak baztertu gabe.

b) Jarduera uztea artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den jakinarazpena aurkeztu gabe.

c) Jarduerak irauten duen bitartean araudian eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

d) Administrazio-baimena errebokatzeari buruz 36.1 artikuluan jasotako kasuren bat gertatzea.

3.– Nolanahi ere, ikastetxeko titularrari jakinaraziko zaio zein arrazoi dauden, zuzendu beharreko akatsaren arabera ezartzen den epean zuzen ditzan, eta adieraziko zaio jarduera eten egingo dela arrazoia emandako epean zuzentzen ez bada.

4.– Jarduerak bertan behera uzteak aurreko egoeraren bat gertatzen dela adierazten duen ebazpenaren hurrengo ikasturtearen hasieratik aurrera izango ditu ondorioak.

VII. KAPITULUA
INSTALAZIOAK MANTENTZEA

42. artikulua.– Erantzukizuna.

1.– Dekretu honetan araututako ikastetxeen titularrei dagokie ikastetxeko instalazioak mantentzea, aplikatu behar den araudi tekniko sektorialean ezarritako baldintzen arabera, bai eta araudi horretan bertan agintzen diren aldizkako berrikusketak egitea ere.

2.– Aurreko apartatuan adierazitakoaren ondorioetarako, ikastetxeen titularrak behartuta daude aplikatu beharreko araudi tekniko sektorialean legez ezarritako guztia egiaztatzera, hezkuntza-arloko sail eskudunak hala eskatuz gero, eta baimendutako instalazioak ez aldatzera; nolanahi ere, posible da obrak eta hobekuntzak egitea, baldin eta haien ondorioz ez badira aldatzen baimena eskuratzeko eskatu ziren gutxieneko baldintzak. Bestela, dagokion baimen-aldaketa izapidetu beharko da, dekretu honen III. tituluan ezarritakoaren arabera.

VIII. KAPITULUA
EGITURA, IRAKASKUNTZA-ARAUBIDEA, MATRIKULAZIOA ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA MUSIKA- ETA DANTZA-ESKOLETAN
LEHENENGO ATALA
IRAKASKUNTZEN EGITURA

43. artikulua.– Mailak, irakaskuntzak eta hezkuntza-eskaintza.

1.– Musika- eta dantza-eskolek beren irakaskuntzak eta hezkuntza-eskaintza egituratuko dituzte, beren prestakuntza- eta gaitasun-mailen bidez.

2.– Musika- eta dantza-eskoletako irakaskuntzak espezialitatetan (familiaka taldekatuta), ikasgaitan eta ikasturte ez-iraunkorretan banatuko dira. Ikastetxeek, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuaren (IHP) bidez, beren ezaugarriak kontuan hartuta, autonomia osoz antolatu ahal izango dituzte espezialitateak, irakasgaiak eta ikasturte ez-iraunkorrak, beren helburuak eta ikastetxearen beraren baliabideak kontuan hartuta.

3.– Ematen diren maila eta irakaskuntza guztietako hezkuntza-eskaintza osoaren ezaugarria, helburuak, edukiak, konpetentziak eta gainerako curriculum-elementuak Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) jaso beharko dira.

44. artikulua.– Prestakuntza-mailak.

Musika- eta dantza-eskolek lau prestakuntza- eta gaitasun-maila eman ahal izango dituzte:

1.– 1. maila edo kontaktukoa, 0 eta 7 urte bitarteko ikasleentzat.

2.– 2. maila edo espezialitate-hastapena, 8 urtetik aurrera.

3.– 3. maila edo espezialitate-finkapena.

4.– 4. maila edo espezialitate-hobekuntza.

45. artikulua.– 1. maila edo kontaktukoa, 0 eta 7 urte bitarteko ikasleentzat.

1.– Haurraren nortasunaren garapen harmonikoa sustatuko du, irakaslearekiko eta gainerako ikaskideekiko interakzioaren bidez, gorputz-jarduera eta zentzumenak baliatuta. Bere buruaren kontzientzia hartuko du, bere buruarekiko eta gainerako pertsonekiko eta ingurukoarekiko harmonian bizi den izakitzat hartuta. Pixkanaka, bost urtetik aurrera, musikaren eta dantzaren jarduera espezifikoagoekin harremanetan jarriko da, bere gustuekin eta gaitasunarekin bat datorren espezialitatean hasteko aukera hartu ahal izateko 2. mailara sartzean.

2.– Aurrekoa kontuan hartuta, eskolak hautazkoa izango du, baldin eta familia ados badago justifikatutako arrazoiak direla-eta ikasle bat maila horretan beste urtebetez mantendu daitekeela.

3.– Maila horretan, musika- eta dantza-eskolek, nahitaez, espezialitateak eskainiko dituzte 5, 6 eta 7 urteko ikasleentzat.

4.– Maila horretan, musika- eta dantza-eskoletarako eskaintza osagarriak 0, 1, 2, 3 eta 4 urteko ikasleentzako espezialitateak har ditzake.

5.– Musikarekin kontaktu-fasean garatu beharreko konpetentzien artean, ahots- eta instrumentu-musika interpretatzeko gaitasuna dago, musika-hizkuntzaren oinarrizko elementuak eta baliabideak erabiliz. Gainera, xedea da hizkuntza eszenikoaren oinarrizko elementuak eta baliabideak erabiltzea adierazteko, interpretatzeko eta komunikatzeko. Era berean, banaka eta taldean, musika interpretatzea sustatzen da, ahotsa, instrumentuak, gorputza eta tresna teknologikoak erabiliz. Halaber, gorputz- eta musika-hizkuntzen oinarrizko elementuak erabiltzea lortu nahi da, bai eta hainbat formatutako talde eta proposamen artistikoetan lankidetzan aritzeko estrategiak eskuratzea ere. Azkenik, inguruneari ekarpena egingo dioten jarduera artistikoak garatzea eta esperientzia horiez gozatzea bilatzen da, eskuratutako ikaskuntzen balioaz jabetuta.

6.– Dantzarekin kontaktu-fasean garatu beharreko konpetentziek hainbat trebetasun biltzen dituzte. Lehenik eta behin, ingurune natural eta kulturalaren errealitatea kontzienteki hautemateko ohitura erakusten sustatu nahi da, mugimen- eta musika-murgilketako lan sistematiko eta partekatu baten bidez. Gainera, bilatu egiten da haurrak, beren gorputza erabiliz, mugimendua banaka eta taldean erreproduzitzeko gai izatea, jasotako jarraibideen imitazioan oinarrituta. Era berean, taldeko eta komunitateko dantzako oinarrizko jardueretan parte hartzea sustatzen da. Esperimentazioa eta inprobisazioa ere sustatzen dira, testuinguru musikal batean mugimendu-kontsigna erraz batzuetatik abiatuta. Azkenik, xedea da gorputz- eta musika-hizkuntzen oinarrizko elementuak erabiltzea, baita dantzaren esparruan ekoizpen artistikoak ulertzeko eta balioesteko estrategiak ere.

46. artikulua.– 2. maila, espezialitate-hastapena, 8 urtetik aurrera.

1.– Musikaren eta dantzaren praktika artistikoa beste adierazpen-elementu bat eta norberaren nortasuna eta sentsibilitatea garatzeko elementu gisa kontzeptualizatzen du. Alderdi tekniko hutsa irakasleak bultzatuko du, tresna gisa soilik, ikasleen adierazkortasuna hobetzeko beharrezko elementu gisa.

2.– Lortu beharreko konpetentzia interpretazio-taldeetako batean (musikala edo dantzakoa) bere espezialitatean hasteko beharrezkoa dena izango da. Ez da adin-mugarik egongo maila horretan hasteko.

3.– Musika-espezialitateen maila honetan, helburua da erraztea oinarrizko musika-elementuen erabilera kontzientea eta testuinguruan kokatua, oinarrizko praktika artistikoa eta inguruneko bizitza kulturalean integratzea ahalbidetuz. Lortu beharreko konpetentzien artean daude ahozko eta instrumentuko interpretazioa, musika-hizkuntzaren oinarrizko elementuak eta baliabideak erabiliz, eta hizkuntza eszenikoaren erabilera adierazteko, interpretatzeko eta komunikatzeko. Musika-interpretazio indibiduala eta kolektiboa sustatzen da, ahotsa, instrumentuak, gorputza eta teknologia baliatuz. Gainera, lortu nahi da gorputz- eta musika-hizkuntzen oinarrizko elementuak erabiltzea, bai eta hainbat formatutako talde eta proposamen artistikoetan lankidetzan aritzeko estrategiak eskuratzea ere. Azkenik, ingurunea aberastuko duten jarduera artistikoak garatzea sustatzen da, eta esperientzia horien eta eskuratutako ikaskuntzen gozamen kontzientea baloratzen da.

4.– Dantzako espezialitateetan, teknika edo estilo jakin batean mugimendua erreproduzitzeko eta gauzatzeko konpetentziak garatu nahi dira, gorputzaren mekanika, mugimenduaren ezaugarriak, hiztegia eta lotutako musika-elementuak barnean hartuta. Ezaugarri horiek eta musika-elementuak aintzat hartzen dituzten koreografietan dantzatutako interpretazioa egitea sustatzen da. Gainera, hizkuntza eszenikoa erabiltzen da adierazteko, interpretatzeko eta komunikatzeko, eta gorputz- eta musika-hizkuntzaren elementuak aplikatzen dira, bai eta talde eta proposamen artistikoetarako lankidetza-estrategiak ere. Inguruneari ekarpena egingo dioten jarduera artistikoak garatzea sustatzen da, eta baloratzen dira eskuratutako ikaskuntzen gozamen kontzientea eta horien balioa.

5.– Maila horretan, musika- eta dantza-eskolek nahitaez eskainiko dute:

a) Espezialitatea.

b) Interpretazio-taldeak (musikalak edo dantzakoak).

c) Gutxienez irakasgai teoriko-praktiko bat.

6.– Musika- eta dantza-eskoletarako maila horretako eskaintza osagarriak ikasleentzat egokitzat jotzen den beste edozein irakasgai jaso ahal izango du.

47. artikulua.– 3. maila edo espezialitate-finkapena.

1.– Musikaren eta dantzaren praktika artistikoan sakondu nahi duen edonorentzat da.

2.– Instrumentu, kantu edo dantzako interpretazioan lortu beharreko gaitasuna eskolako multzoetan parte hartzeko beharrezkoa dena izango da, multzoaren kalitateari lagunduko dioten segurtasun- eta domeinu-balioak emanez. Era berean, gai izango da banakako jardueretan eta zenbait mailatako formatuetako interpretazio-taldeetan parte hartzeko, eskuratutako ezagutzen eta prestakuntza-maila horren arabera.

3.– Maila horretan, musika- eta dantza-eskolek nahitaez eskainiko dituzte interpretazio-taldeak (musikalak edo dantzakoak).

4.– Musika- eta dantza-eskoletarako maila horretako eskaintza osagarriak ikasleentzat egokitzat jotzen den beste edozein irakasgai jaso ahal izango du.

5.– Musikako maila honek hainbat alderditan konpetentzia musikalak indartzea du helburu. Musika-interpretazio indibiduala eta kolektiboa areagotzen da, ahotsa, instrumentuak, gorputza eta tresna teknologikoak erabiliz. Trebetasun instrumentalak garatu nahi dira, arte-balio handiko praktika konplexuetan parte hartzeko. Inprobisazioa eta hainbat musika-hizkuntzarekin proposamen artistikoak sortzea ere helburu garrantzitsuak dira. Hainbat diziplina barne hartzen dituzten proiektu artistiko pertsonal eta kolektiboak egitea sustatzen da. Gainera, musika-ekoizpenak kritikoki balioestea eta errespetuz gozatzea sustatzen da, baita musikako esparru profesionalak ezagutzea ere.

6.– Dantzan, maila hau dantza-gaitasunen garapenean oinarritzen da, hainbat alderdiren bitartez. Dantza-teknika edo -estilo baten edo gehiagoren mugimendua interpretatu nahi da, gorputzaren mekanika, mugimenduaren ezaugarriak, hiztegi espezifikoa, adierazkortasuna eta horietako bakoitzaren berezko musika-elementuak ulertuta. Gainera, teknika horiek beren ezaugarriak aintzat hartzen dituzten koreografien bidez gauzatzea sustatzen da. Balio artistiko handiko praktika artistiko konplexuetan parte hartzeko trebetasunak garatu nahi dira. Lengoaia eszenikoaren baliabideen erabilera sustatzen da adierazpen, interpretazio eta komunikaziorako. Inprobisazioa eta proposamen artistikoak hizkuntza desberdinekin sortzea eta errepertorioa egitea ere helburu garrantzitsuak dira. Era berean, taldeetan lankidetzan parte hartzeko estrategiak eta formatu desberdinetako proposamen artistikoak bilatzen dira. Azkenik, inguruneari laguntzen dioten jarduera artistikoen garapena sustatzen da, eta esperientzia horien gozamena baloratzen da, ikasitakoa kontzienteki aitortuz.

48. artikulua.– 4. maila edo espezialitate-hobekuntza.

1.– Lehiari dagokionez, interesa, dedikazioa eta gaitasuna dira muga bakarrak. Gaitasun hori, oro har, eskolako interpretazio-taldeetan (musikalak edo dantzakoak) parte hartuz bultzatuko da.

2.– Maila horretan, musika- eta dantza-eskolek nahitaez eskainiko dituzte interpretazio-taldeak (musikalak edo dantzakoak).

3.– Musika- eta dantza-eskoletarako maila horretako eskaintza osagarriak ikasleentzat egokitzat jotzen den beste edozein irakasgai jaso ahal izango du.

4.– Musikan, musikaren interpretazio-maila handia lortu nahi da, bai bakarlari gisa bai taldeetan, bai eta musika eta dantzaren lagungarri gisa ere. Nabarmentzen da instrumentua eta horren errepertorioa interpretatzeko teknikak –instrumentu osagarrienak barne, beharrezkoa bada– menderatzen direla. Musika-printzipioen ezagutza sakona eta hainbat esparru profesionaletan integratzeko gaitasuna baloratzen dira. Gainera, konposizioa sustatzen da, lengoaia artistikoen elementu konplexuak erabiliz eta esparru bakoitzeko tresnak eta teknikak aplikatuz. Esperimentazioa eta inprobisazioa estimulatzen dira, hizkuntza artistikoen tresnak eta teknikak erabiliz, diziplinazko edo diziplina arteko proiektuak garatzeko, bai banaka, bai beste batzuekin lankidetzan.

5.– Dantzan, espezialitate desberdinetako trebetasun tekniko eta artistikoetan sakondu nahi da. Dantzaren ikaskuntza kontzientearen inguruko alderdi biomekanikoak, adierazkorrak, musikalak, historikoak eta kulturalak ulertzea azpimarratzen da. Dantzaren oinarrizko printzipioen ezagutza sakona sustatzen da, baita hainbat esparru profesionaletan integratzeko beharrezkoak diren jarreren garapena ere. Gainera, trebetasun tekniko eta artistikoen esperimentazioa, inprobisazioa eta garapena sustatzen dira, jendeari aurkeztutako baterako ekoizpen konplexuetan parte hartzea ahalbidetuz, bai eta diziplinazko edo diziplinaz gaindiko proiektu artistikoetan parte hartzea ere, banakakoak zein kolektiboak.

49. artikulua.– Espezialitateak.

Musikako eta dantzako ikasketa profesionaletarako arauz ezarritakoak eta Euskadin ezarrita daudenak dira espezialitateak, bai eta hezkuntzaren arloko eskumenak dituen sailak musika- eta dantza-eskoletarako berariaz baimentzen dituenak ere. Familia hauetan sailkatzen dira:

1.– Hari igurtzizko instrumentuak: kontrabaxua, biola, zanga-biola, biolina eta biolontxeloa.

2.– Zurezko haizezko instrumentuak: klarinetea, fagota, moko-txirula, zeharkako txirula, oboea, saxofoia.

3.– Metalezko haizezko instrumentuak: tronboia, tronpa, tronpeta eta tuba.

4.– Teklatu-instrumentuak: akordeoia, klabea, pianoa, teklatu elektronikoa eta organoa.

5.– Perkusio-instrumentuak: perkusioa eta bateria.

6.– Hari sakatuzko instrumentuak: harpa, baxu elektrikoa, gitarra, gitarra elektrikoa, errenazimentuko eta barrokoko hari sakatuko instrumentuak eta zia-instrumentuak.

7.– Euskal sustrai tradizionaleko instrumentuak: alboka, dultzaina, panderoa, txalaparta, trikitia eta txistua.

8.– Musika Teknologia: musika-ekoizpena eta zuzeneko interpretazio elektronikoa.

9.– Beste instrumentu eta tailer batzuk: hala nola, beste kultura batzuei dagozkienak, instrumentu elektronikoak/digitalak, eta desgaitasuna duten ikasleen integrazioa errazteko teknologikoki egokitutako instrumentuak.

10.– Kantuko espezialitatea: kantua eta kantu korala.

11.– 1. mailako espezialitateak: Musika Hezkuntza Goiztiarra, Musika eta Mugimendua, Musika eta Gorputz Adierazpena, Musika Tailerra, Dantza Tailerra eta Instrumentuarekiko Orientazioa edo Hastapena.

12.– Dantzako espezialitateak: Klasikoa, Garaikidea, Euskal Dantza eta beste dantza batzuk (hiriko dantzak, flamenkoa, dantza soziala, jazza/claqué dantza eta munduko edozein eskualde edo joeratako dantzak).

50. artikulua.– Irakasgai eta ikastaro ez-iraunkorrak.

1.– Irakasgaiak honela banatuko dira:

a) Interpretazio-taldeak (musikalak edo dantzakoak). Korua espezialitatetzat hartuko da 2. mailan dauden eta beste espezialitaterik ez duten ikasleentzat. Talde berean maila desberdinetako ikasleek parte hartu ahal izango dute.

b) Irakasgai teoriko-praktikoak. Irakasgai horiek, helburuen eta edukien arabera, prestakuntza- eta gaitasun-maila jakin batean kokatuko dira.

2.– Eskaintza osagarriak Musika eta Dantzako Irakaskuntza Profesionalen curriculumean jasotako edozein irakasgai jaso ahal izango du, betiere Eskolako Hezkuntza Proiektuaren (IHP) errealitatera eta premiara egokituta. Era berean, eskolek ikasleentzat beharrezkotzat jotzen dituzten irakasgai berriak sortu ahal izango dituzte, ikasleen adin desberdinei egokituta daudenak nahiz ez daudenak.

3.– Ikastaro ez-iraunkorrak ez dira sartuko ohiko hezkuntza-eskaintzan, eta eskaria eta ikastetxearen antolaketa-aukerak kontuan hartuta eskainiko dira.

51. artikulua.– Aukerako arte-estiloak.

Musika- eta dantza-eskolek, aukeran, estilo artistiko desberdinekin eskaini ahal izango dituzte beren irakaskuntzak: musika zaharra, errenazentista, barrokoa, erromantikoa, garaikidea, jazza, rocka, popa, sustrai tradizionala, new age.

BIGARREN ATALA
MUSIKA- ETA DANTZA-ESKOLETAN MATRIKULATZEKO ARAUBIDEA

52. artikulua.– Matrikulazioa.

1.– Ikasle guztiak maila bakar batean matrikulatuta egongo dira, baina, beharrizan pedagogikoengatik, beste maila bati dagozkion irakasgaiak ikasi ahal izango dituzte.

2.– Ikasleak aldi berean espezialitate bat baino gehiago egiten baditu eta bere gaitasun-maila desberdina bada, maila handieneko espezialitateari dagokion matrikula egin beharko du.

3.– Eskola bakoitzak bere Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) jasoko du ikasle guztien matrikulazio-erregimena. Era berean, ikastetxean dauden oinarrizko irakaskuntzen eta ikasketa osagarrien eskaintza jasoko da, eta horiek nahitaezkoak direla adieraziko da, ikastetxearen helburuen arabera. Nolanahi ere, eskolak 45., 46., 47. eta 48. artikuluetan jasotako gutxieneko xedapenak errespetatu beharko ditu.

53. artikulua.– 1. Mailan, kontaktukoan, matrikulatzea.

Zero eta zazpi urte bitarteko ikasleek (baldin eta adin hori badaukate ikasturtea hasten den urteko abenduaren 31rako) kontaktuko 1. mailan egingo dute matrikula. Matrikulazio-erregimena bakarra izango da ikasle guztientzat, eta espezialitate bat edo gehiago ikasi ahal izango ditu, eskariaren eta Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) jasotakoaren arabera.

54. artikulua.– 2. Mailan, espezialitate-hastapenekoan, matrikulatzea.

1.– Zortzi urtetik gorako ikasleak (baldin eta adin hori badaukate ikasturtea hasten den urteko abenduaren 31rako), espezialitate batekin hasi nahi badute eta interpretazio-taldeetan (musikalak edo dantzakoak) sartzeko behar den gaitasuna ez badute, maila horretan matrikulatuko dira.

2.– Ikasle guztiak matrikulatu beharko dira espezialitatearen irakaskuntzan, zeina ikasle kopuruaren, gaitasunen, interesen, ezaugarrien eta ikasteko erritmoen arabera antolatuko baita.

3.– Eskolak bere Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) zehaztuko ditu ikasleek dituzten derrigortasun-irizpideak, ikastetxeak eskaintzen dituen gainerako irakasgaiei dagokienez.

55. artikulua.– 3. mailan, espezialitate-finkapenekoan, matrikulatzea.

1.– Espezialitatean hasteko gaitasuna gainditu eta hobekuntza-maila lortzen ez duten ikasleak maila horretan matrikulatuko dira.

2.– Ikasle guztiek, behar bezala justifikatutako eta ikastetxeko zuzendaritza pedagogikoak baimendutako salbuespenetan izan ezik, matrikulatu beharko dute beren gaitasunak, interesak eta ikaskuntza-erritmoa kontuan hartzen dituen interpretazio-talde batean (musikala edo dantzakoa) gutxienez. Talde horietan matrikulatzeak berekin dakar saio publikoetan parte hartzea.

3.– Eskolak bere Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan (IHP) zehaztuko ditu ikasleek dituzten derrigortasun-irizpideak, espezialitatearen irakaskuntzari eta ikastetxean eskaintzen diren gainerako irakasgaiei dagokienez.

56. artikulua.– 4. mailan, espezialitate-hobekuntzakoan, matrikulatzea.

1.– Maila horretan matrikulatuko dira beren espezialitatearen finkapen-gaitasuna gainditu duten ikasleak.

2.– Ikasle guztiek, behar bezala justifikatutako eta ikastetxeko zuzendaritza pedagogikoak baimendutako salbuespenetan izan ezik, matrikulatu beharko dute beren gaitasunak, interesak eta ikaskuntza-erritmoa kontuan hartzen dituen interpretazio-talde batean (musikala edo dantzakoa) gutxienez. Talde horietan matrikulatzeak berekin dakar saio publikoetan parte hartzea.

3.– Eskolak, nahi izanez gero, beste irakaskuntza batzuk proposatu ahal izango ditu ikasleentzat: espezialitatea eta ikastetxean eskaintzen den beste edozein irakasgai, haien interesekoa izan daitekeena.

57. artikulua.– Ikastaro ez-iraunkorretan matrikulatzea.

Eskolek herritarrei oro har irekitako ikastaro ez-iraunkorrak eman ahal izango dituzte, nahiz eta Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) jasota ez egon. Ikastaro horietan matrikulatzen diren pertsonak ez dira izango musika- eta dantza-eskoletako ohiko ikasleak.

HIRUGARREN ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA

58. artikulua.– Ziurtagiriak eta diplomak ematea.

1.– Musika- eta dantza-eskolek beren ikasleek egindako ikasketen ziurtagiriak emango dituzte.

2.– Era berean, ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan (IHP) hala jasotzen duen eskolak diplomak eman ahal izango dizkie proiektu horretan ezarritako eskakizunak gainditzen dituzten ikasleei:

a) Interpretazioko kualifikazio-diploma 2. mailan, espezialitate-hastapenekoan.

b) Interpretazioko kualifikazio-diploma 3. mailan espezialitate-finkapenekoan.

c) Interpretazioko kualifikazio-diploma 4. mailan, espezialitate-hobekuntzakoan.

3.– Emango dira bai ikasketen egiaztagiriak, bai espezialitatearen interpretazioko diplomak, eta haien testuak edo formatuak ez du nahasterik eragingo balio akademikoa eta profesionala duten ziurtagiri eta tituluekin.

IX. KAPITULUA
IKASTETXEEN KUDEAKETA
LEHENENGO ATALA
IRAKASKUNTZAKO PRESTAKUNTZA-ARAUBIDEA

59. artikulua.– Irakaskuntzaren izaera.

1.– Musika eta Dantza Eskola batean ematen den irakaskuntza guztiaren azken helburua musika- edo dantza-praktika eta -garapena da, ikasleen gaitasunen, interesen eta ikaskuntza-erritmoaren arabera.

2.– Eskola bakoitzak erabakiko du zenbat denbora eskaini ikasleei espezialitate eta irakasgai bakoitzean, haien helburu, interes, gaitasun eta prestasunaren arabera. Ikastetxeko ordutegi-planean agertu beharko du, irakasle bakoitzarentzat proposatutako plana aintzat hartu ondoren.

3.– Interpretazio-taldeen (musikalak edo dantzakoak) denborak ikastetxeak ezarriko ditu, lortu nahi diren helburuen arabera.

4.– Irakasgai teoriko-praktikoen eta prestakuntza-ikastaro ez-iraunkorren eskaintza ikastetxeak zehaztuko du, eskariaren eta proposatutako helburuen arabera.

5.– Jasotako ordu-dedikazioaren aprobetxamendu-maila ebaluatuko du ikastetxeak. Balorazio hori ez bada nahikoa, eskolaren Antolakuntza eta Jarduera Araudiak (AJA) ezartzen dituen mekanismoak aplikatu ahal izango zaizkio.

60. artikulua.– Irakaskuntzen programazioa.

1.– Eskola bakoitzak autonomia osoa izango du maila bakoitzeko irakaskuntza-programak egiteko. Irizpide bakarra izango da emandako espezialitate eta irakasgaietako maila homologoetan gaitasun-maila bat egongo dela gainditzeko, eta maila hori ikasle guztientzat berdintsua izango dela.

2.– Irakaskuntza guztien helburu nagusia interpretazio-taldeak izango dira, irakaskuntza berritzaileen ereduak sustatuko dira, metodologia berriak ezarriko dira, bai eta taldeko pedagogia instrumentala ere.

3.– Irakaskuntza guztiak ikasleen gaitasunen, interesen eta ikaskuntza-erritmo homogeneoaren arabera antolatuko dira, eta irakaskuntza teoriko-praktikoak instrumentalak izango dira, eta interpretazio-taldeetan praktikan aplikatzeko bitarteko bat izango dira. Era berean, talde-eskoletan eta musika-tresnetako espezialitateetan ikasketa kooperatiborako bidea erraztuko duten proiektu metodologikoak bultzatuko dira.

4.– Musika- eta dantza-eskolek egiten dituzten material didaktikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legean adierazitako hezkidetza-helburuak integratu behar dituzte. Bestalde, hizkuntza ez da modu sexistan erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatu behar da.

61. artikulua.– Irakaskuntzen ekitatea.

Musika- eta dantza-eskolak Euskadiko musikako eta dantzako arte irakaskuntzen funtsezko osagaiak dira. Sistema horren barruan, herritar guztiei zuzendutako kalitatezko prestakuntza artistikoa eskatzen zaie, Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak araututako printzipioei jarraituz. Administrazio publikoek konpentsazio-politikak aplikatzen direla zainduko dute, faktore funtzionalek, sentsorialek, kognitiboek, sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdintasunak saihesteko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuz.

62. artikulua.– Aniztasunaren trataera.

1.– Kontuan hartuta aniztasuna edozein pertsona-talderen berezko ezaugarria dela, aniztasunarekiko arreta premia bat da, eskolako ikasle guztiak eta haien erakunde osoa barne hartzen dituena.

2.– Eskolako ikasleak adin, interes, ezaugarri eta egoera pertsonal desberdinetako pertsonak dira. Hezkuntza-eskaintzaren antolamenduak bermatzen du, banakako saioak, saio partekatuak eta saio kolektiboak behar bezala erabiliz, ikasle bakoitzak bere premiekin bat datorren arreta pertsonalizatua jasoko duela, eta, aldi berean, inklusioa eta interakzioa sustatuko direla.

3.– Irakaskuntzen prestakuntza-planak ikasleen aniztasunari erantzuteko jarraibideak jaso beharko ditu nahitaez.

4.– Eskolek prestakuntza-programak adostu ahal izango dituzte hezkuntza-premia bereziak dituzten kolektiboen elkarte espezializatuekin. Elkarteek edo eskolak berak kontratatutako espezialistek eman ahal izango dituzte programa horiek, eta, ahal den neurrian, eskolako talde arruntekin harremanetan jartzeko ahalegina egingo da.

63. artikulua.– Ikasle helduak matrikulatzeko irizpideak malgutzea.

1.– Musika eta Dantza Eskolek malgutu egin beharko dituzte VIII. kapituluko bigarren atalean jasotako matrikulazio-irizpideak, eta irakasgai solteetan matrikulatzeko aukera eman beharko dute, helduen ikaskuntza errazteko eta haien interesetara egokitzeko.

2.– Musika- eta dantza-eskolek prestakuntza-programak egin ahal izango dituzte arreta berezia behar duten kolektiboekin, baldin eta integrazio komunitarioko eta garapen pertsonaleko interesa badakarte. Programa horiek eskolan nahiz kolektibo horientzako berariazko lokaletan garatu ahal izango dira, eta ikasturte osoan zehar eta musika- eta dantza-eskolako irakaskuntzen antzeko baldintzetan garatzen badira, 2. mailan matrikulatuko dira ikasleak.

64. artikulua.– Irakaskuntza indartuko ikasleak.

Ezaugarri, interes eta aprobetxamendu bereziak dituzten ikasleak izateagatik, irakasleak uste badu komenigarria dela haien aurrerapena indartzea lanbide-irakaskuntzetan edo goi-mailako irakaskuntzetan sartzeko, eta ikastetxeko organo eskudunak hala onartzen badu, hezkuntza-administrazioari jakinaraziko zaizkio, dagokion ikuskaritzaren bidez, ikasle horien datu pertsonalak eta proposatutako errefortzuaren plangintza, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

1.– Irakaskuntza indartuko ikasleek musikako edo dantzako ikasketa profesionaletan edo goi-mailako ikasketetan sartzeko probetan eskatzen diren ezagutzak eskuratzeko beharrezko prestakuntza jasoko dute.

2.– Prestakuntza hori errazago emateko, zenbait ikastetxek elkarrekin antolatu ahal izango dute beren eskaintza.

3.– Ikasleek, gehienez ere, bi ikasturtez jaso ahal izango dute errefortzua.

65. artikulua.– Irakaskuntza orokorretako ikastetxeetako ikasleak.

1.– Musika- eta dantza-eskolek prestakuntza-programa adostu ahal izango dute dagokion udalerriko edo musika- eta dantza-eskolaren eremuko irakaskuntza orokorra duten ikastetxeekin (haur, lehen eta bigarren hezkuntza), irakaskuntza hori irakaskuntza orokorreko ikastegiaren hezkuntza-programan eta eskola-ordutegian integratu ahal izateko eta musika- eta dantza-eskolan prozesuarekin jarraitu ahal izateko. Horretarako, bi ikastegien arteko koordinazio egokia eta musika- eta dantza-eskolaren jarraipena bermatu beharko dira.

2.– Programa horiek ikasturte osoan eta Musika eta Dantza Eskolako irakaskuntzen antzeko baldintzetan garatzen badira, ikasleak 1. mailan edo 2. mailan matrikulatuko dira.

66. artikulua.– Arte-irakaskuntzako beste ikastetxe batzuetako, lanbide-heziketako zentroetako edo unibertsitateetako proiektuetan lankidetzan ari diren ikasleak.

1.– Musika- eta dantza-eskolek euren arteko akordioak egin ahal izango dituzte, edo arte-irakaskuntzako beste zentro batzuekin (eskolak, kontserbatorioak, goi-mailako ikastetxeak) eta lanbide-heziketako zentroekin edo unibertsitateekin, ikasleek proiektuetan parte har dezaten, kontzertuetara edo dantza-emanaldietara joan daitezen, entzule gisa irakasgaiak ikas ditzaten, edo arte-interpretazioko taldeekin lankidetzan jardun dezaten.

2.– Programa horiek ikasturte osoan eta musika- eta dantza-eskolako irakaskuntzen antzeko baldintzetan garatzen badira, ikasleak 2., 3. edo 4. mailan matrikulatuko dira, dagokiona.

BIGARREN ATALA
PLANGINTZAREN ETA ESKAINTZAREN AUTONOMIA ETA DUEN JARDUTEKO ESPARRUA IKASTETXEEN GOBERNAMENDUA

67. artikulua.– Ikastetxearen autonomia pedagogikoa.

1.– Musika- eta dantza-eskolek autonomia pedagogiko osoz antolatuko dute irakaskuntza, ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) oinarrituta.

2.– Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP), honako atal hauek jasoko dira:

a) Irakaskuntzen prestakuntza-plana.

b) Ikastetxearen jatorria eta testuingurua.

c) Irakaskuntzaren antolamendua, honako hauek aipatuta: mailak, espezialitateak eta emandako irakasgaiak.

d) Dedikazio-denborak, ikasleen interesen, gaitasunaren eta prestasunaren arabera.

e) Hezkuntza-behar bereziei kasu egiteko neurriak.

f) Hezkidetzari, diskriminazio mota guztiak baztertzeari eta kulturartekotasunari, aniztasunari eta bizikidetzari buruzko irizpideak, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak ez errepikatzeko.

g) Kulturartekotasuna, aniztasuna eta bizikidetza sustatzen dituzten neurriak.

h) Berariazko eskaintza musikako edo dantzako ikasketa profesionalak eta goi-mailakoak egin nahi dituzten ikasleentzat.

i) Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa izanez gero, ikasleak sartzeko eta onartzeko sistema, kalitate handiagoko eskolatzea helburu duena, eta, bereziki, inklusiboagoa eta orekatuagoa, gizarte-kohesioa eta bizikidetza positiboa bultzatzeko.

j) Ikasgaien helburuak, edukiak eta metodologia.

3.– Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) egindako aldaketa oro Ikuskaritzari jakinarazi beharko zaio, ikus-onets dezan.

68. artikulua.– Ikastetxearen kudeaketa.

Musika eta Dantza Eskolek, kudeatzeko, dokumentu publiko eta eskuragarri hauek izango dituzte.

1.– Antolakuntza eta Jarduera Araudia (AJA), non zehaztuko baitira ikasleen kudeaketa-, ordezkaritza- eta gobernu-organoak, eskubideak eta betebeharrak, bai eta ikasleak onartzeko eta plaza galtzeko irizpideak ere.

2.– Hezkuntza-eskaintza zerbitzu-karta batean sartuta egon daiteke, eskolak egoki irizten badio.

3.– Ikasturteko kudeaketa-plana.

4.– Ikasturtearen kudeaketaren ebaluazio-memoria.

69. artikulua.– Ikastetxe publikoetako zuzendaritza.

Zuzendaritza-taldea, ikastetxe publikoetako organo betearazlea den aldetik, zuzendariak, ikasketa-buruak, idazkariak eta, hala badagokio, Antolakuntza eta Jarduera Araudian (AJA) zehaztutako karguek osatuko dute. Erantzukizun instituzionala dagokio antolakuntzaren, administrazioaren, baliabideen eta lidergo pedagogikoaren kudeaketan, hori guztia zeregin administratiboak eta pedagogikoak orekatuko dituen elkarlanaren ikuspegitik. Ahal den neurrian, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango du.

X. KAPITULUA
IRAKASLEAK

70. artikulua.– Titulazioa.

1.– Musika- eta dantza-eskoletako irakasleek honako titulazio hauek izan beharko dituzte:

a) 1. mailarako, edo kontaktua, Musikako edo Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen Graduko edozein titulazio, Pedagogia edo Dantzaren Pedagogia espezialitatean, dagokionaren arabera. Instrumentura Orientatzea edo Musika Tailerra edo Dantza Tailerra emateko, nahikoa izango da, halaber, Musikako edo Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen Gradua titulazioa, Interpretazioa espezialitatean edo Koreografia eta Interpretazioa espezialitatean, dagokion instrumentu- edo dantza-espezialitatean.

b) 2., 3. eta 4. mailetako espezialitateetarako, Musikako edo Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen Gradua (Pedagogia, Interpretazioa edo Koreografia eta Interpretazioko espezialitateak, dagokionaren arabera) musika edo dantza dagokion espezialitatean.

c) 49. artikuluko 8. eta 9. apartatuetan adierazitako instrumentuen kasuan, eta 12. apartatuko Beste Dantza Batzuen kasuan, musika edo dantzako goi mailako titulua edo unibertsitateko gradua, musika-produkzioan, musikoterapian edo hiru apartatu horietan jasotako espezialitateen beste eremu batean prestakuntza duena.

d) Gainerako ikasgaietarako, Musika edo Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen Gradua, edozein espezialitatetan.

e) Iraunkorrak ez diren ikastaroetarako profesionalak kontratatu ahal izango dira; horretarako, haien lanbide-kualifikazioa hartuko da kontuan, eta eskolaren irizpideari jarraituko zaio.

2.– Musika-eskolek Euskal Autonomia Erkidegoan duten sakabanaketa geografikoa kontuan hartuta, eta ikasleek espezialitate-eskaintza handiagoa izan dezaten eta irakasleen enplegu egonkorra eta kalitatezkoa berma dadin, instrumentu-familia bereko irakasle batek 2. mailan eman ahal izango ditu espezialitate horiek.

71. artikulua.– Irakaskuntzaren eta arte-jardueren bateragarritasuna.

1.– Bateragarriak dira bi lanpostu edo gehiago Arte Irakaskuntzen edo hezkuntza-sistemako beste irakaskuntza batzuen sektore publikoan, baldin eta guztizko dedikazioa % 100etik gorakoa ez bada egindako lan guztien artean, maiatzaren 22ko 80/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, zeinaren bidez interes publikokotzat jotzen baita bateragarria izatea arte-irakaskuntzak irakastea eta irakaskuntzaren edo kulturaren arloko sektore publikoan beste lanpostu bat edukitzea.

2.– Bateragarritzat jotzen da irakaskuntza artistikoetako irakaskuntzako sektore publikoan lanpostu bat betetzea jarduera artistiko pribatuarekin, betiere jardueren ordutegiak eta funtzioak bateragarriak badira, ikastetxeari eta ikasleei kalterik egin gabe Arlo horretan indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera emango dira baimenak.

XI. KAPITULUA
MUSIKA- ETA DANTZA-ESKOLEI LAGUNTZEKO ERAKUNDEAK
LEHENENGO ATALA
HEZKUNTZA-IKUSKARITZA

72. artikulua.– Musika- eta dantza-eskoletako hezkuntza-ikuskaritza.

Dekretu honetan araututako musika- eta dantza-eskolak Hezkuntza Ikuskaritzaren ikuskaritza-jardueraren eremuan egongo dira.

73. artikulua.– Ikuskaritza-jarduera.

