Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2024ko ekainaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2815

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 2koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Ibermática Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2024ko urtarrilaren 22an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Ibermática Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Estatutuen 5. artikuluak, fundazioaren xedeak jasotzen ditu:

«Fundazioaren interes orokorreko xedeak hauek dira:

a) Arrakala digitala murrizten laguntzea, ikerketa teknologikoa eta prestakuntza bultzatuz, gizarteratzea eta aukera-berdintasunaren printzipioa sustatuz.

b) Bikaintasuneko ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatu eta egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko I+G+B Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren lehentasunezko jarduketa-ildoak garatzen eta gauzatzen lagunduz.

c) I+G+B sustatzeko ekimenak eta jarduerak bultzatzea, antolatzea, koordinatzea, zabaltzea eta finantzatzea.

d) Eraikuntzarekin, nekazaritzarekin, urarekin, azpiegiturekin, energiarekin, telekomunikazioekin eta zientziaren ikuspegi berriekin lotutako teknologien gaineko prestakuntza profesionala eta ikerketa sustatzea, baita horiekin lotutako arkitektura eta ingeniaritzak ere.

e) Ikerketa-jarduera sustatzeko laguntza eta zabalkundea dakarten prestakuntza- eta kultura-jarduerak antolatzea eta garatzea.

f) Gizartearen onura eta enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea; horretarako, ezagutza teknologikoa sortuko da, I+G+B jarduerak egingo dira eta horien ezarpena garatuko da.

g) Desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatuan sar daitezen sustatzea eta laguntzea.

h) Interes sozial orokorra bultzatzea, fundazioak berariaz –edota hirugarren alderdiekin lankidetzan– egindako ekintzak antolatuz eta gauzatuz. Ekintza horien bitartez jarduera artistiko, kultural, sozial eta hezitzailea bultzatuko da.

i) Trebakuntza eta bikaintasun akademikoa sustatzea.

j) Garapenerako lankidetza eta aurrerapen sozialaren alde egitea».

Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da. Eraketa-egintzan 9.000 euro ordaindu dira; gainerakoa gehienez 5 urteko epean ordainduko da, eratzeko eskritura publikoa eman zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12.2 artikuluaren arabera.

Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoa da.

Estatutuen 16. artikuluak ezartzen du patronatuak gutxienez 3 kide izango dituela eta gehienez 9.

Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (horien izendapena eta onarpena espedientean aurkeztutako agiri osagarri batean daude jasota):

• Presidentea: Ayesa Ibermática, S.A.U., Joseba Koldobika Inchaurraga Echebarria jaunak ordezkatua.

• Kidea: Fundación Ayesa, Ana María Manzanares Abásolo andreak ordezkatua.

• Kidea: Ayesa Euskadi, S.L.U., José Luis Manzanares Abásolo jaunak ordezkatua.

• Kidea: Joseba Koldo Unibaso Calvar jauna.

• Idazkari ez kidea: Víctor Merino Fernández-Pellón jauna.

Lehen patronatuaren kargualdia bost urtekoa izango da, fundazioaren estatutuen 15. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kargu-uzteak eta kide berrien izendapena estatutuen 17. eta 18. artikuluetan araututa daude.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2024ko apirilaren 23an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2024ko apirilaren 30ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eraketa espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ibermática Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-492 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, honako eskritura hauetan jasotako baldintzetan: 2023ko abenduaren 29an, Donostian, Fermín Lizarazu Aramayo notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 4671), eta berori zuzentzen duen 2024ko apirilaren 19an notario beraren aurrean emandako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 1345).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 2a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala