Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2024ko ekainaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2817

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita Ikerketa Azpiegiturak Eskuratzeko Laguntzen Azpitek 2024 Programa.

2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Planak (2030erako ZTBP), zeina Horizon Europe esparru-programarekin bat baitator, EAE berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna; guztiak ere NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozenak dira. Horregatik, planak lotura zuzena du Gobernuaren beste politika batzuekin, hala nola: Garapen ekonomikoa, Hezkuntza, Osasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Nekazaritza eta Kultura.

EAEk bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, berritzea eta azpiegituretan inbertitzea funtsezkoa da hazteko eta ekonomia garatzeko.

Horizon Europe esparru-programa abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPk hiru zutabe estrategiko –bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko industriala eta berrikuntza irekia– eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: talentua.

Bikaintasun zientifikoaren zutabearen xede da oinarri zientifikoa hobetzea eta bikaintasuneko ikerketa-jardueraren ondoriozko ezagutza sortzea, bai eta gaitasun eta konpetentzia teknikoak eta zientifikoak areagotzea ere. Lidergo industrialaren zutabeak EAEren lidergo teknologiko industriala sendotu nahi du, eta euskal gizartearen erronkei aurre egiten laguntzen duen ikerketa babestu, ikerketan eta garapen teknologikoan egindako inbertsioen emaitzak eta inpaktua hobetuta. Berrikuntza irekiaren zutabeak lankidetzaren arloko berrikuntza sustatzen du, eta, azkenik, elementu nagusiak, hots, talentuak, ikerketan eta berrikuntzan aritzen direnek talentu izatearen premia planteatzen du, eta, hartara, 2030erako ZTBPren helburuak lortzen laguntzen du.

EAEk erronka hauek ditu: bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun globaleko jokaleku batean; industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea. Anbizio horiek betetzeko gaitasuna, neurri handi batean, I+G+b-ren mende dago. Funtsezkoa da industriak gaitasuna izatea teknologiak txertatzeko produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan, hain zuzen ere produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzeko. Testuinguru horretan, enpresek I+G+b-ko eragileekiko lankidetza indartu behar dute, eta bermatu behar da abangoardiako ikerketa-azpiegiturak erraz lortuko direla.

Zientziatik eta teknologiatik EAEk dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko, beharrezkoa da ikerketa-azpiegitura bikainak izatea, EAEn eragina duten hiru trantsizioei heltzeko: trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-klimatikoa eta trantsizio soziala eta sanitarioa.

Ikerketa-azpiegiturak dira berrikuntzan oinarritzen diren I+G+b-ko ekosistemen eta balio-kateen bizkarrezurra. Hala, ikerketa-azpiegiturak ikerketak egiteko eta beren aplikazio-eremuetan berrikuntza sustatzeko erabiltzen dituzte entitate zientifiko-teknologikoek, EAEn duten eragin sozioekonomikoarekin.

Ingurune fisiko eta/edo simulatu horiek funtsezkoak dira ikerketak garatzeko eta etorkizunean edozein tamainatako enpresetara transferitu daitekeen ezagutza sortzeko. Hala ere, ikerketa-azpiegiturek baliabide eta konpetentzia asko behar dituzte euren eraikuntzarako, kudeaketarako, funtzionamendurako eta mantentzea egiteko. Oso garestiak izan ohi dira, eta goi-mailako teknikariak behar izaten dituzte bertan aritzeko. Beraz, enpresa gehienek ezin dute beren ikerketako azpiegitura propioa izan.

Ikerketa-Azpiegiturak Eskuratu edo Eguneratzeko programaren helburu nagusia da EAEko ikerketa-azpiegiturak indartzea, eta ikerketa-jarduera sustatzea eta etorkizunean haren emaitzak baliozkotzea eta demostratzea. Horretarako ematen du kalitatezko ikerketa egikaritzeko, emaitzak hobetzeko, eta horien eragin zientifikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta dauden ikerketa-azpiegituren funtzionamendurako beharrezkoa den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza.

Programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak programa bat abiarazi du, EAEko ikerketa-azpiegiturak indartzera bideratuta dagoena, eremu hauetan aurrerapausoak emateko helburuarekin:

a) Trantsizio teknologiko-digitala: Teknologia eta digitalizazioa funtsezko tresna bihurtzen dira balio erantsi handiagoa ekarriko duten eta euskal industriaren lehiakortasun-posizioa hobetuko duten produktu eta soluzio berriak garatzeko. 2030erako Euskadi ZTBPk oinarri-teknologien mapa bat identifikatzen du, zeinak biltzen baititu teknologia digital edo birtualak eta teknologia fisikoak, biologikoak, kimikoak edo materialenak.

b) Trantsizio energetiko-klimatikoa: – 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoak energiaren eremuan ikerketako eta garapen teknologikoko eta industrialeko lehentasunezko bederatzi esparru finkatzen ditu. Bestalde, 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiak ingurumena hartzen du jasangarritasunerako, lehiakortasunerako eta enplegu-sorrerarako funtsezko faktoretzat; horrekin batera, beharrezkotzat jotzen du hazkunde ekonomikoa baliabide naturalen kontsumotik, hondakinen sorreratik eta berotegi-efektuko gasak igortzetik bereiztea. Horretarako, trantsizioa sustatzen duten hamar jarduera-lerro identifikatzen ditu.

c) Trantsizio soziosanitarioa: Biztanleriaren zahartzea erronka handia da, eta, aldi berean, aukera handia. Trantsizio honen helburua da prebenitzea eta prest egotea izan daitezkeen osasun-krisi edo pandemia berriei erantzun azkar eta eraginkorra emateko, eta, aldi berean, osasun-sistema jasangarri bat izatea, gizarte gero eta zaharrago baten premiei erantzun egokia emango diena.

Ikerketa-azpiegituretan eginiko inbertsioak ahalbidetuko du hiru trantsizio horietan aurrera egiteko behar diren teknologiak ikertzea eta ezagutza sortzea, bai eta euskal industriak etorkizunean horiek ezartzea ere.

Hori guztia dela eta, beharrezkotzat jotzen da laguntza-programa berri bat arautzea, I+G+b garatzeko beharrezkoa den ikerketa-ekipamendua eskuratu, instalatu, berritu edo eguneratzeko, eta etorkizunean haren emaitzak baliozkotzeko eta demostratzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko entitate zientifiko-teknologikoek, hau da, foku anitzeko zentro teknologikoek eta ikerkuntza kooperatiboko zentroek egingo dute hori.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua da programa honen oinarri arautzaileak onartzeko organo eskuduna, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 artikuluarekin, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8.1 artikuluarekin lotuta (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira, eta horien funtzioak eta jardun-arloak ezartzen).

Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntza Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen, eta administrazio honen «euskadi.eus» web-orrian eman zen argitara, sailari dagokion gunean, «Planak eta proiektuak» atalean.

Eta, horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Azpitek Programaren oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren baldintzetan, eta laguntza-deialdia egitea, 2024ko ekitaldirako, I+G+b garatzeko behar den ikerketa-ekipamendua eskuratu, instalatu, berritu edo eguneratzeko eta etorkizunean haren emaitzak baliozkotzeko eta demostratzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarri horietan prozeduraren arloan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
IKERKETAKO AZPIEGITUREN AZPITEK PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2024ko ekitaldian eman beharreko laguntza-programa bat arautzea, I+G+b garatzeko beharrezkoa den ikerketa-azpiegitura eta ekipamendua eskuratu, instalatu eta eguneratzeko, eta etorkizunean haren emaitzak baliozkotzeko eta demostratzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko entitate zientifiko-teknologikoek, hau da, foku anitzeko zentro teknologikoek eta ikerkuntza kooperatiboko zentroek egingo dute hori. Hori guztia emaitzen kalitatea eta emaitzen eragin zientifiko-teknologikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzera bideratuta dago.

Laguntzei buruzko araudi honek, ikerketa-azpiegituren jarduera ekonomikoari dagokionez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra), ikerketa-azpiegituretarako inbertsioetarako laguntzei dagokienez.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak –zehazki, 9.857.142,86 euro– 2024rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzearen ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

Aukera ezartzen da deialdiaren zenbatekoa guztizko zenbatekoaren % 50 gehienez emendatzeko; horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa emendatzeak ez du ekarriko ez eskabideak aurkezteko epe berri bat, ez ebazteko epea berriz hastea.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, baldin eta horretarako foku anitzeko zentro teknologikoen eta ikerkuntza kooperatiboko zentroen kategorietan akreditatuta badaude, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin.

2.– Dena den, aurreko paragrafoan adierazitako entitate onuradunek berek burutu beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, eta EAEren lurraldean kokatu beharko dituzte laguntza jasotzen duten proiektuak.

3.– Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden eskatzaileak. Hona hemen egoera horiek:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Borondatezko konkurtso-deklarazioa eskatu dutenak, kaudimengabetzat jo direnak prozeduraren batean, konkurtsoan deklaratu direnak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean dago edo desgaituta, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa eragin du, dena delakoa izanik erruduntzat jo diren arrazoia.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituztenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

4.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

5.– Ezingo dira inola ere lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak.

6.– Ezingo dira onuradun izan krisialdian dauden enpresa eta entitateak, bat etorriz Batzordeak komunikazioaz duen definizioarekin: «Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideak» (2014/C 249/01).

7.– Ezingo dira onuradun izan berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeke duten entitateak, baldin eta Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

8.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.

Entitate eskatzaileek, frogatzeko ez daudela aurrez adierazitako debekuren batean sartuta, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute, e) letran jasotakoa frogatzeko izan ezik, hori 10. artikuluan adierazitako moduan egiaztatuko baita. Zinpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datuen eta informazioaren funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, eragindako eskubidea edo jarduera bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, hargatik eragotzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa-azpiegitura eta -ekipamendua eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko jarduketak, barnean direla eraikinak eraikitzeko, birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jardueretan erabilitako altzariak, baita etorkizunean haien emaitzak baliozkotzea eta demostratzea ere.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa-azpiegitura eta ekipamendua hau dela ulertzen da: I+G+b jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoak (ekipoak) eta instalazioak (behar diren baliabide fisikoak dituen barrutia), baita etorkizunean haien emaitzak baliozkotzea eta demostratzea ere.

Ekipamendu hori ekipo bakar bat izan daiteke, edo instalazio bat edo ekipo-multzo bat –espazio bakar bat edo helburu jakin bat hornitzeko–; era berean, ekipamendua zertarako erosten den, helburu hori bete ahal izateko beharrezkoak diren aldaketak, gehigarriak, osagarriak edo aparatu laguntzaileak barne hartu ahal izango ditu.

2.– Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira 2024tik 2025eko urriaren 31ra bitartean garatutako proiektuak, edo onartutako egikaritze-epea luzatu arte garatutakoak, dagokion geroratzea eskatu ondoren.

3.– Programa honetako dirulaguntzak jarduera ekonomikoak nahiz ez-ekonomikoak finantzatzeko erabil daitezke, denak ere Batzordearen komunikazio honetan ezarritako baldintzetan ulertuta: «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua (2014/C 198/01)».

Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak garatzen baditu, jarduera-mota bakoitzaren finantzaketa, kostuak eta diru-sarrerak bereiz kontsignatuko dira, koherentziaz aplikatutako kostuen kontabilitate-printzipioak, objektibotasunez justifikatu daitezkeenak, oinarri hartuta.

4.– Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak garatzen dituenean:

a) Azpiegituren jarduera edo erabileragatik kobratutako prezioa merkatuko prezioa izango da.

b) Hainbat erabiltzailek erabili ahal izango dituzte azpiegiturak, eta erabiltzeko baimena gardentasunez eta modu ez-diskriminatzailean emango dute. Azpiegituraren inbertsio-kostuen % 10 gutxienez finantzatu duten enpresek lehentasunez erabiltzeko onura izango dute, baita horretarako baldintza hobeak ere. Gehiegizko konpentsazioa saihestearren, enpresak inbertsio-kostuei egindako ekarpenaren araberakoa izango da erabilera, eta baldintzak jendaurrean ezagutaraziko dituzte.

c) Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoa betez, jarduera ekonomikoak finantzatzera bideratutako laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-programan eskabidea aurkeztu ondoren hasi beharko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

2.– Gastu finantzagarritzat hartuko dira 2025eko urriaren 31ra arte edo geroratutako egikaritze-epe onartua arte egindako egikaritze-kostuak –aktibo finko materialetan eta immaterialetan eginikoak–, 4. artikuluan zehaztutako ikerketa-azpiegitura eta ekipamendua eskuratzetik zuzenean eratorritakoak, bai eta eguneratzeko beharrezkoak diren osagarriak edo tresna lagungarriak eskuratzeko gastuak ere, eta ekipamendua abian jartzeko eta funtzionatzeko behar diren beste kostu batzuk.

Era berean, software espezializatuko lizentzia iraunkorrak ere finantzatu ahal izango dira, baldin eta ikerketarako baino ez badira eta eskuratutako ekipamendua behar bezala erabiltzeko aukera ematen badute.

Halaber, proiektuaren kostuen auditoriari dagozkion gastuak ere finantzatu ahal izango dira. Auditoria-kostuak direla-eta, gehienez 1.500,00 euroko dirulaguntza emango zaio proiektu eta entitate onuradun bakoitzari.

Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

Eguneratze-jardueratzat jotzen dira soilik ekipamenduaren prestazioak nabarmen handitzea edo ekipamenduaren zaharkitzea atzeratzea dakartenak.

3.– Ikerketa-azpiegitura eta -ekipamenduen proiektu bakoitzaren guztizko inbertsio-kostua 100.000 euro edo gehiagokoa eta 1.000.000 euro edo gutxiagokoa izan beharko da. Ez da onartuko 1.000.000 eurotik gorako aurrekontua duten ekipamenduak hainbat proiektutan zatikatzea. Proiektu berean ere ez dira onartuko 100.000 euro baino gutxiagoko kostu unitarioa daukaten eta beren artean loturarik ez duten elementuak. Erosketa-kostuak ezingo du inoiz gaindituko merkatuko balioa.

Muturreko berezitasuna duten proiektuek (ebaluazio teknikoan 90 puntutik gora lortu dutenek) 1.000.000 euroko muga gainditu ahal izango dute aurrekontuan.

Zentro bakoitzak aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko osoa ezin izango da izan aurreko ekitaldian izandako I+Gko ustiapen-sarreren % 10 baino handiagoa.

4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, eta, betiere, hirugarrenak kontratatzea dakarrenean, entitate onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza gutxienez eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski entitate haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den egin eta ordaindu dirulaguntzaren ebazpena eman aurretik.

Aurkeztutako eskaintzen artean (justifikazioan azaldu behar dira eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz hautatuko da, eta, proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean, memoria batean berariaz justifikatu beharko dute.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta ez badira horiek aurkezten, edo eskaintza ekonomikoena ez den bat hautatzen bada hautaketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak deklaratutako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

5.– Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoaren arabera, azpiegitura eta ekipamendu inbentariagarriak eskuratu, instalatu eta eguneratzean, entitate onuradunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak, bost urtez gutxienez, erregistro publiko batean inskribatzeko moduko ondasunen kasuan, eta bi urtez gutxienez, gainerako ondasunen kasuan.

Erregistro publiko batean inskribatzeko moduko ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; alderdi horiek dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.

Xede-betebehar hori ez betetzea –nahiz eta betebeharra beti gauzatuko den, ondasuna besterenduz edo kargatuz gero– itzultzeko arrazoia izango da, eta ondasuna itzulketa ordaintzeari atxikita geratuko da haren edukitzailea edozein dela ere, salbu eta erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat denean edo ondasunak fede onez eta titulu zuzenarekin edo merkataritzako nahiz industriako establezimenduarekin eskuratu direla justifikatzen denean, inskribatzeko modukoak ez diren ondasun higigarrien kasuan.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak, aurkeztutako agirietan oinarrituta, eta bat etorriz agindu honen 13. artikuluan zehaztutako irizpideekin eta prozedurekin. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 13. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

3.– Agindu honen 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak onartu diren proiektuei.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza kalkulatzeko, artikulu honetako 2. apartatuan aurreikusitako laguntzarik handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

2.– Entitate onuradun bakoitzari laguntzen ehuneko hauek emango zaizkio gehienez:

– % 50, azpiegituraren erabilera entitatearen jarduera ekonomikoarekin lotuta badago.

– % 100, azpiegituraren erabilera entitatearen jarduera ez-ekonomikoarekin lotuta badago.

3.– Deialdia finantzatzera bideratutako zuzkidura ekonomikoa, bat etorriz deialdi-agindu honetan ezarritakoarekin, nahikoa ez bada jarduketa guztiak finantzatzeko aurreko 2. puntuan ezarritako ehunekoen arabera, diruz lagunduko diren proiektuak puntuaziorik onena lortu dutenak izango dira, dagokion aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten eragile zientifiko-teknologikoek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduketa horiek gauzatzeko, edozein dela ere laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa. Entitate onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 8. eta 26. artikuluetan xedatutakoa.

2.– Eragile zientifiko-teknologikoek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinarazten badiote beste administrazio edo entitateren batetik dirulaguntzak eskuratu dituztela jarduera bererako, laguntzak ezin izango dira aurreko artikuluan aipatutakoa baino handiagoak izan. Horrela, bada, agindu honi jarraituz emandako laguntzak murriztu egingo dira muga horretara egokitu arte. Halaber, onuraduna gainfinantzaketarik ez izatera konprometitu beharko da.

9. artikulua.– Kudeaketa-organoa eta Europar Batasunarekiko izapideak.

1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza da agindu honetako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta bideratzeko organo eskuduna.

Eskabideak ebaluatu ondoren, txosten bat egin beharko du agindu honen 12,2. artikuluan aipatzen den kide anitzeko organoak, eta bertan zehaztuko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak.

Kudeaketa-organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusi ondoren, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamena entitate interesdunei jakinarazi beharko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, eta 10 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

Aintzat hartzen ez badira entitate interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta froga batzuk, ez da entzunaldiaren izapidea egiteko beharrik izango. Kasu horretan, behin betikoa izango da proposatzen den behin-behineko ebazpena.

Dirulaguntzak emateko espedienteak kudeaketa-organoaren txostena jasoko du, non adieraziko baita haren esku dagoen informazioak ondorioztatzen duela entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko behar diren eskakizun guztiak.

2.– Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpenari eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek konpromisoa hartzen dutela erregelamendu horren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko.

3.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, bat etorriz Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 11. artikuluko b) apartatuan ezarritakoarekin.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. tituluko II. kapituluan eta Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1110704/ (gaztelania)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1110704/ (euskara)

Eskabidea egin ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barne, kanal elektronikoaren bidez, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskatutako agiriak nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta haren aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Entitate interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektua aurkezten duen entitate eskatzaileak sinatua, egin beharreko jarduerak eta aurreikusitako aurrekontua zehaztuta.

b) Ikerketa-azpiegitura edo ekipamenduaren proposamena deskribatzen eta justifikatzen duen memoria tekniko-ekonomikoa (II. eranskineko ereduaren arabera).

c) Entitate eskatzailearen jarduerari buruzko oinarrizko datuak, entitatearen jarduera ekonomikoaren eta ez-ekonomikoaren xehetasuna barne dela.

d) Deialdiaren aurreko ekitaldian onetsitako finantza-egoeren auditoria-txostena.

e) Auditoria-entitateak emandako ziurtagiria, hauek jasotzen dituena: entitatearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua, gastu-kontzeptuen arabera banakatua, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokiona.

f) Auditoria-entitateak emandako ziurtagiria, hauek jasotzen dituena: jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko sarrerak, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuak, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagozkionak.

g) Deialdiaren urteari dagokion jarduera ez-ekonomikoaren sarrera eta gastuen aurrekontua.

h) Entitate eskatzailearen pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua.

i) Aurrekontuak edo proforma fakturak, dirulaguntzaren xede den kontzeptu bakoitzari dagokion jarduketaren guztizko kostua egiaztatzen dutenak.

j) Obra-lizentzia, hala badagokio.

k) Erantzukizunpeko adierazpena, hauek ziurtatzeko:

– Eskatu du/Ez du eskatu eta eskuratu du/ez du eskuratu diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik beste administrazio publiko edo, entitate publiko nahiz pribaturen batean.

– Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian proiektu bererako beste entitate publiko nahiz pribatu batzuei eskatutako eta/edo haiek emandako laguntzen zerrenda.

– Ez dago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Entitateak ez du eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez da kaudimengabetzat jo prozeduraren batean, ez dago konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez dago esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoelarik.

– Ez du Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, dena delakoa izanik erruduntzat jo den arrazoia.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez dira Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Haren zerga-egoitza ez dago araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ditu.

– Ez dago zigortuta, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astunagatik, harik eta dagozkion neurri zuzentzaileak egikaritu eta zehapena bete arte. Hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonen aldeko lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota bete duela, hori betetzeko neurri alternatiboak martxan jarri direla egiaztatu gabe.

– Ebazpen irmo baten bitartez ez du galdua dirulaguntzak jasotzeko aukera, bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ez dute zigor- edo administrazio-bidean zehatu sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik. Halaber, adierazten du ezen, Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izatera behartuta egonez gero, halakorik baduela, eta, entitateak 50 langile baino gehiago izanez gero, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiazta dezakeela, emakumeen eta emakumeen berdintasunari buruzko Estatuko legedian ezarritako baldintzetan.

– Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.q) artikuluarekin, konpromisoa hartzen du enpresen deslokalizaziorik ez egiteko, aipatutako legearen 49. artikuluko baldintzetan.

– Entitate eskatzailea ez da betetzeke duen berreskuratze-agindu baten pean dagoen enpresa edo entitate bat, baldin eta Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

– Entitate eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa edo entitate bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01).

– Hala badagokio, efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Kategorien araberako Salbuespenaren Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Programako laguntzak emateko oinarri arautzaileetan eskatutako eskakizunak betetzen ditu.

Zuzendaritza kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du IFZ eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan zehaztutakoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.

Hala ere, kudeaketa-organoak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzearen aurka agertzen den entitate interesdunak bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak. Bestalde, bat etorriz arau horren 7. artikuluarekin, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak bete izana.

7.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin:

– Administrazio jarduleak izapideak egiteko behar diren agiriak eskatu edo kontsultatu ahal izango ditu –bertan daudenak edo beste administrazio batzuek egin dituztenak–. Hala ere, entitate eskatzaileak tratamendu horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, betebeharra bete duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

– Entitate eskatzaileak ez daude behartuta prozedura bideratzeko organo eskudunak lehendik dituen agiriak aurkeztera, eta eskabidean adierazi beharko dute zein den orduko hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, baldin eta bost urte igaro ez badira dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, entitate eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio entitate eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

8.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin nahiz oinarri hauetan araututako dirulaguntzaren entitate laguntzaile SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea eta prozeduraren antolamendua.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako agiri guztiak aurkezten ez badira, 10 eguneko epea emango zaio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluarekin.

2.– Dirulaguntzaren kudeaketa-organoak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin.

12. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Xede horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

2.– Organo horren burua Natividad Niño Bartolomé izango da, eta ordezkoa, berriz, Catalina Chamorro Silgado.

Kide hauek izango dira bokalak:

– Ana Camacho Vera, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria, edo karguan hura ordezten duen pertsona; ordezkoa, berriz, Rosa Murillas, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria.

– Amaia Martínez Muro, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Saileko ordezkaria; ordezkoa, berriz, Cristina Oyón.

– Rikardo Bueno Zabalo, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo zientifiko-teknologikoaren ordezkaria; ordezkoa, berriz, Jon Kepa Gerrikagoitia Arrien.

– Sonia Larrabide Izurieta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena; ordezkoa, berriz, Natividad Niño Bartolomé.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

5.– Eskabideak ebaluatu ondoren, organo horrek txostena egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz, eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariari helaraziko dio, laguntzen kudeatzailea baita. Zuzendariak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren, proposamen bat egingo dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, hura baita laguntzak emateko ebazpenak egiteko eskumena duena.

13. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduaren proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Funtsezko irizpideak eta irizpide espezifikoak:

1.– Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduaren kalitatea eta garrantzia (40 puntu):

1.– Kalitate teknikoa: Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduak gaur egun eskatzaileak eskura ez dituen zenbait ezaugarri tekniko eta prestazio betetzen ditu (15 puntu).

2.– Egokitasuna: Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduaren ezaugarriak egokiak dira lortu nahi diren helburu zientifiko-teknikoak lortzeko, eta horrek ekipamenduaren beharra edo hura eguneratzeko beharra justifikatzen du (15 puntu).

3.– Ekarpena: Zientzia eta teknologia erabiltzeak eta etorkizunean teknologia industriara transferitzeak aurrera egiten laguntzen du laguntza eskatzen duen entitatearen ikerketa-ildoetan, eta bat datoz EAEren estrategiarekin: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Plana eta RIS3 Estrategia (10 puntu).

2.– Ustiapen-eredua (10 puntu):

1.– Erabilera- eta kudeaketa-plana: Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduaren erabilera- eta kudeaketa-plana eta ustiapen-eredu xehatua ditu, baita fase bakoitzaren kronograma zehatza (3-5 urte) ere (10 puntu).

3.– Eragin zientifiko-teknologikoa (10 puntu):

1.– Eragin zientifiko-teknologikoa: Besteak beste, hauek baloratuko dira: argitalpen zientifikoak, doktorego-tesiei laguntzea, ikerketa-proiektuei egindako ekarpena –bai enpresekin, bai ZTBESko eragileekin eta nazioarteko beste eragile batzuekin–, bai eta ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduaren erabileran oinarrituta sortzea espero den patente-kopurua ere (10 puntu).

b) Irizpide orokorrak (40 puntu):

1.– Hirugarrenek erabiltzeko zabalik: badago estrategia bat ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua hirugarrenei zabaltzeko, dela tokiko edo nazioarteko eragile eta ikertzaileei, dela nazioartean erreferente diren entitateei (10 puntu).

2.– Eragin sozioekonomikoa: azpiegituraren garapenetik eta azpiegituratik eratorritako proiektuetatik lortutako emaitzak baloratuko dira (ahal bada, fakturazioari, inbertsioari, merkatu berriei, zuzeneko enpleguari, zeharkako enpleguari eta abarri dagokienez), baita trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta soziosanitarioari egin diezaiekeen ekarpena ere; horrez gain, herritarrek ikerketa-azpiegituretan egin diren ikerketen emaitzak ezagutzea eta ekipamenduak gizarte-ongizateari egin dion ekarpena ere baloratuko dira (10 puntu).

3.– Lantaldea: entitate eskatzailean ekipamenduaren ardura duen taldearen osaera eta esperientzia, haren erabilera eta kudeaketa, eta entitate eskatzaileak orain arte egindako proiektuen eta ekarpenen garrantzia. Positiboki baloratuko da gizonen eta emakumeen osaera parekidea izatea ikerketa-taldean (10 puntu).

4.– Aurrekontua: aurrekontua bat dator jarduketarekin, eta egokia da lortu nahi diren helburuei eta egin beharreko jarduerei dagokienez (10 puntu).

2.– Proiektu batek, hautatua izateko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehieneko notaren (50 puntu) % 50era iristea ebaluazioan lortutako guztizko nota, eta, bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehieneko notaren % 40 baino nota hobea ateratzea.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Kudeaketa-organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, agindu honen 9.1 artikuluan ezarri bezala.

2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz hauek adierazita: entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.

b) Deialdiaren eskakizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen den eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Prozedura bakar batean ebatziko dira aurkeztutako eskabideak, eta, ebazpenean, entitate interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Teknologiako, Berrikuntzako eta Lehiakortasuneko sailburuordeak emango du ebazpen hori, kudeaketa-organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren hautatutako eta onartutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, orobat, entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako/onetsitako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako laguntzaren zenbatekoa; horrekin batera, aditzera emango da ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute ebazpena eman zuenaren aurrean edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

4.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), bai eta banaka ere. Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, entitate onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer agiri aurkeztu behar duten justifikazio-fasean (agiriok eskuragarri jarriko dira).

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak zuzenean entitate onuradunei ordainduko zaizkie, honela zatikaturik:

a) Dirulaguntzaren % 70 ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, baldin eta 17.4.a) artikuluan zehaztutako epea igarota dirulaguntzari berariaz uko egin ez bazaio.

Emandako zenbatekoak gainditzen baditu 698/1991 Dekretuaren 3. artikuluko bigarren apartatuan ezarritako mugak, ordainketa aurreratua egingo da, banku-abala artikulu horretan zehaztutako moduan eratu eta aurkeztu ondoren (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen).

b) Gainerako % 30a jasotzeko, aurretik agiri bidez justifikatu beharko dira dagokion jarduera egin izana, finkatutako helburuen egikaritze-maila eta egindako gastua.

2.– Dirulaguntza 2025eko azaroaren 29a arte justifikatu ahal izango da, edo egikaritze-epea geroratzea baimentzeko ebazpenetan ezartzen duen arte, eta justifikazio-kontu baten bidez egingo da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoarekin.

Justifikazio-kontua betetzen laguntzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, entitate onuradun bakoitzari dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio.

Justifikazio-kontuak hauek jasoko ditu:

a) Dirulaguntza eman zenean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduketa-memoria. Bertan, hauek zehaztuko dira: egindako jarduketak; lortutako emaitzak kuantifikatuta eta/edo baloratuta; eskatutako eta emandako aldaketak; kontratu, hitzarmen, akordio eta abarren azken betetze-mailari buruzko txostena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, hauek zehaztuta:

– Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz eman den eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman baldin bada, gertatutako desbideratzeen berri emango da.

– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten agiriak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.

– Tasazio independentearen ziurtagiria, behar bezala egiaztatua eta dagokion erregistro ofizialean inskribatua, ondasun higiezinak eskuratuz gero.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira, zenbatekoa eta haren jatorria zehaztuta.

– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluari jarraikiz, entitate onuradunak hiru aurrekontu eskatu behar ditu, obrarako konpromisoa hartu aurretik, edo zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, ezaugarri bereziak dituztela-eta, ez badago merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina entitate, edo salbu eta gastua eskabidea aurkeztu aurretik egin bada.

c) Kontuen auditoretza-txosten bat, sinatua, Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko, auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da.

Auditoretza-txostena osatzeko, justifikazioko kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren, dagokion deialdian ezarritako ereduari jarraituz. Agiri hori entitate onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.

d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen agiria, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.

2.– Laguntzak ordaindu aurretik, entitate onuradunak Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren esku jarriko du agindu honen 10. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean azaltzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa diren agiriak (hala eskatzen bazaio).

3.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eta argibide osagarriak eska ditzake, entitate onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatze aldera.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horretan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, eta agindu honen 5.1 artikuluan aipatutako epean. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, egikaritze-epea bukatu eta hurrengo lau hilabeteetan fakturatu ahal izango dira.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p), 14., 27. eta 42. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua.

3.– Entitate onuradunek, orobat, beren jarduera ekonomikoa merkatuaren baldintza arrunten arabera gauzatzeko, xedapen hauetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte: Batzordearen «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua» (2024-06-27ko EBAO, C 198) jakinarazpenaren 2.2.1 apartatuan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 15. artikuluan.

4.– Entitate onuradunek, gainera, betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik aurrera hamabost eguneko epean entitate onuradunak ez badio dirulaguntzari esanbidez uko egiten, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako esleitu den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, hargatik eragotzi gabe Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak onartu ahal izatea jarduera horiek egikaritzean sor litezkeen aldakuntzak, baldin eta aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira, eta Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen berariazko baimena lortu bada, bat etorriz agindu honen 20. artikuluan ezarritakoarekin.

c) Baimena ematea Teknologiako, Berrikuntzako eta Lehiakortasuneko sailburuordeari edota hark izendatutako auditoreari, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako agirietarako sarbide librea izateko.

d) Publikoki zabaltzeko sortzen diren agirietan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia azaldu beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpenari erantsitako jarraibideetan ezarritako moduan. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte, nahitaez, diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Laguntza ematea Teknologiako, Berrikuntzako eta Lehiakortasuneko sailburuordeari, emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, entitate onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

f) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatzen duten informazio guztia ematea.

h) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza eman duen entitateari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen.

18. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, entitate laguntzaile gisa deklaratzen da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean xedatutakoarekin.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, entitate laguntzailea den aldetik, eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskabideen eta proiektuen ebaluazioan laguntzea programaren ebaluazio-organoari, aurkeztutako agiriak gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatzea kudeaketa-organoari.

b) Ebaluazio-organoari laguntzea aurkeztutako eskabideak aztertzen. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskabideak aztertzeko lan materialetan, bat etorriz ezarrita dauden irizpideekin.

c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egikaritu dituztela eta ekintzetan izandako kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzea.

d) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak egikaritzeko eskakizunak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

e) Onetsitako proiektuen kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehaztu eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egiten dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

19 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.

1.– Entitate onuradunak agindu honetan ezartzen den eskakizunen bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ezin izango du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondoreetarako.

2.– Itzultzeko prozedura izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta haren aurkakoak ez diren 698/1991 Dekretuaren xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen). Espedientea hasteko ebazpenean, hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli behar direla.

Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea –itzulketa osoa edo partziala– Teknologiako, Berrikuntzako eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, espedientea hastea eragin dezaketen inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen atzematen badira.

3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak inguruabar hauek atzematen baditu, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean:

– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.

– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egiazki eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

Era berean, desbideratze hori behar bezala justifikatutako eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin konpentsatu daiteke, eskabidearen aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, baldin eta gainditzen ez bada dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontu globalaren zenbatekoa.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, betiere, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.

20. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo beste dirulaguntza batzuk lortzen badira aldi berean beste edozein administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik, edo bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, kudeaketa-organoari horren berri eman beharko zaio idatziz, eta horrek dirulaguntza emateko erabakia aldatzea ekarri ahal izango du, baldin eta betetzen badira agindu honetan ezarritako eskakizunak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoa.

Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskatuta, eskakizun hauek betetzen direnean:

a) Alde batek eskaturik izanez gero, entitate onuradunak jakin bezain laster komunikatzea eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabileraren justifikazioaren aurretik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa ez emendatzea.

c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak entitate onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Ziurtatzea ezen, aldaketa sustatu duten elementu eta inguruabar berriak hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, ez ziratekeela dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango, eta moldaketa horrek ez eragitea funtsezko aldaketarik hasieran onetsitako proiektuan.

f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.– Halaber, salbuespen gisa, egin beharreko jarduerak egikaritzeko epea geroratu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, entitate onuradunak aldez aurretik horretarako eskabidea egin eta justifikatuz gero, baldin eta alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Geroratzearen ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.

Proiektu bakoitzeko, luzapen-eskaera bat aurkeztu beharko da. Hasieran aurreikusitako proiektua egikaritzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago egin beharko da eskabidea, eta berariaz onartu beharko du dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen administrazio-organoak, eta entitate interesdunari jakinarazi. Deialdia dagokion urtaldian ebazten ez bada, eskabidea egiteko epea hilabetekoa izango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

Ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena emateko organo eskudunak ez badu jakinarazpenik egiten, entitate interesdunak pentsatu behar du eskabidea ezetsi dela.

3.– Eskabidea egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduketak. Nolanahi ere, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak baimena eman dezake memorian aldaketak egiteko, entitate onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, baldin eta jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektua porrot teknikoarekin amaitzen bada, entitate onuradunak laguntzak emateko administrazio-ebazpena aldatzeko ere eskatu ahal izango du, egindako proiektu-zatiari egokitzeko.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak aldakuntza onar dezake, baldin eta entitate onuradunak behar bezala justifikatzen badu.

Porrot teknikotzat jotzen da ezinezkoa izatea eskabidea egiteko unean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea, ustekabean akats tekniko konponezinak agertu direlako.

II. ERANSKINA
MEMORIA TEKNIKO-EKONOMIKOA

Memoria tekniko-ekonomikoak apartatu hauek izan beharko ditu:

1.– Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduaren beharraren justifikazioa, edo hura eguneratu beharraren justifikazioa, eta azpiegituraren onura jasoko duen eskatzailearen I+G+b jarduerak zehaztea.

2.– Eskatutako ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduaren deskribapena, azpiegitura edo ekipamendu horretan eskatzen diren gutxieneko prestazioak eta ezaugarri teknikoak adierazita; deskribapen horrek ez du, inola ere, marka komertzialik aipatuko.

Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendu hori eskuratzeak edo eguneratzeak ekarriko dituen abantaila teknikoen eta prestazio berrien zehaztapenen deskribapena, erabiltzen ari diren beste ekipamendu batzuen aurrean teknika instrumental hori erabiltzeko beharra adierazita.

Ekipamenduaren ezaugarri teknikoen eta eskatzailearen ikerketa-helburuak lortzeko ezaugarri horien egokitzapenaren arteko loturaren gaineko deskribapena.

Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduak jorratutako gaiaren/teknologiaren nazioarteko egoeraren azterketa laburra.

Instalazio- eta egokitzapen-obrak egin behar badira, horien aurreikuspenaren deskribapen laburra egingo da.

3.– Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduarekin lortu nahi den ikerketa-arloko erabileraren eta etorkizunean teknologia industriara transferitzearen deskribapena, baita laguntza eskatzen duen entitateak garatzen dituen ikerketa-lerro eta -proiektuen aurrerapenean egiten duen ekarpena eta EAEko estrategiarekin duen lerrokatzea ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Planean eta RIS3 Estrategian oinarrituta.

Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua jarduera ekonomiko bati edo jarduera ez-ekonomiko bati atxikita egotearen justifikazioa. Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua atxikita dagoen jarduerak partaidetza ekonomikoa zein ez-ekonomikoa baditu, jarduera ez-ekonomikotzat hartuko da jardueraren erabilera ekonomikoa osagarria baino ez denean.

4.– Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua eta etorkizunean teknologia industriara transferitzeko aukera erabiltzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko plana, zeinak lerrokatuta egongo baitira RIS3 Euskadi estrategiarekin. Kronograma zehatz bat sartu beharko da (3-5 urte), bai azpiegitura diseinatu, garatu, instalatu eta martxan jartzeko edo hobetzeko, bai laguntza eskatzen duen entitatearen ikerketa-proiektuetarako ustiatu, erabili eta kudeatzeko.

Erabiltzeko aukera hirugarrenei zabaltzea: zer estrategia dagoen ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua hirugarrenei zabaltzeko, dela tokiko edo nazioarteko eragile eta ikertzaileei, dela nazioartean erreferente diren entitateei.

5.– Azpiegitura erabiltzeari esker sortu nahi den eragin zientifiko-teknologikoaren deskribapena; hauek, besteak beste: enpresekin zein ZTBESko beste eragile batzuekin eta nazioarteko ikerketa-zentroekin egindako ikerketa-proiektuetarako ekarpena, azpiegitura erabiltzetik eratorritako argitalpen zientifikoak, etorkizunean teknologia industriara transferitzea, sortutako patenteak, etab.

Ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua erabiliz garatutako I+G+b etorkizunean aplikatzeko sektore eta esparru nagusiak identifikatzea. Horietan izan dezakeen eraginaren garrantzia baloratzea (kualitatiboa eta kuantitatiboa), bereziki euskal egitura ekonomikoaren barruan.

Hauek identifikatzea: azpiegitura garatu eta erabiltzetik eratorritako emaitzek trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta soziosanitarioari egin diezaieketen ekarpena; herritarrek ikerketa-azpiegitura edo -ekipamenduan egin diren ikerketen emaitzak ezagutzea, eta azpiegiturak gizarte-ongizateari egin dion ekarpena.

6.– Laguntza eskatzen duen entitatean ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua erabiltzeko ardura duen taldea. Taldearen curriculum vitaea erantsi beharko da, kualifikazio teknikoa, aurretiko esperientzia eta esparru horretan egindako jarduketak (deialdiaren datatik aurrera azken 6 urteei dagokienez) barne direla, I+G+b proiektuak, lortutako emaitzak, eskura dituzten baliabide fisikoak eta giza baliabideak eta abar zehaztuta. Ildo horretan, positiboki baloratuko da ikerketa-talde horren genero-osaera paritarioa.

7.– Gastu-kontzeptuen arabera banakatutako aurrekontua, jarduketaren guztizko kostua jasoko duena. Justifikatu beharko da aurrekontu hori beharrezkoa dela ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua eskuratzeko edo eguneratzeko, bai eta hura instalatzeko, egokitzeko eta abian jartzeko garatu behar diren lan osagarrietarako ere. Horrez gain, ikerketa-azpiegitura edo -ekipamendua eguneratzeko beharrezkoak diren tresna osagarri edo lagungarriak eskuratzeko kostua zehaztuko da.


Azterketa dokumentala