Honako hauek izango dira Hezkuntza Ikuskaritzaren zereginak musika- eta dantza-eskoletan:

1.– Ikastetxeari laguntza, motibazioa eta orientazioa ematea alderdi legal eta pedagogikoetan.

2.– Ikastetxearen egutegia gainbegiratzea eta izapidetzea, hark onar dezan.

3.– Dekretu honetan ezarritako gutxienekoak betetzen direla egiaztatzea, irakasleen titulazioei, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua (IHP) betetzeari eta era guztietako alderdi pedagogikoei dagokienez, bai eta aplikatzekoa den araudia betetzen dela egiaztatzea ere.

4.– Bitartekari-lanak egitea bere eskumeneko arloan sor daitezkeen gatazketan, edo ikastetxeak arbitrajeak edo orientabideak eskatzen dituenean.

5.– Hezkuntza-arloko sail eskudunak esleitzen dizkion gainerakoak.

BIGARREN ATALA
MUSIKA- ETA DANTZA-ESKOLEN ASOZIAZIONISMOA

74. artikulua.– Lanbide-asoziazionismoa.

Musika- eta dantza-eskolen barruan sor daitezkeen elkarteak edo elkarteak, elkartekideak hobetzeko, elkartekide horien zerbitzura dauden langileak hobetzeko, eskolak eta ikasleak parte hartzeko prestakuntza- eta irakaskuntza-jarduerak eta -alderdiak antolatzeko eta elkartekideen garapen eta jardun egokirako lagungarri diren jarduerak sustatzeko ekimenak diren aldetik, erreferente eta solaskide bereziak izango dira Hezkuntza Administrazioaren aurrean, eta elkarreragin eta babes bereziko elementu.

75. artikulua.– Langileak batera hautatzeko lankidetza-hitzarmenak eta kudeaketa-gomendioak.

Musika- eta dantza-eskolek lankidetza-hitzarmenak eta kudeaketa-gomendioak sinatu ahal izango dituzte, espezialitate eta irakasgai guztietako irakasleak batera hautatzeko. Hitzarmen horietan parte hartu ahal izango dute bai musika- eta dantza-eskolek, bai elkarte profesionalek, bai eta beste musika- eta dantza-ikastetxe batzuek ere.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kultura- eta hezkuntza-helburuetarako eraikinak.

Musika- eta dantza-eskola kultura- edo hezkuntza-erabileretarako eraikin batean badago, dekretu honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako baldintza hauek bete beharko dira:

1.– Eskola-jarduera, ikastetxe batean kokatzen bada, ikastetxearen berezko eskola-jarduerarik ez dagoen ordutegian egingo da, arau honetan ezarritakoa aplikatuz bien jarduera bateragarria den kasuetan izan ezik.

2.– Erabilera kulturaletarako eraikin batean badago:

a) Musika- eta dantza-eskolaren ordutegia ez badator guztiz bat beste kultura-jarduera batzuen ordutegiarekin, erakunde bakoitzak espazio berberak erabili ahal izango ditu.

b) Musika- eta dantza-eskolaren ordutegia beste kultura-jarduera batzuen ordutegiarekin bat datorrenean, eskolara bideratutako espazioak independenteak izango dira, eta eskola-jardueran soilik erabiltzekoak; ahal dela, sarbide propioa izango dute, eta gainerako kultura-jarduerez bestelako solairu batean kokatuko dira.

c) Auditoriumak, entsegu- eta praktika-aretoak, mediateka eta, hala badagokio, komunak eta aldagelak bi jardueretarako erabili ahal izango dira. Nolanahi ere, ordutegi-taula bat egingo da, erakunde bakoitzari zuzendutako espazio komunak erabiltzeko denbora finkatzeko.

3.– Kasu guztietan, ikastetxe edo erakunde bakoitzak bere kudeaketa ekonomiko, pertsonal eta pedagogikoa izango du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Musika- eta dantza-eskolak biztanleria sakabanatuko eremuetan.

Hezkuntza Administrazioak dekretu honen 10. artikuluan jasotako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten musika- eta dantza-eskolak sortzeko baimena eman ahal izango du, baldin eta gune txikietan sakabanatutako biztanle-guneak badira eta, banaka, ezin badute eskola bat osatu.

Ikastetxe horien espedienteak dagokion lurralde-ordezkaritzaren aldeko txosten arrazoitua jaso beharko du, alegatutako salbuespenari buruzkoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eskolen funtzionamendua ataletan.

Hezkuntza Administrazioak baimena eman ahal izango die eskolei, urrutiko herriguneetan edo komunikazio zailekoetan edo herri handietako auzoetan kokatutako atalek funtziona dezaten.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eskolek behar duten espazioa handitzea herri bereko gela sakabanatuetan.

Eskola bateko matrikularen garapenak haren espazioa handitu beharra eragiten duenean, eskolak eman ahal izango dira herri bereko gela sakabanatuetan, Hezkuntza Administrazioaren baimenarekin, baldin eta gela sakabanatu horiek dekretu honen 10. artikuluan eskatutakoarekin bat badatoz.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Organo-eskolak.

Organo-eskolak instrumentua dagoen tokian eman ahal izango dira.

Horretarako, espezialitate hori emateko baimen-eskaerarekin batera, titularrak instrumentua erabiltzeko duen baimena aurkeztu beharko da.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Irakaskuntza profesionaletan ez dauden espezialitateak.

Espezialitate hauek onartzen dira honako familia hauetan:

1.– Teklatu-instrumentuak: Teklatu elektronikoa.

2.– Euskal sustrai tradizionaleko instrumentuak: txistua, alboka, dultzaina, txalaparta eta trikitia.

3.– Musika Teknologia: musika-ekoizpena eta zuzeneko interpretazio elektronikoa.

4.– 1. mailako espezialitateak: Musika Hezkuntza Goiztiarra, Musika eta Mugimendua, Musika eta Gorputz Adierazpena, Musika Tailerra, Dantza Tailerra eta Instrumentuarekiko Orientazioa.

5.– Dantzako espezialitateak: Euskal Dantza eta beste kultura edo joera batzuetako dantzak.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kideko instrumentuak.

Dekretu honen 70.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, kontrabaxua eta baxu elektrikoa, 49. artikuluan ezarritako familietakoak izateaz gain, familia instrumental berekoak direla ulertuko da.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Pedagogiako goi-mailako titulazioen baliokidetasunak.

70. artikuluaren ondorioetarako, honako titulazio hauek Musikako edo Dantzako Goi Mailako Arte Irakaskuntzako Graduaren baliokidetzat jotzen dira, Pedagogia edo Dantzaren Pedagogia espezialitatean:

1.– Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako Gradua, Musikako edo Dantzako lanbide-titulazio batekin: Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako Gradua dutenek, Musikako edo Dantzako lanbide-titulazioa badute, 1. mailan eman ahal izango dituzte klaseak, eta, horrez gain, beren lanbide-titulazioari dagokion espezialitateko klaseak, 2. mailan, bai eta eskolan ematen diren gainerako irakasgaiak ere.

2.– Interpretazioko gradua (musika-espezialitateak) edo koreografia eta interpretazioko titulua (dantzako espezialitateak), pedagogiako edo didaktikako arte-irakaskuntzetako master batekin edo 150 ordutik gorako graduondoko batekin batera, musika-irakaskuntza aktiboan.

3.– Beste espezialitate batzuetako gradu-titulua (konposizioa, zuzendaritza, sonologia...), pedagogiako edo didaktikako arte-irakaskuntzetako master batekin edo 150 ordutik gorako graduondoko batekin batera, musika-irakaskuntza aktiboan: Titulazio horiek dituzten pertsonek 1. mailan eman ahal izango dituzte klaseak, eta lanbide-titulazioren bat badute, 2. mailan titulazio horri dagokion espezialitateko klaseak, bai eta eskolan emandako gainerako irakasgaiak ere.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Interpretazioko goi-mailako titulazioen baliokidetasuna.

70. artikuluaren ondorioetarako, Interpretazioa edo Koreografia eta Interpretazioa espezialitatean, Musikako edo Dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzetako gradu-tituluaren baliokidetzat deklaratzen da edozein espezialitatetako musikako edo dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzetako gradu-titulu baten eta musikako edo dantzako lanbide-titulu gehigarri baten batura, dagokionaren arabera. Baliokidetasun horrek aukera emango du 2. mailan titulazio profesionalari dagokion espezialitateko eskolak emateko.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak baimendutako espezialitateak.

Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren bidez baimendutako eskolak ofizioz baimendutzat joko dira arau honetan araututako irakaskuntzak emateko, inolako eskaerarik egin behar izan gabe.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak euskal dantza emateko baimendutako eskolak.

1.– Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren arabera baimendutako musika-eskolek, euskal dantza ematen badute, honako aukera hauek izango dituzte:

a) Musika eta Dantza Eskolaren izena eskatzea, aurretik emandako baimenaren baldintzei eutsiz, eta Euskal Dantza espezialitatea irakatsiz, lehendik baimenduta baitzuten.

b) Musika eta Dantza Eskola izena eskatzea, arau honen arabera beste dantza batzuen baimena eskatuz, dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuz eta Euskal Dantza espezialitatea mantenduz.

c) Euskal Dantza espezialitaterako baimena azkentzeko eskatzea.

2.– Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak onartzen ez zituen dantza-espezialitateetako dantza-irakasle lanpostua betetzeko hautaketa-prozesua igaro duten plantillako langileek beren ikastetxeetan jarraitu ahal izango dute eskola horiek ematen.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Baimen berriak edo aldaketak.

1.– Hurrengo apartatuan adierazitakoa ezertan eragotzi gabe, irekitzeko eta jarduteko baimena izapidetzeko, aldatzeko edo iraungitzeko edo baimena errebokatzeko prozedurak, dekretu hau indarrean jartzean hasita badaude, arau honetan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

2.– Dekretu hau indarrean jartzean hezkuntza-administrazioak urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren 28. artikuluan aurreikusitako obra-proiektua onartu badu irekiera- eta funtzionamendu-baimenetarako eskaerek izapidetzen jarraituko dute eskaera egin zen unean indarrean zegoen araudian aurreikusitakoaren arabera. Hala ere, prozedura ebatzi aurretik, interesdunak eskabidean atzera egin dezake, eta beste prozedura bat hasi, zeinari dekretu hau aplikatuko bailitzaioke.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren zortzigarren xedapen iragankorraren arabera gaitutako pertsonak.

Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren zortzigarren xedapen iragankorraren arabera gaitutako pertsonek, 70. artikuluan aurreikusitako titulazio akademikorik ez badute, urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak baimentzen zizkien espezialitate eta irakasgaietako irakaskuntzak eman ahal izango dituzte.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Espezialitateetako titulaziorik ez izatea.

Dekretu honen 49. artikuluan jasotako espezialitate batzuetako titulaziorik ez dagoenez, eta hezkuntza-arloko sail eskudunak ikasketa-planak ezartzen dituenetik 8 urte igaro arte, espezialitate horien ezohiko gaikuntza egingo da, urteko deialdi baten bidez. Deialdi horretan, horretarako deitutako gaitasun-proba bat gainditu beharko da, baina ez da beharrezkoa izango aldez aurretik goi-mailako titulaziorik izatea. Euskal sustrai tradizionaleko instrumentuen kasuan, gutxienez 45 ECTS kredituren baliokidea den euskal musika tradizionalaren prestakuntza espezifikoa gainditu dutela egiaztatzen duten pertsonek ez dute deialdi horretan parte hartu beharko.

SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aldi baterako programak irakasleak ordezkatzea ezinezkoa denean.

1.– Irakasle titularren beharrizanak ezin badira bete 70. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen hautagai batekin, denboran mugatua den programa bat sortuko da. Kasu horietan, eskolaren titularrak irakasle espezialista bat kontratatu ahal izango du, zeinak, haren ustez, kalifikazio profesional egokiena izango baitu eman beharreko ikasgairako edo ikasgaietarako.

2.– Aldi baterako programa horiek gehienez ere ikasturte bateko iraupena izango dute, eta Hezkuntza Ikuskaritzari jakinarazi beharko zaizkio nahitaez.

3.– Hezkuntza Ikuskaritzak urtero txosten bat egingo du Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordearentzat, behar izanez gero, beharrezko neurriak har daitezen dagokion prestakuntza sustatzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren bidez baimendutako eskolak dekretu honetan ezarritakora egokitzea.

Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak baimendutako eskolak dekretu honetan jasotakora egokitzeko, gehieneko epe hauek izango dira:

1.– Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua (IHP) 2025eko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

2.– Antolakuntza eta Jarduera Araudia (AJA) 2025eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu hau indarrean jartzen denean, urriaren 27ko 289/1992 Dekretua indargabetuta geratuko da (Euskal Autonomia Erkidegoan musika-eskoletako arautu gabeko berariazko musika-irakaskuntzarako ikastetxeak sortu eta jardunean jartzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Hezkuntza-arloko sail eskuduneko titularraren agindu baten bidez, ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritzaren titularraren esku utz daiteke dekretu honen IV. kapituluan aipatzen diren administrazio-baimena aldatzeko eskabideak ebazteko ardura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Baimena ematen zaio hezkuntza-arloko sail eskuduneko titularrari, dekretu honetan ezarritakoa garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala