111. zk., 2024ko ekainaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (141 KB - 2 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2779
68/2024 DEKRETUA, maiatzaren 28koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita ezen, Güeñesko udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Güeñesko Ametzaga auzoko ur sarearen hobekuntza proiektua gauzatzeko ondasun eta eskubideak.
«Güeñesko Ametzaga auzoko ur sarearen hobekuntza proiektuaren» espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko uztailaren 20an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko urriaren 4ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (191 zk.). Geroago, 2023ko abenduaren 19an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Güeñesko Ametzaga ur-biltegitik abiatzen den edateko ur-hornidura sarea fibrozementuzko bi hodiz osatua dago (DN150 eta DN100 diametroko hodiak dira), eta hodi horien bidez hornitzen dira Aranguren eta La Perenal auzoak. Bestalde, Ametzaga auzorako banaketa-linea bat dago (auzo horretako 1., 3., 4. eta 5. zenbakiko etxeak hornitzen ditu).
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (aurrerantzean BBUP) material arbuiagarritzat jotzen du fibrozementua hornidura-sareetarako, bai material horretako sareak ustiatzea zaila delako, bai ur-galerak eta matxurak behin eta berriz gertatzen direlako. Horren eraginez, ur-hornidura eten behar izaten da hodien konponketa lanak egiteko, eta, horretaz gain, beste mota bateko ondorioak dakartza, hala nola ingurumen-ondorioak (ur-galerak), kalteak hirugarren batzuei eta inguruneko abonatuei eskaintzen zaien zerbitzuak okerrera egitea.
Azaldutako aurrekariak ikusita, beharrezkotzat jo zen hornidura-sarearen berrikuntza jasoko zuen proiektu bat idaztea, gaur egungo hornidura sareak ordezkatzeko. Izan ere, sare horiek, dauden egoeran, ez diete ur-horniduraren jarraitutasuna bermatzen auzo horietako abonatuei.
Zehazki, proiektu horrek jasoko dituen hodiak burdinurtu nodularrezkoak (FD) eta Dentsitate Handiko Polietilenozkoak (PEAD) izango dira. Material horiek banaketa-sareetan erabili ohi dira; izan ere, sare horien bizitza baliagarria eta ematen duten zerbitzu-maila fibrozementuzko hodiena baino askoz ere hobeak dira.
Osagarri gisa, Ametzaga ur-biltegiko hustubide funtzioa izango duen hodi berri bat instalatuko da, baita etxeetarako harguneak eta ingurunean beharrezkoak diren hainbat elementu osagarri ere (balbulak, suteen aurkako ureztatze-ahoak...).
Hodi berri horiek instalatuta, abonatuei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko da, eta behin eta berriz jasaten dituzten hausturak, eragozpenak eta ur-jarioak ekiditea lortuko da».
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko maiatzaren 28ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela «Güeñesko Ametzaga auzoko ur sarearen hobekuntza proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 28an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.