111. zk., 2024ko ekainaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (149 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2782
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 22koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Topoaren saihesbidea elektrifikatzeko proiektua».
Aurreko Etxebizitza, Garraio eta Herri Lan Sailak Donostialdean dauden trenbide-lineak errendimendu altuko lurpeko trenbide-linea bilakatzeko jarduerak zehaztea eskatu zion ETSri.
Premisa horri jarraituz, 2009ko urrian ETSk Donostiako Metroaren Azterlan Informatiboaren idazketa esleitu zuen. Aipatutako kontratuaren barruan, lanak hainbat azterlan independentetan banatu ziren:
• Donostiako Metroaren funtzionaltasunaren eta eskariaren azterlana.
• Lugaritz-Anoeta tartearen Azterlan Informatiboa.
• Loiolako Erriberetako Trukatzailearen Azterlan Informatiboa.
• Irun-Hondarribia tarteko Azterlan Informatiboa.
Ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Lugaritz eta Morlans arteko linea berriaren oinarrizko diseinua berriz aztertzeko erabakia hartu zuen. Aldaketa horren ondorioz, Lugaritz-Easo tarteari buruzko informazio-azterlan berria idatzi eta izapidetu behar zen. Obra zibileko kontratu horrek ez ditu instalazioak barne hartzen, eta proiektuak idatzi behar dira horiek definitzeko.
Ondorioz, tren-instalazioetako hiru (3) proiektu idaztea beharrezkoa da:
• Seinaleztapena.
• Komunikazioak.
• Elektrifikazioa.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) eskatuta idatzi den proiektuaren helburua da Topoaren Saihesbideko katenaria elektrifikatzeko proiektua gauzatzeko behar den ekipamendua aztertu, definitu eta baloratzea, tarte horretan trenbide-sistema ustiatzeko funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintza egokiak dituzten instalazioak izan daitezen.
Oro har, kontuan izan behar da definitu beharreko ekipo eta sistema guztiak erabat bateragarriak izan behar dutela ETSren gainerako lerroan instalatuta daudenekin.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi zazpiehun eta zazpi mila seiehun eta hamabi euro eta zentimo batekoa (2.707.612,01) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hiru milioi zortziehun eta laurogeita hamazortzi mila seiehun eta laurogeita hamar euro eta berrogeita hamahiru zentimokoa (3.898.690,53) dela, BEZa barne.
Obrak egiteko hamahiru (13) hilabeteko epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– «Topoaren saihesbidea elektrifikatzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi zortziehun eta laurogeita hamazortzi mila seiehun eta laurogeita hamar euro eta berrogeita hamahiru zentimokoa (3.898.690,53) da, eta obrak egiteko epea hamahiru (13) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 22a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.