111. zk., 2024ko ekainaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2778
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 31koa, Langileak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita oporraldia ordaintzea 2023-2024 ikasturtean zerbitzuak eman dituzten bitarteko funtzionarioei.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, esleituta dituen eskumenen barruan, urtero egiten du Hezkuntza Sailarentzat ikasturtean zehar zerbitzuak eman dituzten bitarteko irakasleentzako oporraldiaren likidazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioarekin bat etorriz (uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuaren bidez araututako Akordioa), ikasturte batean 165 egunetan edo gehiagotan lan egin duten bitarteko funtzionarioak izendatuak izango dira, eta uztaileko hilabeteari dagozkion lansariak jasoko dituzte. Halaber, aldi horri dagozkion puntuak ere jasoko dituzte, irakaskuntzako ordezkogaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako.
Abuztua eskola-hilabetea ez denez eta hezkuntza-eremuan hilabete hori opor-garaia izaten denez, sortuta dauden baina hartu gabe dauden oporraldiei dagokien likidazioa egiteari ekin zaio, 2023-2024 ikasturtean zehar izandako izendapen bakoitzaren uztea egiteko unean.
Ebazpen honen helburua da bitarteko funtzionarioei jakinaraztea zer eskubide sortu diren 2023-2024 ikasturtean sinatu dituzten izendapenen ondorioz. Era berean, jakinarazi nahi da, onarpen horiek, langile batzuen kasuan, betebehar batzuk bete behar izatea ekar dezaketela.
Aurrez esandakoa aintzat hartuz eta eman zaizkidan eskumenen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2023-2024 ikasturtean 165 egunetan edo gehiagotan lan egin duten bitarteko funtzionarioei eskubidea onartzea bai izendapena jasotzeko, bai uztaileko hilabeteari dagozkion lansariak ordaintzeko, eman dituzten zerbitzuen proportzioan, kidegoa, maila eta dedikazioa kontuan hartuz, Oporraldien Ordainketa Arautzeko Instrukzioak esaten duenaren arabera.
Bigarrena.– Onartzea, aurreko kasuan, aldi horiei dagozkien puntuak, irakaskuntzako ordezkogaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako.
Hirugarrena.– Interesdunei jakinaraztea uztaileko hilabeteari dagokion oporraldiko izendapenak beti sortzen duela beste izendapen baterako eta beste izendapen-uzte baterako eskubidea, eta, ondorioz, izendapen horrek berekin dakarrela Gizarte Segurantzan alta ematea. Horregatik, langabezia-prestazioak jasotzen ari direnek dagokion erakundera joan beharko dute, Gizarte Segurantzan alta-egoeran dauden bitartean prestazioaren kobrantza eteteko.
Laugarrena.– Interesdunei jakinaraztea, halaber, ekainaren 30a baino lehen izendapena amaitu izanagatik baja hartzen dutenek edo hartua dutenek, eta uztaileko izendapenaren hasiera-egunean izendapena eta Gizarte Segurantzan alta ematea eragozten duen aldi baterako ezintasun egoeran edo amatasun-, harrera-, adopzio- edo aitatasun-egoeran badaude, egoera hori justifikatzeko agiriak aurkeztu behar dituztela, uztailaren 1a baino lehen, dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan.
Era berean, uztaileko hilabeteari dagokion izendapenaren hasiera-egunean lan-kontratu bat dutenei ezin izango zaie izendapenik egin, baldin eta bi jardueren bateragarritasuna onartuta ez badute.
Kasu horietan, ezinezkoa da izendapen bat eta dagokion Gizarte Segurantzako Alta formalizatzea –salbuespena izango da udako izendapenarekin hastea uztailaren 1a baino lehen eskatu izan denean, izendapena eragotzi zuten egoerak (aipatu direnak) bukatu ondoren–; hori dela-eta, izendapena atzeratzeko aukera izango dute, zeina uztailaren 31n amaituko baita kasu guztietan.
Azken aukera horri heldu ahal izateko, interesdunak konpromisoa hartu beharko du izendapena eragotzi zuen egoera bukatu dela jakinarazteko, justifikatuta, dagokion lurralde-ordezkaritzan. Jakinarazpen horretatik aurrera, legokiokeen gainerako izendapena egingo zaio, zeinaren indarraldia uztailaren 31ra artekoa izango baita gehienez.
Bosgarrena.– Uztaileko izendapenerako eskubidea sortzeko aukera izanik beren egoerak Gizarte Segurantzan alta ematea eta, ondorioz, izendapena jasotzea eragotzi dienek ez dute inolako konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izango.
Seigarrena.– Argitara bedi ebazpen hau EHAAn eta sailaren webgunean.
ERREKURTSOAK
Ebazpen honen aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 31.
Langileak Kudeatzeko zuzendaria,
BLANCA MARIA GUERRERO OCEJO.